
Immigrazioak fenomeno bat baino, historian zehar behin eta berriz errepikatu den errealitatea da eta etorkizunean ere errepikatuko dena. Bestalde, nortasun eta identitateari dagokionez, badago gizabanakoaren nortasuna (gutako bakoitza gauza asko gara eta garen hori ere aldatzen doa) eta badago nortasun/ identitate kulturala/kolektiboa eta hau bestearekin dugun harremanean eraikitzen da. Herri identitatea beraz, finkatu behar ez genukeen kontzeptua bezala ageri da, aldakorra delako eta osatzen duten pertsonen artean eraikitzen delako.
Hemen kulturartekotasun eta aniztasunaren kontzeptuek hartzen dute protagonismoa, errealitatean kudeatzeko erronka interesgarri eta apasionanteak sortzen direlarik.Gai sakon eta korapilatsu honetan Datorkigunea osatzen duten Euskal Herriko 40 gazteek hezkuntza, elkarbizitza, lan eta administrazio eremuetan hainbat proposamen egin dituzte.

