María Goñi Muñoa. Psikologoa: Gure emozioak ez daude egungo gizarteari egokituak

2011-04-08

SILLERO ALFARO, Maider

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Gure eguneroko bizitzan egoera haundi zein txikietara aurre egin behar diegu. Aurpegi txar bat, nola interpretatu ez dakigun keinu bat, guretzako berria den egoera bat... lanean, lagun-taldean, zein etxean. Sentsazioak eta emozioak transmititzen diguten eguneroko errutina txikiak dira, baina nola egin aurre? Maria Goñi psikologoak eguneroko bizitzan emozion garrantzia ulertzen lagunduko digu.

Argazkia: Alex Iturralde. www.alexiturralde.com

Zer da Adimen Emozionala?

Adimen Emozionala 90eko hamarkadan, batez ere Peter Salovey-ren eta John Mayer-en eskutik, ikertzen hasitako adimen mota bat da. Wayne Leon Paynek 1986. urtean ere aipatu zuen kontzeptu hori, ikertzen hasi zen kontzeptuaren behar teorikoa somatu eta gero. Paynek zioenez, mendebaldeko gizarten emozioen eginkizuna alde batera utzita zeuden eta horren eraginez geldialdi moduko bat zegoen, gizarteak ez baitzuen aurrera egiten emozioen alorrean. Finantzen, kontsumismoaren eta produktibitatearen boomarekin, ahaztu egin genituen gizakiarengan hain garrantzitsuak diren emozioak... Badaude beste aurrekari batzuk, hara nola Binet eta Simonen Senezko Adimena edo Thorndiken Adimen Soziala, baina ezer gehiago; Ia ordura arte, pentsamendua eta emozioa bakoitza bere aldetik aztertzen ziren.

Bi egile horiek hitza hartu eta kontzeptua garatu zuten, emozioak besteak baino hobeto erabiltzen dituzten pertsonak zergatik dauden argitzeko. Adimen Emozionalak oinarrizko 4 osagai zituela adierazi zuten (emozioak zehaztasunez nabaritu, balioetsi eta adieraztea; zenbait sentimendu ulermena errazten duten heinean sentitzea; emozioak eta emozioetatik sortutako ezaguera ulertzea; eta zirrarak, emozio- eta adimen-hazkundea bultzatzeko antolatzea); gizakiok emozioak nabaritu eta balioesteko eta, emozio horietatik, bizitzarako ezaguera ateratzen jakiteko dugun ahalmena da, nolabait esateko. Bi ikerlari hauek diotenez, eta hau berrikuntza da, emozioek kognizoa lehenesten dute, hau da, pentsatzera eta erabakiak hartzera laguntzen gaituzte. Pertsona osasuntsu gehienenentzat, emozioek pertsona munduarekin duen erlazioaren seinale dira.

Adimen mota hori berezkoa da ala ikasi egin daiteke?

Biak batera. Psikologian, adimena identifikatzeko logika lau irizpidetan oinarritzen da: adimena zehaztea; adimena neurtzeko metodoa garatzea; beste adimenekiko independentzia osoa edo partziala duela egiaztatzea eta benetako irizpideren bat iragartzen duela erakustea. Bi egile horiek eta bere laguntzaileek eginiko ikerlanei esker, lagunarteko kontzeptu hori adimena da jada: emozioen adimena.

Beraz, adimen emozionala neurtu eta, neurri batean, hez daitekeen adimena dela esan dezakegu. Hurbilketa zientifiko horretan, Saloveyren eta Mayeren ardura izan zen beraiek adierazitako lau osagaiak oso zehatzak izatea, buruko trebetasun modura neurtu ahal izateko. Adimen kontzeptua eta emozioarena lotu egin zituzten; eta hor emozioak, bizirik iraun ahal izateko izadiak eman dizkigun tresnak dira; berezkoak, alegia. Haitzuloetako gizonak mamuta ikusi eta eraso egin behar izaten zionean, adibidez, bere energia areagotuko zukeen adorea, indarra eta amorrua behar izaten zituen. Emozioak, bada, baliagarriak dira inguruneari egokitzeko aukera eman digutelako. Gaur egungo gure emozioak, ordea, ez daude egungo gizarteari hain egokituak. Tarte handiegia dago prozesuan oinarrizkoa denaren eta bizi garen ingurunearen artean.

Bizitzan zehar pertsona batek sentitzen dituen emozioak aldatu egiten dira eta batzuetan zaila izan daiteke emozio horiek identifikatzea...

Emozioak aldatu egiten dira pertsona bera ere aldatzen doalako, bizitzaren ispiluan emozioak gure erreflexua dira.

Horixe da, hain zuzen, Adimen Emozionalaren oinarrietako bat: emozio horiek nabaritu, balioetsi eta ezagutzen jakitea. Eta emozio bakoitzak zer-nolako ezaguera ematen digun jakitea ere bai. Ni haserretzen naizenean, esaterako, niretzat bidegabea den egoera bat dagoelako eta horren gainean zerbait egin behar dudalako sortzen zait emozio hori; gutako bakoitzak zer egiten duen beste kontu bat da. Haserre-emozio hori behar-beharrezkoa da eta bizi egin behar da. Egia da hainbat egoeratan emozio bat baino gehiago senti daitekela aldi berean, amorrua era tristura edo tristura eta poza. Korapilotsuak deritzan prozesu hauek trebetasun emozional handiago eskatzen dute. Emozio bakoitza nondik datorren aztertu, onartu eta bizipena integratu.

Argazkia: Alex Iturralde. www.alexiturralde.com

Beraz, emozio bakoitzari ekintza mota bat dagokio? Horixe izango litzateke Adimen Emozionala: emozio bakoitzaren aurrean zer egin jakitea?

Emozio bakoitzarekin zer egin behar den jakitea, beharbada bai, baina ez dago horretarako gidalibururik; emozio bakoitza bakarra izaten da, pertsona bakoitzak bizi eta, neurri batean, sortzen duelako. Hara: emozioak hiru osagai izaten ditu. Elementu kognitiboa pertsona bakoitzak egoera jakin bati buruz egiten duen balioeste subjektiboa izaten da; balioeste horren arabera, “egoera hori kaltegarri bada niretzat eta horri erantzuteko baliabide gutxi baditut”, hortik aurrera elementu fisiologikoa agertuko da. Nire gorputza aztoratu, asaldatu egingo da. Nire organismoko barne-erantzunek osatu ohi dute elementu fisiologiko hori: pultsua bizkortzea; fundamentu gutxiagoko arnasketa; odolean glukosa areagotzea, nire giharrek kementsuago erantzun dezaten; eta, azkenik, elementu adierazkorra dago, hots, nire organismoa aztoratu izanaren gorputzeko adierazpenak, haserre edo triste dagoenaren aurpegiera edota nire emozioaren hitzezko azalpenak. Hiru elementu horietatik, kognitiboa da batez ere erabakigarriena, nik neuk balioetsiko baitut halako egoera batek mesede ala kalte egingo ote didan. Adimen emozional handia duen pertsonak badaki zer egin behar duen hiru osagai horien intentsitatea apaltzeko. Eta hori egiten ez badaki, jakin badaki, behinik behin, ez dakiela egiten eta onartu egingo du; eta, aldi berean, gertatzen ari denari buruzko gogoeta ere egingo du.

Lehenago emozioak alde batera uztea aipatu duzu eta euskal gizarteak, hain zuzen, gizarte hotzaren ospea izan du, ez omen ditu bere sentimenduak erakusten... Hori zergatik ote da, gure inguruan ikusi eta kutsatu egin garelako?

Galdera horrek aztoratu egiten nau emozionalki. Euskalduna naizenez, zaila gertatzen zait euskaldunon izaeraz hitz egitea, baina zenbait faktoreren eragina nabaria da izateko era prototipo horretan: giza taldeen psikologia, esaterako, ingurune atmosferikoari egokitzen zaio; gurean eguraldi euritsu eta hotza izaten denez, etxean babesten gara eta psikologikoki ere gure sentimenduak, alaitasuna nahiz tristura, gorde egiten ditugu. Bestalde, kultura bateko balioek berekin dakarte izateko era batzuk besteak baino onartuagoak izatea, eta hori ohiko bihurtzen denean, kutsadura emozionala gertatu ohi da. Gure kulturako balio nagusietako bat lana izan da; izan ere, baserrian bizirik irauteko, eguzkia irteten zenetik iluntzera arte lan egin behar izaten zen. Horrezaz gain, erlijio katolikoak ere eragin handia izan du Euskal Herrian eta adierazpen-falta horretan zerikusi handia du, nire ustez, Elizak ezarritako errepresio emozionalak.

Emozioak adieraztekotan aitorlekuan adierazi behar izaten ziren, eta han zegoenak erabaki ohi zuen zuk sentitutakoa ona ala txarra zen. Euskaldunon izaerarena aurreiritzia izango da agian... baina egia ere bada neurri batean.

Itzul gaitezen Adimen Emozionalera. Adimen hori zehazterakoan aitzindari izandako bi egile aipatu dituzu, baina, halere, Golemanek ezagutarazi du kontzeptua azken hamarkadetan.

Saloveyren eta Mayeren ondoren, Adimen Emozionalaz hitz egitean burura datorkigun pertsonak, Golemanek, merkaturatu egin zuen kontzeptua mundu osoan zabalduz. Zientzialarien arabera, Adimen Emozionala kontzeptua ahuldu egin zen, nolabait, adimen modura. Golemanek bost trebetasun aipatzen ditu (auto-ezagutza, enpatia, auto-motibazioa, trebetasun sozialak eta erregulazio emozionala); baina, bost gaitasun horien barruan, batzuk trebetasun oinarrizkoagoak dira eta, horregatik, ia ezinezkoa da adimen baten irizpide zientifikoekin neurtzea. Badira Golemani egiteko moduko bestelako kritikak ere, hala nola, Adimen Emozionalak ongizatea erdiesteko aukera ematen digula baieztatzen duenean; baina hori ez da horrela. Adierazpen hori guztiz baikorra da, eta oso itxaropen handiak sortzen ditu, baina faltsuak ere bai.

Hori dela-eta, zer esaten duzu zuk Adimen Emozionalari buruzko zure eskoletan? Bistan denez, ez duzu esango erabateko zoriona erdietsiko dutenik...

Niretzat, lehenengo saioan, bakoitzaren itxaropenak ezagutzea izaten da garrantzitsuena, eta gero Adimen Emozionalaren inguruan dagoen fantasiazko itxaropen hori apaltzea. Ikastaroa ez dut aholkuak emateko erabili nahi; aitzitik, besteek ikusten dutenaren bitartez eta beste horiek osatzen duten ispiluan begiratuz, norbere burua ikusteko eta hobeto ezagutzeko leku bilakatu nahi dut ikastaroa. Hor nire eginkizun nagusia taldeko harremanak erraztu eta galderak egitea da, ez erantzunak ematea. Eta, batez ere, ikus dezatela ikasleekin ditudan harremanetan esaten ari natzaien guzti-guztia bete egiten dudala.

20 orduko ikastaro batean, emozioak nabaritzen ikasiko dute, emozioak hobeto ezagutzen, emozioak bideratzen, emozioek ematen diguten informazioa bereizten... Emozioa zer den azaldu eta, pausoz pauso, azterketa ugari egingo dira emozio pertsonalen inguruan; ondoren, zer estrategia erabili dituzten eta zer estrategia erabil zitzaketen aztertuko dugu. Nire erabileraren arabera, zenbait estrategia baliagarriak izan daitezkeela edo ez ikasiko dugu. Estrategia horiek zehatz mugatzen ahalegintzen gara nolabait. Gizarte-laguntza, esaterako, oinarrizko estrategia bat da, baina zehatz mugatu behar da; ez dago edozertaz hitz egiterik edozein unetan. Laguntza-eskaera horri buruzko “erritu” moduko bat egin behar da. Gizarte-laguntza “gizarte-hausnarketa” bihurtzeko joera dugu. Hots, gaiaz etengabe hitz egiteko joera izaten dugu, eta horrek suntsitu egiten du sare soziala.

Argazkia: Alex Iturralde. www.alexiturralde.com

Eta hori enpresa-mundura eramanez gero, han ordu ugari igarotzen baititugu...

Adimen Emozionalari buruzko ikastaroetara lan-munduko egoera asko heltzen dira, baina ez garrantzitsuenak direlako, jendaurrean horiei buruz hitz egitea errazago delako baizik. Baina diozun bezala, han 8 ordu egiten ditugu gutxienez, eta gai zehatz bati buruz etengabe hitz egiteak, gogaitzeaz gain, ez du ezertan ere laguntzen. Arazoa errespetuz eta ausardiaz kudeatu behar da, eta zehatz-mehatz nire nahia lortzeko lagungarria ez bada ere, pertsonari, bere pentsamendu eta sentimenduak adieraziz, hobeto sentitzeko balio izaten dio, baita trebe eta harro sentitzeko ere. Gainera, emozioez oroitzen garen bakoitzean, prozesu emozional osoa ere errepikatzen da: arnasketa bizkortu egiten da, odolak azkarrago zirkulatzen du... horrek guztiak osasunean eragiten duen kostuarekin. Emozio ezkorrak ditugunean, zenbait hormona (adibidez, kortisola) sortzen hasten gara, eta giharrei, lanean hasi eta larrialdia konpontzeko energia gehiago izan dezaten, glukosa ugari askatzen zaie; baina, gainera, ehunak berreskuratu, berritu eta sortzeko eginkizun anabolikoak ere geldiarazi egiten dira. Horrek eragin izugarria du gure osasunean; izan ere, kortisol-jarioak maiz izaten baditut, sistema immunologikoa inhibitu eta nerbio-sisteman arazoak sor daitezke, hala nola, zefaleak edo hipertentsioa.

Eta hori oso ohikoa dela sumatzen dut...

Bai, konpondu gabeko emozioak barruan trabatu egin daitezke, eta hori gure gizarteak jasaten duen estres ezagunarekin loturik dago. Estresa gure organismoaren erantzuna da, zenbait egoeratan guk ditugunak baino baliabide gehiago eskatzen zaizkigula irizten diogunean. Konpontzeko “modurik kaskarrenetakoan” izanda ere, egoera neure agintepean hartzen ez badut, gero eta sufrimendu gehiago pairatu beharko dut. Eta hori gertatzen den bakoitzean, ez da nire gorputza energia behar duen bakarra; nire buruak ere aitzakia gehiago beharko ditu (hemen dator osagai kognitiboa) nire portaera justifikatzeko, hots, egun osoan kexu izatea edo gutxienez nire esku dagoena egin gabe egotea justifikatzeko.

“Auto-laguntza” izeneko atalak geroz eta apal gehiago ditu edozein liburu-dendatan: nola izan sortzaileagoa; nola izan pertsona hobea; nola izan emozionalki adimentsuagoa...

Pertsonalki ez zaizkit gehiegi gustatzen aholkuz beteta daudelako. “Auto-laguntzako” libru bat gomendatu beharko banu Paul Watzlawick autorearen “El arte de amargarse la vida” litzateke. Aldi bereba, nire iritziz, auto-laguntzarako liburuak oso lan garrantzitsua egiten ari dira psikologia pertsonengana hurbilduz. Hori dela-eta, beste modu batera jendearentzat ezezagunak izango liratekeen prozesuen azalpenak ematen ari dira, izen eta guzti, eta hori oso baliagarria da, gure buruak sentitzen duenaren izena eta azalpenak behar izaten baititu. Liburu horietako askok, ordea, oso oinarri zientifiko eskasa dute eta helarazten duten emaitzen nahiz lorpenen ideia gehiegizkoa da. Psikologian ez dago miraririk. Nolanahi ere, auto-laguntzarako libururen bat irakurriz, pertsonaren bat ohartu eta arduratzen hasten bada ordura arteko funtzionamendu kaltegarriren batez, orduan nire errespetua erakutsiko diet liburu horri eta, batez ere, pertsona horri.

Zer ematen dizu zuri psikologiaren munduan lan egiteak?

Lehenbizi ongi sentiarazten nau. Nire eginkizuna betetzen ari naizela nabaritzen dut nolabait, nire ustetan ditudan trebetasunak horien beharra izan dezaketen beste pertsona batzuen zerbitzura jartzen ari naizela, eta horrek poztu egiten nau. Bigarrenik, bizi-esperientzia ugari eta errealitateari buruzko hainbat eta hainbat ikuspegi jasotzen ditudanez, niretzat berriak diren beste aukera batzuk aintzat hartu ahal izaten ditut. Nik, gainera, zerbait helarazteko, lehenbizi probatu edo esperimentatu egin behar izaten dut, bestela ez dakit irakasten; beraz, neu naiz, bistan denez, trebakuntza-arloko irakaspen horietan gehien ikasten duena.

Asko ikasten al duzu jendearekin?

Bai, asko ikasten dut. Egin ditzakedan gauzak edo beste pertsona batzuei helarazteko modukoak ikasten ditut. Poz handia ematen du jendea bere emozioak, bere sentimenduak, ondo egiten dituen gauzak edota egiten ez dakizkienak adierazteko gai izatea; eta taldeetan, beste esparru batzuetan aurkitzen zaila den lanerako konfiantza sortzen da. Aintzat hartzeko modukoa da jendea zortzi orduz lanean aritu ondoren nire ikastaroetara etortzea.

Adimen Emozionalari buruzko ikastaroetan irakasten duzunetik, zer aplikatzen duzu zeure bizitan?

Hasieran mesfidantza eta eszeptizismo apur bat ere banuen, nik, ia gehienek bezala, Golemanen bitartez ezagutu bainuen Adimen Emozionala, eta bizitzaren ikuspegi amerikar horiekin kritikoa izaten naiz. Aholkularitza-enpresa batean lanean ari nintzela ezagutu nuen, baina, gero, neure kontura lanean hastea erabaki nuenean, gidaliburuak erosi, teoria klasikoekin alderatu, informazio erabilgarriagoa bilatu eta lanean erabiltzen hasi nintzen; orduan hasi nintzen neure burua emozionalki askoz hobeto ezagutzen eta, horri esker, egoera jakin batean noiz egin dezakedan zerbait eta zer egin dezakedan jakiten; gehiago egiterik ez badut ez dela ezer gertatzen edo, besterik gabe, hori bakarrik gertatzen dela; ezinezkoa dela emozioak saihestea...

Argazkia: Maider Sillero Alfaro.

Zerk bultzatu zintuen psikologia ikastera?

14 urterekin, nolabaiteko kontzientziarekin irakurri nuen lehen liburuetako bat, S. Freud eta A. Einstein-en “El por qué de las guerras” izan zen. Eskutitz sorta batzuk dira non bakoitzak gatazka belikoen inguruan duen ikuspuntua azaltzen du, azken finean pertsonen artean erlazionatzeko zailtasunak. Harrapatu ninduen. Psikologiak ni harrapatu ninduela uste dut. Psikologia ikastean zen txiki-txikitatik argi izan nuen gauza bakarrenetako bat. Gizakiaren portaerari buruzko ulertezintasun eta jakin-min izugarria nuen.

Eta orain ulertzen al duzu portaera hori?

Orain zerbait gehiago ulertzen dut, baina askoz gehiago ere ez (irribarrez). Gauza eta egoera ulergaitzak, kausa eta efektuaren azalpen linealik ez dutenak, egon badaudela jakinarazi dit, azalpen linealik ez baitago giza harremanetan. Aldagaiak ugari izaten dira beti, eta ezberdinak gizaki eta kultura bakoitzean. Aukera behintzat eman dit nire ulertezintasunak eragindako estutasuna gutxitzeko, eta, aldi berean, gizakia ulertzeko ere bai, nik txikitan gizakia berez ona zela ikusi nahi bainuen. Baina gizakia, berez, ona eta gaiztoa da. Pertsonok ondo dauden eta gaizki dauden gauzak egiten ditugu, eta hori onartu beharra dago. Niri gustatzen ez zaidan gauzen alde hori onartzea egiazko ikaskizuna izan da eta, hein handi batean, Adimen Emozionalari esker ikasi dut. María Goñi Muñoa (Pamplona, 1978) María Goñi Muñoa psikopedagogian lizentziatua da Nafarroako Unibertsitatean, eta psikologian lizentziatua Euskal Herriko Unibertsitatean. Era berean, Familiako Terapia Sistematikoari eta Bikotekoari buruzko masterra ere egina du, eta MBA masterra ere bai, Enpresa Zuzendaritza eta Kudeaketa alorrean, Deustuko Unibertsitatean. 2008az geroztik Mª Asunción Bel Cortés psikoanalistak gidatutako ikerketa talde batean dabil. Familiako hezitzaile modura lan egin du, baita zenbait aholkularitza-enpresatan ere, zuzendarien heziketa-gaietan. 2007. urteaz geroztik, bere kontura lan egin du harremanen alorreko hezitzaile modura eta zenbait gaitan ikastaroak emanez: komunikazio-trebetasunak, Adimen Emozionala, motibazio pertsonala edota Zuzendaritza eta Coaching trebetasunak, besteak beste. Gaur egun, heziketa-koordinatzailea da EKIAko Esku-hartze Psikosozialen sailean. Bertan, haurren babesgabetasunari buruzko prestakuntza-proiektua ari da antolatzen eta ikuskatzen.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

Précédents

Maria Jesus Aranburu. Gipuzkoako Kultur eta Euskara Foru Diputatua: 2.0 arlo honetan harro esan genezake administrazioa gizartearen aurretik joan dela

 

Irakurri

Koldo Núñez-Betelu. Geologoa: Japoniako 2011eko itsasikaratik zer ikasi badago

 

Irakurri

Mari Karmen Mitxelena. Andereño ohia: Orduko andereñoek haurra eta bere heziketa genuen helburu

 

Irakurri

Luis Gasca. Editorea: Komikigintzak erakarri ninduen gutxietsitako artea zelako

 

Irakurri

Maite Idirin. Abeslaria: Egin ditudan lanak beti plazerarekin burutu ditut

 

Irakurri