Juan Ignacio Pérez Iglesias. EHUko errektorea: Unibertsitateari aireari bezala gertatzen zaio: denok gaude hartaz inguratuta, eta denok arnasten dugu, baina ez dugu ikusten

2005-07-01

BREA, Unai

25. urteurrena ospatu du aurten EHUk. Zer da adin horretako unibertsitate bat, gaztea ala heldua? Ezin erantzun bakarra eman, Juan Ignacio Pérez errektorearen iritziz. “Oso gaztea da Salamancakoarekin erkatzen badugu, eta zaharra, berriz, Camilo José Cela edo Pablo Olabide unibertsitateekin erkatuta. Gainera, gure ikastetxe batzuek ehun urtetik gora dituzte, eta beste batzuek bost inguru”. Denetik dago EHUn, adin kontuei gagozkielarik. Maiatzean urtebete egin du Perez Iglesiasek karguan, eta gauzak argiago ikusten ditu orain. “Lau urte denbora asko dela iruditzen zait, baina hala ere ez da nahikoa izango nik nahi dudan guztia egiteko. Konformatuko nintzateke denbora horretan EHUk nik nahi ditudan bideak hartzearekin”. Erronka berriei aurre egiteko tenorean dugu EHU, Pérezen hitzetan soka daitekeenez. Bidegurutzean, beharbada. Nolanahi ere, errektoreak aitortu egin digu aldaketak oso zailak direla unibertsitatean, edozein unibertsitatetan. Transatlantiko baten antzekoa omen da EHU: ahalegin handia behar da norabidea aldatzeko. Eta horretan dabil Juan Ignacio Pérez Iglesias gaur egungo kapitaina.

25 urte EHUk. Labur esanda, zein aurrepasuak eta zein atzerapauso izan dira?

Atzerapausorik egon denik ezin da esan, atzera bueltatzea ezinezkoa delako; egoerak aldatu egiten dira. Aurrapausoak izan dira, baina beharbada batzuentzat ez dira nahikoak izan. Uste dut, oro har, hobekuntza nabarmenak izan direla unibertsitatean eremu eta alor desberdinetan, baina egia da, beste alde batetik, ni ez naizela konformatzen daukagun egoerarekin. Konformatuko banintz, ziur aski ez nintzateke hemen egongo. Eta konformatzen ez naizenez, prest nago aurrerapauso handiagoak eman ahal izateko errektore gisa lan egiteko. Orain arte aurreratu duguna ez da izan, nire ustez, beste unibertsitate batzuek aurreratu dutenaren parekoa.

Eta zein aurrepauso nabarmenduko zenuke?

Hobeto gaude eremu guztietan. Hobeto gaude irakaskuntzaren alorrean, adibidez. Orain askoz gauza gehiago irakasten dugu, titulu sorta zabalagoa daukagu, eta nahi nuke etorkizunean are zabalagoa izatea. Ez dut dudarik gure irakasleen kalitateaz -irakasle gisa-, eta uste dut horretan ere aurrerapaso nabarmenak eman ditugula. Gogoratzen dut duela 25 urteko egoera eta oraingoa, eta mordoa dugu aurreratua. Garai hartan, irakasleon behar eta asmo nagusia, batez ere ikastetxe eta sail batzuetakoa, ikerkuntzan aritzea zen, ahalik eta curriculum onena edukitzeko. Horrek -eta uste dut diagnostiko hau behin baino gehiagotan egin dela-, irakaskuntzari hainbesteko garrantzirik ez ematea zekarren beharbada. Hori aldatzen ari da. Irakasleok gero eta garrantzi handiagoa ematen diogu irakaskuntzari.

Beste alde batetik, aurrerapaso nabarmenak eman ditugu ikerkuntzan. Orain gehiago ikertzen dugu, irakasle gehiago gara ikertzen dugunak, eta hornidura hobeak ditugu. Hala ere, gabezia nabarmenak ditugu oraindik.

Zeintzuk?

Batetik, ez dugula modurik, futbolean sona handiko fitxaketak egiten diren bezala, sona handiko ikertzaileak erakartzeko, eta bestetik oraindik irakasle guztiek ez dutelako ikertzen, portzentajea apala da nire ustez. Ez da inolaz ere %40 baino handiagoa. Eta hori hobetu egin beharko genuke. Pentsatu beharko genuke unibertsitatean, teorian behintzat, gehienok izan beharko ginatekeela ikertzaileak. Gutxienez hiru laurdenak.

Iaz, kargua hartu eta oso gutxira emandako elkarrizketa batean, lehentasun bi aipatu zenituen. Bata orain amaitu berri den ikasturtea ondo hastea zen. Ez dakit lortu den.

Uste dut baietz, ondo hasi zela.

Bestea, finantziazio duina lortzea…

Bide horretan gaudela uste dut. Joan den udazkenean aurkeztu genuen aurrekontu egitasmo bat joan den urterako. Hura bai kontu bitxia, urtea amaitzen ari denean aurkeztea aurrekontua! Abenduaren 20an-edo onartzeko zorian egon ginen, eta ez genuen onartu ez ginelako gai izan aurrekontua ixteko, sarrerak eta irteerak orekatzeko alegia. Hortik aurrera, gobernuarekin elkarlanean ibili ginen, eta elkarlan horren ondorioz hainbat lorpen izan dugu. Lortu egin dugu soldata osagarrien arazoa bideratzea, lortu egin dugu unibertsitateak zeukan defiziterako konponbide bat topatzea, eta aurtengo urteari dagokionez, gaur bertan [ekainaren 7an egin genuen elkarrizketa hau] aurkeztuko zaio unibertsitateko ekonomia-batzordeari aurtengo aurrekontu egitasmoa. Eta orain bai, sarrerak eta irteerak orekatuta daude. Horrek esan nahi du ondo lan egin dugula gobernuarekin, behar genuen sarreren igoera lortzeko. Ez dugu lortu, normala denez, nahi genuen guztia, baina uste dut diru-kontuei dagokienez oso bide onetik goazela, dudarik gabe.

Hamahiru hilabete inguru daramazu karguan. Ez dakit gauzak hasieran bezala ikusten dituzun edo ez…

Gutxi gorabehera bai, desberdintasun batekin agian. Orain argiago daukat zein arazo ditugun eta zein ez diren arazo. Orain prestatu behar banu hautes-programa bat, hobeto egingo nuke. Hori da desberdintasun nagusia. Gainerako kontu guztiei dagokienez, nik uste dut gauzak antzera ikusten ditudala.

Zeintzuk diren arazo eta zeintzuk ez, diozu. Aurretik arazotzat ez zeneuzkanak orain badira? Edo alderantziz…

Hara, dagoeneko arazo iruditzen ez zaizkidanekin ez naiz gogoratzen. Kontu batean asmatu genuela uste dut, diagnostikoa egitean: dauzkagun gabezien artean, nabarmenena administrazio-langileei dagokiona da. Aurten hobeto gaude, edo hobeto egongo gara, baina egoera txarrean gaude oraindik.

Zein da kontua, langile gutxi direla?

Oso gutxi. Estatuko unibertsitateen artean, EHU da administrazio-langile gutxien daukana bere tamainaren arabera. Hala zen eta hala da. Eta horrek kalte handiak dakartza irakaskuntzari begira, ikerkuntzari begira eta funtzionamenduari begira. Beraz, gabezia hori konpontzea lehentasunezkoa da. Gainera, ikusi egin genuen, unibertsitatearen funtzionamendua aztertuz, bazirela hobetzeko tartea zuten alorrak, eta oraindik badirela; kudeaketari dagokionez, baliabideak erabiltzeari dagokionez, ez gara iritsi oraindik iritsi gaitezkeen eraginkortasun handienera. Hori berria izan da guretzat. Bagenekien erresistentzia handiak izaten direla beti edozein aldaketa egiteko, baina erresistentzia horiek uste baino handiagoak dira. Eta ez naiz ari bakarrik unibertsitate honi buruz, oro har unibertsitateei buruz baizik. Aldaketari beldurra diogu talde gisa, eta hori ez da unibertsitate honen gaitza soilik, besteena ere bada.

Azkenik, hutsune handia dugu hor gure proiekzioari dagokionez, ez gara gai gizarte aurrean agertzeko. Ez diot ondo ala gaizki, baizik eta agertzeko, besterik gabe. Muga handiak ditugu, eta horrek ondorioak ditu, erakundeek ez digutelako egiten egin beharko liguketen kasua.

Hala ere, 25. urteurrena ospatzeko Leioako Artatza jauregian eman zenuen hitzaldian, EHU gizartean ondo txertatuta dagoela esan zenuen…

Bai, eta hala da. Hori da egun hartan azaldu nuen paradoxa. Toki guztietan dagoena eta ikusgaitza dena, hori da EHU. Airea bezala. Denok gaude airez inguratuta, eta denok arnasten dugu aire hori, baina ez da ikusten. Unibertsitateari gauza bera gertatzen zaio. Dena inguratzen dugu, hemendik tituludunak ateratzen dira behin eta berriro, eta hemengo ikerkuntza eta jakintza, gezurra badirudi ere, ezarri egiten dira enpresetan. “Gezurra badirudi ere” diot, jendeak ez dakielako, ez delako horretaz konturatzen. Horregatik esaten dut ez dagoela kontraesanik. Unibertsitatea ondo txertatuta dago gizartean, eta bere lana egiten du, hobetu daitekeen arren. Gainera, uste dut lan horren emaitzak begibistakoak direla. Baina gizartea, hiritarrak, ez dira horretaz ohartzen, ez dute ikusten.

Ikerkuntza pare bat aldiz aipatu duzu dagoeneko. Bitarteko material falta omen dago… Zeuk esana da behintzat.

Bitarteko falta? Ikertzaile falta, hori dago. Hemen 4.000 irakasle gaude, eta horietatik 1.500ek ikertzen dute asko jota. 2.500ek ikertuko balute, aurrerapauso itzela litzateke.

Baina orduan, giza baliabide faltan dago EHU, ala beste faktore batzuek eragiten dute hainbeste irakaslek ez ikertzea?

Konplexua da. Zergatik gertatzen da hori? Batetik, ez dugu ahaztu behar urteetan zehar ikasle kopuruaren urtez urteko emendioari aurre egin behar izan diogula, eta horrek kontratazio-politika jakin bat edukitzera behartu duela. Politika horretan, helburua irakaskuntza-beharrak asetzea izan da. Helburua ez da ikertzaile onak ekartzea izan, edo behintzat ikerkuntzarenganako grinadun irakasleak kontratatzea. Hori arrazoi bat da. Bestalde, ez dakit oraindik zenbateraino dagoen ikerkuntza unibertsitatean ondo sartutua. Eta aitortua. Seguraski, ez gehiegi; egongo balitz, ikerkuntza gehiago egingo litzateke. Eta gehiago diodanean, neurgarria den ikerkuntzaz hitz egiten ari naiz. Emaitza neurgarriak ematen dituenaz, alegia. Askotan esaten da: nik ikertu egiten dut. Eta nik diot: non daude emaitzak? “Hara, emaitzak… baina ikertu egiten dut, hau neurtzen dut..”. Ikerkuntza, definizioz, egiten den lana da, lortzen diren emaitzak dira, baina gero ezinbestekoa da emaitza horiek argitara ematea, ez bada –eta hori ere onargarria da- enpresa batekin akordioa duzula emaitza horiek argitara ez emateko. Baina orduan ere, beste ondorio bat edukiko luke horrek. Azken batean, moduren bat egon behar da ikerkuntzaren emaitzak neurtzeko.

Gizarte batean, herri batean, unibertsitateak gidatu behar du ikerkuntza?

Ez dakit hala izan behar duen ala ez, baina ez dago alternatibarik: gidatu egiten du. Ikerkuntza ez da inoiz bere horretan aztertzen; ikerkuntza gehi garapena da beti. Eta normalean, garapena gehiago dagokie enpresei, eta baita ikerkuntzaren zati bat, batez ere aplikatua dena eta abar. Kasurik puntakoenetan, enpresek egin dezakete ikerkuntzaren erdia, baina enpresek egiteak esan nahi du enpresa honek, enpresa hark, besteak… egiten dutela. Ez dago erakunde erraldoi bat horren atzean. Hori kasurik muturrenekoenean, AEBetan eta abar. Besteko, badira munduan zehar ikerkuntza erakunde publikoak, eta horiei normalean egiten den ikerkuntzaren %15-edo dagokie. Askoz gehiagorik ez. Euskadin ez gara iristen %5era, ez daukagulako sektore publikorik ikerkuntzan (besteak beste, eskumenak ez direlako transferitu). Hor zer geratzen da? Unibertsitatea. Gurean %25-30 da, Espainian apur bat handiagoa da, baina edozein tokitan hori da ehuneko garaiena; enpresa guztiak kontuan hartuta, gehiago izan daiteke, baina askoz ere atomizatuagoa dago, eta gainera aplikazioei oso bideratuta dagoen ikerkuntza da. Baina ikerkuntza deitzen dioguna, hau da, proiektuak egin, emaitza sortu… horri erreparatzen badiogu, unibertsitatea da nagusi, alde ikaragarriz gainera. Gure autonomia erkidegoan egiten den ekoizpen zientifikoaren %95 hemen egiten da, EHUn.

Hala ere, ikertzaile onak erakartzeko zailtasunak aipatu dituzu lehen. Zer beharko luke EHUk horientzat erakargarriagoa izateko?

EHUk, ez dakit. Zer gertatzen da? Guk baditugu sistemak irakasleak kontratatzeko, oso zurrunak. Eta ditugun lan-baldintzak ez dira ospe handiko ikertzaileak erakartzeko onenak. Hori hala da. Nik gehiago egingo nuke Kataluniako ereduaren alde. Han ICREA institutua sortu dute; fundazio modukoa da, publikoa, eta horrek kontratatzen ditu maila handiko ikertzaileak, Kataluniara eramanez. Eta gero, hitzarmen bitartez, ikertzaile horiek unibertsitateko taldeekin lanean ipintzen ditu. Unibertsitateko taldeak pixka bat indartzeko eta nazioarteko proiekzioa emateko. Horrelako figura baten bitartez, malgutasun handiagoa lor daiteke, eta askoz emaitza hobeak ere bai. Ni horren aldekoa naiz.

EAEko Unibertsitate Legea atera egin zen azkenik, eta baita helegitea jaso ere…

Baina hiru artikuluri baino ez. Hori txikikeria bat da, lege osoa kontuan hartuta. Hori bai, txikikeria garrantzitsua kontu batean, baina seguru nago konpondu egingo dela. Auzitegi Konstituzionalak atzera botako duelako helegitea, edo, atzera botatzen ez badu, gobernu sozialistak, azkenean, hemengo legeak esaten zuena egingo duelako. Errekurritu zuten hori beste modu batez egingo dute beraiek. Ni seguru nago irtenbidea topatuko dela, ez baitago besterik. Hemengo legeak aurkitu zuen irtenbide bat, eta orain Madrilen egingo duten LOUren erreformaren bitartez antzeko zerbait asmatuko dute. Hori, Konstituzionalak artikulu hori ontzat ematen ez badu. Eta hori konpontzen bada, irakasle batzuen arazoa konpontze bidean egongo da. Beste alde guztiak garatzeko daude, batzuk garatzen hasiak dagoeneko.

Zuek ez zarete oraindik legearen eragina igartzen hasi, orduan?

Ez. Garrantzitsuena, seguraski, ebaluazio agentzia da, eta hori geldirik dago. Seguraski hala izango da gobernu berria osatu arte, hezkuntza sailburuak ez baitu ordura arte agentziarako zuzendaririk proposatuko. Horren zain gaude, beraz. Administrazio-kontseilua eratuta dago, baina zuzendari bat behar da. Agentzia martxan hasten denean benetan hasiko gara somatzen legearen ondorioak.

Horretaz galdetu nahi nizun hain zuzen. Hauteskundeak, gobernu aldaketak, eta hor izaten diren hutsune horiek… Arreta handiz begiratzen diezue?

Nik bai. Ez dut uste gauzak berdinak direnik gobernu bat martxan dagoenean edo gobernu aldaketa dagoenean. Hala ere, gu gobernuarekin lanean ari gara; ez diogu elkarrekin lan egiteari utzi, eta emaitzak hor daudela uste dut. Baina abenduan sinatu genuen hitzarmenean ageri ziren hainbat kontu ez ditugu aurrera eraman, hain zuzen ere aldaketa izaten ari direlako.

Ikasleen aldarrikapen batzuk ez dira aldatu 25 urtean…

Zein adibidez?

Garraioa…

Normala da. Hala ere, garraioa askoz hobea da orain ni ikaslea nintzenean baino. Hemen bi gauza daude: bata, erakundeek unibertsitateari ematen dioten garrantzia, eta horretan badago hobetzeko tartea. Baina hori baino garrantzitsuagoa den beste faktore bat dagoela uste dut: gizarte modura garraio publikoari ematen diogun garrantzia, benetakoa, ez erretorikoa. Erretorikoa oso handia da, eta edozein arduraduni, edozein hiritarri, entzuten badiozu, denek egiten dute garraio publikoaren alde, baina gero komunikabideetan ikusten duzu garraio publikoaren erabilera jaitsi egin dela. Hori da errealitatea, ez bestea. Azken batean, erakundeek erantzukizun bat dute, baina erabiltzaileek beste bat, eta erabiltzaileek ez dute indarrik egiten horretarako. Unibertsitateak, eta batez ere campus honek, horren ondorioak ordaintzen ditu. Laburbilduz, egoera hobetu egin da urteetan zehar, horretaz ez dut zalantzarik, baina oraindik akats asko dago garraio sisteman.

Euskara ere aldarrikapen historikoa izan da. Ez dakit azken urteotan ere hala izan den…

Ez badakizu, horrek esan nahi du ez dela hainbeste aldarrikatu. Hor ere unibertso bat dago. Duela 25 urte, nik ezagutzen nituen ikasketetan, nire fakultatean -Zientzia eta Teknologia- euskara sartzen hasi zen, eta orain fakultate horretako ikasgai gehienak euskaraz ematen dira.

Irakurria dizut 25 urteetan %0tik %80ra igo dela euskarari dagokionez…

Gutxi gorabehera, bai. Ez gara iritsi iritsi behar dugun tokiraino, baina falta zaiguna gutxiago da egin duguna baino, eta hori ez da erreferentzia txarra.

Falta den hori, hala ere, zailena omen da…

Seguraski bai. Kopuruekin arazoak ditugulako. Ezin da talde bat sortu ikasle bakarrarekin. Baina hori baino garrantzitsuagoa da orain euskaratzeko falta zaizkigun ikasgai gehienak ikasketa teknikoen eta osasunaren alorrean daudela. Aurten, adibidez, sortutako irakasle elebidun lanpostu gehienak arlo horietarako dira, baina hala ere ni beldur naiz batzuk hutsik geratuko ez ote diren.

Zergatik?

Ez baita hain erraza aditu euskaldunak topatzea, eta are gutxiago aditu euskaldun horiek unibertsitatean lan egin nahi izatea, eta ez euren esparruan. Nik beti esaten dut: normalean, ingeniari batek ikasten duenean ez du ikasten gero irakasle izateko, ingeniari lanak egiteko baizik. Eta medikuekin, antzera. Bokazioarekin zerikusi handia daukaten lanbideak dira alde batetik, eta bestetik oso aldez aurretik egoten dira jarduera profesional batekin lotuta. Ez dira gauza bera biologo baten kasua, edo filosofoarena… Alde horretatik, gainditzeko oso zailak diren zailtasun batzuk topatzen ditugu.

Unibertsitate pribatuekin lehian dabil unibertsitate publikoa?

Lehengo egunean telebista saio batean hiru errektoreri egin ziguten galdera hori, eta nik tontoarena egin nuela uste dut, ezetz esan nuelako eta gero beste biek baietz. Ikuspuntu batetik baietz esango dizut eta, bestetik, ezetz. Baliabideak gutxi direnean, eta kasu honetan ikasleak baliabidetzat har daitezke -azken batean, beraiek dakartzate dirua matrikulak ordaintzen dituztenean-, lehia egongo da. Baina lehia, esan dezagun, zentzu onean, eta gainera emankorra izan daitekeena. Nik telebista saio hartan erabili nuen argudioa hau zen: hemengo unibertsitate bakoitzak eskaintzen dituen produktuak desberdinak dira, baita titulazioek izen bera daukatenean ere. Eskaintzen dena ez da berdina. Eta hori ona da. Alde horretatik, lehia dago, baina oso erlatiboa. Lehia bortitza, kaltegarria izan liteke gauza bera eskainiz gero, eta hori ez da gertatzen. Gure lehia -beharbada ez orain baina bai datozen urteetan- handiagoa izango da hurbil ditugun beste unibertsitate publikoekin: Zaragoza, Kantabria, Oviedo…

Beti esaten da EHUn ez dagoela campus bizitzarik. Ez dakit hala den, eta hala bada hori arazoa den…

Hainbat tokitan badago, eta beste hainbatetan ez. Hemen, Leioan, badago, beharbada ez egon behar lukeen guztia, baina egon badago. Eta guk egin nahi ditugun lanak egiten direnean, gehiago egongo da. Bilbon zailagoa da, ikastetxeak sakabanatuta daudelako. Hor ere nahi genuke sakabanaketa amaitu, campus baten edo biren inguruan bildu Bilboko ikastetxeak, eta hori lortuko bagenu bizitza gehiago egongo litzateke. Uste dut egoera oso desberdina dela Donostian eta Gasteizen. Han, campusak daude, eta campus bizitza. Ez daude kanpin-dendak, baina ikasle-egoitza dago, jantoki moderno eta handia ireki da duela gutxi... Uste dut badagoela bizitza.

Eta hori ona da?

Bai, bai. Hori sustatu egin behar da, jakina.

Europako beste unibertsitateekiko konparazioa futbola erabiliz egin izan duzu: EHU ez dago Txapeldunen Liga jokatzeko moduan, baina txar-txarra ere ez da.

Ez gaude Bigarren Mailara jaisteko arriskuan, ez daukat dudarik. Ez gaude ere, egia da, Txapeldunen Liga jokatzeko moduan, eta gure nahia behintzat UEFAn esku hartzea da.

Edozelan ere, zelako ospea dauka EHUk Europan?

Ez dakit. Ez dut uste ezagutzen gaituztenik. Ez dut uste, oro har, Espainiako unibertsitateak ezagunak direnik. Nik ez ditut ezagutzen Frantziako gehienak, Italiako gehienak… Alde horretatik, esan nahi dut. Bestetik, aurrekoan Santiago Segurolaren artikulu bat irakurri nuen “El Pais” egunkarian; oso pozik zegoen Espainiak garai batean pentsaezinak ziren lorpenak egin dituelako kirol munduan. Frantzia, Alemania eta Britainia Handia baino askoz hobeto gaudela-eta harro zegoen, kirol-potentziarik handiena Espainia delakoan. Hura irakurrita, neure buruari esan nion: bai pena handia hori edukitea erakusteko, eta ez gure ikerkuntza, gure unibertsitateak, gure kultura. Nola da posible? Ikaragarria da Telecinco piztu eta dena Alonso dela ikustea, edo TVE piztu eta dena Nadal izatea. Horren inguruan mugitzen gara -gainera uste dut hiritar guztiok laguntzen dugula horretan-, eta ez gara ohartzen aipatzen ditugun beste herri horiek direla beste kontu batzuetan puntakoak, benetan garrantzitsuak diren kontuetan. Nik nahiago nuke Suitza bezalakoa izan; han garrantzia daukana unibertsitatea da, akademiak, irakaskuntza, goi mailko teknologia, bankuak…. Ez du uste maila handiko kirolari askorik dagoenik, beren biztanle kopuruari dagozkionak baino. Estatu honetan, berriz, denean gara oso onak, baina kirolean. Horrekin guztiz amorratuta nago.

Zelako harremanak ditu EHUk Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin?

Errektoreen artekoak, oso onak. Baina erakundeen artekoei dagokienez, egia esateko, asko dago egiteko, eta ez bakarrik Nafarroako Unibertsitate publikoarekin. Uste dut sare moduko bat sortu beharko genukeela Euskal Herriko unibertsitateok, edo behintzat horretarako prest leudekeenek, eta ez dugu egin. Horrek beharko luke datozen urteei begirako helburu bat.

Zein oztopo dago, bada? Denbora mugatua dela, eta lan egiteko gaitasuna ere bai. Ni goizeko 8:00etan sartzen naiz bulegora, eta bataz beste 20:00etan ateratzen naiz. Denborak ez dit gehiagorako ematen, ez neuri ez eta, pentsatzen dut, errektoreordeei ere. Eta gauza asko, zoritxarrez, arduradunen borondate eta ahalmenaren menpekoak dira. Zerbait egitekotan, norbait ibili behar da bultzaka, edo ez da egiten. Baina baliabideak, eta denbora da baliabiderik funtsezkoena, mugatuak dira. Hori da arrazoia, ez dago besterik. Juan Ignacio Pérez Iglesias (Salamanca, 1960) Salamancan jaioa, hantxe egin zituen lehen mailako ikasketak Institutua, berriz, Bilbon, ordurako honantz ekarria baitzuten. 1982an, biologia lizentziatura eskuratu zuen gaur egun berak zuzentzen duen EHU berean. Ospatu berri diren 25 urte horietako lehenbizikoak ziren, beraz. Lau geroago, 1986an, biologiako doktoretza ere eskuratu zuen Pérez Iglesiasek. Ordurako, bazeraman urtebete irakasle. Gainera, fisiologoia katedraduna da 1999tik. Ikerkuntzan lan mardula egindakoa da. Hala, CICYTek, Europar Batzordeak, Galiziako Xuntak, Eusko Jaurlaritzak eta bestealko erakundeek antolatutako lehiaketa deialdien bidez, finantzatutako ikerketa proiektuetan jardun du etengabe, 1986 urtetik aurrera. Horrez gain, animalia-biologia eta itsas biologiari buruzko artikuluak idatzi ditu hainbat zientzia-aldizkarietan. Itsasoarenganako joera salatzen du, halaber, eremu horretan dabiltzan zenbait europar zentrurekin izandako lankidetzak: Plymouth Marine Laboratory (Erresuma Batua), Laboratoire de Ecosystemes Conchylicoles (Frantzia), Instituto de Investigaciones Marinas (Galizia), Laboratorio Costero de La Coruña (Galizia). Urte askoan zehar, Juan Ignacio Pérez Iglesiasek zientzia-jarduera eta EHUko gobernu ardurak uztartu ditu. Kargurik nabarmenena, errektore bihurtu arte, Euskara Errektoreordetza izan du (1997-2000). Berak garatu zuen, hain zuzen, EHUn Euskararen Erabilerarako II. Normalizazio Plana. 2004ko apiriletik da EHUko errektorea.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

Précédents

Jesús Zulet Izura. Karikaturista: Bizitzeko mundu fantastikoa zapaldu behar dugu, ametsen eta marrazkien mundua, alegiazkoa

 

Irakurri

Arantza Jausoro. Euskal Mendizale Federazioko presidentea: Munduko edozein lekutan mendira zoazela, euskal herritarra zarela esanez gero, mendizale ontzat hartuko zaituzte

 

Irakurri

Gonzalo Sáenz de Samaniego. Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantzako funtzioko sailburua: Landa eremuko emakumeak ustiategien titularkide izatea eta gizartearen aintzatespena jasotzea dira gure hurrengo erronkak

 

Irakurri

Patxi Salaberri Muñoa. Klasikoen gordailuaren sortzailea: Klasikoen gordailuak daukan bokazioa gure literatura guztia bere barruan izatea da

 

Irakurri

Nieves Zabala. Medicus Mundi Espainiako presidentea: Urte askoan zehar, ahalegin izugarria egin dugu Hegoaldean, baina gero eta pobre gehiago eta gero eta bazterkeria handiagoa daude munduan

 

Irakurri