Arantzazu Amezaga. Idazlea: Etengabeko eztabaidan bizi da euskal gizartea

2010-12-10

VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA, Josemari

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Pertsona batek arrazoi asko eta asko ditu alderdi batekoa edo bestekoa dela pentsatzeko, urrun jaio eta hazi arren. Ez dago esan beharrik, urruntasun geografikoaren gainetik, hasiera-hasieratik pertsona bere inguru hurbiletik kanpoko kausa bati helduta haz daitekeela. Eta hamaika arrazoi dago bere familia-ingurua konprometitu duen arrazoi existentziala garatzen eta bizi izaten aktiboki inplikatu eta arrazoi hori bere bizitzako “leitmotiv” bihurtzeko.

Gerra osteko euskal erbestearen alaba zara, Argentinan jaioa. Altzuzara iritsi bitarteko bizitzaren laburpena egin ahal diguzu?

Zaila da 67 urte laburbiltzea. Buenos Airesen jaio nintzen 1943an. Gurasoak 1941ean abiatu ziren Marseillatik, Munduko Gerran Mediterraneoa zeharkatu zuen azkeneko merkataritza-ontzian, Alsinan. Erbeste-munduan denon ahotan egon ziren hamabost hilabeteren buruan, eta beste bi itsasontzi gehiago tarteko, Rio de Plata bapore-ontzian heldu ziren Buenos Airesera. Gurasoek zioten eurek lurra hartu eta bederatzi hilabetera jaio nintzela ni. Hirugarren alaba nintzen eta gainerako biak Europan utzi zituzten, gure aitonarekin eta osaba-izebekin. Bederatzi hilabete nituela, gurasoak Montevideora, Uruguaira joan ziren, bertan ospatzen zelako Euskal Aste Handia. Erbesteratuentzat kultura-ekitaldi handia izan zen, lehen aldiz Amerikako hiri batean ikurrina eskuetan desfilatu zutelako, Uruguai, Txile eta Argentinako banderekin batera. Uruguaiko presidente Juan Jose Amezagak hartu zituen. Euskal herriaren autoestimua horren etsita eta garaituta zegoela, interes handiko ekitaldia izan zen.

Ekin argitaletxeko liburuak erakutsi zituzten, De Gernika a Nueva York, pasando por Berlín Agirre lehendakariaren liburua aurkeztu eta agortu egin zen, erakusketak antolatu ziren, gure aitak euskal kulturari buruzko hitzaldiak eman zituen... Hau da, Euskal Herria artzain herria zelako Hego Amerikako ustea baztertu eta bere kultura propioa, eta aldi berean erbesteratze politiko argia, zuen kolektibo bihurtu ginen. Aurretik, karlistadak zirela-eta iritsi ziren euskaldunek beren erbesteratzearen arrazoia ezkutatu egin zuten.

Hiru urte zoragarri eman nituen Uruguain. Memorias de Montevideo liburua idatzi dut eta, bertan, askatasunean bizi izateagatik esker ona azaltzen dut. 1955. urtean, beharbada herrialde haiei zetorkiena aurreikusita, aitak Venezuelara joatea erabaki zuen eta bertan bizi izan nintzen hurrengo hamazazpi urteetan. Horiek ere apartekoak izan ziren, Venezuelaren askatasuna ezagutu bainuen. Perez Jimenezen diktadura amaitu eta demokrazia osatzea punta-puntako irakaspena izan zen. Caracasko lehen Euskal Etxean Pello Irujo ezagutu nuen. Harekin maitemindu eta ezkondu egin nintzen. Lehen hiru seme-alabak hantxe izan nituen eta bertan daude nire lehen lagunak ere; oraindik Internet bidez mantentzen dut harremana beraiekin. Venezuelan bibliotekonomia ikasi nuen, gauez, curriculum saxoiak erabiliz, Universidad Centraleko Giza Zientzien Fakultatean. Ordurako, egunez liburutegi batean ofizial lana egiten nuen; arratsaldeko lauretan unibertsitatean sartu eta gaueko hamaiketan iristen nintzen etxera. Hogei urte nituen. Lizentziatura merezita eskuratu nuela esan ohi dut. Eta karrerari lotutako lanean aritu nintzen. Estatu Batuen enbaxadan lan egin nuen, “Garapenerako aliantza” izeneko programan, Kennedy Presidentearena berarena. Lan aparta izan zen: Venezuelako barnealdeko etxaldeetan liburuak banatu eta bertako liburutegiak antolatzen genituen. Estatu Batuetako Kongresuko Liburutegian, antolatzeke zegoen euskal liburuen atalean lan egiteko eskaintza egin zidaten. Ezetz esan nuen. Senargaia neukan, gurasoak, eta ez nuen onartu. Duela gutxi, liburutegi horri buruzko telebista-saio bat ikusten ari nintzela, ez gurasorik eta ez senarrik ez dudan momentu honetan, pentsatu nuen: “oraintxe da bertara joateko unea...”, baina dagoeneko ezin dut.

Bizitza etengabe aukeratzea da eta orduko hartan familia gainerako guztiaren aurretik jarri zenuen. Oso azaletik aipatu duzu zure aita, Bingen Amezaga, euskal kulturako gizona, euskaltzalea, idazlea... Ezin da ukatu arrastoa utzi zizula...

Itzela. Aita tutore izan nuen. Emozioen alorrean erbestea oso gogorra da, are gehiago erbeste hori intelektualizatu egin dutenen kasuan, adibidez gure aitaren kasuan. Abokatua zen eta zazpi hizkuntzatan hitz egiteko gai zen. Ekonomikoki ere gogorra zen. Gure amak berrogei urte zituela izan zituen azken hiru seme-alabak, nire ondoren bi neba etorri ziren eta. Ondorioz, aitak alde guztietara eramaten ninduen berarekin. Montevideoko Euskal Herrian hitzaldiak ematen zituen eta Uruguain hiltzen ziren azken karlistadako euskal erbesteratuen gorazarreak egiten zituen, hileta-elegiak euskaraz esatea nahi baitzuten. Gernikako Arbolaren ernamuinak landatzen zituen euskaldunen kokalekuetan. Ia beti, berarekin izaten nintzen.

Geroago, nire ikastetxeko moja domingotarrek esan ziotenean nigan idazteko eta irakurtzeko joera antzematen zutela, aita asko-asko poztu zen eta beraren ikasle bihurtu nintzen. Hamar urterekin unibertsitatean egote bezalakoa zen. Bitxia da, berak sarrarazi ninduelako emakume-literaturan. Jane Austen, Brontë ahizpak... ezagutarazi zizkidan, baina aldi berean Sor Juana Ines de la Cruz ere bai. Poeta mexikarra zen, Asbaje euskal herritarraren alaba, XVII. mendean redondilla ospetsuak, emakumeen aldeko manifestu apartak, idatzi zituena. Eta Moja Alfereza. Hamar urterekin, 1810eko argitaraldiko liburu zoragarri bat oparitu zidan, Moja Alferezaren ustezko biografia kontatzen duena. Niretzat sakratua da, duen sentimenduzko balioagatik. Greziarrak irakurtzen irakatsi zidan. Euskaratu egiten zituenez, Hamlet, Macbeht... Shakespeare aipatzen zizkidan, eta gero Oscar Wilde, John Keats etab izaten genituen aipagai. Niretzat itzela zen. Neskato ipurterrea nintzen; arineketan egitea gustatzen zitzaidan, jolastea, eta batez ere bizikletan ibiltzea. Baina nire alderdi kulturala aitak betetzen zuen nagusiki. Eta horrela iraun zuen, hogeita bost urte neukala galdu egin nuen arte. Halere, beti izan dut nirekin.

Eta zurekin dago Caracasen ezagutu zenuen zure senarra ere. Beraren bidez Irujo familiari lotu zintzaizkion eta, horri esker, gure herriko behatzaile eta lekuko hurbilago bihurtu zinen, gutxienez politikari dagokionez, eta euskal erresistentzia dei dezakegun horretan sartu zintuen...

Pello daukat begietan, ezagutu nuen egunean. Uruguaitik nentorren eta lehen aldiz igotzen nituen Caracasko Euskal Etxeko eskailerak, Venezuelako lepo batean eraikitako baserri horretan. Han ikusi nuen, eta uste dut momentuan bertan maitemindu nintzela. Hamabost urte nituen eta ezkongai-aldi luzea izan genuen, baina geroko ezkontza, aldiz, laburra begitandu zait. Berrogeita hamar urte erabateko elkarbizitzan izan dira. Komunikazio handia izan dugu, eta seme-alabak aurrera ateratzeko gorputz eta arima eman dugu. Caracasen jaio ziren hirurak, eta “berantiarra” Iruñean.

Pello Irujo ezagutu nuenean nire bizitza nabarmen aberastu zen, nortasun handiko pertsona zelako, pentsatzen zuena esaten zuena. Euskal erresistentziaren kausan sartuta zegoen. Erbestean, oinarrizko hiru lan ikusten ditut nik: lehena, Eusko Jaurlaritza mantendu izana, Amerikako euskaldunen diru-laguntzari esker egin ahal izan zena; bigarrena, Ekin argitaletxea, Ixaka Lopez-Mendizabalek eta Andres Irujok sortu zutena; eta hirugarrena, Radio Euzkadi-Euzkadi Irratia, Venezuelan kokatuta zegoena eta erbestean zeuden hurrengo belaunaldiko gazte talde batek sortu zuena. Bertan zegoen nire senarra, Iñaki Anasagasti, Jokin Intza, Jose Joakin Azurza, Joseba Elosegi eta Xabier Leizaolarekin batera. Oinarrizko talde horrek jarraitu egin zuen harik eta, hamahiru urte beranduago, Euskadin askatasunaren lehen urratsak eman ziren arte. Azken saioa Iruñeko Amaia Kiroldegian egin zen. Radio Euzkadiri, Venezuelako oihanetik Venezuelako agintarien oniritziarekin emititzen zuen irrati klandestinoari, amaiera ematea Pelloren zeregina izan zen, bera baitzen bertako esatari handia. Jarduera eskerga izan zen, hutsik zegoen etxalde batean lan egin behar izan baitzuten. Goitik behera eraitsi behar izan zen, diktaduraren mendean zegoen Euskadira mezuak igorriko zituzten bi zutabe erraldoiak eraiki ahal izateko. Handixe sustatu ziren Aberri Egunak, liburuak argitaratu, penintsulara ekartzen zen propaganda egin, George Steerren El árbol de Gernika liburua lehen aldiz gaztelaniaz argitaratu...

Dakidanez, zeuk ere hartu zenuen parte irratian, nahiz eta mikrofonoaren atzean izan, zure azentuaren ondorioz harrapa ez zintzaten..

Horixe da. Lehen saioan erori nintzen eta orduz geroztik idaztea egokitu zitzaidan, horixe baita hobekien egiten dudana. Garai horretan batez ere Elosegirekin izan nuen harremana, bera baitzen, nolabait esatearren, irratiaren zuzendari intelektuala. Iñaki Anasagasti kazetaria zen eta nik lagundu egiten nuen, eskatzen zidatenean. Radio Euzkadi, eta orain gorritu gabe esaten dut, mugarik gabeko idealismoa, ausardia eta eskuzabaltasuna izan zen. Alderdi intelektualetik eta fisikotik dena eman zuten, dorre haiek eurek altxatu baitzituzten. Eta alderdi ekonomikoa, dirua bildu beharra ere bazegoen eta. “Txalupa” deitu zioten, munduan zehar zebilen itsasontzi batetik emititzen zen gezurra zabalarazi baitzuten. Espainiako Enbaxada behin baino gehiagotan kexatu zen euskaldunek egiten zituzten jarduera haiek zirela eta, baina, berriro ere, beti jazarri gaituzten asmo txarreko ahots horiek isilarazi zituen Venezuelako gobernuak. Esan behar da Espainiako Enbaxadak egotzi nahi zien ospe txarrari ere aurre egin behar izan zietela euskaldunek erbestean: gorriak zirela, masoiak zirela... Enplegua lortzeko, adibidez, eragina zeukan horrek. Pertsona zintzoa izateko ala ez, horrek zerikusirik balu bezala! Inoiz kanpaina horiek arrakasta izan zuten.

Urte asko dira erbestean. Gogorragoa da Euskal Herria Amerikatik ikustea ala zailagoa da berton bizi izatea?

Erbestean dagoen euskaldunak erabaki latza hartu behar du: gelditu eta bertan integratzea —oso erabaki errespetagarria— edo handik joatea eta Euskadin kokatu eta integratzea. Amerikarekin maiteminduta nagoela aitortu behar dut; maite dut. Giza zientziak ikasi ditut eta, ondorioz, are gehiago integratu naiz Amerikaren kulturan eta nortasunean. Uruguai negarrez utzi nuen eta negarrez utzi nuen Caracas ere, banekielako zer uzten nuen, eta gustuko nuelako. Amerikan gelditu den euskaldunak ere etsipenez oroitzen du Euskadi, haren ustez Euskadi ezin hobea da eta. Handik, enbatak enbatak dira... baina ez hainbeste. Ez dago gauza hoberik baserriko sagarra baino... eta ez dago ohitura hoberik euskal ohiturak baino. Pertsona hori oroi-min horrekin gelditzen da, idealizazio horrekin. Politika egiten ikusten gaituzte —eta gaur egun nagoen lekutik hitz egiten dut orain— eta minez ikusten dute. Ez dute ulertzen elkarren aurka jardutea. Ikuspegi bat da.

Beste ikuspegi bat ere badago: Amerikan hogeita hamar urte eman ondoren 1972an iritsi nintzenean, ordurako hilda zegoen aita eta Irujo familia, niretzat horren garrantzitsua, gogoan nituela, erabat euskalduna izan nahi nuen. Baina ezinezkoa zen, herrialdeak ez dizulako uzten zure nortasunaren beste alderdi hori osatzen. Eta gure seme-alabek lortuko zutela pentsatu nuen. Horrela izan da: laurak dira euskaldunak; Pelloren eta bion ametsa zen eta, jakina, nire aitaren zoramena. Zaila da Euskadin bizi izatea, baina oso gauza onak ere baditu. Beste mundu batzuk ezagutu dituzunean, beti alderatzeko joera daukazu, eta esaten duzu “hau ez litzateke gertatuko Venezuelan edo Uruguain” baina nire ustez, etengabeko eztabaidan bizi da euskal gizartea eta gure arbasoek galdu zutenetik hona nahikoa egin dugu; bidea abian dagoelakoan nago. Eta orain bizi dugun bake-prozesua ondo amaitzen bada, garaiturik eta garailerik gabe, Euskadin bizi ahal izango garela pentsatzen dut. Beti eztabaidan, euskaldunari eztabaida gustatzen zaio eta. Baina hori bai, eztabaida ez hain garratza, etsairik gabea; izatekotan, aurkariekin eztabaida.

Itzuli zinenean ez zinen itzuli Bilbora edo Donostiara, Nafarroara baizik. 2012. urtearen atarian gaude. Besteak beste, Fernando Erregeak Nafarroa inbaditu eta Gaztelara erantsi zuen urtearen urtemuga. Badago gogoratzeko ezer?

Dena gogoratu behar da. Nafarroaren historiaz idatzi den guztia gezurra dela uste dut eta, Campionek, Montianok... libururen batean idatzitakoa izan ezik. Nafarroako Erresumaren ahuldadea aprobetxatuz armada atzerritar batek inbaditu egin zuela gogoratu behar dugu. Aurretik Gaztelak Bizkaia eta Gipuzkoa inbadituz itsasoa ebatsi zion, eta Araba bereganatu zuen, gainera. Ez dira poz-pozik eskuratutako konkistak, eta hala balitz, munduko historian gertatzen den lehen aldia litzateke hori. Gogoratu egin behar dugu; Nafarroari konkistak ekarri zionaren inguruko bizipenak eman behar ditugu, lekukotzak eskaini. Erresuma bat zen, ia Europako lehena, Karlomagnoren gurari inperialisten aurka jaio zena. Ia Orreagako gudaldian sortu zen, Karlomagnoren lehen porrot handi bakarrean. Erresuma horrek bere hizkuntza zeukan, foru-sistema propioa, Frantziako iraultza etorri baino lehen ere, euskaldunok geure foruen bidez barneratuta genituen gizarte-alderdietako asko.

Nafarroa ez zen galdu itsasorik ez zeukalako, Gaztelak zuen gerraren ezagutzarik ez zuelako baino. Gaztela herri gerrazalea da eta. Gerrazalea eta gainpopulatua. Gaztela prestatua zegoen, Granada konkistatua zuen. Amerika konkistatu zuen. Eta Nafarroak ez zituen gerra-arma horiek, prestakuntza militar hori: Gazteluetan defendatzen zen, baina kanoien aurrean ezin ziren defendatu. Altxatzen saiatu zen. Katalina eta Juan erregeak Iruñetik Donibane Garazira negarrez joan ziren eta Nafarroako iparraldean babestu ziren. Bertan iraun zuen erresumak, Nafarroako Enrike III. eta Frantziako IV.aren garaira arte. Esaten dutenez, Juana Albretekoa, Enrikeren ama, ezkondu zenean, Nafarroako merindadeak irudikatzen zituzten txanponak erabili ziren, Nafarroako Erresuma berriz batzeko asmoa adierazteko.

Horren gainean idazten ari zara. Errazagoa da eleberrien erako historia idaztea, belaunaldi berriei historia helaraztea baino?

Eleberrien eran idatzitako historiaren alorrean lan egiten dugunok historiara jotzen dugu. Lanbidearen eraginez, denbora-lerroa egiten dut. Nire eleberrietan lantzen ditudan gaien fitxen artxibategia dut. XVIII. eta XIX. mendeak, alegia. Ia-ia mendearen egunez egunekoa daukat. Hori erabiliz lantzen ditut eleberriak. Fitxa horiek egiteko historiagileek eskaintzen didatena erabiltzen dut. Nire ustez, eleberri historikoak erraztu egiten die gaur egungo herritarrei historiaz zerbait jakitea, denboraz eskas dabiltza eta. Eleberri historikoa baliabide erraza da. Baina historiagileak ematen dizun hori sinetsi egin behar duzu. Niri ez didate hutsik aurkitu. Gero hainbat alderdi eleberrien eran konta daitezke: pertsonaia batzuen maitasun-kontuak, adibidez, eta gero benetako pertsonaiak nahasten dituzu. Nire eleberrietako pertsonaia Simon Bolibar da, ondo ezagutzen dut eta. Edota Humboldt. Eta fikziozko pertsonaietan kokatzen ditut, baina betiere pentsatuz nola jaten zuten, nola janzten ziren, nolakoa zen haien egunerokoa. Hori ikasi egin behar da, eta oinarria historiagileak dira.

Atentzioa egin dit, eta barre eragin, Paraquaria eleberrian esatea Hego Amerikako jesuiten misioetan —Paraguain, Uruguain, Argentinan...— soilik euskara eta guaraniera hitz egiten zirela. Ez da asmatu samarra?

Ez! Egia da! Paraquaria Mesopotamian dago, Entrerríosen, Argentinan, eta Paraquaria deitzen zaio Ignazio Loiolakoa euskaldunak sortu zuen jesuiten ordena erlijiosoaren herrialdeari. Eta jesuiten artean euskaldunak asko gara. Paraquarian jesuitek misioak sortu zituzten, eduki erlijioso handiarekin, baina eduki ekonomiko handiarekin ere bai. Horrexegatik ezeztatu zituzten Espainiako eta Portugalgo erregeek, gehiegi hazi zirelako. Trafikoa Filipinetatik Perura joaten zen, Itsaso Barean zehar; Perutik Paraguaira eta hortik, ibaietan zehar, Rio de la Plata ibaira, hau da, Parana Guazu ibaira, eta handik Europara eramaten ziren. Zeta, kakaoa, espeziak eta gainerako produktuak. Trafiko hori jesuiten eskuetan zegoen. Alegia, ez zela soilik misio erlijiosoa. Zein hizkuntzatan aritzen ziren? Euskaldunak baziren euskaraz hitz egiten zuten. Eta gainera guaraniera errespetatzen zuten, hizkuntza ederra baita. Euskararekin antza duela esaten dute, baina nik hori ez dakit. Brasilgo apostolua deitzen dioten aita, Jose Antxieta, Ignazio Loiolakoaren lehengusua zen; guaranierako hiztegi bat egin zuen eta euskararekin antzekotasunak antzeman zituen. Misioetan ez zen gaztelaniaz hitz egiten, eta horrek Espainiako erregearen aurrean kexuak eragin zituen. Euskaraz eta guaranieraz hitz egiten zuten; hori Uruguaiko historiako liburuetan irakurri nuen, eta ezin da esan liburu euskal abertzaleak direnik. Horixe izan zen misioen historia ikasi nuenean jaso nuen lehen kolpea. Guaraniera hizkuntza ofiziala da gaur egun ere.

Euskal Herriaren askatasunaren alde, erabat garatu nahi duen herrialde baten justiziaren alde duzun konpromisoa, berriz, ez da eleberrietan bezala, asmatua... Baina ez dakit jokabide horretan utopia pittin bat ez ote dagoen.

Inoiz galdetu didate zeruetako erresuman sinesten ote dudan. Baietz esan dut. Utopiek ez dute balio, lortzeko lan egiten ez bada. Euskaldunok utopia bat dugu. Errealitatetik abiatzen gara. Foruen bidez autogobernua izan genuen, euskal herri guztiak biltzen zituen Nafarroako Erresuma izan genuen. Orain Akitania eta Euskadi eskualdearen gaia dago: Europaren barruan ekonomia alorreko eskualdea osatzen duten horretan sartzeari uzkur egiten dio Nafarroak. Niri ez zait utopia iruditzen. Hemen Simon Bolibar balego, eta bide batez esan dezadan gure etxean beti presente dagoela, esango zigun berak Venezuelako independentziaren alde egin zuenean utopikoa izatea leporatu ziotela. Ingalaterrako parlamentuan ordezkaritza nahikoa ez zeukalako eta gehiegizkoa iritzi zioten zerga batengatik hautsi zuten Estatu Batuek Ingalaterrarekin. Eta askatasun-utopia bat zeukatelako.

Nik askatasunean sinesten dut, independentzian; gizonengan nahiz emakumeengan ematen da, norberaren garapenari lotuta. Horrexegatik ez dut uste herriek, gizon eta emakumeen bilguneek, gogo hori alde batera utz dezaketenik. Beste kontu bat da nola egingo dugun. Ahotsean sinesten dut, hitzean. Konbentzitzea da kontua, ez garaitzea. Eta hori hezkuntzaren parte da, nire hirurogeita zazpi urteetan ikasi dudanaren zati bat. Pentsatzen dut Euskadi ez dagoela konforme duenarekin. Gehiago nahi du. Zergatik ez? Hori bai, gehiago hori bake bidetik landu behar da, konbentzimenduaren bidetik.

Argazkia: Andres Espinoza.

Utopia Bolibartarrari buruz galdetu nahi nizun, baina aurrea hartu didazu. Argi dago Altzuzako etxe honetan Bolibarren, herri libreen zalearen eta sustatzailearen, izpiritua bizi dela. Simon Bolibar, bosgarren belaunaldiz euskal jatorrikoa. Baina gaur egungo ikuspen bolibartarra ez dago bere onenean, ezta?

Ez da ikuspen bat. Zoramen bat da. Beharbada sakratu bihurtu duten figura bati heldu eta diktadurarentzako tresna bihurtu nahi dute, eta horretara doa Chavez. Baina nik Simon Bolibarri buruz zera azpimarratu nahi dut: bosgarren aitona, “Bolibar Zaharra”, euskalduna zuela, eta nahiz eta, guk dagikula, beste euskal arbasorik ez izan, aitona euskaldun horrek iraun egiten duela. Bolibartarrak Caracasko montuano familietako bat ziren, hau da, meategiak, kakaoa etab. zituzten elitezko kreoleak. Simon Bolibar Bilbora etorri eta bertan urte eta erdi eman zuela ere nabarmendu behar da. Eta berari buruz idazten dutenek esaten digute euskal profilaren adibide klasikoa dela. Zergatik? Gaur egun baino gehiago, euskalduna izateak askatasuna esan nahi zuelako. Bizkaiak eta bere foruak aztarna utzi zuten Amerikan, askatasunarekin lotutako zerbait bezala. XIX. mendearen hasieran gaude; Frantziako Iraultza eginda dago, Estatu Batuetako errepublika sortuta dago, ilustrazioaren ideiek pertsonarengan eragina izan dute, duintasuna itzuli eta ezagutza eman diote. Amerikar munduarentzat Bizkaia askatasun-eredua da, nahiz eta Espainiako inperioaren zati bat izan. Eta Simon Bolibarrek askatasun-espiritu hori senean zeraman. Gerra zaila izan zen; hasieran irabazi eta gero galdu egin zuen, berak Bolibar hiritarra izan nahi zuelako soilik. Santa Martan hilzorian zela, esan zuen: “nahiago dut hiritar titulua, askatzailearena baino”. Gerra egitera behartuta egon eta irabazi ondoren, askatasuna justiziaren bidez eskuratu nahi duen pertsonaren adibidea da hori.

Aurretik aipatutako gai batera itzuli nahi dut. Nire lagun handi batek, jesuita izandakoak eta euskaraz hitz egiteagatik Konpainiak erbesteratu egin zuenak —Jokin Zaitegiri buruz ari naiz, Guatemalan argitaratzen zen Euzko Gogoa aldizkarian zuen aitarekin batera aritutakoa—, beraren biografia idaztean esan zidan Guatemala herrialde handia zela, etorkizun handikoa... Ez dakit Zaitegi oker zebilen ala herrialdearen errealitateak berak okerrarazi zuen. Zure esperientziatik abiatuta, nola ikusten duzu Hego Amerika?

Une honetan minez ikusten dut. Minez ikusten dut Guatemalatik abiatu eta Mexiko eta Estatu Batuen arteko muga zeharkatu nahi duen merkantzia-tren hori, eta bertan zenbat ez dakigula hiltzen dituztenak. Minez ikusten dut Venezuelaren bilakaera. Ez da zuzena, hirurogeiko hamarkadan ikusi nuena bezalako Venezuelarentzat. Argentina, Txile eta Uruguai bekatu militaristetatik irten eta libratzen ari direla dirudi. Baina beti dago itxaropena. Pertsonak berritu egin behar du, gizon-emakumeek aurrera egin behar dute eta nire ustez Amerikan badago arazo bat, beharbada Evo Moralesen ordezten duena: Amerika indiarraz ari naiz. Hori ez da existitu Amerikan. Oraindik aho zabalik gogoratzen ditut Venezuelako Universidad Centraleko nire kurtsoak. Santiago Magariños irakasle galiziarrak ezagutarazi zigun maien kultura. Maien buruzagi baten hilobia eta momia erakutsi zizkigun, jadezko idunekoa eta maskara barne. Orduantxe jakin nuen halakorik bazegoela Amerikan, nire Amerikan. Niretzat lozorrotik esnatzea bezalako zerbait izan zen. Hainbestekoa izan zen, Pellok Chichen Itzára eraman ninduen, maien erresuma izan zen hartara, eta txundituta gelditu nintzen. Gero Mexikon eta Machu Picchun egon nintzen, eta Amerikaren iragan ezezagunarekiko miresmena handituz joan zitzaidan. Nire garaian ez zen hori ikasten. Eta larria da. Alde indigenak asko dauka Amerikari emateko, baldin eta barneratu egiten badute. Elite zuri handiak daude, zati beltz garrantzitsua ere bai, folklorean eta tradizioan aberats-aberatsa. Karreran egin nuen tesi txikietako bat Venezuelako musika-tresnei buruzkoa izan zen. Barietate amaiezina dago eta, danborretik hasita adibidez, denek dute jatorri afrikarra eta denek mantentzen dute jatorrizko izena.

Amerikak indiar arima, arima beltza eta arima zuria berreskuratu behar ditu, baina denak bat eginda. Horixe da etorkizuna. Venezuelagatik negar egiten dut gaur egun, izugarria deritzodalako Jose Maria Korta jesuitak, bertan ezagutu nuenak, indiar legea aldarrikatzeko gose-greba egin behar izateari. Indiarrak bere legea dauka eta lege orokorrarekin bateratu behar da. Horretarako daude politikariak eta legegileak, pertsonok gure sinesmenen arabera bizi ahal izan gaitezen, eta aldi berean egokitu gaitezen. Venezuelako indiarra oso txarto dago, jazarrita. Nire garaian indiarraren ehiza zegoen, eta jarraitu egiten duela imajinatzen dut.

Euskal Herrira itzuliz, zure ustez nora doa herri hau, aldakorra bera ere, ez baita zuk duela hogeita hamar urte pasatxo aurkitu zenuen herriaren berdina, ez politikoki eta ez sozialki.

Gauza bat da nik nahi dudana, Euskal Herria bakarra, alegia. Euskal Herri horretan identifikatzen den Nafarroa nahi dut, Lapurdi eta Zuberoarekin, horiek ere askatasun-historia ederra daukate eta. Gure aita bizkaitar peto-petoa zen, eta ama gipuzkoarra. Araba asko ezagutu nuen Eusko Legebiltzarreko liburutegian lan egin nuenean. Osotasun hori nahi dut, garapen sozial, ekonomiko eta politikoan batuta. Herrien Europan gaudela uste dut. Horrexegatik nahi dut neure herriarentzat Europa horren zatitxo bat. Aski da belauniko transferentzia bat emateko erregutzen ibiltzeaz! Aski da euskal batasunari behin eta berriro ezetz esateaz! Hori ez da izugarria, baina bai ordea belaunaldiz belaunaldi daukagun grina. Horixe nahi dut nik. Ez dut esango horrela zoriontsuagoak izango garenik. Bizitza honetan zaila da zoriontasuna lortzea.

Zer ikusten dut, ordea? Baikorra naiz eta pixka bat bide horretan goazela uste dut. Herri gisa asko sufritu dugu. XIX. mendean bi karlistada izugarri izan ziren, Bizkaian eta Gipuzkoan industria-iraultza, foru-legea ebatsi ziguten, kanpoko emigrazioa etorri eta bertako emigrazioa Amerikara joan zen; gero Primo de Riveraren diktadura, gerra zibila eta frankismoa berrogei urtez... Maila sozialean zauri larriak dira. Oraindik ere zornea darie. Gaur egungo bake-prozesua ikusita, ea lortzen dugun. Horregatik da garrantzitsua garailerik eta garaiturik ez egotea, eta bai ordea bizikidetzarako gizarte-hitzarmena egitea. Eta gutako bakoitzak gorde ditzagula geure fantasma ezkorrak, denok ditugulako. Bakea aurretik ipintzen ahalegindu behar dugu, zentzu batean pribilegiatuak gara eta; beste herri batzuk baino hobeto gaude. Orain jasaten dugun zauri multzoa bateratu egin behar dugu: bidegabeko zigorra ezartzen zaien presoen familiak, gerran hildakoren bat dutenak eta beste hainbat eta hainbat zauri. Elkarrekin bizi beharra dugu, hitz eginez. Beste herri batzuek lortu dute. Eta ez litzaiguke txarto etorriko garraztasun horri umore-puntutxo bat jartzea. Arantzazu Amezaga Iribarren (Buenos Aires, 1943) Euskal gaiaren inguruko saiakeren eta eleberrien idazlea. Vicente Amezaga idazle eta itzultzailearen alaba Buenos Airesen (Argentina) jaio zen 1943an, gerra zibilaren ondoren gurasoak erbesteratu egin baitziren. Uruguain eta Venezuelan ikasi zuen, eta bibliotekonomian eta artxibategi-teknikan lizentziatu zen. 1956an Pello Irujo Elizalderekin ezkondu eta 4 seme-alaba izan zituzten. 1972az geroztik Euskal Herrian bizi da, eta Eusko Jaurlaritzako Liburutegi, Artxibategi eta Dokumentazio Zerbitzuko sortzailea izan zen. Altzuzan (Nafarroa) bizi da. 2003an “Euskal erbestearen seme-alabak: errotzea edo deserrotzea” kongresuan hartu zuen parte. Hainbat liburu idatzi ditu: Chispas de felicidad. Cuentos para niños, Caracas, 1972, La mujer de Euzkadi, Geu, 1977, La mujer vasca (Elkarrizketak), Geu Argitaletxea, 1980, Pasajeros de la libertad. El Alsina, Ekin argitaletxea,1983, eta Bustiñaga, Ekin, 1985, Manuel de Irujo. Un hombre vasco, Sabino Arana Elkargoak argitaratua. 1999an Veinticinco cartas para una guerra, Lehen Karlistadan girotutako eleberri historiko-erromantikoa, argitaratu zuen Ttartalo argitaletxearen eskutik. Rebelión contra la guipuzcoana eleberri historikoa, XVII. mendeko Venezuelan girotua (Ttartalo, 2003). 2004an Vademécum, XVIII. mendeko Gipuzkoan girotutako eleberria argitaratu zuen. 2008an beste eleberri bat argitaratu zuen: Niebla de Batallas. Urte berean, irailaren 7an, Pello Irujo senarra hil zitzaion.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

Précédents

Jose Ignazio Ansorena. Musikaria: Ez naiz inoiz txistulari izateaz damutu

 

Irakurri

Lucía Lacarra. Ballet-dantzaria: Lanbide honetan, ez da kontuan hartzen nor zaren, nola egiten duzun baizik

 

Irakurri

Susana Serrano Abad. Ikertzailea: Nire ustez, Bilbo ez da aisia- eta turismo-hiria soilik. Berrindustrializazioari ekitea ezinbestekoa da

 

Irakurri

Pablo Muñoz. Kazetaria: Ez dago ikerketa-kazetaritzarik, materiala biltzeko kazetaritza baizik

 

Irakurri

Gustav Henningsen. Folklorista eta historialaria: Jazarpena hedatu aurretik, sorginkeria satanikoa ezezaguna zen euskaldunen artean

 

Irakurri