Lourdes Fernández Fernández. ARCOko zuzendaria: Hiru anai-arreben artean, ni nintzen uzkurrena artearekiko

2006-02-17

SALABERRIA, Urkiri

GARMENDIA IARTZA, Koro

Ostiral arratsaldea da. Gros auzoko kafetegi jendetsu batean finkatu dugu hitzordua. Emakumezkoak gara bertan gauden bezero guztiak. Zalantza sartu zait: ez dakit gure elkarrizketatua nonbait eserita dagoen, edota oraindik ez den iritsi. Begirada bat bota dut inguruan, mahaiez mahai, baina ez dut ikusi. Une horretan bertan, taxi bat gelditu da kafetegiaren aurrean, eta hantxe agertu zaigu, irribarretsu. Lourdes Fernández, Madril eta Donostia artean bizi den donostiarra, emakume argia, zuzena eta atsegina da oso, presentziarekin komunikatzen dakiena, eta hitz egiteaz gain entzuten ere badakiten gutxi horietakoa.

Arte Garaikideko Arte azokarik garrantzitsuenetako baten zuzendari gisa estreinatu berri zarenean (ARCO), itzul dezagun begirada, eta gogora dezagun nolakoa zen Lourdes Fernández haurra. Donostian jaio zinen...

1961ean. Oso oroitzapen onak dauzkat nire haurtzaroari dagokionez. Frantziako pasealekuko eskola teresiarrera joan nintzen, gero Santa Teresara, eta handik Usandizaga institutura. Oso haurtzaro zoriontsua izan nuen, gurasoen maitasun eta babesa, hegoaldera eginiko bidaiak, anai-arreba eta lehengusuekin... Oso ondo pasatzen nuen.

Zenbat anai-arreba zarete?

Hiru. Ni erdikoa naiz. Ahizpa zaharrago bat dut, eta anaia gazteago bat. Bitxia da, baina, hiruren artean ni nintzen uzkurrena artearekiko.

¿ ?

Amari asko gustatzen zitzaion gurekin museoetara joatea, Madrilen batez ere. Pradora eramaten gintuen. Baina niri jasanezina egiten zitzaidan, gorroto nuen... Eta ikusi zertan amaitu nuen... Artearen Historia ikasten. Nire anai-arrebek Medikuntza eta Ingeniaritza egin zuten.

Zer esan zizun amak?

Oso pozik zegoen. Bera Arte eta Historiako irakaslea zen, beraz, etxean txikitandik ezagutu dut mundu hori. Gurasoek babes osoa ematen zidaten Bartzelonan ikasteko erabakia hartu nuenean, eta haiek bultzatu ninduten kanpora joateko.

Italiako abentura...

Oso lagun ona egin nuen han, Maite Barrios. Berak Zaharberritzea ikasten zuen, eta nik Museologia. Gaur egun hemen dago, Donostian, beste lagun min asko bezala. Egia esateko, hementxe dauzkat nire lagunak, betiko lagunak.

Ama zara orain...

Bai, bi seme-alaba dauzkat, baina 12 eta 8 urte dauzkate dagoeneko... Beraz, badut lanak planteatzeko aukerarik, bestela ezinezkoa litzateke. Oso gogorra egiten da haurrak egunero ez ikustea. Baina ezberdina da adin hauetan edo jaioberriak direnean.

Posible al da familia eta lana uztartzea?

Zaila da oso. Ni oso feminista izan naiz beti, baina, egia esateko, "superwoman" batzuk izatera behartzen gaituztela ematen du: ama onak, langile onak... gauza guztietan onak. Ulertzen dut emakume batzuek beren seme-alabengatik dena uztea. Nik ez dut hori egin, baina faktura pasatzen du. Hala ere, sekulako zortea izan dut nire bikotearekin, nire seme-alaben aitarekin, beti familiaren alde egin duelako, nire alde... Dena den, nire seme-alabak gauza guztien gainetik daude. Haiek ongi daudela ikusteak, aurrera jarraitzeko indarra ematen dit.

Zer esan diezagukezu emakumeek Artearen munduan duten presentziaz?

Galerien munduan badugu nolabaiteko presentzia, baina museoetako zuzendariak gizonezkoak dira, arte kritikoak gizonezkoak dira, komisarioak ere bai...

Gizonak beraz. Eta artisten kasuan?

Egin ezazu 50 izeneko zerrenda bat, eta ikusiko duzu...

Baina ez al da bitxia Arte Ederren ikasketetan emakumezko gehiago matrikulatzea?

Gaur egun, ia emakume guztiek egiten dituzte unibertsitate ikasketak. Baina zenbat emakume aritzen dira gero ikasitakoaren arloan lanean? Ni batzuetan harrituta gelditzen naiz, erantzukizunaren mailan gora egin ahala, gizonak besterik ez daudela ikustean! Eta, hori, Arteari buruz ari garenik. Pentsa Ingeniaritzen kasuan...

Zeintzuk izan daitezke horren arrazoiak?

Ba asko, eta oso konplexuak. Gu geu, emakumeok, asko aldatzen gara haur bat izaten dugunean; dena erlatibizatu egiten dugu. Bada puntu bat, txiki-txikia eta oso ahula, baina erabat legezkoa, non, familiarengatik, beste edozer gauzari uko egiten gai garen. Horregatik, oso garrantzitsua iruditzen zait emakumeen aldeko ekimenak abian jartzea, beren asmoak bete ahal izateko aukera eta askatasuna izan dezaten.

Hainbat arte galeriatan aritu zara lanean. Zertan datza zehazki galerien zeregina?

Arte galerien lana, artistak sustatzean datza, aurrera atera daitezen. Artistaren eta bildumagilearen arteko bitartekaritza lana egiten du. Alde batetik, bilduma landu eta osatu behar da, bezeroak zer aukeratua izan dezan, eta, bestetik, artistaren "manager" lanak egin behar dira.

...besteak beste musikari eta kirolariekin gertatzen den bezala...

Ba bai. Artista bat orbitan jartzen saiatzen zara.

Nola egiten dira hautaketak? Bihozkadek bultzatuta?

Ez bakarrik. Zuk bihozkada deitzen diozu; nik pasioa. Artea pasioz beteta dago. Ezagutza ere hor dago. Eta, ezagutzaren baitan, artearen ezagutza dago, norberaren ezagutza, eta artisten ezagutza. Nik uste dut artistengandik ikasi dudala gehien.

Galerien artean ematen al da artisten "lapurretarik"?

(Irribarrez). Bai. Baina, tira, zure galeria baino hobea den batek egiten badu, ona iruditzen zait. Errezeloa funtsik gabea da nire ustez. Zure galeriak zein aukera dituen jakin behar duzu, eta zure artistek galeria handiago batera jotzen badute, eta han zuk eskaini ezin dizkiezun gauzak izango badituzte, ba benetako poza sentitzen duzu.

Bai, baina pertsona batekin hainbeste lan egin ondoren, beste batekin joatea...

Ez dut esan nahi beti atsegina izaten denik... baina ikusi Amundarain, Manu Muniategiandikoetxea, Maider López, Iñaki Gracenea... DV Galerian egon nintzenean, ondo nekien "sustatzeko plataforma" lanak egiten ari nintzela. Niri behintzat, artistek poz handiak eman dizkidate beti.

Galeriek inolako presiorik egiten al diote artistari obra mota zehatz bat lan dezan?

Inolaz ere ez. Galeriek erabateko askatasuna ematen dute. Besterik da merkatuak joera batzuk bultzatzea, edota artistaren estudioan gehien gustatzen zaizun obra aukeratzea, edota azoka batera joatean zure ustez ondoen salduko diren obrak eramatea. Baina ez dut uste artista "sailkatzen" denik.

Nork erosten du artea?

Oso jende gutxik! Hor dago koska! (barreak). Alde batetik erakundeek, eta beste alde batetik pribatuek. Baina bigarren hau duela gutxiko kontua da. Gero, badira nazioarte mailan mugitzen diren bildumazale handiak ere, adibidez Ordóñez Falcó. Eta, azkenik, bildumazale "pasionalak" daude, baliabide asko ez dituzten arren, nahi dutelako erosten dutenak.

Zergatik erosten da artea?

Bilduma bat osatzeagatik, fetixismoagatik, edukitzeagatik, biltzeagatik. Edota, besterik gabe, inbertitzeagatik.

Inbertitzeagatik? Ba al du inolako zentzurik gustukoa ez den artea erosteak?

Erosleak ematen dio zentzua.

Artearen salerosketaz mintzo garenez, azalduko al diguzu zer den ARCO?

Galeriak biltzen diren azoka bat da. Galeria guztien topagune moduko azoka komertzial bat da. FITUR bezalakoa da, non aurten 12.000 turismo enpresa bildu diren, saltzeko, ezagutzak partekatzeko, negozioak egiteko. Horrelako topaketak behar-beharrezkoak dira. ARCOtik bildumagileak, erakundeak, arte kritikariak, kontserbadoreak, komisarioak, museoen zuzendariak eta abar pasatzen dira.

Nork ezartzen ditu prezioak?

Artistak eta galeriak. Prezioak artistaren eta galeriaren artean finkatzen dira. Urte batean artista batek asko saldu badu, hurrengo urtean prezioak igo egingo ditu segur aski. Baina prezioen politika galerietan eramaten da batez ere.

Artisten artxibo bat sortzekoak direla irakurri dut nonbait...

Hala da, bai. Aspaldidanik ari dira "Arcodata" osatzen. Oso artxibo informatiko ona izango da. Telefónica da bultzatzailea. Artista espainiar guztiak bilduko ditu. Oso lan interesgarria da.

Ohiko galdera dator orain... Zer da artea?

Uff! Oso galdera zaila da hori... Artea, niretzat, errealitatea ikusteko eta interpretatzeko modu bat da. Berdin dio arte klasikoa izan, akademizista, kontzeptuala, abstraktua, garaikidea... Artea, inguruan daukagun errealitatea ikusteko modu bat da, baina begirada berezi batekin, ezberdinarekin, sormenezko begiradarekin.

Eta zertarako balio du?

Gizakiari adierazteko aukera emateko. Altamiratik hasi eta gaur egunera arte. Beste adierazpideak bezala: zinea, musika, literatura, dantza, pintura edo dena delakoa.

Hala ere, arteak badu zerbait, sarritan ulertugabea bihurtzen duena. Hezi egin behar al da gure begirada?

Nik uste dut ezer gutxi dakigula arteaz, arte garaikideaz batez ere, zeren eta artistaren errealitatea eta gurea berdinak izan arren, artistaren begirada guztiz ezberdina da, eta bere ikuspuntuak ez du gurearekin zer ikusirik... Horregatik da artista! Hori da sormena! (Barreak)

Beharrezkoa al da hezkuntza artistikoa?

Bai, oso. Formula egoki bat aurkitu beharko genuke, eskoletan oinarri on bat emateko, eta museo zein bestelako erakundeetan hezkuntza hori osatzeko. Agian ez zaio behar adina garrantzirik ematen. Dena den, gure garaian geneukan plastikarekin konparatuz, aurrerapen handiak egin dira. Orain sormena lantzen dute, eta klasean askatasun handiagoa izaten da.

Gaia erabat aldatuz... Zertan sinesten du Lourdes Fernándezek?

Batez ere, pertsonengan. Gutako bakoitza dagoen lekuan dago norberak egindako ahaleginengatik, eta ingurukoek gure alde egin dutenagatik. Zortea ere hor dago. Nik aitortzen dut zortea izan dudala, baina landu ere egin dut. Bada pelikula bat, ideia hori oso ondo jasotzen duena: "Match point", Woody Allen-ena.

Zer egin behar da Lourdes limurtzeko?

(Barreak) Erraza da gero!... Irribarre egin! Izugarri gustatzen zait bizitza bete-betean bizi duen jendea.

Eta zer egiten zaizu jasangaitza?

Intolerantzia. Alderdi eta eremu guztietan. Entzuten eta errespetatzen jakin behar dugula uste dut. Ausardia izan behar da bestea entzuteko, ulertzeko...

Desio bat zure seme-alabentzat... Nolako gizartea utzi nahiko zenieke? (Gogoetarako tarte bat hartu ondoren). Gizarte jantziago bat. Nik uste dut kulturak perspektiba ematen duela, eta bizitzako gorabeherak hobeto eramaten laguntzen digula. Horren kaskarina ez den gizarte bat nahiko nuke, jantziagoa. Hezkuntza, kultura eta tolerantziaren bidez, nahi bezalako gizartea lor dezakegula iruditzen zait. Seme-alabei esaten diet entzuten ikas dezatela, eta kontuan izan behar dutela iritzi guztiak direla baliozko, ezberdinak izan arren. Lourdes Fernández Fernández (Donostia, 1961) Ezkonduta dago, eta bi seme-alaba ditu. Artearen Historian lizentziaduna Bartzelonako Unibertsitatean. 1984 Museologian eta Artearen Kritikan graduondokoa, Florentziako Universistà Internazional dell’Arte-n. 1985 Euskara, ingelesa, frantsesa eta italiera. . Praktikak Parisko Orsay Museoan. 1986-87 . Montrealen (Quebec), erakusketak antolatzen zituen enpresa batean aritu zen lanean. 1987 . Tolosako Udaleko Kultura Saileko zuzendaria izan zen, eta Aranburu jauregiaren zaharberritze lanak abiarazi zituen. 1988 . K6 Gestión Cultural elkartearen sortzaileetako bat dugu. 1987-89 . Marlborough galerian aritu zen lanean. 1989-1994 . DV galeriaren zuzendaria. 1994- 2003 . Arco erakusketaren batzorde antolatzaileko kidea. 2000 eta 2001. . 2004an Donostian ospaturiko Manifesta 5 biurtekoa antolatu zuen. 2003-04 . Gaur egun, ABC bilduma artistikoaren etorkizunerako estrategia abian jartzearen erantzulea da. 2005 . ConArte enpresaren bidez, arte garaikideko aholkularitza. 2005
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

Précédents

José Ángel Irigaray. Poeta: Linguae navarrorumek sozietatean bizirik jarraitzeak, euskaldunek bizirauteko daukaten gogoa eta gaitasuna erakusten dizkigu

 

Irakurri

José Luis de la Cuesta. Zigor Zuzenbideko Nazioarteko Elkartearen Presidentea: Delinkuentzia gehiena gure artean ematen da

 

Irakurri

Ana Oregi. Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu eta Uren Sailburuordea: Azpiegitura handiek kritikak jasotzen dituzte, jakina, oso eragin handia daukatelako lurraldean, baina ez dira egitearren egiten

 

Irakurri

Anari. Kantaria: Habiak bukatu nuenean esan nuen ez nekiela beste disko bat grabatuko ote nuen eta orain ere horixe pentsatzen det

 

Irakurri

Tontxu Campos. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailburua: Oraingo Espainiako gobernuarekin, “talantea” dela-eta, aurrekoarekin baino hobeto konpontzen gara, baina Hezkuntzarako Lege Organikoaren bidez gure ahalmenak urratzen dituzte

 

Irakurri