Iñaki Dorronsoro. Eusko Ikaskuntzako presidentea: Eusko Ikaskuntzak lanari ekingo dio euskal gizartea berritzeko ideia eta proiektu garrantzitsuak sustatuz, lagun ororen arreta erakarriko dutenak alegia

2014-04-02

AGUIRRE SORONDO, Juan

ZURUTUZA ZAPIRAIN, Juanmari

Urte betez, Eusko Ikaskuntzak hausnarketa prozesua eta barne eztabaida burutu du. Ibilbide horretan lagun askok esku hartu dute, Elkarte propioko bazkideak zein euskal kultura eta zientzia esparruko aditu zein gizarte eragileak. Euskal Herriko erakunde eta elkarteen artean leku propioa eskuratu nahian, izaera bereizia, zehatza eta bakarra erdietsiz, Eusko Ikaskuntzak eredu berriari heldu dio eta funtzionamendurako egiturak berritu egin ditu. Elkarteak eragindako eredu berri horrek joan den urteko bukaera aldean bazkideen Batzar Nagusiaren babesa jaso zuen gehiengo handi baten eskutik. Eredua finkatzen ari da antolamenduaren inguruko neurri eta erabaki estrategikoen bitartez, epe ertain eta luzean Elkartearen etorkizuna zehaztuko duten neurriak alegia.

Eusko Ikaskuntzak bizi izan duen metamorfosia, haustura edo aldaketa izan dela esan genezake?

Bueno, nik ez nuke esango haustura gertatu denik, gainera hitz horrek beldur pixka bat ematen dit. Nahiago dut “metamorfosi” hitza: krisalidatik zerbait berria sortzen da, tximeleta, baina bien artean lotura naturala gertatzen da. Nire ustez, Erakundearen arreta gunea aldatu egin dugu. Eusko Ikaskuntza gure herri honetan egiturarik ez zegoen garai batean sortu zen; hau da, Euskal Herriko kulturaren inguruko ikerketa, euskara, Euskal Herriko kultura oinarriak, ... horien inguruan ezer gutxi genekien. Fundatzaileek aparteko kezka erakutsi zuten hainbat alor lantzerakoan, besteak beste, Etnografia, Arkeologia, Filologia, ... Berez, ez nuke esango horiek iraganari lotuta daudenik, iragana-iraganarekin baizik, desagertzear zeuden sustraiak berreskuratu nahian, historiaren etengabeko bilakaeran ahaztuta geratu behar baitziren. Eta horrek Eusko Ikaskuntzaren esperientzia mugatu du garai modernotara arte. Pixkanaka bestelako edukiak bereganatuz joan dira, baina horiek ere iragan-iraganarekin ere hertsiki lotuta zeuden. Beraz, ikusmolde horri helduz, haustura baino gehiago zera egin dugu, denbora-ikuspegia aldatu. Gure asmoa orainarekin lotuta dauden gaien inguruko hedapenari eta azterketari heltzea da, eta batez ere etorkizunak sor ditzakeen erronka eta egoeren ingurukoak.

Bertara ailegatzeko, zein izan zen Erakundearen oinarri berberak zalantzan jarri zituen prozesuari ekitea eragin zuen diagnosia?

Diagnosia, isilpean bazen ere, eginda zegoen guk Erakunde honen zuzendaritzari heldu baino lehen. Berez, aurreko agintaldian hausnarketa saiakera ere bideratu zuten, baina azkenean, hainbat kontu zirela medio, ez zuten gauzatu. Burutu genituen hainbat elkarrizketetan zenbait lagunek luzatu zidaten lehendabiziko mezua, karguaren hautagaitza onartu baino lehen ere, zera izan zen: “Iñaki, une honetan Eusko Ikaskuntzan garrantzitsuena ereduaren azterketa sakona burutzea da, hainbat baldintza errespetatuz, besteak beste, gardentasuna, bazkideen partaidetza, eta abar”. Hau da, halako azterketa sakona egitearen beharra zehazten zuen diagnosia eginda zegoen eta lehentasun osoko mandatu gisa hartu genuen. Behar larri hori eta oinarriak berak zalantzan jartzea aurretik emandako urratsak ziren.

Isilpean zegoen aldaketa “sentimendu” hori jasotzeaz gain, prozesuan zehar nire aurretik karguan egon ziren lagunen hainbat hausnarketa, proiektu eta agiriak eskuratzeko aukera izan nuen. Egia esan, guzti horietan azkenean onartu dugun ereduaren antzekoa proposatzen zuten.

“Gure asmoa orainarekin lotuta dauden gaien inguruko hedapenari eta azterketari heltzea da, eta batez ere etorkizunak sor ditzakeen erronka eta egoeren ingurukoak”.

Argazkia: Luis Michelena. El Diario Vasco

Guzti horrek kudeatzen oso errazak ez diren hainbat alderditan neurriak hartzea suposatu du.

Askotan, “krisi” esaten diegun horiek izaera sakonagoa duten egituraren inguruko gaiak zehaztu eta agerian uzten dituzte. Ereduaren definizioarekin lotuta daude eta ekonomia bera ondo doan bitartean ezkutuan daude. Erakundeak euren ingurunean elkarri lotutako bilakaera izaten dute eta hala egiten ez badute, bilakaera hori eten egiten da, moldaketan hausturak gertatzen dira eta horiei “krisi” esaten diegu. Ikuspegi horri helduz, krisia aukera berria izaten da landu gabeko gaiak garraztasun osoz jorratzeko. Zera esan nahi dut, bizi izan dugun krisi ekonomikorik gabe, seguru asko ereduaren inguruko aldaketa eta berrikuntza ez litzateke gauzatuko, are gutxiago izan duen sakontasunarekin. Emaitza “egokiagoa” izango zen edota, argi eta garbi esateko, “jende guztia kontentu uzteko” zerbait egingo zen.

Lan egiteko erari helduz, zein dira eredu berriaren ardatz nagusiak?

Lehen lana bera bideratzeko era Sail Zientifikoetan oinarritzen zen eta orain aldiz Euskal Herriarentzako interesgarriak suertatzen diren hiruzpalau zeharkako gai nagusirekin bateratutako diziplina anitzeko proiektuetan egituratzen da lana. Berez, aldaketa funtsezkoa da. Horretan ari gara eta datozen bi edo hiru hilabetetan osatu nahi dugu.

Aldi berean, irtenbide eta ideia berriak sortzeko tresna egokiak zehaztu behar ditugu, baina, lehenik eta behin, ezagutza hori guztia euskal gizartearentzako erabilgarriak diren proposamenetan islatu behar dugu, ezagutza gizarteratu alegia. Horretarako, “Eusko Ikaskuntzaren lagunak” sarea sortu eta sustatuko dugu, gizartean barneratzeko aukerak areagotuz.

Gizarteak berak jada hain sare publiko-pribatu sendoa duen heinean, zer leku propio izan dezake Eusko Ikaskuntzak bertan?

Alde batetik, hainbat esparru berreskuratzen saiatzen ari gara. Bere garaian Eusko Ikaskuntza aitzindari izan zen alor horietan eta une honetan bere lekua eraldatzen ari da. Esaterako, euskara eta honen erabilera euskal gizartean. Oraindik arazoa da eta kezka sortzen du. Aurrera egin dugu baina... Euskal Herrian gaur egun agian 70-80 bat hizkuntza desberdin izango ditugu... testuingurua guztiz desberdina da, konplexuagoa, eta horri aurre egin behar diogu, berau ulertzen saiatu behar dugu. Eusko Ikaskuntzak bere burua aurkeztu du gidari izateko eta alor horretan egindako azterketak integratzeko.

Beste adibide bat, gure historiaren osaketaren inguruko arazoak berreskuratzea... Gure herrian bertan zehaztu zen gure herriaren historia zen Gerra Zibila hasi zenean Erakundeak lantzen ari zen gaietako bat (1936ko irailean Kongresua ospatu behar zuten, Nafarroako bazkideen eskutik, historiaren inguruko ikerketak aztertu nahian). Alor horretan oraindik hutsuneak ditugu eta seguru asko, bere izaera integratzaileari esker, gurea da historia alorrean lan sakona, etenik gabekoa eta egituratua garatu eta bideratu dezakeen erakunde bakarra. Kontutan izan behar dugu, Historia ez dela gertakari politikoen azterketa eta deskribapen soila, aitzitik gizartea berarekin eta kultura, ekonomia edo enpresen inguruko historiarekin lotutako hainbat aldaera ditu.

Eusko Ikaskuntza sortu zenetik esku artean izan dugun beste gai garrantzitsua: Baskoniako edo Euskal Herriko kultura, garai hartan “Herriaren bizitzeko era” esaten baitzioten. Gaur egun, beste erara esan genezake, egungo kontzeptuak gehituz, esaterako, “Euskal Herriaren nortasuna”, “Estaturik gabeko nazioak”, ...

Beraz, alde batetik, berreskuratze lana burutzen ari gara eta bestalde, Euskal Komunitate Osoari dagozkion zeharkako arazoak zein diren finkatzen ari gara. Berez duen izaera eta bete duen ibilbideari esker, Eusko Ikaskuntza leku aproposean dago horiei ekiteko. Zeharkako esparru horiek gaur egun beste era batera aditzera eman behar dira, egungo kontzeptu zabalagoekin bat eginez, esaterako, “gizarte berrikuntza”. Eusko Ikaskuntza euskal gizartearen eraberritze lanetan esku hartu nahi du, ideia berriak sortuz eta proiektu berriak proposatuz, herri honetako biztanleen onerako. Horrela, hasteko geure burua eraberritu egin dugu.

“Eusko Ikaskuntza euskal gizartearen eraberritze lanetan esku hartu nahi du, ideia berriak sortuz eta proiektu berriak proposatuz, herri honetako biztanleen onerako”.

“Euskal Komunitate Osoa” aipatu duzu Erakundearen lan horien hartzaile gisa. Zeinek parte hartzen du komunitate horretan?

Eusko Ikaskuntzan hiru kontzeptu erabili izan ditugu: “euskaldunak”, “lurraldeak” eta “diaspora”, hain muga ilunak dituen gehigarrizko lurraldeaz hitz egiteko. Gaur egun, konektibitateari so eginez gero, muga geografikoak desagertzen ari dira. Eusko Ikaskuntzak ezin du bereizketarik egin Andoainen edota Argentinan bizi diren euskaldunen artean. Kontzeptu geografikoa alde batera utz dezakegu, informazioaren inguruko teknologien bitartez elkarrekin komunikatu gaitezkeelako, eta komunikazioa ia etenik gabe gerta daiteke.

Hori guztia kontutan hartuta, nortzuk osatzen dute Euskal Komunitate Osoa? Euskal Herrian bizi diren euskal hiritarrak, hainbat arrazoi direla medio atzerrian bizi diren euskaldunak, eta edozein herrialdetan bizi diren euskaldunen ondorengoak. Eta horiei guztiei nik beste hauek gehituko nieke: mundu osoko euskaldunen lagunak. Horixe da Euskal Komunitate Osoa.

Badakigu nazioarte mailan antzeko akademia eta erakundeen egoera aztertu duzula. Halako konstelazioaren barnean, non dago Eusko Ikaskuntza?

Ikerketa sakona burutu genuen eta gutxi gorabehera ikerlanak, azterketak, zientzia hedapena edota gizarte zein ekonomia hausnarketak bideratzen dituzten sei erakunde mota bereizi genituen. Gauzak laburbilduz: Platonek Akademia sortu zuen, baina garai modernoetan akademia klasikoa XVII. mendean sortu zen (lehendabizikoa Royal Society izan zen, eta Isaak Newton berbera izan zen bertako presidentea). Gero bestelako erakundeak sortu ziren, indarra hartuz, batez ere, ikerlanak jorratzen zituzten unibertsitateak. Teknologia erakunde eta zentroekin batera, puntako herrialdetan zientzia eta teknologiaren inguruko sistemen funtsezko oinarriak dira.

Guk erreferentzia gisa think tanks esaten diogun familia handi horretako zenbait eredu hartu ditugu, berau guztiz heterogeneoa baldin bada ere. Halako aniztasunari so eginez, batetik hausnarketak, iritziak sortzen dituzten erakundeak ditugu eta bestetik gizartea, ekonomia edota politikaren inguruko ikerlanak, azterketak, aholkularitza eta hedapena jorratzen dituzten erakundeak ditugu. Azken eredu horri helduz, gehienak Bigarren Mundu Gerraren ostean sortu ziren eta horiexek dira gure erreferentzia.

Zer eskaintzen die gaur egun Eusko Ikaskuntzak ikasle eta ikertzaileei?

Eusko Ikaskuntza betidanik izan da, eta egun ere horrela ikusten du bere burua, gizarte zibilean oinarritzen den erakundea. Beraz, ikasle zein ikertzaileez gain, gazteak, belaunaldi berriak gure gizarte zibilean funtsezkoak dira. Aldi berean, Eusko Ikaskuntzaren eraberritze prozesua ahalbidetzeko ezinbestekoa gertatzen da ahalik eta bazkide berri gehien lortzea, bizigarria behar dugu. Eta gai horri helduz, zera esan nahiko nuke, lau urtetan 3.000 bazkide izatetik 5.000 izatera ailegatuko garela. Xede hori agian amets hutsa izan daiteke, baina horretan ahalik eta esfortzurik handiena egin behar dugu. Horretarako, Eusko Ikaskuntzak berak sinetsi egin behar du bete beharreko eginkizun erakargarria duela. Jarraian, uste osoz gizarteari horren berri eman behar dio, eta batez ere gazte jendeari.

Eusko Ikaskuntzak gazte guztiei —eta nire ustez gazteak 40 urtetik beherako pertsonak dira— dei egiten die beharrezkoa den erakunde batean esku har dezaten. Gaur egun, gurea bezalako erakundea beharrezkoa da gure gizartean gori gorian dauden gaiak lantzeko, ezagutzari dagokion ikuspegi irekiagoari helduz, talde-lana sustatuz eta ikuspegi akademikoaren gainetik, partaidetzari lehentasuna emanez. Bestalde, esparru neutroa eskaintzen die, aldez aurreko zentsurarik gabe, beste lagunekin euren kezkak eta etorkizunaren inguruko ikusmoldea partekatzeko. Aldi berean, erakundeari funtsezko hausnarketak eskainiko dizkiete euren lana gizartetik bertatik eta gizartearentzako zehaztu, bateratu eta garatu ahal izateko.

Azkenik, zein dira jarraian emango diren urratsak ekimenen ibilbide berri hori zehazterakoan?

Euskal gizartetik bertatik abiatuta, gizartea bera aztertzea xede duen erakundea izanik, filosofia berriari helduz, une honetan bete beharreko lana orain, gure herrialdean, gizarteak garrantzitsuak, kezkagarriak diren bizpahiru gai zehaztu eta hautatzea da. Ezin dizut ezer gehiago aurreratu. Buruan hainbat ideia baditut ere, Erakundearen filosofiarekin bat egin behar dut ... Definizio horiek erdiesteko, ikuspegi konstruktibista eta irekiari helduko diogu.

Hainbat urte hartzen dituzten proiektuaz ari gara...

Bai, proiektuak baino gehiago gai multzoak dira (ingelesez oso ondo adierazten dute “main issues” kontzeptuaren bitartez).

Datozen 4 edo 6 urtetan barrena, horiek trinkotasun osoz jorratuko ditugu. Esparru bakoitzean proiektuak eta azpi-proiektuak egitaratuko ditugu, baina denak ere ildo beretik joango dira eta aurretik zehaztutako gai horren inguruan txertatuko dira.

Sakabanatutako hainbat ekimen txiki bideratu ordez, lanerako egitarau gutxi batzuk hautatuko ditugu, koherenteak eta gai zehatz baten inguruan bateratuak. Arazo edo gai horiek ez dira batetik ekonomikoak izango, bestetik soziologikoak, edota politikoak eta antropologikoak bestetik. Aitzitik, ekonomia, soziologia, politika eta antropologia aldi berean landuko ditu.

Kontutan izan behar dugu gure “main issues” direlakoen hautaketak berak Eusko Ikaskuntzaren nortasuna, izaera zehaztasun osoz mugatuko duela.Iñaki Dorronsoro (Ataun, 1947)Bilboko Industria Ingeniaritzako Goi Eskolan ikasi zuen. Bere ibilbide profesionala Mondragon Taldeari lotuta egon da, kooperatiba berrien sorkuntza eta kudeaketan eta promozioan. Era berean, Hezkuntza eta Ikerketa alorretan hainbat kargu izan ditu, baita Zientzia eta Teknologia sailetan ere. Irakasle laguntzaile gisa, zenbait Unibertsitatetan aritu da eta bestelako ikerlanak burutu ditu hainbat gai jorratuz, besteak beste, estrategia, lehiakortasuna, antolamendua, berrikuntza, ekinaldia, enpresa eta kudeaketa ereduak.Buruan kezka ugari dituen gizona eta solaskide argia. Irakurle sutsua, joera nabaria azaldu du Giza Zientzien alde, arreta berezia eskainiz honako hauei: Soziologia, Ekonomia, Historia, Zientzia, Teknologia, Zientziaren filosofia edo Antropologia.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

Précédents

Javier Diaz-Noci. Pompeu Fabra Unibertsitateko irakaslea: Ez dugu utzi behar informazioa botere publikoen eskuetan

 

Irakurri

Antxon Aguirre Sorondo. In Memoriam: 30 urte baino gehiago erroten ikerketari eskainiak

 

Irakurri

Laura Gómez Urizar. Telebistako ekoizle eta idazlea Kaliforniako Los Angelesen: Zure ametsak jarraitu, besteengandik bereizten zaituena zer den bilatu eta ez etsi

 

Irakurri

Jexux Aizpurua. Jose Migel Barandiaran Fundazioko Patronato kidea: Barandiaranen ustez irakaskuntza zen bide bakarra euskara suspertuko bazen

 

Irakurri

Izaskun Artetxe García. Bizkaiko Foru Aldundiko Berrikuntza eta Sustapen Ekonomia Sailburua: Gure jarduera ekintzailearen tasak gora egin du krisia bada ere

 

Irakurri