Irakurrienak. : Asier Hilario / Koldo Martínez Urionabarrenetxea / Xabier Arakistain / Paula Kasares / Lucía Lacarra / Emilio López Adan / María Goñi

2011-11-11

EUSKONEWS



Asier Hilario. Geologoa (2009/09/25)

“Flyschetik ibiltzea denboran zehar bidaiatzea da. Ematen duzun pausu bakoitzeko, 10.000 urte egiten dugu aurrea. Bi geruzak 20 mila urte edo gehiago dituzte, eta hori jendearentzat sentsazio nahiko berria eta erakargarria da.”

“Orain 100 eta 50 milioi urte artean gertaturikoa irakurri dezakegu. Aldi horretan gertaturiko edozein geologia, biologia eta klima-aldaketa garrantzitsu erregistraturik geratzen dira sedimentuetan; izan ere, hondarrez, buztinez eta abarrez gain, itsas planktonaren fosil txikiez, plankton foraminiferoez, osatuta baitaude. Horien bitartez, gauza asko jakin ditzakegu, horiek oso ondo mugaturiko biziraupen tartea baitute. Arrokak azalduz eta desagertuz doazen heinean, liburu handi horren orrialdeetan gure planetaren historia irakur dezakegu: klima, ingurumen eta biologia-joerak, baita desagertze katastrofiko handiak ere.”

[Elkarrizketa irakurri]

Koldo Martínez Urionabarrenetxea. Medikua (2010/03/12)

“Munduak bioetikaren beharra dauka. Planeta mantendu ahal izateko, bizi garenok eta bizi ginenok, munduarekiko hausnarketa hori beste modu batean egin behar dugu, eta era berri hori bioetika da.”

“Bioetika da etika aplikatua, biziaren zientziei aplikatutako etika. Bioetika grekeratik dator bios eta ethos. Bios bizitza da, baina bizitzaz ari garenean, badaude korronte bi; batek bizitzaren sakraltasuna defendatzen du eta besteak bizitzaren kalitatea, eta bien artean badago nolabaiteko gatazka.”

“Argi ikusten da gaur egun: abortoa dela eta ez dela, enbrioiak zer diren, ingeniaritza genetikoa... hor badago erronka sakon bat geure gizartean, bizitza bi alde horietatik begiratuta.”

“Bestetik, ethos, etika hitzak badu bere baitan paradoja hori. Alde batetik etika da ohitura, folklorea, tradizioa, gure gizartea elkarrekin mantentzen duen joera hori; baina etika ere bada eszelentziaren bilakaera edo gauzak ez ondo, baizik eta ahalik eta hobekien egiteko deialdia. Eta horrek batzutan ohitura eta tradizioaren kontra jotzera eramaten gaitu.”

“Beraz, printzipioz hain erraz esaten den hori, bizitza zer den arakatzen hasten zarenean eta etika zer den aztertzen hasten zarenean bide oso zabalak irekitzen zaizkizu.”

[Elkarrizketa irakurri]

Xabier Arakistain. Montehermoso Kulturuneko zuzendaria (2010/06/25)

“Feminismoa XX. mendearen motoreetako bat da, eta XXI. mendean oraindik egiteko dagoen iraultza.”

“2006ko abenduaren 15ean hasi nintzen lanean Montehermoson. Hutsetik abiatu behar izan nuen ia. Proiektu bat egin genuen, oinarrizko helburu batekin: gizarte honetan nagusi den sexismoari kontra egitea. Zifra eta estatistika guztiek diotenez, jarduera-eremu guztietan emakumeek diskriminatuta segitzen dute. Kulturaren alorra, eta artearena bereziki, oso alor garrantzitsuak dira, eta zerikusi handia dute imajinario sinbolikoarekin, eraikuntza abstraktuarekin, ideietako asko bideratzeko moduarekin.”

“Montehermosok erakutsi du badagoela kultur politika ez-sexista egiterik. Gainera, nire ustez, kultur politika sexista ez egiteak hobetu egiten du kultur politika hori bera.”

[Elkarrizketa irakurri]

Paula Kasares. Hizkuntzalaria (2010/10/15)

“Anitzetan erran izan den bezala, erdaldun batzuk —inguruan euskaldunik ez dutenak— Pamplonan bizi dira, hiri arrunt erdaldunean, Salamancan biziko balira bezala. Hiriak horretarako bide ematen du erdalduntasuna baita nagusi. Euskaldunok gara Pamplonan ez ezik Iruñean ere bizi garenok, hirian dagoen euskal munduko, kulturako, harreman sareetako partaide garenok eta hori, neurri batean, bertze hiri batean bizitzea da.”

“Mitxelenak aspaldian ohartarazi zuen bezala, hizkuntzalaritza ez da hizkuntzen bizitzaz eta geroaz kezkatzen. Eta nik aldiz, horretantxe nuen neure kezka nagusia. Horregatik, Hizkuntzalaritzatik Soziolinguistikara pasatu nintzen. Baina gure soziolinguistikak gizartea eta hizkuntza baizik ez ohi ditu uztartu, kultura arloa bazter samar utzirik. Eta niretako hizkuntza-kultura-gizartea hirukotea banaezina da.”

“Zaila da hizkuntza definitzen, hizkuntza hautemateko modu bat baino gehiago baitago: hizkuntza kodea da, egitura, corpusa; hizkuntza mundua ezagutzeko bidea da, baliabide kognitiboa; eta hizkuntza gizarte ekintza eta jarduera da, jarduera kulturala. Hori dena da hizkuntza.”

[Elkarrizketa irakurri]

Lucía Lacarra. Ballet-dantzaria (2010/11/26)

“Lanbide honetan, ez da kontuan hartzen nor zaren, nola egiten duzun baizik.”

“Dantzari on guztien atzean bete-betean babestu dituzten ama ulerkorrak daude.”

“Víctor Ullateren zorroztasunak eta diziplina gogorrak ez zidaten inolako kalterik egin; aitzitik, oraindik tinko eusten diet. Are gehiago, gaur egun, nire laugarren konpainian nagoela, ariketa bat klase bakar batean ez ikastea onartezina iruditzen zait, ikasten ez baduzu, gainerako taldekideak atzeratu egiten direlako. Horrelakoetan, betiko aitzakiak entzuten dira: “nekatuta nago”, “atzo dantzan aritu nintzen...” Niretzat pentsaezina da hori, eta inoiz ere ez didate leporatu behar izan.”

“Gaur egun, gazteek dena erraz eta “oraintxe bertan” lortu nahi dutela iruditzen zait, dena errazago eman behar zaiela. Hainbat konpainiatan eta herrialdetan aritu naiz lanean, eta denboran zehar lan-ikuspegia aldatu egin dut, argi neukalako aldatzea aberasgarria dela. Horri guztiari esker, naizen modukoa naiz orain. Gaur egun, konformismo handiegia dago, aurrera egitera bultzatzen gaituen “sugarra” nahiko itzalita dago.”

[Elkarrizketa irakurri]

Emilio Lopez Adan. Idazlea (14/01/2011)

“Askatasuna sortzeko, beti errefusatuko ditut militarismoa, diktadura eta terrorismoa.”

“Nik uste dut badela despolitizatze fenomeno handi bat eta kontzeptu okerrekin ibiltzeko ohitura berriak sortu dira. Egun, badira erabiltzen ez diren hitzak; iraultza eta alienazioa adibidez. Hori bukatu da. Guretzat iraultza, iraultza soziala zen, eta horren bitartez iraultza pertsonala ere kontsideratzen genuen. Hau da, askatasun orokorrarekin lotua zen posibilitatea.”

“Balore humanistak beharrezkoak dira, sartzen badira borrokaren kulturan. Egun, borrokaren kultura ukatzen ari gara, kontsensuaren alde. Dena adostu behar da, gure artean kontraesan odoltsuak ez balira bezala. Arazoa, ene ustez, utopia ez baizik helburu askatzailea lortzeko, oraingo sistema baliatzen dutenek ezartzen dizkiguten oztopoak gainditzeko beharra da. Hori ez da lortzen kontsensuaren bitartez.”

[Elkarrizketa irakurri]

[Bideoa ikusi]

María Goñi Muñoa. Psikologoa (2011/04/08)

“Emozioak aldatu egiten dira pertsona bera ere aldatzen doalako, bizitzaren ispiluan emozioak gure erreflexua dira.”

“Emozio ezkorrak ditugunean, zenbait hormona (adibidez, kortisola) sortzen hasten gara, eta giharrei, lanean hasi eta larrialdia konpontzeko energia gehiago izan dezaten, glukosa ugari askatzen zaie; baina, gainera, ehunak berreskuratu, berritu eta sortzeko eginkizun anabolikoak ere geldiarazi egiten dira. Horrek eragin izugarria du gure osasunean; izan ere, kortisol-jarioak maiz izaten baditut, sistema immunologikoa inhibitu eta nerbio-sisteman arazoak sor daitezke, hala nola, zefaleak edo hipertentsioa.”

“Konpondu gabeko emozioak barruan trabatu egin daitezke, eta hori gure gizarteak jasaten duen estres ezagunarekin loturik dago. Estresa gure organismoaren erantzuna da, zenbait egoeratan guk ditugunak baino baliabide gehiago eskatzen zaizkigula irizten diogunean.”

[Elkarrizketa irakurri]
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

Précédents

Aizpea Goenaga. Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria: ETA-ren desagertzeak gure gizartearentzat eta kulturarentzat oso momentu baikor eta interesgarriaren aurrean kokatzen gaitu

 

Irakurri

Miren Arantza Madariaga. CIINPIko zuzendaria: Berdintasunaren aldeko borrokaren estrategiak aldatu behar dira, prozesua oso motel baitoa

 

Irakurri

Ramón Labayen. Politiko ohia, Euskaltzalea: Gizarte bat, hizkuntza bat, kultura bat... eta hortik nazio bat

 

Irakurri

Lourdes Otaegi. Literatura irakaslea: Euskal pizkundeak kalitate literario handiko idazle belaunaldia ekarri zuen

 

Irakurri

Maite Villafruela. Coach eta hezitzailea: Enpresak bere proiektuan esku hartuko duten pertsona motibatuak behar ditu

 

Irakurri