César Sarachu. Aktorea: Absurdua da antzerkiko aktorearen lanbidea anonimoa izatea

2007-06-22

BREA, Unai

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Interneten egiten dituen emanaldiengatik eta, batik bat, Espainiako Telecinco telebista kateko “Camera Café” telesaio arrakastatsuan egun antzezten duen Bernardo paperagatik ezaguna izaki, karrera gehiena atzerrian egin duen César Sarachu aktore barakaldarra bikaina da. Espainian aukerarik izan ezean, antzerki prestakuntza Parisen osatu eta Suediaraino eramango zuen ibilbideari ekin zion. Herrialde horretan jardun da lanean gehien eta bertan bizi da orain. Izan ere, Suediatik erantzun digu Sarachuk.

Nondik datorkizu antzerkirako bokazio hori?

Bokazioa ez nuke esango nik baina, hori bai, betidanik nozitu izan dut sentimenduak kanporatzeko premia: errealitatean hori egiten ongi asmatu ez dudan arren, eszenategian atseginbide dut.

Nolako aukerak izan zenituen hastapenean? Orain dela urte batzuk pertsona batek aktore gisa Euskadin prestatzeko zituen aukerak ez ziren apartak, egiari zor. Orain ere halaxe segitzen omen du...

Hala da: tamalez, oraino ez dago eskola ofizialik. Lastima! Gaztaroko urteak igarotakoan, lanbide honetan etorkizuna izan genezakeela sinetsi genuen aurrenekoak gure belaunaldikoak izan ginen. Parisera joateko Bizkaiko Diputazioko beka bat lortzeko suertea egokitu zitzaidan niri eta horixe zen batez ere bihotz-bihotzez behar nuena. Artean ilusiorik gabetua nenbilen, prestakuntza serioa hartzeko premian: norbaitek azaldu beharko zidan aktoreak nola egiten duen lana, eszenategira igo eta jendeari zerbait eman niezaion lanabesak erabiltzen irakatsi behar zidan norbaitek. Madrilgo RESAD-en hartu ez ninduten eta, ustez, mesedea egin zidaten, egun dagoen ikastegirik hoberenetako batean bukatu bainuen, Jacques Lecoq-en Eskolan, hain zuzen.

Atzerrian lan asko egina zaude, egun Stockholmen bizi eta Unga Klara-ren konpainiako kide zara. Nolako lanak egin dituzu orain artekoan?

Unga Klara-ren konpainian, Suzanne Osten-en zuzendaritzapean, haur eta gazteen errealitate eta problematikarekin hertsiki loturiko lana egiten da. Hortxe eginiko bost urteetan hainbat gairen gaineko antzezlanak egin ditut nerabeen suizidioaz, haur soldaduez, nortasun sexualaz, zerbaiten bila aberria utzita, ibilbidean hurkoak, osasuna, esperantza... galtzen dituen jendeaz, etc. Hots, gai nagusiak, gazteen kezka-iturriak jorratzea jomuga duen antzerkian. Hortaz aparte zineman, telebistan... aritu naiz baina ez antzerkian bezain maiz, hauxe izan baitut urteotan lanbide behinena.

Camera Café-n agertzen zarelako zara ezaguna gure artean. Nola iritsi zinen serie horretara?

Seriearen zuzendari den Luis Guridiren eskutik heldu nintzen, berarekin jarduna bainengoen lehenago ere beste hainbat lanetan: “Canalone”, “Güebones”...

Atzerrian telebista edo zinemarako ezer egin al duzu?

Hala da, bai: Suedia, Londres eta Parisen jardun naiz.

Alderantziz, antzerkirik egin al duzu hemen?

Ez, aspaldiko partez: horrela jarduteak etxetik kanpo luzaro egotea aginduko lidake eta hori larrutik ordaindu behar izaten da. Dena den, lehenbailehen egin nahi dut berriz, gure alabak koskortutakoan.

Gogorra al da, Stockholmen bizi izanik, Madrilera grabatzera joatea?

Latza, familiarentzat, bereziki. Horiek agoantatzen duten bitartean, nik ederki pasatzen dut lan honetan eta bidaiez beste gauza batzuk egiteko baliatzen naiz: irakurri, idatzi...

Camera Café-n antzezten duzun pertsonaia pittin bat zera da... arraro, bitxi samarra. Dena den, egin duzun ibilbide luze horretan era guztietako paperak antzeztuko zenituen, ezta?

Denetik egin dut eta horixe dut gustukoa, gainera. Zineman Stockholmen egin dudan azken filmean, “När mörkret faller” izenekoan, familiaren laguntzarekin alaba hiltzen duen aitaren papera interpretatu dut, “ohorezko krimen” bat, alegia. Ikusten duzunez, horrek Camera Café-ko Bernardo horrekin ez du zerikusirik.

Nolako paperak dituzu gustukoak? Nolako antzerkia?

Papera, bizia duen edozein. Antzerkia, hitz hutsezkoa ez dena, eskura ditugun baliabide guztiak darabiltzana: mugimendua, musika, irudia, kolorea... eta gai biziak jorratzen dituena. Biziki atseginak ditut Mnouchkine, Brook, Complicite...

Gauzak hemendik begiratuta, Suedian, Ingalaterran eta herrialde horietan egiten duzun lanaz ezer gutxi dakigula esango nuke nik...

Ez da harritzekoa. Antzerki aktorearen lanbidea -horretantxe aritu naiz ni gehien-, anonimo samarra da, hori sinestezina edo, areago, absurdua bada ere: horra telebistak daukan ahalmena, zeu aurpegi ezagun bihurtzeko.

Zer aurkitu du Suedian aktore batek, hemen topatu ez zuena? Aitortza handiagoa, agian?

Aukeraketa ez zen profesionala izan, familiarra baizik. Pixkanaka-pixkanaka etxera itzuli nahi dut nik eta, izan ere, bueltako bidaian hasia nago...

Suedian César Sarachu ospetsua edo ezaguna da, edo hori ere ez, edo ...?

Kalean erabat ezezaguna naiz (eta horretaz poztu egiten naiz, ikusitakoak ikusita). Antzerkiko profesionalen munduan, berriz, ezagutzen naute.

Nolakoa da Stockholmeko bizitza? Bote-lasterrean, hotz samarra omen da, adiera denetan.

Hiri eder-ederra da. Negu partea gogorra da, baina ez hotzagatik, iluntasunagatik baino. Udaberrian lehen lorea agertzen ikustea sekulako gertakaria da suediarrentzat. Udaberria eta uda ederrak dira, argitasunez beteak. Hasieran goizeko hiruretan egun argiz esnatzeak nahasi egiten ninduen baina orain zoragarria iruditzen zait. Suediarren izaeraz zer esan nezake...? Beraien koloreetan dagoen zerbait hurbilekoa gertatzen zait baina aldi berean badute zerbait iluna, zorrotza... horrek beraiengandik urruntzen nau.

Itzultzeko gogoa aipatu duzu lehenago. Zer beharko zenuke, osterako bideari ekiteko?

Esana dizut, etxerako bidean sentitzen naiz. Noski, ene iragana izan den hori falta dudala sentitzen dut, batik bat. Baina, jakina, zerbait eman liezadaketen proiektu interesgarrietan parte hartu nahi nuke, ikuspegi profesionaletik.

Nola moldatzen zara suedierarekin? Horixe al da Stockholmen darabilzun hizkuntza ala ingelesez aritzen zara usuago?

Suedieraz ongi egiten dudala uste dut: suedieraz aritzen naiz kalean, lanean... eta, esan dizudan bezala, antzerkia, zinema eta, areago, irratian ere jardun naiz. Etxean naizenean, ordea, espainieraz bakarrik mintzatzen naiz.

Camera Café-ra itzulita, zergatik saio horren arrakasta?

Zuzendari aparta den Luis Guridiren zuzendaritzapean gizatalde bikainak ideia ona landu duelako, seguruenik.

Luzerako al dugu Camera Café? Horrela bada, luzerako al dugu Bernardo, zuk antzeztua, alegia?

Baliteke Camera Café-k dezente irautea oraino baina, hori bai, lana egunez egun egiten da: ni kezkatzen nauena biharko grabazioa da. Bernardo bezala, egunik egun jardun beharra dago.

“Los Güebones” obran sketch labur batzuk egin zenituen, Interneten ikus daitezkeenak (dezente ikusten omen direnak, gainera). Aktore batek bere burua ezagutarazteko lanabes egokia al da Sarea? Ez dakit. Ene eskarmentuaren arabera, lanak erakusteko tresna ona dela esango nuke baina, eskaintza benetan itzela denez, aktore zaren aldetik arriskua nabaria da: “Interneten agertzen den tipo bat” bihurtzea. Hor izena edo abizena ez da beharrezkoa, ikusi duena komentatzen du jendeak baina, ezagun-ezaguna ez bazara, inortxo ere ez da zure izenarekin oroituko. Dena den, diogun bezala, norberak egin nahi duena erakusteko moduetako bat da. César Sarachu Izquierdo

(Barakaldo, 1958) Antzerkigintzarekin estreinako kontaktua UPV-EHU-ko Leioako Kanpuseko Antzerki Tailerrean izan zuen, Luis Iturrirekin. Handik Basauriko Antzerki eskolara igaro zen eta handik Karraka konpainiara. Beka bati esker, azkenean, Pariseko Jacques Lecoq-en Eskolan sartu ahal izan zuen. Londresen Theatre de Complicite-rekin aritu da lanean, lehendabizi National Theater-en eta geroago mundu zabalean, jiran. Britainia Handiko hiriburuan zinemarako lanak egin ditu Brothers Quay izenekoekin eta Parisen Aurelia Georges-ekin. Bere karrera profesionaleko eszenategi behinena, nolanahi ere, Stockholm izan da, bertan jardun baita zineman (Anders Nilsson, Reza Parsa eta beste askorekin), telebistan, irratian eta, batez ere, antzerkigintzan. Jarduera honetan ibili da aspaldion Unga Klara-Stadsteater-en konpainiarekin. Egun, Suediako lanak eta Camera Café telebistako serieko Madrilgo grabazioak egiten ditu.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

Précédents

Iosu Zabala. Mondragon Unibertsitateko Errektorea: Mondragon Unibertsitatekojardunarekin etorkizuneko gizarteari nolabaiteko forma ematen ari gara

 

Irakurri

Luix Mari Zulaika. EHUko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Fakultateko irakaslea: Jarduera fisikoa, haurtzarotik, gure bizitzan barneratzea beharrezkoa da

 

Irakurri

Pablo Malo. Zinemagilea: Kalitatezko eta ikustea merezi duten lanekin lotuta ikusi nahi dut neure burua

 

Irakurri

Ingrid Kuschick eta Raphaël Parejo-Coudert. Antropologoa eta etnomusikologoa/soziologoa: Etnografia eta antropologia garaikidea ez da gaur egun gertatzen denaz arduratzean

 

Irakurri

Aita Imanol Murua. Oñati Abesbatzako zuzendaria: Aita Madina musikaria izateaz gain, idazle eta marrazkilaria genuen

 

Irakurri