Patxi Goenaga Mendizabal: Gure helburua euskaldunari euskaraz bizitzeko eskubidea bermatzea da.

2003-03-02

DIAZ DE MENDIBIL, Ismael

Elkarrizketa: Patxi Goenaga Mendizabal Patxi Goenaga Mendizabal, Hizkuntza Politikarako Sailburuordea Gure helburua euskaldunari euskaraz bizitzeko eskubidea bermatzea da * Ismael Diaz de Mendibil Globalizazioan murgiltzen den mundu honetan euskara bezalako altxor txikiek ez dute inolako erraztasunik bizirik irauteko. Telebista, internet, kioskoa bera ez dira eremu errazak hizkuntza minorizatuentzako. Horietan, beste eremu askotan bezalaxe, ingelesak eta gaztelaniak hamaika baliabide dituzten bitartean, euskarak bere lekua lortzen saiatu behar du. Horri aurre egiteko, gure hizkuntzaren borrokak ez du kantitatea izan behar, kalitatea baizik. Esaterako, beste hizkuntzek ehundaka programa informatiko izan ditzakete, euskarak, berriz, bat bakarra badu, baina ona, aurrera egingo du. Lur berri horiek bereganatzeko ahaleginean, euskara ez dago bakarrik, Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila baitu lagun. Nork irakatsi zizun euskara? Gurasoek etxean. Euskaraz irakurri nuen lehenbizikoa Arantzazuko egutegia izan zen. Euskararen txokoak etxeak ziren, orduko hezkuntza sisteman erdara hutsez egiten baitzen. Zer betebehar zegokion euskarari orduko gizartean? Nire herrian, Azpeitia bezalako herri batean, espazio handiak betetzen zituen, baina etxean eta kalean bakarrik. 40 urte beranduagoko gizartean, zeure ustez, zer betekizun du euskarak? Gauzak goitik behera aldatu dira. Aldaketarik handiena hezkuntzan suertatu da. Lehen, euskarak ez zuen inolako presentziarik eskolan, eta egun, zorionez, txiki txikitatik Unibertsitatean bukatu arte euskaraz ikas dezakezu. Herri euskaldunetan, kalean, lehen bezalaxe erabiltzen da. Hiriburuetan, berriz, lehen baino askoz gehiago erabiltzen da, batez ere, Gasteizen eta Bilbon. Kaleko paisaia ere aldatu da, karteletan, seinaletan, komunikabideetan, agirietan... dugu euskara, orain 40 urte, aldiz, euskaldunon ahoan bakarrik genuen. Aurrera egin duela begibistan dago. Halere, aurrerapauso hori orain 20 urte guztiok espero genuen baino txikiagoaizan da? (barre egiten du). Ez dut uste. Hori ere, nork espero zuenaren arabera da. Errealistak bagara, ez dut uste gauzak arinago joan zitezkeenik. Garai hartan, esaterako, egun euskarak eskolan duen presentzia inor gutxik espero zuen. Egunkari bat euskaraz izatea... Beharbada, Franco hil zenean, baten batek amets egin zuen baina... Egungo gakoa erabilera da, eta horretan gabiltza. Euskara lurraldeka aztertzen badugu, zer nolako egoeran dago? Erkidego Autonomoan egoera hobea da. Gipuzkoan euskarak gora egin du nabarmen, eta, zalantzarik gabe, Araban ere bai. Bizkaian, berriz, gora doan arren, ez du besteen heinean egiten. Bizkaikoa euskara batuari leporatzen diote batzuek, baina argi dago hori ezin dela horrela izan. Bilbo euskaldunagoa izango balitz, Bizkaiko egoera ez ezik Euskal Herri osokoa ere bestelakoa izango litzateke. Bestalde, euskara lurraldea galtzen joan da, eta Gipuzkoa Euskal Herriko erdi muinean dugun bitartean, Araba, Bizkaia eta Nafarroa lurraldeko bazterretan ditugu. Nafarroari dagokionez, politikoki atzerapauso handiak izan dira. Bertan euskara ahula dugu, eta eraso politikoak kezkatzekoak dira. Ikastolei, argitalpenei edo irrati bati erraztasunak eman beharrean, oztopoak jartzen badizkiezu, diru laguntzek gorantz egin beharrean, beherantz badoaz... Hala eta guztiz ere, bertan euskaldun asko gogoekin ari dira lanean. Orain 40 urte, Nafarroan ikasi nuenean, euskaldunak "los vascos", "los vascorros" ginen, eta hori ere aldatu da. Bukatzeko, Iparraldeko egoera tristeagoa da. Zahar gehienak euskaldunak dira, baina ez gazteak. Etorkizunari begira, Erkidego Autonomoan baikorrak gara, gazte gehienak elebidunak baitira, Iparraldean, berriz, ez da horrela suertatzen. Lehen aipatu duzunez, egungo gakoa erabilera da. Gaur euskarak duen erronka hori al da? Erdararen pisua ikaragarria da. Telebistaren aurrean eseri, eta zenbat aukera ditugu erdaraz? Euskaraz bat. Joan zaitez kioskora! Ehundaka aldizkari eta egunkari daude erdaraz. Euskaraz? Gauzak horrela,gune euskaldunak sortu behar ditugu. Administrazioaren ekintza guztiak erabilerari zuzenduak daude, batez ere, haurrei eta gazteei zuzenduak. Beste adibide bat: Zinema. Zineman ahal duguna egiten da. Diru laguntzei esker, filme batzuk euskaraz ikus ditzakegu. Diru laguntzarik izango ez balitz, zer gertatuko litzateke? Laburbilduz, gure helburua euskaldunari euskaraz bizi izateko eskubidea bermatzea da. Eta teknologia berriek bermatzen al dute eskubide hori? Ez, baina gu horretarako gaude lanean. Esate baterako, enpresen kontabilitatean iharduteko ez dago programa informatikorik euskaraz, Microsoftek ez du bere kabuz egiten, eta beraz, guk hutsune hori bete behar dugu. Guk ez badugu egiten, ez du inork egingo. Horrez gain, beste asmo garrantzitsu batzuk ditugu. Horien artean, nabarmentzekoa da itzulpen automatikoa. Programa horren bitartez, edozein idazki erdaratik euskarara itzuliko genuke, eta baita euskaratik erdarara ere, noski. Pentsa!, zer aurrerapen den hori, itzultzen zenbat denbora alferrik galtzen baita askotan. Gainera, ez ditugu gaztelaniatik egiten diren itzulpenetan bakarrik pentsatu behar, programa egokituz gero, edozein hizkuntzatik itzulpena egiteko aukera izango genuke eta. Itzulpen automatikoa egin behar dugun ala ez planteatzen ari gara. Nire ustez, horri esker, euskararen presentzia handiagoa bermatuko litzateke, baina nire zalantzak ere baditut, gaztelania eta euskara oso hizkuntza ezberdinak direlako. Enpresa bat egitasmo horretan ari da lanean, eta horretarako, froga bat aurkeztuko digu martxoan. Egia esan, egundoko kuriositatea daukat eta ikusteko irrikan nago. Hain zuzen ere, enpresa horrek dagoeneko katalanez egin du. Horrela, Periodico de Cataluña katalanez eta gaztelaniaz argitaratzen da. Egunkaria bera da, idazkiak eta guztiz, baina bi hizkuntzatan. Ekimena aipatzekoa da, euren irakurle kopuruak izugarri egin baitu gora. Euskararen kasuan, luzerako kontua izango dela susmatzen dut. Halere, itzulpen automatikoaz gain, badira beste egitasmobatzuk ere. Batetik, ahozko lengoaia testu bihurtzea lortu nahi dugu, ahotsaren ezagutza, alegia. Eta bestetik, edozein testu ahots sintetikoaren bitartez ezagutu ahal izatea dugu helburu. Bigarren hau errazagoa da, eta de facto itsuentzako egiten da, esaterako, Internet erabiltzeko. Esaten dutenez, etorkizuneko ordenagailuak teklaturik gabekoak izango dira, hau da, ahotsez erabiliko ditugu. Hortaz, euskara teknologia berrietatik at ez geratzeko, programa horiek sustatu beharko ditugu. Egun, adibidez, hizkuntza guztiek ez daukate testuak zuzentzeko programarik, euskarak, ordea, bai; oso ondo funtzionatzen duena, gainera. Hau da bidea atzean ez geratzeko. Ahotsaren ezagutza teknologia berrien aurrerapen izugarria da. Pentsa!, zu elkarrizketa hau grabatzen ari zara orain, baina zenbat lan egin behar duzun nire hitzak ordenagailuan sartzeko. Ahotsa ezagutzeko programak lan hori egingo lizuke. Orain galdetzen dizut: Horrelako programa bat euskaraz behar dugu? Bai ala ez? Ingelesez edo gaztelaniaz baliabide gehiago izango ditugu beti, hala eta guztiz ere, gure helburuak euskaraz oinarrizkoenak eta funtsezkoenak izatea ere izan behar du. "Telebistaren aurrean eseri, eta zenbat aukera ditugu erdaraz? Euskaraz bat" esan duzu lehen. Euskaraz dagoen horrek nola egin diezaieke aurre besteei? Egun ikusentzule gehiago izateko edozein bitartekari ona da. Euskaraz dagoen horrek kalitatea izan behar du jomuga, besteak baino hobea bada, iraungo du. Besteak bezain txarra bada, telebista txiki bat baino ez da izango. Dena den, honetan, beste gauza askotan bezalaxe, pentsatzea egitea baino errazagoa da. Azken urteotan euskara lur askotan hazi da. Oraindik lur berri asko daude lantzeko? Bai, noski, baina ekimen horietan administrazioak ez ezik gizarteak ere lan egin behar du. Adibidez, hizkuntza paisaiaren arlo batzuetan, esate baterako, bide seinaleetan edota toponimian, urrats galantak eman dira, baina oraindik beste arlo batzuetan asko dago egiteko, besteak beste, dendetako iragarpenak,jatetxeetako menuak, publizitatea... Dendariei, enpresa gizon emakumeei.... hori garrantzitsua dela erakusten saiatu behar dugu, eta dirua galdu ez dezaten, diru laguntzak eman behar dizkiegu. Eta hizkuntza paisaian bezalaxe, erlijioan edota eskolatik kanpoko kirolean Bi galdera bukatzeko. Euskaltzaleak militantea izaten jarraitu behar du? Nire ustez bai. Alabaina, euskaraz delako, gutxiago kobratu? Ezta pentsatu ere. Euskaraz delako, gehiago kobratu, izatekotan ere. Horrek tripako mina ematen dit. Orain dela gutxi ere legebiltzarrean bertan entzun behar izan nuen honako hau: "Euskaratik gero eta jende gehiago bizi da". Hori esan zuen parlamentaria kezkati agertzen zen horren aurrean. Euskal parlamentari batek horrela pentsatzea! Hori bai dela kezkatzekoa!. Herri honetan, zenbat bizi gara euskaratik? Eta beste batzuen herri horretan, zenbat bizi dira erdaratik? Gauza txarra balitz bezala, pozteko zera denean. Eta noizko izango da euskal gizartea elebiduna? Euskal Herriko bazter guztiei buruz ari bagara, urte batzuk beharko dira. Kontuari eusten badiogu, 25 bat urte, beste belaunaldi bat. Patxi Goenaga Patxi Goenaga Mendizabal Azpeitian jaio zen orain 54 urte. Ordutik euskara izan da bere bizimoduaren ardatza: Filosofia eta Letretan lizentziatua, Euskal Filologian doktorea (Bere tesi zuzendaria Koldo Mitxelena izan zen), Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea... Euskal Gramatikan da aditua, eta horren lekuko berak idatzitako liburu guztiak ditugu. Orain urtebete, Unibertsitatean Euskal Filologiako burua zelarik, Eusko Jaurlaritzako Kultur Sailetik telefono dei bat jaso zuen. Telefonoaren bestaldean ahots batek bertan lan egiteko eskatzen zion, eta euskara tartean zegoenez, onartu egin zuen. Egun Hizkuntza politikarako sailburuordea da. Ismael Diaz de Mendibil Argazkiak: egilearenak Euskonews & Media 201. zbk (2003 / 02 28 / 03 07) Euskomedia: Euskal Kultur Informazio Zerbitzua Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

María Elena Etcheverry de Irujo: "Elkarrekin hartu genuen argitaletxea Argentinan jarraitzeko konpromisoa, nahi izanez gero euskal gaiei buruz ikerlanak argitaratzeko aukera emateko".

 

Irakurri

Juanma Bajo Ulloa: "Zinea egin ez banu, orain gaixorik negoke edo gaizkile arrunta izango nintzateke".

 

Irakurri

Garbiñe Biurrun: "Epaileon independentzia arriskuan dago".

 

Irakurri

José Allende: "Demagogiatik ekintzara igarotzeko ordua da".

 

Irakurri

Javier Viar: "Gure xedea euskal artearen sustrai eta garapenaren bilduma adierazgarria edukitzea litzateke"

 

Irakurri