Eva Aguilera. Amnistia Internazionala: Pobreziaren kartzeletan preso dauden pertsonen askatasuna aldarrikatzen dugu

2008-01-04

SALABERRIA, Urkiri

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean (abenduaren 10ean), EI-SEVeko Osasun Zientzien Sailak ondorengo jardunaldia egin zuen: “Osasuneko profesionalek giza eskubideen errespetuari egindako ekarpena”, gaia ezagutarazteko eta horri buruz gogoeta egiteko helburuz. Parte-hartzaileen artean, giza eskubideen alorrean lan egiten duten erakundeak egon ziren, hala nola, Medicus Mundi, Intermon-Oxfam, Amnistia Internazionala eta Mugarik gabeko Medikuak. Egia esan, osasuneko profesionalen jardunaldi batean Amnistia Internazionalak (AI) parte hartzea deigarria iruditu zaigu. Hortaz, jardunaldi interesgarri horren amaiera-ekitaldian izan gara eta, bukaeran, elkarrizketa aberasgarria izan dugu Eva Aguilerarekin. AIko arduradun adjuntua eta Sexu Gutxiengo, Adin Txikiko eta Osasun Taldeen koordinatzailea da Eva Aguilera. Horren ondoan Koldo Casla Gipuzkoako AI (donostia@es.amnesty.org) taldeko arduraduna eta Maritxus, bera ere gipuzkoarra eta adin txikikoen atalaren arduraduna, zeuden.

Ondo baderitzozu, hasteko Amnistia Internazionala zer den azaldu egiguzu azaletik bada ere.

Boluntarioen lana oinarri duen nazioarteko erakundea da, eta orokorrean, giza eskubideak sustatzen ditu eta haien urraketa salatzen du.

Ekintzaileen nazioarteko mugimendua da, 150en bat herrialdetan gaude eta ia mundu osoan lan egiten dugula esango nizuke. Nazioarte-mailan iritzi publikoa mobilizatzea bultzatzen dugu, giza eskubideen urraketa ez dadin zigorrik gabe gelditu.

Edozein salaketa egin baino lehen ikerketa sakona egiten dugu eta gaitzesten ari garen kasuari buruzko dokumentazio zabala biltzen dugu. Ondoren hedapen-kanpainari ekiten diogu eta iritzi publikoa mobilizatzen dugu egoera horiek desagerrarazteko.

Espainiako estatu-mailan herritarren iritzia mobilizatu nahi dugu hainbat tokitan gertatzen ari denaren inguruan, hala nola, Ekuatore Ginean, Hegoafrikan, El Salvadorren...

Edota Espainiako estatuan bertan?

Bai, jakina.

Azaltzen ari zarenez, batez ere “iritzi publikoa” mobilizatzea da zuen lanaren ardatza. Gobernuengan benetan presiorik eragiten al du “jendeak” pentsatzen dugunak?

Iritzi publikoak asko egin dezake, uste duguna baino gehiago. Gero eta gehiago gainera. Izan ere, erakundea pertsona baten intuiziotik sortu zen: Peter Benenson abokatu britainiarrak 1961eko maiatzaren 28an “Ahaztutako presoak” izenburuko artikulua idatzi zuen «The Observer» egunkarian. Bertan, mundu guztiko jendeari dei egiten zion "kontzientzia-presotzat" jotzen zituen sei lagunen askatasunaren alde aritzeko. Euren iritzi politiko, erlijioso edota bestelako kontzientzia-arrazoiengatik kartzelan zeuden pertsonak ziren, biolentziarik erabili edota defenditu ez zutenak. Mila irakurlek baino gehiagok hartu zuen parte ekintza horretan.

Baina hori duela ia mende erdi gertatu zen. Gaur egun taktika hori eraginkorra al da oraindik ere?

Bai, eta agian sorreran baino gehiago. Egungo munduan, globalizatuan, nazioarteko harremanak oso garrantzitsuak dira herrialde baten ekonomiari eta iritzi publikoari begira, eta baita beste herrialde batzuek herrialde jakin bati buruz izan dezaketen iritziari dagokionez ere. Ildo horretan iritzi publikoak eragin handia du agintariengan.

Agintariak asko arduratzen dira kanpora begira erakusten duten “irudiaz”, bai alde biko harreman guztietan, bai kanpo-politikan eta baita lortu nahi dituzten merkatu politiketan ere. “X” agintariek milaka eta milaka lagunen presioa nabaritzen dute euren izen eta abizenekin idazkiak, e-mailak, faxak... bidaltzen dizkietenean pertsona jakin baten eskubideak urratzen ari direla adierazteko. Ba presio horren eraginez, aldaketak gertatzen dira. Horren lekuko dira azkenean askatuak izan diren presoak. Eurek kontatu digutenez, kartzela-agintariei salaketa-gutunak iristearekin batera tratu hobea eskaini zietela nabaritu zuten.

Baina zuen estrategiaren ardatza ez dira bakarrik gutun pertsonalak...

Ez. Sinergia indibidual horiek bestelako lanekin uztartzen ditugu, hau da, bozgorailu-lana egiten duten komunikabideetan aritzen gara, ikerketa-lan garrantzitsua burutzen dugu eta gertakariei buruzko dokumentazioa biltzen dugu. Modu horretan inpartzialtasunetik egin dezakegu lan eta horrek ospea eman digu testuinguru jakin batzuetan, guganako errespetua irabazi dugu. Horri esker zenbait agintarirekin mahai berean jarri gaitezke eta gure ahotsa entzunarazi.

Amnistiari buruz hitz egiten dugunean presoak, zigortuak... datozkigu gogora. Nola azaltzen duzu Amnistia Internazionalaren parte hartzea osasunaren eskubideari buruzko jardunaldietan?

Planteatu ohi dugun metafora izan liteke erantzuna: Amnistia Internazionaletik pobreziaren kartzeletan preso dauden pertsonen askatasuna aldarrikatzen dugulako.

Zertaz hitz egin duzu jardunaldi honetan?

“Osasuna, betebeharreko giza eskubidea. Osasunerako eskubidearen alde egitean medikuek eta osasun-langileek betetzen duten rola” da hitzaldiaren izenburua. “Osasuna giza eskubidea” dela esateak duen esanahia eta horren norainokoa azaltzen saiatu gara.

Osasunerako eskubidea ere, gainontzeko eskubide ekonomiko, sozial eta kulturalak bezala, exijitu egin daiteke, beste eskubide batzuekin egin ohi den moduan. Adierazpen askatasuna, esaterako, inor ez dezatela atxilotu bere iritzia emateagatik, edo norbait atxilotu eta bidezko epaiketarik izan ez badu goragoko Erakundeetara jotzeko aukera izan dezan gertatutakoa salatu eta ordaina eskatzeko. Amnistia Internazionala osasunerako eskubidea ezagutarazteko kanpaina sustatzen ari da, eta horrekin batera etxebizitza duina izateko eskubidea, hezkuntza-eskubidea... Exijitu daitekeen eskubidea da eta horretarako beharrezkoak diren esparruak lantzen ari gara, egingarria izan dadin.

Zer da Osasunerako eskubidea?

Nazioarte-mailan jasota dagoenez, Osasunerako eskubidea eta aipatu berri ditugun beste batzuk eskubide zibil eta politikoen betebehar-maila berean daude. Nazioarteko itunetan kodifikatuta daude, eta itunok Estatuek sinatu, berretsi eta betetzeko konpromisoa hartzen dute.

Arau horietan adierazten denez, osasunerako eskubidea maila goreneko osasun fisiko eta burukoa izateko eskubidea da, eraginkorrak eta kalitatezkoak diren osasun-zerbitzuak eskura izateko eskubidea. Gizarte- eta kultura-eskubideen batzordeak azaltzen duenez, osasunerako eskubideak oinarrizko lau puntu jaso behar ditu: erabilgarritasuna, eskuragarritasuna, moldagarritasuna eta kalitatea. Erabilgarritasuna diogunean, zerbitzuak abian izan behar direla esan nahi dugu, eta gero zerbitzuok eskuragarri egon behar dutela. Pentsatu ezazu herrialde nekazaria dela, ospitale bakarra dagoela hiriburuan eta dauden bide-azpiegiturengatik ezin dela edozein bertara iritsi, eta are gutxiago mediku-laguntza behar duen inor..., edo mediku-zerbitzua eskatu duen pertsona baztertua dela arrazoi ekonomikoak, arrazari buruzkoak, etnikoak edo sexualak medio... Hau da, eskuragarritasuna diogunean esan nahi dugu edozeinek kalitatezko zerbitzu medikoa izateko egon daitezkeen oztopo guztiak desagerrarazi behar direla. Kalitatea diogunean, berriz, esan nahi dugu osasun-zentroak beharrezko tresnak, kualifikatutako langileak... izan behar dituela. Moldagarritasunaz ari garenean, azkenik, herrialde, erregio edo zonalde bakoitzaren testuingurura egokitu beharraz ari gara, biztanleriak atzera botako ez duen arreta medikua eta osasun-mailakoa eskaintzeaz.

Medikuek eta osasun-langileek erabiltzen duten hizkuntzaren gaia nola planteatzen duzue?

Eskuragarritasunaren puntuaren barruan dago; osasun maila gorena eta osasun zerbitzu eraginkorra izateko eskubidearen barruan kontuan hartu beharreko alderdietako bat da.

Osasunerako eskubidearen urraketen barruan, zer alderdi azpimarratuko zenituzke?

Gehien lantzen ditugun gaiak GIB-HIESaren eta haurdunaldiko eta puerperioko ama-haurren arretaren ingurukoak dira. Bi kasuetan agerikoa da giza eskubideen urraketak heriotzarekin eta pobreziarekin duen lotura. Gainera, arrazoi horiek medio ematen diren heriotzen %99 herrialde pobreenetan gertatzen dira. Gogorrena da kasu gehienetan heriotza saihestu zitekeela osasun-mailako arreta-neurri erraz batzuekin eta informazioaren bidez.

Haur bati bere egungo eta etorkizuneko osasuna baldintzatuko duen obesitate-mailara iristen uzten bazaio ere larriki urratzen da bere osasunerako eskubidea, ez da hala? Ez dira urrutiko herrialdeetan bizi, haur horiek inguruan ditugu. Noren biktima dira? Nola errebindikatu daiteke euren osasunerako eskubidea?

Gai zehatz horri ez diogu heldu, baina adibide gisa baliagarria zaigu gaiaren lan-planteamendua nolakoa den ikusteko. Haurren Eskubideen Konbentzioak onartzen du gurasoek edo tutoreek euren seme-alaben zaintzan eta arretan duten ardura, baina horrek ez du esan nahi Estatuak ardurarik ez duenik haurren eskubideak betetzeari begira, izan ere adin txikikoak pertsonak dira. Hau da, onartuta dauden giza eskubideak dituzten gizakiak dira. Gainera, zu edo ni babesten gaituzten arauak ez ezik, badute arau berezi bat, adin txikikoen ahultasun egoera babesten duena. Horrela, arau horiek betearaztearen azken eta lehen arduradunak Estatuak dira, eta Amnistia Internazionalak beti joko du lehenengo Estatuengana solaskide gisa, eskubide horien urraketari amaiera emateko.

Bukatzeko, ardura ez bazaizu, galdera pertsonala: Desio bat. Uff! Amnistia Internazionala eta antzeko erakunderik gabeko mundu batean bizi nahiko nuke, hori herri guztien arteko elkarbizitza baketsuaren ondorio izango litzatekeelako. Eva Aguilera Informazio Zientzietan lizentziatua, Kazetaritza adarrean. 2005eko abuztuan hasi zen Amnistia Internazionalarentzat lanean. Kanpaina eta Mobilizazioen arduradun adjuntua da eta hiru talde ditu bere ardurapean: Sexu Gutxiengoak, Adin Txikikoak eta Osasuna. Boluntarioei laguntza teknikoa eskaintzen die, eurak baitira Espainiako estatuan gizarte-mobilizazioko ekintzak eta kanpainak bultzatzen dituztenak. Bere ibilbide profesionalean azpimarragarria da honako erakunde hauetan egin duen lana: Espainian Haurtzaroaren inguruko Erakundeen Plataforman edota Unicef-eko Espainiako Batzordean; El Salvadorreko “Las Dignas” elkartean edota Latinoamerikarako eta Kariberako UNICEFen Bulego Erregionalean.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

Précédents

Felix Mugurutza. Etnografoa eta Aunia Kultur Elkarteko kidea: Gabonetako ohiturak Elizak eraldatu nahi izan dituen erritu paganoak izan dira

 

Irakurri

Itziar Plazaola Giger. Filosofian lizentziatua eta Hezkuntza zientzietan doktoratua: Hizkuntza, batez ere, gertaera sozial bat da

 

Irakurri

Ana Fernández Sáinz. UNIQUALeko zuzendaria: Funtsezkoa zen Euskal Unibertsitate Sistemaren kalitatea kanpotik ebaluatzeko erakundea sortzea

 

Irakurri

Felícitas Lorenzo. Euskal Herria Museoko zuzendaria: Museoaren errentagarritasun soziala bilatzea da gure lehentasuna

 

Irakurri

Lucía Martínez Odriozola. Euskal Kazetarien Elkarteko lehendakaria: Komunikabideek hobeto informatzen dute indar ekonomiko handiagoa duten heinean

 

Irakurri