Javier Echeverría. Filosofoa: Multikulturalismoa da gaur egungo gizarteen oinarri sendoa

2010-04-30

SALABERRIA, Urkiri

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Ibaetako Campusaren ondoan gaude, Donostian; bazkalondoa da eta ikasle askok belar gainean atseden hartzen dute, udaberriko eguzki epela lagun dutela. Javier Echeverría hirurogei urteak gainditu dituen gizon gaztea da; hitz-jario arina du, argia, atsegina, eta, altxor bat bailitzan, haurtzaroko zertzeladak gordetzen ditu hitz egiteko eran. Javier Echeverríarekin arituz, mintzatuz, zientzien eta letren arteko banaketa falazia hutsa dela ikus dezakegu. Echeverría Doktoreak bere pertsonarengan gauzatzen du ezagutzaren diziplina anitzak espazio berean biltzeko gai den pentsalariaren paradigma.

Madrilgo Complutense Unibertsitatean, urte berean Filosofian eta Matematikan Lizentziatua?

Bai. Garai hartan bi karreratan aldi berean matrikulatzea zegoen.

Baina antzinako batxilergoen ikuspuntutik, nola ekin ahal izan zenien aldi berean, bata zientzia hutsekoa eta bestea letra hutsekoa, ia aurrez aurre dauden bi karrerari?

Beharbada, hasiera batean, Filosofiako ikaskideen aldean gabeziaren bat edo beste izan nuen Latinaren eta Grekoaren ezagutzan. Baina Latina gainditzea lortu nuen eta, Grekoari dagokionez, ez nuen hautazko irakasgaitzat hartu eta haren ordez Arabieran matrikulatu nintzen, hizkuntza horretan ikasle guztiak hutsetik abiatzen baikinen.

Eta matematikak?

Beti gustatu izan zaizkit matematikak. Izan ere, PREU (Batxilergoa amaitu ondoren unibertsitatean sartzeko egiten zen kurtsoa) zientzia alorretik egin nuen eta Multzoen eta paradoxen teoriara iritsi nintzenean, matematikak, zinez, oinarritze-arazoak zekartzala pentsatu nuen. Ondorioz, Matematikan ez ezik Filosofian ere matrikulatu nintzen, baina bi karrerak aldi berean egitea seriotan pentsatu gabe.

Eta nola egin zenuen bi ordutegiak uztartzeko?

Ba, goizez Matematikak ikastera joaten nintzen, eta arratsaldez Filosofiara. Complutensean bi fakultateak aurrez aurre daude eta, beraz, ez nuen arazorik izan klasera joateko. Azkenean animatuz joan nintzen eta biak amaitu nituen. Erabaki hori funtsezkoa izan zen nire bizitzan.

Zergatik?

Bi karrerak aldi berean ikasteko ia ausazko erabaki horrek, ondoren, ate asko ireki zizkidalako lan-munduan.

Lanbide-karrera aipatzen hasi baino lehenago, nola gogoratzen dituzu unibertsitateko ikasle moduan eman zenituen urteak?

Karrerak 70. urtean bukatu nituen, ikasleak Francoren diktaduraren aurka bete-betean ari zirenean. Hiru edo lau ikasturtetan Unibertsitateak une gatazkatsuak bizi izan zituen; behin baino gehiagotan ikasgelak itxiarazi egin zituzten eta poliziaren jazarpena etengabea zen. Gogoan dut “grisekin” arineketaldiak etengabeak zirela; campusetik kanpo nahiz barruan, eta eraikinen barruan ere, jarraika ibiltzen zitzaizkigun. Fakultatean sartzeko nortasun-agiria behar izaten zen eta, beraz, karreraz ditudan oroitzapenak “mugitu” samarrak dira (irribarre egiten du). 67., 68., 69.,... urteez ari gara.

Filosofiaren mundutik, nola bizi zen errebolta hori?

Filosofian zein Matematikan, bietan, oso ikasle-mugimendu sendoa egon zen. Helburua ez zen soilik erregimen frankistaren aurka egitea, Unibertsitatean ematen zen irakaskuntza-motaren aurka eta zegoen irakasle-motaren aurka egitea ere bazen. Pentsa ezazu diktadurarekin zuten adostasun-mailaren arabera “kokatu” zituztela irakasleak unibertsitatean. Filosofiako katedrak hutsik gelditu ziren, Errepublika garaiko pentsalari guztiak batik bat Mexikora joan ziren, eta han filosofia espainiarra indarrez goratu zen. Halatan, salbuespen eskasak salbu, hemen gelditu ziren filosofoak hutsalak izan ziren.

Eta nola gauzatu zen ikasle-mugimendu hori Madrilen, adibidez?

Bi urtetan ikasle-erreformatzat ezagutzen dena gertatu zen, hau da, ikasleok gelara joan eta irakasleak kalerako bidean jartzen genituen, sinpleki. Hau da, ospa egiteko gonbidapena egiten genien, ez baitzitzaigun bat ere interesatzen kontatzen zigutena, esate baterako XII. eta XIII. mendeko Tomismoa. 68ko Maiatzaren gorenean, hezkuntza-sistemaren funtsa zera zen: zer irakurri, eztabaidatu eta ikasi behar genuen erabakitzeko ikasleok gu geu antolatzen ginen.

“Collège de France-ren” parean, ia...

Horixe da. Gainera, noizean behin, aparteko gertakizun moduan, Francoren diktadurak arrazoi politikoak medio Unibertsitatetik, edo estatutik, kaleratu zuen irakasleren bat gonbidatzen genuen.

Nor adibidez?

Bi izen aipatzearren, García Calvo edo Miguel Sánchez Matas. Gu bisitatzeko aukera bazeukaten, kurtsoetara gonbidatzen genituen, baina normalean gu geu antolatzen ginen.

Bai, baina nola lortzen zenuten irakasgaiak gainditzea eta maila batetik bestera pasatzea?

Ba, irakasle titularrak azterketak egiteko gelara sartzen utziz, eta ikasgai-zerrenda ofizialak buruz ikasiz. Niretzat azterketa-egun bat nolakoa zen ohar zaitezen, esan ahal dizut behin batean goizez topologiako azterketa egin nuela eta arratsaldez, lasaitasun osoz, Jaungoikoa badela frogatu nuela, San Tomasen laugarren bidearen bidez, katixima baten moduan.

Beraz, lauren balioa duten bi karrera izan ziren benetan.

Beno, eduki ofizialei dagokienez gogo gehiegi gabe bukatu nituen ikasketak, baina sistema autodidaktikoari dagokionez ikasketa handia izan zen. Asko-asko irakurtzen genuen; agintzen ziguten guztia ez ezik, liburu-denden atzeko aldean debekatuta zeuden liburu asko eskuratzeko aukera ere izaten genuen. Nolanahi ere, ikasketak bukatu eta Madrilen Doktorego Tesia egin nuen.

Zein izan zen Tesiaren gaia?

Hasiera batean, Tesia Matematikan egitean nahi izan nuen, matematikaren oinarritzeari, logika matematikoari, edo logika formalari helduz. Ez Gödeli buruz, forcing metodoari, Cohenen metodoari,... baizik. Hau da, jarraituaren hipotesiaren esanezintasuna. Halatan, hainbat irakaslerekin hitz egin nuen, baina ez nuen inork aurkitu, ez presturik eta ez prestaturik, gai horri edo antzeko beste gai bati buruzko Tesia zuzentzeko. Horregatik azkenean Filosofian egin nuen Tesia, tokiaren kontzeptuaren inguruan, kontzeptu horren historia filosofikoaren ibilbide bat, topologiaraino iritsi arte. Zorte handi-handia izan nuen, maila akademikoan ez ezik maila pertsonalean ere asko-asko lagundu zidan zuzendari bat aurkitu bainuen.

Lagundu, zein zentzutan?

Sasoi batean espetxean egon nintzen Francoren aurkako manifestaldietan egoteagatik eta, irten nintzenean, zuzendariak atzerrira joateko beka bat aurkitua zidan. Halatan, Parisera joan nintzen, Sorbonara, eta Unibertsitate handietako giroarekin topo egin nuen bertan. Ez naiz ari soilik irakasleei buruz, bertan Jacques Lacanekin edo Lévi-Straussekin,... mintegietan egoteko aukera izan bainuen; ikaskideei buruz edo lehen aipatu dugun Collège de Franceren pareko instituzioei buruz ere ari naiz. 68.aren ondokoa zen; kurtso guztietan askatasunez sartzea zegoen, eta horixe egin nuen. Gainera nire bigarren Doktorego Tesia prestatu nuen, oraingo honetan askoz ere serioagoa, Estatu Tesi bat.

Zein zen gaia kasu horretan?

Leibniz, eta berak espazioa nola ulertzen zuen, hau da, Leibniz topologiaren aitzindaritzat. Leibnizek gai horri idatzitako bi eskuizkribu eman zizkidaten, biak ere inoiz argitaratu gabeak, eta ziztu bizian alemana ikasten hasi nintzen, eskuizkribuak transkribatzen,...

Parisen?

Ez, ordurako Hannoverrera joana nintzen, nahiz eta Parisen jarraitu Tesiarekin. Bi beka lortu nituenez, bata Frantzian eta bestea Alemanian, posible izan nuen hori egitea. Halere, Estatu Tesi hori irakurri nuenerako Donostian nengoen.

Zer da Estatu Tesi bat?

Gaur egun ez dago halakorik, baina Frantzian tradizio zahar-zaharra zeukan Tesi-mota bat zen. Katedradun baten antzeko statusa eskuratzearen parekoa zen Estatu Tesia, baina jakina, plaza huts bat agertu arte itxaron beharra zegoen.

Beraz, Katedra hori kokatu beharra zegoen...

Horixe da. (barre egiten dugu) Atzerritarra izanik zaila zen katedra hori aurkitzea, baina halere bost orduko irakurketa egin nuen Sorbonako anfiteatro handi batean. Halatan, horrekin alor akademikoan bapo gelditu nintzen eta nire ikertzaile-prestakuntza bukatutzat jo nuen.

Nola iritsi zinen Parisetik Donostiara?

Egunkari batean, El Paísen zehazki, aurkitutako iragarki baten bidez.

Azaldu egidazu hori, mesedez.

Donostian Filosofia Fakultate bat sortzekotan zirela irakurri nuen, eta haurtzaroan berton bizi izan nintzenez, interesa sortu zitzaidan eta inondik inora ezagutzen ez nuen Ramón Valls dekanoari neure curriculuma bidali nion. Filosofia fakultate berrian irakasle hartu ninduten, 1978-80. urteetan, eta geroago Vallsek esan zidanez, neure curriculumaz gain, ni hartzeko funtsezkoa izan zen bi titulu edukitzea. Lehen urtean zientziaren eta estatistikaren Filosofiako kurtsoa ematen hasi nintzen.

80. hamarkadaren hasieran gaude, EHUren hasieran bertan...

Bai, Fakultatea Zorroagan zegoenean. Alemanian eta Frantzian nengoela ez neukan itzultzeko asmorik. Gainera arrazoi politikoak zirela-eta aukerarik ere ez neukan, eta Franco hil arte ez nuen itzultzerik izan. Dagoeneko hemen nengoela, bi hilabetetan oposizio bat prestatu eta Arturo Vallsekin batera Fakultatean ginen bi funtzionarioetako bat izatea lortu nuen. Halako batean Vallsi Bartzelonan katedra bat hartzeko aukera sortu zitzaion eta neu izan nintzen dekanotza eskuratzeko aukera zeukan bakarra. Halatan, Europatik iritsi eta sei hilabetera, Fakultate oso bateko dekano bihurtu nintzen. Lehen ikasturtean 300 ikasle; bigarrenean 800; hirugarrenean 1.500; laugarrenean 2.300, eta bosgarrenean 3.000 ikasle izan zituen Fakultate bateko dekano.

Ez zegoen numerus claususik?

Ez zegoen inolako kopuru mugaturik. Euskal Herriko Unibertsitatea sortu berria zen, trantsizio garaia zen eta mila pasadizo ditugu.

Adibidez?

Behin batean polimiliek Areto Nagusira eraman gintuzten, zertarako eta Gernikako Estatutuaren aldeko botoa eskatzeko.

Ez zen erraza izango.

Beno, bost urtetan administrazioaren hizkera ikasi behar izan nuen, haren literatura, Unibertsitatearen egitura, Estatuaren Aldizkaria,... Gero Goméz-Pin sartu zen eta hasierako urteetan bion artean eraman genuen Fakultatea. Horrela hasi zen nire garai instituzionala, 1980tik 1990era arte. Urte horietan idazkari, dekano-orde, dekano eta gero sei urtez errektore-orde jardutea egokitu zitzaidan.

Garai instituzionala bukatu ondoren, zertan aritu zinen?

Laurogeita hamargarren urtean nire garairik emankorrena hasi zen, liburuen gaiarekin lanean hasi nintzenean. Baina ez ordura arte argitaratu nuen motako liburuekin, hala nola eskuliburuak edo Leibinizi buruzkoak... Telépolis, Cosmopolitas Domésticos eta Los Señores del Aire, argitaratu nuen seriean zentratu nintzen. Gizarte-oihartzuna izan zutenez, egileen, pentsalarien munduan bidea ireki zidaten. Gainera, horiei esker 1997an Euskadi Ikerketa Saria lortu nuen, eta Kultura Ministerioak Saiakerako Sari Nazionala eman zidan. Abagune horretan, laurogeita hamargarren hamarkadaren hasieran CSICk “fitxatu” egin ninduen.

Eta, zer egiten zenuten CSICn?

Ikerketan baino ez nintzen aritzen, nahiz eta hitzaldien bidez, Doktorego ikastaroen bidez,... irakaskuntzarekin harremana mantendu. Ez dut inoiz eten EHUrekiko lotura, gainera Donostian bizi nintzen eta astero joaten nintzen Madrilera. Agenda bete-beteta neukan garaia izan zen, eta neure bizitzako gertakizun garrantzitsuenarekin amaitu zen, hau da, Irene gure alabaren jaiotzarekin.

Zer urtetan?

1996an. 13 urte ditu gaur egun.

Nola lortu zenuen bizitza profesionala eta bizitza pertsonala uztartzea? Gaur egun “familia-uztarketa” deitzen diogun hori.

Oso zaila zen. Ni Madrilera joaten, emaztea Iruñean lanean, alaba ikastolara eramaten, futbol-partidetara, saski-baloira,... benetan zoramena zen.

Baina ni zoriontsua nintzen CSICn, bizitza ikerketari eman diot, sei hamarkada ditut eta nire ikertzaile-karrera kanonikoa da. Batzuetan, ingurukoekin eta txantxetan, bizitza eduki beharrean curriculuma dudala esan ohi dut. Baina zera komentatzen ari ginen, Ikerbasque sortu zenean bizi-kalitatean irabazteko aukera ikusi nuela eta, jakina, ez nuela zalantzarik izan.

Orduan...

Funtzionario izateari utzi nion eta hemen nago. Haurtzaroa

Mexikoko emigranteen, indianoen, semea.

Aita eta ama Narbarten, Bertizen, jaio ziren, eta amak halaxe nahi izan zuelako bera Iruñean jaio zen.

Mexikon sortu eta Mexikon hazi zen, horrexegatik gordetzen du hango kutsua hizkeran.

Familian ezohiko egoera bizi izan zuen, gurasoekin eta osaba-izekoekin txandaka bizi izan baitzen. Gainera, familian errotuta zeuden ohitura mexikarrek hizkera eta izaera markatu zizkioten.

Donostiako Maristen ikastetxean ikasi zuen 12 urtera arte, orduan familiarekin Madrilera joan baitzen. 19 harribitxi

1. “Donostiara itzultzea umetako ametsa betetzea izan zen”.

2. “Euskadi Saria eman zidatenean nire identitatea anitza dela defendatu nuen”.

3. “Gure alabari lau identitate nituela esan nion: Nafarra, amak hala nahi izan zuelako; euskalduna, familiak hala nahi izan zuelako; espainiarra, amaren aldetik, eta mexikarra. Lau identitate izatea, pertsona gisa dudan bereizgarritasun handiena da”.

4. “Pluralismoaren aldekoa naiz, Batasunaren ideiaren aurka nago”.

5. “Konbergentziak ez du nahasten, ezberdintasunak mantendu egiten dira”.

6. “Batasunaren argudioa ulertzen dut, baina identitate-aniztasunean hazi diren pertsonak aberastasun handia dakarte”.

7. “Europar Batasunean etorkizuna aniztasuna da”.

8. “Ez dut bat ere gustuko ingelesa nazioarte mailako lingua franca bihurtzeko joera hori eta zientzia-esparruko elebakartasun hori”.

9. “Gaur egun eztabaida sakona dago, ezagutza hizkuntza bakar batean, ala batzuetan, izan behar ote duen. Ni, argi eta garbi, hizkuntza askotan eraikitzearen aldekoa naiz”.

10. “Ama-hizkuntza bakar bat egotearen aurka nago”.

11. “Hizkuntza, komunikazioa ez ezik oroimena ere bada. Amets egiten denean, adierazleekin amets egiten da beti”.

12. “Kultura munduan kokatzeko modu bat da, gauzak egiteko modu bat. Batez ere egiteko modu bat da, egitea da garrantzitsua, ez izatea”.

13. “Kultur Zientifikoa ez da gauzak buruz jakitea; aitzitik, froga bat egiten jakitea, formula baten garapena egiten jakitea, erlatibotasunaren teoria azaltzen jakitea, esperimentu bat egiten jakitea da. Jakintsua izatea, komunitate edo kultur zehatz batek egiten dituen gauzak egiten jakitea da”.

14. “Multikulturalismoa da gaur egungo gizarteen oinarri sendoa”.

15. “Kulturak nahiz hizkuntzak osatzen dituzte pertsonak”.

16. “Kultura zehatz baten bidezko lotura da komunitatea, eta gizarte batek hainbat komunitate biltzen ditu. Halatan, komunitate nahikoa biltzeko gai den gizartea, komunitateak biltzeko gaitasunik ez duena baino garatuagoa da”.

17. “Jakiunde aniztasun itzela duen komunitatea da, neurri handi batean Pedro Miguel Etxenikeren ahaleginari esker. Sekulako Akademia bat da; pentsatzen dut munduan bi Akademia baino ez daudela instituzio bakar batean zientzien, arteen eta letren ezaugarriak biltzen dituztenak”.

18. “Pedro Miguel Etxenikek, idazleak, argazkilariak, arkitektoak, eskultoreak, apezpikuak, politikariak, fisikariak, kimikariak, matematikariak, juristak eta filosoforen bat ere biltzen dituen instituzio hain arraro honetan parte hartu nahi ote nuen galdetu zidanean, ez nuen pentsatu ere egin”.

19. “Jakiundek kosmosaz dudan ideia irudikatzen du”. Javier Echeverría (Iruña, 1948) Javier Echeverria Ezponda Iruñan jaio zen, 1948an. Euskadiko Zientzia Fundazioko (Ikerbasque) ikertzailea da, Euskal Herriko Unibertsitateko Soziologia II Sailera atxikia, eta CSICeko Filosofia Institutuko unibertsitate-katedraduna, eszedentzian. Haren ikerketa-eremu nagusiak honako hauek dira: zientziaren eta teknologiaren filosofia; Zientziaren etika; zientziaren, teknologiaren eta gizartearen arteko loturen azterketa; eta informazioaren eta teknologiaren teknologia berriak. Azken urteetan argitaratutako liburu nagusiak: Telépolis (Bartzelona, Destino, 1994); Cosmopolitas Domésticos (Bartzelona, Anagrama, 1995); Los Señores del Aire: Telépolis y el Tercer Entorno (Bartzelona, Destino, 1999); Introducción a la Metodología de la Ciencia: la Filosofía de la Ciencia en el siglo XX (Madril, Cátedra, 1999); Ciencia y Valores (Bartzelona, Destino, 2002); La revolución tecnocientífica (Madril, Fondo de Cultura Económica, 2003), Gobernar los riesgos: Ciencia y valores en la sociedad del riesgo (J. L. Lujanekin elkarlanean egindako edizioa, Madrid, OEI-Biblioteca Nueva, 2004) eta Ciencia del bien y el mal (Bartzelona, Herder, 2007). International Academy of the Philosophy of Science elkarteko kidea da, eta Leibniz Espainiako Elkarteko presidenteordea. 1995ean, Anagrama Saiakera Saria jaso zuen; 1997an, Euskadi Ikerketa Saria, Humanitate eta Gizarte Zientzien modalitatean; eta 2000n, Saiakera Sari Nazionala (Kultura Ministerioak Los señores del Aire obragatik emana). Iturria: Jakiunde
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

Précédents

María Elósegui Itxaso. Zuzenbidearen Filosofian katedraduna: Ateak ireki behar dizkiogu kulturartekotasunari

 

Irakurri

Zuriñe Fernandez de Gerenabarrena. Musikagilea: Bernaolak musikagile sentiarazi ninduen, ez nintzela ikasle hutsa

 

Irakurri

Imanol Olaizola. Kultur sustatzailea: Euskaldunok entzuteko ahalmenik ote dugun jakin behar dugu

 

Irakurri

Juanjo Mena. Orkestra zuzendaria: Musika etengabeko bilaketa da niretzat, norbere sormenerako bitartekoa

 

Irakurri

Carmen Mijangos Ugarte. Kimikaria: Norberaren ahaleginari esker, nahi dena lor daiteke, ondokoa azpiratu gabe

 

Irakurri