Antxon Aguirre Sorondo. ACEM elkarteko Lehendakaria: 30 urte baino gehiago erroten ikerketari eskainiak

2013-09-04

PINTO, Félix

SILLERO ALFARO, Maider



MOLINUM aldizkariaren 41. alean argitaratutako elkarrizketa. ACEM, Erroten kontserbaziorako eta ikerketarako Elkarteak, argitaratzen duen aldizkari zientifiko, kultural eta dibulgatzailea.

Oraingo honetan Antxon Aguirre Sorondorekin egin nahi dugu elkarrizketa, ACEM elkarteko lehendakariarekin. Ateak atseginez ireki dizkigu eta hitz zintzoak erabiltzen ditu ondare arkitektoniko tradizionalaz, bereziki errota eta antzerako asmakuntzaz, hitz egiteko. Gorputz handi hori zuzen jartzen da ibilbide etnologikoan eta ondarearen kontserbazioan egindako lana bata bestearen atzetik aipatzeko asmoz.

MOLINUM aldizkaria 41. zenbakia.

Noiz hastan da etnologiarekiko duzun zaletasuna?

Nire genealogia sakonki aztertzen hasi nintzenean gai historikoetan murgildu nintzen, baita dokumentuak maneiatzen jakiten ere. 1970ean Aranzadi Zientzia Elkarteko bazkide egin nintzen eta 1978an, frankismoa eta gero Eusko Ikaskuntza berpiztu zenean, hor ere izena eman nuen. Horrek, kultur munduko pertsonekin harremanetan egoteko aukera eman zidan. Baina kasualitatez 1979an Azuelo (Nafarroa) herriko arotz bat ezagutu nuen, honek asto txiki batek eragiten zuen katalina baten bidez mugitzen zituen bere makinak. Horren inguruan ikerketa txikia egin eta 1980an Nafarroako Etnologia eta Etnografia Koadernoetan argitaratu zen. Lan horren argitaratze azkarrak animatu ninduen eta urte horretan bertan, 1979an, interesgarria iruditu zitzaidan errota bat ere bisitatu nuenez, erroten inguruko nire ikerketak hasi nituen, lehen lana 1982an argitaratuz, oraindik jarraitzen dut gaiarekin.

Esparru honetan egin dituzun lanetatik, zein izan da asetasun gehien eman dizunak?

Egia esanda, gai berri batekin nagoen guztietan itsutu egiten naiz, nire bizitzako garrantzitsuena balitz disfrutatu eta tratatzen dut. Egia da, orokorrean, badirela eredua ezarri duten lanak bai informatzaileak hil direlako edo elementuak desagertu direlako, adibidez. Horrela gertatu da momentuan esku artean ditudan errota, baseliza, errementari, ferratzaile, hilarri edo ontzigintza inguruko lanekin, besteak beste.

Zer da ACEM eta zeintzuk dira lortu nahi dituen helburu nagusiak?

ACEM elkarte altruista bat da, lukurik gabekoa, kulturaren garrantzia ulertzen duten eta modu eskuzabalean horretarako lana egiten duten pertsonek osatzen duten elkartea. Energia tradizionalak (ura, airea, animaliak, atab.) eragiteko erabiltzen duten edo erabiltzen zuten elementuez arduratzen da, adibidez, errotak, burdinolak, dolare, pilak, etab. Elkartearen helburua siglek eurek definitzen dute, Erroten Kontserbaziorako eta Ikerketarako Elkartea, eta hori egiten dugu apaltasunez.

Nola eta noiz jaiotzen da elkartea?

1994. urteko uztailean izan zen, Arabako Zalduondo herri txikian Erroten inguruan antolatu ziren jardunaldi batzuetan, bazkal orduan Koldo Lizarralde, Carmelo Urdangarin, José Mari Izaga, García Rueda, Juanelo Turriano Fundazioaren ordezkari, eta ni mahai berean eseri ginenean. Urte horretako martxoan zendu zen José Antonio García-Diegotaz, Juanelo Turriano Fundazioaren sortzaileaz, hitz egin genuen. Aspaldi ezagutzen genuen denok eta berarekin Errotei buruzko Nazioarteko hainbat kongresutan ibilitakoak ginen. Erroten inguruan lanean jarduten dutenen ACEM elkartea fundatzearen ideia horrela sortu zen, urtebete beranduago errealitatean bilakatu zen.

1995. urteko azaroan, Begoña Bas-en lanari esker Errotei buruzko Nazioarteko I Jardunaldiak egin ziren La Coruñan, egun horietan ACEM elkartearen estatutuak aurkeztu eta onartu ziren, eta beranduago legeztatu.

1998ko urrian Terrasan eta 2001eko urrian Cartagenan, II eta III Errotei buruzko Nazioarteko Jardunaldiak burutu ziren, hurrenez hurren. Gerora, Errotei buruzko Nazioarteko Kongresuan bilakatzen da eta burutzen dira 2003an Palma de Mallorcan, 2005ean Alcazar de San Juanen, 2007an Cordoban, 2010ean Zamoran eta azkena 2012ko apirilean Tuin. Onartu egin da 9. Kongresuaren antolaketa Murtzian, 2014. urterako.

“Egia esanda, gai berri batekin nagoen guztietan itsutu egiten naiz, nire bizitzako garrantzitsuena balitz disfrutatu eta tratatzen dut”.

ACEM elkarteko lehendakari zarenez gero, ia sorkuntzatik denbora-tarte txiki bat kenduta, zer da harro sentiarazten zaituen hori?

Alde batetik, balio handia dauka ACEM elkarteari esker egin ditudan lagun on eta eskuzabalak. Kulturalki, elkartearen ekarpena: kongresuak, aldizkarietan argitaratutako lanak, etab. Zaila da jakiten zelako eragina izan dugun erroten konponbidean, errekuperazioan, musealizazioan, edota zein “erru” daukagun gizartean eragin dugun sentsibilizazioan, baina suposatu behar dugu 18 urte hauek gizartean arrastoa utziko zutela, nahiz eta ezin kuantifikatu nahi izango genukeen moduan.

Eta zerbaitez damutzerik?

Administrazioek, zentralek zein autonomikoek, oraindik nahikoa ez baloratzea elementu hauek suposatzen duten ondare kulturala da gehien mintzen nauena. Errolda osatuak, balorazio ikerketa historikoak, teknikoak eta etnografikoak falta dira; eta gabezia hauez gain, maiz gure iraganeko elementu hauen suntsiketa zigorgabearen testigu izaten gara. Guztiz tamalgarria da, lotsagarria gure agintariek kulturarekiko duten sentsibilitate eskasa. Espero dugu babeserako arau justuak diktatuko direla noizbait, nahiz eta ordurako elementu asko galduak izango diren.

Zure denboraren parte handi bat kulturari eskaintzen diozunez gero, zein da gehien transmititzea interesatzen zaizun ideia?

Jendeak elementu kulturalen alde egiten dituen ekintzen garrantziaz jabetzea garrantzitsua da. Kontziente izan behar dugu edozein hondamen edo ezabapen itzulezina dela, eta horrekin gure historiaren zati bat eta bere balio etnografikoa galtzen direla. Elementu kulturalen alde egiten dugun edozein gauza merezi duela, nahiz eta gaur egungo gizarte merkantilista errekonozitu ez. Eta azkenik, denok egin dezakegula, bakoitza bere neurrian.

Ondare arkitektoniko tradizionala nahikoa babestuta dagoela iruditzen al zaizu?

Lehen komentatu dugun moduan, ez. ACEM elkartetik bilera ugari egin ditugu ondare arduradunekin eta lortu dugun gauza bakarra hitz politak izan dira, hori bai bilera astunen ondoren. Elementu kulturalen defentsaren zentzua, ibaien presen kasuan, adibidez, ez doa eraginkortasunarekin bat. Hala ere, hauen salbazioaren alde borrokatuko dugu.

“Jendeak elementu kulturalen alde egiten dituen ekintzen garrantziaz jabetzea garrantzitsua da.”

Zeintzuk dira errota, noria, presa txiki eta antzerako elementuen kontserbazioan dauden mehatxurik handienak?

Mehatxurik handiena hauek gure iraganaren ondare-elementu eta elementu kultural moduan ez baloratzea da. Gaurkotasuna historiari eta etnografiari gailentzen zaio. Imajinatu erromatarren garaian Segoviako erregidoreak esan izan balu “ken dezagun balio ez duen akueduktu hau eta egin ditzagun etxeak bere harriekin”. Gaur egun zentzugabekeria esango genioke horri, bere garaian ez litzateke berdin kontsideratua izango. Gaur egoera berdintsuan gaude: “suntsitu ditzagun baliagarriak ez diren erroten presak eta pilak, utz ditzagun erabiltzen ez diren errotak erortzen”. Baina akaso ezin dira arrapalak egin presen alboetan ibaien birsorkuntza errazteko, presak suntsitu gabe? Ezin al dira errotak, olio-errotak, pilak, edo antzerako elementuak mantendu eta kultur etxe, interpretazio zentro edo museo txikitzat erabili? Berriz ere esaten dut, suntsiketa guztiak atzeraezinak dira.

Zein baliabide ditu ACEM elkarteak elementu arkitektoniko hauek merezi duten errespetua eta babesaren beharraz gizartea kontzientziatzeko?

Elkarte batek izan dezakeen hoberenetarikoa, bazkideak eta kulturarekiko hauek duten amorea eta pasioa. Horixe!

Jende nahikoa al dabil ondare mota hau eta inguratzen duen kultura ikasten? Zein modutan bideratuko edo animatuko zenituzke haien ikerketa lanetan?

Inoiz ez da nahikoa, horregatik animatzen ditugu ikertzaileak, teknikariak, historialariak eta antzeko interes kulturala duen edonor gure lanera elkartzera. Egin ahal dugun guztia datozen belaunaldientzat positiboa izango da, eta horretarako altruista eta eskuzabala izan behar da.

Esan diezagukezu zeintzuk diren ACEM elkarteak aurreikusita dituen berehalako ekintzak?

Hiru dira ACEM elkartean ditugun fronteak: alde batetik, datorren urtean Murtzian egingo den Kongresua, HUERMURk antolatzen du eta denok zaudete gonbidatuak; bestetik, MOLINUM aldizkaria Félix Pinto oso egoki zuzentzen duena Erredakzioa Batzorde bikain baten laguntzarekin, bertan lan ugari, ekitaldiak, bibliografia eta abar ematen da aditzera; eta azkenik, ondare arduradunekin jarraituko dugu harremanetan aipatutako elementuen defentsarako araudiak egin ditzaten. Gainera, urtero bezala, ibilaldi kulturalen bat ere antolatzea pentsatu dugu, aldizkariaren bitartez emango dugu horren berri. Antxon Aguirrerekin elkarrizketa bukatzen dugu lortu nahi dituen helburuak heltzeko indarrak emanez, ezbehar eta oztopoak ez ditzatela makina hauengana duen gogoa itzali, hainbeste borrokatu eta gogor defenditu dituen makinak. Bere kudeaketaren arrakastak anitzak izan daitezela. Antxon Aguirre Sorondo (San Sebastián)Donostian jaioa (Gipuzkoa). “Marqués de Lozoya” Ikerketa II Sari Nazionala 1987an. 1992an José Miguel de Barandiaran beka jaso zuen “Las ermitas de Gipuzkoa” lana egiteko. Antropologia, historia eta teknikari buruzko hirurehun bat monografia eta artikuluen egilea eta Euskal Telebistako “Oficios Tradicionales” saioaren zuzendaria (1996-1999 bitartean emititutako 26 saio).Etnografiari buruzko liburu askoren egilea, besteak beste “Tratado de Molinología (Los Molinos de Guipuzcoa)”, baita eduki historikoa duten beste lan ugariren egilea ere. Aldizkari eta komunikabideetan ohiko kolaboratzailea.Beste batzuen artean elkarte hauen kide da. Aranzadi Zientzia Elkartea, Eusko Ikaskuntza, Real Sociedad Bascongada de Amigos del País, Grupo Etniker, ACEM (Asociación para la Conservación y Estudio de los Molinos).
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Jose Antonio Azpiazu. Historialaria eta antropologoa: Itsas-lehiakide bat gutxiago edukitzeko suntsitu zuten ingelesek Donostia 1813an

 

Irakurri

Alain Xalabarde. Zinemagilea: Ezin dugu ahaztu zinema negozioa dela halabeharrez, eta modu horretan ulertu behar dugu

 

Irakurri

Anjel Lertxundi. Idazlea: Euskarak aukera ugari ditu literaturan

 

Irakurri

Judith Jáuregui. Piano-jolea: Nik disfrutatzen badut bakarrik, besteak nirekin disfrutatu ahal izango dute

 

Irakurri

Rosa Ayerbe. Historialaria: Gure iraganetik ikasi behar dugu, ekin ahal izateko

 

Irakurri