Mikel Navarro Arancegui. Deustuko Unibertsitateko Zientzia-Ekonomikoetan Katedraduna: Zientzia da bultzatu behar duguna: unibertsitateak berritu, abangoardiako taldeak sortu, zentro teknologikoen egitura aberastu

2004-10-01

SALA, Teresa

Mikel Navarrok gustura irekitzen ditu Unibertsitateko bere bulegoko ateak eta are gusturago mintzo da bere azken ikerketaz. Mikel Buesarekin batera argitaratutako “Sistema de Innovación y Competitividad en el País Vasco” Eusko Ikaskuntzak eragindako txostenaz. Lan honek, Euskal Autonomia Erkidegoa, Espainia eta Europan lehiakortasuna eta horri loturiko faktoreak aztertu ondoren, euskal berrikuntza sistemari ekiten dio ikuspegi konparatzaile batetik. Deustuko irakasleak ahots kritikoarekin hitz egiten du Euskadiren egoeraz baina, aldi berean, ezinezkoa egiten zaio baikortasun espiritua alde batera uztea. Berrikuntza eta sormena ezinbestekoak dira, bere aburuz, produktibitatea handitzeko eta nahiz eta Euskadik erronka handia duen, gaindituko duenaren aldeko apustua egiten du adituak.

Zerk bultzatu zintuzten Mikel Buesa eta zu ikerketa egitera?

Mikel Buesa eta biok arlo honetan espezializatu gara. Buesa bereziki, izan ere, esparru honetan ikertzaile hoberenetarikoa da, liburu eta artikulu anitz idatzi dituena. Nik, hasiera batean, birmoldaketaren esparrua jorratu nuen. Ondoren, lehiakortasuna aztertzera pasa nintzen eta lehiakortasunean berrikuntza funtsezkoa da. Duela zazpi urte inguru, berrikuntzako sistemen analisian hasi nintzen pentsatzen eta baita cluster-etan ere. Eusko Ikaskuntzari dagokionean, ordea, 1995 urtean Euskal Autonomi Erkidegoko enpresa berritzailearen inguruko ikerketa bat proposatu genuen. Beka bati esker inkesta bat gauzatzeko aukera izan genuen, 97an liburu bat kaleratu zen eta bertatik Eusko Ikaskuntzak luzatutako tesia. Alta, guk arlo hori lantzen jarraitu genuen. Handik gutxira eta Iberdrolak eskainitako dirulaguntzekin beste proiektu ezberdin batetan murgildu ginen, Euskal Autonomi Erkidegoko eta Nafarroako ikerketa eta garapena lantzen zituena, hain zuzen ere. Lan hau ere liburu gisa atera zen eta horrek aukera eman zigun Eustat-eko, Nafarroako Estatistika Institutuko eta INE-ko estatistikak jorratzeko eta zer egin zitekeen ikusteko. Hala izanik, Eusko Jaurlaritzak interesa erakutsi zuen, izan ere gurea ikerketa egokia iruditu zitzaion zientzia eta berrikuntza planak ikusteko behar zituen ikerketen artean. Azkenean, Eusko Ikaskuntzak Jaurlaritzako Industria Sailaren finantzazioa lortu zuen eta Mikel Buesa eta biok lantalde baten zuzendaritzan jarri ginen.

Zein izan da ikerketa garatzearen prozesua? Zeintzuk erabilitako iturriak? Eta jarraitutako bidea?

Burutu genuen aurreko ikerketan zera ikusi genuen, ustiatu gabeko iturri pila zeudela, oso garrantzitsuak gainera. Batetik, INEk eta Eustatek kaleratzen dituzten Ikerketa eta Garapenerako estatistikak daude, baina oso azaletik aztertu dira. Bestetik, 90eko hamarkadan berrikuntzari buruzko estatistika hasi zen agertzen INEren eskutik, baina estatistika hori erabili gabe zegoen. Normalean estatistika institutuek ateratzen dituzten datuetan jartzen da arreta, baina estatistika institutuek bildu dituzten datuak ez dira kontutan hartzen. Guk hori gertutik ezagutzen genuen eta Euskal Autonomi Erkidegoari dagokionean ustiaketa berri bat eskatu genuen. Modu honetan, berrikuntzari buruz guztiz berriak ziren datuak eskuratu genituen. Guztiz landu gabe zegoen beste iturri bat Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomi Erkidegoan ikerketan diharduten agenteen artean egindako inkesta berezia zen. Zentro Teknologikoak aztertu ahal izateko dokumentu horiek kontsultatzeko aukera izan genuen. Txosten hau bi urtero egitea litzateke egokiena, Euskal Autonomi Erkidego mailan eta teknologia eta zientzia alorrei dagokionez erreferentzia bihurtu ahal izateko. Baina gure ikuspegia ez da honetara bakarrik egokitzen, guztia Europar Batasunarekin, Estatu Batuekin eta Japoniarekin alderatzea gustatuko litzaiguke.

Ikerketaren ondorio nagusietako batek dio Euskadi Espainia eta Europaren gainetik dagoela per capita errentari dagokionean. Zeintzuk dira datu honen zergatiak?

Gure ikerketak lehiakortasuna eta berrikuntza ditu oinarri. Lehiakortasuna azken helburua litzateke, lehiakor izateko berrikuntzak egiten direlako. Per capita errentari dagokionean, Euskal Autonomi Erkidegoa nahiko ongi dabil, Espainia eta Europako bataz bestekoaren gainetik eta Estatu Batuetatik zein beste hainbat herrialdeetatik nahiko urruti. Jendearen errentaren egoera bi arrazoiekin azaldu daiteke: batetik, jende gehiago ari da lanean eta errenta sortzen da. Bestetik, lanean ari den jende horrek produktibitate handiagoa du. Euskal Autonomi Erkidegoaren kasuan, okupazio tasa nahiko apala izan da orain dela gutxira arte, baina 1994tik aurrera ziztu bizian handitu da. Hau izan da ondorioaren arrazoi nabariena. Produktibitatearen aldetik, ordea, ez gabiltza gaizki, Europako bataz bestekoaren gainetik gaude, baina ikusten duguna zera da, 1995 urtetik produktibitatea Europan eta Estatu Batuetan baino gutxiago hazi dela bai Euskal Autonomi Erkidegoan eta baita Nafarroan ere. Gurean produktibitatearen hazkundea 1995 urtea baino lehen eman zen. Geroztik, produktibitatearen hazkundea txikiagoa izan da eta hori oso kezkagarria da, zuk per capita errenta handitu nahi duzunean eta lehiakorra izan nahi duzunean jende gehiago lanean jartzen puntu bateraino helduko zara bakarrik. Lanean jar daitezkeenak lanean jarri dituzunean amaitu da zure hazkundea. Lehiakortasuna handitzeko bide hori ez da jasangarria epe luzera. Buruko errenta eta lehiakortasuna etengabe handitzen jarraitu ahal izateko produktibitatea premiazkoa da.

Inbertsioari dagokionez, zein egoeratan aurkitzen da Euskal Autonomi Erkidegoa?

Euskal Autonomi Erkidegoan, eta ikerketa batzuek diotenez, 1995 urtera arte mantsoago igo zen inbertsioa Espainian baino. Baina 1995 urtetik aurrera inbertsioa asko hazi da eta azken urteotan asko inbertitu da. Alde horretatik ez dago arazo handirik. Egun, inbertsioa garrantzitsua dela jakin badakigu baina hainbat ikerketek hazkundea azaltzeko garrantzitsuagoak diren faktoreak badaudela diote, biztanle edo langileen prestakuntza, adibidez. Hala, azken urteetan ikasketen aldetik aurrerapauso handiak eman dira, Euskal Autonomi Erkidegoko ikasle unibertsitarioen kopurua, adibidez, oso osasuntsu dago Europako bataz bestekoarekin alderatuz gero. Arazoa ez da ikasle unibertsitarioen kopurua, bigarren mailako goi hezkuntzatik pasa ez direnen kopurua, baizik. Hor dago gure arazoa. Baina hazkundearen egoera azaltzen duen faktore garrantzitsuena Ikerketa, Garapena eta Berrikuntza litzateke. Azken datuen arabera, Euskal Autonomi Erkidegoan eta Barne Produktu Gordinaren aldean gastuen %1,6a Ikerketa eta Garapenera bideratzen da. Europar Batasunean %2a, Estatu Batuetan %2,7a eta Japonian %3a. Honi dagokionean bide luzea gelditzen zaigu egiteko. Lehiakortasuna, per capita errenta eta produktibitatea handitu nahi baditugu ikerketa eta garapenari eutsi behar diegu. Hor daukagun atzerapena konpondu behar dugu.

Enpresetara egokitzeaz gain, teknologia sortzea premiazkoa dela diozue zuen ikerketan. Zein da jarraitu beharreko bidea?

Michael Porter ikerlariak emandako garapen eskemaren arabera, hiru estadio edo maila ezberdin bereiz daitezke. Herri batzuk faktoreen kostu apaletan oinarrituta lehiatzen dira, langileei oso gutxi ordaintzen diete edo izugarrizko baliabide naturalak dituzte. Txina maila honetan sartuko genuke. Baina maila honek muga batzuk ditu eta hurrengo estadiora igarotzea premiazkoa da garatu ahal izateko. Hala, hurrengo maila inbertsioan edo eraginkortasunean oinarritutako estadioa litzateke. Besteek egiten dutena ahalik eta hobekien egiten ahalegintzen dira estadio honetako partaideak. Honetaz gain, badago berrikuntzan oinarritutako estadio garatuago bat eta bertan bakoitzak teknologia sortu behar du. Bigarren estadioak Euskal Autonomi Erkidegoari produktibitatea puntu bateraino handitzea ahalbidetuko dio, baina gero gainontzeko herrialdeek EAEk egin duen gauza bera egingo dute eta kostu baxuagoekin, gainera. Beraz, harrapatu egingo gaituzte. Ongizatea handitzen eta hobetzen jarraitzeko berrikuntzaren estadiora pasatzea nahitaezkoa da. Horregatik aipatu dut oso kezkagarria izan dela produktibitatean eman den hazkundearen moteltze hori, horrek erakusten digulako beste estadiora ez gabiltzala pasatzen ari. Bigarren estadioaren topera heldu gara eta orain oso erronka handia gelditzen zaigu: hirugarren estadiora pasatzeko berrikuntza sistema guztia berritu behar dugulako. Sortzen jakitea premiazkoa da. Maiz, bigarren estadioan baliagarriak izan diren erakunde eta kolektiboak ez dira baliagarriak izanen hirugarren estadioan. Arrazoi honegatik da hain garrantzitsua berrikuntza sistema atalez atal aztertzen joatea, nola gauden ikustea eta beste estadiotan aritzeko zein nolako aukera edo oinarri dugun jakitea.

Hezkuntza baliabideen kalitatea azpimarratzeko beste kontu bat litzateke. Zein esparrutan hobetu beharko luke euskal unibertsitateetako hezkuntza mailak?

Unibertsitateak, ikerkuntzarako erakunde publikoak, zentro teknologikoak eta enpresak aztertu ditugu guk ikerketa aurrera atera ahal izateko. Hala, osagaiz osagai joatea izango litzateke komenigarria. Osagai zientifikoen barne unibertsitateak eta ikerketarako erakunde publikoak aurkitzen dira eta hauek gure berrikuntza sistemaren kate mailarik ahulena osatzen dute. Euskal Autonomi Erkidegoko unibertsitateek ikerketa eta garapenera bideratzen duten gastua %27a da Barne Produktu Gordinarekin alderatuz gero. Espainian aldiz, bataz bestekoa %33an aurkitzen da. Europako hainbat herrialde eta Japonia, aldiz, %40an aurkitzen dira. Euskal unibertsitateetan ikerketa eta garapen gutxi egiten da, baina ez da hori arazo bakarra. Benetako arazoa zertan egiten den eta lortzen diren emaitzak dira. Hala, emaitza erakusle guztietan Espainiaren azpitik aurkitzen gara; irakasle bakoitzeko argitalpenetan, lortutako patenteetan edo Europako proiektuetan gure unibertsitateek duten partehartzean.

Ikerketarako Erakunde Publikoei dagokionez, badirudi hauen testigantza Zentro Teknologikoek hartu dutela Euskal Autonomi Erkidegoan.

Egia da. Ia ez ditugu Ikerketarako Erakunde Publikoak. Guztiak Madrilen gelditu ziren eta hauen konpetentzia ez da inoiz Eusko Jaurlaritzara pasa. Erakunde hauen gabezia gure puntu ahulenetarikoa da. Espainiako zentro teknologikoen %25a Euskal Autonomi Erkidegoan dago eta Estatuko zentro teknologiko guztiek egiten duten salmenten %40a ere hemen egiten da. Eta, are gehiago, hemengoek Espainiakoen aldean zer fakturatzen duten miatuz gero, zera ikusiko genuke: hemengoek balio erantsi handiagoko gauzak fakturatzen dituztela, ikerketa gehiago fakturatzen dutela, hain zuzen ere. Gure zentro teknologikoen sarea oso indartsua da, daukan pisua ikaragarria da eta hori izan da gure sistemaren puntu garrantzitsuenetako bat. Honako hau da gure kezka nagusia: bizi dugun garapen estadiorako oso puntu sendoa osatzen dute zentro teknologikoek, baina hau ez da nahikoa berrikuntza estadioan sartzeko. Hala, zentro teknologikoek beraien egiturak aldatu egin beharko dituzte estadio berrian sartu ahal izateko. Doktore kopurua handitu beharko da, unibertsitate ezberdinekin harreman estuagoak sortu beharko dira. Gainera, gure zentro teknologikoak oso sakabanatuak egon dira beti eta elkartu egin beharko dira. Guzti honi dagokionez prozesuak sortzen hasi dira jada. Nik uste dut zentro teknologikoek badakitela zein erronka duten eta horri aurre egiteko aldatzen hasi dira. Eusko Jaurlaritza ere honetan hobetzen ari da. Aurrerapauso handiak sumatzen ari gara honetan, nahiz eta hemen daukagun gure erronkarik handiena.

Zer irizten zaizu euskal enpresetan egiten den ikerketa? Euskal enpresen tamaina txikiak Euskadiko berrikuntza teknologikoa oztopatzen duela uste duzu?

Euskal Herrian Ikerketa eta Garapenari dagokion gastu guztia kontutan hartuz gero, eta bertatik enpresetara bideratuko dena miatuz gero, oso handia dela ikusiko genuke. Hori, normalean, produktibitaterako oso positiboa kontsideratzen da baina gertatzen dena zera da, enpresa hauen barne zentro teknologikoak aurkitzen direla, estatistiketan zentro teknologikoak enpresa kontsideratzen direlako. Hala izanik, enpresen emaitzak ez dira hain gogobetegarriak. Hemengo enpresak oso txikiak dira. Datuek diotenez Ikerketa eta Garapenera bideratzen duten gastu guztitik, %85a 500 langile baino gutxiago dituztenek egiten dute. Euskal Autonomi Erkidegoan ikerketa eta garapena enpresa txiki eta ertainetan oinarrituta dago gehienbat. Eta honek nahitaezko mugak ditu. Beste arazo bat teknologia maila altuko oso enpresa gutxi dauzkagula litzateke. 90eko hamarkadan, adibidez, aeronautika eta elektronika bultzatu ziren baina beste hainbat esparrutan ez dira azkenaldian berrikuntzak eman, botiken industrian edo ordenagailuetan, adibidez. Punta puntako sektoreei dagokionez enpresa gutxi daude Euskal Autonomi Erkidegoan eta, normalean Ikerketa eta Garapena sektore horietan ematen da. Beraz, espezializazio sektoriala eta enpresen tamainak esplikatzen dute, neurri handi batean, Ikerketa eta Garapena txikiagoak izatea. Alde horretatik emaitzak nahiko kezkagarriak dira. Euskal enpresen salmenten %80a aldaketarik izan ez duten produktuei dagokie. Espainian baxuagoa da datu hau eta Europan askoz baxuagoa. Herrialde ezberdinekin alderatuz gero, euskal enpresa handiek askoz gutxiago berritzen dute beraien produktuetan.

Ikerketa egin ondoren eta liburua kaleratu ostean, zein begiekin ikusten duzu Euskadiren etorkizuna esparru honetan? Baikor zaude? Porterrek dio estadio batetik bestera igarotzeko egin beharreko bideak oso zailak direla. Guk egun daukagun erronka handia da baina beste herri batzuek gainditu dutenez, ez da ezinezkoa. Singapur, adibidez, urte gutxi batzuetan hutsetik hirugarren estadiora igarotzeko gai izan da. Nik beti esaten dut guk abantaila bat dugula, aurrean dauden herrialde batzuk dauzkagu eta zer egin duten ikusi dezakegu. Beraz, ez dago mundua asmatu beharrik. Alde batetik, produktibitatearen garapenak kezkatzen nau baina, bestetik, nahiz eta erronka handia izan posible dela ikusten dut eta hortaz ohartzen naiz. Eusko Jaurlaritzaren aldetik, gainera, hausnarketa polita eman da arlo honetan, gure herriak izan duen puntu sendoenetako bat bere teknologia politika izan dela uste dut, beste herrialde batzuek ez dute hain teknologia politika aktiboa. Espainian, esaterako, Euskal Autonomi Erkidegoa izan da teknologia politika aktiboa izan duen Autonomia-erkidego bakarra. Hemen 80ko hamarkadaren hasieratik teknologia politikari izugarrizko garrantzia eman zaio. Hasieran baliabideetan inbertitzeari ekin zion Eusko Jaurlaritzak eta horretan jarraipen bat eman da. Lehiakortasuneko ikerketek diotenez hau ez da 100 metroko lasterketa, maratoia baizik. Hala, irautea premiazkoa da. Beraz, politikak mantentzea ezinbestekoa da. Politikak estadio bakoitzera egokitzen joan behar dira, baina beti jarraipen baten barruan. Eta EAEn nola edo hala bi gauza hauek nahiko ongi konbinatu dira: jarraipena eta egokitzapena. Orain, berriz ere, erronka horren aurrean gaude eta bertan sumatzen duguna zera da, badakigula zer datorkigun eta nondik joan behar garen. Momentu honetan, argi eta garbi, zientzia da bultzatu behar duguna, gure unibertsitateak berritu behar ditugu, abangoardiako taldeak sortu behar ditugu, zentro teknologikoen egitura aberastu behar dugu, transmititu ez ezik sortu egin behar dute eta horretarako unibertsitatearekin harreman sendoagoa izan behar dute eta nazioarteko sareetan ere parte hartu behar dute. Kooperazioa funtsezkoa da. Enpresa hain txikiak baditugu elkarlana premiazkoa da. Hemengo enpresek, euren kabuz, ezin dute Ikerketa eta Garapena egin. Eta badirudi Eusko Jaurlaritzak hau ongi ulertu duela. Gertatzen dena zera da, hau ez dela Eusko Jaurlaritzaren kontua bakarrik, enpresak eta unibertsitateak kontzientziatu behar dira. Nik arazoa ez dut teknologia politika bideratzen ari diren horien eskuetan ikusten, agente sozioekonomikoetan, baizik. Gure erronka ez da alokairu merkeagoak lortzea, produktibitatea handitzea baizik, eta produktibitatea handitzeko berrikuntza behar dugu. Mikel Navarro Arancegui

(Donostia, 1954) Hezkuntza Deustuko Unibertsitatean Zientzia Ekonomikoetan eta Enpresa-Ikasketetan Lizentziatua (1976). Deustuko Unibertsitatean Zientzia Ekonomikoetan eta Enpresa-Ikasketetan doktorea (1988). Deustuko Unibertsitatean egoera profesionala

Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko katedraduna (1994-2004). Deustuko Unibertsitateko Doktorego Batzordeko kide (1996-2003). Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko Dekanorde eta Ikerketako arduradun (1994-1999). Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko Ekonomia Departamenduko Zuzendaria (1990-1998). Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko Doktorego Programako Zuzendaria (1990-1991). Donostiako Campuseko Euskara Arduraduna (2003-2004). Argitalpenak eta lan zientifikoak Hamar liburuen egilea, lau liburuetako laguntzailea, bederatzi liburuetako kolaboratzailea, eta 40 artikulu zientifiko inguruko autorea.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Aurora Beltrán. Tahúres Zurdos: Gogaikagarria iruditzen zait jendeak Tahúres Zurdos orain laudatzea, eta ez lehen. Gure taldeak beti izan ditu jarraitzaile fidelak

 

Irakurri

Martin Ibarbia. Euskadiko Filmategiko presidentea: Arte honen esklaboa naiz. Zinema nire pertsona baino gehiago maite dut

 

Irakurri

Ana Aguirre Zurutuza. Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo sailburua: Euskal Herriak ezin du soldata baxuetan oinarritzen diren egitasmoekin lehiatu, eta, gainera, ez du nahi

 

Irakurri

Pilar Belzunce. Chillida-Leku: Eduardok zakarrontzira botatzen zituen marrazkiak ere erreskatatu nituen

 

Irakurri

Javier Caamaño. Lizarrako Bidearen Lagunen Elkarteko eta Done Jakueri buruzko Ikaskuntzen Etxeko zuzendaria: Santiago Bidean gehiago eragiten da izatea, edukitzea baino

 

Irakurri