German Muruamendiaraz: "Euskal etiketarekin etekin handiena atera duena kontsumitzailea izan da"

2000-11-17

EZKERRA, Estibalitz

Elkarrizketa: German Muruamendiaraz German Muruamendiaraz, Eusko Labeleko zuzendaria "Euskal etiketarekin etekin handiena atera duena kontsumitzailea izan da" * Estibalitz Ezkerra Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailaren eskutik sortu zen Kalitatea Fundazioa. Fundazio hau "Eusko Label" kalitate ziurtagiria kudeatzeaz arduratzen da eta bertako presidentea da German Muruamendiaraz. Orain arte Arkauteko Agibidezko Nekazal Eskolan izan dute haien bulegoa, baina urte bukaeran Abadiñora aldatuko dira. Zer da Eusko Labela eta zergatik sortu zen? Eusko Labela gestionatzen duen erakundea Kalitatea Fundazioa da eta gu geu 1992an hasi ginen lanean. Hasiera batean gutxi batzuk zeuden, eta gaur egun 20 lagunetako lantaldea osatzen dugu. Labela etiketa bat da, "label" hitzak ingelesez etiketa esan nahi du. Zentzu horretan, Eusko Labela euskal etiketa da. Etiketa horren funtzioa gure produktuak identifikatzea da eta merkatuan beste produktu batzuetatik bereiztea. Europako Batasunean sartu ginenean aldaketa handia gertatu zen, arlo guztietan eta nekazaritzan ere. Azken honetan, ordura arte produktuak Frantziatik edo Europako gainontzeko herrialdeetatik hona ekartzeko muga batzuk zeuden: kopuru aldetik, eta bestetik, arantzelak ere bazeuden. Kanpoko konpetentziak ez zienez hainbesteko kalterik egiten, hemengo baserritarrek ez zuten haien produktauk saltzen, baizik eta kontsumitzaileek eta banatzaileek erosten zieten. Ordura arte saltzeko esfortsu hori ez zen egin, ez zegoen beharrik. Merkatuari bizkarra emanda produzitzen zela esan genezake, kontsumitzaileari zer nahi zuen galdetu gabe. Gainera, produktuaren arabera, Euskal Herrian bertan kontsumitzen zena %10, 20 edo 30 bakarrik izaten zen. Hau da, gure autokontsumoa nahiko baxua zen. Egoera horretan, hemen ekoiztea eta saltzea nahiko erraza zen. Europa Batuan sartu ondoren, merkatu txiki batetik askoz zabalago batera igaro ginen. Han lortu ziren akordioen arabera mugak desagertu ziren, eta, segituan, kanpoko eskaintzahasi zen: bai produktu barietate aldetik bai kopuru aldetik ere. Bestetik, banaketaren munduan eman ziren aldaketak zeuden. Orduko hartan gaur egun banaketa sistema modernoa deritzona (supermerkatuak etab.) ez zegoen. Aldaketen ondorioz, produktuak saltzeko arazoak sortu ziren, eta hemengo produktuak baztertuta gelditzen hasi ziren. Horren aurrean zerbait egin behar genuen. Lehenik, geure egoera aztertzen hasi ginen, bai produktuari bai merkatuari begiratuta. Gure produktuak babesteko bilatu genuen tresna Eusko Labela izan zen. Azken finean, kontsumitzaileak gure produktuak eros zitzan horiek zeintzuk ziren adierazi behar genion. Kontuan eduki behar da, lehen produktuak zuzenean saltzen zirela. Hau da, ez zegoen produktua identifikatu beharrik erosleak bazekielako zeinek ekoizten zuen. Baina arlo hori murriztuz joan da jateko ohiturak ere aldatuz joan direlako. Sare hori indarra galtzen joan da eta beste batzuek, berriz, garrantzia hartzen. Horregatik, lehenengo pausua zen anonimotik identifikaziora igarotzea. Ondorioz, lan gehiago egin behar da, ekoizpenari, prestaketa, enbasaketa eta identifikazio lanak gaineratzen zaizkiolako. Ekoizleen aurkako erreakzioa izaten da lan hori guztiaren ostean orain arteko prezioa ez dela lortzen. Baina guk esaten diegu bide horretatik ez badira joaten, haien produktuak saltzeko zailtasunak izango dituztela. Nola lan egiten du euskal etiketa honek? Etiketaren K diseinua Nestor Basterretxeak egin zuen, eta, lehen esan bezala, hura erabiltzeko araudi bat egin zen. Gehienbat sektoreko elkarteei zuzenduta zegoen. Baina zera gertatu zen, araua egin baino inork ez zuela eskatu, horrek eskatzen baitzuen sektorean bertan jendea antolatuta egon behar zela. Sektoreak produktuan sinestu egin behar zuen. Orduan konturatu ginen ez bagenuen ezer egiten urte batzuetan ez zela inor sartuko. Horregatik administraziotik etiketa bultzatzen hasi ginen. Sektoreak egin behar zuen lana, baina oraindik behar bezala prestatuta ez egoteagatik egiten ez zuena,administraziotik bertatik burutu genuen. Gaurko egunean kalitatezko etiketa gehienbat garatuta duena Frantzia da. Han dagoeneko kontzientzia bat dago arlo horretan. Nekazaritza sektoreak indar handia dauka, eta, horregatik, hobeto antolatuta dago. Alde horretatik, geu gara garena. Bestalde, zeintzu produktu bultzatzen hasiko ginen erabaki behar zen. Baldintza bezala jarri genuen produktuaren atzean jende dexente egon behar zela, hau da, garrantzi soziala edukitzea. Hori zela eta, haragia, esnea, patata lantzen hasi ginen, baina apurka apurka. Kontua zera zen, produktua landu aurretik ondo aztertu behar genuen zeintzu barietate egokiak ziren, oro har, ekoizpen prozesu osoa aztertu. Behin faktore guztiak analizatuta, etiketak lagundu dezakeen ala ez jakin dezakezu. Hasieratik argi geneukan etiketa lagungarri bat izango zela. Baina gainontzekoa ez bagenuen ondo egiten, etiketa jartzearekin bakarrik ez zen ezer lortuko. Zein da Eusko Label kalitatea lortzeko produktuak eman beharreko urratsak? Euskal etiketa sortu genuenean, zeini emango zitzaion erabaki behar zen. Orduan produktuz produktu landu genuen eta bakoitzari bere araubidea jarri genion. Araudiaren barruan ondo zehaztuta dago zein hazi aukeratu behar den, zein barietate edo arraza, zelan ekoiztu etab. Baldintza horiek betetzen dituenak eramango du etiketa, besteak ez. Hasieran aukeraketa bat egin genuen, eta hainbat produktuk itxaron behar izan zuten. Adibidez, babarrunak hemen ez ziren askorik produzitzen eta beren haziak selekzionatzen bost urte eman genituen. Garrantzi handia eman genion euskal okelari, hortara dedikatzen diren baserritar ugari daudelako. Baina, oro har, eskaera bat egiten denean mahaitalde bat sortzen da. Bertan kalitateaz arduratzen diren teknikariak eta produktoreak biltzen dira, eta elkarrekin produktua lantzen dute. Hau da, proiektu horrek irtenbiderik daukan ala ez aztertzen dute. Posibilitateak dauzkala ikusten denean produktuaren aurkezpena egiten da, hura ekoizteko baldintzak finkatuegiten dira eta etiketa ateratzen zaio. Produktu orok araudi bat dauka, oso zehaztuta gainera. Produktuaren arabera, araudian ekoizpen zonak kokatu egiten dira (badaude produktu batzuk klima dela eta edozein tokitan hazi ezin daitezkeenak), ekoizpen prozesua bera finkatzen da, produktu hori zelan merkaturatu behar den ere araudian jasota dago, zein enbasetan, nola identifikatuta etab. Bestalde, ganaduarekin batez ere kontuan izaten dugu berau nola hazten den. Hau da, kaioletan hazi ordez zelaietan egiten dugu. Animalien ongizateari garrantzia handia ematen diogu. Ondoren, gure hurrengo eginkizuna araudi hori betetzen den ala ez aztertzea da, hau da, produktuaren jarraipena egitea. Eta arauak ez betetzekotan? Arauan bertan jasota dago baldintzak ez betetzekotan, ekoizleari abisu bat emango zaiola, bigarren bat ere. Baina azkenean ez baldin badu kasurik egiten ezingo du erabili etiketa hori. Zenbat produktuk lortu dute orain arte labela? Hamaika produktuk: euskal okela, baserriko oilaskoa, arkumea, behi esne pasterizatua, Gernikako piperra, Ibarrako gindillak, euskal tomatea, euskal babarrunak (horren barruan hiru barietate: Tolosako babarruna, Gernikako indaba eta Arabako pintoa), Arabako patata, eztia, hegaluzea (hiru kanpaina daramatzagu hegaluzearekin lanean), euskal baserriaren barruan barazkiak (piperra eta tomateaz gaindi dauden hainbat barazki sartzen dira), eta jatorrizko izendapena duten produktuen barruan Araba Errioxako ardoa, Idiazabal gazta, Getariko txakolina, Bizkaiko txakolina eta baita ere produktu ekologikoak, nekazaritza ekologikoaren bitartez ekoiztuak. Euskal Labela daukatenak aparte, jatorrizko izendapena duten edo kalitatezko ezaugarriren bat daukaten produktuen promozioa eta publizitatea egiten dugu. Nahiz eta bakoitzak bere nortasuna eduki, publizitatea egiterakoan edo produktua ezagutarazteko orduan pakete berean sartzen ditugu. Nekazaritzako sektore batzuk multinazionalen aurka altxatu dira. Haien iritziz, merkatua kalitateaz baino merkatuagehiago arduratzen da produktibitateaz. Azkenaldian hor badago borroka bat. Europa Batasunean sartu ginenean merkatua ugaldu egin zen, eta orain globalizazio dela eta internazionalizatu egin da. Europa Batua ezin da internazionala izan, denak pakete baten barruan gaudelako. Baina beste herri batzuetara aterata lehia handitu egiten da, amerikanoek eta beste hainbat naziok gure merkatuetan sartu nahi dutelako. Gure eredu produktiboa oso diferentea da. Hemen gehienak baserri txikiak dira, lur asko ez daukatenak eta gainera aldapatsuak direnak. % 85 inguru mendi nekazaritza bezala onartuta dauden lurrak dira. Guk beste eredu produktibo batzuekin ezin dugu lehiatu, leku lauagoak direlako, makineria erabiltzeko aukerarekin etab. Haiek dauzkaten kostuak gure aldean txikiak dira, eta, horregatik, ezin gara bide horretatik joan. Beste estrategia bat bilatu behar dugu, baina ez bilatu bakarrik, mantendu ere egin behar da, eta hori kalitatearekin lortzen da. Kalitatea hitz potoloa da, baina bakoitzaren ikuspuntuaren arabera haren interpretazioa aldatu egiten da. Kalitatea ezaugarri neurgarriekin interpretatu behar da, bestela bakoitzak bere modura egingo baitu. Produktuak lehenik analizatu egiten dira horretarako irizpide neurgarriak erabiliz, eta, horrela, produktu hori beharrezkoa den ala ez den erabakitzen da. Gainera, kontsumitzaileak ere kalitate hori igerri behar du. Produkzio zainduak dira eta beste produktuekiko ezberdintasun bat eduki behar dute, izen berarekin geroz eta produktu gehiago saltzen baitira. Garbi dago, ekoizleak ekoizten duen produktuaren salneurria kalitatearekin lotuta doa. Ekoizleak kantitate gehien eta arazo gutxien ematen dion barietatea ekoiztera jotzen du. Baina hori normalean kalitatearen aurka doa. Gaur egun, barietate batzuen eta besteen artean alde handia dago salneurrian. Baina jaterakoan haien arteko aldea ere igertzen da. Kalitateari buruz hitz egiterakoan, badago beste alde bat: kalitate etika. Hau da, ekoizpen prozesuan ea kontuan eduki deningurunea, zeintzu ongarri erabili diren, eskulana ordaindua izan den ala ez, etab. Hori ere kontuan eduki behar da, azkenean horrek guztiak ematen baitio pisua kalitateari. Kontsumitzaileak ere maiz prezioak gidatuta egiten ditu erosketak. Zorionez, esango nuke geroz eta gutxiago. Azkenaldian, aldaketa bat eman da kontsumo ohituretan. Oro har, kantitate gutxitu baina kalitatea gehitu egin da. Salbuespenak ere beti daude. Baina egia da aldaketa bat eman dela, eta kontsumitzaileak geroz eta gehiago begiratzen dio kalitateari. Prezioari baita, hilabete bukaerara heldu beharra baitago. Aldaketa horiek eman daitezen eta kalitatearen kontuan kontsumitzailea sentsibleago egiteko, lan handia egin behar dugu. Prezio aldetik gure produktuak garestiagoak direla ikusten badute, bai publizitatearen eta promozioen bitartez nola ekoiztuak izan diren erakutsi behar diegu. Arlo horretan hainbat ekintza egiten ari gara hainbat bitarteko erabilita: telebista, irratiak, egunkariak, astekariak, etb. Horretaz aparte, publizitatea kanpoan ere sartzen dugu. Gainera, orain dela bi urtetik hona kontsumitzaileen elkarteekin hitzaldiak ematen gabiltza, eta egun baterako bidaiak ere antolatzen ditugu. Horietan jendeari produktu diferenteen ekoizpen prozesu osoa erakusten diogu. Azken finean, hitzekin bakarrik ez du balio, prozesua ere ikusi behar dute kontsumitzaileek. Baina emaitzak ez dira epe laburrean etortzen. Hala ere, nik uste dut oso erantzun ona dagoela kontsumitzailearen nahiz gizartearen aldetik. Gure kezka nagusia gauzak ondo egitea da, eta halako produktuetan konfidantza jarri duen kontsumitzailea, ez dadila egunen batean kexekin etorri edo produktuak berak ez ditzala baldintzak bete. Horregatik ekoizleak ere kontzientziatzen gabiltza eta zeinen ardura handia daukagun azaltzen diegu. Azkenaldian elikagaien inguruan egon diren eskandaluen aurrean (behi eroen gaitza kasu), zelan babes daiteke kontsumitzailea? Nola saihes daitezke halako kasuak? Kontsumitzaileari, halako produktuetankonfidantza eduki dezakela esan behar zaio. Guk ekintza asko egiten ditugu geure burua ezagutarazteko, baina askotan halako eskandaluek eragin handia izaten dute. Horrelako zerbait gertatzen denean, bezero berri asko sartzen direla nabaritzen dugu. Jendea beldurtu egiten da eta horregatik ziurtasun bila joaten da. Normalean, kontsumitzaile horiek ordura arte garrantzi handiagoa eman diote prezioari kalitateari baino. Gaur egun, agian produktu bat garestiagoa izan daiteke, baina konparaketa egin ahal izateko produktu berdina egin behar da. Adibidez, baserriko euskal oilaskoa garestia dela esan dezakete, baina ezin da beste oilaskoekin konparatu. Salbuespenen bat egon daiteke, baina gaur egun ezin daiteke esan prezioak garestiagoak direnik. Orain arte, behintzat, euskal etiketa honekin etekin handiena atera duena kontsumitzailea izan da. Hasieratik, argi geneukan hura izan behar zela gure helburua. Kontsumitzailea konforme baldin badago, produktua kontsumitu eta eskaera gehitu egingo du. Horren bitartez, ekoizleak produktu horiek ekoizten jarrai dezake. Azken finean, prozesu guztia kate bat da. Eskandaluen inguruan, lehen ere gertatzen ziren eta askoz gehiago. Gaur egun, beste erantzukizun batzuk daude eta komunikabideen bitartez zer gertatzen den jakin dezakegu. Eskandalu hauen ondorioz bakoitza bere neurriak hartzen dabil. Halako gauzak saihesteko gauzak ondo egin eta bideratu behar dira. Horretarako bai produktoreak bai sarean dabilen jende guztia konbentzitu eta sentsibilizatu behar. Azken finean, jarduera ekonomiko bati buruz hitz egiten gaude, eta jarduera ekonomiko batean beti daude eskrupulurik gabeko pertsonak. Urte mordo bat joan gara eredu produktibo intentsibo baten atzetik, merke ekoiztea helburu bakarra izanda. Baina nik uste muga horretatik pasatu egin garela, eta berriro ere atzera bueltatu behar gara. Eredu intentsibo horrekin beti dago arriskua, baina guk jarraitzen dugun ereduarekin ez dugu inolako arazorik edukiko. Pil pilean dagoen beste gai battransgenikoena da. Europako herrialdeen artean adostasunik ez dago eta Europako Batasunaka razoak ditu berau arautzeko. Horren inguruan iritzi ezberdinak daude eta akordio batzuk egiten ari dira. Hemen bertan patata transgenikoarekin lan egiteko epe bat hartu dute. Lan horretan dabiltzan teknikariak bide horren aldekoak dira. Kontsumitzaile elkarteak eta ekologistak, berriz, aurka daude. Nik uste dut egoera oso garrantzitsu batean gaudela, oso ondo etorriko diren ikerketak eta azterketak egiten daudelako. Neure iritziz, momentu honetan gauden bezala oraindik gehiago ikertu eta landu beharko litzateke. Baina teknikoki, materia honek zenbaterainoko onurak edo kalteak ekar ditzakeen esateko ez daukat behar besteko jakintzarik. Dena den, kontsumitzaile naizen aldetik, gauzak garbi ez dauden bitartean gehiago ikertu beharko dela uste dut. Gauza askotan gertatzen da urrunegi joan garela eta atzera berriz bueltatu behar dugula. Baina bueltatu behar hori noraino joan behar da? Abiapuntura ala tartean gelditu behar gara? Eztabaida horretan alde batekoak zein bestekoak muturretara joaten gara. Baina, azken finean, eztabaida hori estrategia bat da zuk nondik hasi behar duzun aztertzeko. Hemengo nekazari batzuek arazo guztien aurrean nekazaritza ekologikoaren aldeko apustua egin dute. Zenbait produktu ekologikok, gainera, euskal etiketa lortu dute. Nekazaritza ekologikoa oso lotuta dago bizimodu planteiamendu batekin, ez bakarrik elikadurarekin. Niri aukera hori oso ondo iruditzen zait. Baina bizimodu batekin lotuta dagoen neurrian, bere mugak badauzka. Hor dagoen arazoa da bitarteko lanetan sartzen direnak ez dutela gehiegi sinesten nekazaritza mota horretan, eta jarduera ekonomiko soilik bultzatzen dutela. Gauzak behar den bezala egiten direnean, txalogarria da. Baina nik hor ikusten dut jarraipen handi bat egin behar dela, iruzur denuntzia ugari egon direlako nekazaritza ekologikoaren arloan. Gaur egun, produktu ekologikoetan eskaera handiagoa dago eskaintza baino. Arlo guztietandesoreka bat gertatzen denean, iruzurra sartzeko arrisku handia dago. Hemen ez da halakorik gertatu, baina Europan eta Espainian bai. Eta kalitatearen borroka handia bada, nekazaritza ekologikoarena are handiagoa. Guk Eusko Labeletik egin dugun lana pausu bat izan da. Azkenean, nahiz eta denok helburu berdina eduki, zein epetan egin behar dugun erabakitzerakoan desadostasunak egoten dira. Baina sentsibilitate hori ez da egun batetik bestera lortzen, horrek prozesu bat behar du. Nik esango nuke Eusko Label familia honetan ez dagoela inor soberan. Nekazaritza ekologikoa egin nahi duenarentzat beste aukera bat da. Etorkizunari begira, zeintzuk dira Eusko Labelak dituen erronkak? Lanean hasi ginenetik hona aldaketa batzuk egiten joan gara. Lehenengo lan hauek bultzatzen hasi ginen, eta une honetan esku artean beste produktu batzuk dauzkagu. Baina orain sektorea bera ari da gehiago egiten, gu zerbait lagunduta. Nolabait testigua pasatu diogu sektoreari , eta gu beste ekintza batzuetan gabiltza. Orain arte prozesuaren epaile eta atal izan gara: guk bultzatu dugu, baina gero geuk ere kontrolatu dugu. Une batera helduta, ordea, bi atalak desberdindu behar dira eta prozesu horretan gaude. Denborarekin produktuen kalitatea zertifikatuko duen erakunde bihurtuko gara. Euskal etiketa erabiltzeko jarrita dauden baldintzak betetzen ziurtatzeaz gain, produktuaren promozioa eta publizitatea antolatzen jarraituko dugu, bai distribuzio mundura, bai dendari txikiengana baita ere kontsumitzaileari ere. Guk hemen egin duguna zera izan da, bertan zeuden produktuez aparte, lehenago ekoizten ziren batzuk berreskuratu eta orain bestelako produktuak ditugu esku artean. Berreskuratutako produktu bat baserriko oilaskoa izan da. Hemen espezie eta produktu bakarrarekin bizi diren baserri asko daude, eta oilaskoa diru iturri lagungarria bezala bultzatu genuen. Orduan, baserri bakoitzak zer kopuru ekoiztu behar duen mugatuta daukagu, baserritarra produktu bakarrera dedikatu ez dadin. Bere diru iturrinagusia bakarra izateko, urtean asko ekoiztu beharko luke eta hor kontzentrazio bat emango litzateke. Kontzentrazio horrek ingurugiro arazoak, gaixotasunak, etab ekarriko lituzke. Horregatik kopurua mugatu egiten dugu. Bestetik, uneotan txerriarekin lanean gabiltza eta kalean haziak izateko proba batzuk egiten gaude. Hau da, denentzako erakargarria izango den eredu produktiboa ahal den aztertzen gabiltza, bai baserritarrentzako, bai harategietan saltzeko eta bai kontsumitzailearentzako. Badauzkagu beste produktu batzuk eskuartean, adibidez sagardoa. Arazoa da sagarra asko kanpotik ekartzen dela eta leku ezberdinetatik, gainera. Bestalde, sagardoa egitea eta ondorengo erabilpena ere ezberdina da. Barazki munduan bagabiltza uhazekin, porruekin etab. Transformatuekin (txerriki kontuak etab.) sartzeko asmoa ere badaukagu. Baina une honetan, orain arteko produktuen mantenimenduarekin bakarrik lan asko daukagu. Urtero araudiak eta arloak eguneratu behar dira, eta momentuz horiek izango dira geure eginkizunak. Argazkiak: Estibalitz Ezkerra Euskonews & Media 100.zbk (2000 / 11 / 17 24) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

Précédents

Juan Luis Mendizabal 'Mendi': "Berdeak beti ditu ongi islatzeko zailtasunak; orixka baino zailagoa da"

 

Irakurri

Mariasun Landa: "Haur eta gazte literatura onak ez du heldua aspertzen"

 

Irakurri

Armando Llanos: "Turismoa Araban leundu gabeko diamantea bezalakoa da"

 

Irakurri

Juan Plazaola Artola: "Etorkizuneko arteak gizakiaren gairik sakonenak lantzea gustatuko litzaidake"

 

Irakurri

Amalio Garcia: "Herrialde behartsuak, garatu beharrean, txirotzen ari dira"

 

Irakurri