Juan Colmenero: "Mende honetan, kulturadunak izateko, zientziaz eta teknologiaz jakin beharko dugu"

2004-02-27

DOXANDABARATZ OTAEGI, Beñat

Menu ELKARRIZKETA Inicio > EM 244 > Elkarrizketa -->

2004/02-27/03-05 Juan Colmenero

Fisikaria "Mende honetan, kulturadunak izateko, zientziaz eta teknologiaz jakin beharko dugu" Beñat Doxandabaratz

Traducción al español 1951ean jaioa, eta "Irundarra adopzioz" berak nabarmentzen duen bezala, UPV-EHUren katedraduna dugu, baita Donostia International Physiscs Center-eko (DIPC) zuzendaria eta European Spallation Source-eko (ESS) Aholkulari Zientifiko Batzordeko kidea ere. 1998an Xabier M? de Munibe saria jaso eta bi urte buruam Euskadi Ikerketa saria eman zioten.

Bere bulegoan sartu ahala, iribar zabal eta atsegin batez hartu gaitu. Japoniatik iritsi berria eta hurrengo egunean Alemaniara joatekoa bada ere, tarte bat bilatu du bere agendan gurekin mintzatzeko. "Mahaian toki bat egin eta bertan esertzen gara ondo iruditzen bazaizu", diosku. Bulegoan, hala ere, den-dena txukun jarria du. Berez, Colmenerori ez diogu komikietan eta halakoetan agertzen diren zientzilarien tankera hartzen; alegia, ez doa bata txuriz jantzita, ilea ez darama nahasian, eta ez dabil laborategi nahaspilatu batean formula magikoaren bila. Nolakoa zen Juan Colmenero gaztetan? "Mate" gainditzen ez zuen horietakoa? (Barreak) Ezzz, nota onak ateratzen nituen (ohorezko matrikulak, bikainak...oso baxuan esan digu), matematika eta fisikan batez ere. Oso ikasle ona nintzen. Ez dut zerikusirik, beraz, hain zabalduta dugun Einstein-en mito horrekin ... Orduan, "mitoa" ez da halakorik... Ez. Salbuespen zoragarri horiek kenduta, nere ustez ez da halakoa. Oso zaila dugu zientzi ikerketan aritzea ez badugu oso oinarri ona matematiketan. Eta norberak ez baditu matematikak menperatzen, ez bakarrik modu formaletan baizik eta estrukturaletan ere, ia ezinezkoa izango da ikerlari on bat lortzea. Azken finean matematikak zientzien lengoaia dira eta txikitatik ez baduzu oso ondo ikasten, heldua izatean zail samar edukiko duzu... hizkuntzekin bezala. Gizartean ditugun izamolde horien aparte, zein da ikerlari baten benetazko hegia? Beno, nik esango nizuke ikerkuntza munduaren inguruan, batez ere Espainian eta horietako lurraldeetan, ikerkuntza tradiziorik izan ez denez, mito handia dagoela. Horregatik edo, ikerlaria tipo arraro bat bezala ikusten da. Baina guztiz kontrakoa da, erreparatuidazu, ez dut uste irudi hori ematen dudanik. Gaur egun, ikerketa beste edozein aktibitate profesionalaren tankera hartzen zaio, nahiz eta bokazio handia ere eskatzen duen. Konparazio batera, empresa munduan segituan hasi zaitezke ongi irabazten eta estatus bat lortzen; ikerketa munduan, aldiz, soldatak ez dira batere altuak, baina ordainetan, gauza asko on ematen dizkizu, alegia, mundu mailan zure lorpenak ezagutzea, zure artikuluak irakurtzea, kongresuetara joatea, eta abar. Ikerlari batek balio handia ematen dio prestigio pertsonalari. Ikerlaria izan nahi duenak zein ibilbide egin beharko luke? Lehen aipatu dugun bezala, bokazioaren alderdia oinarrizkoa da ikerkuntzan. Karrera amaitu ondoren, nota onak aterata ikerketa munduan sartu nahi duenari, beka bat ematen zaio Doktoradutza laur urtez edo egin dezan. Beste pare bat urtez ere luza liteke atzerriko unibertsitate batera “postdoc” delakoa joaten baldin bada. Obra kontratuak izaten dira, gainera. Bidea ez al da biziki gogorra? Bai eta ez. Hasieran, behintzat, oso erosoa da urte batzuetan unibertsitate giroan segitzeko aukera ematen dizulako. Hain zuzen, giro akademikoan, ez duzu lan mundura bapatean murgiltzean sortzen zaizun tentsio hori sentitzen. Dena dela, makina bat ordu ematen dituzu lanean, eta noski, ez duzu behin ere deskonektatzen. Neurketak egiten bazabiltza eta asteburuan tokatzen bazaizu, adibidez, laborategitik ez ateratzeaz gain, emaitzak ez dira beti egokiak. Bide hori hartuz gero, ordea, kanpora ateratzeko prest egon beharko du... Bai, horixe, zientzia nazioartekoa baita. Zure ikergaia dela eta, akaso beste herrialde eta kontinenteetara joan beharko duzu; baita han urte batzuetan geratu ere familia eta lagunengandik urrun. Horregatik edo, asko ez daude hori egiteko prest. Gainera, kontuan hartu behar da beka bat lortuz gero, 1000 euro izango direla, eta bizi zaitez atzerrian diru horrekin... Beraz, ikerlariaren ibilbidea egiteko bokazioa derrigor eduki behar duzu. Orduan, betiko esaldia, alegia, “artearekiko amodioagatik”, alda genezake hauxe esateko: “zientziarekiko amodioagatik”... (Barreak) Ba bai... Ikerlariak bere burua ikaragarri prestatzen du, baina gero zer? Ba, hortxe dago koska: 30 urte bete eta zure ikerlanak ez badu arrakastarik eduki edo fruiturik eman, txipa aldatu eta lan munduaren zurrunbiloan murgiltzea baino ez zaizu geratzen. Hala ere, ez pentsa, nahiko erraz aurkitzen da lana, nahiz eta zuk nahi duzun tokian ez izan, alegia, etxetik gertu. Hortaz, zer pentsatua ematen du horrek, zeren, agian, pertsona hori ikerketa munduan buru belarri zebilenean, aukera on bati uko egin zion etxetik gertu egotearren. Eta azkenean, hara! Kanpora alde egin behar izan du. Honenbestez, “burmuinen ihesa” kezkagarri hori ulertzekoa da. Tira, ez pentsa... “Ihesaren” esaera pixka bat esageratua iruditzen zait. Horren ildotik, zertan datza Eusko Jaurlaritza eta EHU-UPV-ren arteko hitzarmena ikerlari gazteak “berreskuratzeko”? Kontua da gizarteak egindako inbertsioa beka jasotako ikerleriekin berreskuratu egin nahi dela, neurri batean, behintzat. Azken finean, diru publikotik ateratako bekak dira, alegia, trebakuntza eta espezializazio ikasketak ordaintzeko. Horregatik, Eusko Jaurlaritza eta EHU pertsona horiekin inbertsio bat egiten badute, normala da gero saiatzea fruituak gure inguruan eman dezaten. Ekimen hau, nolanahi ere, oso ekimen ona da baldin eta programa zabalago baten barruan egiten bada, hau da, gero ikerlari horiek laguntza bat izan dezaten lanpostu bat lortzeko orduan. Alferrik da etxera ekartzea baldin eta gero ez bazaie ezer eskaintzen. Inbertsio kontuetan, Estatu mailan ikerkuntzari dagokiona oso baxua da: BPG-aren 0,9 soilik. Europa mailan, aldiz, %2koa da batez beste. Zein neurriraino nabaritzen da hori emaitzetan beste unibertsitateekin konparaturik? ¡Uff! Datuen, inbertsioen, portzentaien eta emaitzen kontua oso erlatiboa da, nahi duten modura “janzten” dituzte eta itxuroso saldu ahal izateko. Nolako beharra, halako janzkera. Baina, zeri deitzen diote zehazki ikerketa? I+D (Ikerketa eta garapena)? Ikerketa teknologikoa? Oinarrizko ikerketa? Garbi dago Estatuko inbertsioa oso baxua dela Europako beste herrialdeekin alderatuta. Guk, hala ere, zorte handia daukagu Eusko Jaurlaritzak ikerketa munduarekin sentsibilitatea izan eta diruz Estatuan baino gehiago laguntzen duelako; alegia, Europako ereduaren tankera handiagoa du gureak. Eta emaitzei begira, zer? Ikerketa talde asko eta anitzak daude, batzuk goi maliakoak eta beste batzuk nahiko arruntak. Hortaz, nola neurtu emaitzak? Sikiera esan liteke Euskadin ikerketa osasuntsu dabilela? Arloaren arabera doa hori. Ikerketa aplikatuari begira, adibidez, oso ongi gabiltza, gure zentro teknologikoen sarean, batez ere. Oinarrizko ikerketan, ordea, zer hobetu handia dago. Eusko Jaurlaritza gabezia horretaz konturatu dela uste dut, eta ahalegin aparta egin beharko duela aplikatuaren mailan jartzeko. Oinarrizko ikerketa, ikerketa aplikatua...Ze alde daude xeheki hitz eginda? Ikuspegi orokor bat emanez, esan genezake oinarrizko ikerketa kulturan sartzen den ezagutza zientifikoa dela; eta aplikatua, berriz, izenak dioen bezala, ezagutza horren aplikazioa da garapen teknologikoaren alorrean aurreratzeko. Gaur egun, hala eta guzti, ia ez dago separaziorik bi ikerketa mota hauen artean, izan ere, gaur oinarrizkoa dena bihar aplikatua izango da. Aurreratzen goazen heinean, gainera, tarte hori gutxitzen ari da ia-ia parean gertatzeraino. Berez, zenbaitetan ikerketa aplikatuaren aurrerapenek tekonologia berriei bide ematen diete, modu horretan oinarrizko ikerketan aurreratzeko aukera eskainiz. Ezagutza eta kultura aipatu dituzula, XX. mendeko kontzeptuari kasu eginez gero, intelektuala edo kultua izatea “letretako” pertsonekin lotzen dugu. Baina zer gertatzen da kultur zientifikoarekin? Arrazoi duzu horretan. Nahikoa da egunkariak irakurtzea ikusteko kultura eta intelektualak literatura, arte, filosofia, eta abarrekin uztartzen direla. Zientziaren gaia, ostera, beti pixka bat aparte uzten da, beste ilaje batekoak bagina bezala. Nere ustez, badago arrazoi bat horretarako: zientziaren gaiak zientzien hizkuntza ezagutzea eskatzen du, alegia, matematikak. Hala, zaila da oso mundu hori dibulgatzea hartzaileak ez baldin badu matematiken ezagutzarik. Liburu bat edozeinek irakur dezake, nahiz eta konprenitzea beste kontu bat izan. Baina hizkuntza ezaguna denez, edozeini irakurgarri zaio. Zientzien handicap-a, beraz, beren hizkuntza da: matematikak. Esanak esan, XXI. mende honetan kontzeptu hori aldatuko delakoan nago. Pertsona kultua izateko, aipatutako ezagutza alorrez gain, zientzia eta teknologiaz ere pixka bat jakin beharko du. Eta nola lor liteke zientzia “kaleko solasgaia” ere bihurtzea? Hor dago erronka zientzilariontzat: testu dibulgatiboak egitea gizartera gerturatzeko. Jadanik hasiak gara eginkizun horretan. Duela gutxi, jardunaldi ireki batzuk egin genituen DBH eta Batxilergoan matematikak eta zientziak ematen dituzten irakasleentzat. Izan ere, beraiek dira zubilana egin dezaketenak XXI. mendeko mamia izango den gazteriarekin. Alde horretatik, oinarrizkoa da ezagutza kate hori martxan jartzea; koska, ordea, tokatzen zaizun “mate” irakaslea egokia izatean datza, zientziekin izango duzun harremana baldintza ez dezan, eta are gutxiago trauma bat sor ez diezazun. Hor dago koska! Ba al da “mesanotxeko” liburu aproposen bat zientzien mundura modu entretenigarri eta dibulgatzailean gerturatuko gaituena? Bai, noski. Asko daude, eta batzuk oso onak, hizkuntza errazean idatziak. Arazoa, alabaina, bakoitza arlo jakin batekoa dela da. Liburu horien arrakasta, nolanahi ere, bai egilearen bai marketingaren menpe dago. Adibidez, gogoan dut duela bi urteko gabonetan Hawking-en liburu bat salduenen artean ibili zela: “El universo en una cáscara de nuez”. Irakurri nuenean, ostera, nahiz eta ni zientziei emana bizi, ulertezina egin zitzaidan. Mintza gaitezen DIPC-ri buruz... Donostia International Physics Center delakoa, EHU-UPVri lotutako zentro bat da. Alegia, ez da marfilezko dorre isolatu bat. Hemen egiten ditugun ikerlan gehienak zuzenki lotuta daude unibertsitateko sail ezberdinekin, esaterako, Materialen Fisikako Sailarekin. Honen barruan, gainera, bi lan arlo handi ditugu: batetik, materia kondentsatuaren oinarrizko fisika, non edozein material dugun ikergai, likido bat, adibidez, materia kondentsatua da. Eta, bestetik, material polimerikoen azpiarloa dago, jendeak normalean plastikoa deitzen diona, nahiz eta berez hori baino gehiago den, gehienbat aplikazioetara bideratua dago eta. Arlo hauen barruan non zabiltza sartuago? Nere lan pertsonala dela eta, polimeroenetan. Gure zeregina bizitzan inguratzen gaituzten material horiek ikertzea da; zertarako? Ezagutza lortzeko, gero, materialen aplikazioaren teknologian zuzenean erabili ahal izateko. Zertan datza ikerlan hori? Modu xinple batean eta asko laburtuta, esan liteke gure ardura honako hau dela: material baten barruan sartu eta ikusi molekulak eta atomoak nola mugitzen diren; hain zuzen, horri esker datu baliagarriak eskuratzen ditugu oinarrizko zientzien ikerketan. ¿Adibide argigarriren bat? Bat jarriko dizut: plastiko baten ikerketa auto baten paratxokea egite aldera. Interesatzen zaigu jakitea inpaktoen aurrean molekulek zein joera duten kolpea xurgatu ahal izateko. Lortzen dugun lehen ezagutza horrekin, alegia, mugimendu hutsarekin, oinarrizko datu batzuk baditugu. Hortik, aplikazio teknologikora pasako ginateke, beti ere kolpeak ongi xurgatuko dituzten materialen bila, ondoren, paratxokeak eraikitzeko. Horrela esanda, xinplea dirudi, baina erabili behar ditugun teknikak zeharo konplexuak dira, neutroien dispertsioa, esate baterako... Zenbat ikerlari ditu zentroak? Zaila da kopuru bat ematea. Izan ere, guk EHU-UPV-ko emaitzak ere batzen ditugu, unibertsitateko ikerlariekin elkarlanean jardunda gero. Hortik aparte, baditugu finkoak ez diren langileak, hots, ikerlari kanpotarrak, maila handikoak batzuk, gure zentrura aldi baterako etorriak. Nola labur genitzake zentruaren helburuak? Beno....., esan genezake Fundazioaren asmoa ikerlari sare bat sortzea dela Euskal Herriko eta kanpokoen artean, sare onak dituen lotura bat, ikerlari trukaketa bat egon dadin. Bakarrik network (sare) honen bitartez lortuko dugu nazioarteko oihartzuna izango duen aktibitate zientifikoa garatzea. Horren ildotik, nere ustez, lan ona egiten ari gara “Euskadiko enbaxadoreen” sarea hedatzeko. Izan ere, nazioarteko kongresuetara edo Europako zentru teknologikoak ikustera goazenean, gure ibilbidea ezagutzen dute; eta, alde horretatik, ematen dugun seriotasun eta zorroztasun irudia oso mesedegarria zaigu, gero, Donostia garrantzizko bileretarako aukera dezaten. Aldi berean, European Spallation Source-eko (ESS) Batzorde Zientifikoko Aholkularia zaitugu. Zientzia modernoan, badira laborategian gordetzerik ez dauden tresna batzuk, guk instalakuntza handiak deitutako horiek (partikulen azeleratzailea, erreaktore nuklearrak....), normalean herrialde bakar batek mantentzerik ez dituenak oso garestiak delako. Hortaz, oraingo joera nazioarteko zentruak sortzea da, zeinetara kontinente bateko zenbait herrialdek sarbide duten ( Europa, América, Asia....), nahiz eta herrialde jakin batean kokatuak egon. Erreaktore nuklearrak aipatu dituzu.... Bai, ikergai ditugun materialn barruan, batzuk neutroien bonbardaketan oinarritzen dira. Orain arte, neutroi hauek erreaktore nuklearretan lortzen ziren. Baina esan dugun bezala, teknikak aurrera doaz eta gaur egun Espalazioaren aldeko apustua egin da. Sistema honen bitartez, gainera, istripu nuklearraren arriskua saihestu egiten da. Eta hori gutxi balitz, neutroien fluxua ere handitzea izango genuke, sortutako hondakinak askoz modu errazagoan gestionatuz hondakin nuklearrak balira baino. Orduan, maila guztietan panazea dirudi espalazioak. Egia esanda, oso proiektu erakargarria da. Talde ekologistak ez daude kontra, pentsa. Zoritxarrez, europar herrialdeen arteko ika-mika zaharrak direla eta, espalazioa pixka bat ateratuta eta trabatuta daukagu Europan. EE.BB.etan eta Japonian, aldiz, izugarri aurreratuta dabiltza. Pentsatzea ere Europa aurrenekoa izan zela proiektua martxan jartzen! Tira, ba... Amaitzeko, ba al da probetan utzi nahi ez duzun zer edo zer? Ba, bai, oso harro naukan zerbait aipatu nahiko nuke: azken aldian jakin dugu Eusko Jaurlaritzaren laguntzari esker sortutako DIPC-k (hainbeste zailtasun eta jakinminez egitasmoaren berritasuna zela medio) nazioarteko miresmena eta errekonozimendu jaso duela. Zehatzago esanda, duela gutxi Ingalaterrako Unibertsitateen Partzuergo baten eskutitza iritsi zaigu, esanez interes handia dutela gurea bezalako zentro bat sortzeko. Hau da, eredutzat hartzen gaituzte, bai kontzeptuan bai egituran. Juan Colmenero

1951ean jaioa, eta "Irundarra adopzioz" berak dioen duen bezala, UPV-EHUko Materia Kondentsatuaren Fisikako katedraduna dugu. Zientzia Kimikoen Fakultatean irakasle gisa aritzeaz gain, Donostia International Physiscs Center-eko (DIPC) zuzendaria eta European Spallation Source-eko (ESS) Aholkulari Zientifiko Batzordeko kidea ere bada. 1998an Xabier Mª de Munibe saria jaso ondoren, 2000 urtean Euskadi Ikerketa saria eman zioten polimeroekin egindako lan esperimentalagatik, orainaldi zein geroari begira aplikazio anitz dituen arloa.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

Précédents

Mikel Etxebarria: "Hizkuntza gutxituak zein erregionalak babestu behar dira Europako ondare direlako"

 

Irakurri

Eva Forest: "Gizarte demokratiko eta aurreratuen gaitz nagusiak pasibotasuna eta erreakzionatzeko ezgaitasuna dira"

 

Irakurri

Juanito Oiarzabal: "Oso neurekoia naiz zortzimilakoak igotzeko orduan"

 

Irakurri

Martín Arregi San Miguel: "Euskal Herriko herri batzuek jada ez daukate hazteko lurrik ere"

 

Irakurri

Alfonso Gorroñogoitia: "Gure kooperatibak baserri gizartearen ondorioa dira"

 

Irakurri