Javier Viar: "Gure xedea euskal artearen sustrai eta garapenaren bilduma adierazgarria edukitzea litzateke"

2003-01-24

EZKERRA, Estibalitz

Elkarrizketa: Javier Viar Javier Viar, Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendaria "Gure xedea euskal artearen sustrai eta garapenaren bilduma adierazgarria edukitzea litzateke" * Estibalitz Ezkerra Bere lankide eta lagunen hitzetan, egonezina eta kultura handiko gizona dugu Javier Viar. "Kulturarekiko daukadan zaletasuna gizartea aldatzeko eta gizakiari bere bizitza hobetzen laguntzeko modu bat dela pentsatu nahiko nuke. Oso atsegina iruditzen zait kulturaren arloan lan egitea", dio Viarrek. Pintura eta literatura, horra bere bi pasioak. "Baina arteaz bakarrik ez, bestelakoak ere idazten ditut: eleberriak, olerkiak… Arteari buruzko ezagutzak, gainera, literaturaren bidez eskuratu ditut. Musika ere asko gustatzen zait, eta, batez ere, zinema". Eta, aurrerantzean, biak uztartzeko asmotan ote dabil? "Ez, horrelakorik ez. Oraingoz, itxita utzita utziko dut literaturaren atea, eta aurrerantzean museoko kontuetan arituko naiz bete betean. Obsesibo samarra naizenez, zerbait egiten hasten naizenean, buru belarri sartzen naiz horretan". Iazko urtea aldaketez betea etorri zitzaizun. Arte Ederren Museoaren buru egiten urte bete betetzear zaude. Nolakoa da pinakotekaren eguneroko jarduna? Orokorrean hartuta, nahiko urte mamitsua izan da. Gauza asko egin ditugula esango nuke, baina museoa osatzen duen talde guztiak, ez nik bakarrik: bildumetatik hasi eta museoan nola kokatu behar direnetik hasi eta espazio batzuen erabilera bitarteko erabakiak hartuz, gai jakin batzuei buruz etorkizuneko ildoak zehaztuz, etab. Eskultura batzuk jendaurrean ipini ditugu, jende guztiaren eskura egon behar dutela pentsatzen dugulako. Beste alde batetik erosketen esparrua dago, oso faktore garrantzitsua bildumari begira, erakusketen diseinua, eta organigramaren kontsolidazioa. Eta, horrez gain, eguneroko lana dago: telefono deiak, sortzen diren milaka galderei berehalako erantzuna eman behar izatea, museora datozen pertsona ospetsuekin elkarrizketak egitea, obren eskaintzak aztertzea… Horrelako kontuetanezin da denbora asko galdu. Batzuetan ez dago beste aukerarik, baina denbora ahalik eta ondoen kudeatzen jakin behar da. Hamalau urtez museoko aholkulari izan zaren arren, erabakiak hartzeko ardura zeurea izatean ziur aski aldatu egingo zenituen museoari buruz zeneuzkan ikuspegia eta harremana. Ez bakarrik museoarekin daukadan harremana, baizik eta arteari buruzko ikuspegi guztia. Urte asko igaro ditut arteari lotuta, arteari buruz idazten, eta Euskal Herrian sortzen diren joerei buruz informatzen, niri euskal artea asko interesatzen zaidalako, eta horrek irizpide batzuk ematen dizkizu. Alegia, azkenean daukazuna urte askotan pilatutako esperientzia da, bizitza osoa gauza batzuk lortu nahian eta beste batzuk baztertzen ematen dugulako. Erabakiak taldean hartzen ditugu, elkarrekin, baina mahai gainean bakoitzak bere esperientzia jartzen du, gauzei buruzko ikuspegi partikular bat. Eta hartu duzuen erabakietako bat, artista gazteen alde apustua egitea izan da. Artista gazteen, eta hain gazte ez direnen alde. Artista guztien alde, esango nuke nik. Euskal arteak oso garrantzi handia izan du gure kulturan, eta arte plastikoa alderdirik bikainenetarikoa izan da, eta ez azken urteotan bakarrik. Gerraostean hiru belaunaldi paregabe izan genituen, Oteiza eta Chillida buru zirela: Mendiburu, Larrea, Balerdi, Zumeta, Amable Arias, etab. Euskal eskola XIX. mendearen erdialdean hasi zen sortzen. Egia da belaunaldi batetik bestera ez dela jarraitasunik egon, baina beti izan ditugu artista garrantzitsuak. Honekin esan nahi dudana da arreta berbera eskaintzen diegula antzinako artistei eta garaikideei. Azken hauen artean hautaketa bat egin behar dugu, eta obra garrantzitsua dutenak sartu. Museo batek alde horretatik kontserbadore puntu bat izan behar du. Euskal arteari zuzendutako atalean, ba al da oraindik estali gabe dagoen zulorik? Niri, pertsonalki, euskal artearen zenbait fenomeno osatzea gustatuko litzaidake; adibidez bere sorrera, XIX. mendearen erdialdean. Asko gustatukolitzaidake arte horretan aitzindari izan zirenen bilduma bat izatea, eta Guiard, Guinea, eta abarren bilakaera ikustea, baina baita ere aurrekoena, lehenengoena, euskal eskola sortzeko oinarriak finkatu zituztenena. Eta gerraosteko euskal abangoardiaren jatorria ere osatu nahiko nuke, mugimendu hori sortu zuten artisten artean zeuden elkartruke eta eraginak. Helburua litzateke gure artearen sustraiak zeintzuk izan ziren eta arte hori nola garatu den erakusten duen bilduma bat izatea. Horrelako ekimenak oso interesgarriak izaten dira, artista horiek nolako zalantzak, eraginak eta asmoak zeuzkaten ezagutzeko aukera ematen dutelako. Egia da garrantzitsuena artistak bere estilo partikularra aurkitzen duenekoa dela, baina horren aurreko garaiak ere oso erakargarriak iruditzen zaizkit. Azken batean, hor aurkitzen ditugu kultura unibertsalarekin zeukaten harremana. Hau da, nolabait abangoardiei buruzko ikuspegi zabalagoa ematea, beti artista ikono batzuk aukeratzeko joera izaten delako. Horixe. Eta, batez ere, oraina bakarrik ikustera mugatzen garelako, gauzen jatorriari begiratu ere egin gabe. Baina prozesu horiek oso garrantzitsuak dira, artista bakoitzaren pentsaera nolakoa den erakusten dutelako. Oso garrantzitsua da euskal mugimenduak nola sortu ziren ikustea, norantz joateko asmoa zeukaten, testuinguru sozial eta politikoan zer interesatzen zitzaien, zer aukeratu zuten bertokoa izango zen arteari hasiera emateko. Eta, era berean, euskal artea kanpoko korronteei ateak itxi gabe erakusteko modu bat da. XIX. mendearen erdialdeaz geroztik, museo honen bildumaren muina euskal artea izan da, baina testuingurua nazioarteko artea izanik, eta bereziki arte europarra. Museo honen arreta beti egon da bifurkatuta: alde batetik inguru hurbilean daukanari begiratzen dio hemen inguruko autoreak izan zirelako sortu zutenak , baina baita hain hurbil ez daukanari ere. Bilduman benetan bitxiak diren koadro batzuk dauzkagu, kanpoan egiten denari ere beti eskaini diogulako arreta. Munduanzehar gertatzen denari ere kasu egiten diogu. Inoiz ez gara ikuspegi kosmopolita izatearen beldur izan. Gainera, horri esker euskal artea testuinguru europarrean nola mugitu den ikus dezakegu. Instituzioek museoaren erosketekiko hartu dituzten konpromisoak ere aurrerapen handia dira. Ikaragarrizkoa. Laguntza horiei esker, erosketen politika gara dezakegu. Museo honek orain arte inoiz ez du maila horretako xedagarritasun ekonomikorik izan, baina gure asmoa museo garrantzitsu bat egitea baldin bada eta nik uste dut museo hau garrantzitsua dela, eta askoz ere garrantzitsuagoa izan daitekeela , argi dago oinarri ekonomiko on bat beharko duela, eta diru hori ondo kudeatu beharko dela. Beste alde batetik, erakusketen mundua lehen baino askoz aberatsagoa da. Orain urtean hiru erakusketa handi egiten ditugu BBK aretoan, eta lau txiki beste areto batzuetan. Oso ondo etorri zaigu instituzio eta babesleek eman diguten arreta. Instituzioek lehen baino arreta handiagoa ematen diete museoei, turistak erakartzeko modu bat dela ikusten dutelako, eta orain gehiago gainera, azkenaldian kultur elementu gehiago sartu direlako aisialdian. Jendeak orain zerbitzu tradizionalez gain, kultur proposamenak ere eskatzen ditu. Eta, gero, haurrei edo nagusiei zuzenduriko programak daude. Beraz, egoera horren aurrean normala da instituzioak museoak bultzatzen aritzea. Bilboren kasuan, oso garbi ikus daiteke hiria nola ari den aldatzen. Gero eta kultur zerbitzu gehiago ari da eskaintzen, eta horrek on asko egiten digu museoei. Eta kultur ekitaldi handietarako babesle pribatuak izatea ere oso positiboa da. Faktore hauengatik guztiengatik gaude hain egoera goxoan museoak. Dena den, horrek ez du esan nahi gauzak hobetu ezin daitezkeenik. Arte Ederren museoaren garai berri honek Guggenheim museoaren bosgarren urtemugarekin eta Artiumen irekierarekin egin du bat, eta geroan Donostian kokatuko den Arte Garaikidearen Zentroa zabalduko da. Europako beste herrialde batzuetako kultur mailara gerturatzenari garenaren seinale? Nik uste orain behintzat leku bat izango dugula Europako kultur testuinguruan. Gure kultur tradizioa oso aberatsa izan da, nahiz eta memento jakin batzuetan, arrazoi politikoak medio, ilunduta gelditu zen. Diktadurako urteak oso txarrak izan ziren bere garapenarentzat. Espainiaren kasuan, abangoardiako pinturarik ez egotearen arrazoia da Picasso, frankismoaren garaian, baztertuta zegoela. Espainian picassorik aurkitu bada, zeharka izan da, dohaintzak egin direlako edota beste museoei ikaragarrizko dirutzen truk erosi zaizkielako. Horregatik, Espainiako bildumetan oso hutsune handiak daude. Eta Euskal Herriko bildumekin gauza bera gertatzen da. Garai horretan, museo honek ezin izan zuen ia deus egin. Asmo onik ez zitzaion falta, eta, gainera, museoaren kudeatzaileek behin edo behin oso lan azpimarragarria egin zuten eskerrik beroenak eman behar dizkiegu kudeatzaile horiei, beren testuingurua ez zelako batere lagungarria . Kasualitatez, Gauguin eta Marie Cassat bana dauzkagu, baina badakigu ezin izango ditugula horietako gehiago izan, eta ezta ere Van Gogh, Renoir, Degas, edo artista inpresionistak, garaikideak, sinbolistak edo postinpresionistarik handienak. Gauza batzuk ezin dira aldatu, eta beste zenbaitetan denbora asko behar da ezer egiten saiatzeko. Agian hemendik ehun urtera Van Goghen prezioak merkeagoak izango dira, baina orain dauden moduan ezinezkoa zaigu bat lortzea. Gauza batzuk betiko joan zaizkigu. Gu guztiok gure historiaren ondorengo garen bezala, museo hau ere bere historiaren semea da. Hortaz, tokatu zaigunarekin egin beharko aurrera. Euskadin, museo bakoitzak bere instituzioa dauka, eta instituzio hauek oso lotura handia daukate hiritarrekin. Gu oso pozik gaude gure museoaren gaitasunarekin. Hala ere, gure egoera ez da Alemaniakoarekin parekagarria, hogeita hamar museo zoragarri baitauzkate bertan. Gure mailan egin behar dugu lana, umiltasunez, ezin dugulako beste herrialde batzuetako eskaintza kulturalarekin lehiatu. Gure testuinguruanezinezkoa da Prado museoak egiten dituen erosketak egitea, baina horrek ez du esan nahi ezin ditugunik beste gauza on asko eta asko aurrera eraman. Beste alde batetik, Guggenheim museoak erakutsi digu uste baino gertuago dauzkagula nazioarteko ekitaldiak. Tamalez jendeak ahaztu egin du hori, baina duela bost urtera arte Bilbora sekula ez zen Kandinsky bat etorri. Oso gauza berria da nazioarteko pintura garaikiderik onena etxean izatea. Baina museo honek ehun urte besterik ez ditu, eta zer da mende bat herrialde baten kulturan? Dena den, denbora horretan gauza asko egin ditugu. Beste ehun urtetan, nik uste dut oraingo museoaren kalitatea bikoiztu egingo genukeela. Gizarte euskalduna eta bilbotarra oso dinamikoak izan dira mende honetan, eta museoak hain zuzen ere gizartea nolakoa izan den erakusten du. Museo bat, gizarte baten historiaren ispilua da, osagai desberdin asko dauzkan tarta baten ginga. Eta euskal museoak oparoaldian dauden bitartean, Londresko British Museum bezalakoak kili kolo dabiltza. Oso erakunde handiak dira, eta ziur aski arazoak izango dituzte. Egia esateko, ez dakit zer izan den krisi hori sortu duena. Baliabide publikoak eta publiko pribatuak mugatuak izaten dira. Londresen ikaragarrizko aurrekontuak dituzten museo garrantzitsu asko daude; garestiak izaten dira eta ondo kudeatzen jakin behar da. Dauden baliabideetara egokitzen eta oreka gordetzen jakin behar da, eta handitzen saiatu. Artisten esanetan, erakusketen eredua agortuta dago, eta parte hartze handiagoa duten beste modu berri batzuetara jo beharra aldarrikatzen dute. Eredu gisa, Beubourg zentrua aipatzen dute, edo, gertuagoko kasu bat, Arteleku. Gauza batek ez du bestea kentzen. Beaubourg zentruak, programez gain, museo egonkor bat dauka, bilduma zoragarri batekin. Niri ez litzaidake batere axolako museo honek beste planteamendu batzuk ere izatea, baina bilduma egonkor bat izaten betiere. Munduko museo nagusiek ez dute beren oinarrizko egitura aldatu. Difusioaren alderdia bai, hobetudute: erakusketa gehiago egiten dituzte, eta obrak lehen baino gehiago eramaten dituzte leku batetik bestera. Museoek ikuspegi dinamikoago bat hartu dute. Baina artearen historiako bilduma handien esentzia, jabetza eta zaintza, ez dira aldatu. Arteleku oso erakunde ona da; ez dauka museoekin zerikusirik. Jendeari klaseak ematen dizkiote, eta erreferentziak eta estimuluak ere bai, baina ez dute bildumarik jasotzen. Erakunde mota desberdinak dira, eta museo batek ez du zertan horrelako erakunde bat bihurtu behar. Museo batek kultura planifikatzen duten elementuekin koordinatu behar du, orain funtzio didaktiko berri batzuk dauzkalako. Javier Viar Olloqui (Bilbo, 1946) Farmazian lizentziatua Madrilgo Complutense Unibertsitatean, 1969an. Bizkaiko Farmazialarien Elkargo Ofizialeko presidentea izan da. Hamalau urtez Arte Ederren Museoko Administrazio Kontseiluko kidea izan da. Gaur egun bertako zuzendaria da. Era berean, Bilboko Guggenheim Museoko obrak erosteko lehenengo aholkularitza batzordeko kidea izan zen, besteak beste Kosme Barañano, Javier Gonzalez de Durana eta Jose Manuel Bonetekin batera. Rafael Ruiz Balerdiren obra ondoen ezagutzen dutenetariko bat dugu. Idazteko zaletasun handia du, eta ondo baino hobeto moldatzen da bai artearen kritika bai literatura idazten. Viarrek olerkiak, eleberriak 1991n Pío Baroja saria eskuratu zuen La sangre del doral lanarekin , eta ipuinak kaleratu ditu Irun Hiria saria 1992an, La muerte de la novia lanagatik . Estibalitz Ezkerra Argazkiak: Egilearenak Euskonews & Media 196. zbk (2003 / 01 / 24 31) Euskomedia: Euskal Kultur Informazio Zerbitzua Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

Précédents

Adolfo Eraso: "Ebroren delta desagertu egingo da"

 

Irakurri

Maialen Lujanbio: "Bertsolariak eredu gara belaunaldien arteko elkar ulertzean"

 

Irakurri

Juan Carlos Eguillor: "Erretiratuei gustatzen zaie Bilbo gaur egun nola dagoen, baina niri ez"

 

Irakurri

Maite Celaya Vazquez: "Brasil oso herrialde handi eta aberatsa da, eta, argentinarrak arazoz gainezka dauden arren, oso interesgarria da enpresarientzat"

 

Irakurri

José Manuel Castells: "Alde batetik globalizazio ekonomikorantz goaz, eta bestetik corpus juridikoa lokalizatzera. Sare telematiko ekonomikoen aurrean erantzun onena ematen dutenak ondo kohesionatuta dauden entitate lurraldetarrak dira"

 

Irakurri