Antonio Roa: "Donejakue Bidea erabat aldatu da, alderdi espirituala atzean utzi baita"

1999-09-08

AGIRRE, María

Elkarrizketa Antonio Roa, Lizarrako Bidearen Lagunen Elkarteko kidea "Donejakue Bidea erabat aldatu da, alderdi espirituala atzean utzi baita" Maria Agirre Donejakue Bideaz gaur egun asko eta asko hitz egiten bada ere, eta ibilbide hau urtero milaka erromesek egiten duten arren, duela 25 urte apenas entzuten zen ezer honi buruz, eta oso gutxi izaten ziren ibilbidea egitera animatzen zirenak. Antonio Roa, Lizarrakoa, Donejakue Bidea ia ahaztuta zegoela eta ia erromesik ez zegoenean ibilbidea egin zuenetako bat dugu. Garai hartan, bide hau berpizten aitzindari izan den Lizarrako Bidearen Lagunen Elkarteko kide zen Roa jauna. 1963an egin zenuen lehen aldiz Donejakue Bidea. Halaxe da. Donejakue Bidearekin zer egin zitekeen ikusi nahi genuen. Donejakue Bidea berpiztea zen asmoa; beraz, ibilbidea egin beharra zegoen zer eman zezakeen jakiteko. Nire koinatu batekin eta Jose Maria Jimeno Jurio historialariarekin egin nuen bidea, gurdi eta mando bat geneuzkala. Orreagatik abiatu ginen eta 21 eguneko bidaia egin genuen. Karitateak zerbait emango zigunaren itxaropenarekin abiatu ginen, baina oso gutxi ematen zuela ikusi genuen. Egia esan, ez zegoen jendea erromes ikusteko ohiturarik. Burutik jota geundela esaten ziguten. Ez zen ohikoa hiru gizon gurdi eta asto batekin, erromesez jantzita eta burdinezko gurutze batekin ikustea. Hala eta guztiz ere, erromesei harrera egitea ez zenez ohikoa, oso ongi etorri ederra egin ziguten Santiagon. Poliziak Santiagora iritsi arte eskoltatu gintuen, Udalak udalbatzan hartu gintuen, erreportai bat ere egin ziguten NO DOan. Esperientzia ona izan zen benetan, eta ordudanik Donejakue Bidearen inguruan aritu naiz bete betean. Sei urtez Lizarran dagoen Bidearen Lagunen Elkarteko presidente izan nintzen, baina aurten utzi egin dut, lan kontuak direla eta. Bada XIX. mendean jendea erromes ibili izanaren erreferentziarik, gehienetan erruki kontuengatik, baina XX. mendean indarra galdu zuen. Dozena erdi bat izango ginen bidea 1963an egin genuenok.Normala da gauza hauek arrakasta izan eta gero gainbehera joatea. Noiz sortu zen Lizarran Bidearen Lagunen Elkartea, eta nondik sortu zen ekimen hori? 1958. urterako idatzita zeuden elkarte honen estatutuak. Francisco Beruete ren adimen eta gogo biziari esker sortu zen. Oraindik bizi den gizon honek intuizio handia izan zuen; gainera, bidea ezagutzen zuen eta inguruan bildu zuen jende praktikoarekin aurrera egitea lortu zuen. Elkarteak mundu guztiko kideak izan ditu bere baitan, bakarra izan baita. Bazkide alemananiarrak, frantsesak, ingelesak, belgikarrak, txekoslobakiarrak, errumaniarrak... geneuzkan. Gaur egun atzerritarrek badauzkate beste zenbait aukera, zeren eta Alemanian hiru elkarte daude, Ingalaterran beste hiru, Eskozian ere bai... Hain zuzen ere Lizarrako Elkartea izan da gainerako guztien sorburua. Egun 80 edo 85 elkarte inguru egongo dira. Lizarrako elkartearen helburua, Donejakue Bidearen azterketa eta ezagutza maila espiritual, kultural eta sozialean bultzatzea da. Beste aldetik, erakundeei ondare espiritual eta arkitektonikoa kontserbatzen laguntzen diegu. Zer nolako pisua dauka gaur egun elkarte honek? Garrantzitsua izaten jarraitzen du. Egun, Elkarteen Federazio bat dago, instituzioen mailan indar gehiago izatearren, eta gure elkartea bertako partaide da. Zein jarduera mota antolatzen dituzue? Lizarran dagoen Donejakue Bidearen Lagunen Elkartearen babesarekin, eta Francisco Berueteren laguntzaz, Ertaroko Ikaskuntzen Astea sortu zen Lizarran, harri bitxi bat. Ondoren Aitzinako Musikaren Astea etorri zen, gaur egun Diputazioak zuzentzen duena. Orreagako Batailaren Mendeurrena ere ospatzen dugu, eta baita Sefardi Ikaskuntzen Astea ere. Bizitzaz eta ilusioz betetako elkarte bat izan da, eta da. Lizarra derrigorrezko erreferentzia bilakatu da Donejakue Bidean. Zer ematen dio Lizarrak Donejakue Bideari? Eta zer ematen dio Donejakue Bideak Lizarrari? Lizarra, bideari begira sortua da. Lizarra, Ega ibaiaren ertzean zegoen herriska bat zen, eta guztizezezaguna zen Donejakue Bidearen baitan. Bidea Iruñatik zetorren, eta Lizarra kanpoan gelditzen zen. Sancho Ramírez izan zen Lizarra bultzatu zuena, Donejakue Bidea Lizarratik pasarazi baitzuen. Hortaz, bidea desbideratu zuen. Donejakue Bideak asko lagundu du Lizarraren garapenean, eta orain Lizarrak itzuli egiten dio mesede hori, kultura eta prestazioen bitartez. Donejakue Bidea, pasatzen den herrien motor ekonomiko kontsidera al dezakegu gaur egun? Ez pentsa; ezin da motor ekonomikoa denik ere esan. Beti dago erromesen bati oinetakoak saldu dizkiola esaten dizun merkatariren bat, baina, egia esan, bidea egiten duen jendeak diru gutxi uzten du normalean. Beharbada jende gehiena gaztea delako gertatzen da, edota Santiago urrun gelditzen zaienez, ezin dutelako dirua neurririk gabe gastatu. Aldiz, pentsatzen dut, Lizarratik igarotzen direnean, erromesek beste aldiren batean itzultzea erabaki dezaketela herria hobeto ezagutu ahal izateko. Udaro herrira erromes ugari etortzen direla eta, zer sentitzen dute Lizarrako biztanleek? Ez daukagu inbaditzen gaituztenaren sentsaziorik. Aurten 500 bat erromes espero ditugu, baina egiten ari diren propaganda ikusirik, eta milurtekoko azken urte santua izanik, ziur aski gainditu egingo da kopuru hori. Zer erromes mota igarotzen dira Lizarratik? Frantzia, Alemania, Brasil, Belgika, Erresuma Batua, Estatu Batuak, Suitza, Holanda, Italia, Kanada, Danimarka, Australia, Irlanda, Finlandia, Zeelanda Berria, Polonia, Argentina, Kolonbia, Portugal, Andorra, India, Japonia, Paraguai...; ikusten duzunez, munduko leku guztietatik etortzen da jendea. Estatuari dagokionez, Madril, Katalunia, Andaluzia, Galizia, Valentzia, Extremadura, Gaztela eta Leon, Murtzia, Asturias... eta abarretik etortzen dira. Zer eskaintzen dio Lizarrako Elkarteak erromesari? Udal aterpe bat eta elkarteak kudeatzen duen erromesen ospitale bat dauzka Lizarrak. Batean zein bestean, erromesak lo egiten du, garbitu egiten da, eta sukaldean aritzeko aukera dauka. Gainera,aterpeak bizikletaz datozen erromesentzako karpa bat dauka. Aterpeek daukaten arazoa da iristen den lehenengoak hartzen duela lekua, baina lehenengoa ez da izaten nekatuen iritsi eta behar gehien daukana. Bestetik, kanping a, Iratxeko hotela eta Puyko Eliza dauzkagu, zeren eta erromesek elizan ere egin dezakete lo. Lizarran 500 edo 600 erromes ingururentzako lekua dago, eta behar izanez gero, baita gehiagorentzako ere. Erakundeek Donejakuerekiko daukaten interesa, Elkarteak sortu eta nahiko beranduagokoa da. Zein harreman daukate elkarteek erakundeekin? Harremanei dagokienez, nik Lizarrako Elkarteak dauzkanei buruz hitz egin dezaket. Esan beharreko lehenengo gauza da gaur egun oraindik egon badaudela Donejakueren fenomenoan sinestera iritsi ez diren komunitate politikoak, eta ez dute beharko luketen bezalako apusturik egiten. Nafarroan, gobernua oso zuhurra izan da beti. Nafarroako gobernuaren proiekzioa turismoaren mailakoa izan da. Lizarrari dagokionez, gobernuak Ertaroko Ikaskuntzen Astea eta beste zenbait jarduerei laguntza ekonomikoa ematen die. Bestetik, esan beharra dago, ez dugula Europatik xentimo bat ere jaso, ez dakit zenbat milioi bideratu dituztela esaten duten arren. Europako laguntzen gainean galdetu dugu, baina Nafarroako gobernukoek erantzun digute Madrilen kudeatzen direla diru horiek. Bidean zehar egiten ari diren ekitaldi batzuk ez al dira bidearen funtsa hutsaltzen ari, ibilbide turistiko bihurtuz? Donejakue Bidea erabat aldatu da. Atzean utzi da alderdi espirituala, guk asko zaintzen genuena. Bidea lehenengo aldiz egin genuenean, mezatara joaten ginen, egunero egiten genuen meditazioa. Gaur egun indar gehiago dauka alderdi kulturalak, sozialak... Agian ez da ona alderdi espiritualean bakarrik gelditzea, baina ez dezagun erromes bide bat dela ahaztu. Beste alde batetik, asmoaren kontua dago. Jendea asmo batekin atera daiteke, eta beste batekin amaitu. Ez dago bidea ongi pasatzeko egiten duen jendea zertan arbuiatu behar, baina ez da beharrezkoahauek erromes bezala agertzea. Niretzat erromesa da bidea errukiagatik, espiritualitateagatik, autoezagutzagatik edo hazkunde pertsonalagatik egiten duena. Gero kredentzialak daude, erromes txartelak. Lizarrako Elkarteak kredentzialak egiten ditu; hau da, pertsona Compostelako Santiagora doala dioen paper bat. Baina hori, jendeak aterpeetan ostatu hartzeko agiri moduko zerbait bilakatu da, eta, horregatik, jende guztiak eskatzen du kredentziala. Inor arbuiatzeko asmorik ez dut, baina niri erromes modura doazenak nortzuk diren argi uztea gustatuko litzaidake. Zer iritzi daukazu azken urte hauetan Bidean gertatzen ari den aldaketa eta masifikazioari buruz, bidaia agentziatan abentura bidaia modura eskaintzen den jomuga bihurtzeraino iritsi izanaz? Bai, baina zer egingo zaio bada. Guztia modu basati batean aldatzen ari da. Hori ez da ez ona eta ez txarra. Denborak aldatu egin dira. Zergatik harrapatzen du bideak pertsona, eta behin egiten duenak beste behin ere egitea erabaki? Arrazoi ugari daude. Lehenengoa, topaketarena. Bidean zehar bakarrik joatea oso gauza serioa da, eta egoera paregabeekin aurkitzen zara. Zeru eta lurraren artean zoaz oinez, zure esfortzuarekin, eta ez daukazu oinez joatea beste erremediorik. Bat gehiago besterik ez zara. Ondoren, kolektibitatea dago. Jendearekin topo egiten duzu, adiskidetu egiten zara. Maila espirituala ere hor dago, zeren eta isiltasunean Jainkoarekin hitz egiten duzu. Beste alde batetik, helburu batekin zoaz; izan ere, gaur egungo arazo handiena da jendeak helbururik ez daukala, helburu bakarra dirua edukitzeko lana egitea da. Kasu honetan, ordea, erromesak badaki finisterrera doala, eta horrek bideratu egiten du jendea. Bestetik, jende askok asmo desberdinez egin duen bide baten energia ere hor dago.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

Précédents

José Antonio Etxenike: "Kursaalarekin, Donostiak eta Gipuzkoak, espreski musikari eskainitako gune bat izango dute"

 

Irakurri

Antton Luku: "Iparraldean antzerkian aritzeko nahikeria handia dago"

 

Irakurri

Joan Mari Torrealdai: "Zentsurak basamortu kulturala ekarri zuen"

 

Irakurri

Jesús Altuna: "Ekain ez da Zestoa edo Debako ondarea soilik. Euskal Herri guztiarena da"

 

Irakurri

Sandy Ott: "Euskaldunak miresten ditut euren kultur-harrotasun eta tinkotasunagatik"

 

Irakurri