Errakel Armentia: "Afrikan haurrak gosez hiltzen ari dira, HILTZEN, hatxez eta letra larriz"

2002-10-11

DIAZ DE MENDIBIL, Ismael

Elkarrizketa: Errakel Armentia Errakel Armentia, kooperantea "Afrikan haurrak gosez hiltzen ari dira, HILTZEN, hatxez eta letra larriz" * Ismael Diaz de Mendibil Edozein hilabeteko edozein eguneko arratsaldeko hiru eta erdiak dira. Forondako aireportuan hogei bat pertsona daude bilduta, hegaldi bat noiz iritsiko zain. Bidaiariak hasi dira terminalera iristen: negozioen munduko gizon emakumeak dira gehienak, erretiratu bat edo beste ere badabil, eta turista despistaturen bat. Baina, bat batean, neskato bat azaldu da, ikaratuta. Gaixo dago, poliki eta baldar dabil eta. Bera bezala, beste hogeita hamar bat neska mutil iritsi dira Euskal Herrira, ikaratuta eta gaixo, baina aste batzuren buruan osasuntsu eta pozik itzuli dira beren etxera, Afrikara. Hain zuzen ere helburu horrekin aritzen da lanean gure gaurko elkarrizketatua beste hainbat lagunekin batera "Tierra de hombres" en euskal ordezkaritzan. Lekutzen joan gaitezen, azalduko al zeniguke zertan datzan "Tierra de hombres"? Tierra de hombres Aljeriako gerrara berriemaile berezi bezala joan zen kazetari batek sortu zuen, Suitzan, 1960an. Gerrak sortutako triskantzak ikusteak, haurrak mutilatuta eta familiak guztiz hondatuta, ikaragarrizko zirrara eragin zion, eta orduan Suitzako agintari eta gizarteari eskari bat egin zien: haur aljeriar haiek beren etxeetan hartzeko, sendatu arte. Eta suitzarrek oso ondo erantzun zuten. Orduan instituzioak lanean jarri ziren: Aljerian sendatu ezin ziren haurrak Suitzan operatzen eta sendatzen hasi ziren, eta behin errekuperatu ostean beren herrira itzultzen ziren. Gaur egun kontinente guztietan ari gara lanean, 40 herrialde baino gehiagotan, 100 programa ezberdinekin. Tierra de hombres gobernuz kanpoko erakunde bat da, eta ezer ez daukaten haurrei zuzenduta dago, edozein orden politiko, arraza eta konfesioetakoei. Madrilen 1995ean hasi zen lanean, eta gero ordezkaritzak zabaldu zituen Valentzian, Sevillan, Malagan, Errioxan, Nafarroan eta Euskadin. Hemen 1997an hasi ginen lanean,eta esan beharra daukat hasiera hasieratik, Eusko Jaurlaritzari gure egitasmoen berri eman genionetik, erraztasunak besterik ez ditugula izan. Euskal osasun sarea funtsezkoa da gure egitasmoetarako. Oraingoz Bizkaian eta Araban gaude, Tierra de hombres ek tamalez ez daukalako Gipuzkoan aritzeko behar adina azpiegiturarik. Ehunka egitasmo dauzkazuen arren, "Viaje hacia la vida" ri zuzentzen diozue denbora gehiena. Zertan datza egitasmo hau? Egunero Mauritaniako neska mutil pila bat sendatzen ditugu. Haur hauetakoren bat operatu egin behar bada, eta ez Mauritanian, ez inguruko herrialdeetan ez baldin badago operatzeko modurik, haurra hona ekartzen dugu. Kontuan izan behar da Mauritaniako azpiegitura sanitarioa desastre hutsa dela. Haurra hona ekartzeko, gauza guztiak ondo antolatu behar da. Hasteko, Mauritaniako ordezkariak dossier mediku eta sozial bat prestatzen du, hainbat gauza zehaztuz: haurraren familiaren baliabide ekonomikoak, haurra norekin bizi den, eskolara joaten ote den... Familiak beti ordaindu behar izaten du zerbait; gehienetan zenbateko sinboliko bat izaten da, ez daukatelako ezer. Aipaturiko dossier hori Suitzara bidaltzen dugu, erakundeak han erabakitzen duelako haurrak sendabiderik duen edo ez. Ezetz erabakitzen badu, haurra ez da ekarriko. Haurra, Euskadira etorriz gero, familia batekin egongo da, eta familia hau arduratu da ospitalean zaintzeaz eta ondorengo errekuperazio fasean berarekin egoteaz. Bai, baina batzuetan egunaren 24 orduak eskaini behar izaten zaizkie haur hauei, eta beraz familia hauek beste familia batzuen laguntza ere jasotzen dute. Aipatu nahiko nuke Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ate guztiak zabaldu dizkigula. Estatuko beste leku batzuetan, eta Suitzan ere bai, ospitale pribatuekin aritzen dira lanean, baina hemen sare publikoarekin aritzen gara, eta hasieratik gainera. 1999az geroztik, 27 haur jaso ditugu Euskal Herrian. Operazio gehien egiten dituen ordezkaritza gurea da. Tierra de hombres ek, hasi zenetik, milaka haur sendatuditu, eta guk ere nolabait lagundu nahi dugu. Haur batzuek denbora asko behar izaten dute errekuperatzeko, baina hala ere beren familiarekin dagoenean ere jarraipena egiten diogu. "Viaje hacia la vida" ren bidez, gaixotasun larriak dituzten neska mutil asko ezagutu dituzu. Zein da zirrararik handiena eragin dizun kasua? Beningo neskato batena. Kaleko ume bat zen, familiarik gabea. Oso neskato maitekorra da, baina asko kostatu zaio gure kultura eta arauetara egokitzea. Eta auskalo zer nolako etorkizuna izango duen bere herrira itzultzerakoan, bai osasun sistemaren, bai gizartearen aldetik. Eta hunkigarria iruditu zait familia euskaldunek kasu honen aurrean azaldu duten elkartasuna. Auskalo nola egongo litzatekeen neskato hau Tierra de hombres ek hartu izan ez balu! Afrikako kontinentea al da "Tierra de hombres" en lan esparru nagusia? Gainerako kontinenteetatik ez dugu hainbeste jende ekartzen. Hegoameriketan, adibidez, Afrikan baino askoz ere osasun instalazio hobeak dauzkate. Latinoameriketan daukaten arazo nagusia ekonomikoa da, jendeak ez daukalako dirurik. Eta osasun instalazio guztiak pribatuak direnez, aberatsek bakarrik erabil ditzakete. Horregatik, han diruz laguntzen dugu batez ere. Afrikan izan zaren aldietan, zein iruditu zaizu gauzarik positiboena eta zein negatiboena? Han ia gauza guztiak positiboak dira. Jendeak esaten du Afrikak engantxatu egiten zaituela, eta egia da. Afrikako jendeak ez dauka ezer, baina daukana eman egingo dizu. Eta bihotzez gainera. Garapenak okertu egiten du, beraz alde horretatik oraindik ez dabiltza oso okertuta, baina, zoritxarrez, haiek ere garapen prozesuan sartzen ari direnez, okertzen hasi dira. Gosez hiltzen dauden arren, ia denek daukate telebista. Guk galdu egin ditugu balioak. Gure aiton amonek, guk baino askoz ere espiritu garbiagoa zeukaten. Bi belaunalditan, galdu egin ditugu familia bezalako instituzioak eta elkartasuna bezalako balioak. Hemen umezurztegiak dauzkagu, han ez. Zergatik? Ez dituztelako behar. Han hemenbaino askoz ere guraso gehiago hiltzen dira, umezurtz asko daude, baina ez daukate umezurztegien beharrik, familia arduratzen delako haurrez. Dena den, ezin da esan panazea bat denik. Alde txarrak ere badituzte. Kultura batzuetan, gizarteak eta erlijioak oso zigor gogorrak ezartzen dituzte, gizarteari orokorrean, eta emakume eta haurrei bereziki. Baina ezin da orokortu. Ikusi bestela erlijio katolikoak nola zigortzen eta ikaratzen duen... "Hori egiten ez baduzu, infernura joango zara!". "Tierra de hombres" en egitasmorik ezagunena "Viaje hacia la vida" dela esan diguzu, baina hala ere badauzkazue beste batzuk. Bai, esate baterako Benin eta Togo ko haurren esklabotza eta prostituzioa. Benin eta Togon haur pila bat daude biztanleen erdiak 15 urtetik behera ditu , eta kanpora esportatzen dituzte, familiak engainatuz, esanez haurrak eskolara eramango dituztela, bizimodu hobea izango dutela, eta horrela aho bat gutxiago izango dutela elikatzeko. Izan ere, han gosea oso arazo larria da; ez daukate jatekorik. Nazioarteko foro guztietan haurren trafikoa gizateriaren aurkako krimen gisa kalifika dezatela eskatzen ari gara, baina potentzia handiek beste aldera begiratzen jarraitzen dute. Haur hauek jasotzeko, "oasi zentroak" izenekoak dauzkagu. Geroari begira, erronka berri bat duzue: "Niños de la calle Dakar". Senegalen izan ginen azken aldian harri eta zur gelditu gara kalean zenbat haur bizi diren ikustean. Zifrak ikusi besterik ez dago: Dakarren 100.000 haur inguru bizi dira kalean. Jende askorekin arituko gara lanean: soziologoekin, hezitzaileekin, gizarte laguntzaileekin... baina senegaldarrak izango dira guztiak. Zeren, hori ere bada gero: guk, zuriok, hain bizkor eta ederrak garenok, tontotzat hartzen ditugu beltz gaixoak, eta ez gara konturatzen jende horrek urte asko daramatzala lanean. Hala ere, Tierra de hombres en babesa eta finantzazioa behar dute, hango haurrek ez daukatelako ez familiarik, ez etxerik, ez ezer. Lapurretan eta drogak hartzen ematen dute egunosoa. Han familia asko poligamoak dira, eta guraso batzuek ez dituzte aurreko ezkontzetan izandako haurrak onartzen. Dakarreko leku batzuetan, milaka pertsona pilatuta bizi dira, urik eta argi indarrik gabe, eskolarik gabe... Guk haur bakoitzari lagundu nahi diogu, aukerak eskaini, sendotu. Beren bizitza eta beren burua baloratzea da kontua, pegamentua eta lapurretak behin betiko uztea... Askotan, diru pixka bat lortzeko, salgaiak deskargatzen ibiltzen dira, baina halako zama handiak garraiatzean asko kaltetzen dute sorbalda. Horrez gain, merkatuan lapurtu ere egiten dute. Zabor artean ere ibiltzen dira. Oso zaila da guri kasu egitea. Eta zer diote turistek honi guztiari buruz? Bi Senegal bereiztu behar dira: turistikoa eta benetakoa. Ez daukate inolako zerikusirik. Turismoaz ari garenez, bide batez Paris Dakar aipatu nahiko nuke. Ikaragarria da behin, proba horretako hiru kamioi ostu zituztenean, mendebaldeko komunikabideek bota zituztenak: "A zer nolako jendea...! Zein basatiak!". Ni txundituta nengoen. Nola da posible? Basamortu horretan jendea gosez hiltzen ari da! Harritu egiten direla beren kamioitzarrak erakustera joaterakoan bat lapurtu dietelako? Ez dut ulertzen. Ezin dut jasan. Turismoa Senegalen ghetto bat da, ez da batere solidarioa, baina diru iturri bat denez, mantendu egin nahi dute. Eta guk zer pentsatuko, eta hoteletik atera ere egin gabe Senegal ezagutzen dugula, maletak beltz batek eraman dizkigulako. Hau guztia ikusi ondoren, zer sentitzen duzu? Bada zerbait serioski egiteko garaia. Ezin dugu denbora guztia Nazioarteko Moneta Fondoan, Mundu Bankan edo G 8an pentsatzen egon... Justizia sozialaren arazo bat daukagu aurrean, eta konpondu egin behar dugu. Pribilegiatuak gara hemen bizitzeagatik, zortea izan dugu. Gu kinka larrian egon garenean, laguntza eskatu dugu, exijitu egin dugu. Eta kooperatzeko orduan Hegoameriketara jotzen dugu, ez Afrikara. Hainbeste gogaitzen gaituen immigrazioaz mintzatzerakoan bakarrik oroitzen gara Afrikaz. Honen harian,ezin dut arrazismoa jasan. Ni euskaldunetan euskaldunena naiz, baina gauza batek ez du bestea kentzen. Haurrak gosez hiltzen ari dira, HILTZEN, hatxez eta letra larriz. Errakel Armentia Errakel, 41 urte bete berri ditu, eta funtzionarioa da. Bi alaba dauzka, eta hirugarren bat adoptatuta. Elkartasunaren eta haurren munduari lotuta dago. Arabako abegi etxe batean hasi zen lana egiten, baina Tierra de hombres en dei bat jaso zuen egunean aldatu egin zen bere bizitza. Telefonoaz bestalde zegoenak Euskadin gobernuz kanpoko erakunde honekin lanean hasteko eskatu zion, eta ordutik mundu zuzenago baten alde ari da lanean beste hainbat euskaldunekin batera. Argazkiak: Ismael Diaz de Mendibil eta Errakel Armentia Euskonews & Media 183.zbk (2002 / 10 / 11 18) Euskomedia: Euskal Kultur Informazio Zerbitzua Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Roberto Otaegui: "Nik uste dut genetika kontua dela. Euskadin oso fuerte sentitu nuen mendiaren indarra"

 

Irakurri

Toti Martinez de Lezea: "Historia gu guztiona da, denok handik gatozelako"

 

Irakurri

Elías Querejeta: "Jendearengana ahalik eta begiradarik zabalenarekin hurbiltzeak norberaren burua ezagutzen laguntzen du"

 

Irakurri

José Luis Tuduri: "Gogoratzen dut Orson Welles-ek Fernando Rey-rekin batera Victoria Eugeniako eskalinatak nola igo zituen, jendea nola agurtu zuten... Oso hunkigarria izan zen. Daukadan oroitzapenik ederrenetarikoa da"

 

Irakurri

Pilar Barandiaran: "Sara Etxean osabaren izpirituak bizirik dirau"

 

Irakurri