Ana Agirre. Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Sailburua: Gaur egun Euskadin I+G jarduerak egiten dituztenak 1.000 enpresa dira. Lisboan finkatutako helburu europarrera iritsi nahi badugu 500 gehiago behar ditugu

2005-10-28

BREA, Unai

Laster urte bi izango dira Ana Agirre bizkaitarrak Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren ardura nagusia bereganatu zuela. Lana ez zuen guztiz ezezaguna ordea, 1999tik egon baita sailean, sailburuorde ardurarekin lehenengo urteetan. I+G+b-az galdezka joan gatzaizkio, eta ondo neurtutako erantzunez ase du gure jakingura. Gaiak garrantzi handia dauka Agirrek zuzentzen duen Sailean, eta sailburuak azken urtetako aurrerapausoen berri eman digu, datu mordoaren laguntzaz. Bide onean gaude, antza, baina ezin pentsatu dena eginda dagoenik, oraindik falta zaigu-eta helmugara ailegatzeko.

Azken urteetan gure ohiko hiztegira igaro dira I+G+b siglak, baina, zer da I+G+b zehazki?

Hiru jarduerari buruzkoak dira I+G+b siglak: Ikerketa, oinarrizko ikerketa zientifikoa edo ikerketa zientifiko aplikatua. Garapena, produktu eta prozesuen garapena; eta berrikuntza, zentzurik zabalenean ulertu behar dena, taldeen sarreratik merkaturatze eta prestakuntzara arte. Ideia tradizionalari begira, batetik bestera doan segida bat dagoela ulertu behar dugu, horrela ikerketa produktu bilakatzen da. Baina praktikan askoz korapilotsuagoa da. Gainera, kontuan hartu behar dugu berrikuntza kontzeptuak aurreko guztia biltzen duela, jarduera ekonomikora mugatuz: produktu berria merkatuan jartzen duen prozesutzat hartzen da.

Eta zer aurrerapauso egon da Euskadin I+G+b-aren alorrean?

Nire ustez aurrerapausorik handiena berrikuntzarako euskal sistema sortzea izan da, bere sorreratik bai gaitasunean baita erlazioan ere haziz joan den sistema hain zuzen. Jakina denez, sistema honen oinarririk garrantzitsuenetakoa Zentro Teknologikoen sarea da, euskal ekonomiarentzako lehiakortasun abantaila dakarren faktore bereizgarria. Sistemaren beste oinarrietako bat enpresen Ikerketa eta Garapenerako laguntza politika izan da, enpresen arteko eta enpresa eta zentro teknologikoen arteko lankidetza bultzatuz. Estatutoaren 10.16 artikuluan aurreikusitako zientzia eta teknologia politikaren eskuduntza transferitu gabe egon arren, eta estatuaren jardueren eraginkortasuna oso urria izan arren, I+Gan egindako gastua 22 aldiz biderkatu da azken 22 urteotan; huskeriatik egungo BPGaren %1,5era iritsi gara. Hauek izan dira, nire ustez, lorpenik esanguratsuenak.

Zientzia eta teknologia politika eskuduntza transferitu gabe dioela diozu. Zer abantaila –edo desabantaila- ekarriko luke transferitzeak?

Abantaila asko, zalantzarik gabe. Berrikuntza politikak ezin du era zentralizatuan funtzionatu, izan ere berrikuntza sistema lurraldeari itsatsita egon behar baitu, eskaintza (zentro teknologikoak eta unibertsitatea) eta eskaeraren (enpresa) arteko harremana ematen den tokian. Eskaintza bultzatzeko prozesuak eskaeraren beharretara egokituta egon behar dute, eta honen sustapenak zentro teknologikoekin lankidetza bilatu behar du, enpresa guztietara iritsi ahal izateko. Hau Madriletik egitea ameskeria baino ez da. Beste kontu bat ere badago gainera, legea; legea bete egin behar da eta administrazio zentralak egin nahi izan ez duenez, guk aurre hartu behar izan diogu, berrikuntza sistema propioa garatuz. Transferentziarekin zer lortuko genukeen? Europarekin konbergentzia teknologikoa lortzeko baliabideak eskura izatea. Gai oso serioa da, lehiakortasun globalak aurrerapauso hori ematera behartzen gaitu-eta.

Besteen mailan gabiltza, okerrago, hobeto?

Galderak badu bere garrantzia. Izan ere, aurrerapausoak eman ditugu, baina horrek ez du esan nahi lehentasunezko tokian gaudenik. Alderaketaz hitz egiten dugunean, beti ere errazena arlo kuantitatiboetara jotzea da, eta zentzu honetan, estatuarekin alderatuz oso ondo gaudela esan beharko genuke, estatuan BPGaren %1ean daudelako; baina erreferentziatzat Europa hartuz gero, %2, onartu beharra dugu urruti samar gaudela. Ez hori bakarrik, kontutan hartu behar dugu berrikuntzaren lasterketa honetan garatzeko bidean dauden herrialdeak toki nabarmena hartzen ari direla. Adibidez, Txina atzeratutako ekonomiatzat hartzen dute askok, eta behar bada gutxik daki 2003.urtean BPGaren %1,3ko ahalegina egin zuela.

Zeintzuk dira, orduan, etorkizunerako erronka nagusiak?

Betidanik izan dugu kontuan garapen teknologikoak duen garrantzia, baina egun, lehiakortasun globalak eta lehian ari diren herrialde guztiek egiten duten ahaleginak, gehiago egitera behartzen gaituzte. Jaurlaritzak azpimarratu du, bere garaian errenta edota enpleguan konbergentzia lortu badugu, orain konbergentzia teknologikoa lortzeko garaia iritsi dela. Europan %3ko helburua finkatu da, baina uste dut zaila izango dela hori lortzea, egungo joerak jarraituz %2,3an geldituko dela aurreikus daiteke-eta. Edozein kasutan, helburu hori lortu edo ez, guk Europarekin bateratzeko ahalegina egin behar dugu; eta horretarako irizpide baliagarria, gure ustez, I+G politikaren baliabideak BPG nominala baino hiru bider gehiago haztea da.

Zenbakien kontua ez da ikuspegi eskematikoegia?

Daitekeena da, bai. Batzuetan zenbakietan galdu egiten garela ematen du, eta zenbaki horien atzean dagoenaz ez dugula hitz egiten. Baina, onartu beharra dago zenbakiak baliagarriak direla gizarteari erronkak eta asmoak helarazteko, baita baliabide arloan egin beharreko ahalegina finkatzeko ere. Guzti honen atzean egundoko erronka dago: zentro teknologikoen gaitasunak indartzen jarraitzea, nazioartean proiekzio gehiago duten plataforma lehiakorragoak izan daitezen; baita eskaeran gehiago erreparatzea ere, “zer” izatetik “zertarako” izatera pasatuz. Erronka honen argazki bat egite aldera, gaur egun 1.000 enpresak dihardute I+G jardueratan; Lisboan finkatutako helburu europarrera, alegia %3ra, iritsi nahi badugu 500 enpresa gehiago behar ditugu. Honek esan nahi du ez dugula bakarrik egun dagoena mobilizatu behar, jakintza arloan eduki gehiago duten produktu eta sektoreetara iristeko egitura aldaketa ere bultzatu behar dugu.

Hau ote da Biobask Estrategiaren kasua?

Bai, noski. Hau da egitura aldaketaren adibide bat, teknologiaren eskutik sektore ekonomiko berri bat bultzatzen ahalegintzen ari gara. Hizkuntza teknikoan, “push”aren ordez “pull”aren estrategia bezala ezagutzen da, eta zailtasun handiak ditu. Egia da, arestian aipatu dut eskaeran erreparatu beharra. Baina azpimarratu nahi nuke Biobask bezalako estrategiak ondo aztertutako lankidetza ereduetan oinarritzen direla, CIC edo Ikerketa Kooperatiboetarako Zentroa izenez ezagutzen duguna. Bertan sektoreko enpresa pribatuek, ikerketa gaitasun handia duen ikerketa zentru indartsu batekin lan egiten dute. Zentro hau, gainera, hemendik gutxira indartu egingo da biologia estrukturaleko azpiegitura aurreratu bati esker. Aldaketa beti apustua da, baina oinarri sendoetan oinarritutako apustua.

Profesionalen prestakuntzaz hitz egin behar dugu ezinbestean. Aurrerapausoak eman dira horretan, baliabideak daude?

Zientzialari eta teknologorik gabe ez dago ez zientzia ezta teknologiarik ere. Hau bistakoa da, baina sarritan ahaztu egiten dugu aurrekontuen atzean pertsonak daudela, eta arestian aipatu bezalako apustuak pertsonengan jarritako konfiantzan oinarrituta daudela. I+G-an jauzi handi bat eman nahi badugu profesionalak beharko ditugu, eta mundua gero eta irekiagoa den honetan, profesionalik onenak lortzeko lehia basatia izango da. Behar bada harrigarria izango da, baina Euskadi oso erakargarria da ikertzaileentzat, eta Biogunearen esperientzia dugu horren adibide. Dena dela, eta ulertzekoa denez, gure asmoak geure giza baliabideak garatzea izan behar du, eta horretarako profesionalen trebakuntzarako baliabideak jartzeaz gain, zientzialari eta teknologoen ikasketei erakargarritasuna eman behar zaie. Zentzu honetan, esan behar dut laguntza programak garatzen hasiak garela; Industria, Merkataritza eta Turismo sailetik, zentro teknologikoetako pertsonen trebakuntzara zuzendu ditugu laguntza horiek, produktibitate handia lortzeko asmoz. Gazteei esan nahi nieke ikasketa edo karrera zientifikoa aukera profesional interesgarria dela eta izango dela; zorrotza, bai, baina gazteriarentzako erronka zoragarria iruditzen zait.

Nola egokitu gara aro postindustrialera?

Guk beti harro hitz egin dugu ekonomia industrialaz eta horrela izaten jarraitzeko proiektuaz. Horregatik, eta gaizki ulertzerik egon ez dadin, lehenengo eta behin azpimarratu nahi nuke errenta handiko ekonomietan berezkoa den hirugarren sektorearen indartze-prozesuan murgildu arren, Euskadin azken hamar urteotan industria sektoreak BPGaren %30eko kuotari eutsi diola eta 45.000 lanpostuko hazkundea izan duela. Hortaz, ez dago desindustrializazio seinalerik; “post” horrek ez du “des”arekin inolako loturarik. Hau argituta, guk esan ohi dugu lehiakortasun ereduak hiru garai izan dituela: lehenengoan faktoreekin lehiatu zen (input-en kostua); bigarrenean langile bakoitzeko kapitala nabarmendu zen (inbertsioa) eta hirugarrenean berriz, lehiakortasun faktorea jakintza da.

Garapenaz hitz egiten ari garela, ezinbestekoa izango da garapen jasangarria aipatzea. Zeintzuk dira Industria, Merkataritza eta Turismo sailaren ildoak horri dagokionez? Sail honek betebehar garrantzitsua du garapen jasangarriaren sustapenean, bi arrazoi direla medio: lehenengo eta behin, bere erreferentziazko sektoreak, zuzenean euskal ekonomiaren erdia ordezkatzen dutelako; eta bigarrenik, energia politikaren arduraduna delako, eta honek jarduera guztietan du eragina. 2010 urteari begira, energia politikan, jasangarritasunari dagokionez jarritako helburuak honako hauek dira: energia %15ean aurreztea eta energia-intentsitatea (BPGaren unitate bakoitzeko kontsumitzen den energia) %16 murriztea, iturri berriztagarrien bidezko ekoizpena, kontsumoaren %12ra igotzea eta pixkanaka ziklo konbinatuko zentralek zentral termikoak ordezkatzea. Guzti honekin aurrerapauso handia emango dugu Kiotoko hitzarmenak betetze aldera, eta Euskadik bere CO2 igorpen mailak 1990eko oinarriaren %11 bakarrik igo ditzan, Espainiar estatuaren konpromisoaren azpitik (%15). Ana Agirre Zurutuza (Bilbo, 1957) Ana Agirrek Zuzenbide ikasketak burutu zituen Deustuko Unibertsitatean (1975-1980), arlo juridiko-ekonomikoan. Ondoren, bere heziketa bestelako ikasketa batzuekin osatu zuen: Europako Ikaskuntzak, Deustuko Unibertsitateko Europako Ikaskuntzen Institutuan (1984-1985); Politika Bateratuak (1985) eta Barruko Merkatua (1986), Maastrichteko Administrazio Publikoko Eskola Europarrean. 1981etik dago Eusko Jaurlaritzan, teknikari moduan hasieran, eta hainbat kargu bere gain hartuta 1984tik. Besteak beste, Industria eta Merkataritza Saileko Aholkularitza Juridikoko burua (1984-1986), Lehendakaritza eta Justizia Saileko lehenengo burua eta letratua (1986-1987), Lan eta Gizarte Segurantza Saileko Idazkaritza Nagusi Teknikoko zuzendaria (1987-1991), Gai Ekonomikoetarako Lehen Lehendakariordetzako Bulegoko zuzendaria (1991-1995), Industria, Nekazaritza eta Arrantza Saileko aholkularia (1995-1999) eta Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko sailburuorde mailako aholkularia (1999-2003) izan da. 2004ko urtarriletik, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburua da.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

Précédents

Joxerra Gartzia. Komunikazioan aditua: Askoren kezka nagusia ergatiboa zuzen erabiltzea da, baina ergatibo guztiak bere tokian jarrita inor hunkitzeko gaitasunik ez daukan diskurtsoa alperrikakoa da

 

Irakurri

Jose Miguel Larrañaga. Aranzadi Zientzia Elkarteko lehendakaria: Galtzen bazara, erreka bilatu eta ura jarraitu, iritsiko zara-eta

 

Irakurri

Iñaki Mujika. Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako Sailburuordea: Irakasleek ikasten ikasteko, ikasitakoa desikasteko, eta aurrera egiten ikasteko aukera ematen duten agertoki didaktikoak bultzatu behar dituzte

 

Irakurri

Jon Marcaide Osoro. Astrofisikaria: Politika zientifikoan adore politiko gutxi egon da beti

 

Irakurri

Fernando Hualde. Etnografoa: Euskara despolitizatu egin behar da, eta Nafarroako ondarearen oinarrizko pieza bat dela ikusarazi

 

Irakurri