Urteko galdera

Hannot Rodríguez / Euskal Herriko Unibertsitatea UPV/EHU, Filosofia Saila

15/02/2017

Hannot Rodríguez / Euskal Herriko Unibertsitatea UPV/EHU, Filosofia Saila

Gizatasuna gaur egun: hausnarketa batzuk

Gaur egungo, XXI. mendearen bigarren hamarkadako gizatasunaren bereizgarriak zeintzuk diren azaltzea ausarkeria bat besterik ezin du izan. Auskalo gizakia zer den, izan gaur, atzo, edo herenegun. Noski, horrek ez du esan nahi gizakiari buruzko hausnarketak egin ezin direnik, eta ezta hausnarketa horien harira bereizgarri jakin batzuk identifikatu ezin direnik ere. Hori bai, beti ere eremu zehatz batzuei erreparatzen ari gatzaizkiela onartzen badugu-eta, hortaz, bestelako aukeraketa zilegiak egiterik badagoela onartuta. Izan ere, zeintzuk dira gizatasunaren ezaugarriak identifikatu eta azaltzeko aintzat hartu beharko genituzkeen dimentsioak? Biologikoak ote? Psikologiko edo kognitiboak? Sozialak edo kulturalak? Politikoak? Estetikoak? Eta horien guztien arteko harremanei nola heldu beharko genieke? Eta abar. Hori alde batetik. Izan ere, eta saiakeratxo honen izenburuari lotuta, badirudi "gaur-egungo-gizatasuna" delako horretaz hitz egin dezakegula, eta, are gehiago, hitz egin beharko genukeela. Noski, gizakia ez da bat eta bakarra izan historian zehar. Garaiz-garai bereizi egin gaituzten ohitura, sinesmen, botere-harreman, edota ezagutza-maila desberdinak izan ditugu, eta horren gaineko kontzientzia badugu. Beste hitzetan esanda, ez dago gizaki izateko modu bakarra, eta hori historiak, denborak, erakusten digu. Baina ez historiak bakarrik. Izan ere, kulturen arteko desberdintasunek agerian uzten dituzte gaur egungo gizatasunari buruzko erantzun uniformea emateko zailtasunak. Nolatan berdindu daitezke mundu zabalean diren era askotariko kultura eta gizarteetako gizakien zirkunstantziak eta esperientziak? Eta areago: ez al da ba problematikoa era berean "gizakia" kategoria baliatzea bere baitan konplexua eta "mundu bat den" subjektu indibidualari buruz gagozkiola? (Noski, beti ere kategoria horrenpean oinarrizko ezaugarri komun eta bereizgarriak badirela uste badugu behintzat, izan uste horiek berezko natura/izaerari buruzkoak edo garai historiko eta/edo zirkunstantzia sozio-politiko jakin batzuen baitakoak.) Era berean, baina, badirudi gai garela "bestea" ulertzeko. Horrek, nagusiki, azalpen bat dauka: era jakin batean eboluzionatu dugun animalia espezie bat gara. Konfigurazio material horrek berdintzen gaitu. Gizakiaz hitz egiteak gizakiaren gorputzaz hitz egitera behartzen gaitu, eta horren arabera saiatu ulertzen zer garen, zer egiteko gai garen, baita mugak zeintzuk ditugun ere. Animaliak garen heinean, konstituzio biologiko jakin bat duten animaliak, animaliatasun hori aintzat ez hartzeak gizatasunaz ezer gutxi esan ahal izatea eragingo du halabeharrean. Funtsezko gizatasun horrek, partekatutako espezie izaera horrek, hortaz, "itzulpenaren" aukera ahalbidetzen du: komunikazioa posible da, izan banakoen, gizataldeen, edo garai historiko desberdinen arteko banako eta gizataldeen artean. Esaterako, zer partekatzen dugu Antzinako Erromako nekazari batekin? Edo Julio Zesar batekin? Ba funtsezkoa den zerbait: gizatasuna. Hori dela eta, iraganeko pertsonen ikuspegitik gizaki izateak zer esan nahi zuen antzeman ahal izateko gai garela barneratuta dugu. Guk bezala, haiek ere apetak, beldurrak, gorrotoak, ezintasunak, itxaropenak, helburuak... izango zituzten. Hots, gizakiak ziren, eta horregatik hain zuzen da posible haiek ulertzea edo, behintzat, haiek ulertzea posible dela (hein batean, bederen) uste izatea, eta uste hori zilegi dela gutxieneko ziurtasun batez esan ahal izatea. (Garaikideak diren "arrotzen" arteko komunikaziorako aukera badagoela arrazoiketa bera baliatuz justifika daiteke.) Hala ere, horrek guztiak ez gintuzke saiakeratxo honen berezko aztergaiari muzin egitera bideratu beharko. Helburua gaur egungo gizakiaz zerbait esatea da. Eta "zerbait" hori azpimarratu nahiko nuke, halabeharrez izan behar duelako gure azterketak izaera partziala, izan aztergaiaren eremua bera aukeratzerakoan, zein eremu horren gaineko irakurketa eta interpretazioei dagokienean ere. Era berean baina, gizakiaren berezko berdintasunari buruz esandakoak ez zaizkio kontzeptualki (eta ontologikoki) arrotzak desberdintasunen hausnarketari. Gaur egungo gizakiaz hitz egiterik baldin badago, berau berez aldakorra dela onartzen ari gara. Baina era berean, izaera aldakor hori oinarrizko "materialtasun" baten baitan ematen da. Alegia: gaur egungo arazoek "gauregunekotasun" bat izango dute, baina beti ere gaitasun eta zailtasun kognitibo, instrumental eta enpatiko oinarrizko batzuk dituen (eta izan(go) dituen) gizakiarentzat. Hausnarketa horri lotutako diagnosiak parada ematen dit nire ustetan gaur egungo gizatasunaz aritzeko erabili beharko genukeen estrategia zehazteko. Arazoetan zentratu beharko ginateke, erronketan-nahiz eta jakin arazo/erronka horiek ez daudela erabat emanda, nolabait konbentzionalki hartzen baitute "arazo"estatusa. Erronkak era askotarikoak dira: ingurugiroari lotutakoak, ekonomikoak (langabezia, pobrezia, ...), bidegabekeri sozialen harira sortutako era askotariko gatazkak, eta abar. Arestian aipatu erronka horietako batzuk beste batzuk baino garaikideagoak dira-hots, esklusiboki garaikideagoak. Adibidez, aldaketa klimatikoa bete-betean garai baten erakusgarri da (nahiz eta haren erroak mendetako historia duen Industria-Iraultzaren argitzean kokatzen diren). Beste bat hondakin nuklearren auzia litzateke. Izan ere, hondakin erradioaktiboak milaka eta milaka urtez gordeko lituzketen lur-azpiko gordailu iraunkorren bideragarritasuna zalantzazko zerbait bilakatzen da. Nolatan ziurtatu dezakegu hondakin horiek gordailu horietan modu seguru batean egongo direla hainbesteko denbora luzez? Sinestatuta al gaude hori ziurtatzerik badugula? Edo akaso ez dugu "sinestea" beste alternatibarik? Izan ere, hondakinak egon badaude, eta horiekin zerbait egin behar izateak zerbait egin ahal dugula uste izatera garamatza akaso... Auzi horrek, funtsean, eta nire iritziz, gure muga kognitibo eta instrumentalak agerian uzten ditu, baina baita gure harrotasuna (ditugun ahalmenei lotutakoa) ere. (Hala ere, agian kasu honetan arazoak ukatuz egonkortasun psikologikoa eta soziala erdiesteko askotan erakusten dugun joera litzateke nagusi, ustezko harrotasunaren gainetik.) Badira bestalde erabat unibertsalak diren erronkak, esaterako heriotza. Horra hor arazo handi bat-edo Arazoa. Norbaitek esan zezakeen heriotzaren aurreko sentipenek ez dutela aldaketarik pairatu gizakia gizaki denetik, bai ordea hari aurre egiteko modu kulturalak, non badirudien mundu ikuskera erlijiosoak paso egin diola (testuinguru geografiko batzuetan beste batzuetan baino gehiago) azalpen materialista-zientifikoei. Zientziak, egiazki, rol azaltzaile nagusia eskuratu du gurean. Baina baita ere berebiziko garrantzi instrumentala termino sozio-ekonomikoetan. "Berrikuntza" deritzoguna, gure gizarteen ongizate eta garapen iturri lez errepresentatzen ditugun ezagutza zientifikoak eta teknologikoak ordezkatzen dute. Berrikuntzak bere arazo propioak sortzen ditu: etikoak, ingurugiroari eta osasunari lotutakoak, eta abar, baina era berean gaur egungo (eta etorkizun hurbileko) auzi sozio-ekonomiko eta ekologiko garrantzitsuenei heltzeko giltzarritzat ere hartzen da. Hori da hain zuzen berrikuntzaren gaineko diskurtso eta politika instituzionalek aldarrikatzen dutena: berrikuntzaren garrantzia eta hura sustatzeko beharra, horretarako ahalik eta bitarteko handienak baliatuz. Ezagutzarekiko, aurrerapenarekiko, berrikuntzarekiko lotura edo apustu horrek gure aroa ere ezaugarritzen du bada. Eta, funtsean, adierazten duena gizakiarekiko, bere ahalmen eta botereekiko, konfiantza, auto-konfiantza bat da. Bera nagusitu zaio munduari. (Bereziki modu generikoan hitz egiten ari naiz orain, jakitun izanda testuinguru desberdinetako gizakien gaitasuna ez dela neurri berekoa.) Hura ezagutu, kontrolatu, baliatu, ustiatu du. Ezagutzen eta tresnen bitartez mundua bereganatu du. Era berean, baina, bere gain hartu du munduko ia gertaera guztien ardura. Naturarik (hots, kanpo naturarik) jada ez dagoen honetan, dena da manipulagarri (gizatasuna barne-ikus "transhumanismoa"), eta hein horretan gizakia absolutuki erantzule bilakatu. Giza arduraren izaera zeihar horrek, baina, arduraren objektu oro erdiesteari buruzko aukeraren gaineko eszeptizismoa indartzen du era berean. Hondamendi ekologikoa saihestearen (edo, behintzat, ahal den neurrian balaztatzearen) alde agertzen gara, eta horretarako bitarteko zientifiko-tekniko-ekonomikoak aldarrikatu. Baina ba al dago auzi horren inguruko gure itxaropenak erdiesterik? Arduraren jakitun izateak, eta horren arabera jokatzeak, ez du esan nahi gure buruak gure ezintasuna onartzera behartuta ikusiko ez ditugunik. Boteretsu eta ahul. Jakintsu eta ez-jakitun. Era berean. Gizakiaren anbibalentzia. Berebiziko boterea eskuratzearekin batera indargabe ageri den animalia. Eta are indargabeagoa izango dena baldin eta ez baditu modu zintzoenean bere ahalmenak zintzoki adostutako mugen galbahetik iragazten.

Gehiago sakontzeko erreferentzia batzuk

Saiakera honetan zehar oso era azalekoan aritu gara gizakiaz eta gizatasunari lotutako auzi jakin batzuez. Gehiago sakondu nahi duenak badu aukera ona ondorengo erreferentzietan (eta hemen zerrendatzen ez diren beste hainbatetan ere, noski). (Jatorrizkoak eskaintzen ditut; horien arteko batzuk beste hizkuntzetara itzuliak izan dira): Ayala, F. J. (2016). Evolution, Explanation, Ethics and Aesthetics: Towards a Philosophy of Biology. Londres et al.: Academic Press. Azurmendi, J. (2016). Gizabere kooperatiboaz. Donostia: Jakin. Berlin, I. (1997). The Proper Study of Mankind: An Anthology of Essays (H. Hardy eta R. Hausheer, argit.). New York: Farrar, Straus and Giroux. Chomsky, N. (2016). What Kind of Creatures are We? New York; Chichester: Columbia University Press. Dawkins, R. (2006). The God Delusion. Boston: Houghton Mifflin Co. European Commission (2011). Horizon 2020. The Framework Programme for Research and Innovation, COM (2011) 808 final (30.11.2011), Brusela. Fuller, S. (2011). Humanity 2.0: What it Means to be Human Past, Present and Future. Basingstoke; New York: Palgrave Macmillan. Giddens, A. (2009). The Politics of Climate Change. Cambridge; Malden, MA: Polity. Madsen, M. (zuz.) (2010). Into Eternity (film dokumentala). Danimarka (75 min.). Pinker, S. (2002). The Blank Slate: The Modern Denial of Human Nature. New York: Viking. Reggio, G. (zuz.) (1983). Koyaanisqatsi: Life Out of Balance (film dokumentala). Ameriketako Estatu Batuak (85 min.). Shrader-Frechette, K. (2011). What Will Work: Fighting Climate Change with Renewable Energy, Not Nuclear Power. New York: Oxford University Press.
Partager:
Facebook Twitter Whatsapp

AUTRES RÉPONSES EN 2017