Itziar Usabiaga. Aspace Gipuzkoako zuzendari nagusia: Herrialde baten garapen maila baloratzeko, kontuan hartu beharko litzateke zenbateraino identifikatzen den beharrik handiena daukan jendearekin

2004-12-17

SALA, Teresa

Itziar Usabiaga, Garun Perlesia izeneko errealitatearekin bizi da egunez egun. 1984az geroztik Aspace Gipuzkoako zuzendari nagusia denak hainbat kargu bete ditu hona iritsi baino lehen; besteak beste, Garun Perlesia daukaten Kirolarien Espainiar Federazioko presidentetza. Bartzelona, Atlanta, Sydney eta Atenasko Joko Paralinpikoetan izan da, eta gorespen hitzak baino ez ditu kirolarentzat, Garun Perlesiaren mundua goitik behera aldatu duelako. Oso esperientzia eta egoera hunkigarriak bizitu ditu kirolaren eskutik. Jakin badaki gizarteak ez duela minusbaliotasun hau erabat barneratu, eta, gaur-gaurkoz, ez dagoela lesio bat jasan duten garunak erabat sendatzerik. Egoera horren aurrean, ahalik eta jarrerarik baikorrenarekin bizitzearen alde agertzen da, eta normaltasunera iristeko ikastetxeetatik bertatik hasi beharra dagoela azpimarratzen digu, gazteak txikitandik ohi daitezen itxuraz ezberdinak diren haurrekin elkarbizitzera. Itziar Usabiaga Arriola.

(Argazkia:Arantza Cuesta Ezeiza).

Nola funtzionatzen du Aspacek, Garun Perlesia daukan jendea artatzera zuzenduta dagoen erakundeak?

Ezaugarri bereziak dauzkan jendearekin aritzeak ez du esan nahi Aspace erakunde ezberdina denik, edo ez besteak bezain eraginkorra. Erakunde guztiek bezala, guk ere helburu batzuk bete behar ditugu, eraginkortasunez aritu beharra daukagu, eta emaitza batzuk lortu behar ditugu. Une oro oso garbi izan behar dugu zein den gure lanaren helburua, hartzen ditugun erabakiek Garun Perlesia daukatenen eta beren sendiaren bizitzaren kalitateari eragin diezaiokeelako. Oso kontuz ibili beharra daukagu, eta aldaketen aurrean adi. Merkatuan sortzen diren behar berri guztiak ezagutu behar ditugu, eta erantzunak emateko baliabideak aurkitzen saiatu. Gainerakoan, gure funtzionamendua beste edozein erakunderenaren antzekoa da.

Zeintzuk dira, zure ustez, Garun Perlesiaren tratamenduan egin diren aurrerapenik azpimarragarrienak?

Garun Perlesia garuneko lesio bat da, organismoari eta garapenari eragiten dien minusbaliotasun bat. Zaila da oso arlo honetan iraultzarik gertatzea. Gure zeregina da pertsona horiei beren gaitasunak ahalik eta gehien garatzen laguntzea, eta, horretarako, hezkuntzako kurrikulak eta metodologia beren beharretara egokitu ditugu. Logopedian, komunikazioan eta fisioterapiako errehabilitazioan tratamendu bereziak ematen dizkiegu, eta baditugu bestelako zerbitzuak ere: kirurgia ortopedikoa, Toxina Botulinikoaren infiltrazioak, ortesi puntualak eta abar. Horrelako ekimenek minusbaliatuen egoera hobetzen laguntzen dute, baina ez da egundoko aldaketarik ematen. Gaur-gaurkoz, ez dago kaltetuta dauden garunak sendatzeko modurik. Partzialki baino ez. Itziar Usabiaga Arriola. (Argazkia:Arantza Cuesta Ezeiza).

Aurrerapenik sumatu al duzu pertsona hauei ematen zaien laguntza psikologiko edo emozionalaren arloan?

Hain zuzen ere, kasu hauen aurrean hartu beharreko jarreraren inguruan eman da azken urteotan aurrerapausorik handiena, alderdi filosofiko edo kontzeptualean. Alegia, zer egin behar da? Sendagaitza dena sendatu nahian aritu, ala egoera horrekin ahalik eta ondoen bizitzen ikasi? Jasanezina da sendabiderik ez daukana sendatu nahian ibiltzea. Besterik da daukagunarekin ahalik eta ondoen bizitzen ikastea. Garun Perlesia daukatenei ahalik eta autonomia pertsonalik handiena lortzen lagundu behar diegu. Eta sendiari ere lagundu egin behar zaio: egoera onartzen, ahalik eta ondoen eramaten, ahalik eta bizimodurik normalena izateko. Horretarako, Eguneko Zentro, Egoitza eta Hezkuntza Zerbitzuak ere badaude, Garun Perlesia daukan jendearentzat egokituta. Sendientzat, gainera, lagungarri eta aringarriak izaten dira, beren gauzetarako tarte bat izan dezaten. Funtsean, esan dezakegu egoera hauen aurrean ahalik eta ondoen bizitzeko laguntza ematea dela gure egitekoa. Boccia (Argazkia: Javier de Aymerich, “Homenaje a los deportistas guipuzcoanos” DVDtik).

Gizarteak nahikoa ezagutzen eta onartzen al du Garun Perlesia?

Ez, ez du gehiegi ezagutzen. Zaila da errealitate hau gertutik ezagutzen ez duen pertsona bat Garun Perlesia daukan bati naturaltasunez zuzentzea. Orokorrean, edo oso jarrera paternalista hartzen dugu, edo beldurtu egiten gara. Oso gutxitan sortzen dira berdinetik berdinerako harremanak. Dena den, pentsatzen dut gizartean gero eta gehiagotan ikusiko dugula Garun Perlesia bizi dutenen errealitatea, kalean ibiltzera bultzatzen ditugulako. Eguneroko bizitzan zenbat eta gehiago ikusi, orduan eta hobeto ezagutzen joango gara. Pixkanaka, lortuko dugu.

Nondik hasi beharko genuke gizarteratze osora iristeko?

Nire ustez, ikastetxeetatik. Hortik hasi behar dugu egoera normalizatzen. Oso lagungarria izango litzateke haurrak ohitzen joateko, Garun Perlesia daukatenak itxuraz ezberdinak badira ere, barruan beste guztiak bezalakoak direla ikus dezaten. Ea datozen belaunaldiekin hala gertatzen den, guri, txikitan, ez baitziguten egoera horrekin bizitzen erakutsi. Garun perlesia onartzeko bidean gero eta pauso gehiago ematen ari garen arren, oraindik eragozpen asko dauzkate. Bat aipatzearren, leku publiko askotan sarbiderik ere ez daukate. Paralinpikoak Atenas ondoren. (Argazkia: Javier de Aymerich, “Homenaje a los deportistas guipuzcoanos” DVDtik).

Haurrak aipatu dituzu. Nola erreakzionatzen dute Garun Perlesia daukan haur bat izaten duten gurasoek?

Hasieran, lur jota gelditzen dira. Inork ez du horrelako haur bat izatearekin amesten. Egoera hori berziklatzen jakin behar da, norberaren bizitzan txertatu eta aurrera egiten. Horrek denbora bat eskatzen du; batzuei gehiago, beste batzuei gutxiago. Edonola ere, gehienentzat bizitza guztirako arazo bat izango da. Baina pertsona batzuek besteek baino hobeto eramaten dute arazoa, alaiago bizitzen dakite. Guraso izaten ikasi egin behar da; inork ez digu guraso izaten erakutsi. Bakoitzak ahal bezala ikasten du hori, borondaterik onenarekin. Baina minusbaliotasun bat daukan haur baten guraso izateak baditu bere eragozpenak. Gure erakundeak hori ere egin behar du: gurasoei pixka bat ezberdinak diren haurrekin bizitzen erakustea, baina haurrak azken finean. Gainera, erakutsi behar zaie zeinen garrantzitsuak diren haurrak bere hurbileko inguruan jasotzen dituen estimuluak. Itziar Usabiaga Arriola. (Argazkia: Arantza Cuesta Ezeiza).

Zer-nolako egoeran dago Aspace, arlo berberean diharduten beste erakundeekin konparatuz?

Beti oso adi ibiltzen gara, Garun Perlesiaren arloan egiten diren aurrerapenei buruzko informazioa jasotzeko. Jakina, beste erakundeekin ere alderatzen dugu gure burua, eta, egia esateko, punta-puntan gabiltza. Baina ona iruditzen zait konparaketak egiten jarraitzea. Besteen jarduna ikusita, oso garapen maila ona daukagula esan dezaket.

Zein neurritan laguntzen die kirolak Garun Perlesia daukatenei?

Gipuzkoan, 1990ean hasi ginen Garun Perlesia daukatenekin kirola egiten. Egia esateko, ordura arte ez zitzaigun burutik pasa ere egin kirola egiteko gauza zirenik ere; beraz, kirol egokituak aztertzen hasi ginen. Baina, seigarren zentzuari esker, berehala ikusi genuen kirola izugarri garrantzitsua dela Garun Perlesia daukatenentzat. Alde batetik, jende guztiak egiten duena egiteko aukera ematen dielako. Gainerakoek kirola egin dezaketela? Ba Garun Perlesia daukatenek ere bai. Hitzaldi batean esan nuen bezala, Garun Perlesiaren mundua aldatu egin zen kirola sartzerakoan: pertsona hauek bidaiatzen hasi ziren, beste lekuak ezagutzen, eta ordura arte sekula egin ez zituzten gauzak egiten hasi ziren. Konturatzen ez bagara ere, menpekotasun fisikoak beste menpekotasun asko sortzen ditu. Eta, gainera, menpekotasun fisikoa daukan pertsonaren eta bere laguntzailearen artean menpekotasun emozionala sortzen da. Kirolean, aldiz, oso harreman ezberdina sortzen da kirolariaren eta laguntzailearen artean. Agintzen duena, ekimena duena, gauzak nola egin erabakitzen duena, kirolaria da. Paperak aldatu egiten dira. Zoragarria izan zen horretaz jabetzea. Slalom (Argazkia: Javier de Aymerich, “Homenaje a los deportistas guipuzcoanos” DVDtik).

Une bereziak ikusi eta bizituko zenituen, noski.

Bai, egoera pentsaezinak: kirolariak beren laguntzaileei errieta ematen, ez zutelako egin beharrekoa egin; entrenatzaileak korrikalariei sekulako bronka botatzen, ez zirelako espero bezala aritu, etab. Horrelakoak ez dira egunero ikusten. Kirolak, naturaltasun osoz, berdinetik berdinerako harremanak sortzen ditu, eta horrek sekulako balioa du. Gainera, egoera hori beste eremu batzuetara eramaten laguntzen du.

Garun Perlesia daukaten Kirolarien Espainiar Federazioko presidente izateari utzi berri diozu, dimisioa aurkeztuta.

1990ean hasi ginen kirolarekin lanean. 1992an Bartzelonan egon ginen, eta gero Atlantan, Sydneyn eta Atenasen. Hain gustura nenbilen Federazioan, gauza batekin eta bestearekin, azkenerako ia hamabi urte eman nituela Garun Perlesia daukatenak kirolera bideratzeko lanean, Estatu mailan. Espainiar Federazioko presidente izatean, nazioarteko ospakizun horietan egoteko zoria izan dut, baina bukatu da. Atenastik itzulitakoan, dimisioa aurkeztu nuen. Orain, presidente berria hautatzeko prozesua zabaldu dute Federazioan. Hautagai bat bada dagoeneko. Ez dut Federazioa erabat utzi nahi, baina hamabi urte asko dira. Sara Carracelas. (Argazkia: Javier de Aymerich, “Homenaje a los deportistas guipuzcoanos” DVDtik).

Ahaztuko ez dituzun uneak bizituko zenituen...

Bai, asko. Aurten, esate baterako, malkotan egon nintzen Atenasen, Sara Carracelas igeri egiten ikustean. Izugarria izan zen, hunkigarria. Atlantan ere oso esperientzia polita izan genuen, boccia-n urrezko domina lortzear egon ginenean [zehaztasun eta estrategia eskatzen dituen kirol paralinpikoa, non kirolari bakoitzak bere bolak dianara ahalik eta gehien hurbildu behar dituen, eta aurkariari abantaila ateratzen saiatu]. Gauza asko indar handiz bizitzen dira; ez da azaltzen erraza. Kirolaren munduan, jendea den bezala agertzen da, naturaltasun handiarekin. Baina ez ditugu ahaztu behar Garun Perlesia daukatenek izaten dituzten eragozpenak, egin behar izan dituzten ahaleginak, etab. Eta horri guztiari oso arreta txikia eskaintzen diote gizarteak eta erakundeek. Olinpiadetara joan baino lehen, gutun bat bidaltzen diet kirolariei, eta itzulitakoan beste bat. Aurten, Atenaserantz abiatu baino lehen, esaten nien aintza une labur-labur batez bizitzeko prest egon behar zutela, jendearen arretak oso gutxi irauten duelako. Kirolari paralinpikoak ez dira albistegietan egunero ateratzen, ezta gutxiagorik ere. Alderdi horretan ere lan handia daukagu egiteko. Behin, gizarte zerbitzuetako arduradun bati esan nion herrialde baten garapen maila baloratzeko orduan kontuan hartu beharko litzatekeela zenbateko konpromiso eta gaitasuna duen beharrik handienak dauzkatenekin identifikatzeko. Oraindik asko falta zaigu egoera horretara iristeko. Beti beren per capita errentari eta aldagai ekonomikoei begiratzen diegu herrialdeen garapena neurtzeko. Itziar Usabiaga, bere alboan Antonio Carlos Gómez Oliveros, FEDDIko burua (Federación Española de Deportes para Discapacitados Intelectuales).

Egunetik egunera horrelako errealitateak inguratuta egotean, beste ikuskera bat al duzu biziari buruz? Egia esateko, iruditzen zait azken batean beste edonor bezala bizi garela. Minusbaliatuekin aritzeak ez gaitu ezberdin bihurtzen. Ziur aski, beste edonork bezalako jarrera daukagu bizitzaren aurrean. Ez dakit gure eguneroko bizitzan kontsekuenteak garen edo ez. Beharko genuke, baina, egia esan, ez dakit horrelakoak ote garen. Itziar Usabiaga Arriola Arrasaten jaioa. Prestakuntza akademikoa: - Industri Peritua, Mekanikan espezializatua. - Enpresa Zientzietan diplomatua. - Enpresen Zuzendaritzan Masterra. Lan esperientzia: - 1964-1970: Diseinatzaile eta proiektugilea, Fagor Kooperatiban. - 1970-1981: Auzo-Lagun Kooperatibaren sortzaile eta gerentea. - 1981-1984: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila. Beken Kudeaketa, Eskoletako Garraioa eta Jantokiak. Ikasketen sailburuordearen kabinetea. - 1984 - Gaur egun, Aspace Gipuzkoako zuzendari nagusia - 1992-1996: Garun Perlesiako Elkarteen Espainiar Federazioko presidentea - 1994-2004: Garun Perlesia daukaten Kirolarien Espainiar Federazioko presidentea
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

Précédents

Xabier Santxotena. Eskultorea: Jendeak agote izateagatik lotsa beharrean poza sentitzearren ari naiz lanean

 

Irakurri

Jocelyne Verret. Québec-en sortu eta bizi den euskalduna: Altxorra eta leihoa da euskara, niretako

 

Irakurri

Soko Romano. Ontzi Museoko zuzendaria: Museoak organismo bizia izan behar du, etengabe mugitzen aritu

 

Irakurri

Jakes Casaubon. Ikerlea: Ni naiz ikerle xume bat, euskal kultura maite dut, ene bizi guzia hortan lehiatzen naiz, bainan egiten dut apalki

 

Irakurri

Javier Zuriarrain. Bide Azpiegituretarako diputatua: Mugikortasuna, joan-etorrietarako erraztasuna eta komunikazioa funtsezko faktoreak dira bizi-kalitatea neurtzeko

 

Irakurri