Jokin Mitxelena. Ilustratzailea: Nire marrazkien liburuak, mesedez, supermerkatura!

2012-09-07

MITXELENA ERICE, Leire

Erlojuak marrazten hasi zen txiki-txikitatik Jokin Mitxelena. Alemaniako Neuwied hirian bizi den oiartzuarrak gaztetako zaletasuna ofizio bilakatu zuen aspaldi, eta Euskal Herriko, Espainiako, Alemaniako zein Austriako argitaletxeekin egiten du lan. Bere lanak bereziki, haur-literaturako liburuetan ikus ditzakezu baina baita egunkariko artikuluak ilustratzen, publizitatean edota literatura ikuskizunetan ere.

Nola bihurtu zinen ilustratzaile profesional? Konta iezaguzu zure historia.

Atzeregi ez jotzearren, ikasketak erabakitzeko garaian pentsatzen badut, uste dut honela izan zela gauza: ni animali zalea nintzen erruz eta klase guztietako zomorro eta piztiak eskuartean ibili eta aztertzea oso gogoko nuenez Biologia eta Zoologia ikastea izango zela egokiena pentsatu nuen. Baina ikusi nuen ikasketa horietan animalia gutxi batzuek ikertzen zirela, eta gutxi horiek tripak irekita eta horrela, edo mikrobio tamainakoak gehienetan. Konturatu nintzen animaliak gogoko nituela, baina arrazoi estetikoengatik. Beraz, egokiago izango zela animaliak marraztea, biologoen modura ikertzea baino. Gainera, nik inoiz ez nion inportantziarik eman honi, baina, marraztea ere oso gustukoa nuen. Hala gertatu zen, animalien zorionerako, seguru aski, zoologo izan nahi zuenak, marrazkigile bukatu zuela.

Animalia bat izango bazina?

Gero, Arte Ederretako ikasle garaian marrazketa enkargu batzuk egiten hasi nintzen. Ikasketak bukatutakoan urte batzuez irakaskuntzan aritu eta tarte horretan argitaletxeekin kolaboratzen hasi nintzen. Azkenik, erabat profesio honetara dedikatzea erabaki nuen.

Zein izaten da testu berri batekin lanean hasi aurretik izaten duzun errituala?

Ez daukat erritual berezirik; ez behintzat hori egin eta zuzenean sortzeko moduan jartzen nauenik. Hor aritzen naiz, oinutsik jarri, laneko mahaia hustu eta horrelako gauzak egiten, baina ez du eraginik batere. Egun pare bat txorietan pentsatzen eta txorakeriak marrazten egonean, halako batean marrazten hasten naiz. Ez dago besterik!

Zure ilustrazioek umore puntu bat izaten dute. Zuretzat terapia moduko bat izaten al da?

Bai, bai! Honek eskizofrenia puntu bat izango du seguruenik, baina, batzuetan neroni ematen didate grazia neure marrazkiek! Gainera, nahiz eta maiz kontrakoa esan, uste dut nire marrazkietan ez duzula ikusiko nire umore egoera. Edo ez zuk uste bezala. Beraz, izan daiteke halako “gag” bat dudana marraztean eta nire burua alaitzeko egindako medizina izatea!

Zertarako da Jokin oraindik gazteegia?

Iturria: Irria zabaltzeko ipuinak. JK Igerabide, Elkar 2011.

Idazlearekin zein harreman izaten duzu? Zein punturaino dute eragina zure lanaren azken emaitzan?

Autore eta argitaletxe bakoitzarekin, harremana maiz horiekin izaten baita, tratuak ezberdinak dira. Badira, gutxietan bada ere, ilustrazioak aurretik nola izan behar duten zehatz-mehatz dakitenak, edo berak pentsatutakoa ikusi arte lasai ez dauden autoreak. Eta badira enkargua eman, jaso, eta hitzik ere esaten ez dutenak ere. Pertsonalki ezagutzen ditudan autoreekin berriz, halako dialogo bat izaten dugu. Marrazkiak egin ahala horiek ikusteko interesa erakusten dutenez, haien komentarioak ere gustura hartzen ditut. Autore horiek dira marrazkiek ematen dizkien ideiak hartzeko eta, beharbada, bere testuak aldatzeko ere prest agertzen direnak.

Ilustratzaile izatetik idazle izatera pasa zinen. Ilustratzailea idazle bihurtzen denean, zer egiten du lehenengo marrazkia ala testua?

Hori gehiegi esatea da! Dena den, hor ere ez daukat araurik. Adibidez, “Aurrera, aurrera” liburua egin nuenean, irudiak neuzkan buruan, bai eta haientzat gidoi moduko bat ere, ikusten bainuen irudiek nola agertu behar zuten. Kasu horretan, testuek marrazkiak deskribatzen dituzte eta gutxi gehiago. Xaguxarren liburuetarako berriz, istorioa idatzi nuen lehenik eta hor bai izan nituela lanak taxuzko kontakizun bat egiteko!

Teknologia berriek mundua menderatzen dute eta haietatik alde egitea oso zaila da. Zein abantaila eskaintzen dizkizue zuei ilustratzaileoi teknologiak?

Ordenagailua beste erreminta bat besterik ez den, uste dut gehienok modu horretan erabiltzen dugula; bada, oso ezaguna den ilustratzailea gainera, ez duena ezertarako ukitzen eta bada baita original fisikorik ez duena sortzen. Eta bagaude, noski, dena nahasten dugunok! Nere kasuan, batere metodikoa ez naizenez, okerrak eta ezustekoak erraz zuzentzeko aukera ematen dit. Bedeinkazio bat da, beraz, niretzat!

Irudika ezazu zure burua.

Iturria: Irria zabaltzeko ipuinak. JK Igerabide, Elkar 2011.

Haur-literaturak zer bilatzen du, errealitatea ala fantasia?

Biak, beharko. Nola bereizi gainera, bata bestetik? Kategoria horiek liburu-dendetarako bakarrik balioko dute, seguruenik, liburuak nolabait sailkatu behar dira; alfabetikoki, prezioekin, koloreekin edo errealitatea eta fantasia.

Haurrentzako diren liburuak derrigorrez hezitzaileak izan behar al dute? hori al da bilatzen duten helburua?

Moda hori badago, noski. Beti egon da gainera, publiko bat, literaturan orokorrean eta haur-literaturan, zer esanik ez, adibide “edifikanteak” eskatzen dituena. Gure amonen garaian, santuen bizitzak eta “Vidas ejemplares” bezalakoak irakurtzen ziren. Beti izan da hori, eta umeei ere hori ematen zaie. Agian, nagusiek beraietaz zer espero duten ikusiko dute hor.

Zu ere politikoki zuzena izaten al zara horretan?

Ez, ni ez naiz horren zalea. Konformatzen naiz umeak (eta helduak) irakurtzen eta ikusten duten bitartean emozio momentu bat bizitzen badute!

Zer falta zaio haur ilustrazioari arte ederretako beste adar batzuekin parekatzeko?

Ez, ez, utzi pakean; ongi dago eta horrela! Oliviero Toscani argazkilariak esaten du museoan eta galerian dagoela inoren tripak mugitzen ez dituzten gauzak. Eta agian arrazoia du... Ba da, noski, ilustrazio artistikozko liburuak, baina oso publiko txikia dauka horrek. Nire marrazkien liburuak, mesedez, supermerkatura!

Duela zenbait urte Alemanian bizi zara eta bertako, zein Euskal Herriko eta Estatuko argitaletxeekin egiten duzu lan. Ba al dago alderik bata eta besteekin lan egiteko garaian?

Nere lanari dagokionez, bat ere ez! Hemen ere (Alemanian), hor bezala (Euskal Herrian) suertatu zait: edozein sorpresa hartzeko prest dagoena eta, baita, idatzita dagoen Vorlage-tik (patroia) ateratzea erruz kostatzen zaiona ere.

Nola ikusten gaituzu Alemaniatik?

Iturria: Irria zabaltzeko ipuinak. JK Igerabide, Elkar 2011.

Liburu elektronikoek liburu tradizionala arriskuan jartzen ari dira. Zer moduzko osasuna ikusten diozu zentzu honetan liburu ilustratuen munduari?

Joera dena delakoa izan, ikusten dudan arazo bakarra, sortzaile gehienen modura, egile-eskubideak nola babestu da. Gainerakoan, etorri dadila teknologia nahi duen bezala. Umea irakurtzen jakin gabe jaiotzen den bitartean, irudiak nahiko ditu. Eta kontakizunak. Hori eskatzen du eta hori edukiko du, euskarri batean ez bada, bestean!

Noizko helduei zuzendutako liburu ilustratua? Edukiko al luke etorkizunik?

Liburu ilustratua, liburua dagoenetik dago, milaka urtetatik eta pentsatzekoa da beharren bat ikusiko zutela gure zaharrek horretarako. Ez zuten lanean jardun eta ilustratzaileari alferrik pagatzeko gogorik izango! Orain ere badago helduen liburu ilustratua eskatzen duen publiko txiki bat. Argitaletxeentzat, berriz, prestigiozko edota bildumazaleei zuzendutako objektu batzuk izaten dira, normalean, dirua galduz argitaratzen direnak. Concorde hegazkinaren antzera; hura ere, luxu hutsa zen konpainientzat, dirua galtzen zuten aireratzen zen aldiro. Kendu zuten azkenean hegazkin hori eta orain pena ematen digu ez dagoelako. Hain ederra baitzen, hala eta guztiz ere...Jokin Mitxelena Erice (Donostia, 1962) Haur eta gazte literaturako ilustratzaile eta idazle gipuzkoarra. Donostian, 1962ko otsailaren 15ean jaioa. Bertan pasa zuen bere haurtzaroa eta bertakoak ditu lehen oroitzapenak. Zazpi urte zituela Oiartzunera joan zen bizitzera familiarekin eta Oiartzungo Haurtzaro ikastolan egin zuen oinarrizko hezkuntza eta Errenteriako Orereta Ikastolan batxilergoa. Ondoren, Arte Ederretan lizentziatu zen Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Leioako fakultatean. Ilustrazio munduan egin zuen lehen sarraldia unibertsitate garaikoa da; Galdakaoko ikastolak bertako irakasleek klase ordutan erabil zitzaten marrazki batzuk egitea proposatu ziotenean. 1985ean, Orereta Ikastolan irakasle moduan hasi zen lanean, marrazketa eta plastika gaiak irakatsiz. Garai hartan hasi zen Pello Añorga idazle eta ipuin-kontalariarekin elkarlanean. Harrezkero, sarritan osatu dute idazle eta ilustratzaile bikotea, bien artean 30 liburutik gora argitaratu dituztelarik (Adio, adio!, Ahulerio, Ama erraldoia, Haur zeru-lurtarra, Pottoko, Zupankapaloak,...); haurrentzako Marripuinak izeneko saioa ere sortu zuten, oraingoan ipuin-kontalari eta ilustratzaile bikotea osatuz. 1995ean irakaskuntza utzi eta behin-betikoz Alemaniara joaten da bizitzera eta ilustratzaile bokazioari ekiten dio buru-belarri. Gaur egun, Euskal Herriko argitaletxe gehienekin lan egiteaz gain Espainiako, Alemaniako eta Austriako argitaletxeekin ere kolaboratzen du maiz (Adinkra, Aizkorri, Alfaguara, Baula, Bromera, Destino, Edebé, Elkarlanean, Everest, K?sel, Kumon, La Galera, Pamiela, SM, Susaeta, etab.), haur eta gazte literaturako eta testu-liburuen ilustratzaile moduan ez ezik, haur-literaturako autore moduan ere. Egile bezala lau liburu argitaratu ditu: Joan, joan (Baigorri, 2002), Xaguxarrarena (Aizkorri, 2002), Armiarma txikia (Baigorri, 2003) eta Saguzarrak egunez (Aizkorri, 2011). Bere marrazki eta ilustrazioak Financial Times Deutschland-en ohikoak izateaz gain, erakunde publiko eta pribatuetako proiektuei irudiak jartzen dizkie. Sari ugari irabazi ditu eta 130 liburutik gora ilustratu ditu. Iturria: Auñamendi Eusko Entziklopedia
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Esther Rebato. Biologia Zientzietan doktorea: Egungo gizakia, mestizaia biologiko eta kulturalaren ondorioa da

 

Irakurri

Koldo Lizarralde Elberdin. Etnografoa: Ondarearen elementuak gorde behar dira, edo gutxienez ikertu, nondik gatozen eta norantz goazen jakiteko

 

Irakurri

José Antonio de Apraiz y Oar. Medikua, kirolaria eta dibulgatzailea: 1920ko Anberesko jokoetan Espainiako futbol selekzioan denak euskaldunak ziren, bat salbu

 

Irakurri

Koldo Etxebarria. Artista: Gu garen zoriontasuna eta edertasuna piztea da artelanak egiten duen gauza bakarra

 

Irakurri

Jesús Prieto Mendaza. Antropologia Sozial eta Kulturalean doktorea: Jaietako desordenak ondoren Gasteizko bizitza soziala ordenatu besterik ez du egiten

 

Irakurri