Jatorrizko bertsioaren itzulpen laburtua
Gasteizko Sancho el Sabio Fundazioak berrogeita hamar urte betetzen ditu aurten euskal kulturari babes ematen. Jesus Olaizola euskaltzaleak Gasteizko Aurrezki Kutxan abian jarri zuenetik Fundazioa euskal liburu eta artxiboak biltzen eta eskaintzen aritu da, eta egun erreferentzia da euskal funts espezializatuei dagokienez.
Zenbait helbide aldaketa izan ditu ordudanik eta Betoñoko gaur eguneko eraikin moderno eta zabalera iritsi aitzin arabar hiriburuko beste egoitzetatik milaka eta milaka kontsulta eta zerbitzu eskaini ditu. Carmen Gomez aurreko zuzendariak eta egunekoa den Jesus Zubiagak Fundaziotik burututako lanaren testigantza eman dezakete, argi asko.
Jesus Zubiaga da 2010etik arduradun nagusia eta berari dagokio lehen mende erdiaren ospakizunari aurre egitea. Noski, lanarekin erakutsi nahi dute inoiz baino biziagoa ari dela Fundazioa eta horren froga zuzena da, elkartearen zerbitzu desberdinetatik gero eta arreta gehiago eta zorrotzagoa eskaintzen ari dela, mundu osotik iristen zaizkien kontsultak direla-eta.
Fundazioaren “on line” bitartez kontsultagarri diren erregistroak hirurehun mila baino gehiago dira eta horietan monografia, esku izkribu, aldizkari, kartel eta abar sartzen dira. Eta horrezaz gain sendi-artxiboak ere oso garrantzitsuak dira. Hamar dira egun dituztenak eta ehun eta berrogeita hamar mila erreferentzia osatzen dituzte, seiehun mila irudirekin.
Biblioteka digitala da beste altxor preziatua. Ari dira digitalizatzen 1993tik eta une hauetan bost mila eta laurehun titulu daude kontsulta irekian, bi milioi irudirekin gutxi gora behera. Eskaintza horren zatirik handiena Europeana biblioteka digital europarrean daude eta baita Liburuklik —Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren zerbitzuan— eta Hispania, espainiar Kultura Ministerioarenean. Eusko Jaurlaritzarekin, gainera, sendi artxiboak jarriko dira Dokuklik funtsean. Horrezaz gain, eguneroko prentsa digitalizatzen da, kontsortzio baten barruan, eta euskal prentsa osoa jasotzen da, kontsortzio kide bakoitzaren egoitzan bertan kontsultatu ahal izateko.
Jesus Zubiagak garbi dauka garai berriek ohitura eta erabilpen era berriak ekarri dituztela eta Fundazioaren erabiltzaileen profila aldatu dela. Duela hogei bat urte bisitari gehienak presentzialak ziren eta egun, aldiz, Internet bidez iristen dira. Horrek eragin nabaria du Fundazioaren zerbitzuetako eskaintza modeloan eta baita pertsonalaren prestakuntzan ere. Hain sakona izan da aldaketa, non dauden eraikina orain diseinatu beharko balute beste modu desberdinez egingo lukete. Eta hori kontuan izanik eraikina 2007koa dela!
Aldakuntza handia zerbitzuaren nondik norakoan eta baita Fundazioaren finantza sisteman ere, Aurrezki Kutxen Ekintza Sozialetarako diruak modu diferentean kudeatuko baita, azken finean Kutxabank banku bat baita. Hiru Kutxek eutsiko diote ekintza sozialari, baina zenbatekin? Digitalizazioen kostua gora doan heinean diru iturrien bilaketa neketsuagoa bilakatzen ari zaie Sancho el Sabio Fundazioari eta horren gisako elkarteei. Formula berri baten bila joan behar delakoan dago Zubiaga jauna.
Jesus Zubiagak garbi dauka garai berriek ohitura eta erabilpen era berriak ekarri dituztela eta Fundazioaren erabiltzaileen profila aldatu dela. Duela hogei bat urte bisitari gehienak presentzialak ziren eta egun, aldiz, Internet bidez iristen dira.
Ez bada zerbitzuarengatik kobratzen, nola egin daiteke errentagarri dokumentazioaren eskaintza? Hori dela-eta, oso posiblea da etorkizun hurbil batean erabiltzaileak zerbait ordaindu behar izatea, jasotzen duen dokumentazioaren truke. Baina hori guztia oraindik garbi zehaztu gabe dago.
Jesus Zubiagak, bestalde, garbi ikusten du Euskadiko Artxibo Historiko batek ordena jarri beharko lukeela, egun antzeko zerbitzuak eskaintzen ari diren elkarteen artean. Kontzeptuak argitu behar direlakoan dago, eta Artxibo Historikoak politika zuzen eta gardenak aplikatu beharko lituzkeela dio Sancho el Sabio Fundazioko zuzendariak.