Francisco Javier Zubiaur: "Nafarroako Museoa izebergaren muturra da"

2000-02-18

GURUZIAGA, Marta

Elkarrizketa: Francisco Javier Zubiaur Francisco Javier Zubiaur, Nafarroako Museoko zuzendaria eta Ondasun Higigarri eta Arkeologia Saileko burua Nafarroako Gobernuan "Nafarroako Museoa izebergaren muturra da" * Marta Guruziaga Reparaz Francisco Javier Zubiaurren esanetan, Nafarroan isilik eta zalapartarik sortu gabe aritzen dira lanean sare bakar bat osatzen duten museoen inguruan. Berak zuzentzen duena, adierazi digunez, hedatzen hasia den "izebergaren muturra" baino ez da. Itxaropentsu ageri da Zubiaur etorkizunari dagokionez: arte garaikideari lekutxo bat egingo zaio Iruñan, jada egon badauden azpiegiturak aprobetxatuz; Jorge Oteiza Museoaren geroa hor dago, zentru "zaila" iruditzen zaion arren; eta Julio Caro Baroja Museoa zabaltzeko asmoa dago, gizartearen eskariari behingoz erantzuna emango dion "beharrezko" gunea. Nafarroako Museoak bilduma arkeologikoa eta Arte Ederretakoa, biak biltzen ditu; mistoa da beraz. Heterogeneitate honek ez al du bere kanpo proiekzioarekin talka egiten? Nafarroako Museoa, Nafarroako ondare historikoaren gordailua da, eta, horrela izanik, egin diren ikerketei makurtuta egon da; Príncipe de Viana Erakundea sortu zenez geroztik bereziki. Eta fondo ona dauka: 1940ean hasi zen lanean, eta sistematikoki joan da garatzen indusketa arkeologikoak eginez, elizak zaharberrituz, hormetako pinturak berreskuratuz... Material horiek guztiak hemen daude ikusgai. Gure asmoa, hala ere, gure ondarearen ikuspegi orokor bat ematea da, arte eder eta dekoratiboak ere tarteko. Onartzen dut agian ez dela nahikoa izango, ikuspegia mugatua delako, baina eskura dauzkagun metro erabilgarriak ere hala dira, 7.000 zehazki. Eta artearen historiaren arlo zehatz batzuei buruz hitz egiten hasiz gero, egoera zailagoa da; arte garaikidean esaterako. Ikaragarri hazi da egileen kopurua, eta ez daukagu erakusketa egonkorrik ipintzeko lekurik. Hori dela eta, leku falta hau nolabait orekatzearren, aldi baterakoak antolatu ohi ditugu; urtero antologika edo atzerabegirakobat edo bi izaten ditugu. Hilabete honetatik aurrera, adibidez, hemen dauzkagun XX. mendeko sortzaileen obrak erabiliz, muntaia selektibo batzuk antolatuko ditugu Galeria Urdina deiturikoan, aldi baterako erakusketa zabalen osagarri modura. Zer iruditzen zaizu oraindik zenbait nafar gazte hona etorri ez izana, eta, aldiz, bai Bilboko Guggenheimenera? Konturatu gara horretaz. Bada oraindik Nafarroako Museora etorri ez denik; unibertsitariak bereziki, eta berengana jo nahi dugu. Lehenik eta behin irakasleen bitartez, baina era beran leku hau entretenigarria, atsegina, aldakorra izan dadila nahi dugu, gauza erakargarriak jasoko dituena. Horretan gabiltza. Obra berri batzuk egingo ditugu instalazio egonkorra hobetzeko. Aretoetan informazio gehigarri grafikoa ipini nahi dugu, jendeak hobeto uler ditzan piezak. Egia da oraindik ez dugula erabiltzaile hipotetikoen eremu hori kontrolatzen, eta gugandik nahiko urrun daudenak geureganatzen saiatu behar dugu. Nolatan doazen lehenago Guggenheima Nafarroako Museora baino? Inori ez zaizkio konparazioak gustatzen. Guggenheimen dimentsioa gurearena baino askoz ere handiagoa da, zentzu guztietan; beste produktu bat da. Eta publizitateari dagokionez oso inbertsio handia egin du. Eraikina bera ere erakargarria da. Bere irekierak ondorio positiboak izan ditu, oro har on egin die museo guztiei, eta agian baita gertuen dauzkanei ere. Dena den, ezin dut ziurtatu Nafarroakora bisitari gehiago etorri denik. Azken urtean izandako gorakada aurrekoan baino 5.000 gehiago hurbildu zitzaizkigun erakusketen planari eta komunikazio lanari zor diogu. Guggenheimen kasuan gertatu dena da modan jarri dela, eta gazteek modak jarraitzen dituzte. Nolanahi ere, batzuek argudiatzen dute Erkidegoko museo nagusia izan beharko lukeena ez dela behar bezain erakargarria, eta ez daukala erakundearen aldetik babes sozial handiagoa jasotzeko moduko proiektu kulturalik. Nik beti esaten dut hau "izebergaren muturra" besterik ez dela, eta ur azpian dagoen zatia askozere handiagoa dela. Askotariko lana egiten duen Sail baten euskarria da gurea; hain zuzen ere Museo, Ondasun Higigarri eta Arkeologia Sailarena, Kulturako Zuzendaritza Nagusiarena. Museoen sarea koordinatzeaz arduratzen gara, ondasun higigarri artistiko, arkeologiko eta etnografikoen inbentarioak egiteaz, obra publikoen segimenduaz, aztarnategi batzuetan gerorrek egiten ditugu indusketak, lizentziak ere ematen ditugu... Laister Korellako Museo de la Encarnación eko fondoak zaharberrituko dira, eta kontserbatzeko tratamendu bat emango zaie; eta gerorri arduratuko gara kontratazioaz eta ikuskaritzaz. Uneotan Tudelako Katedraleko Erretaula Nagusia zaharberritzen ari gara, Foru Gobernuak egindako kontratatu duena Instituto del Patrimonio Histórico Español ekin batera, eta Guardian Navarraren laguntzarekin. Proiektu hori prestatzeko azterketak egiten urte bete baino gehiago eman dugu, aldi oro ikuskaritza egin behar baita. Marcilla ko Gaztelu Jauregiko hormetako pintura guztiak ere berreskuratu ahal izan ditugu... Pil pilean dago museoan kontua, baina, pertsonalari dagokionez, duela zenbait urte geneukan zuzkidura berbera daukagu, eta alde horretatik nahiko larri ibiltzen gara. Dena den itxaropentsu ere bagaude, gure lana balioetsi egiten dela iruditzen zaigulako, eta, gainera, gizartearen gero eta handiagoa den eskari kulturalari erantzuna ematen ari zaiolako. Nafarroako Museoa, beraz, aurpegia baino ez da. Dinamizatzearren egiten ari garen ahalegina hartu behar da kontuan, nahiz eta Administrazioa, dinamizatu arren, beti den zurruna. Guk ez daukagu funtzionatzeko adina autonomiarik; ez daukagu, adibidez, Planetario batek daukan malgutasunik. Hala eta guztiz ere, gure ondarea hobeto ezagutu dadin ari gara lanean, gizartea hobeto hezitzeko. Interneten daukagun orriak 5.000 bisita baino gehiago jaso ditu, eta sareko web ak 120.000 inguru. Ahalegin handia egiten ari gara publizitatearen arloan. Oraindik ez ditugu jaso sarea osatzen duten zentruetako memoriak, baina gureanbehintzat 400.000 bisitari izan ditugula esan diezazuket. Nafarroa bezalako erkidego txiki baterako, nahiko zenbateko ona da. Normalean aldiro 13.000 ikasle inguru etortzen zaizkigu hona. Gidari bolondresen plan bat daukagu, eta ongi dabil. Hirugarren Adinekoei dagokienez nola hobetu aztertzen ari gara. Oso pozik gaude minusbaliatuekin egin dugun lanarekin, berentzako erakusketak eta tailerrak antolatu ditugu eta. Hala ere, egia da sendotu egin behar dugula unibertsitariekin daukagun harremana. Hedatzeko xedeaz gain, zein beste proiektu dauzka Nafarroako Gobernuak etorkizunari begira? Zertan dira bere instalazio eta jarduerak? Hedatzeko asmoa daukagu bai Zuzendaritzak eta bai teknikoek, beti aipatzen ditut teknikoak, laguntza osoa eskaintzeaz gain, lana egiten dutenak direlako. Gure jardueren kalitatea hobetu nahi dugu. Erakusketen maila mantendu eta hobetu egingo dugu, eta horretan gabiltza. Duela gutxi, Bilboko Arte Ederren Museoko fondoen erakusketa bat antolatu dugu, izen garrantzitsuak biltzen zituena; Real Academia Catalana de Bellas Artes de San Jordi ko piezak ekarri ditugu Bartzelonatik, Estatuan zehar oso gutxi ezagutzen direnak. Aurtengorako plana handizalea da, eta 20001eko denboraldian murgilduta gaude dagoeneko, Nafarroako txanponari buruzko erakusketa bat prestatzen. Puntakoa izango dela iruditzen zait, baina ez Iruña mailan bakarrik, baizik eta baita Estatu osoan eta nazioartean ere, oso ongi osatua dagoelako numismatikako bilduma hori. Biltegian dauzkagun materialeez baliatuz, XX. mendeko artista nafar ez hain ezagunei buruzko programa bat abian jartzeko asmoa daukagu. Azpiegiturari dagokionez, saneamendu lanak egin ditugu duela gutxi, lurrazpiko korronteak ekiditearren; kapera ere hobeto isolatu dugu, eta orain argiztapen guztia birrantolatu eta Historiaurreko aretoa birmoldatzeko asmoa daukagu. 1998an Beaumont Fundazioak bere bilduma Iruñako Udalari eman ziola eta, arte garaikideko museo bat sortzeari buruz mintzatzen hasi ziren erakundeak. Zerdio Foru Administrazioak horren inguruan? Zalantzarik gabe, kolektibo eta sektore horiek daukaten ilusio hori Nafarroako Gobernuak ere badauka, baina ikusi egin behar da nola bideratzen diren ekimen horiek eta azkenean zer egingo den. Nire ikuspegi teknikotik, borondateak batu behar direla esango nuke. Museoak oso garestiak dira; inbertsio handiak egin behar dira, baina ez eratzeko bakarrik, baizik eta baita mantentzeko eta ongi funtzionatuko dutela ziurtatzeko. Ez gaude Udalak bere aldetik bat eta Nafarroako Gobernuak beste bat bultzatzeko moduan. Komenigarriena, eraginkorrena eta egokiena, eremu bakar bat sortzea dela iruditzen zait, fondo publikoak administratzeari dagokionez batik bat; horrela, entitate bakoitzak gordailuan emango luke bere bilduma eta ez lioke jabetzari uko egin beharko. Hemengo arduradun izanik, iruindarra, eta Alde Zaharrean zentro bat dinamizatzearen aldekoa Alde Zaharra bizirautearren lanean ari den gune bat baita , Nafarroako Museoa handitzearen alde nago. Dagoen lekuan kokatuta, erakusketak egiteko baldintzak hobetu eta bere azalera handituko nuke, horrek abantailak ekarriko bailizkioke, bai ekonomikoak, bai gizatiarrak, eta bai teknikoak. Hasteko, pertsona trebeak dauzkagu, behar bezala hautatu direnak, eta, plantila handituz gero, erantzukizunak jasoko lituzketenak. Bestetik, instalazio egokiak dauzkagu: liburutegia, arte garaikideari buruzko dokumentazio zentrua, laborategia, pertsonal tekniko gaitua. Horrela, hobetu egingo genuke eraikinaren egoera, eta aldi baterako erakusketetarako leku gehiago izango genuke. Egin beharreko inbertsioa, solairu berri bat eraikitzeko baino txikiagoa izango litzateke. Gainera, Iruñako hirigunean ez dago orube gehiegirik, eta gisa horretako azpiegitura batek hirigunean egon beharra dauka. Orain bertan 35.000 bisita jasotzen ari gara, eta ez da hori kopururik handiena izango. Alde Zaharrera doan jendea da hori, bizitza ematen diona. Horixe da eskuartean daukagun aukeretako bat. Nafarroako Gobernuari bideragarriairuditzen zaio, eta, beharbada, baita komenigarri ere. Aurtengo aurrekontuetan, proiektu arkitektoniko bat prestatzeko diru kopuru bat dago. Nafarroak gaur egun dauzkan berezitasunen artean, bere biztanle eta lurraldetasuna kontuan izanik museo ugari dauzkala aipa daiteke. Ez al zaizu iruditzen halako eskaintza eutsi eta sustatzeko baliabide gehiago esleitu beharko litzaizkiokeenik? Bai, noski. Eta hasiak gara horretan. Baina orain arte eskura eduki ditugun fondo ekonomikoak ez dira sarea modernizatu eta bultzatzeko aski izan. Hala ere, iaztik egiten ari den ahalegina goraipagarria da: Museo de la Encarnación en birmoldaketa, aurtengoan 80 miliotik gorako inbertsioa izango duena; Jorge Oteiza Fundaziora 1.500 milioi pezeta baino gehiago bideratuko dira; Nafarroako Museo Etnologikoa izango denean ere gogor ari dira lanean... Zentroen egoera ona da oro har, baina horrek ez du esan nahi hobetzeko ahaleginik egin behar ez denik; hain zuzen ere horregatik egiten dira inbertsio txikiak, baina, jarraitasuna daukatenez, nabari egiten dira sarearen joanean. Hiruzpalau urtetan egoera aldatu egingo delakoan gaude, aurrekontua haziz joan da eta, 2000. urte honetan bereziki. Argi dago hemen ez dela milioi askoko inbertsiorik egin, baina ez dago halako asmorik ere. Aitzitik, neurriak hartu dira museoak lurralde osoan zehar ahalik eta ongien banatzeko, gaika sailkatzeko, eta kostu globalak probintziabakarreko erkidego baterako modukoak izateko, hau da, aurrekontu mugatua eta 520.000 biztanle dituen lurralde baterako. Errealista izan beharra dago. Isilik jarduten dugu. Nafarroak administrazio ona edukitzearen tradizioa dauka; poliki poliki egiten ditu gauzak, zalapartarik sortu gabe, egunerokotasunez, baina eraginkortasunez. Nik garapen bateratu eta harmonikoan daukat konfidantza, sarearen piskanakako hazkundean. Obra handiek arrisku bat daukate: bitarteko ekonomikoak helburu bakar batera zuzentzen dira, eta gainerakoak bigarren maila batean gelditzen dira, edo baztertuta akaso. Zer nolako etorkizuna ikusten diozu Jorge Oteiza Museoari? Bertako proiektu intelektuala ezezaguna da askorentzat... Garatzeke dago proiektu hori. Zehaztu egin behar da zein pieza egongo diren beti ikusgai, eta kontu handiz hartu behar da erabaki hori. Ulertzen dut Oteizak bere bizitza guztian zehar izandako sormenaren ikuspegi panoramiko bat eman beharra, bere lan desberdinei leku egin nahi izatea; izan ere, ezinegon handiko gizona izan da eta aurpegi asko dauzka. Orain ari dira egiten hedapen eta heziketa plana. Lana ongi egin behar da, ez modu isolatuan, baizik eta gainerako zentru unibertsitario, sozial eta museistikoekin harremanetan. Elkarri nola lagun diezaiokegun ikusi behar dugu, Nafarroako Museoa eta Jorge Oteizarena bisitatzeko nola koordina gaitezkeen. Hala ere, hasiera batean behintzat oztopo bat da Oteizaren Museoa Iruñako hiri inguruan egotea. Ikusiko dugu zer egin. Lehenik eta behin, ongi funtzionatzeko baliabideak lortu behar ditugu. Egoera apur bat kritikoa dela esango nuke ez hitzaren gutxiespen zentzuan , proiekzioa diseinatu egin behar baita, eta hori egingo duten pertsona egokiak aukeratu. Printzipioz, eta edukiaren aldetik, oso museo zaila iruditzen zait. Oteizaren eskultura oso intelektuala da, arte abangoardista da azken batean, eta arte mota hau esplikatu egin behar izaten da. Lan handia izango dugu dibulgatzeko orduan. Eta Oteizak berak dio haurrei, hezkuntza eremura ere zabaldu behar dela... Nazioarteko irudia ere zaindu behar da. Honek guztiak abantaila bat dauka nire ustez: Gustavo de Maeztu ren kasu eredugarrian bezala, monografikoa dela, eta beraz, biltzeko eta malgutzeko errazagoa, eta materialki txikia izanik, dinamizatzeko errazagoa da. Gainera, ez du gureak daukan zama administratiboa izango. Nola doa Julio Caro Baroja Museoaren proiektua? Abian jarri zenetik oso inbertsio handiak egin dira espazioa moldatzeko, materialak eskuratzeko eta inbentarioa egiteko. Sei edo zazpi urte igaro diren honetan, 9.000 pieza daude Museo Etnologikoan,eta beste hainbeste fitxa informatiko. Hemendik urte batzuetara agian eskuraezinak izango ziratekeen bilduma batzuk lortu ahal izan ditugu. Artisautzako ia tailer guztiak bildu ditugu, eta oso bilduma baliotsuak ditugu, hala nola burdinola artistikoen bilduma eder bat, buztingintzako beste bat, laborantzarako tresnak... Elementu hauetan oinarrituz Nafarroako ondare etnografikoari buruzko zenbait ikerketa egin dira, eta museoa zabaldu ez den arren lanean dihardugunez, bilduma osatzen darraigu. Aurtengo aurrekontuarekin, eraikina birmoldatzeko proiektua prestatu behar dugu orain, eta 2001. urtean obrei hasiera eman, 2003an jendeari ireki ahal izateko. Lan handia egin da, antolakuntzaren aldetik batik bat. Eta azkenean erantzun egin zaio jendearen eskariari, Nafarroan ia mendearen hasieraz geroztik egin baitira museo etnografiko bat sortzeko saioak. Beharrezkoa da halako espazio bat, bertan jasotzen baitira nafarren bizimodu, izaera eta pentsamoldeak. Ikusmin handia sortuko duelakoan gaude. Herrietako festen aitzakiarekin antolatutako erakusketa etnografikoen arrakasta ikusi besterik ez dago, edota Mariscal Don Pedro de Navarra Fundazioaren Museoak Artetan antolatutako gaikakoetara zenbat jende hurbiltzen den. Nolakoa da Nafarroako museoen sarearen eta Euskal Autonomia Erkidegokoaren arteko harremana? Duela zenbait urtetik hona aldiro aldiro Pirinioetako Museoen Sarean biltzen gara Euskal Autonomia Erkidegoko teknikariekin. Bestelakoan, harremanak puntualak dira, zentruka. Bilboko Arte Ederren Museoarekin, adibidez, oso harreman ona daukagu, bai maila pertsonalean, bai profesionalean, bai teknikoan, bai funtzionalean. Duela gutxi, San Telmokoarekin batera hilarri diskoideoen inguruko erakusketen sare bat abian jartzen saiatu gara, eta laguntza europar batzuk jaso ahal izateko eskari bateratu bat aurkeztu dugu, ez dugu baina azkenean eskuratu. Pena da, ibilbide bat finkatu nahi genuen eta, baina ez Euskal Herrian eta Nafarroan bakarrik, baizik eta baita Portugalen etabeste leku batzuetan ere. Orokorrean harreman ona daukagu, baina, beste arlo batzuekin alderatuz, ezin da beste mundukoa denik ere esan. Argazkiak: Luis Azanza Euskonews & Media 67.zbk (2000/ 2 / 18 25) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Pello Zabala: "Arantzazu ezagutzera emateko hasi nintzen iragarpena egiten"

 

Irakurri

Ramón Zallo: "Oparotasun komunikatiborantz goaz, baina baita gero eta handiagoa den desberdintasun komunikatiborantz ere"

 

Irakurri

Adolfo Ribeiro Lima: "Atun Atlantiarra Kontserbatzeko Nazioarteko Batzordearen helburu nagusia arrantzu arduratsua mantentzea da"

 

Irakurri

Adrián Celaya: "Beldur naiz Europa zentralistegia izango ote den, eta agian hurrengo ika-mikak hortik etorriko dira"

 

Irakurri

Jean Haritschelhar: "Gure belaunaldiak Euskaltzaindian egin duen lana oroitzekoa izanen da"

 

Irakurri