Joane Somarriba: "Lortu dudanarekin, txirrindularitzan eman ditudan urte guzti hauek benetan merezi izan dute"

2001-09-28

EZKERRA, Estibalitz

Elkarrizketa: Joane Somarriba Joane Somarriba, txirrindulari profesionala "Lortu dudanarekin, txirrindularitzan eman ditudan urte guzti hauek benetan merezi izan dute" * Estibalitz Ezkerra Joane Somarriba (Sopela, 1972), emakumezkoen txirrindularitzako sinbolo bilakatu da. Kirolariz inguratuta hazi zen, bere aitak, osabak eta ahizpak urteak eman baitzituzten txirrindularitzan. Artean neskato bat besterik ez zela, Joanek familiaren ohiturari heltzea erabaki zuen, eta Estatu mailako proba ugaritan hartu zuen parte. 1991n hernia diskal baten ondorioz 18 hilabete errepideetatik kanpo igaro behar izan zituen, eta sendagileek, gainera, txirrindularitza uzteko gomendatu zioten. Joanek, ordea, uko egin zion hainbeste maite zuen kirola agurtzeari. Euskal Herrian gelditzeak hain panorama kaskarra eskaintzen ziola ikusirik, bere karrerako erabakirik gogorrena hartu zuen: Italiara joatea. Eta bete betean asmatu zuen, Alfa Lum taldearekin fitxatu orduko hasi baitzen garaipenak eskuratzen. Bina Giro eta Tour irabazi ditu, gaur gaurkoz oso txirrindulari gutxik lortu dutena. Emakume tinko eta konstante gisa definitzen du bere burua. Litekeena da horietxek izatea bere arrakastaren giltza. Oso txirrindulari gutxik lortu dute zuk azken bi urteotan lortu duzuna. Nola baloratzen duzu hori guztia? Oso ondo. Urte asko daramatzat txirrindularitzan, baina karrera profesionaleko azken urte hauek baino lehen ez dut gauza handirik lortu. Italiara joatean hasi nintzen garaipenak eskuratzen, eta hori oso garrantzitsua da, borrokatzen jarraitzeko indarra ematen didalako. Txirrindulari guztiok amesten dugu itzuli handi batekin, eta hori irabaztea oso garrantzitsua izan da niretzat. Espero al zenuen horrelakorik? Lasterketa edo itzuli bat prestatzen ari zarenean, ondo ibiltzea espero duzu, baina badakizu irabaztea oso zaila dela, jende asko ari garelako garaipena lortzeko prestatzen. Gainera, itzuli handi batek egun asko irauten ditu, eta edozer gerta daiteke. Fisikoki %100ean egon arren, egunbatean edozer gauzagatik porrot egin eta dena gal dezakezu. Azken etapa amaitu arte, ezin duzu itzulia irabazi duzunik esan. Egunero atera behar zara, eta presioa handia izaten da. Edozein lasterketa irabaztea zaila da oso, gero eta lehiakortasun handiagoa dagoelako, eta hori asko nabari da. Gogorra egin zitzaizun Italiara joateko erabakia hartzea. Bai, ni beti hemen ibiltzen nintzen, Estatu mailan. Selekzio espainiarrarekin Giroan eta Tourrean ibilia nintzen, baina inoiz ez nuen etxetik kanpo denbora gehiegi eman. Erabaki hori hartu baino lehen denbora dezente ibili nintzen buruari bueltak ematen. Italiara joateko aukera aipatu zidatenean, hasieran ez nuen oso garbi ikusi, baina ezin nuen Italian talde on batean egotearen aukera galdu. Egia esan, oso ondo ibili nintzen. Zer aportatu dizu Italiako egonaldiak? Gauza asko. Hemen egiten nuena zaletasunagatik egiten nuen gehienbat, inoiz ez nuelako ezer lortzen. Ezin nuen nire lana zenik ere esan. Asko gustatzen zitzaidan egiten nuena, baina zaila egiten zitzaidan aurrera egitea. Baina Italiara joan nintzenean, han taldeak erabat desberdinak direla ikusi nuen. Beste ikuspegi bat daukate, txirrindularitza lanbide bat bezala ikusten dute, errespetu handia diote elkarri, eta, batik bat, asko laguntzen diote batak besteari. Lasterketa batzuetan beste batzuei laguntzen ibili behar duzu, baina beste batzuetan zuri laguntzen dizute. Helburuak banatu egiten dituzte, guztien artean, eta hori garrantzitsua da, ona delako aukerak txirrindulari guztiei ematea. Praktikoki ere asko ikasten da. Honako hau Italiara joan nintzenetik nire laugarren denboraldia da, eta tarte honetan asko aldatu da nire egoera. Emakumezkoen txirrindularitza zure lorpenei esker atera da ilunpetik. Nola ikusten duzu egungo egoera? Zaila da hemen talde bat sortzea. Iaz zurrumurru batzuk zabaldu ziren, Alfa Lumekin talde bat aterako zela esanez, baina azkenean bete gabe gelditzen diren promesak dira. Argi dago zaila dela babesle bat lortzea. Tour bat irabazteanedo garaipen garrantzitsuren bat lortzean, bero beroan, beti esaten dut agian hemen korrika egin ahal izango nukeela. Oso ilusio polita da, baina oso zaila. Diru asko behar da, eta babesleak era bai. Gauzak aldatzen ez diren bitartean, Italian jarraituko dut. Behintzat, aurtengo Tourra Bilbotik abiatzea lortu duzu. Izugarrizko ilusioa egin dit Tourra etxetik irteten ikusteak. Komentatu zidatenetik, ezin izan dut aurtengo Tourra burutik kendu. Egia esan, ezinhobea izan da niretzat: Bilbon prologoa irabazi, arratsaldean liderraren maillot horiarekin irten, eta Parisa horiz iritsi... Ezinhobea izan da. Amets bat. Erreferente bihurtu zara atzetik datozen emakume txirrindularientzat. Zein aholku emango zenieke? Argi dago zaila dela hemen talde sendoak sortzea, baina nahiko nuke baten bat sortuko balitz. Hala ere, ikasketak edo lana ez uztea aholkatuko nuke. Txirrindularitzan zaletasunagatik ibili nahi badute, aurrera. Beti dago federazioarekin edo selekzioarekin kanpoan parte hartzeko aukera, eta ondo ibiliz gero beti izango dute aurrera egiteko bideren bat. Aurtengo Tourrean hemengo txirrindulari asko ibili dira, Bilbotik ateratzearen kontu horrekin jende asko animatu delako, eta hori oso ona da Estatuko emakumezkoen txirrindularitzarako. Ez al zaitu beldurtzen zu erretiratu ostean emakumezkoen txirrindularitzak behera egin eta berriz ere ostrazismora itzultzeak? Ez dut uste behera egingo duenik, zeren egia esan Espainian txirrindularitzak ez du oso maila ona. Neska batzuek oso etorkizun ona dute, baina lana egin behar dute. Garrantzitsuena pixkanaka gorantz joatea da. Ez dugu behera egitearen edo okerrago egotearen zain egon behar, alderantziz. Nik uste dut federazio euskaldun eta espainiarreko jendeak ikusi behar duela neska hauek kanpora atera behar dutela maila hartu eta esperientzia lortzeko. Txirrindularitzan hemen ibiltzen, ezinezkoa da atzerritarren maila lortzea. Hor laguntza behar da. Eta, batez ere, emakumezkoen txirrindularitzaren aldeko apustua egingo dutenbabesleak behar dira. Denboraldi batean oso une latzak igaro zenituen zure lesioak zirela eta. Zerorrek esana da txirrindularitza oso kirol gogorra dela, eta are gehiago beharrezko laguntzak jasotzen ez baldin badira. Merezi izan al dute sakrifizioz betetako urte hauek guztiek? Lortu dudan guztiak erabat konpentsatu ditu txirrindularitzan daramatzadan urteak. Garrantzi handia du lau itzuli lortzeak. Kirolari guztiok garaipenak lortzeko prestatzen gara, horren alde borrokatzen gara. Zorte handia izan dut hau guztia lortu izanagatik. Milaka kirolari izango dira nire egoera berean, guztia ematen eta asko sakrifikatzen, eta hala ere garaipenik lortzen ez dutenak. Baina nire kasuan, sakrifizioak konpentsatu egin nau. Itzalean hainbeste urte igaro ondoren, oso harro nago lau itzuli hauekin. Gero eta gertuago daukagun Mundiala amaitu ostean erabakiko omen duzu txirrindularitzarekin jarraitu edo ez. Nola ikusten duzu etorkizuna? Nahiko buru belarri nabil Mundialarekin, aurtengo denboraldiko nire bigarren helburua delako, eta ondo aritzea gustatuko litzaidake. Ezin dut aukera hau galdu. Erlojuzkontrakoa 13an izango da, eta horretan baino ez daukat burua. Mundiala bukatutakoan, orduan ikusiko dut zer egin. Nire senarrak (Ramón González Arrieta) aurten utziko du txirrindularitza, eta hori oso ondo etorriko zait, lagundu egingo didalako. Ikusiko dugu geroan zer egin. Ba al da lortzeke gelditzen zaizun ezer? Ez, ez dut besterik. Beharbada Mundialaren ilusioa, orain arte sekula ez dudalako ondo amaitu, eta oraingoan ondo ibili nahiko nuke. Hori izango litzateke garrantzitsuena, baina ez daukat irabazi beharraren presiorik ere. Ez dut pentsatzen: "lortzen ez baldin badut, akabo". Alderantziz. Pozik nago egin dudanarekin, eta Mundialean ezer lortzen baldin badut, ba hobeto. Batzuek Miguel Indurainekin konparatzen zaituzte; beraz, historia egin duzula esan liteke. Egia da gauza garrantzitsuak lortu ditudala, baina ezin dut nire burua Miguelekin konparatu. Berak bost Tour dauzka,eta nik oraingoz bi, eta ez dut uste askoz gehiagotan egongo naizenik. Egia esan, ez nuke nire burua berarekin alderatuko. Argazkiak: Iñigo Azkona Euskonews & Media 137.zbk (2001/9 28/10 5) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Xabier Isasi: "Unibertsitateak euskararen normalkuntzarako erantzukizun handiagoak dauzka, bere gain hartu dituenak baino"

 

Irakurri

Juan Bautista Berasategi: "Nik ez ditut nire gogoko istorioak kontatzen, saldu daitezkeenak baizik"

 

Irakurri

Jose Luis Zumeta: "Emozionala da hasiera eta koloreak esaten dit nondik jarraitu behar dudan, zer egin, zer jarri eta zer kendu. Kolorerik gabe niretzat oso zaila da sinistea. Sentitzea, sinistea... dena da berdina niretzat"

 

Irakurri

José Ignacio Tellechea Idígoras: "Historialariaren lana plazer bat da niretzat, egin ditudan aurkikuntzak besteei ezagutarazteak poz handia ematen didalako. Historia aberasteko modu bat da"

 

Irakurri

Robert Laxalt: "Ni ez naiz euskal jakintsua edota euskal idazlea; idatzi egiten duen euskalduna besterik ez naiz"

 

Irakurri