Bernat Vidal. Arbaso Elkarteko lehendakari eta artisaua: Artisau eta diseinatzaileak bat egin behar dute elkar-lanean aritzeko

2013-02-20

SILLERO ALFARO, Maider

ALFAGEME, Ainhoa

Arbaso Artisautza Elkarteak Basque Crafts by Design jardunaldiak antolatu ditu, non artisau eta diseinatzaileek beren ezaguerak batuz elkarlanean arituko dira artisautza modu berri bat sortzeko. Hausnarketarako eta lanerako espazioa izango da, 3 egunetan (otsailak 15 eta 22, martxoak 8) entzun nahiz partekatu ahal izango da, baina batez ere, etorkizuneko artisautza sortzeko gunea izango da.

Arbaso, euskal artisautzaren alde lanean ari den irabazi-asmorik gabeko elkartea da. Egun, zenbat artisau ordezkatzen du?

Arbaso 1995. urtean sortu zen artisautzaren sektorea bildu nahian. Horixe zen hasiera batetako helburua. 17 pertsona hasi ginen eta egun, 100 pertsona inguru biltzen ditu elkarteak Euskal Herrian. Lurraldeen arabera antolatzen gara, eta batzorde orokor bat izan arren, lurralde bakoitzak bere arduraduna du.

Esan bezala, hasiera batean euskal artisautza tradizionala sustatu asmoz sortu zen elkartea. Egun, “modernoagoak” edo hain tradizionalak ez diren beste zenbait lanbideetako profesionalak ere biltzen ditu. Zer dela eta aldaketa hau?

Modu batetara esanaz, 300 metrotako luzera izango duen ibilbidea egiteko asmoz hasi, baina bidea egiten joan hala aurrera jo dezakezula ikusten duzu. Bada jendea, elkarteak hartzen duen itxura ikusirik gerturatzen dena, eta gu ere harkor agertzen gara egoera honen aurrean, zergatik ez? Ezin hobea litzateke Euskal Herriko artisau guztiak biltzen dituen elkarte indartsu bat izatea. Elkarteko kide guztiak gara artisau, guztiak du balio.

Arbasoko artisauak artisautzatik soilik bizi al daitezke?

Gehiengoa bai, eta gai honek, denbora medio, bilakaera izan du. Nahiz eta sektore konplexua izan, intrusismo handiakoa, murgilduriko lan ugarirekin, etab. sektore beran geroz eta jakinagoa da gauzak ahal bezain hoberen egin beharra dagoela. Elkartean denetarik dago; bada artisautzatik soilik bizi den jendea, eta bada artisautzatik bizi ezin duen jendea ere, kasu askotan artisautzatik bizitzea ia ezinezkoa baita. Egia esan, oso gutxi definitutako sektorea da, bai erakundeei dagokionean eta baita sektore berari dagokionean ere.

Zehaztasun falta sumatzen al da?

Definizio argi bat eta anbiguotasun gabekoa falta zaio, gauzei mugak ezartzearen falta du, honaino artisautza da eta honaino eskulana da, eta honaino artea da... “honaino arte” horiek falta zaizkio. Inork ez du zehaztasun hau burutu nahi baina oso garrantzitsua da. Ondo definitu gabeko zerbait anbiguotasunean sartzen da. Beti dago, modu batean, permisibitate bat, guztia onartzen da proiektuaren kalterako.

“Arbaso 1995. urtean sortu zen artisautzaren sektorea bildu nahian. Horixe zen hasiera batetako helburua”.

Beharrezkoa den definizio horretan artisautza moderno nahiz tradiziozkoaren arteko bereizketa egingo litzateke?

Egin dezakegu, baina ez dakit behar dugun... (barrez). Egin dezakegu, eta inork ez luke bere burua, sailkaturiko lekuaren arabera gutxietsi dugunik sentitu beharko. Norberak egiten baitu sailkapen hori sortzen duenaren arabera. Gu gara rtisautza tradizionala, gustukoa duelako edo adibidez, birziklaturiko produktuekin lan egitea erabakitzen dugunok. Hortaz, zu zeu zara erabakitzen duzuna eta beraz sailkatzen zarena, baina nire ustetan hau ez da inolaz gutxiesgarria.

Bi artisautza mota hauek, modernoa eta tradizionala, osagarriak al dira? Batak bestea gainditu dezake? Bizikide izan al daitezke?

Bai, elkarrekin bizi daitezke eta bizi beharko lukete, batak bestea aberastu egiten baitu. Egia da artisautza tradizionalak arazo gehiagoren bat izan dezakeela merkaturatze garaian egungo artisautzarekin konparatuz; askotan tradizionala gustuko izan arre, gure bizitzarekin bat egitea zaila da. Imajina ezazu 50 metro karratutako apartamentu batean bizi zarela, nahiz eta kutxa bat gustuko izan, ez duzu etxean leku nahiko izango bat jarri ahal izateko.

Beti izango da artisautza tradizionala maite duen jendea eta beraz zenbait artisauek tradizioari jarraituz lan egingo dute. Egia da, kasu askotan arrasto pertsonala emanaz burutzen da lana nahiz eta tradiziozkoa izan, oso sortzailea den zerbaitetan bihur baitaiteke. Gauza guztiek gehitzen dute aberastasunik, gauza guztietatik ikas daiteke eta ez du zertan gauza batek beste baten aurkakoa izan beharrik.

Gerturatu gaitezen Basque Crafts by Desing jaurdunaldietara, non artisautza eta diseinua bilduko den. Non jar daiteke muga?

Teorian behintzat, eta nahiz eta praktikan jartzean ez luketen zehatzak izan behar, bereizketa egin beharra dago. Beste alorretan gauzak zehazten diren moduan, zergatik ez zehaztu artisautzaren kasuan? Diseinatzailea, koaderno aurrean duela esertzen dena, egun ordenagailu aurrean eta AutoCad programa erabiliz, birtuala den produktu bat diseinatzen duen pertsona da. Ez du zertan elaborazio lana zein den jakin beharrik, nahiz eta jakitea onuragarria izan. Artisautza aldiz, lanbidea duen pertsona da. Modu sinple batean esanda, artisaua elaborazio lanetan arituko dena da, eta zenbaiten esanetan, tradizionalen kasuan, nahiz eta ukitu pertsonala eman pieza bakoitzari, piezak kopiatzen lan egiten dutenak dira.

Kutxa bat egiten duen artisauak, kodifikaturiko hizkuntza bat erabiltzen du, lauburua, bitxilorea... eta elementu horiek nahi edo hobekien ikusten dituen moduan antolatzen ditu. Diseinatzaileak ideia du, irudikatu egiten du. Honek ez du artisauek ideiarik ez dutela esan nahi, horregatik asko zehaztu beharra dago zentzu honetan inor ez mintzeko. Diseinatzaileari ezin zaio mindu esanez “zuk ez dakizu egiten “ ezta artisauari esanez “zuk ez dakizu pentsatzen”. Planteamendu hau ez da guztiz zuenena, esango genuke bakoitza bere tokian jartzeko planteamendu sinplista dela.

Jardunaldiaren ideia 20 diseinatzaile eta 20 artisau bildu eta elkarlanean benetakoak eta ukigarriak diren 10 proiektu sortzea izango da. Andrés Arregui izango da hizlarien artean.

Argazkia: basquecrafts.com

Basque Crafts by Desing jaurdunaldiek, bakoitza bere lekuan jarri ezean, artisauak eta diseinatzaileak elkartu nahi ditu.

Nire ustetan, honelako kontaktuak aberasgarriak izan daitezke diseinatzaileek elaborazio prozesua zein den ezagutu dezaten. Adibidez, zeramikari edo buztinlari baten kasuan ezinezkoa da beste artisau batzuen kasuan ez bezala piezak une berean burutzea, hauek dituzten prozedurak ezbaitira berehalakoak. Bizi dugun gizarte honetan, non interneten erosten ditugun gauzak modem-etik zuzenean ateratzen ikusi nahi ditugun gizarte honetan, lan handiko prozesu hauek askotan ez ditugu ulertzen.

Diseinatzaile nahiz artisauek elkarrekin lan egin ahal izateko, elkar ulertzea beharrezkoa dela uste dut. Aurrean duzun pertsona ulertu ezkero, askoz ere gauza interesgarriagoak egiteko ahalmena baituzu. Gor arteko elkarrizketa bat sortzen badugu, nik gauza bat esan eta zuk beste bat erantzungo duzu, elkarlanean aritzea oso zaila izango da beraz.

Basque Crafts by Desing jardunaldien esloganak zera dio “Artisautza berri bat elkar-sortuz”. Norantz doa artisautza hori?

Nork daki? Nahiago genuke oso urrutira iritsiko balitz! Guztia hain azkar doan bizi dugun gizarte honetan, zertxobait motelago doan gauzarik bakarrena artisautza dela esan daiteke. Guk etorkizunari buruz hitz egin behar dugu, badagoela uste baitugu. Pasa den urteko jardunaldietan jada hitz egin zen etorkizuneko artisautzaren... Inork daki etorkizuna nolakoa izango den, eta honi buruz edozer esatea ez da batere zehatza, agian birtuala den zerbaitetan lan egitea beharrezkoa pentsatu arren, ukigaia den zerbait ere garrantzitsua dela konturatu arazten gaitu. Batzuetan norabidea galtzen dugu eta hainbeste liburu birtualen artean, hemendik 20 urteetara nork daki, ukigarria den paperezko liburua beharrezkoa izatera iritsiko ote den. Nolako bilakaera izango du guzti honek? Nork daki... Zenbait gauza esatera ausart gaitezke baina beste zenbait alorretan zerbait esatea zaila da. Nork daki, egunen batean gizartea bide onetik ez doala konturatu eta berriro atzera joko ez ote duen? Etorkizunik ez bada, gauza txarra, eta etorkizun hori guztion artean eraiki beharko dugu.

Eta egun, Arbasoko artisauek, erreferentzi bat hartzekotan, zein motatako produkturantz doaz? Eguneroko erabilgarritasuna dutenak, apaingarriak...?

Orokorrean, apainketaren gaia asko galdu dela uste dut. Beste guztien antzera artisauak ere errentagarri bihurtu eta saldu beharra du, gizartean bere lekua egin nahi du artisauak bezeroarentzat erabilgarriak diren produktuak eginez, bestela... Lehen aipatu bezala, apartamentu txikietan ez dago gauzak jartzeko lekurik eta guzti hori nabaria da. Gehien saldu ohi den produktua erabilgarria dena da “jar dezazun”, “ikusarazi dezazun”... produktu pertsonalak, txikiak. Gizartea halakoa da, azken finean, gazteluetan biziko bagina gauzak beste gauza baterantz joko genuke.

Jardunaldiaren ideia 20 diseinatzaile eta 20 artisau bildu eta elkarlanean benetakoak eta ukigarriak diren 10 proiektu sortzea da.

Aurtengo jardunaldia ezberdina izatea nahi nuen, iritsi, entzun eta alde egiten duzun horietakoa ez izatea nahiko nuke; emaitza moduan produktu bat egotea nahi nuen, ukigarria, honek bai diseinatzaile eta baita artisauak anima ditzakeena uste baitut. Teoriak ondo daude baina praktikara eraman behar dira. Nire ustetan, teoriak praktikara eramateko modu egokia izan daiteke, diseinatzaile eta artisauak elkarlanean nola moldatzen garen ikusi ahal izateko. Guzti honek etorkizunerako ibilbidea egin dezake eta era berean artisautzaren nolabaiteko eboluzio bat ere ager daiteke.

Alde praktiko honetaz gain, ponentzien bidez antolaturiko alderdi teorikoa ere izango da jardunaldi hauetan.

Bai. Gainera, artisauok informazio hori beharrezkoa dugula uste dut eta pasa den urtean oso ongi joan zela ikusirik halaxe izango da. Artisauak, denboraren %90a tailerrean pasatzen du bakarrik lanean eta oso interesgarria ikusten dut besteekin usteak entzun eta elkar banatzea. Aurten urrats garrantzitsua hurrengoa zen. Planteamendua halakoa izatearen arrazoia, jardunaldiak luze egitearen arrazoia, astero Beaz eraikinera bueltatzeko eta bertan eginiko proiektuen eboluzioa zein den ikustea da. Prozesuak nola doazen, hauei buruz hitz egin dezaten, beste batzuen esperientzian entzun ahal izateko, gureganatu ditzagun. Nire ustetan alderdi hau oso garrantzitsua da eta ongi babestu dugula uste dut.

Lehen, tradiziozko artisautzari buruz hitz egin dugu, eta bereziki, azken egunean Kataluniako arkitekto baten ponentzia dago. Honek, Kataluniako artisautza tradizionalari ikuspegi berri bat eman nahi dio. Hau izango da azken ukitua.

Bigarren edizio honen ardatza diseinatzaileen eta artisauen arteko sortze prozesua izango da eta tailer formatua hartuko du. Henar Iglesias izango da hizlarietako bat.

Argazkia: basquecrafts.com

Kataluniako artisautzari buruz hitz egin bezala, euskal artisautzaren ezaugarriei buruz eta hau zehazten duten elementuei buruz ere hitz egin genezakeen, baina diseinuari buruz zer? Egokia litzateke “euskal diseinu” bati buruz hitz egitea? Hala bada, zeintzuk lirateke dituen edota izan beharko lituzkeen berezitasunak?

Zailagoa egiten zait etiketa bat jartzea baina euskal diseinu bat ere egon daitekeela uste dut. Duela zenbait urte, artisautza bat kokatzeko tradiziozko artisautzari begiratu behar zaiola azaldu nuen. Munduko edozein lekutan, Bartzelona, Madril edo Alemanian, artisautza garaikide edo sorkuntza artisautza (oso zaila da izen zehatza ematea) ardatz duen azoka batetara eraman ezkero, belarriak estalita zein hizkuntzatan hitz egiten den ez jakiteko, zerbait bereiziko al zenuke? Aldiz, egoera berean, artisautza tradizionaleko azoka batetara eraman ezkero, kulturari buruzko elementu ezberdin ugari ikus ahal izango zenuke eta, beraz, zein lurraldeetan zauden bereiztea errazagoa litzateke. Penintsula barruan, gaztainondoko saskigintzan adibidez, elementu arrunt gehiago aurki daiteke, baina Alemaniaren kasuan zenbait elementu erraz desberdinduko ditugu.

Diseinuari buruz, eta diseinu berak beste historia batzuk kokatu nahi izaten dituela kontuan hartuz... bai izan dezake globalizazio puntu bat, baina hala ere, nik, euskal diseinu bat badagoela sinistu nahi dut. Diseinu horren bilakaera tradizioan oinarritzen bada, eta hori litzateke logikoena, nabaria izan beharko luke. Nik ez dut euskaraz egiten baina batzuetan Euskaltzaindiaren erabakiekin ez nator bat, kasu askotan erdarazko hitzak hartzen dituztelako oinarri hitzak euskaratzeko eta ez zait egokiena iruditzen. Diseinuaren munduan berdin gertatzen da. Nik diseinatzaile moduan, lurralde baten historia kontuan hartuz lan egiten badut, nire lanetan kutxu hori nabaria izango da, baina kontzeptu globalen inguruan diseinatu ezkero, diseinu globala duten lanak burutuko ditut. Egia da euskal diseinua nabaritu beharko litzatekeela baina oinarria hartzen ez bada elementua globalizaziotik hurbilago egongo da.

Jardunaldi hauetan, sortze prozesuan oinarria zein den adierazten duen norbait egon beharko du. Nire ustetan pertsona hori artisaua izan beharko luke, bere estiloan, bere lanbidean oinarrituz. Sentsibilitate eza somatzen bada, bai artisaua eta baita diseinatzailearen aldetik, orduan bai globalizaziora irits daiteke. Bai artisauak, eta baita diseinatzaileak ere kultura baten parte sentitu beharko luke bere burua.

Eredurik ezarri al da lanak sortzerakoan?

Zenbait eredu ezarri da “erronka” izena emanaz, artisautzarekin interesa agertzen duten erakundeei erronka horiek aurkezteko asmoz, baina ideia guztiz garatzea ezinezkoa izan zaigu. Zoragarria izango litzateke erronka gehiago egon izana, erakundeek beren lurraldeko artisautzaren inguruan interesa agertu izana eta artisautza hori oparitu ahal izatea. Beraz, artisautzaren kudeaketaz ardura duten erakundeek artisautzari beharreko balioa emango baliote, artisautza lantegiak ez lirateke hain egoera latzean aurkituko. Daukagun hori berretsi eta benetan duen garrantzia emateko modua litzateke. Basque Crafts by Desing Basque Crafts by Design artisauen eta diseinatzaileen arteko gogoeta gune bat da eta, halaber, elkarrekin lan egiteko marko bat, Euskal Herritik mundura zabalik. Ekimen honen asmoa da elkarrekin —diziplina biak batera— lan egiteko era berriak bilatzea eta, elkarlan horren ondorioz, produktu eta zerbitzu berriak asmatzea eta, beraz, artisautza berria elkarrekin sortzea. Bigarren edizio honen ardatza diseinatzaileen eta artisauen arteko sortze prozesua izango da eta tailer formatua hartuko du. Halaber, 3 egunetan, doaneko hitzaldi emango dira, publikoari irekiak. Diseinu eta artisautza zikloa Arbasok -Euskal Herriko Artisautza Tradizionala sustatzeko elkarteak- antolatzen du, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta beste zenbaiten laguntzarekin.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Jesus Mari Ugalde. Jakiundeko Lehendakaria: Oraingo disfuntzionamendua berbideratzeko etika izango da irtenbidearen zati bat

 

Irakurri

Ainhoa González Sanchiz. Media Antena Euskal Herria: MEDIAk Europako aniztasun kulturala bultzatzen du zinearen bitartez

 

Irakurri

Tilbert Stegmann. Katalanista: Elebakartasuna sendatu egiten da

 

Irakurri

Manuel Delgado. Hiri-Antropologoa: Gizarte eta politika ekintzen ikuspuntutik, kalea osasun onekoa da

 

Irakurri

Mertxe de Renobales Scheifler. Biokimikan Doktorea: Nire uste apalean inmorala da, munduko populazioaren %20k planetako errekurtsoen %80 kontsumitzea

 

Irakurri