Mónica Míguez. medicusmundi gipuzkoa erakundeko komunikazio arduraduna: Eskubide bat unibertsala izatea lortzen baduzu, ezin izango dizute ez zuri ez beste inori kendu

2012-03-23

SILLERO ALFARO, Maider

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Medicus Mundi Alemania, Austria, Holanda, Polonia, Suitza eta beste hainbat tokitako zenbait erakunde kide diren nazioarteko sare bat da. Estatuan, Medicus Mundik 16 elkarte federatu ditu, tartean, medicusmundi bizkaia, medicusmundi araba eta medicusmundi gipuzkoa. Mónica Míguez 1974tik pobreziaren erauztea eta osasunaren unibertsaltasunean lagun dezaketen proiektuak garatzen dituen medicusmundi gipuzkoa erakundeko komunikazio arduraduna da.

Zein da medicusmundi gipuzkoa erakundearen helburua?

Medicusmundi gipuzkoaren bokazioa, alde batetik, osasuna pertsona guztientzako eskubide bat izan dadila da, eta bestetik, pobrezia erauzteko lan egitea. Zentzu horretan, osasuna osotasun bat bezala lantzen dugu, ez soilik gaixotasun eza bezala. Hala, heziketa osasunean, osasun-langileen formazioa, sexu eta ugaltze eskubideak, zein ura eta saneamendua moduko arloak lantzen ditugu; beti ere, proiektuak pertsona bakoitzaren ongizate integralerako izan daitezen pentsatuz.

Badaude antzerako izenak dituzten beste osasun erakunde batzuk, Mugarik Gabeko Medikuak, Munduko Medikuak... Zerk desberdintzen zaituzte besteetatik?

Uste dut bakoitzak bere arloa daukala. Mugarik Gabeko Medikuak erakundeak larrialdietan lan egiten du, eta Munduko Medikuak eta gu, garapen proiektuetan zentratuago gaude, nahiz eta Munduko Medikuak erakundea gure inguruko gizarte-bazterketa pairatzen duten sektoreetan espezializatuta ere badagoen. Guk zuzenean egiten dugu lan presente gauden tokietako erakunde lokalekin. Haiek dauzkaten beharrak proiektu itxuran adierazten dizkigute, eta hemendik martxan ipintzen eta denborarekin komunitateak eurak proiektuak mantentzen dutenak izan daitezen laguntzen diegu.

Laburmetrai lehiaketako kartela.

Medicusmundi gipuzkoak bere proiektu propioak ditu edo Medicus Mundi Elkarteen Federazioaren berdinak dira?

Hamasei elkartez osatutako federazioa gara, eta ideiak amankomunean eduki arren, bakoitza independentea da bere proiektuak aukeratzeko orduan, nahiz eta batera burutzen diren proiektu batzuk egon, esaterako, Araba eta Bizkaiarekin. Gure lanaren zati bat Hegoaldean egiten diren kooperazio proiektuak dira, eta beste zati bat, hemen, Iparraldean egiten dugun garapenaren inguruko sentsibilizazio eta heziketa lana da; azken hauekin, Hegoaldeko herrialdeetako errealitatea gerturatu eta zenbait gairen gainean sentsibilizatu eta kontzientziatu nahi ditugu gure herritarrak. Orain sexu eta ugaltze eskubideen gaiak azpimarratzen dihardugu. Eskubide hauen urraketak gehiago eragiten die emakumeei, munduko toki guztietan gutxietsitako kolektiboetariko bat izaten jarraitzen baitugu; munduko gizarte batean ere ez dago gizon eta emakumeen arteko berdintasunik.

Zentzu horretan, pare bat proiektu zehatzen berri eman duzue.

Herrialde ezberdinetan eta baita hemen ere momentu honetan martxan ditugun gure proiektuetako asko gai horrekin daude lotuta. Esaterako, Peruko Manuela Ramos Mugimenduarekin batera proiektu bat garatzen dihardugu, non emakumea eta GIB (Giza Immunoeskasiaren Birusa) gaitzat hartuz, laburmetrai lehiaketa bat martxan daukagun. GIBaren feminizazioa azaleratu nahi duen Peru eta Euskadi arteko lehiaketa paralelo bat da. Kasu horretan ere emakumea da azken urteetan kaltetuena. 90eko hamarkadan 9 gizoneko emakume bat kutsatzen zen, eta egun aldiz, emakume bat kutsatzen da hiru gizoneko, eta momentu honetan munduan GIBagatik kutsatutakoen %52a emakumezkoak dira. Badaude zenbakiak gorriagoak diren zenbait toki, esaterako Sahara azpiko Afrikan, non %60ra ere iristen den kopurua. Lehiaketan parte hartzen duen jendeak, GIBaren aurrean emakumearen errealitatea zein den atzeman dezan bilatzen dugu.

Bestaldetik, bi urtetik behin medicusmundi araba eta medicusmundi bizkaiarekin batera burutzen dugun Gazteak Hegoaren Bila lehiaketa ipini dugu martxan. Talde lana eta munduan ematen diren sexu eta ugalketa eskubideen urraketaz gazteak inplikatu eta hausnartu dezatela bultzatu nahi dugu. EAEn erroldatuta, lan egin edo ikasten duten 19 eta 30 urte bitarteko gazteek har dezakete parte. Sormenean oinarritzen da, jendeak ongi pasatuz bertako zein beste herrialdeetako errealitateak ezagutu ditzala helburu izanik. Bestalde, Gipuzkoan zehar “Sexu eta ugalketa eskubideak, eskubiderik gizatiarrenak” erakusketa ari gara mugitzen eta Bizkaitik ere eskatu digute; modu erraz batean, eskubide horiek zer diren eta munduko edozein tokitan sufritzen dituzten ohiko urraketak zeintzuk diren gerturatu nahi diogu publikoari orokorrean.

Momentu honetan zein herrialdetan dago medicusmundi gipuzkoa?

Bost herrialdetan, eta urte dezente daramatzagu gainera. Afrikan, Ruanda eta Etiopian gaude; Asian, Indian; Latinoamerikan, Ekuador eta Perun. Indian inflexio puntu bat egon zen 2004ko tsunamiarekin, hain zuzen Indiako hegoaldean proiektu ugari genituen martxan, eta ospitale bat inauguratu berri genuen, eta tsunamiarekin, bertan jarraitzeko beharra sortu zen. Normalean ez dugu larrialdietan lan egiten, oso ongi jarduten duten beste erakunde batzuk baitaude, baina egiturak eta inplikazioa daukagun herrialdeetan bai hartzen dugu parte. Indian, esaterako, kostan bizi ziren eta egun hartan zeukaten guztia galdu zuten pertsona askorentzako aterpea izan zen ospitalea. Tsunamiaren ondoren, aurretik zeuden beharrak ugaritu ziren, eta zonaldeko biztanleekin berreraikitze proiektu bat abiatu genuen, eta ondoren, zenbait garapen proiektu abiatu ziren, batez ere emakumeei zuzendutakoak, ondorio asko eduki baitzituen kolektibo horrek. Arrantzale ugari hil ziren itsasoan, eta alargundu ziren emakumeak ezer gabe geratu ziren. Haientzako bizilekua eraiki zen eta orain beraiei zuzendutako ekoizpen eta hezkuntza proiektuak egiten dira.

“Eskubide bat unibertsala izatea lortzen baduzu, ezin izango dizute ez zuri ez beste inori kendu”.

Zaila al da gai solidarioekin jendearengana eta komunikabideetara iristea?

Jendearengana iristen saiatzen gara, eta poliki-poliki medioetan sartzen ari diren gaiak dira, ez baititugu soilik Hegoaldeko herriei eragiten dieten gaiak lantzen, pertsona guztientzako osasun unibertsalaz ari gara. Hemen ordainketa partekatuan pentsatzen da, esaterako, eta azkenean, pertsona guztiok unibertsalak izan behar diren eskubideengatik borrokatu behar dugu. Zure eskubideen alde borrokatu behar duzu, baina baita besteen eskubideengatik ere, izan ere, eskubide bat unibertsala izatea lortzen baduzu, ezin izango dizute ez zuri ez beste inori kendu. Batzuetan geureagatik bakarrik arduratzen gara, eta nazioarteko agintariei ez baldin bazaizkie herrialde guztiak barne hartzen dituzten itunak exijitzen, gaur toki batean errespetatzen ez dena, bihar beste batean ez errespetatzea gerta liteke.

Gai zehatzetan aurrerapenak eman dira, adibidez erditze momentuko heriotzetan, baina azpimarratu nahi dugu aurrerapauso horiek ez direla atzeraezinak; berriz ere joan daiteke atzerantz, abortuaren gaiarekin gertatuko den bezala. Abortuaren eskubide zabal bat lortzeko borrokatu diren urte guztien ondoren, orain 1985ean geunden egoerara itzuli nahi dute. Emakumearen erabakitze eskubidea exijitzen da, eta horrek sektore tradizionalistenak izutzen ditu. Jende askorentzako arriskutsua da emakume batek bere erlazio sexualen eta nola, noiz, eta familia zeinekin izan, eduki nahi badu, erabakitzeko eskubidea edukitzea.

Nola ikusten dute gai hori Hegoaldeko herrietan?

Esaterako, Peruko Manuela Ramos Mugimendua emakumearen eskubideekin lotutako gaietan eragin politiko handia burutzen dihardu, denbora asko daramatzate eta poliki badoaz gauzak lortzen. Daramaten gaietariko bat abortuaren despenalizatzea da, eta esaten digute laster gu egon gaitezkeela egoera horretan berriro. Errealitate horiek oso urruti daudela pentsatzen dugu eta ez da horrenbesterako; kasu batzuetan urte bete, ez gehiago. Emakumeok gauza asko lortu ditugu garai batetik aurrera, baina oraindik asko dago egiteke, eta ez bakarrik Hegoaldeko herrietan.

Gazteak Hegoaren Bila lehiaketako kartela.

Zein da medicosmundi gipuzkoaren finantzaketa modua?

Diru iturri anitz ditugu. Beti saiatzen da baliabide pribatuetatik tira egiten, baina konplikatua da, eta orain gauden egoera, gehiago. 420 bazkide ditugu, eta badaude kolaboratzen duten enpresak, proiektu jakin batzuk ordaintzeko prest dauden finantza-erakunde edo fundazioak, eta abar. Finantziazio publikoa Eusko Jaurlaritzatik, Gipuzkoako Foru Aldunditik eta udaletxeetatik datorkigu. Orokorrean, ditugun datuen arabera, Euskadiko erakundeak estatukoak baino gutxiago sufritzen ari dira krisia. Araban aldiz, Foru Aldundiaren eta Gasteizko Udaletxearen aldetik murrizketa garrantzitsuak egin dira, eta nahiz eta kooperaziorako aurrekontuak erdi mantentzen ari diren, ezinbestekoak ez direla esateko joera dago. Gure erakundeak estatu mailan, Munduko Medikuak eta Prosalusekin batera, urtero txosten bat editatzen du osasun gaien garapenerako laguntza ofizialei buruz, eta aurten laguntzak mantentzea beharrezkoa dela azpimarratu da. Ezin da moral aldaketarik egon, izan ere, egoera okerrenetan dauden herrialdeak dira krisiaren ondorioak gehien sufritzen dituztenak. Laguntzak mantentzeko eskatzen da, baina batez ere, kalitatezko proiektuetara bideratzea, gehien behar duten herrialdeetan osasun sistemak sendotzen dutenetara.

Komunikazio arduradun moduan, zeintzuk dira aurkitzen dituzun trabak?

Galdera beti berdina da, “ematen dudan dirua iristen da?”. Azken urteetan GKEek profesionalizazio prozesu bat eduki dute, proiektuak geroz eta konplexuagoak izan dira, bai eta finantzazio agentzien eskaerak ere. Horrek espezializatze profesional bat ekarri du, baina medicusmundi gipuzkoaren filosofian boluntariotzak zutabe garrantzitsua izaten jarraitzen du.

Oinarri horretatik abiatuz, dirua iristen da, baina azaldu behar da lan egiten dugun herrialdeetara ez dela %100a iristen, hemen ere proiektuak egiten direlako, eta gainera egitura, material, zein lurralde batzuetara egin beharreko diru-transferentzien gastuak eta bestelakoak daude. Gure kontuak publikoak dira, eta nahi duenak ikusten uzteko eska dezake, eta urtero ekintzen gaineko memoria bat publikatzen dugu, eta auditoria pasatzen da urtero. Erakunde bakoitzaren erantzukizunaz gainera, norberak bere elkartea zertan ari den eta bere diruarekin zer egin behar duen informatu eta ezagutu behar duela iruditzen zait. Edozein kasutan, gehienok lan serioa egiten dugula uste dut, eta sartzen den dirua asko zaintzen dugu.

“Ematen dudan dirua iristen da?” argumentu bat izan daiteke, “hemen daukagunarekin beste herrialde batentzako dirua eman behar dut?” beste bat.

Lehen esan dudan moduan, gure eskubidea norbanako guztiena da, eta unibertsala izatea lortzen badugu, ezingo digu hori inork kendu. Noski, ez diozu langabezian dagoen pertsona bati ezer eskatuko, hemen ere behar batzuk daude eta baita gauzak egiten dituzten elkarteak ere. Jendeak uste badu beste herri batzuetan baino lehenago hemen egin behar dela lan, boluntario moduan aritu edo gure gizartean baztertuta dauden kolektiboetan euren jarduna zentratzen duten erakundeetako kide egin daitezke. Euskadi beti izan da solidaritate ohiturako zonaldea, eta hori ezin da lehengoratu; ezin dugu moral aldaketa bat egin. Egun, dauden errealitateak horren urrutikoak ez direla ikusten dugu, hemen egon edo han, pertsona berdinak gara behar berberekin.

Eta zer esaten didazu horrelako proiektu solidarioetan gazteek duten inplikazioari buruz?

Uste dut interesa badagoela, baina gaztaroa bizitzako garai ezegonkorra da, aldaketena, eta boluntariotza normalean epe motzekoa izaten da. Gainerakoan, edozertan kolaboratzera animatzen den jendea dago, nahiz eta egia den, gure elkartera gerturatzen diren asko kanpora joateko interesatuta daudela. Baina kanpora joatea ez da pentsatzen den bezain erraza. Mónica Míguez Ricón (Donostia, 1971) EHUn Kazetaritzan lizentziatua, komunikazio arloan esperientzia zabala dauka, medioetan lan ezberdinak garatu dituelarik, estilo zuzenketetatik, batez ere kultura arloko edukien erredaktore izatera, eta baita editore lanak egitera ere. Irrati eta prentsako praktiken ondoren, Mexikon igaro zuen denboraldi bat, bi komunikabidetan egin zuen lan eta unibertsitate pribatu batean eskolak eman zituen. Gipuzkoara itzulita, medioetan lan egiten jarraitu du eta duela zortzi urtetatik medicosmundi gipuzkoa erakundeko komunikazio arduraduna da; proiektu eta kanpainen berri ematen du, medioekin harremanetan dago, aldizkariaren, ekintzen memoriaz eta kanpainen dibulgazio materialen edizioaz arduratzen da, bai eta medicosmundi gipuzkoaren web ofizialaren eta sare sozialen mantenuaz ere.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Thierry Truffaut. Antropologoa: Neguko jai ugari iragaite ohiturak dira: urte zaharra ‘hil’ behar da berria etorrarazteko

 

Irakurri

Idoya Otegui. Topic zentroko zuzendaria: Haserretu egiten naiz txotxongiloak tradizionalak ez direla esaten dutenean

 

Irakurri

Emilio Majuelo. Historialaria: Arturo Campioni historialari estatusa ukatu izanak bere obra ezagutzera eraman ninduen

 

Irakurri

Pilar López. Teatro Paraiso konpainiako zuzendaria: Kultura ezinbestekoa da, beragatik apustu egiten duen gizartearentzako garapen eta berrikuntza motor bat da

 

Irakurri

Maite Iturre. Kanpo harremanetan aditua: Ezin dira banatu barne zein nazioarteko politika kontuak

 

Irakurri