Teresa del Valle eta Jone Miren Hernandez. Antropologoak: Oraindik hiritar kontzientzia falta zaigu

2015-09-02

ETXABE ISTILLART, Miren

ZURUTUZA ZAPIRAIN, Juanmari



Duela gutxi gertatu bada ere, Gizarte Antropologiak jada indarra hartu du eta mundu akademikoan ibilbide opetsua erdietsi du. Zein dira jorratu behar diren hurrengo erronkak?

Teresa del Valle (TV): Asko dira. Une honetan nik esango nuke erronka horietako bat diziplinaren aplikazioa finkatzea dela. Hau da, teoria edo metodologiaren inguruko esparruak asko landu dira eta urrats hori ematea falta zaigu. Berez, kontua ez da ez dugula pausu hori eman, eman egin da, baina nik uste dut hausnarketa bideratu behar dela una honetan sumatzen ditugun arazo larrienak zein diren zehaztearren. Eta ez bakarrik une honetan non gauden ikusita, aitzitik esparru zabalagoak aintzat hartu behar ditugu, mundu osoan barrena une honetan gertatzen diren arazoen gaineko ikuspegi orokorrari helduz. Ez dakit zuk nola ikusten duzun Jone, gehiago jorratu baituzu antropologia aplikatua...

Jone Miren Hernández (JMH): Nire ustez, Teresak esan duen bezalaxe, badaude mundu mailako erronkak, beste hainbat tokitan ikus ditzakegun arazoak alegia. Antropologia kolonialismo garaian sortu zen eta garai hartako interes eta egoerara moldatu zen bezalaxe, une honetan egoera guztiz ezberdina da, bestelako errealitatea, bestelako arazoak. Alde batetik, horixe da beti hortxe izango dugun erronka, gizartearen beraren aldaketetara moldatzea alegia, moldaketa hori teorikoa eta metodologikoa izanik, zentzu ezberdinetan. Gure kasuan, tokian tokiko ikuspegiari helduz, xede nagusia antropologia gizartean barrena ezagutzera ematea da, edota prozesu horretan aurrera egitea alegia. Ezin esan baitugu ez dela ezagutzen, baina bai uste dut zenbait kasutan aldez aurretiko ideiak hortxe daudela, edota beste garai bateko ideiak direla. Antropologiaren inguruko ezagutza eguneratu egin behar da. Eta gero, zuk esan duzun bezalaxe, antropologia etengabe sortzen diren beharrekin lotu behar dugu. Ikuspegi hau aplikazio praktikoari heltzen dio, antropologia aplikatua klasikoaren ildotik jotzen duelarik. Eta tira, lanari eutsi behar zaio...

TV: Nire ustez gainera, hainbat gai gaur egun pil-pilean daude. Bizi dugun gizarte hau gero eta anitzagoa da eta etengabe sumatzen ditugun ezberdintasunei aurre egin behar izango diegu. Hori nola bideratu daitekeen ere aztertu behar da, ez bakarrik ongizatea erdiestearren. Nire ustez, guztion ongizatea ahalbidetzeko eginbeharra dugu, antropologia gizartea eta kulturaren arteko lotura aztertzen duela uste dugun heinean. Izan ditzakegun arazoei irtenbideak nola eman ikusten dugun heinean, aniztasuna dela eta, edota askotan kontrakoa den zerbait sumatzen dugun horren aurrean, azkenean kontrakoa ez zela ikusiz. Identitateak nolakoak izan daitezkeen eta identitate zabalagoak. Nik bai uste dut gauza asko ditugula esateko eta batez ere, zuk harreman estuagoa daukazu graduak ikasten ari diren lagunekin, eta zer esaten dute: Nola jarri dezaket nik hau praktikan? Honako honek balio izango al dit lan-postua topatzeko? Neure burua garatu eta gizarteari laguntzeko toki bat topatuko dut?.... Nik uste dut zuk hori guztia argiago ikusten duzula lantzen duzun praktika dela eta.

JMH: Horixe da antropologiak betidanik bizi izan duen erronka. Beste gauza bat da testuingurua bera erabat aldatu dela, argi eta garbi. Eta aldi berean, herrialdea edo komunitatearen arabera, edota kultura bera ere aintzat hartuz, beharrak eta planteamenduak ezberdinak izan daitezke, baita gauza daitezkeen proposamenak ere, ... Nire ustez berez antropologiak diziplina bezala berezkoa dauka egoerak aztertzeko beharra, testuingurua eta arazoak zehazteko, eta neurriz handi batez, irtenbideak eskaintzeko joera. Arazoak zehazterakoan, berauek ulertzerakoan, irtenbideak finkatzerakoan, ... Nik uste dut etengabeko erronka dela. Kontua da, gaur egun, hainbat faktore direla medio, konplexutasunak nolabait esateko eztanda egin du. Gizakiok berez oso anitzak gara baina orain dena askoz konplexuagoa da, bizkorragoa, eta nolabait ikasleek ere zera bizi dute, nola egin dezakegu ...? Baina nik esango nuke erronka betidanik hortxe egon dela, eta orain sumatzen dugu zailtasun hori aniztasunari aurre egiteko, baita lan-postuetan ere. Gauzak ez dira lehen bezalakoak. Gizaseme batek bide bati heltzen zion, errepide bati, zera ikasi dut eta bide honetatik noa .... orain dena askoz konplexuagoa da, baina ez bakarrik antropologia ikasi duen jendearentzat. Gauza bera gertatzen da bestelako diziplinak ikasi edota jorratu dituzten beste lagunekin. Mugitzeko trebetasun hori, aldatzeko, interpretatzeko, ikasteko, ikasitakoa berritzeko gaitasun hori, nire ustez diziplina berak berezkoa duen ezaugarria da, baina zenbait kasutan horri aurre egitea kostatzen zaigu, ez da erraza.

TV: Kontua da, zuk esan duzun bezala, oso erronka handia dugula aurrean. Alde batetik, antropologiak oso ezagutza eremu zabala eskaintzen digu, nolabait esateko mundu osoa bere konplexutasunarekin batera, horixe litzateke mugitzen garen unibertsoa. Horrela, alde batetik ikuspegi zabal hori daukagu, eta nik uste dut une honetan berau guztiz beharrezkoa dugu. Eta, bestetik, hori praktikan nola jarri erabaki behar dugu, eta lan merkatuari begira zehazten dugu. Esan genezake dualismo antzeko zeozer bizi dugula. “Antropologiak oso ezagutza eremu zabala eskaintzen digu”.

Zein izan daiteke kritika feministaren ekarpena antropologiara?

JMH: Ez da ekarpena bakarra, hainbat ekarpen eskaini ditu. Antropologian eman den kritika feminista mugimendu feminista orokorraren eskutik doa neurri batean behintzat. Berez, nik uste dut ezberdintasunen azterketan ikuspegi kritikoa eskaintzen duela. Garrantzizko ekarpena zera litzateke, ezberdintasun horien muinetara ailegatzen saiatzen dela. Hasiera-hasieratik antropologia feministaren sorreratik galdera nagusia zera izan da, zergatik? zergatik sortzen dira ezberdintasunak gizonezko eta emakumezkoen artean? Eta nik esango nuke horixe dela ekarpena. Beste kontu bat hori guztia zabaltzen eta aldatzen joan dela. Baina arreta nagusia zergati horien funtsean jartzea, ezberdintasunen mamiari heltzeko nahia, testuinguru eta garai desberdinetan gertatzen den heinean, nolabait guzti horren inguruko azalpena erdiesteko grina agerian uzten du. Hori funtsezko ekarpena da.

TV: Bai, gainera niretzat aberastasun iturri paregabea da bestelako diziplinetan lortu diren aurrerapenez baliatzen baikara. Orain ezin dituzu historiarekiko loturak alde batera utzi, edota non dauden soziologiarekin dauzkagun konexioak, edota zientzia fisikoa eta natur zientziekin sumatzen diren loturak. Nik esango nuke ezberdintasunak nola eratzen direnen inguruko oso ikuspegi zabala eskaini digula. Eta oso historia trinkoa dugu, mugimendu feministaren gaineko historia alegia. Nire ustez, ez da joan den mendearen erdialdera hainbat unibertsitateetan, iparramerikan batez ere, eta Frantzia eta Britania Handian sortutako hausnarketa soila. Aitzitik, Hortxe dugu teoria eta praktikaren ateko lotura, praxia, eta gero beste gauza bat kalean topatzen duguna dugu. Gainera, hausnarketa horiek borrokaren bitartez erdietsi dira, eskubideetan sinestearen indarrez. Nik esango nuke kritika feministak antropologiari hausnarketarako oso eremu zabal eskaini diola, eragina ahalbidetzeko tresna alegia, jarraian gure diziplinak finkatzen duen duen alor zehatzean islatuz. Eta horrekin batera, diziplinaren gaineko zenbait xehetasun ...

JMH: Bai, nik uste dut ezagutzaren gaineko ideia hori, hain kritika konplexua izanik, diziplina anitzetatik eratzen den heinean, neurria handi batez bestelako diziplinekin lotuta ere baitago, ez bakarrik antropologia bera. Berez, ezagutza diziplinen arteko loturan bidez osatzen da. Eta horrez gain dimentsioa ere hortxe dugu. Nolabait esateko gizarte mugimenduaren etengabeko joan-etorria litzateke, akademia bera dena alegia, erakundeetan sumatzen den ezaugarri bera. Tokian-tokiko erakundeei helduz, udalak, foru aldundiak edota Eusko Jaurlaritza alegia, generoa lantzen duten unitateak ere martxan jartzen dituzte eta hor ere beste dimentsio bat eransten zaio. Kontua ez da kalean sumatzen den feminismoa, baita akademia ageri dena ere, eta hirugarren zutabea litzatekeena, hau da, erakunde publikoak. Aberastasun handi aurki daiteke hainbat diziplinetan, esparru ezberdin horietan. Ulertzen saiatzeaz gain, hau da, ezberdintasuna nola sortzen den, nola funtzionatzen duen, nola hedatzen den azaltzeaz gain, nik uste dut beste ekarpena zera litzatekeela elkar lotuta dagoela alegia. Pixka bat oraintxe esan duguna, eraikitzeko ideia hori, gauzak zalantzan jartzea, galderak formulatzea askotan hauei ere buelta emanez, eta nik uste dut guzti horrek, oro har, teoriari eta ezagutzari ekarpen handia eskaini diola. Kontzeptu berriak, ikuspegi berriak, baita metodologian ere. Akademiaren ikuspegitik hitz egiten dut, baina oro har ezagutzarentzako, kritika jarduerarako, eraikuntza prozesurako oso ekarpen aberasgarria izan dela.

TV: Zuk aipatu duzun ildo horri helduz, ezberdintasunen gaineko hausnarketarako aukerak aztertzea litzateke, eta aldi berean ezberdintasun horiei aurre egiteko proposamenak ere aintzat hartzea, hori guztia oso esparru zabala da. Eta etengabe ustekabeak sor daitezke, kontuan hartu ez genuen zerbait agerian azaltzen zaigu eta. Bereizketa gertatuz gero, arazo berria sortzen denean alegia, esaterako gaur egun begi bistan dugun umeen zainketa bateratuta.... badago guzti horretaz hausnarketa bideratzeko esparru zabalagoa. Oso arazo larriak badira ere, halere, pentsatzeko eta hausnarketa burutzeko aukera dugu eta jarraian ekimenak gauzatzea posible da. Eta hori ere nik esango nuke gauzak irekitzen dituela, aldaketan sinesteko moduan alegia. Hau da, aldaketak posible direla, oso zailak baldin badira ere. Bortizkeriaren kontua dela eta, baliteke beste une batean aipatzea, oso garrantzitsua baita... “Nik esango nuke antropologia feminista emakumezkoen egoeratik hareago doala, ezberdintasunen azterketatik at”.

Nola ikusten duzue androzentrismoaren bilakaera euskal gizartean? Zertan aldatu da emakumezkoen errealitatea eta irudia?

TV: Emakumearen irudia aldatu egin da. Gizartea bera aldatzen doan heinean, emakumearen irudi ere aldatzen doa. Nik uste dut bazegoela behin berriro errepikatzen zen irudi bat, estereotipoa alegia, antzinakoa, historian barrena ikusi duguna, euskal matriarkatua. Emakumezkoen boterea azpimarratzen zen berau gizartearen presio guztietan agerian balego bezala. Nire ustez aldatu dena zera izan dela estereotipo huts hori, eta hala gertatu da antropologia feministaren eraginez eta berau asmatu berri dutelako, baizik eta gai jorratu delako eta ikerlan horien bitartez aukera izan dugu emakumezkook zer garen, zer izan garen eta zer izan nahi dugun atzemateko. Nire ustetan emakumearen irudia bera askoz anitzagoa da une honetan eta estereotipo hori baino askoz aberatsagoa da. Hori dela eta, zera azpimarratu behar da, gure gizartean ez zela androzentrismoa gertatzen, emakumezkoen eskutan nolabaiteko boterea bazegoen ere, baina aztertu ostean argi ikusi dugu ez zegoela benetan horrelakorik.

JMH: Nire ustez aurrera pausuak argiak dira, begi-bistakoak, ezin dira ukatu. Beste kontu bat da hainbat alorretatik etorri diren aldaketak. Aipatu duzun bezala, hortxe dugu antropologia feministak berak burutu duen lana, mugimenduak ere hor daude, hainbat emakumezkoen lan eskerga, hainbat eta hainbat lagunena. Bai, egia da betidanik nolabaiteko tentsioa egon dela, baina aldaketak egin dira eta hainbat kasutan oso bizkor, gizarteari zenbaitetan kosta egiten bazaio ere. Zuk ondo esan duzun bezala, nik beti aipatu izan dut gure kulturan matriarkatuaren gaineko ideiak indar handia izan duela, eta niri urtero gertatzen zait lehen ikasturteko hemezortzi urteko gazte jendearen artean beti badago norbait ideia hori aipatzen duena. Bai, egia da hainbat testuingurutan aldaketak oso bizkor gertatu direla, batez ere feminismoaren eskutik, eta gizarteari zenbait kasutan kosta egiten zaio. Badakigu gizarte inguruko aldaketak gehienetan oso mantso gertatzen direla eta askotan diskurtsoaren atzetik doaz. Hori ere egia da, denok ezagutzen dugu, jauzia diskurtsoa eta errealitatearen artean gertatzen da. Diskurtsoa barneratzea eta berau lantzea nahiko erraza izaten da, baina jarraian jarrera aldaketak, jarduerak eraberritzea aipatzen dugunean, zertxobait zailagoa gertatzen da.

TV: Nire ustez euskal gizarteak askotan irudikapenak behar izaten ditu, eta matriarkatuaren irudikapena emakumezkoei boterea eskaintzen zien zerbait zen eta, beraz, gizarteari botere ematen zion emakumezkoen bitartez. Hainbat emakumeek aldaketa horrekin bat egiten zuten hasetu egiten zielako. Nik uste dut benetakoak ez diren irudikapen horien beharrak oso paper garrantzitsua izan duela gure artean. Eta horrek hainbat unetan ilundu edo eragotzi egin du emakumezkoen benetako botere ezaren inguruan sortu ziren arazoak ikustea. Gainera, pertsonak gero eta gazteagoak diren heinean, lan munduan sartzeko aukera izan duten neurrian eta lana eskuratzerakoan gizonezkoa edo emakumezkoa izatea ez dela gauza berdina ikusi dutenean, orduan horrek guztiak hausnarketak eragin ditu. Berez, gaur egungo gazte jendea egoera bera baino askoz kritikoagoa da. Bestalde badaude irudikapen hori errealitatearekin bat datorrela pentsatzen duten hainbat gazte. Ni behintzat, gai hau dela eta, guztiz eszeptikoa naiz eta gure gizartean emakumezkoen egoera gizonezkoena baino okerragoa dela esan genezake. Horrek ez du esan nahi salbuespena ez daudenik eta aurrera pausu dezente eman ditugunik. Hainbat lan-postu konkistatu ditugu eta hainbat esparrutan murgildu gara baina lan eskerga geratzen da egiteko. Horrela, erakundeek ere lan eskerga burutu dute, Emakundek bezala, oso paper garrantzitsua burutu baitu, edota Akademiak berak, irudikapen horiek guztiak zalantzan jarri baititu. Eta horiekin batera, mugimendu feministaren lana, Euskal Herrian benetan eraginkorra izan baita.

JMH: Nik askotan zera komentatu izan dut, gure testuinguruan gauza bat aurrerapenak direla, lortu diren aldaketak eta abar. Baina ezin gara isolatuta geratu. Hemen hainbat aldaketa gertatu dira, asko edo gutxi izanik ere, baina nik uste dut interesgarria dela ikuspegi orokorra mantentzea, hortik ere edan egiten baitugu. Askoz konplexuagoa den zerbaiten partaideak gara. Zera esan nahi dut, badakigu sistema bera askoz konplexuagoa dela eta nolabait, beste hainbat tokitan suertatzen diren ezberdintasunak, nondik datoz? Ez da hain erraza. Ikuspegi orokorrari helduz gero, planeta edota mundua aintzat hartuz, askoz konplexuagoa da. Emakumeek dauzkaten arazoak, diskriminazio arazoak, kasu honetan bestela kultura batean, batzuetan gurean sortutakoak dira. Ez da hain erraza, tira konpondu dugu esatearekin nahiko balitz bezala.... egoera hipotetikoan alegia.

Nik esango nuke antropologia feminista emakumezkoen egoeratik hareago doala, ezberdintasunen azterketatik at. Interesgarria da gizonezkoen eta emakumezkoen papera eta funtzioa berriro planteatzen dira. Askoz konplexuagoa da, askoz interesgarriagoa, kontua ez da diskriminazioaz hitz egitea, menpekotasunaz, bestelako garaietan hitz egiten zen bezala ... oro har gauzak berriro planteatu behar dira, genero sistema, eginkizunak, emakumezkoa izatea zer den, gizonezkoa izatea zer den, emetasuna, gizontasuna, ... Zentzu horretan, eztabaida askoz aberatsagoa eta interesgarriagoa da, zabalagoa da, nabarizko berdintasuna agerian uzten duten esparru zehatzen ingurutik at alegia. “Antropologian eman den kritika feminista mugimendu feminista orokorraren eskutik doa neurri batean behintzat. Berez, nik uste dut ezberdintasunen azterketan ikuspegi kritikoa eskaintzen duela”.

Hitz egin dezagun gizarte demokratikoan gertatzen den pentsamolde kritikoaz. Zuen ustez, intelektualek jarduera politikoan esku hartu behar dute?

JMH: Bereizketa horiek zergatik gertatzen diren ikustea da kontua, edota inplikazioa zergatik ez den handiagoa. Agian zera pentsa genezake, nolabait esparru politikoa aldendu egin dela. Ez bakarrik intelektualengandik, oro har biztanleengandik, hori hortxe dugu, diskurtsoan eta kalean. Esparru horietan zergatik sortzen diren ezberdintasunak, zer gertatu da? horretaz hausnartzea da kontua. Nik agian oroimen historiko gutxiago daukat, baina diktadurak guregan ere eragina izan du. Bestelako garaietan, bestelako testuinguruetan, komunikazioa arinagoa izan da, partaidetza bera ere bai. Ezagutza arloko intelektualen inplikazioa esparru politikoan ere arinagoa errazagoa izan da, eta alderantziz, nik uste dut kontua zera da, bereizketa hori zergatik sortzen den sumatzea.

TV: Intelektualen kontu hori, ez dakit ... nik adibidez neure burua hiritar bezala ikusten dut, gizarte zientzialaritzat. Orduan, hiritar bezala, hainbat arazotan nahasia sumatzen dut nire burua, eta ez bakarrik ni bizi naizen inguruan, baita esparru zabalgoan ere eta mundu mailan. Nire ustez, bereizketa hori egitea, hau da, horretan sartzea edo ez sartzearen kontuak ez dauka aparteko garrantzirik. Baina benetan garrantzizkoa dena zera da hiritar kontzientzia izatea. Nik esango nuke, oraindik hiritar kontzientzia falta zaigula. Hiritar kontzientzia izatea ez da noizean behin protesta egitea, aitzitik gaien inguruko berriak jarraitzea da, parte hartzea, jendearekin hitz egitea, irakurtzea, hedabideak modu kritikoan entzutea. Orduan, hori guztia inplikatzea baldin bada, nik guztiz ados, gauza asko ditugu esateko eta era berean ardura handia dugu esku artean nola egin behar diren erabakitzerakoan. Gero, alderdi politikoan batean edo bestean sartzea erabakiz gero, edota hauteskundeetan parte hartzea, hori beste kontu bat da. Baina bai, nik esango nuke politikan esku hartzeko lehenik eta behin informazioa eskuratu behar duzula, eta bigarrenik hiritartasunaren gaineko kontzeptu praktikoa izan behar duzu. Horrekin batera, ardura kontzeptu eguneratua beharrezkoa gertatzen da eta une honetan bereziki gutxieneko zuzentasuna behar da. Hori oinarrizkoa iruditzen zait. Zentzu horretan, nik uste dut informazioa daukagun lagunok zerbait eskaini behar diogula gizarteari, gero politikan sartzea eta hauteskundeetan parte hartzea erabakitzea, hori norberak hartu beharreko bestelako erabakia da eta badira bestelako elementuak, zu zeu hausnarketak burutzen dituzun pertsona izateaz gain, arduratsua izateaz gain, badira beste baldintzak. Nik uste zerbait gehiago dela.

JMH: Bai, nolabait horixe da nik esaten dudana ezberdintasuna non sortzen den aztertzerakoan. Nik uste dut baietz, badaudela horren sorrera azaltzen duten zergatiak, eta zergatik ikusten dugun bata bestetik hain aldendua. berez, bi esparru horien arteko lotura askoz errazagoa izan beharko luke, baita beste hainbat arloen artean ere. Politikak esparru bati zer edo zer ekarriko lioke eta ezagutza mundutik ere bai. Zuk esan duzun bezala, arazoen aurrean interesa agertzen den heinean, informazio topatzeko ardura dagoenez, hausnarketa bera burutzen da eta berau komunitatearen eskura jartzea interesgarria da inplikazio horri so eginez. Geure buruari zergatik? galdetzea ere arraro xamarra da. Bi mundu guztiz ezberdinak balira bezala, berez lotura askoz arinagoa eta errazagoa izan beharko bailuke.

TV: Nire ustez hedabideetan gure partaidetza handiagoa izan beharko luke. Hau da, jasan dugun ezagutza, erakusten den ezagutzarekin batera, hainbat bitartekoen bidez agerian dagoen ezagutzak, esaterako, argitalpenak, kongresuak, mahai-inguruak, eztabaidak, eta abar.... horrek ere esku hartzen dugun komunitateekin harreman handiagoa izan behar du. Egunkarietan idaztea, hedabideetan esku hartzea zenbait kasutan nekagarria gertatzen bada ere, nire ustez oso garrantzitsua da eta horrekin batera ere, ezagutzaren izaera soziala esan dioten hori. Nola topatu hurbilketa hori gauzatzeko bideak ezagutza zabal dadin, testuinguru eta esparru akademikoetan soilik gera ez dadin alegia. Eta nik uste dut emakumeon parte hartzea hedabideetan are handiagoa izan beharko lukeela. Batez ere ezagutzan ditugun gaiak jorratzeko eta aztertu ditugun gaien inguruan hitz egiteko. “Hiritar kontzientzia izatea ez da noizean behin protesta egitea, aitzitik gaien inguruko berriak jarraitzea da, parte hartzea, jendearekin hitz egitea, irakurtzea, hedabideak modu kritikoan entzutea”.

Biok zuen ibilbide profesionaleko zati bat hezkuntza munduan landu duzue. Zer iritzi duzue hezkuntza egitasmoetan ezagutza humanistikoak jasan dute bazterketa dela eta?

JMH: Oro har, paradoxa hutsa da. Pertsonen inguruan hitz egiten dugunean, pertsonekin lan egiten dugu, pertsonak gara, nolabait pertsona bera erdigunetik atera egiten dute. Azken boladan teknologia, ingeniaritza eta robotikarekin lotuta dauden lagunekin lan egin behar izan dut, hau da, teknologia arloan guztiz murgilduta dauden pertsonekin, eta ez dut nik bakarrik esaten, beraiek ere gauza bera esan baitzidaten. Askotan teknologia hori zertarako erabiltzen den jakin eta ulertzeko beharra sentitzen dute, baita horren erabilera ez ere. Kontua da bere lana askotan diseinatzea dela, modu abstraktuan pentsatzea, irtenbide teknologikoak topatzea eta guzti hori oso mundu mugatuan eta itxian murgilduta. Horregatik, prototipo baten inguruko ideia gauzatzen saiatzen direnean, baliabide teknologi berria diseinatu dutenean, harrituta geratzen dira jendeak ez duelako erabiltzen, jendeak ez du ulertzen eta noski ... norentzat diseinatu da hori? edota zein zeukaten buruan hori diseinatzerakoan? Kontua da askotan ahaztu egiten dugula pertsonekin edota pertsonentzat lan egiten dugula. Niretzat paradoxa hutsa da. Azkenean, pertsonak izanik hainbat dimentsio, jokamolde, jokabide ditugu, baina ezin dugu ahaztu, oro har, dimentsio hori horrelakoa dela nolabait horixe delako geure izaera bera.

TV: Bai, gainera munduak norabide ezberdinetan aurrera egiten duela kontutan izanik, ez baitu beti bide bakarrari eusten. Noranzko bakarra mantentzea nire ustez akatsa litzateke, azkenean kolpe latza hartuko baituzu, ziur baietz. Gauzak alde batera uzteko joera hori, hau da, pentsatzea, hausnartzea, galderak egitea, loturak ikustea, elkarbideak sumatzeak duten garrantzia ez ikustea. Berez, gaurko munduan benetan zerbait garrantzitsua bada horixe da. Nik esango nuke, adibidez, antropologia artearekin lotu beharko genukeela, artea arkitekturarekin, arkitektura medikuntzarekin, medikuntza historiografia izan daitekeenarekin, ... berez unibertsitateetan xedea aniztasun handi hori agerian jartzeko joera sustatu behar dutela, espezializazioarekin batera. Beraz, pentsamoldea, historia bera hornitzen duena eta hornitu duena alde batera uztea, burutu diren astakeriak, kontua da ezin duzula hori guztia alde batera utzi. Zera egin beharko zenuke, zer ikasi dugu horren bitartez eta nora eraman gaitu? eta zein dira eman beharreko urratsak une honetan bizi dugunarekin bat egiteko. Eta hain ondo azaldu duzun bezala, teknologia berriei arreta berezia eskaintzea, oso garrantzitsuak baitira. Baina gizateriak berak denboran zehar, eta une ilunetan eta argitsuenetan ere, jorratu izan duen ondarearekin bat eginez.

JMH: Ezagutza bera zatitzeko ideia bezalakoa da, berez errealitatea askoz malguagoa izanik. Edozein pertsonaren bizitzan zehar gertatzen den elkarlotura, edozein elkartean, edozein gizartean. Errealitatean loturak askoz anitzagoak dira. Nire ustez, ezagutzak, hainbat arrazoi direla medio, zatiketa horretara jo du. Nolabait, esparru murritzagoak sortu ditu, mugatutako arloak alegia, baina zorionez, errealitatea askoz konplexuagoa da, askoz arinagoa eta lotura anitzak ditu. Errealitate beretik abiatuta ez baldin baditugu gako horiek atzematen, zaila gertatzen da diagnostiko egokiak burutzea edo geure burua aberastea. Bizitzak berak eskaintzen digun aniztasunaz ikasi behar dugu.

TV: Horrek niri zera ekartzen dit burura, lehenengo galderan komentatu duguna, gaur egun zein litzatekeen antropologiaren papera alegia. Antropologiak aniztasun hori xehetasunekin uztartzen du, eta orduan berau ere aplikatu egin daiteke ezagutzaren aldaketa handi horietan ez ezik, baita aldaketa xume eta xeheetan ere.

Euskara eta euskal kulturaren egoera dela eta, zer etorkizun izan dezake hain kultura txikiak gero eta bateratuagoa dagoen halako munduan?

JMH: Beno, nire ustez alde batetik argi dago gauza guztiak bateratu eta homogeneizatzeko joera bat dagoela, baina antropologiatik abiatuta badakigu aniztasuna dela gailentzen dena. Beraz, gure kasuak hainbat berezitasun izan dezake, ezberdintasunak, baina aldi berean beste hainbat kultura eta errealitateen kasu bera da. Gainera hortxe daukagu gauza guztiak bateratu eta homogeneizatzeko joera hori, baina aldi berean berezia izateko nahia eta asmoa ere aintzat hartu behar dugu. Ezberdina denak erakarri egiten gaitu. Horrela, tentsioa sortzen da homogeneizazio prozedura horiek direla medio. Hainbat kasutan kolonizazioa gertatzen dela esan dezakegu, kontzientzia edo kulturen kolonizazioa alegia, baina azken finean aniztasunak erakartzen gaitu. Aniztasuna bilatzen dugu, ezberdintasuna. Tentsio hori hortxe dago, betidanik egon da eta nik uste dut hortxe segituko duela.

TV: Nik uste dut oso aberastasun handia dela eta Jonek aipatzen duen tentsio antzeko hori, guztiz garrantzizkoa da. Berez, tentsioa negatiboa izan daiteke, baina positiboa ere gerta daiteke, eta aldi berean sortzailea. Duela gutxi esperientzia bat izan nuen, eta Jone, zu zeu garrantzitsua izan zinen halako hartan... gonbidapena luzatu baitzenidan edo bidea ireki zenuen azken "bertso txapelketarako" gonbidapena lortzearren. Ez dut inoiz ahaztuko gutxiengoaren kultura izatearen inguruko sentsazioa, hizkuntza txikiak sor zezakeen zirrara eta giroan bertan sumatzen zen elektrizitatea antzeko hori. Gutxiengoen hizkuntzak oso garrantzitsuak dira emozioak eta adierazpenak interpretatzerakoan sumatzen den aniztasuna agerian uzten dutelako. Eta horrez gain, sorkuntza eta jokabide mailan izan dezaketen isla ere aintzat hartu behar dugu. Nire ustez, tentsioa bere horretan mantentzeak, baina alderdi positiboei helduz, alor berriak menperatzera eramango gaitu. Gauza bera ikus dezakegu euskaraz irakasten den antropologian, duela hainbat urte ezinezkoa bazirudien ere, hau da, komunikazioa eta sorkuntza aberatsen duela. Hizkuntza aniztasunaren muinean pentsamolde berriak sortzen dira. Arlo horretan badakit zuk oso paper garrantzitsua duzula.

JMH: Nire ustez, tentsio hori, eta tentsio sortzailea bera ere, gure kulturan bertan historian zehar hortxe izan dugu eta egun ere gure artean daukagu, beste kulturetan gertatzen den bezala. Hori garrantzizkoa da, tentsio hori bere horretan mantentzea eta batez ere horren irakurketa sortzailea. Eta aldi berean gure egoera irakurtzen jakitea, zenbait arlotan beste kulturen baino hobea baita, eta beste eremuetan okerragoa alegia. Gauza guztiak bateratzeko indar horien gainetik, ezberdina denak eragiten duen erakarpena hor dagoela garrantzitsua da. Ezberdintasunaren aberastasuna. Nire ustez, tentsio hori, bere horretan mantentzen bada, eta horren alderdi sortzailea jorratzen bada guztiz interesgarria suerta daiteke. “Gainera hortxe daukagu gauza guztiak bateratu eta homogeneizatzeko joera hori, baina aldi berean berezia izateko nahia eta asmoa ere aintzat hartu behar dugu. Ezberdina denak erakarri egiten gaitu”.

“Laztura ekonomikoaren” aurrean denok nahiago izango genuke “giza itxurazko ekonomia”. Zer iritzi duzue bizi dugun egoeraren inguruan, merkatuen menpe gauden egoera honen aurrean alegia?

TV: Nire ustez ekonomiaren inguruko hausnarketaren oinarria herritarrek beraiek izan behar dutela. Eta une honetan, ezin gara ezkutatu, eta ezin dugu egoera honen aurrean sentitzen duguna adierazi gabe utzi, hain handia irudikatu digute, geure burua txikitzat hartzen dugula. Ni ez naiz ekonomialaria baina errealitatea baten muinean bizi naiz eta beste hainbat lagunen errealitatea ikusten dut. Nik uste dut une honetan benetako oinarria pertsonak berak direla. Eta pertsona horiek dira, eta etxeetako lagunak eta talde handiagoak, ekonomiaren oinarria izan behar dutenak. Jarraian horren mugak zabalduko ditugu. Gehiengoaren ongizaterako ekonomiaz hitz egiten dute, pertsona helburu duen ekonomia alegia. Horixe da egun sumatzen dugun ekonomia eta nik esango nuke ezin dugula ekonomiaz hitz egin burutu dituzten gehiegikeri ekonomikoak aipatu gabe. Ezin ditugu alde batera utzi, inolaz ere ez, botereak egindako gehiegikeriak etekinak erdiesteko. Nonahi kopuruen gaineko datuak irakurtzen dituzunean, argi dago ezin direla alde batera utzi. Nire ustez arreta esparru horretan jarri behar dugu, hau da, etxerik gabe geratu diren lagun horiek buruan dituzten herritar arduratsuetan. Aintzat hartzen dituzte egun batetik bestera lanik gabe geratu direnak, hilero larri xamar ibiltzen diren lagun horiek. hauxe da niri benetan kezkatzen nauen ekonomia eta bereziki azpimarratu nahi dudana. bestelako ekonomiaz hitz egiterakoan galdu egiten naiz, ez baitago nire esku. Hori kritikatu egin dezaket, bai, baina ezin dut benetan merezi duen errealitatearen baitan jarri.

JMH: Nik uste du interesgarria dela tarte hori nola sortzen denaren inguruan pentsatzea eta hausnarketa burutzea. Berez, tarte horrek ezintasuna eragiten du eta hori interesgarria da. Pentsa dezakegu, gaizki edo "ondo" pentsatu hain zuzen, berez horretarako bereziki sortzen den tartea edo distantzia dela. Ulertzen ez dugun eta eskuetatik ihes egiten digun ekonomiaz hitz egiten dugunean, nik uste dut gehienok, eta zerbait guztiz abstraktua eta mundu mailako dela esango nuke, gero eta txikiagoak sentitzen gara eta horrek aldi berean ezintasuna eragiten du. Eta hortxe dago tranpa edo azpijokoa, kontzeptu eta xede horiek sortzean alegia. benetan egunerokoa eta guztiz arrunta den zerbait baldin badaukagu hori ekonomia bera da, baina egunero bizitza aurrera atera behar dugun lagunok esku artean bizi eta ulertzen dugun ekonomia. Bat batean, hainbat kontzeptu eta hitzen bitartez halako irudia osatu dute, hau da nork sortzen da, nola eta zer testuinguruan? Berez, gauzak desaktibatzeko eragin hori sortzen du, benetan txikia sentiarazten gaitu, eta gainera ezin duzula ezer egin sentitzen duzu, zerk eragiten du guzti hori? Lehen aipatu dugun bezalaxe, intelektualok, politikariek dikotomia antzeko hori sorrarazten dugu, sailak antolatzen ditugu eta horrekin batera frustrazioa eta geldotasuna non-nahi sortzen dira. Guk geuk ezer egiteko gai ez garela uste baitugu. Horretan pentsatzea interesgarria da, hori guztia nola sortzen den, ekonomiaren inguruko ideia hori. Okerrena zera da jakin badakigula dena askoz hutsalagoa dela, egunerokoa eta arruntagoa dela.

TV: Eta guzti horri helduz, nire ustez ondare publikoa zer den zehaztearren hausnarketa behin eta berriro burutzea garrantzizkoa da. Dirudienez egun publiko izaera bera zalantzan jartzen dute, eraso ugari jasan ditu, deuseztatu nahi duela baitirudi. Nire ustez, une honetan giza eskubideen ikuspuntutik, hiritarren ikuspuntutik, esparru publikoaren inguruko hausnarketa hortxe daukagu eta horri zer balio ematen diogun, nola zaintzen dugun, zer eskatzen diogun eta nola baloratzen dugun hurrengo belaunaldiei berau eskaintzearren. Nire ustez hori gure esku dagoen erantzukizuna da. Ez dugu pentsatu behar agortu dezakegula, aitzitik berau nola areagotu pentsatu behar dugu gure ondokoei era atseginean eskaintzearren.

JMH: Bai, gutxitan sentitzen baitugu publikoaren parte garela. Gure kasuan, adibidez, hezkuntza publikoko arloan lan egiten dugun heinean, baina kontsumitzaileak ere garen neurrian, gure zati bat, eguneroko lanaren zatia, gure bizitzarena publikoa dela eta batzuetan ez dugu hori aintzat hartuz pentsatzen, hau da, izaera publiko horren partaideak garela.Teresa del Valle (Donostia, 1937) Irakasle eta ikerlari jardun du zenbait unibertsitatetan: Guam-en (“Instructor”, “Researcher”, 1971-72), Princeton-en (“Visiting Felow”, 1986) eta Nevada-Reno Unibertsitateko Basque Studies Programan (1985-1991). Estatu Batuetan hainbat urte eman ondoren, 1979an itzuli zen eta UPV/EHUrekiko harremana hasi zuen. Gizarte Antropologia irakasteko kontratatu zuten lehen pertsona izan zen. Bertan 1984. urtean antropologia feministaren alorreko lehen ikastaroa eman zuen ‘Diferenciación y jerarquización sexual’ izenburupean. 1988. urtean UPV/EHUko Gizarte Antropologiako lehen katedra lortu zuen. Urte hartan ere Gizarte Antropologiako Saileko zuzendari izendatu zuten. Emakumearen Ikerketen Mintegia sortu zuen 1981ean, eta haren zuzendaria izan zen 1990tik 1994era eta 1992tik 1994ra. EASAko (European Association of Social Anthropologists) sortzaileetariko bat izan zen, eta haren lehen presidenteordea. Eusko Ikaskuntza erakundean ere Gipuzkoako presidenteordea izan zen (2006-2010). Doktoretza-ikastaroak, bestelako ikastaroak eta euskal antropologiari buruzko hitzaldiak eman izan ditu hainbat unibertsitatetan, bai Europan bai Estatu Batuetan. Teresa del Valle UPV-EHUko Gizarte Antropologiako katedradunak Mikronesia eta Euskal Herria izan ditu ikergai hainbat gaietan: antropologia feminista, antropologia politikoa, erritualak, gizarte aldaketa, baita espazio eta denbora kategoriak ere, hurrenez hurren. Irakaskuntza eta ikerketa uztartu izan ditu Teresak. Bere ikerketak, Euskal Herrian, Hawaiin, Mexikon eta Iparramerikan garatu ditu, batik bat. Esan bezala, espazio eta denborarekin zerikusia duten gaiak landu ditu bereziki, besteak beste: jabetza eta ahaidetasunari buruzkoak; etnizitatea eta erritualak; sozializazio berrien eragina harreman eta egitura paritarioetan; eta, emakume eta gizonen botereari buruzko teorizazioa. Bere ikerlari- eta irakasle-lanei esker Emakunderen Berdintasunari Saria eman zioten 2010. urtean. Gaur egun EHUn Gizarte Antropologiako katedradun emeritua da. Jone Miren Hernández García Informazio Zientzietan eta Gizarte eta Politika Zientzietan lizentziatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU). Bere doktorego tesia 2005. urtean defendatu zuen UPV-EHUko Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologia Sailean, ondorengo izenburua zuelarik: “Euskara, comunidad e identidad: elementos de transmisión, elementos de transgresión”. Lan honek Espainiako Kultur Ministeritzak ematen duen “Marques de Lozoya” delako sari nazionala jaso zuen. Gizarte-ikerketako teknikari gisa lan egin zuen, aholkularitza eta merkatu-azterketen esparruan, eta gero berdintasunerako teknikari bezala aritu zen Tolosako Udalean (Gipuzkoa). Gaur egun Gizarte Antropologiako irakaslea da UPV-EHUan. Hainbat argitalpenen egilea da eta gai ugariko proiektuetan parte hartu du. Dena den, bere ikerketa-ildoak batik bat hizkuntza-antropologiarekin eta antropologia feministarekin daude lotuta. Azkenengo lau urteotan bertsolaritzak protagonismoa hartu du bere ibilbide zientifikoan, eta horren adibidea dira tarte honetan egindako argitalpenak, komunikazioak, etabar. Feminismoa, generoa, emozioak, gorputza... bezalako gaiak ditu interesgune egun. Hortik ari da garatzen bere begirada, bai bertsolaritzari, bai euskal kulturari orokorrean.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

Précédents

Gurutz Jáuregui. Zuzenbide Konstituzionaleko katedraduna: Humanitateak eta Gizarte Zientziak jorratzen ez dituen mundua gaixorik dagoen gizateria da

 

Irakurri

Daniel Innerarity. Filosofoa: Ona litzateke intelektualek politikan gehiago lagunduko balute

 

Irakurri

Francisco Castilla Urbano. Ideien historialaria: Julio Caro Baroja jakinduria trinkoko gizona izan zen, hori bere ikuspegi pertsonalarekin uztartuz

 

Irakurri

Arantxa Urretabizkaia. Idazle eta kazetaria: Euskal literatura bere historia osoan egon den momenturik hoberenean dago

 

Irakurri

Adelaide Daraspe. Euskaldunak Quebeceko lehendakari ohia: Lan handia egiteko gelditzen da munduko eta Euskal Herriko euskaldunak hurbiltzeko

 

Irakurri