Olivier Ribeton: "Euskal Museoa eta Baionako historiaren museoa zabalik: abiaburua edo helburua"

2002-02-15

HONTAAS, Sophie

Elkarrizketa: Olivier Ribeton Olivier Ribeton, Baionako Euskal Museoaren kontserbadorea "Euskal Museoa eta Baionako historiaren museoa zabalik: abiaburua edo helburua" * Sophie Hontaas Baionara iritsi zenean, 1986an, Olivier Ribetonek Baionako historiari buruzko museo bat sortzeko ardura zekarren, Baionako gobernariak izandako Gramonteko Dukeen erretratuen inguru egitekoa. Euskal Museoaren inbentarioak oinarri harturik, Baionako historiari begira interesgarriak ziren objektu guztien zerrenda moldatu zuen. 1988ko azaroan Euskal Museoaren ardura bere gain hartu eta objektu guztien inbentarioa burutu zuen, material eta gaiak oro barne harturik. Egitekoa ez zen nolanahikoa: 2.000 m2 erakusketa, 1.000m2 sabai, trasteleku eta armairu, objektuz mukuru guztiak. Hori jendeari museoa itxi baino 6 hilabete lehenago gertatu zen. Zein zen museoaren aurpegia itxi aurretik? Areto iraunkorrek zenbait giro aurkezten zituzten: adibidez, sukaldean, mahaia jarria zegoen, baxeraz hornitua; batzuetan, baxera hori desagertzen zen eta ordezkatu beharra zegoen, eta are zenbait objektu finkatu, itsatsi ere, hautsi egiten baitziren etengabe. Hala, inbentarioa 1980koarekin alderatu behar izan genuen, gauzak betiere bertan zeuden jakitearren. 1920. urteetan, aurkezpenerako harturiko irizpidearen arabera, dena aurkeztu behar zitzaien museoaren bisitari bakanei, hiriko eliteko jendea gehienbat. Zein zen museoaren sortzaileen ikuspegia? Euskal kostaldeko Donibane Lohizunetik Baionarainoko burgesen ikuspegia zen hura. Donibane Lohizunen azaldu zen museoaren ideia 1897an, euskal tradizioaren inguruko kongresu batean; 1912ko Baionako Udalaren deliberamenduek aditzera ematen dute orduan ia ia zabaldu zela, eta 1922az geroztik Dagourette etxeaz jabetu zen talde sortzailea. Lehen zuzendaria, William Boissel, Bordeleko ofizial erretiratua eta Baionako Zientzia, Letra eta Arteen Elkarteko kidea, arduratu zen hartaz zenbait ongilerekin batera. Astiak edo lanbideak museoari laguntzen utzi eta aldiberean beren gustura egiten zuten jendeak ziren ongile horiek. Modu horretara, Euskal Herriaz ikusmolde guztiz berezia eman zuten horiek, nekazaritza inguruneaz funtsean, denbora luzez eremu hori industrializazioaren eta hirigintzaren erasoetatik babesturik egona zelakoan. Beldur ziren mundu modernoak bizimolde hura ez ote zuen desagerraraziko. Sariztatu egiten zuten baserria eta etxaldea babesten zituen nekazaria: harriak atera, kareztatu, habeak margotu, ateburuak nabarmenarazten zituena. Laborari giroaren nostalgiko horien aurrean, zenbait zientzilari zeuden, hala nola Louis Colas, 1920an "La tombe basque" (Euskal hilobia) argitaratu zuena, Euskal Herriko lehen erregistro epigrafikoa . Beraz, kanpoko ikuspegia zutenak eta Euskal Herria zientifikoki aztertzen zutenak ageri ziren aldi berean? Bai, euskal museoan ostatu bat, sagardotegi bat, kapera bat, hilerri bat, ukuilu bat, arditoki bat; solairuan gela, sukaldea, sukalde atzea aurkitzen ditugu. Benta ere bai. Boisselek egindako sukaldean altzaririk ederrenak jarri zituzten, eta hori 30. urteetako baserriaren errealitatea baino areago, kutsu erregionalistako etxe burges bateko dekorazioa zena. Nolako kontserbazio egoeran zeuden objektu horiek guztiak? Iritsi nintzenean, egiaztatu egin nuen objektuak hondatzen ari zirela argiaren eraginez, oihal, paper eta grabatuei dagokienez, eskuz uki zitezkeela ere kontuan harturik. Lurreko hezetasunak eta Aturriko ur gaziak lurrean emaniko hilarriei erasotu diete, antzinako museoaren lurzoruak lur arrasekoak zirelako hasieran. Batzuetan, tailaturiko motiboak guztiz hondaturik zeuden edo irakurtezinak ziren eta gaur egun oraindik ere, gatza kentzen ari gara. Gero, ura sartzen zen teilatutik, konpondu gabeko itaxurak zeuden, sabaia erortzen zen, hots, hondamen egoeran zegoen eraikuntza; gauzak horrela, edo arauek xedaturikoaren arabera jartzeko edo eraikuntza ixteko esana zuen Segurtasun Batzordeak 1983an. 1986an bihurgune bat gertatu zen, 1989ko itxieraren aurretik JacquesLetxia arkitektoa arduratu zen eraikuntza sendotzeko lehen lanaz, baina Musées de France (Frantziako Museoak) erakundearen ikuskapenaren ondoren, 1989ko ekainaren lehenean itxi arte itxaron beharko zen. Monumentu Historikoa izendatzeak, 1991n, eraikuntzaren azterketa sakona ekarri zuen, eta museo bilakatzearren 20. urteetan bertan egin ondoz ondoko aldaketak antzeman ziren: patio bat dekorazio eta erabilgarritasun arrazoiengatik egitea, hormetako arku biribilei eusten zieten ateak moldatzea, zeinak luzera zutik ezin mantendu eta erortzeko arriskuan ziren. Bigarren Inperioaren garaian, etxeko aurrealdeak ajimezak zituen, harrizkoak, eta moldura apaingarriz hornituak. Ospitala Dagourette etxetik aldatu zutenean, etxebizitza, saltoki, aduanako biltegi bihurtu zen eraikuntza. Harrizko moldurak erauzi zituzten; halako sareta moduko batek zementuz eusten zion lehengo etxaurreari eta altzari merkatarien publizitatea margotu zuten bertan. Museoa 1922an bertan kokatu zelarik, aski izan zuten aurrealdea txuriz margotzea eta leiho gorriak, Euskal Herriko armarriak jartzea, néo basque deitu moldera itxuraturik. Zein izan da zure lehenbiziko kezka museo honi dagokionez? Beti bera izan da, gaur ere: bildumak. Museo bat ez da existitzen bildumarik gabe. Objektuak aurkitu behar ziren inbentarioetan, arrastorik utzi ez zutenak identifikatu behar ziren, eta bildumak tratatzeko programa batek hiru dimentsioko 20.000 objektu katalogatzeko ahalbidea eman digu. Baina hasieran apal apal hasi ginen, paperezko fitxak erabiliz. Lehendik bazirenak, 1930. urteetakoak, ongi aski dokumentaturik zeuden objektuen jatorriaz. Gero, bildumak materialen arabera sailkatu ahal izan dira: zura, metala, oihala. Gero edo aldi berean, Dagourette etxea den erakusleiho honetan aurkezteko aukera bat egin behar izan duzu? 20.000 objektuetarik 2.000 bakarrik aukeratu dira, beren esanahi historiko eta etnografikoa, jatorria eta alderdi estetikoa kontuan harturik. Aukera, era berean, eraberrituriko objektuen aldekoaizan da, ongi jakinik eraberritze politikak ezartzen duela jarduera guztiak itzulgarriak izatea . Eraberritzea objektuaren egitura "zaintzekoa" izan daiteke, eta alderdi estetikoa gero etorriko da, hala nola, esaterako, pintura edo eskultura baten irakurgarritasuna lehengoratzea, edo altzari baten kasuan, garraiatzeko elementuak ez direnean, behin behineko protesi bat egitea. Eta lanak nolakoak izan dira bildumak berriro publikoari itzuli bitartean, museoa "itxuraz" itxia izan den 12 urteotan? Lehenengo aldian, bildumekin zerikusia zuten Musées de Franceko adituak etorri ziren, nik hala eskaturik, hilarri, oihal, paper, zur, metaletan adituak, lehen egiaztapenak egiteko eta aurkitu beharreko tratamendu edo soluzioetan laguntza ekar ziezadaten; lana hain handia zen ezen Baionako hiriak onartu zuen 1986an kontserbazio agregatu bat, Typhaine Le Foll, kontratatzea, objektuen tratamenduetan adituago dena, bildumak eraberritu ondoren berriro dagokien mailan jartzeko. Bilduma iraunkorretarako museoa itxia egon zen aldian, antzinako museoko zaintzaileak hainbat alorretan espezializatu ziren eta, orobat, ondareko agente espezializatuxeago batzuk bildu genituen adituei eta eraberritzaileei laguntza ekar ziezaieten. Alabaina, Dagourette etxea berriro zabaltzean, zoritxarrez, langile horiek zaintzaile bilakatu dira berriro eta, ondorioz, etsipenak jotakoak izan dira haien artean. Horrenbestez, prebentziozko kontserbazioa geldirik dago une honetan eta berriro ekingo diogu horri, baldin eta, Baionako Hiriak hala eskaturik, Pirinio Atlantikoetako Departamenduak sortzen ari den Euskal Herriko Pôle patrimonial delakoan nahikoa inbertitzen badu, Euskal Museoak burua uretatik kanpo atxiki dezan, baita erreserbei dagokienez ere! Museo bat ez da erakusleiho finko bat besterik, jakin beharra dago jendeari erakusten zaion zatiak bildumen %10 besterik ez duela hartzen. Bilduma guztietarik %10a bakarrik aurkezte horrek aldaketarik izan dezake? Kontserbadore lanaren beste alderdi bathistorialariarena da, zientzialariarena, sintesi lana: badaki ezin duela dena aurkeztu eta aukeratu beharra duela, alderdi bat hartu eta erakusketa gai bat nabarmenarazi, bai eta aldi berean ikuspegi horri dagokion diskurtsoa ito ez dadin kasu eman ere. Aldi berean eraiki behar izan dira bai guneen banaketa programa (publikoari irekiak edo itxiak izan: erakusketa iraunkorra, dokumentazioa, erreserbak, bulegoak, tratamendu zentroa eta aldi baterako erakusketa sala), eta bai zientzia proiektua ere, museo honen bilduman eta historian bermatua. Erabaki baten premian zegoen beste puntu bat, babesak eragindakoa berau, zera zen, papera euskarri dutenak modu iraunkorrean gehiago ez aurkeztea (marrazkiak, kartelak, mapak, planoak), ez eta janzkiak ere. Arte grafikoetarako gela bat eta oihalen erreserba bat antolatu behar izan ditugu. Betiere, Dagourette etxean falta dira beira arasa bat dantza janzkietarako eta 50 lux baino gutxiagoko argia marrazkietarako. Gauza asko egin behar dira oraino? Eraikitzen ari den kultura proiektuaren eta gauzatzearen artean ez da korrelazio osoa ikusten, zergatik? Aurrekontuko mugek jarduera batzuk gerorako uztera behartzen gaituzte. Zein aurkezpen asmoa izan da zurea? Tradizio historikoa duen museo etnografiko honetara historia itzularaztea, Euskaldunen eguneroko historia erakustea XVI. mendetik aurrerako arte objektuak eta dokumentuak oinarri harturik. Baionako historia Euskal Herrikoan nahasi beharra zegoen eta alkimia lehergarri hori, bestalde, ez da Baionako Gaskoien gustukoa, Baionako historia aparteko eran tratatzeko eskatu baitute. Baina nik ez nuen ghettorik nahi, hori izan da nire proiektuaren lehen hitza: bilgunea. Irudiak ugari dira: Historia saletan: Iraultza garaiko apaiz ihardukitzaileen kultuko gauzak; Dominique Joseph Garat, 1789an euskal departamendua eskatzen zuen Konstituziogileko diputatuaren zigilua. Literaturatik abiatu ohi da askotan: Biblia euskarara itzuli zen, Albreteko Joana, Nafarroako erregina kalbinistaren eskaerarijarraiki. Testamentu Berri hau 1571n argitaratu zuten eta euskal hizkuntzaren zabalkundea bideratu zuen erlijioaren bitartez. Garai hartan Europa osoan aurkitzen dugu fenomeno hori bera, hala nola finlandierari dagokionez. Askotan, euskarazko idazleen babesleen erretratuak dauzkagu. XIX. mendean, idazlanak zientifikoagoak dira: Luis Luziano Bonapartek hizkuntza ikasi eta Londresen 1862 63an euskararen hizkuntz mapa argitaratu zuen; Anton Abbadiak euskal jaiak sustatzeari ekin zion. Euskal txaletaren sorrera, Lapurdiko baserrian oinarritua. Euskal Herria boladan jarri zuten Pierre Loti bezalako idazleek, XIX. mendearen amaieraren eta XX.aren hasierako paristarren artean. Zenbait artistak, hala nola Ramiro Arruek, arkitektura hori eta Euskal Herria Eden galdu gisa aurkezten zuen nozio idiliko hura osatuko zuten. Ikuskera zaharkituak dira horiek. Nola atera "ikuskera" horietatik? Hogeigarren urteetatik, eguneroko bizitzaren lekuko ugari bilduz joan ziren. Egun jadanik eredu horren arabera ez dabilen mundu baten testuingurua birsortu beharra dago eta ez antzinako museoaren giro idealak berregin. Gaur egungo begirada arkeologikoagoa da, zeren eta ia lanbide guztiak desagertu baitira beren antzinako era horretan. Aurkezpen berriak etnologikoa baino areago, estetikoagoa eta plastikoagoa izan nahi du. Filmek bideratzen dute etnologiaren ikuspegitik objektuak beren garaian kokatzeko eginkizuna ; horiek gertaturiko aldaketak erakusten dituzte, hala nola ibaiari dagokiona (uraren gaineko eguneroko bizitza hura, automobilaren erabilerak ordezkatua) edo erreguteak edo Bestaberri ospakizuna. Sala guztiak loturik daude, etorkizunean sistema interaktiboak ezarri ahal izateko . Horregatik hitz egiten da bilakabidean den museo batez? Bai, eta jadanik egin dira zenbait gauza, hala nola sarrerako Euskal Herriko giroa, Beñat Achiarik aurkeztua, soinu banda batez horniturik, Jean Dominique Lajoux en film etnologikoak. Uste baino denbora gehiago ematen du hor jendeak. Azkenean kenduegin dugu Madalen aldiko historiaurreari eskainitako sala, baina aldi baterako erakusketa handi bat prestatzen ari gara Izturitzeko harpeekin batera. Zuzendu beharreko hutsek ere egiten dute museoa, hala nola seinaleak, askotan irakurtezinak eta guztiz berregiten ari garenak. Guztiarekin ere, eraberritzea arrakastatsua gertatu da. Museo honetan sartzeko ulertu beharreko gauzarik funtsezkoena, ez da aurkezpen hori haurrek antzeman ohi duten bigarren maila horretan ulertzea? Bai, adibidez, hilarriak metalezko mahai baten gainean finkaturik daude eta harriaren azpiko aldea ikusgai dago. Ez ote da heresia bat? Zenbaitek esan dutenez, zeren eta arrazoiz pentsatzen baitute hilarriak lurra ukitzea funtsezkoa dela. Zera, ikusgai izan ohi dena eta lur azpian izan ohi den zatia erakusteko modu bat da. Horrek ez du desbideratzen hilarriaren esanahia, aldi berean eskultura eta sinboloa. Baina horrek berehalakoa ez den hurbiltze bat behar du. Arazoa zera da, lehengo aurkezpenarekin egiten dela konparazioa, baina gaur egun museo honetan begi berriez sartzen den batek erdiets dezake aurkezpen sinboliko hori? Bai, ez da irakurketa nostalgiko edo kontserbadorerik horretan. Bestalde, bisitarien beste parte batek honako ohar hau egiten digute: Benetako museo bat, interpretazio zentro bat, azkenean! Diskurtso baten eszenaratzea, haratago joatea eta gogoeta egitea ahalbidetzen duena. Hain zuzen ere, gogoetatzeko bada, zergatik ez izan katalogorik? Hori, ados nago, zentzugabekeria da; funtzionamendu kontuak eta salmentan jartzearen arazoak dira. Museoaren plano bat, doakoa eta banatzekoa, frantsesez, euskaraz, gaskoieraz, espainieraz eta ingelesez inprimatzen ari da gaur egun. Bestalde, bisitarako gidaliburu xume bat prestatzen ari gara, koloretako argazkiz hornitua, gehienez 2002ko otsail martxoan ateratzekoa. Lehengo eta etorkizuneko erakusketa katalogoekin salduko da. Eskas dugu aurkezturiko bildumen katalogo arrazoitua, gaiz gai tratatua, objektu bakoitzaren jatorria adierazi beharduena. Horren hurbilketa bat aurkitzen da CD gida juniorretan. Etorkizuneko katalogoak, tamaina handiegikoak, CDetan egingo dira. Postalak egitea, ordea, Turismo Bulegoari dagokio. Nola funtzionatzen du museo batek? Nor da bildumen, eraikuntzen jabea? Gauza konplexua da hori, zeren eta bildumak eta eraikuntzak Baionako hiriarenak baitira eta Departamendua, bestalde, jarduera komun baten aldekoa da, Commanderie d'Irrissarry delakoari funtzionatzeko ahalbidea emango diona. Ondareko langileek, prebentzio eginkizunetan trebatuek, gaur egun salak zaintzea dute eginkizun bakarra. Kontserbazio agregatuaren postua mantendu da, baina Manex Pagola poeta euskaltzaleak betetzen zuen etnologo postua ez da ordezkatua izan. Denbora partzialeko kontserbazio laguntzaile bi daude liburutegi eta hezkuntza zerbitzurako. Hezkuntza Nazionalak, gainera, denbora erdiko historia geografia irakasle bat jarri du. Datorren urteari begira, zer izango dugu ikusgai erakusketen alorrean? * Jacques Henri Lartigueren argazkien erakusketa bat eta euskal paisaia izango ditugu, departamenduak jadanik bere oniritzia eman du. * "Arkitektura eta paisaiak XIX. mendeko Euskal Herrian" erakusketa, hainbat marrazkilariren albumetan oinarritua: Millin Duperreux, Hortense de Beauharnais erreginaren ohiko margolariaren obrak; Feillet ahizpak, bi mugaldei buruzko album aski ezaguna; eta Ferdinand et François Corrège, aita semeak (XIX. mendearen bigarren erdia) . Gaurko egunean nola eskuratzen dituzue obrak? Emaitza edo erosketa izan daiteke: * Eskultura eta pintura emaitza garrantzitsuei esker bizi izan gara. Nolanahi ere, guk Louvren den Museoen Arte Batzordeak onartuak izatea behar dugu. Batzuetan, ukoa eman diete zenbaiti. Asanblea Nazionalean berriki onartu duten museoei buruzko legearen arabera, bizi diren artisten obrak saltzeko ahalmena dute museoek. Bada, beraz, pitzadura bat bilduma publikoaren preskribaezintasun eta besterendu ezinari dagokienez, atzerapen aldia bizi dugu. Gu ez gara museo amerikarrak,azken batean bilduma nazionalak osotasun bat dira eta ez da museoen bokazioa obra batzuk saldu eta beste batzuk erosten ibiltzea. * Erosketak egiteko, aginpide babeslearen, Udalaren, oniritzia behar du salmenta proposamenak, Arte Batzordearen adostasunaren baldintzapean betiere: denbora dexente behar da erosketa bat egiteko. Arte Batzordearen onarpenaren ondoren, Fond Régional d'acquisition des Musées (FRAM) delakoak dirulaguntzari buruzko erabakia hartu behar du. Hainbeste denbora pasa beharrak erosketa galtzeko arriskua dakar. Are zailagoa gertatzen da, ezen interesatzen zaizkigun gauzak ezin dira Arte Ederretako museoek bereganaturiko objektuekin alderatu, hemen objektu etnografikoz edo eskualdekoz osaturiko bildumak egiten ditugu. Askotan objektu sailak osatu beharrean aurkitzen gara. Parisko herri arte eta tradizioen museo nazionalaren hein bateko porrotak zorroztasun eta zuhurtasun geroz handiagoa ekarri du erosketei dagokienez. Aldiz, zenbait bilduma aztertzeko sar ditzakegu, zeintzuk, adibidez, hezkuntza zerbitzuari baliagarriak izango zaizkion, baina objektu horiek ez dira besterendu ezinak izango. Abiadura biko museoak deskribatzen ari zara, nolabait esan? Pixka bat, bai. Frantziako Museoak erakundea, antza denez, ehun bat museo argiemaile edo pribilegiatzen ari da, Arte Ederretako museoak oro har. Gizarte museoak edo ekomuseoak presioa jasaten ari dira aisialdiko gune soilak bilaka daitezen. Eta Euskal Museoa? Musée de France labela mantendu egingo da, estatuak asko inbertitu duelako bertan. Baina estatuak ez du probintziako museoen funtzionamendua ordaintzen. Zer iritzi duzu kontserbadore lanbideaz? Gaur egun, gero eta gehiago zientzilariak baino areago animatzaileak izatea eskatzen zaigu, baina objektuen iraupenak ikerketa zientifikoa eta kontserbazioa behar ditu. Hurbilketa gero eta kudeatzaileagoa eskatzen zaigu, eta gero eta ikuspegi mugatuagokoa ondarearen zerbitzuan. Eskuratu beharreko zerei dagokienez, gauzarik esanguratsuenak baizik ezingoditugu sartu. Alabaina, ez ote dugu ondoko belaunaldiei gure iritziak zuzentzeko ahalmena galarazteko arriskua? Hori Catherine Tasca, Kultura eta Komunikazio ministroari esateko aukera izan duzu museoa irekitzeko etorri denean? Ez, baina animazioak ongi funtzionatzen zuela iruditu zaio. Ikus entzunezko alderdiak eta kiosko soinuduna gustukoak izan ditu. Baikortasun puntu bat utzi behar dugu amaierarako, hala ere: Frantziako Museoa den bezainbatean, gero eta bikainago eta balioanitzagoak izatea eskatzen digute. Nolanahi ere, adituek, sortzaileek, artistek... egin beharko dute animazioa. Aurrekontuko arazoak aldatuko direla espero dut. Pirinio Atlantikoetako Departamenduak Laàs edo Morlanebien go gazteluak nabarmendu ditu Biarnon, edo eta hemen ere, Commanderie d'Irissarry izenekoa. Uste ona dut Ondare Polo horretan. Dena honetan datza: Euskal Museoaren irekiera abiaburua edo helburua den. (1) Hilarri edo etxe ataburuetako inskripzioak. (2) Hutsuneak estaltzeko eransten den guztia kendu ahal izan beharko da, jatorrizko egoera berraurkitu ahal izateko. Jarduerak ezin du objektuaren itxura halako eran aldatu non atzera joaterik ez legokeen. (3) Euskal Herriko Ondare Poloa hezkuntzara hedatzen da (hezkuntza zerbitzua, Euskal Museoko Argitu zerbitzua esaterako); Kontserbadore lanaren zabalkundea erakusketen bidez egiten da, argitalpenen bidez eta baita Euskal Herriko artxibo guztiak digitalizatzeko proiektuaren bidez, Udal eta liburutegiari eta museoari dagokienez. (4) Zenbait film falta dira aurrekonturik ez delako. Bereziki, euskal emigrazioari edo diasporari buruzko dokumentu bat: 50. urteetan Nevadara joandako artzain euskaldun bat 90.ekoetan itzultzen da semearekin. (5) Euskal pilotaren salarako postu interaktibo bat aurreikusia zegoen, erreserbako funtsa kontsultatu ahal izateko: pilotari eta txapelketen 1.000 argazki baino gehiago. (6) Erakusketa hori 2002 2003rako aurreikusia izan zitekeen, baina behar duen finantzazioa (600.000 libera eraberritzerako)negoziatzen ari da Departamenduarekin. (7) Museo hori Marseillara eraman behar dute, beste helburu bat eta beste izen batez hornitua: Europa eta Mediterraneoaren Museoa. Bildumak zifretan eta banaketaren arabera 50.000 paperezko dokumentu: estanpak, grabatuak, marrazkiak, mapak, planoak, kartelak, argazkiak. Liburuak: 30.000 obra (20.000 izenburu eta aldizkariak). Museoan egindako lanetan, talde zientifikoak masa eskerga horren inbentarioa burutu du. Gero, zentzuzko banaketa bat erabaki dute: Gaztelu Berrian (Château Neuf): Balio handieneko erreserbak. Liburutegi dokumentazio zentroa ezartzea. Arte grafikoetarako gela. Erraz eramatekoak diren baina lehentasunez babestu beharreko objektu etnografiko txikiak. Erreserbako sala bat, apalategi eta tiraderak dituena eta eguzkiaren aurkako babesaz (tenperatura gradua eta higrometria egonkorrak) hornitua. Merkataritza balioa duten altzarien eta hilarrien salak. Koarentenako sala, behatzen ari diren objektuak tenperatura eta higrometria erregularretan egonkortu arte egon daitezen. Horien gaien eta egoeraren arabera, desinfektatzeko tratamendua hartzen dute: zurak intsektu xilofagoen aurka, eta horien bastidoreak ere tratatuak izan ohi dira, osatzeko egoeran ezartzearren. Paperak lizunaren aurka tratatu ohi dira. Tratamendu sakonagoak behar direnean, objektuak kanpoko tratamendu guneetara eraman dituzte. Tamaina handiko objektuak hala nola ontzi bat, gurdiak, zalgurdi bat, nekazaritza tresnak hiriaren aldi baterako biltegietan daude, ez baitugu gure esku halakoak edukitzeko behar den gordeleku handirik. Argazkiak: Sophie Hontaas Euskonews & Media 155.zbk (2002 / 2 / 15 22) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Arantxa Urretabizkaia: "Ezin dut, kazetaritza edo literaturen artean bat aukeratu. Nik biak behar ditut"

 

Irakurri

Xabier Arana: "Urdaibai natur santutegia litzateke ibai sarea eta basoak hobetuz gero"

 

Irakurri

Gonzalo Auza: "Guk garatu dugun know how-a, beste herrialde batzuetako euskal elkarteetan ere aplika daiteke"

 

Irakurri

Sabin Salaberri: "Goi mailako musika ikasketek Bilbon izan behar lukete egoitza"

 

Irakurri

Asun Balzola: "Nire ametsak birziklatzen ikasi dut"

 

Irakurri