Txomin Peillen: "Euskal Herriaren ohorez eta desafioz hasi nintzen idazten, eta geroago atseginez idatzi dut"

2003-10-03

BUTRÓN, Ainize



Elkarrizketa Gaiak Atzoko Irudiak Euskobooks Euskal Kantutegia Efemerideak Irratia Kosmopolita Art-Aretoa Artisautza Herriak Links: www.euskomedia.org

www.eusko-ikaskuntza.org

www.asmoz.org

Quiénes somos

Política de Privacidad

Avisos Legales

© Eusko Ikaskuntza

ELKARRIZKETA Inicio > EM 224 > Elkarrizketa -->

2003/10/03-10 Txomin Peillen

Idazlea "Euskal Herriaren ohorez eta desafioz hasi nintzen idazten, eta geroago atseginez idatzi dut" Ainize Butron

Français Txomin Peillen, Parisen jaio zen zuberotar gurasoen etxean. Han zegoela, euskararen erabilpena galdu bazuen ere, hamalau urterekin hizkuntza berreskuratu, eta geroztik alor ezberdinetan, euskarazko liburu eta artikulu ugari idatzi ditu. Hau da, haurrendako ipuinak, literatura liburuak, etnologia eta etno-biologia alorrak ditu aztertu bere liburuetan. Honela, zientzia irakasle gisako lana hogeita bost urtetan egiteaz gain, Txomin Peillenek, gaztarotik euskara berreskuratu eta hizkuntzari behar zitzaion lekua eskaini nahian ikerketa lan ugari bideratu ditu. Lan egiteaz gain, idazle zuberotar honen bizia Euskal Herriko idazle ezberdinen harremanetaz osatua dago ere. Jon Miranderen lagun mina izateaz gain, Parisen eta gero Euskal Herrian bertan, idazle euskaldun anitz ezagutu ditu, Aresti, Artze, Etxaide, Ibinagabeitia, Sarrionandia adiskideak. Hamalau urterekin euskara berreskuratu zenuen.... Bi urte eta erdi pasa nituen Zuberoan, beraz ulertzen nuen euskara, baina ez nuen hitz egiten. Gero Parisera joan nintzen eta gurasoak beti euskaraz ari ziren beraien artean, baina aitak beti frantsesez mintzatzen zitzaigun. Hamalau urterekin hasi nintzen euskaraz hitz egiten. Bi urtez ibili nintzen euskara ikasten, zuberera eta gipuzkera. Eta ondotik, nire lehen itzulpena 16 urterekin egin nuen (bretoi herri kantua). Gero 17 urterekin lehen poema eta bi ipuin idatzi nituen, eta gutxinaka idazten hasi nintzen. Zure lehen lanak aldizkarietan argitaratu zenituen... Ez zegoen libururik publikatzeko molderik, eta beraz hamabost urtez egon naiz Egan, Euzko Gogoa eta Gernika aldizkarietan argitaratzen. Hasi nintzen haur ipuinekin. Bi publikatu nituen Euzko Gogoan, beste bi poema Gernikan, eta Eganen aldiz, hogei bat ipuin ditut publikatu. 85 ipuin argitaratu ditut orotara. Ondotik, hamalau liburu, zazpi eleberri, zazpi ipuin liburu, eleberri txiki bat, eta beste hamabost literaturazko obra argitaratu ditut. Etnologian ibili naiz bulgarizazio lan bat egiten ere, eta baita, biologiarekin lan batzuk egiten. Baita, Oihenart eta Miranderi buruzko liburuak idatzi ditut. Urte anitzez bizi izan zara Parisen. Garai horretan Miranderen ezagutza egin zenuen... Bai. Saiatzen ginen bera salbatzen zentzu guztietatik. Bazituen bere demonioak. Bazituen Bretoin arrazista batzuk lagun, eta hauek ez zuten laguntzen ez politikoki eta, ez eta bizitzan ere. Alkoholikoak ziren, eta Mirande laguntzen zuten alkoholikoa izaten. Hauek kalte handia egiten zioten, zeren, Mirande depresiboa zen, eta depresio garaietan alkoholari atxiki zitzaion. Arazo honek desegiten zuen. Bretoiak nazi hutsak ziren. Mirandek totalitarismoa miresten zuen. Hasi zen erregezale izaten, eta gero, abertzale izan zen.... Zuen harremana bereziki literatura mailakoa zen... Literatura mailan bagenuen maisu bat: Andima Ibinagabeitia. Berak bultzatu gintuen. Parisen nintzelarik lehena ezagutu nuena Ibinagabeitia izan zen. Ez nekien Parisen euskaldun taldeak bazirenik, arrazoi sinple batengatik, aitak ez zuen nahi gu euskaldunekin nahastea. Erraten zigun : “Euskal Herria bukatua da, ez zarete sekulan itzuliko Euskal Herrira, ez duzue berriz euskara mintzatuko, Euskal Herria galdua da”...

Bazegoen Bretoin talde bat. Beraz, hara hurbildu nintzen eta hor baziren euskaldunak. Beraiek esan zidaten Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzan biltzen zirela. Hor aurkitu nituen. Joan nintzen beraz, haiek ikustera, eta han topatu nuen Ibinagabeitia. Bera euskaraz hasi zen nirekin mintzatzen, baina nik euskaraz ez nekiela esan nion. Bederen ez nuela ongi hitz egiten, eta zuberotarra zerbait banekiela esan nion. Berak erran zidan, lehenik euskara ikasi behar duzu eta gero, beharbada, abertzale izango zara. Orduan hasi nintzen berarekin euskarazko klaseak hartzen. Klase horietan ezagutu nuen Mirande. Mirandek hogei urterekin ikasi zuen euskara. Entzun zuen beti etxean, nik bezala. Biak giro horretan sartu ginen eta euskal etxe txiki bat sortu zenIbinagabeitiarekin. Hark beti bultzatzen gintuen. Gero ezagutu genuen Donostia eta Bilboko giroa. Beti oroit naiz giro horretaz zeren euskalzaleak oso gutxi ginen, bereziki euskaraz idazten genuenak. Hamar bat izango ginen. Hor ezagutu nituen Mitxelena, Aresti eta jende horiek eta gutxinaka ere Etxaide eta San Martin eta horrelakoak. Bitxia zen, ez genuela batere ideia politiko amankomunik. Ni paganoa eta ezkerrekoa nintzen, Mirande paganoa zen baina eskuinekoa, Etxaide kristau integrista zen, Aresti marxista zen, eta denak adiskide ginen. Literaturak lotzen gintuen. Literaturak eta euskaltzaletasunak lotzen gintuzten. Bilerak egiten zenituzten zuen artean. Bai. Hilabetero biltzen ginen, batzuetan hamabost egunero. Larunbatetan biltzen ginen gehienetan bateon baten etxean, edo ostatu batean ere zenbaitetan. Lehenago aipatzen zenuen zure aitak ez zuela nahi zuk euskara ikastea eta hitz egitea. Zerk eman zizun gogoa ikasteko? Gauza askok. Lehenik familian denek euskara zekiten nik salbu. Pixka bat lotsatuak ginen beraz euskaraz ez mintzatzea. Eta horrekin batera, haserrea. Haserrez hasi nintzen idazten. Gogoratzen naiz 1850ean, idazle batek idatzi zuela Euskal Herrian ez genuela batere literaturarik. Jende guztiak euskaraz mintzatzen zen baina nehork ez zuen idazten; literaturarik ez zen egiten. Oso gutxi. 50ean Iratzeder bazebilen, beste bik edo hiruk euskaraz idazten zuten, baina apezak ziren gehienak. Eta orduan desafioz eta ohorez hasi nintzen. Euskara eta Euskal Herriaren ohoreagatik hasi nintzen. Gero denboraz atsegintasunarengatik jarraitu nuen. Hizkuntza gutxi landu baten lantzeak izugarrizko plazerra eragiten du. Baina, hor, berritu behar genuen, gai berriak atzeman. Eta desafio bat bezala zen. Txomin Peillen eta Jose Maria Etxeberria. Dena asmatzeko zegoen... Uste genuen. Bazen jadanik lana egina, baina ez genuen ezagutzen. Kantu liburu batekin hasi nintzen ni euskara ikasten. Bi hizkuntzetan zen, Salaberrik egina. Mintzatzen ikasi dut lehenik eta gero gramatika. Kantu-liburu honen ondotik, izebak bigarren liburu bat eman zidan Artxuren metodoa bi hizkuntzetan. Jakin behar da elebiduntasuna erabili dela Iparraldean eskoletan betidanik 1880a arte. XIX. mende osoan elebidun sistema erabiltzen zen frantsesaren irakasteko. Zer zen elebiduntasuna? Euskararen bidez frantsesa ikastea. Beraz, bi hizkuntzetako liburuak bazeuden eta nik horiek erabili nituen ikasteko. Berantago Miranderekin Igela aldizkaria sortu zenuten... Hori askoz berantago izan zen. Problema bat izan zen denbora batean. Zentsura hasi zen leku guztietatik. Jakin behar da garai horretan zentsura ez zela etortzen bakarrik Frankorengandik, baina, baita, euskaldunengandik ere. Aldizkari baten zuzendaria zinelarik, behar zenuen pentsatu : “hau publikatzen badut nire aldizkaria desagertzen da”. Beraz, guk idazten genituen testu eta artikuluak ausartegiak ziren publikatzeko. Bi edo hiru artikulu bidali nituen Euzko Gogoari, esate baterako, eta ez zizkidaten publikatu. Alta lehenago argitaratzen zizkizuten? Guatemalan zeudelarik, denak publikatzen zituzten, baina, Baionara etorri eta gauzak aldatu ziren, diru iturriak ez baitziren berdinak. Apezak sartu ziren horretan, Lafitte eta horrelako jendeak, zentsuratzaile modukoak. Orduan, Mirande eta Peillenena baztertu zituzten. Noski Arestik ez zuen artikulurik bidaltzen Euzko Gogoa horretara. Nik publikatu ditudan gauza gehienak Eganen egin ditut, eta artikulu bat idatzi nuen Argeliako torturari buruz. Gerla bukatu baino lehen izan zen eta ez zidaten Frantzian argitaratu Donostian bai. Mirandek bere aldetik, Goncourt sariari buruzko kritika bat egin zuen. Errumaniar bati eman zioten hasieran saria. Baina, Alemanak sartu aitzin Rumanian judutarren kontra idatzi zuelako, judutar idazle bati eman zioten azkenean saria. Gizon horrek ez zuen besterik idatzi, eta beraz, Mirandek hori salatu zuen. Artikulu horren ondotik, erran horiek antisemitak zirela leporatu zioten, eta garaiko ezkerreko abertzaleak sortzen ari baitziren, behin Miranden kontra idatzi zuen artikulu bat norbaitek. Artikulu honi begira, Mirandek esan zuen “Eganen ez dut berriz idazten”, eta euskaraz idaztea utzi zuen orduan. Urte bat pasatu zen, eta erran nion : “aldizkari bat sortuko dugu eta nahi duzuna idatziko duzu bertan”. Ongi ala gaizki bada publikatuko dugu zerbait: Igela izan zen. Eskandaluak sortzen zenituzten? Oraingo aldizkariak ikusten ditudalarik, garai horretan egiten genituen eskandaluak oso txikiak zirela iruditzen zait. Orduan hemen bazegoen sekulako klerikalismoa. Iparraldean handiagoa Hegoaldean baino, eta zentsura handia zegoen. Esate baterako, Mirande ez bazuten Euskaltzaindian sartzen utzi Lafitte eta Haritschelharrengatik izan zen. Beste herrialdeetan, eta frantziar estatuan hain zuzen ere, ez zituzten idazleak baztertu naziak edo faxistak izateagatik. Mirande, aldiz, Iparraldean baztertua izan da eta Hegoaldean ez. Hegoaldeko antologietan atzematen da Mirande. Larousse Universel delakoan badago littérature basque-ri buruzko artikulu bat eta ez da aipatzen Mirande. Aipatzen dira ezkerreko idazle guztiak, kristau onak, baina, Mirande bizi ez balitz bezala da. Zendako bazterketa hau... Politika ideiengatik zen. Alta garai horretan Mirandek utzia zuen politika. Berak esan zuen, “orain kulturaz arduratzen ari naiz eta politika baztertzen dut”. Hitzaldi bat eman zuen, eta bota zuten kanpora gogorki mintzatu baitzen gobernuaren aurka. Ez zen bakarrik Miranderekin gertatu hori.... Zenbat denbora iraun zuen zentsura horrek? Josean Artzek jasan zuen euskaldun batengatik argitaratu ondorengo zentsura. Garai batez aldez aurreko zentsura bat zegoen. Pasatzen zen Gipuzkoako zentsuratik eta norbaitek esplikatu behar zuen liburuaren mamia edo itzuli. Baina sari bat eskuratzen bazen liburua pasatzen zen. Nire kasuan Frankoren aurkako liburu bat lortu nuen pasaratzea horrela Itzal Gorria. Ondotik, nire lehen bi liburuak pasatu ziren sariekin. Klandestinitatean egiten zenuten lana... Ez osoki. Euzko Gogoa Guatemalan egiten zen eta Gernika Argentinan; horien Hegoalderasartzea klandestinoa zen. Gero liburuak nola publikatzen ziren? Franco bizi zen oraindik garai horretan. Zentsuraren aldetik bazegoen arazo bat, Etxaidek liburu bat publikatzeko sekulako arazoak izan zituen. Gipuzkoako zentsoreek debekatu zioten. Totalitarismoaren tendentzia zegoen garai horretan, alde guztietatik. Askotan aipatzen duzu zu eta Mirande ezberdinak zinetela, zerk egiten zuen diferentzia? Gu aparta ginen zuberotarrak ginelako. Zuberoan beti izan gara heterodoxoak. Zuberoan protestanteak izan dira lehen heterodoxoak. Gero, Agustin Chaho izan zen heterodoxoa. Elizkizunik gabe ehortzia izan zen, eta gurutzerik ez du, bera ere zuberotarra zen. Mirande hor dago ere. Aldiz Nafarroa Beheran jendea oso emana zen kristau idealari, eta apezak nahi zutena egiten zuten Nafarroa Beheran. Esate baterako, diputatu bat bozkatu behar zen, eta 90ek eman zituzten bozak apezak gomendatuari. Horrela pasatu zen Ibarnegarai faxista famatu hura. Zuberoan ez zuen arrakastarik. Eta oraindik ere Iparraldea eskuinekoa da. Baina, orain ezkerrak %40a egiten du nonbait, goiti joan da. Baina, zenbat denbora pasatu da denbora horretatik. Garai horretan bazen horrelako uniformismo bat, pentsamendu ofiziala zen elizarena. Eta elizak agintzen zuen, dantzaldiak, eskolak eta jendeak kontrolatzen zituen. Gauzak aldatu dira geroztik, lehen giristinoak ziren zapaltzaileak eta orain beraiek dira baztertuak. Euskal Herrian ez dakigu erdi bidean ibiltzen. Mirandek segitzen du gaur egun ez ongi ikusia izaten. Iparraldean ez da ongi ikusia. Iparraldean, Zuberoan izan ezik, ez du sekulan izan omenaldirik. Eta ez du izanen nire adinekoak biziko direno. Aipatzen duzu zentsura, baina, idazle gisa ere, auto zentsura praktikatzen da... Nik ez dut aski praktikatzen. Batzuek esaten didate: “zu ez zira aski diplomatikoa”. Ni ez naiz diplomatikoa, Zuberotarra naiz. Zuberoan badago ohidura: ihauterietan zernahi esaten da. Nire buruaz trufatu naiz ere, baina jendea ez da ohartu. Herri batek heldutasun zerbait nahi badu behar du jakin bere buruaz trufatzen eta kritikatzen. Barre ez badu egiten, ez du balio. Euskal Herrian badira Napartheid, Ostiela, edo beste horrelako aldizkariak, baina ez dugu erdi bideko zerbait. Ez gara ausartzen, argibideak falta ditugulako. Euskal Herrian estilo gogorra dugu. Hasieran Gipuzkeraz idazten zenituen zure liburuak... Lehen eleberrian saiatu nintzen horrelako euskara batu bat egiten. Sari bat izan nuen. Hasieran, beste bi ipuin zubereraz eta bi olerki gipuzkeraz idatzi nituen. Hamar urtetan horrelako euskara batu antzeko bat erabiltzen nuen eta gutxinaka Mitxelena-ren bidetik ibili naiz. Ibinagabeitia eta Mirandek eragina izan zuten segur aski nire idazkeran. Baina, Mirande ni baino garbizaleagoa zela atzematen nuen. Ni ez nintzen ausartzen hitz berriak erabiltzea. Zendako gipuzkera? Garai horretan denek idazten genuen horrelako zerbait. Nik idazten nuena sasi gipuzkera bat zen. Iparraldeko kutsuarekin, baina gipuzkera zen. Frankoren garaia aipatzen duzu usu. Gero argitaletxe ugari ireki dira, beraz, zuendako askoz errazago izan behar zuen... Ez dut uste. Ez dakit ongi egin nuenez. Ni beti bakezalea, Gandhizale eta indarkeriaren aurka izan naizelako erantatu nintzen eta egun horretatik landa Elkarretik baztertua izan naiz. Elkarren publikatzen nuen lehenago. Etiketa bat ematen badizute, EAkoa zirela, akabo. EAJkoek badituzte sarrerak, baina EAkoak ez, ez dute sarrerarik argitaletxe handietan. Gero ni ez naiz sekulan idazle serio eta handi bezala ezagutua izan, zeren, handia izateko gauza latzak, tragikoak idatzi behar dira. Zuk ez zenituen maite horrelakoak... Nik umorezko gauzak idatzi ditut. Behin liburu bat sari batentzat aurkeztu nuen, eta esan zidaten ez zutela hartu umorezkoa baitzen. Zer da, euskal literatura sobera seriosa dela? Beharbada. Baina ez, zeren batzuek umorea erabili dute. Koldo Izagirrek eta Atxagak badakite umorea erabiltzen. Gero ulertu behar da umorea. Euskaldunek umore mota bat daukate eta hitz-jokoak ez dituzte beti ulertzen. Baina egia esan horrek ez du garrantzirik, nik nire partea egina dut. Saiatu naiz zerbaiten egiten. Pentsatzen dut trebatu ditudan ikasle batzuk geldituko direla nire liburuak irakurtzeko. Ematen du zure bizi osoan “kontra bidetik” ibili zarela... Nik pentsamendu berezi bat daukat, zeren zuberotarra naiz euskalduna baino. Zuberoa mundu bitxi bat da. Ez naiz pentsamendu bakarrean sartzen, ez naiz molde batean sartzen. Euskal Herrian, lehenik, kristau moldea genuen, eta gero marxista eliza. Elizaz eliza ibili gara eta nik elizak bisitatzen ditut, baina kanpoan egoten naiz. Katoliko eta marxista elizen kanpotik egon naiz. Ikusi dut nola funtzionatzen zuen, eta urrundu naiz. Baina, hala ere, gauza bat ondo dago, badagoela euskal idazleen arteko giro ona. Gure artean oso gutxi mintzatzen gara politikaz eta abertzaletasunaz. Aipatzen ditugu frantziar eta espaniar estatuak gure aurka egiten dituzten erasoak baina besterik ez. Literatur inguruko proiektuak dituzu gaur egun... Beti ditut proiektuak. Orain, baditut batzuk idatziak baina argitaratu gabe, beste batzuk hasiak baina bukatu gabe (denetara zortzi, aurreko 32 liburiei gaineratzeko). Horretaz gain, baditut gutun andana bat etxean lagun idazleak bidaliak, eta behin emango dizkiot guztiak Euskaltzaindiari. Baditut, Mirande, Ibinagabeitia, Aresti eta Etxaiderenak, besteak beste. Garai horretan ez zegoen telefonorik, beraz, elkar idazten genuen. Eskuratu ditudan azken gutunak kartzelatik heldu zitzaizkidan, Joseba Sarrionaindiak bidalita. Bere kartak atxiki ditut eta hasi naiz biltzen. Horrelako pitxiak baditut gordeak eta emanen dizkiot Euskaltzaindiari artxiboetan eman ditzan. Txomin Peillen

Andozeko Txomin. Parisen jaio zen 1932ko azaroaren 17an. Sorbonako Unibertsitatean Biologia eta Geologia ikasketak egin zituen, eta hantxe ezagutu zuen Ion Mirande. Parisko Lavoisier Lizeoan irakasle izan zen, eta «Gernika», «Egan», «Euzko-Gogoa» edo «E.-Folklore»“Maiatz“ bezalako aldizkarietan hartzen zuen parte. Ondoren, Paueko Unibertsitateko Letren Fakultatean hasi zen lanean, Euskal Hizkuntza eta Literatura irakasten. 1981ean, Bordeleko Unibertsitatean, doktoratu egin zen, Lexique Basque de lanatomie, morphologie et semantique tesiarekin.Baionako euskara katedra sortu zuen eta hartu. Aldizkari ugaritan idatzi du; hala nola FLVSD, «Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra», «Euskera» (Bilbo), «Elhuyar» (Donostia), «Bulletin du Musée Basque» (Baiona) eta Donostiako UZEI zerbitzuan. Bere argitalpen ugariak biologia, ideien historia (etnografia eta literatura) zein hizkuntzalaritzari lotutako alderdiei buruzkoak izaten dira bereziki.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Carlos Orue y Joseba Goikoetxea: "Euskal-australiarren belaunaldi galdua bizkortu behar dugu"

 

Irakurri

Jose Ignacio Zudaire: "Euskal Herrian, administrazioek, enpresek eta hiritarrek beren indarrak batzean garatuko da informazioaren gizartea"

 

Irakurri

Javier Etxebeste: "Hamabost bat urte beharko dira Internet normaltasun osoz eta bere potentzial guztiarekin aritu dadin"

 

Irakurri

Mariasun Landa: "Haur eta gazte literatura onak ez du heldua aspertzen"

 

Irakurri

Arantzazu Amezaga: "Herrialdeen Europa gustatuko litzaidake niri"

 

Irakurri