Juan Carlos Zuloaga: "Funtsezkoa da landa eremuan jende gaztea sartzea"

2004-06-12

DIAZ DE MENDIBIL, Ismael

Juan Carlos Zuloaga

Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Saileko Landa Garapenerako zuzendaria "Funtsezkoa da landa eremuan jende gaztea sartzea" Ismael Diaz de Mendibil

Traducción al español Landa eremuak gizarteari oso ekarpen handi eta garrantzitsua egiten dion arren -besteak beste, kalitatezko lehengaiak ekoizten, baliabide naturalak kudeatzen, eta ondare historiko zein kulturala zaintzen dituelako-, asko aurreratu beharra dago bere garapenari dagokionez. Euskal Autonomia Erkidegoan, Estatu mailan aitzindaritzat jo dezakegun Lege bat dago indarrean, 1998koa, eta bere xedea aipaturiko ekarpen horiei guztiei beren benetako balioa aintzatestea da. Azken urteotan aurrerapauso garrantzitsuak eman dira landa eremuari begira, eta aurrera eginez jarraitu beharra dago, landa eremuko agente guztien partaidetzarekin. Zer da zehazki landa garapena? Landa eremuko bizimodua mantentzera zuzentzen den diziplina. Hasiera batean, landa eremua oinarri-oinarrizkoa da nekazaritza eta abeltzaintzatik bizi den jendearentzat, eta elkarren artean osotasun bat osatzen dute. Baina argi dago uneotan krisi handi batean murgilduta daudela nekazaritza eta abeltzaintza. Zein araudi daukagu Euskal Autonomia Erkidegoan landa garapenari dagokionez? Euskal Autonomia Erkidegoan, Eusko Legebiltzarrak 1998an onarturiko Lege bat dago indarrean, alderdi politiko guztien aldeko botoa jaso zuena. Lege hau aitzindaria eta bakarra da Estatu mailan. Oso ondo zehazten du landa garapena zer den, bere helburuak zeintzuk diren, eta zein tresna erabili behar diren. Eta zeintzuk dira, bada, tresna horiek? Legearen helburu nagusia, landa eremua bizirik mantentzea da, eta, horretarako, lehenik eta behin nekazaritzaren aldeaniztasuna azpimarratzen du. Hau da, landa eremuak, kalitatezko produktuak ekoizteaz gain, beste ekarpen asko egiten ditu: ingurumena babesten du, bizimodu, kultura eta ohiturak gordetzen ditu, etab. Landa eremua Euskal Autonomia Erkidegoko barne produktu gordinaren ehuneko hainbeste baino askoz ere gehiago da. Legeak aukera ekonomiko ezberdinak eskaintzen dituen landa eremuaren aldeko apustua egiten du, ez Ameriketako Estatu Batuetan daukaten ereduaren aldekoa, han landa eremua lur eremu zabalak lantzera mugatzen delako, produktuak ekoiztera bakarrik. Guk egiten dugun apustua ez da kantitatearen aldekoa, baizik eta kalitatearen aldekoa, gure nekazaritza lehiakorra izateko, ingurumena ondo zainduta egoteko, eta paisaia, kultura, ohiturak, hizkuntza eta abar behar bezala kudeatuta egoteko. Gizarteari erakutsi behar diogu landa eremuak sekulako balioa daukala. Beste alde batetik, landa eremuan, nekazari eta abeltzainek dauzkaten behar arruntei erantzun bat emateaz gain, bestelako zerbitzuak ere eskaini behar dira: hezkuntza, osasuna, kultura, ongizatea, azpiegiturak, eta abar, zeren eta landa garapena ez dago Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailaren esku bakarrik. Eta, helburu horiek guztiak lortzeko, Legeak aurreikusten du eskualdez eskualde presta daitezela landa garapenerako programak. Bilbo eta Vitoria/Gasteiz kanpoan utzita, hemezortzi eskualde daude guztira. Arabakoak izango lirateke Aiarako Eskualdea, Gorbeia inguruko mendiak, Arabako Haranak, Mendialdea, Lautada eta Arabar Errioxa. Bizkaikoak, Enkarterria, Lea-Artibai, Arratia-Nerbioi, Urkiola, Uribe Kosta eta Gernikaldea. Eta Gipuzkoakoak Debagoiena, Debabarrena, Urola Kosta, Tolosaldea, Goierri y Behemendi. Ikus dezakezunez, eskualde batzuk landatarragoak dira beste batzuk baino, eta, beraz, legea aplikatzeko orduan, kontuan hartu behar da zeintzuk diren eremu bakoitzeko lehentasunak. 5B programa zegoenean indarrean, Europar Batasunak adierazten zuen zein eskualde ari ziren gainbehera egiten eta, beraz, nora zuzendu behar zen arreta. Eta gu hain zuzen ere eskualde horietan hasi ginen lanean, beren landa garapenerako programak prestatzen. Gainbeheran zeudenak, Arabako sei eskualdeak, Bizkaiko bi (Arratia-Nerbioi eta Enkarterria), eta Gipuzkoako beste bi ziren (Urola Kosta eta Tolosaldea). Eta duela bi urte, gainerako zortzi eskualdeetarako landa garapenerako programak lantzen hasi ginen. Gainera, eskualde bakoitzak landa garapenerako bere elkartea izaten du, eta elkarte hori izaten da bere eremurako erabakiak hartzen dituena eta landa garapenerako programa prestatzen duena. Teoria azaldu diguzu; goazen orain praktikara. Nola eman da hitzetatik ekintzetara igarotzeko pausoa? Landa garapenerako programak plangintza estrategikoetan oinarritzen dira. Plangintza hauen bidez, eskualde bakoitzak erabaki behar du zer den bere eremuan behar duena, nolakoa izatea gustatuko litzaiokeen, zein bidetatik jo nahi duen, eta zein arlo bultzatu nahi dituen. Izan ere, erabaki estrategiko hauek hartu ondoren prestatzen dira egitasmo edo proiektuak. Eta hiru ardatz izaten dituzte: lehenengoa, landa eremuko sare ekonomikoa indartzea; bigarrena, herritarren bizi kalitatea hobetzea, eta hirietan eskaintzen diren maila bereko zerbitzu eta azpiegiturak izatea; eta hirugarrena ere oso garrantzitsua da: etxebizitzen politika egokia garatzea, zeren eta etxebizitzarik egongo ez balitz, gazteak ez lirateke geldituko. Halere, kontuan izan "politika egokia" esan dudala, zeren badira herritarren gustukoak ez diren hainbat hirigintza egitasmo. Denok ezagutzen ditugu lekuz kanpoko hazkundeak aurreikusi dituzten herrien kasuak. Eta, ahaztu baino lehen, bada oso kontuan hartu beharreko beste datu bat ere: lehen aipatu dizkizudan eskualdeetako bakar batean ere ez da lehen sektoreko biztanleen kopurua %50etik gorakoa. Nekazari eta abeltzainen kopuru handienak Arabako eskualde batzuetan eta Karrantzan aurki ditzakegu, baina, Gipuzkoaren kasuan, %30 baino gutxiago dira, eta Bizkaian are gutxiago. Adibideren bat jartzea eskatuko nizuke, oso lagungarriak izaten baitira gauzak hobeto ulertzeko. Landa garapenerako programetan, etxebizitzak sustatzea dago aurreikusita, bai eskualde horietako gazteen beharrei erantzuteko, bai biztanle berriak erakartzeko. Baina kontuz: ez litzateke izango bigarren etxebizitza bat erosi nahi duten pertsonen kasua. Adibideak nahi dituzu? Beno, ba horrelako sustapenak, besteak beste, Oion, Maeztu, Bernedo, Zaldibia, Aia eta Asteasun egin dira. Beste alde batetik, herri batzuetara propano gasa eraman dugu, kanalizatuta; hala nola Zanbranara (Araba) eta Elgetara (Gipuzkoa). Gainera, Hezkuntza Sailak haurtzaindegi batzuk zabaltzea erabaki du. Adibide gehiago nahi? Ekipamendu sozio-kulturalak zabaldu dira -Zigoitian adibidez-, eta baita aisialdirako eremuak ere, batzar administratiboak biltzeko guneak. Denda jakin batzuk zabalik mantentzeko laguntzak eman dira, edota tabernarik ez zeukaten herrietan taberna bat zabaltzeko -Zestoan bertan, urrutirago joan gabe-. Eta oso esperientzia interesgarriak aurki ditzakegu; adibidez, gozogintza ekologikoko lantegi batena. Prozesu guztia sustatzaileek bultzatu dute: nekazaritza ekologikoan trebatu dira, lantegia Aiako baserri batean zabaldu dute, produktua merkatuan saltzeaz arduratzen dira... Industria txikiak, landetxeak... denetarik dago. Iaz, guztira 150 proiektuk jaso zuten diru-laguntzaren bat. Ehuneko zenbatekoak izaten dira fondo europarrak diru-laguntza horien artean? Ekimen pribatuen kasuan, fondo europarrak inbertsioaren %30a estaltzera iris daitezke, baina landa garapenerako egitasmoetan, orokorrean, gastuaren %40-50a. Nolanahi ere, egitasmo batzuek beste kontzeptu batzuengatik jasotzen dituzte diru-laguntza europarrak: trebakuntza, aholkularitza, lehen sektorea... Zer da Landaberri? Landaberri, koordinaziorako organo bat da, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza sailak, hiru Foru Aldundietako Nekazaritza Departamentuek, eta udalerriek -Eudelek ordezkatuta- osatzen dutena. Organo hau Eusko Jaurlaritzaren edozein plan, dekretu edo legek landa eremuan nolako eragina izango duen aztertzeaz arduratzen da; adibidez, Arabako Lurraldeko Plan Partzialak inguruko landa eremuetan zer-nolako ondorioak izango dituen aztertzen du. Legeak berak jasotzen du gisa horretako dokumentuak -eta baita abiadura handiko trena bezalako egitasmoak ere- Landaberrik aztertzeko beharra. Informazioa jaso, aztertu eta txosten bat prestatzen du. Eta txosten horiek, gainera, lotesleak izaten dira. Organo horretan nekazari eta abeltzainen sindikatuek ere hartzen al dute parte? Ez, sektoreko indar sindikalak nekazaritzako mahai kontsultiboan egoten dira ordezkatuta. Plan, dekretu eta legeak, Landaberrik aztertu baino lehen, nekazaritzako mahai kontsultiboak begiratzen ditu. Nolanahi ere, nekazari eta abeltzainen sindikatuek argudiatzen dute erakundeek, lehen sektorea bultzatu beharrean, bazterreratu egiten dutela, eta kendu egiten diotela bere lehengai nagusia, lurra alegia. Uff... Gai hori oso delikatua da. Ezin ditugu gauzak orokortu. Lurra kentzen dietela... ba bai, egia da. Baina leku askotan lurra soberan dago. Arazoa ez da txantxetakoa, zeren eta gure orografian azpiegiturek, kokaleku industrialek eta egoitzek lehen-lehenik hartzen dituzten lurrak, nekazaritzarako egoten diren onenak izaten dira. Herrialde industrializatu batean bizi garenez, hori da daukagun gatazka. Eremu batzuk oso jendeztatuta daude eta lur gutxi izaten dituzte, baina badira nahi adina lur daukaten eremuak ere. Kasu paradigmatiko bat Donostiakoa izango litzateke. Donostian nekazaritza errentagarria da, produktuak Donostiako merkatuan bertan saltzen direlako. Kalitatezko produktuak eskainiz gero, jendeak barra-barra erosten ditu. Donostiako ustiapenak Gipuzkoako bideragarrienak dira, eta, gainera, kontuan izanik Donostialdea dela eremurik jendeztatuena. Eusko Jaurlaritzak alderdi horiek guztiak arautu nahi ditu Nekazaritza eta Basoen Sektoreko Lurraldeko Planean, lehen sektoreari kalteren bat egiten zaion bakoitzean nolabaiteko ordain bat emateko, lurra landu nahi duenari aukeraren bat eskaini ahal izateko. Egia da lurrak presio handien pean daudela, baina, nire iritzian, arazorik handiena beste bat da: nekazaritza eta abeltzaintzaren sektorea ez dela gazteentzat erakargarria. Eta zergatik ez? Lanbidea gogorra dela dakigun arren, derrigorrezkoa da nekazari eta abeltzainen lana goraipatu eta aintzatestea. Nolanahi ere, ez dugu ahaztu behar herri honetan oso bizi maila altua daukagula, eta herri zein hirietan mota guztietako zerbitzuak eskaintzen direla. Nola gaindi daiteke gazteek landa eremuekiko daukaten mesfidantza? Gure helburua izango litzateke landa garapenerako programei esker, herriak bizitzeko erakargarri bihurtzea. Eta herrietan bizi direnek, hirian bizi direnen bizi kalitate berbera izatea. Zure iritzian, zein gomendio luzatu beharko litzaioke nekazari edo abeltzaina izan gura duen gazte bati? Lehenik eta behin, prestakuntza egokia jaso behar duela. Honekin lotuta, duela gutxi Plan Gaztea delakoa onartu da, gazteei informazio zehatza emateko, eta bulego batzuk zabalduko ditugu, ez bakarrik landa inguruetan dauzkaten aukeren berri emateko, baizik eta baita gazteen iritzi eta eskakizunak jasotzeko ere. Ziurrenik, nekazaritza giroko eskualdeetan kokatuko ditugu informazio gune hauek. Funtsezkoa da gazteak landa eremuan sartzea. Beste alde batetik, Mendikoi erakundearekin harremanetan jartzea aholkatuko nioke gazteari, bere egitasmoak nondik nora bidera ditzakeen jakiteko. Ez zintuzket konpromisoan jarri nahi, baina nekazari eta abeltzainek beti kexu izatearen fama daukate. Eta merkatariek ere bai. Eta industrian dihardutenek. Denok kexatzen gara; bizitzaren legea da. Ez dut kexatzen ez denik ezagutzen. Grazia handia egiten didate nekazariek diru laguntza izugarriak jasotzen dituztela esaten dutenek. Eta industriak ez al du ba diru laguntzarik jasotzen? Eta meatzaritzak? Herrialde batean sektore jakin bat estrategikoa denean, laguntza eman behar zaio, eta bultzatu egin behar da. Nekazaritzan edo abeltzaintzan ba al da diru-laguntzarik jaso ezean bideragabea den sektorerik, aurrera egingo ez lukeenik? Horixe da galdera nagusia, eta etorkizunerako erronkaren muina. Sektore batzuk ondo dabiltza (adibidez, ardoarena edo Idiazabal gaztarena), baina beste batzuk (esnearena, haragiarena, zerealena, patatarena, etab.) gorriak ikusten hasi dira. Merkatuan zuzenean sartu eta kalitatezko produktuak eskaintzean dago koska. Zailena banaketa kontrolatzea da, ziklo osoa kontrolatzea alegia. Arrantzaleekin gauza bera gertatzen da: antxoa kiloko hiru euro ordaintzen dizkiete, baina gero, arrandegietan, hamabi eurotan saltzen da kiloa. Nekazari, abeltzain eta arrantzaleek euren lana egiten dute; gero, beste batzuek, produktuak hartu eta saldu eta birsaldu egiten dituzte. Dena den, arazo hau ez da hemen bakarrik ematen; Frantzian, Alemanian edo Italian ere berdin-berdin dabiltza. Nola uler daiteke patataren sektorea, duela hogeita hamar urte puri-purian zegoena, itxuraz konponbiderik ez duen krisi batean murgilduta egotea? Arrazoi asko daude krisi horren atzean, eta era askotakoak. Arabako Mendialdearen kasua oso bitxia da. Arabako eremurik landatarrena da, Arabako Haranekin batera, baina bere hedadura eta orografia kontuan izanik, beste eremuak baino ahulagoa da. Sentitzen dut hau esan behar izatea, baina arazo hau, nire iritzian, neurri batean aspaldikoa da. Patatak dirua ematen zuenean, gainbalioa ez zuten inbertitu ez sektorean, ez eremuan, baizik eta Vitoria/Gasteizen etxeak erosten, "adreiluetan inbertitzen", orain esaten den moduan. Inork ez zuen herriaren etorkizunean pentsatzen, eta orain zama hori gainetik kendu ezinean dabiltza. Denbora gehiegi eman zuten beren geroan pentsatu ere egin gabe. Karrantzan gauza bera gertatu zaie: hondoa jota ibili dira, baina aurrerapauso garrantzitsuak ematen hasi dira. Esaterako, Iparlat enpresa bertan finkatu da, eta 50 enplegu sortu dituzte. Tira, orain Arabako Mendialdeko herritarrei zailagoa egingo zaie aurrera ateratzea, baina, hala ere, baikorra naiz, iruditzen zaidalako han bizi den jendeak konfiantza handia daukala beren lurrean eta etorkizunean, eta hori da gakoa. Herriek biztanle berrien beharra daukate? Hori herri bakoitzak erabaki behar du. Niri ez zait batere gaizki iruditzen egoiliarrak izatea, baina oso gauza ezberdina da jendeak herri hauetan beren bigarren etxebizitza izatea. Eskualde bakoitzak erabaki beharko du biztanleen kopurua igo nahi duen, besterik gabe eskari endogenoari erantzun nahi dion, edota tarteko irtenbide bat bilatu nahi duen. Arlo honetan, garrantzi handia du egoitzen garapenaren kudeaketak ere; hau da, nork, nola eta norentzat egingo dituen etxeak. Nire iritzian, ez da komeni alderdi hori (lurrak erostea, sustapena egitea, saltzea, etab.) esku pribatuetan uzterik, zeren eta udalak, azkenerako, eragiketa horien ikusle hutsak bihurtzen dira. Baikor azaltzeko moduko daturen bat... Azken urteotan, landa eremuetako biztanleen kopurua mantendu egin da, ez du behera egin. Eta, are garrantzitsuagoa dena: gutxi, baina igo egin da. Landatarren bizi kalitatea asko hobetu da. Beraz, planteamendu ezkorretan erortzen ez garen bitartean, aukera historiko baten aurrean gaudela esan dezakegu. Herriak bizirik mantendu behar ditugu. Amaitzeko... Gizarteak landa eremuak daukan garrantziaz jabetu beharra dauka, zeren eta, nekazaritza eta abeltzaintzako produktuez gain, beste onura asko ematen dizkigute: ondare naturala, historikoa, kulturala, etab. Herrialde honetan, %80a landa eremua dela kontuan izanik, behar-beharrezkoa da eremu horiek bizirik eta sasoian mantentzeko politikak sortzea. Jakin-minagatik: zenbat euskaldun bizi dira herrietan? Orain bertan ez dakit. Hain zuzen ere, horri buruz egin berri duten azterlan baten emaitzan jasotzeko zain gaude. Nolanahi ere, Europan, biztanleen %20ak lurraldearen %80 kudeatzen duela esaten da. Juan Carlos Zuloaga

Abeltzainen senide, harakinaren seme eta albaitariaren aita. Horrelaxe ikusten du bere burua Eusko Jaurlaritzako Landa Garapenerako zuzendariak. Juan Carlos Zuloaga Aian jaio zen (Gipuzkoa), eta hitz ederrak baizik ez dauzka bere sorterriarentzat: "zoragarria da, primeran bizitzen da. Duela hogei urte jaitsi egin zen biztanleen kopurua, baina, gaur egun, jende pila bat dago hemen bizitzeko desiratzen. Zoragarria da kasko historikoan paseatzea, mendiz inguratuta, Zarauztik hain gertu, eta Donostiatik ordu ordura. Bi seme dauzkat, eta ziur nago Aiak harrapatu egingo dituela, niri gertatu zaidan bezala". Juan Carlos Zuloaga herri honetako alkate izan zen hamabi urtez, eta iaz Eusko Jaurlaritzako Landa Garapenerako zuzendari izendatu zuten. Menua ELKARRIZKETA Inicio > EM 258 > Elkarrizketa -->

2004/06/11-18
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Juan Urzainki: "Almadian ezin zinen ibaiarekin minutu batez ere fidatu"

 

Irakurri

Juan Lucas: "Azken 50 urteotan nazioarteko legedia ez da gaur egun bezain mehatxatuta egon"

 

Irakurri

Alberto Iglesias: "Ideia bat bera ere bururatzen ez zaidanean, itolarria sentitzen dut. Aldiz, burua ideiez gainezka edukiz gero, arazoez inguratuta egoteak aurrera egitera bultzatzen nau"

 

Irakurri

Jesus Etxebarria eskultorea. Bere emazte Maielen Gastigarden begietan: "Jesus argiaren zizelkari"

 

Irakurri

Josune Bereziartu: "Egunen batean ez naiz oraingo mailan eskalatzen jarraitzeko gauza izango, baina ez diet kirol eskaladak ematen dizkidan une goxoei uko egingo. Bestela, ezin izango nuke bizi"

 

Irakurri