Asier Santas Torres eta Luis Bilbao Larrondo. Arkitektoa eta hirigilea eta Arkitektoa eta hirigintzaren historialaria: 50eko hamarkadan eraikitzen hasi zen nazioarteko Bilbo haren jarraipena da Guggenheim

2017-11-01

AGUIRRE SORONDO, Juan

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Arkitektura eta hirigintza funtsezkoak omen dira munduari zentzua emateko eta haren aurrean dugun jarrera finkatzeko. Bat al zatozte iritzi horrekin?

Asier Santas Torres (A.S.): Zalantzarik gabe, hirigintza eta arkitektura gure bizitzan ardatz direla esan daiteke, biek ala biek uste horretara garamatzate. Bata eta bestea gure bizitzen agertoki bilakatzen dira: ohiko bizitoki ditugun etxeko guneetatik hasi eta leku publiko eta sozialetara, alderdi kolektiboaren ospakizuna hartzen duten horietara. Are gehiago esango dut, haiek gabe gure bizitza ezinezkoa litzateke. Gaston Bachelard poeta eta idazlearen hitzak gogoratuz, gure oroimen guztiak eremu bati lotuta daude, etxeko gune bati normalean, gure haurtzaroan bizi izan ginen leku bati, eta hori gabe ezinezkoa da oroitzapenik izatea. Beraz, bai hirigintza eta bai arkitektura ezinbestekoak dira gure bizitzari zentzua emateko.

Luis Bilbao Larrondo (L.B.): Bat nator erabat, baina geureari helduko diot, Bilbo hiriaren eremuari. Orain, 20 urte atzera egin eta “Guggenheim efektua” oroitzean, gogoan dut museoa egin zutenean eta eraiki aurretik ere artikulu ugari argitaratu zituztela, atzerriko komunikabideetan, proiektuak ekarriko zituen ondorioei buruz. New York Timeseko kritikoak esaten zuenez, “joan al zarete Bilbora, ikusi al duzue arkitekturak sortutako miraria, hiria eraldatu duen arkitektura?” Beraz, arkitektura eta hirigintza gure bizitzaren ardatzean daude, noski. Izan ere, hiri oso bat eta bertako biztanleak eraldatzeko gai izan dira. Horrenbestez, bai arkitektura eta bai hirigintza gure bizitzen ardatzean daudela uste dut.

Luis Bilbao

“Arkitektura eta hirigintza gure bizitzaren ardatzean daude, noski. Izan ere, hiri oso bat eta bertako biztanleak eraldatzeko gai izan dira”.

Gure hiriek alderdi askotan hobera egin badute ere, egia da betiko auzoak eta hirigune historikoak desagertzean edo eraldatzean hiriak gero eta berdinagoak direla haien artean. Ezinbesteko kaltea al da hori?

A.S.: Gai oso garrantzitsua da, globalizazio-fenomenoa bizi baitugu, edo, hobe esanda, hiriak orokortzen ari baitira. Rem Koolhaasek ohartarazi zuen, Hiri generikoa testu arras interesgarrian. Bertan adierazten duenez, aspaldi, duela hamarkada batzuk, bakoitzaren nortasuna galtzeko bideari ekin diote hiriek, eta hiri generikorantz bideratu dira. Hortaz, hiri guztiak bat etortzen ari dira oso ezagunak diren formetan. Munduan zehar ibili eta Bilbon ditugun merkataritza-guneak aurkituko ditugu nonahi, Guatemalan dituzten dendak, Estatu Batuetan direnak, edo planetako edozein hiritan dituztenak. Esan beharra dago, halaber, historikoki hirien bereizgarri izan diren alde zaharrak edo zabalguneak “turistizazio-prozesuan” direla, nolabait esateko, eta ondorioz aire libreko museo bilakatzen ari direla. Aire libreko museoak edo gentrifikatutako auzoak, hori ere gertatzen ari baita hirietan, nortasuna formoletan sartuta gordetzen duten horietan.

Horregatik, oso garrantzitsua da bizi dugun une delikatua ulertzea, proposatzen ari diren hiri-zabalpen berrien hirigintza erabat generikoa baita. Ez dute egiten tokiari buruzko inongo irakurketa egokirik, ez da nortasuna bilatzen, arkitekturaren bidez bakarrik lortzen ari dira nortasuna duten hiriak, balio berezia duten arkitektura-piezen bidez —Bilboren kasuan Guggenheimen eta gerora eraiki dituzten beste eraikin batzuen bidez—.

L.B.: Gogoratzekoa da hirurogeiko hamarkadatik egon den imitatzeko ahalegina —Guggenheim apartekoa izan zen, ekimen batetik sortutako berritasuna—, Manhattango arkitekturaren irudi ziren ikono handiak imitatzeko joera bazegoen ordurako, Lever House edota Chase Manhattan Bank, esaterako. Lever House eta Mies van der Roheren arkitekturak, Estatu Batuetako 50eko hamarkadako hiriek, guztiek heldu zioten sinbologia horri, eta gero, bide beretik, mundu osoak. Arkitektura gai imitagarritzat hartu izan da beti, adierazpide den aldetik. New Yorken kasuan, gauza askoren ikur den hiriaz ari gara: munduko ekonomiaren hiriburu, artearen hiriburu, Ipar Amerikako bertikalismo triunfalistaren hiriburu, strenuous life delakoaren hiriburu, bizimodu frenetiko eta modernoarena, “modernitatearen hiriburu” esaten zitzaion. Hortik apur bat hartu nahi izan dugu guztiok, imitatzeko gaia izan da munduko hiri guztietan, denek nahi zuten ametsa. Betidanik gertatu da hori, bai, eta orain sinbologia horietan gehiago sakondu dugu arkitekturaren eskutik.
 

Asier Santas

“Proposatzen ari diren hiri-zabalpen berrien hirigintza erabat generikoa baita. Ez dute egiten tokiari buruzko inongo irakurketa egokirik, ez da nortasuna bilatzen, arkitekturaren bidez bakarrik lortzen ari dira nortasuna duten hiriak”.

Arkitektura industrialaren eta hemeretzigarren mendekoaren zati handi batekin gertatzen ari dena ikusita, ez al dugu sentsibilitaterik gure hiri-ondarearen inguruan?

L.B.: Azken urteotan, batez ere “Guggenheim efektuaren” eta hiriaren aldaketa horren guztiaren ondoren, iragan industriala desagerrarazteko ahalegina nagusitu da. Ez dakit horren atzean lotsa-sentimendua ote dagoen, frankismoaren garaian, batez ere 50-60ko hamarkadetan, gauza askoren adierazgarri izan zen iraganaren aurreko lotsa. Gero hondamendia etorri zen, desesperazio ekonomikoa Bilbon, eta ondoren itxaropena “Guggenheim efektuarekin”. Arrastorik txikiena ere desagerrarazteko sentimendua dirudi; iragan industrialaren ikurren bat edo beste utzi dute, baina ia ez zaio baliorik ematen, jendeak ere ez. Jendeak ahaztu egin du jada iragan bizi hura, mende luze batez Bilboren erroa eta nortasuna izan zena. Gauza horiek guztiak birgaitzeak kostu ekonomikoa du erakunde publikoentzat, eta diskurtsoa askoz sakonagoa da, noski. Industria-garaiko aztarna batzuk gorde beharko genituzke, ageriko balioa dutenak, baina guztia ez da onargarria. Arkitekturan, hondamenaren ondorioz, obrak desagertuz joaten dira, guztia gordetzeak ez du zentzurik.

A.S.: XX. mendearen bukaeratik edo XXI. mendearen hasieratik 2008. urtera arte, krisiak eztanda egin zuen arte, tabula rasa egitea arau izan den garapen-aldia bizi izan dugu. Guztia suntsitu, inongo eztabaidarik gabe, orubeak sortu, aukera-guneak, hiriaren eraikuntza bera industria bilakatze aldera. Zer gertatu da 2008az geroztik? Mugimendu basati hori gelditu egin dela eta horrek gogoeta egitera eraman gaituela. Krisiaren ondorioz bizi dugun egungo garaiak iraganeko gehiegikerietara ez itzultzeko balio behar du. Horrek ez du esan nahi, zuk ondo esan duzunez, besterik gabe iraganekoa gordetzeko politika egin behar denik. Egia da, eraikin batzuk ez dira batere interesgarriak, baina badaude beste batzuk kontuan hartu beharrekoak, birzikla ote daitezkeen aztertu beharrekoak, ekonomiaren egoera bestelakoa den garaiotan.

L.B.: Urteotan Pabellón 6 izan dena: arte eszenikoen laborategia egin dute pabilioi industrial batean, eta horrek eragina izan du Zorrotzaurren eta Deustuko erriberan. Ekimenak hiriko gune hori birgaitu du, biziberritu egin du apur bat txirotuta eta urrun zegoen ingurunea; izan ere, nor joaten zen hara? Antzerkia eta arte eszenikoak bitarteko, milaka lagun hurbiltzen dira gaur bertara, Pabellón 6k antolatzen dituen antzezlanak ikustera. Kasu horretan garrantzi handia du egitura motak; arkitektura industriala da, pabilioi handiak, eta Bilboren erdiguneak edo auzo periferikoek eman ez dietena eskaini die bide komertzialetik kanpoko artea xede dutenei, horregatik da arte eszenikoen laborategi. Lan handia egin dute pabilioi industrialak birgaitu eta beste xede baterako berreskuratzen. Xede hori arteekin lotuta dago eta oso ondo txertatu da auzoan eta Bilbon, eta baita Bizkaia mailan ere, urtean zehar jende ugari ekartzen du eta azpimarragarria dela deritzot.

Luis Bilbao

“Azken urteotan, batez ere ‘Guggenheim efektuaren’ eta hiriaren aldaketa horren guztiaren ondoren, iragan industriala desagerrarazteko ahalegina nagusitu da”.

XX. mendearen erdialdean “Espainiako Pittsburgh” esaten zioten Bilbori, Estatu Batuetako hiri industrial handiarekin zituen antzekotasunak zirela eta. Zer gelditu da “amets amerikar” hartatik?

A.S.: 50eko hamarkadako amets amerikar hartatik ideia bat gelditu zaigu, Bilbo ez dela erdigunea bakarrik, ez dela udalerria soilik, Bilbo “Bilbo Handia” dela, Bilbo Itsasadarra dela. Kanpora joan eta “nongoa zara?” galdetzen dizutenean, “Bilbokoa naiz” erantzuten duzu, Portugaletekoa izan arren. Zenbat eta urrunago egon orduan eta bilbotarrago zara, ezta?

50eko hamarkadako “Bilbo Handia” metropoli handia da, Londres handia, Berlin handia, Manhattan handia, metropoli handia finean. 40-50-60ko hamarkadetan gauzatzen da 20ko hamarkadatik mamitzen ari den ideia, Itsasadarrak lotzen duen metropoli handiaren, eskualdearen, ideia. Barruan hartzen ditu udalerri industrialak, bizitoki direnak, jarduera bizia dutenak, merkataritza, elkartrukatzen dutenak bai aberastasuna, bai joan-etorrian dabiltzan pertsonak, arazoak... Eztanda da. Ez horrenbeste 40ko eta 50eko hamarkadetan, 60koan baizik, desarrollismoaren urteetan.

Hortaz ari garela, Edward Glaeser ekonomialaria ekarri nahi dut gogora. Haren esanetan, alderdi on eta txar guztiak gauzatzen diren lekua da hiria. Itxaropenaren lekua da, bizitza hobea izateko etortzen da jendea hirira. 50eko hamarkadan mila familia inguru iristen ziren astero Bilbora estatuko beste leku batzuetatik. Gaur egun erakarpen-indar hori ez da hain gogorra, baina Bilbok berriro ere erakargarri izatea lortu du “Guggeheim efektuaren” eta beste politika batzuen ondoren —portu-politika, biltzarren ingurukoa, eta abar—. Jendeak bertara etorri nahi du, agian ez bizitzera, baina bai lan egitera edo gertatzen ari den horretan parte hartzera, oraingoan nazioarte mailan eta ez estatu mailan gertatzen ari den horretan.

L.B.: Dunn izan zen “Espainiako Pittsburgh” hiriaz mintzatu zena, enbaxadoreetako bat, 50eko hamarkadan Bilbo Estatu Batuetan entitate ekonomiko oso ezaguna zela zioena. Gauzatzen ari zen industrializazioa zela eta, haiek Espainiako Pittsburgh irudikatzen zuten. Pittsburgh ere ikurra zen. Lehen New York aipatu dugu, gauza askoren ikur delako, baina Pittsburgh hiri industrial nagusia zen. Zuk aipatu duzun Itsasadarraren ardatz horretan, Bilbo Handiaren perimetroan, Estatu Batuetan esanguratsuak ziren bi enpresa kokatu zituzten, U.S. Steel (altzairuak) eta Westinghouse, biak Pittsburghekoak. Gainera, aintzat hartzekoa da 1949. urtean Casa Americana ireki zutela Buenos Aires kalean, Estatu Batuetako enbaxadaren erakundea, kulturizatzeko edo amerikartzeko tresna zena. Hortaz, Espainiako Pittsburgh deitzeko arrazoirik bazuten.
 

Asier Santas

“50eko hamarkadako amets amerikar hartatik ideia bat gelditu zaigu, Bilbo ez dela erdigunea bakarrik, ez dela udalerria soilik, Bilbo ‘Bilbo Handia’ dela, Bilbo Itsasadarra dela”.

Guggenheim Museoa ireki zutenetik 20 urte igarota, paralelismorik ba al dago frankismo-garaiko Bilboren “utopiaren” eta Bilbo berriaren errealitatearen artean?

A.S.: Begira, garai hartakoa, utopia bat baino gehiago, Gerra Zibilaren aurretik sortutako proiektuak martxan jartzea izan zen. Beraz, frankismoaren garaian gertatu zena ez da orduan sortutakoa, orduan gauzatutakoa baizik. Hau da, Gerra Zibila baino lehen ez atzera ez aurrera gelditu ziren ideia guztiak jarri ziren martxan. Ideia oso onak ziren, eta Bidagor Plana oinarri hartuta eraman zituzten aurrera. Dokumentu horrek proiektu guztiak bateratu zituen. Ezagun ditugun erritmoetan hasi ziren egitasmoak aurrera eramaten, gerraosteko gabezien ondorioz.

Eta, ongi esan duzunez, 50eko hamarkadan Kale Nagusiaren muturrean hiru eraikin garrantzitsu eraiki zituzten, jardueraren erdigunea Moyuatik gora eraman zutenak: Erakustazoka (Francisco Hurtado de Saracho eta Jose Chaparen lana), Ingeniaritza Eskola (Jesus Rafael Basterrechearena) eta San Mames (Carlos de Miguel, Ricardo Magdalena, Fernandez Casado eta Jose Antonio Dominguez Salazarrena). Hiru eraikin horiek eta 40ko hamarkadan eraikitako beste batzuek, baina batez ere hiru horiek, eta gerora Arte Ederren Museoaren sorrerak, nazioarteko irudia erabili zuten, Estatu Batuetara begira, Alemaniara begira, besteak beste.

70eko hamarkadan hasi zen gorakako eraikuntza: Aguinagaren Etxezuri, Ganaren Zabalburu eta Jose Chaparen Banco de Bilbao eraikinek nazioarteko irudia eskaintzen zuten, gerora, neurri batean, “Guggenheim efektuarekin” errepikatu zen irudia. Arkitekturari berriro ere balioa eman dion gertakaria izan da Guggenheim. Eraikin berezi hori abiapuntua izan da, eta lehenago edukiontziek hartua zuten Abandoko gunea nazioarteko ospea duten arkitektoen eraikinez bete da.

L.B.: [Deyan] Sudjicek zioen, Guggenheimek Bilbori egin dion ekarpenaren harira, “Bilbon lortu denak ez du parekorik, bertan sortua delako, eta imitatu eta errepikatu gabe sortu delako”. Haatik, frankismoko arkitekturak, zuk esan duzunez, garai hartako New York hiriarekiko irrika islatzen du, edo Lever House edo Pittsburgh hiriarekiko nahia, lehen aipatu dugunez. Ildo horretakoak dira, besteak beste, Zabalburu eraikina, azkenean eraiki ez zuten Sada de Quintorena —60ko hamarkadako diseinua, Estatu Batuetako patente-sistema zuena—, Deustuko Unibertsitate ondoan lau etxe orratz eraikitzea proposatzen zuena, eta baita Itsasadarraren egituraketan Holland berdindu nahi zuten zubiak ere… Hortaz, beti egon da paralelismo hori, baina beti erreplika egiteko asmoarekin. Horren aurrean Guggenheim originala izan da, hori da garaipena. Horregatik ez zen garaile atera Bilbon, frankismoaren garaian, Estatu Batuetako arkitektura, “Espainiako Pittsburgh” esaten zioten arren, erreplika zelako, ez zekarrelako inongo berritasunik. Baina Guggenheim ez da berriro errepikatu, paregabea da. Hori da arrakasta. Eta New Yorkeko ikur batez ari gara, Guggeheim hori ere badelako.

A.S.: Hasieran aipatzen genuen hirien nortasun-bilaketarekin eta abarrekin lotuta dago. Bilboren kasuan pieza baten bidez lortu da, eraikin baten bitartez. Horrek zer pentsatua ematen dit. Hau da, gu “guggenheimzale” izan gaitezke, nolabait esateko, baina horrek ez ditu jartzen arkitektura eta hirigintza gure bizitzaren ardatzean, ez die zentzurik ematen, ez ditu ohiko eta eguneroko agertoki bilakatzen. Guggenheim ondo dago erakargarria delako, aldaketa baten hartzigarri bilakatu delako, baina ez da behin betikoa, ez duelako hiri bat aldatu. Hiria esaten dudanean barrutiez ari naiz, periferiako auzoez. Gaur egun, Errekalden bizi direnak, Matikon bizi direnak, Abusun bizi direnak, San Ignazion bizi direnak, pozik egon daitezke hirian Guggenheim eraikin berezia dutelako, baina haien auzoa duela hamarkada batzuk zegoen moduan dago, eta fokuak horrantz bideratu behar dira.

Asier Santas y Luis Bilbao

“Sudjicek zioen, Guggenheimek Bilbori egin dion ekarpenaren harira, ‘Bilbon lortu denak ez du parekorik, bertan sortua delako, eta imitatu eta errepikatu gabe sortu delako’”.

Etorkizunera begira: zer behar du XXI. mendeko hiriak gero eta iraunkorragoa, solidarioagoa eta bateratuagoa izateko?

A.S.: Iraunkorra, solidarioa eta bateratua. Azter dezagun zatika. Bilbok, hiri iraunkorragoa izateko, joan-etorrietan jarri behar du arreta, orokorrean, joan-etorri horizontaletan eta bertikaletan. Azalduko dut. Etorkizuneko garraio-politiketan trafikoaren kudeaketa jakina ezarri beharko da. Horretarako, beste hiri batzuetan, Europaren erdialdean “mugikortasun gozoa” esaten diotena hartu dute oinarritzat, besteak beste, bidegorriak jarriz eta ibilgailu-trafikoa kontrolatuz. Hori joan-etorri horizontalei dagokienez. Eztabaida hori komunikabideetan da gaur egun. Baina joan-etorri bertikalak ere hor daude. Horrekin esan nahi dut hiria ezin dela horizontalean askoz gehiago hazi —orografia medio—, eta gaur egun dagoeneko hasia dela bertikalean hazten; horren adibide da Garellanon eraikitzen ari diren proiektua. Ildo horretan, sortzen ari garen hiri-irudia zaindu beharko dugu. Bestela, 50eko hamarkadako edo ondorengo erreferentzia haiei buruz hitz egingo dugu berriro. Nolanahi ere, hiria iraunkor bilaka dadin, kontuan hartu beharrekoak dira joan-etorriari eta gorakako eraikuntzari buruzko eztabaidak.

Solidario izateari erreparatuta, Joan Noguék esaten duena aipatuko nuke, hau da, hiri batean paisaia ugari daudela, ez bakarrik paisaia natural bat, baita gizarte-paisaia, soinuena, generoarena eta abarrena ere. Beraz, hirian bat egiten duten askotariko paisaiei zenbat eta arreta handiagoa eskaini, orduan eta solidarioagoa izango da hiri hori. Solidarioa izan dadin, hiriak jende guztiarentzako aukerak izan behar ditu. Hori politikarien esku uzten dugu, baina baita hiria aztergai dugun arduradun guztien eskuetan ere.

Eta hiri bateratuari dagokionez, kohesioa bi kontzeptuk ematen dutela uste dut. Lehena kultura da, kulturak bateratuko gaitu, gainera, hiri honetan finkatu egin den aberastasuna da. Jakin badakigu kulturari begira aberatsak izatea zer den, horrek proiektu baten partaide egiten gaitu. Eta alde fisikotik, kohesioa, oraindik ere guztiz ustiatu ez dugun osagai baten eskutik etorriko delakoan nago, Itsasadarraren eskutik, alegia. Bilboko Itsasadarra, oraingoz, barruko periferia dela deritzot. Ekitaldi jakinak antolatzeko erabil dezakegu, piraguen ingurukoak, igerilarientzako probak, La Salve zubitik jauziak egiteko… baina ez badugu hiria Itsasadarrera hurbiltzen eta Itsasadarra hirira, hirigunetik datorren sekzio hori ez badugu eraldatzen, ez dugu aprobetxatuko Bilboren bereizgarri izan daitekeen osagai gutxietako bat. Izan ere, San Anton zubitik ibai-ahoraino goitik beherako horma bat da. Guk izan dezakegun ibai-paisaia hiri gutxiren esku dago. Egia da oraindik ere asko falta dela naturaren aldetik ingurune hori biziberritzeko, baina guztiok konturatzen bagara hor dugun ondarearen balioaz, aberastasun horrekin bat egiteko aukeraz, bateratu egingo gara.

L.B.: Bat nator esan duzunarekin. Gainera, etorkizuneko Bilbo hiri ez-baztertzailea izan behar da, jende guztia onartuko duen hiria. Teknologia berriek eskaintzen dituzten aukerak baliatu behar dira (kutsadura akustikoa eta eztanda-motorren gasak saihesten dituzten auto elektrikoak, baita piloturik gabekoak ere). Kulturaren aldetik hiri indartsua izan behar da, eta bide horretatik doala uste dut. Baina auzoetan ildo hori gehiago jorratu behar da, ez horrenbeste hirigunean, haiek ere integratuta sentitu daitezen. Eta paisaia ederra eta ikono bikaina ditugunez, horiek aprobetxatu egin behar ditugu.

Lehen aipatu ditugun Frank Lloyd Wrighten edo Le Corbusierren proiektu handien harira, Bilbo goraka eraikitze horretaz mintzatu zarela eta, otu zait etxe orratz handi horiek, bertikalean goraka eraikitako hiriak, berandu baino lehen errealitate bilaka daitezkeela. Garai batean utopia izan zen, baina gaur egun, garapen horizontala zailagoa dela ikusita, hiriak bertikalean egiteko aukera hor dago.

Asier Santas Torres eta Luis Bilbao Larrondo

Asier Santas Torres eta Luis Bilbao Larrondo.

Asier Santas Torres

Arkitekturan doktorea. Nafarroako Unibertsitateko Arkitektura Eskolako irakasle titularra.

Suárez Santas Arquitectos bulegoko bazkide gisa, estatuko eta nazioarteko lehiaketetan parte hartu eta saritu dute: Bauwelt Arkitekturako Nazioarteko Saria opera prima onenari, Sevillako Arte Sacro Parkearen inguruko lanagatik (2011); Arkitekturako eta Hirigintzako Espainiako XIII. Biurtekoaren Saria; Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoaren Saria; eta Espainiako Pabilioirako hautatua Veneziako Arkitekturako Nazioarteko XV. Biurtekoan (2016).

Aldizkari espezializatuetan eman ditu argitara proiektuak.

Urbanismo y vivienda en Bilbao liburuaren egilea eta argitalpen kolektiboetan kolaboratzaile.



Luis Bilbao Larrondo

Historia Garaikidean doktore eta Euskal Arte Garaikidearen espezialitatean diplomadun Deustuko Unibertsitateko Euskal Gaien Institutuaren eskutik.

XX. mendeko Bilboko hirigintzan eta arkitekturan aditua. El poblado dirigido de Otxarkoaga (2008) eta Urbanismo en Bilbao, 1959-1979 (2013) liburuen egilea da eta artikulu ugari argitaratu ditu espezializatutako aldizkarietan.

Gaur egun, gerraosteko Madril hiriaren egituraketan Bilboko kapitalak izan zuen eragina eta Ipar Amerikako arkitekturak Espainiako modernitatean izan duen inpaktua ditu ikergai. Ikerketa-ildo horren emaitza da El pensamiento norteamericano en Bilbao, 1948-1968 artikulua.

Eusko Ikaskuntzako bazkide da.

Arkitekturaren eta Hirigintzaren Historialarien Elkarteko (AhAU) kide da.

Partekatu
Facebook Twitter Google Whatsapp

AURREKOAK

Mertxe Larrañaga eta Yolanda Jubeto. Ekonomian doktoreak: Sistema honek ez luke funtzionatuko ezkutuan dauden hainbat lanik gabe

 

Irakurri

José Luis Larrea eta Aránzazu Ibarrola. Ikerketan eta berrikuntzan adituak: Berrikuntza, izatekotan, soziala da, edo ez da berrikuntza; alabaina, hainbat adierazpide ditu

 

Irakurri

Mayte Sancho eta José Félix Martí Massó. Matia Instituto Gerontológicoko zuzendari zientifikoa eta Neurologoa eta ikertzailea: Gure gizartearen arrakasta da hainbeste jende luzaro bizitzea

 

Irakurri

Mikel Zurbano eta Zelai Nikolas. Ekonomian doktorea eta legelaria: Lurraldearen etorkizuna bermatzeko beharrezkoa da proiektu bat adostea

 

Irakurri

Anjeles Iztueta eta Enrique Zuazua. Matematikariak: Zenbaki konplexuek badituzte bi zati, erreala eta imajinarioa. Errealitatean ere aurrera pausuak emateko beti erabili behar dugu errealismoa eta imajinazioa

 

Irakurri