Pelikuletarako musikaren konpositorea "Ideia bat bera ere bururatzen ez zaidanean, itolarria sentitzen dut. Aldiz, burua ideiez gainezka edukiz gero, arazoez inguratuta egoteak aurrera egitera bultzatzen nau" Teresa Sala
Itzulpena: Koro Garmendia
Fotos: RLM
Versión original Alberto Iglesiasek pelikulak musikaz janztea du lanbide. Madrilen bizi den donostiar honek film ezagun ugaritarako melodiak konposatu ditu; hala nola, “Todo sobre mi madre”, “Lucía y el sexo” edota “La muerte de Mikel” pelikuletakoak. Besteak beste, Pedro Almodóvar eta Julio Medem zuzendariekin aritu da lanean, eta Soinu Banda Onenaren sei Goya sari eskuratu ditu dagoeneko. Konpositore honek, nolanahi ere, nahiago du jasotako golardo mordoari behar baino garrantzi handiagorik ez eman, eta bere lanbidearen zirrikituei buruz mintzatzea; hots, pantaila handirako filmatutako istorioak apaintzen dituzten melodiak sortzeari buruz. Oso gustukoa omen du erregistroz aldatzea eta zuzendari ezberdinekin aritzea; izan ere, bere esanetan, “horixe baita musikari zinematografikoen funtsa. Helburua ez da estilo bakar bat garatzea, baizik eta estilo zein egoera ezberdinak lantzea eta musikak ematen dituen aukera guztiak ezagutzea”. Donostian, Bartzelonan eta Parisen egin zenituen musika ikasketak, zure etorkizuna orkestra handientzako melodiak konposatzera bideratuta zegoela sinetsita. Nola sartu zinen zinemaren munduan? Niri betidanik gustatu zait zinema, txikitandik. Gaur egun ia jende guztiak sentitzen du zinemarekiko halako erakarpen bat, eta zinemagintzan aditu asko daude, baina ni lanean hasi nintzen garaian ez zegoen hainbesteko zaletasunik, eta Zazpigarren Arteak askoz ere presentzia txikiagoa zeukan kulturaren esparruan. Gaur egungo zinemagintzak ezberdintasun nabarmen eta itzela dauka gainerako arteen aldean: hiritarren artean zabalduen dagoen diziplina da, inolako zalantzarik gabe. Ni zinema zuzendari izan nahi zuten lagun batzuen bitartez sartu nintzen zinemaren munduan, beren pelikuletarako musika konposatzera bultzatu nindutenean. Oker ez banago, nire anaia José Luisentzat konposatu nuen lehendabizikoz, zinemaren munduan hasiberria zenean. Ez dut melodiaren hasiera oso ondo gogoratzen, baina hainbat pasarte eta irudiz bai, oroitzen naiz. Horrelaxe sartu nintzen Zazpigarren Artearen munduan, hirurogeita hamarreko hamarkadaren bukaeran nire anaiaren pelikuletan esperimentuak eginez. 1980an, Montxo Armendáriz zuzendariaren "Ikusmena" film laburrerako musika konposatu nuen, eta, hurrengo urtean, 1981ean, Juanba Berasategiren “Fernando Amezketarra” film laburrerako. Eta, gero, gerokoa etorri zen. Nola bururatzen zaizkizula pelikuletarako melodiak? Filmeko gidoiak berak, edota zuzendariak daukan asmo nagusiak, ideia asko ematen dizkidate. Ziur aski, argazkilaria eta argiztatzailea egoten diren egoera berean egoten naiz ni ere. Askotan, pelikularen ezaugarri edo elementu jakin batzuek tonu zehatz bat ematen diote pelikulari, baina filma muntatzen hasten direnean iristen da ideiak aplikatzeko garaia. Orduantxe hasten naiz pelikulak zehazki zein musika mota behar duen antzematen, eta, hori bakarrik ez: baita ere musikarik beharko duen edo ez. Zeren eta behar-beharrezkoa da pelikula batek musikarik behar duen edo ez planteatzea. Beti formulatu behar da galdera hori, funtsezkoa da. Oker daude pelikula batek musika derrigorrean behar duela pentsatzen dutenak. Oso posible da musikaren beharrik ez izatea. Inoiz egon al zara horrelako kasuren baten aurrean? Bai. Eta azkenaldian, gainera, askotan. Ez dakit oso ondo zergatik. Beharbada, galdera horri lehen baino garrantzi handiagoa ematen diodalako, eta musikaren beharrik ez zeukaten pelikula dezente ikusi ditudalako. "Te doy mis ojos" filmerako musika konposatzerakoan, adibidez, konturatu nintzen zuzendariak errealitate gordina erakutsi nahi ziela ikusleei -hau da, elementu zinematografikorik erantsi gabe-, eta irudi horiek musikatzeak errealitate hori nahastu edo zikindu egingo zuela iruditzen zitzaidan. Fantasiazko pelikulek, orokorrean, aukera handiak ematen dituzte musika sartzeko, baina historia errealetan, aldiz, zailagoa izaten da, musika, kasu batzuetan, arrotza gerta daitekeelako. Nola aritzen da lanean zinemarako musika konpositore bat? Alegia, zein sistemari jarraitzen dio? Zuzendariek pelikularen gidoia bidaltzen didatenean, aztertzen hasten naiz. Normalean ez dut zuzendariekin gehiegi hitz egiten, filmazioaren hasieran aktoreekin eta filmazioaren inguruko alderdiekin buru-belarri ibiltzen direlako. Konpositoreok pelikula amaitzear dagoenean sartzen gara mamira, eta behin eta berriro ikusten dugu filma. Nik buruz ikasten ditut pelikula eta gidoia; den-dena zehatz-mehatz ikasten saiatzen naiz, zeren, horrela, filmaren nondik-norakoak buruz jakinik, edozein leku eta ordutan has naiteke musikari buruz pentsatzen; ez dut filma ikusten egon beharrik. Gainera, filma hain barneratuta daukadanean, xehetasun guztiak ezagutzen ditudanean, musika nire hizkuntza berbera erabiltzen hasten da. Ideia bat otutzen zaidanetik garatzen dudanera arte, denbora dezente igarotzen da, prozesua oso motela izaten da, pixkanakakoa, baina, batzuetan, aitaren batean gertatzen da, azkar-azkar. Ziur aski, beste arlo askotan ere prozesua antzekoa izango da ideiak otu eta lantzeari dagokionez, baina musikan, zenbaitetan, horixe gertatzen da: dena di-da batean gertatzen dela, azkar-azkar, eta hori oso interesgarria da. Normalean etxean aritzen naiz lanean, baina, noizbehinka, estudioetara hurbiltzen naiz, grabatzen hasi baino lehen probak egitera, entseguak ikustera, eta irudiak zuzendariarekin batera komentatzera. Musika nola gelditzen den ikusten dugu, eta erabakiak bion artean hartzen ditugu. Zenbaitetan, ez al zaizu funtzionalegia iruditzen zinemarako musika? Non daude sormenaren independentziaren mugak? Zinemarako musikak bi alderdi izan behar ditu. Batetik, alderdi funtzionala dago, dudarik gabe garrantzitsuena, ezinbestekoa delako pelikulak behar bezala ulertzeko. Funtzionalitateari esker bihurtzen dira melodiak zinematografiko. Baina, horrez gain, ikuslearen edo entzulearen itxaropenak ere ase behar dira. Eta aspertu gabe, jakina. Baina hori lortzea ez da hain gauza erraza. Eta, beste alde batetik, musikak nortasuna izan behar du, funtzionalitate horretatik kanpo ere atsegina eta pozik entzuteko modukoa izan dadin. Zure ustez, Espainiako zinemagintzak merezi duen garrantzia ematen al dio musikari? Nire iritzian, melodia batek, ospetsu edo ezaguna izatera iristeko, ona izan behar du. Espainiako zinemagintzak sekula ez du musikaren alde apustu handiegirik egin; inoiz ez dio arreta gehiegirik eskaini. Zalantzarik gabe, gauzak asko aldatu dira, baina, hala ere, ezagutu ditut musikari aurrekontuko %0,3 besterik zuzendu ez dioten ekoizpen batzuk. Hirurogeita hamarreko hamarkadatik laurogeita hamarreko hamarkadaren erdialdera bitartean, Espainiako zinemagintzak ez dio kasurik txikiena ere egin musikari, erabat baztertuta izan du, inolako garrantzirik eman gabe. Musikagileari pelikula jada amaituta zegoenean deitzen zioten, irudiak girotzeko musika konposa zezala eskatuz. Baina, musikari, daukan garrantzia eman behar zaio; ez zaio konpositoreari dena prest dagoenean deitu, bukaeran, baizik eta erdialdean, aukera guztiak ondo aztertzeko aukera izan dezan. Nik ez dut uste pelikula guztiek daukatenik musika eraman beharra, baina film batzuek bai, eta gainera asko eta oso ona. Baina, jakina, oso ona izateko, aurrekontu egokia eta konpositore onak behar dira. Nire iritzian, musika behar duten pelikuletan benetan merezi du dirua inbertitzea eta ahaleginak egitea. Nolanahi ere, musikaren alderdia gero eta gehiago zaintzen eta mimatzen dela ematen du. Bai, duela zenbait urte baino garrantzi handiagoa ematen zaio. Gainera, zuzendari gazteek, nire ustez, askoz ere hurbilago sentitzen dute musika, gehiago maitatzen dute. Konpositore eta musika egokiak aurkitzeko ahaleginak egiten dituzte, gehiago arduratzen dira, eta hori oso positiboa da. Julio Medem eta Pedro Almodóvar zure izatezko bikoteak direla esan izan da. Ziurrenik, zuzendaria ondo ezagutzea lagungarria izango da pelikuletarako musika konposatzeko orduan. Medem eta Almodóvar erabat ezberdinak dira, ez daukate zerikusirik. Batzuetan harrituta gelditzen naiz zeinen esparru ezberdinetan mugitzen naizen ikusita. Dena den, azkenean pelikula bera izaten da jarraitu beharreko bidea erakusten dizuna. Zuzendariaren nahia hor dago, ez dago ukatzerik, baina, batez ere, pelikula bera da ildoa. Zuzendari batek oso pelikula ezberdinak egin ditzake, eta pelikula bakoitza berezia izango da. Juliok eta Pedrok ez daukate zerikusirik; bakoitza planeta ezberdin batekoa da, baina niri asko gustatzen zait erregistroz aldatzea; oso interesgarria iruditzen zait zuzendari ezberdinekin aritzea. Eta, ziur aski, niri bakarrik ez; baizik eta baita beste edozein musikari zinematografikori ere. Helburua ez da estilo bakar bat lantzea, baizik eta, estilo eta egoera ezberdin pilo baten aurrean, musikaren malgutasunak ematen dituen aukera guztiei etekina ateratzen jakitea. Soinu Banda Onenari dagozkion sei Goya sari irabazi dituzu. Zer adierazi nahi dute garaikur hauek guztiek zuretzat? Sari horietako bakoitzak, jasotzeko unean, sekulako poza eman dit. Zorte handia izan dut hainbeste sari jasotzeagatik. Zortea diot, sariak lortzeko sukarrak jota ibili gabe eman dizkidatelako. Gainera, irabazten ez dudanean, ez da ezertxo ere gertatzen. Zorionez, ez daukat "Goyaren sindrome"-rik; ez nago sariak irabaztearekin itsututa. Nolanahi ere, sekulako poza hartu dut eman dizkidatenean -nola ez ba!-, baina, nire ustez, artearen munduan lehia bultzatzea ez da batere komenigarria. Gauza bat da kirola, eta, beste bat, oso bestelakoa, kultura. Zentzugabekeria galanta iruditzen zait artelan bat beste bat baino hobea dela esatea. Nire eszeptizismoa kontuan hartuz, zorte izugarria izan dut sariak irabazi izanagatik, baina, hala ere, oso zaila iruditzen zait artelan batzuk hobeak eta beste batzuk okerragoak direla erabaki behar izatea; ez-dakit-zenbat izarretakoak direla esan behar izatea. Sarien atzean beti egoten da halako promozio kutsu bat, pelikulak jendartean ezagutzera emateko asmoa, gizartearen arreta erakartzeko. Nolanahi ere, musikari ematen zaion sariak ez du beste munduko eragin edo garrantzirik. Ba al da modu berezian miresten duzun konpositore, melodia edo pelikularik? Askotan eskatzen didate nire bost pelikula kutunenak aipa ditzadala, eta, tira, galderari erantzun bat ematearren, zer edo zer erantzuten dut, baina, egia esateko, ez daukat pelikula edo melodia kutun-kutunik. Zineman gauza on asko dago, eta ezinezkoa zait bat aukeratzea. Eta, gainera, etengabe aldatzen ditut nire gustuak. Aurreko batean, adibidez, "The bridge on the river Kwai" filmari buruz hitz egiten aritu nintzen lagun batekin. Berak esaten zidan pelikulako melodiak ukitu trauskil bat zeukala, eta, nik, ordea, esaten nion zoragarria iruditzen zaidala batailoi guztia abesti berdina txistukatzen entzutea. Melodia hori aski ezaguna bihurtu da gizartean, eta hori oso garrantzitsua iruditzen zait. Leku guztietan entzuten da, jende guztiak ezagutzen du. Sakelako telefonoetan zein iratzargailuetan entzun daiteke. Oso fenomeno bitxia iruditzen zait zinemako melodia batzuk fetix bihurtzea. Arrazoi bat edo beste dela medio, ba al da besteak baino hobeki gogoratzen duzun lanik? Lan osoak baino gehiago, pasarteak dauzkat gogoan, oso oroitzapen atseginak. Esate baterako, asko gustatzen zait "Hable con ella" filmean agertzen den "El amante menguante" pelikulako historia mutua. Izugarri dibertitu nintzen hori egiten. Izan ere, ondo pasatzea funtsezkoa iruditzen zait. Medemen "Vacas" filmeko musika egiten ere oso gustura aritu nintzen. Ez ditut xehetasunak ondoegi gogoratzen, baina badakit oso pozik egin nuela lan hori. Pedro Almodóvarrekin ere oso une atseginak igaro ditut. Bolada latz edo gogorrak ere ezagutuko zenituen. Bai, oso gogorrak. Askotan esaten da musika zinematografikoa hizkuntza funtzional bat dela, eta betebehar asko dauzkala. Orduan, hainbeste betebehar izanik aske sentitzen ote naizen galdetzen didate noizean behin, eta, egia esateko, ideia bakar bat ere bururatzen ez zaidanean sentitzen dut itolarria, zeren eta, burua ideiez gainezka daukadanean, ia nahiago izaten dut arazoak sortzea, egoera horrek aurrera egitera bultzatzen nauelako. Ez dit askatasuna kentzen, alderantziz baizik, kitzikatu egiten nau. Arazoa sortzen da ideiarik bururatzen ez zaizunean, dela pelikulak ez dizulako ezer esaten, dela beste edozein arrazoirengatik. Ikusten al dituzu zure musika daramaten filmak? Ez. Pelikula bateko musika prestatzen dudanetik pelikula ikusten dudan arte, denbora tarte handia igarotzen da. Egia esateko, gogo berezirik ere ez dut izaten; nahiago dut beste pelikula batzuk ikustera joan. Nire musika daraman pelikula bat ikusi baino lehen, denbora tarte bat igarotzen uzten dut, egin nuena zehatz-mehatz ez gogoratzeko. Oso esperientzia atsegina iruditzen zait: zeuk egindakoa ahaztu, eta beste norbaitek egin izan balu bezala ikustea. Oso sentsazio bitxia da, baina oso interesgarria. Zinemarako bakarrik ez; Nacho Duatoren konpainiarako eta telebistako iragarkiren baterako ere konposatu izan duzu. Beste arloren batean aritu nahiko zenuke? Bai, antzezlan musikaturen batean. Ez dakit nola izendatu, opera edo "kuasiopera", baina asko gustatuko litzaidake horrelako zerbaitean aritzea. Dena den, ez nuke opera luzeegia edo astunegia izaterik nahi, astuna iruditzen zaidalako hiru ekitaldi oso jasatea. Niri arinagoa den zerbaitetan aritzea gustatuko litzaidake, opera tradizionala egiteko konpromisorik izan gabe. Izugarri gustatuko litzaidake antzezlan edo opera eramangarri bat aurkitzea. Eta, orain bertan, zein egitasmo dauzkazu eskuartean? Idazten eta ikasten ari naiz, baina helburu zehatzik gabe. Hurrengo filmerako lanean hasi arte, atsedenaldi bat hartu dut, lanean etenik egin gabe aritzeak neurri batean mugatu egin dezakeelako sormena. Nik beti egiten dut eten bat pelikula baten eta bestearen artean, eta zain gelditzen naiz. Zeren zain? Musak nire atetik sartzen ikusteko zain. Alberto Iglesias (Donostia, 1955)
Donostian Pianoa, Harmonia eta Konposizioa ikasi zituen, eta, ondoren, Bartzelona, Paris eta Milanen jarraitu zuen ikasketak egiten. Laurogeiko hamarkadan zinemarako musika konposatzen hasi zen, eta berehala egin zen ezagun, bereziki Imanol Uribe zuzendariarekin batera Euskal Herrian egindako lanengatik. Iglesias ia halabeharrez sartu zen Zazpigarren Artean, bere lagun batzuk euskal zinema modernoan zuzendari lanetan hasi zirenean haien pelikulak musika zitzala eskatu ziotenean. Alberto Iglesiasek laurogeita hamarreko hamarkadan lortu zuen ospea, bereziki Julio Medem eta Pedro Almodóvarren filmetan egindako lanari esker; izan ere, bi zuzendari hauen pelikuletarako egindako musikengatik, Soinu Banda Onenaren sei Goya sari eskuratu ditu dagoeneko.
FILMOGRAFIA:
2003 La mala educación (Pedro Almodóvar)
2003 Te doy mis ojos (Iciar Bollaín)
2003 Comandante (Oliver Stone)
2002 Pasos de baile / The Dancer Upstairs (John Malkovich)
2002 Hable con ella (Pedro Almodóvar)
2001 Lucía y el sexo (Julio Medem)
1999 Todo sobre mi madre (Pedro Almodóvar)
1998 Los amantes del Círculo Polar (Julio Medem)
1997 La camarera del Titánic (Bigas Luna)
1997 Carne trémula (Pedro Almodóvar)
1996 Tierra (Julio Medem)
1995 Una casa en las afueras (P. Costa)
1995 Pasajes (Daniel Calparsoro)
1995 La flor de mi secreto (Pedro Almodóvar)
1993 La vida láctea (J. Estelrich)
1993 La ardilla roja (Julio Medem)
1993 Dispara (Carlos Saura)
1992 Vacas (Julio Medem)
1988 Lluvia de Otoño (José Ángel Rebolledo)
1987 El sueño de Tánger (Ricardo Franco)
1986 La playa de los perros (J. Fonseca e Costa)
1986 Adiós pequeña (Imanol Uribe)
1985 Luces de Bohemia (Miguel Ángel Díez)
1985 Fuego eterno (José Ángel Rebolledo)
1984 La muerte de Mikel (Imanol Uribe)
1983 La conquista de Albania (Alfonso Ungría)
1981 Cortometraje Fernando Amezketarra (Juanba Berasategi)
1980 Cortometraje Ikusmena (Montxo Armendáriz)
BESTERIK:
1992 Cautiva (kontzertua)
2003 Comandante (dokumentala)
SARIAK:
Goya (sei sari eta izendapen bat), honako pelikula hauei esker irabaziak: La ardilla roja (1993), Tierra (1996), Los amantes del Círculo Polar (1998), Todo sobre mi madre (1999), Lucía y el sexo (2001), Hable con ella (2002). Finalista izan zen Vacas filmagatik (1992). CEC (1. saria): Hable con ella (2002). MundoBSO (sari bat eta bi izendapen). Hable con ella (2002) pelikulari esker izan zen garaile, eta Lucía y el sexo (2001) eta Te doy mis ojos (2003) filmengatik finalista. Menua ELKARRIZKETA Inicio > EM 255 > Elkarrizketa -->
2004/05/21-28