Enrique García Asensio. Orkestra zuzendaria: Gizakiok oroimenari esker entzun dezakegu musika

2007-04-27

AGIRREZABAL, Lore

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Arratsaldeko zazpi eta erdiak. Enrique García Asensio zain dugu Donostiako Olarain Ikastetxe Nagusian. Madrildik etorri berria, pare bat egun emango ditu hemen, Musikenen orkestra-zuzendaritzako eskolak emateko. Oraindik orain Israeldik heldu da eta, agendara begiratuta, hil honetan mordoxka bat bidaia ditu egiteko; bizimodu profesionalaren ezinbesteko osagaia da batetik bestera ibili behar izate hori, halabeharrez. García Asensio mundu zabalean orkestra-zuzendari ezagunenetako bat bada ere, jende askok “El mundo de la música” telesaioko aurkezle edo RTVE-ko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari gisa du gogoan. Celibidache maisuaren ikasle izan zen zuzendari honek musika karreran barrena hamaikatxo disko grabatu, sari asko jaso, mundu osoko orkestrarik hoberenak gidatu eta kontinente guztietan eman ditu eskolak. Egun, Madrilgo Orkestra Sinfonikoaren zuzendari eta Musikeneko irakasle dabil.

Bizitza osoa musikan eman duzu. Nola egin zinen orkestra-zuzendari?

Biolinista naiz ni, musikan jardun duten “Garciatarren” laugarren belaunaldiko ordezkaria. Aita biolinista izan nuen, aitona biolinista eta haren aita pianista, konpositore eta zuzendari. Nire hiru alabetatik bik lanbidez musikan dihardute, biolinista.

Neu ere biolinistarako bidean nindoan. Estatu mailako hainbat sari irabazia nengoen eta Sarasate Saria irabazteko zorian egon nintzen baina eman ez zidatenez, biolina uztea erabaki nuen. Bidegabekeriatzat jo nuen sari hura niri ez ematea, lehiakideek baino hobeto jo bainuen nik eta, saria partekatzeko aukera bazegoen ere -horixe egingo zelakoan zeuden denak-, besteari dena eta niri bat ere ez zidaten eman. Orduantxe deliberatu nuen biolinik ez nuela gehiago joko. Horra historia: ikusten duzunez, horri esker hartu nuen zorioneko bide hau.

Nola gertatu zen aldaketa?

Berriro ere ikasten hasi behar izan nuen. Alemanian bi urte egin ondoren, Italiara jo nuen eta bertan Celibidache maisua ezagutu nuen. Berekin aritu nintzen lanean. Haren laguntzaile ibili nintzen eta, egun, Municheko Celidibache Fundazioko kide izateko ohorea dut. Orain artean egin diren Celidibache jaialdi guztiak zuzendu ditut eta aurten Errumanian egingo den hirugarrenean aritzeko ere gonbidapena jaso dut. Maisuak adierazi nahi zituen gauzak hobekien transmiti ditzakeena neu naizela uste dut; horrelaxe aitortu zidan berak.

Zertan datza orkestra zuzentzea?

Musikari guztien sentimenduak eta partiturara begiratzeko ikuspegiak bateratzean. Musikari denek beren sentimenduak dituztenez, oso litekeena da batari azkarrago jotzea gustatzea, besteari mantsoago, beste horri sendoago, hari adierazkorrago... “Diktadore” antzekoa naiz, neuk agindutakoa bete behar dute denek. Zuzendariaren irudia, nolanahi ere, musikaren bilakaeran sortutako premia bati erantzuteko sortu da: zuzendariak berezko izaera erromantizismoaren garaian hartu zuen, hau da, biolin, piano, biolontxelo eta gainerako biurtuosoen garaitik 125 urtera.

Zuzendaria al da figura behinena?

Ez du zertan hala izan beharrik. Mundu zabaleko pianistarik onenekin aritu izan naiz ni eta berehala jarri gara ados, lanean nola jardun erabakitzean. Baina ez naiz haiek baino garrantzitsuago sentitu.

Batuta musika-tresna ahal da?

Ez. Batutak nire besoa eta nik egiten ditudan mugimendu guztiak, baita txikienak ere, luzatu egiten ditu: horri esker, atzean dagoen musikariak hobeki ikusiko du nire keinua. Baina zuzendariarentzat premiazkoa da. Batutarik gabe zuzentzen dutenek ukabilak itxi egiten dituzte, nondik heldu izan ezean.

Zer sentitzen duzu orkestra zuzentzean?

Biolinistak sentitu behar duen berbera. Baliteke biolinistak stradivarius aparta eduki eta jotzea. Neu, berriz, “orkestra-jotzailea” naiz. Orkestra, instrumentu den aldetik, musikan izan daitekeen inperfekzio-multzorik handiena da, batetik, instrumentu guzti-guztiak berez inperfektuak direlako eta, bestetik, perfektutik deus ez dugun gizakiok jotzen ditugulako. Beraz, nire instrumentua, orkestra, baino inperfekzio-multzo handiagorik ez da musikan. Zuk stradivarius bat baldin badaukazu, gauza segurua da ongi joko duzula eta soinu ederra aterako duela. Baina nire instrumentua neuk egin behar dut, entseguetan egin ere. Horregatik, biolinistak hilabetean hogeita bost errezitaldi ere eman ditzake, harat-honat mugituz etengabe, eta nik gehienez ere lauzpabost baizik ez ditut emango, programak aldatuz gero, entseguak egin behar baititut.

Zuzendariok, orkestra jakin batekin jarduteaz gainera, beste batzuk ere zuzentzen dituzue, zuzendari gonbidatu gisa.

Bai. Ni, Madrilgo Orkestra Sinfonikoaren zuzendari izateaz gainera, Espainiako Telebistako Orkestra Sinfonikoaren zuzendari izan nintzen urte askotan; horrekin batera, litekeena da Israelgo Orkestra Sinfonikoa zuzentzeko gonbidapena jasotzea, lehengo hilabetean gertatu zitzaidan bezala. Baliteke Valentziako orkestrako gonbidatu nagusia izatea ere: oraintsu Palau de les Arts-en Ana María Sánchez-ekin “La Bruja” zuzentzea egokitu zaidan bezala.

Mundu zabaleko hamaika orkestra zuzendu dituzu. Lanean jarduteko modua oso aldatzen al da toki batetik bestera?

Bai. Leku bakoitza mundu bat da. Japonian, esate baterako, ordutegi aldaketara lasai egokitzeko, lehen entsegua izan baino gutxienez bi egun lehenago egon behar da bertan. Bestetik, nire kasuan bezala, japoniera itzultzeko norbait behar da aldamenean, konplikatua gertatzen da. Japonian sei astez izan nintzen, herrialde osoan kontzertuak eskainiz eta, egia esan, hark ez du zerikusirik Estatu Batuak, Ingalaterra, Alemania, Danimarka, Islandian... gertatzen denarekin. Toki bakoitza desberdina da, ez baitakizu zein instrumentuz osatuta egongo den bertako orkestra. Zerotik abiatu behar duzu, ez baituzu orkestra ezagutzen. Ematen dizutenera egokitu behar zara eta orkestrari ahalik eta zuku gehien atera behar diozu. Ilusio handia eduki behar da, nahitaez, mundu hau izugarri gustatzea ezinbestekoa da. Orkestraren aurrean jartzea nekosoa gertatzen zaidan egunean zuzendari izateari utzi beharko diot, orduan dena gaizki aterako litzateke-eta. Lana konplikatu xamarra da: orkestra zenbat eta hobea izan, orduan eta entsegu gehiago egin behar dituzu, ederki baitakizu egiten dutena egiten dutela ere, hori gainditzeko modukoa izango dela. Orkestra txarraren kasuan, maila batera iristean, badakizu hortik ez dela pasatuko, teknikoki ezinezkoa zaiolako. Orkestra onarekin, berriz, deabrukeriak egin ditzakezu

Nolako “deabrukeriak”, adibidez?

Behin ere entzun gabeko deabruzko hobekuntzak. Gutxitan jazotzen da baina, gertatzekotan, benetan zoragarria da.

Oso diskografia zabala daukazu. Gogoan al dituzu grabaturiko disko guztiak?

Espainiako AIE-ren artxiboetan agertzen denez, neu naiz grabazio gehien egin dituen zuzendaria musika sinfonikoan, zartzuelan, musika lirikoan...

Musikan egindako ibilbidean jaso dituzun sari ugari horietatik zeinek hunkitu zaitu gehien?

New Yorken “Dimitri Mitropoulos” Orkestra Zuzendaritzako Nazioarteko Lehiaketan irabazi nuen urrezko dominak. Asko kostata lortu nuen! Egia esan, 16 herrialdetako 42 zuzendariren artean lehen saria irabaztea ez dago bat ere gaizki. Hori 1967an izan zen, nik 29 urte nituela.

Zenbat urte zenituen eginak ordurako orkestra-zuzendaritzan?

1962 urtean hasi nintzen bide profesionalean.

Gogoan al duzu noiz hartu zenuen musika tresnarik estreinakoz?

Txikitan makila eta erratza hartuta, jotze plantak egiten nituen, benetako instrumenturik ez baineukan artean. Aitonarekin hasi nintzen solfeoa ikasten, Valentzian.

Zenbat urterekin?

Hiruzpalau... Zenbat eta lehenago hasi hobe, gauzok orduantxe ikasten baitira hobekien. Ama-hizkuntzarekin gertatzen den bezala.

Musika bera ere mintzaira baita...

Edonork ulertu edo asimila dezakeen mintzaira bakarra, gainera.

Sentimenduak adierazten laguntzen dizu musikak?

Musikaren eta pedagogiaren bitartez adierazten ditut, hortxe nabil erosoen: musika egiten ahaleginduz, neuk sentitzen dudana gainerakoei transmitituz.

Irakaskuntza gozatze-bidea al duzu?

Erabat. Honetan beti jardun naiz oso gustura. Orkestra-zuzendaritza alorrean Espainiako lehendabiziko katedraduna izan naiz. Valentzian behin-behineko irakasle izan naiz eta Madrilgo oposizioak atera nituen. Baina gerora, bateraezintasunen gaineko Legea aplikatuz, eskolak eman ala orkestra zuzentzea aukera nezan esan zidaten. Zuzentzea hautatu nuen. Orain, Musikenen pedagogian aritzeko aukera daukadanez, poz-pozik nago.

Zenbat urte egin dituzu Musikenen?

Laugarren urtea dut hau.

Gazte asko al dabil zuzendaritza ikasten?

Instrumentuetan hasten direnak bezain beste ez dira, noski. Zuzendari izateko maila aparta erakutsi behar da hainbat ikasgaitan; pianoa ikasteko, baino askozaz ere gauza gehiago eskatzen dira. Konposizioaz konpositoreak berak baino gehiago jakin behar duzu: konposizioaz asko ez badakizu, nekez azter dezakezu obra bat eta nekezago sentituko duzu konpositoreak obra jakin horretan zer egin nahi izan duen. Gurea da espezialitaterik luzeena, osatuena. Gauza asko exijitzen zaizkigu: pianoa jotzea, instrumentu bat...

Zer da musika zuretzat?

Musikaren adiera azaltzen duten definizioak asko dira, eta horietako batzuk bitxi-bitxiak. Denetan ezagunen eta herrikoiena, soinuak eta denbora ongi konbinatzeko artea dela dioena da. Baina badira maila denetako definizioak. Ba al dakizu zeri esker entzun dezakegu musika gizakiok? Oroimenari esker: oroimenik gabe, izan ere, esaldi bakar bat ere ezin uler genezake. Soinuak konparatzeko oroimenik ez baduzu ezingo dituzu sentsazioak ere konparatu. Entzuten dugun musikak oroimenari esker eragiten ditu sentsazioak gure baitan. Musika, bestalde, denboran barrena garatzen da eta denbora ezin errepikatuzkoa da. Musika ere, berez, ezin errepikatuzkoa da. Hori da musika artearen fenomenoa; horra, beraz, zuzendariok jakin behar duguna musika interpretatzera iritsi ahal izateko. Horregatik ezin dezakegu esan Beethovenen Bosgarren Sinfonia interpretatuko den kontzertura joan nahi ez dugula, sinfonia askotan entzun dugula argudiatuz. Ez, noski. Bethovenen Bosgarren Sinfonia eta beste guztiak bizitzarik gabeko obrak dira, guk irakurri eta imajina ditzakegunak, baina ez dira bizidun izango guk interpretatu arte. Eta interpretatzen ditugunean, gainera, egiten ari garen hori ezin errepikatuzkoa da.

Zein duzu kontzerturik ahaztezinena?

RTVE-ko Orkestra Sinfonikoa Londresko Royal Festival-en aurkeztu genueneko kontzertua ez zait ahaztuko sekula. Manuel Fraga Iribarnek antolatu zuen, bera Londresen Espainiako enbaxadore zela. Espainiako Irrati-Telebistako Orkestra Sinfonikoa ere berak sortu zuenez, Londresen aurkeztu nahi izan zuen. Ahantzezina izan zen kontzertu hura: errepertorioa amaitu egin zen, osteko “propinak” ere bukatu zitzaizkigun, ez genuen beste obrarik. Pentsa! Agertokira beste behin irtetea erabaki genuen eta ordurako pianista arropaz aldatuta zegoen, galtza bakeroekin irten zen jendaurrera. Horrez gainera, neka-neka eginda geunden, Estatu Batuetatik iritsi berriak baikinen. Arratsaldean egin genuen entsegua inoiz baino okerrago irten zen, gogoan dudanetatik tristeena izan zen, den-dena gaizki atera zen. Kontzertuan, berriz, bikain atera zen dena. Maitasun handiarekin oroitzen dut kontzertu hura. Erabateko arrakasta izan zen.

Espainiako Irrati-Telebistako Orkestra Sinfonikoaren zuzendari birritan izendatu zaituzte, estreinakoz 1966an. Nolako harrera egin zitzaion Orkestra sortzeari?

Ezin hobea, pentsa: Ondarroako edonork ere Orkestra etxetik entzun zezakeen.

Geroago, Espainiako telebistan orobat, El Mundo de la Música haurrentzako saioa aurkeztu zenuen, entzuleria zabal eta arrakasta handiz.

Bai, artean Sarita Montiel baino ezagunagoa nintzen ni. Taxilariek ahotsagatik ezagutzen ninduten. Lau urtez aritu nintzen El Mundo de la Música saioarekin. Nire asmoa ez zen musikariak sortzea, musika-kontsumitzaileak ugaritzea baizik: jakina, publikorik izan ezean, gu etxean geldituko ginateke. Egun kontzertuetara doan jende asko nik egindako programari esker joaten da. Ondo dakit nik hori jende horrek esan didalako, noski. Anekdota mordoa dut...

Kontatu bakarren bat...

Igande goiz batean, Iruñeko Musika Jauregian genuen kontzertua. Zain geundela gizon bat hurbildu zitzaidan lau bat urteko haurra eskutik zekarrela: “Jauna, eskain iezaiozu kontzertua nire semeari, gaur estreinako kontzertua du-eta. Hona ekarri dut, neu lau urterekin zaletu nintzelako musikarekin, telebistan egiten zenituen saioei esker. Umearen lehen kontzertua zuk zuzendutakoa izatea nahi nuen nik”. Atsegin handiz eskaini nion saio hura: oso polita da, niri esker, aitari musika gustatu eta, semearen lehen kontzertua neronek zuzendua izatea.

Zein duzu zuzendari gogokoena?

Celibidache, duda izpirik gabe.

Obra gustukoena?

Dagokion une horretan zuzentzen ari naizen horixe. Obra bat zuzentzen ari naizen bitartean beste bat jotzea gustatuko litzaidakeela bururatuko balitzait, eskuarteko hori ez litzaidake ongi aterako. Une horretan autore hori edo obra hori baizik ez da munduan, atsegin ez badut ere. Ahalik eta hobekien egiten ahalegindu beharra dago.

Zertan ematen duzu aisia?

Denbora askorik ez dut libre baina zinema eta antzerkia oso gustukoak ditut. Irakurtzea ere gustatzen zait, eta ikasten segitzea, eboluzionatu ahal izateko.

Musikaria ez bazina zer izatea gustatuko litzaizuke? Sendagilea, zirujaua. Enrique García Asensio

(Valentzia, 1937) Valentzian jaio zen, musikari familia batean. Aita eta aitona biolinistak zituen; birraitona, berriz, pianista, konpositorea eta zuzendaria. Hiru belaunaldiak musikariak izanik, ez zen zaila Enrique García Asensiok ere bide huraxe hautatzea. Aitonak eman zizkion lehenengo eskolak eta ondoren Madrilgo Goi Kontserbatorioan egin zituen ikasketak. Ganbera musika, biolina, harmonia, kontrapuntua, fuga eta konposizioan diplomatura eskuratu zuen. Madrilgo Goi Kontserbatorioan eginiko karreran hamaikatxo sari irabazi zituen. Hamaika urte zituela Kontserbatorioko Orkestran biolina jo zuen eta geroago zuzendari izan zen bertan. Municheko Goi Eskolan orkestra-zuzendaritza Lessing, Eichhorn eta Mennerich irakasleekin ikasteko, “Ataulfo Argenta Beka” jaso zuen 1959-60 ikasturtean. Ikasketak 1960-63 urteetan Sienako (Italia) Academia Chigiana izenekoan sakondu zituen, Sergiu Celibidache maisuarekin. 1962 urtean, Celidibache maisuak hautatuta eta Chigiana Musika-Akademiaren ordezkari gisa, Milanon Radio Televisione Italianak (RAI) antolatu ohi duen orkestra-zuzendari gazteen Saria irabazi zuen. 1962tik 1964ra Kanariar Uharteetako Elkarte Filarmonikoaren Orkestrako eta Kontserbatorioko zuzendari titularra izan zen. Handik urtebetera Valentziako Udal Orkestraren zuzendari titular izendatu zuten. Era berean, Valentziako Goi Kontserbatorioan Instrumentu-Harmoniako irakasle jardun zen; eta gerora, Orkestra-Zuzendaritza eta Instrumentu-Harmoniako katedrak bete zituen. 1962 urtean RAI-ren Saria eskuratu zuen. 1967an, New Yorken “Dimitri Mitropoulos” Orkestra-Zuzendaritzako Nazioarteko Lehiaketan Lehen Saria eta Urrezko Domina irabazi zituen; sari hori irabazteak 1967-68 denboraldirako Washingtongo Orkestra Sinfoniko Nazionalaren Alboko Zuzendari izateko atea zabaldu zion. Ondoren, “Zarzuela” Antzokian Madrilgo denboraldiko “Orkestra-Zuzendari Hoberena” Saria irabazi zuen, Jules Massenet-en “Werther” operaz Alfredo Kraus tenorearekin egindako interpretazioarekin. Geroago, “Mozart Saria” jaso zuen. 1970 urtean, oposizio bitartez, Espainiako Irrati-Telebistako (RTVE) Orkestra Sinfonikoaren Zuzendari Titular postua hartu eta bertan jardun zuen lanean 1966tik 1984 arte. Kargu bera 1998tik 2001era arte ere bete zuen ostera. Telebistan lan pedagogiko interesgarria egin zuen, 1976 eta 1980 artean “Musikaren mundua” saioa aurkeztuz. 1991an Espainiako Kultura Ministerioaren “1991ko Interpretazio Diskografikoa” Saria irabazi zuen, Ernesto Halffter maisuaren “Sinfonietta” obraz Ingalaterrako Ganbera-Orkestrarekin eginiko grabazioari esker. Hurrengo urtean “Cultura Viva” Elkarteak 1992ko Musikaren Sari Nazionala jaso zuen. 1992, musikari emana bizi izan zelako, Parla Hiriko (Madril) Udalak bertako Udal Musika Eskolari “Maestro Enrique García Asensio” izena eman zion. 1993 urtetik 1998 arte Madrilgo Banda Sinfonikoaren Zuzendari Tekniko-artistikoa izan zen. Musika-banda horrekin zortzi CD grabatu zituen eta, horietako batekin (“El pasodoble”), “Urrezko diskoa” irabazi zuen. 2001eko urriaren 31n Madrilgo Udal Banda Sinfonikoaren Zuzendari Tekniko-artistikoa izendatu zuten; lehenago ere (1993-1998) bete zuen kargu hori. Nazioartean, hainbat herrialdetan ibili da lanean: Kanada, Estatu Batuak, Mexiko, Puerto Rico, Argentina, Uruguai, Errepublika Dominikarra, Brasil, Japonia, Islandia, Bulgaria, Errumania, Grezia, Israel, Errusia, Hegoafrika, Ipar Irlanda, Suitza, Ingalaterra, Portugal, Italia, Frantzia, Belgika, Alemania, Luxenburgo, Austria, Holanda, Turkia, Txekia, Danimarka eta Eslovakian. Diskografia handia du, Espainian eta Ingalaterran eginikoa. Bolonian (Italia) eta Munichen (Alemania) eman zituen nazioarteko ikastaroetan Celidibache maisuaren alboko gisa jardun du, baita Sienako (Italia) Academia Chigiana-ko eskoletan ere.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

Précédents

María Oianguren. Gernika Gogoratuz Bakearen aldeko aztertegiaren zuzendaria: Aldaketaren, harremanaren, bestearen beldurrez irauten dute beren horretan gatazkek

 

Irakurri

Aingeru Zabala. RIEV aldizkariko zuzendaria: Gaurko RIEV ez da bere sasoiko RIEV izandakoa, baina oraindik herri honetako aldizkari enblematiko bat da

 

Irakurri

Elena Odriozola. Ilustratzailea: Nahi dudana marrazten dut, baina batzuetan zentsura jasan behar da

 

Irakurri

Julio Valdeón Baruque. Valladolideko Unibertsitatean Erdi Aroko Historia Katedraduna: Gutizia izan zen kristautasunaren izenean hainbeste musulman eta judu hil zituena

 

Irakurri

Andoni Luis Aduriz. Mugaritz jatetxeko sukaldaria: Egia esan, hirugarren Michelin izarra ez ematea gustatuko litzaidake

 

Irakurri