José Ignacio Beitia. Portugaleteko Nazioarteko Folklore Jaialdiko zuzendaria: Euskadin dantza talde asko dago, baina amateur moduan aritzen dira. Eta hemen dantza eta folkloreko profesionalen beharra daukagu

2004-07-16

EZKERRA, Estibalitz

GARMENDIA YARZA, Koro

José Ignacio Beitia

Portugaleteko Nazioarteko Folklore Jaialdiko zuzendaria "Euskadin dantza talde asko dago, baina amateur moduan aritzen dira. Eta hemen dantza eta folkloreko profesionalen beharra daukagu" Estibalitz Ezkerra

Itzulpena: Koro Garmendia

Versión original Portugaleten, María Díaz de Haro kalean dauzka Elai-Alai Elkarteak bere bulegoak, hain ezaguna den burdinezko zubitik oso hurbil. Eta hantxe bildu gara José Ignacio Beitiarekin, Koxka txakurrarekin goiz parteko buelta eman duenean. Elai-Alai Elkartea aitzindaria dugu Ezkerraldean; bere ekimenari esker sortu zen, duela berrogei urte, bertako lehen ikastola, Asti Leku. Baina hezkuntza ez da Elai-Alai Elkartearen zeregin bakarra; hasiera-hasieratik, garbi izan du euskal kultura tradizionala bultzatzeko asmoa; Beitiak berak zuzentzen duen Portugaleteko Nazioarteko Folklore Jaialdia dugu horren adibide. Nolatan bururatu zitzaizuen Portugaleten Nazioarteko Folklore Jaialdi bat antolatzea? Elai-Alai Elkarteko kide batzuei otu zitzaigun. Elkarte hau 1962an sortu zen, dantza elkarte modura. Aldi hartan, Portugaleten ez zen euskal folklore kulturalaren inguruko ia deus ere; Santa María eskolan entsegu gutxi batzuk egiten zituen gazte talde bat baino ez. Horren aurrean, lagun batzuk bildu, eta dantza talde bat sortzea erabaki genuen. Hasierako urteetan, non entseatu ez geneukanez, herriko hainbat lokal eta lonjetan ibili ginen, harik eta 1966an Santa María kaleko lokalak erosi genituen arte. Oso aurrerapauso garrantzitsua izan zen hura. Bi solairu hartu genituen, guztira 360 m². Gela batean gimnasio moduko bat ipini genuen, beste batean jendaurrean aritzeko gela bat, eta gainerakoetan euskarazko eskolak eman eta beste hainbat kultur ekintza garatzen genituen. Elkartea orduan hasi zen indarra hartzen. Gero, 1972an, Perpignan inguruko jaialdi batean parte hartzeko gonbidapena jaso genuenean, hemen bertan, Portugaleten, jaialdi bat antolatzea bururatu zitzaigun. Ikusmin handia sortuko zuen Jaialdiaren lehendabiziko edizio hark. Egia esateko, oso xumea izan zen. Guztira hiru taldek hartu genuen parte: Irlandako batek, Frantziako beste batek, eta guk. Aire zabalean ospatu genuen, Doctor Areilza parkean. Eta, geroztik, urtero antolatzen joan ginen. Dena den, 1976tik 1979ra -biak barne-, etenaldi bat izan genuen, gizartean bizi zen egoera ez zelako horretarako aproposa. Ez geneukanez ekitaldia normaltasunez garatuko zenaren ziurtasunik, parentesi bat egin eta denbora hobeak etorriko zain gelditu ginen. 1980an ekin genion Jaialdia berrantolatzeari. Ordudanik, 29 edizio antolatu ditugu. Aurtengoa hogeita hamargarrena izango da. Eta berezia izango da, zalantzarik gabe. Izan ere, Europar Batasunean sartu berri diren hamar herrialdeetako taldeak izango dituzue zuen artean. Interesgarria iruditu zitzaigun herrialde horietako taldeak ekartzea, Europar Batasuneko kideak izan arren oraindik ere oso urrunekoak balira bezala ikusten ditugulako. Eta horrela, gainera, gure Jaialdia ez da ikuskizun izatera mugatuko; alderdi didaktikoa ere hortxe izango du. Jaialdia herrialde horietako jendearengana hurbiltzeko modu bat izatea nahi genuen, aurrerantzean askoz ere harreman estuagoa izango dugulako. Eta, asmo horrekin berarekin, beste hainbat jarduera ere antolatu dugu. Duela gutxi, adibidez, eskoletako haurrek hamar herrialde horien ezaugarriei buruzko lanak aurkezteko epea itxi dugu. Bestetik, hitzaldi sorta bat ere antolatu dugu, herrialde horiek Europari zer ekarriko dioten eta Euskal Herriari nola eragingo dioten aztertzeko. Eta, Jaialdiari hasiera ematean, bertan parte hartuko duten herrialdeei buruzko erakusketa bat ere zabalduko dugu. Edizio honetan europarrak izango dira nagusi, baina Jaialdi hau denentzat dago zabalik, ez europarrentzat bakarrik. Hori da. Gutxi izango dira Portugaleteko Jaialdian parte hartzeke gelditzen diren herrialdeak; Australiako eskualderen bat, beharbada. Baina Amerika, Afrika, Europa eta Asiako taldeak maiz izan ditugu gure artean. Hogeita hamar urtek askorako ematen dute. Ziurrenik, erakundeen babesa funtsezkoa izango zen halako ibilbide luzeari aurre egin ahal izateko. Zorionez, gure diru-iturriak nahiko barreiatuta dauzkagu; ez gaude pertsona bakar baten erabakiaren menpe. Diru-laguntzen iturri nagusia Eusko Jaurlaritza da, gure aurrekontuaren herena estaltzen digulako. Beste heren bat Aldundiak, Udalak eta erakunde pribatuek estaltzen digute, eta gainerakoa Euskal Herriko hogeita hamar bat herrik, non jaialdian parte hartzen duten taldeak bira moduko bat egiten aritzen diren. Erakunderen batek huts egingo baligu, aurrekontua murriztuko genuke, egoera berrira egokitzeko. Ez genioke Jaialdia antolatzeari utziko gure babesleetako batek ezezkoa emateagatik. Nolakoa izaten da jendearen erantzuna Jaialdiaren aurrean? Oraingoz ezin gara kexatu. Bai Portugaleten bertan antolatzen dugun Jaialdian, bai beste herri batzuetan aurkezten diren saioetan, jende asko biltzen da. Folkloreak behar bezainbesteko babesa al du? Nik ezetz esango nuke. Folklorearen alde egiten diren ekintzetatik ekimen pribatukoak direnak kenduko bagenitu, oso talde gutxi geldituko lirateke. Egia da erakundeek laguntza ematen dutela, baina ez dago folklorearen alde diharduen instituziorik. Gauza txiki batzuk badira -Musika Tradizionalaren Akademia, adibidez-, baina folkloreari zuzenduta dagoen erakunderik ez. Alor hori ekimen pribatuaren esku dago nagusiki, eta, zorioneko salbuespen gutxi batzuk kenduta, gehienek amateurren moduan funtzionatzen dute. Guk geuk, esaterako, borondate guztiarekin dihardugu, baina ez dugu behar bezainbesteko eskertzarik jasotzen. Orain bertan, folklorearen inguruan dauden artxiborik onenak pribatuen esku daude; beraz, ez dago jakiterik egunen batean publiko egin eta hiritarren eskura jarriko diren, edota, agiri horien titularra desagertzean, betiko galduko diren. Babes falta hori hemengo arazoa dugu, ala beste herrialdeetan ere ematen da? Denetarik dago. Halere, herrialde gehienetan hemen baino askoz ere gehiago babesten da folklorea. Estatu mailan bertan, erakunde batzuek hemengoek baino askoz ere babes handiagoa ematen diote. Beharbada, erakundeek ardura hori ekimen pribatuaren esku utzi dutelako. Euskadin talde asko daude, baina, nire iritzian, amateurregiak dira. Dantza eta folkloreko profesionalen beharra daukagu. Neurri batean, horixe bera da Juan Antonio Urbeltzek behin baino gehiagotan salatu duena. Oraintxe zorioneko salbuespenak aipatu dizkizudanean, hain zuzen ere Juan Antonio Urbeltz neukan gogoan. Profesionala izan gabe, profesionala bailitzan aritzen da. Erretiratuta egonik ere, folklorea ikertzeari ematen dio bere denbora guztia. Esfortzu ororen atzean, borondatea dago. Hain zuzen ere. Laguntzak ez dira behin betikoak. Ez dago behar bezainbesteko babesa ematen duen erakunderik. Nolako harremana daukazue Euskal Herriko gainerako dantza taldeekin? Nik uste elkarrengandik nahiko isolatuta gaudela, eta hori instituziorik ez dagoelako gertatzen da. Bakoitza bere modura moldatzen da. Egiten dugu zer edo zer elkarrekin; esate baterako, urtero ospatzen den Dantzari Eguna, baina amateur modura aritzen gara. Gure herrialdeko kultur ondare tradizionala, hain gauza garrantzitsua izanik -eta, zorionez, hain aberatsa gainera-, instituzionalizatu gabe dago oraindik. Ez dakit hori zein erakunderen ardura den, Eusko Jaurlaritzarena, Foru Aldundiena edo udalena; kontua da kasu handiagoa egiten zaiela musikari eta beste zenbait kultur adierazpenei, folkloreari baino. Elkarteoi laguntza batzuk ematen dizkigute, baina nekatu eta agur esatea erabakitzen dugunean, kito dena. Zein helburu dauzka orain bertan Elai-Alai Elkarteak? Aipatzen nizun hutsunea betetzearren, kultura tradizionalaren zentroa zabaldu nahiko genuke, baina hori ere gure ekimenekoa izango litzateke. Hasieran erdi-profesionala izango da, baina, denborarekin, jendea modu profesionalean aritzea nahiko genuke. Ez da erraza izango, baina saiatu bederen egingo gara. Dagoeneko hasiak gara musikaren alderdiarekin; orain jantziez arduratu nahi dugu. Pixkanaka, kultura tradizionaleko gero eta alderdi gehiago sartu nahi ditugu, eta kulturetxe hau handitzen joan. Lekua badaukagu; falta zaizkigunak, dedikazio osoko irakasleak kontratatzeko laguntza eta zentruak normaltasunez funtzionatzeko zenbait elementu dira. Jos? Ignacio Beitia

Bilbo, 1943. Sestaon eman zituen haurtzaroa eta gaztaroko hainbat urte, baina portugaletetar semetzat du bere burua, 44 urte inguru baitaramatza bertan bizitzen. Hiru seme-alaba dauzka. Ekonomia ikasketak egin, eta Caja Popular-en aritu zen lanean. Iazko abuztuan hartu zuen erretiroa. Portugaleteko Nazioarteko Folklore Jaialdiaren sustatzaileetako bat izan zen (Elai-Alai Kultur Elkartearen eskutik), eta baita bertako zuzendari ere, 1972 eta 1975 artean. Gero diruzain izan zen, baina 1988an berriz ere zuzendaritza hartu, eta geroztik jaialdiaren buru dugu. Menua ELKARRIZKETA Aurreko Aleetan Inicio > EM 263 > Elkarrizketa -->

2004/07/16-23
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

Précédents

Almudena Cid. Gimnasta: Final olinpiko batean hirugarren aldiz jarraian egotearekin amesten dut

 

Irakurri

Ana Rocandio. Dietetika eta Nutrizioan aditua: "Euskadin ondo elikatzen gara, baina gehiegi jaten dugu"

 

Irakurri

José Javier López Antón. Historialaria: "Nafarroak errespetua zor dio Campiónen figurari"

 

Irakurri

Maider Egues. Kazetaria: "Txikitan gerra korrespontsala izan nahi nuen"

 

Irakurri

Juan Carlos Zuloaga: "Funtsezkoa da landa eremuan jende gaztea sartzea"

 

Irakurri