What can Basque universities do to build social and territorial cohesion? With this question, 25 university experts participated in a guided process of reflection. Throughout the analysis the main features of historic development, the current situation and the future prospects of a Unified Basque Space for Higher Education and Research in Euskal Herria.
Gizarte eta Lurralde kohesioa unibertsitateen ikuspegitik: errealitateak eta erronkak
Social and Territorial cohesion from the perspective of universities: realities and challenges
1. Sarrera
Eusko Ikaskuntzaren Hezkuntza Batzordetik Euskal Hezkuntza sistema: etorkizuna elkarrekin lantzen jarduna garatzen ari da 2019tik (Eusko Ikaskuntza, 2024a). Xede nagusia hezkuntza sistemen egoera aztertu eta gerorako proiekzioa modu partekatuan egitea izan da, gizarte eta lurralde kohesioaren eraikuntzan arreta berezia jarriz. Izan ere, azken hamarkadan gertatzen ari diren aldaketa demografiko, sozial, teknologiko eta politikoak euskal jendartean eragina izaten ari dira eta horren inguruan azterketa zehatzak eta partekatuak behar dira, kontzeptu berriak berraztertuz. Eusko Ikaskuntzaren XIX. Kongresuak ere hala iradoki du:
“gizarte-kohesioak behartzen gaitu Euskal Herrian bizi diren pertsonen errealitateari buruz hausnartzera, aniztasunari, kulturartekotasunari edota bizikidetzari buruz; eskubideei eta betebeharrei, konpromisoari eta elkarrekikotasunari buruz” (Eusko Ikaskuntza, 2024b).
Aipatutako ekimena urte batzuetako jarduna den heinean, fase desberdinak bereiztu daitezke baina ez da gure asmoa denak aztertzea. Gure arreta azken emaitzetan jarriko dugu zeren hezkuntza errealitateari modu orokor eta abstraktuan heldu beharrean, hurbilpen zehatzago eta sakonagoa jasotzen baitu. Horrela Euskadiko Autonomia Erkidegoan, Nafarroako Foru Erkidegoan eta Iparraldean indarrean dauden hezkuntza etapak (Hau eta Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa, Lanbide Heziketa eta Goi-Mailako Hezkuntza) modu berezituan aztertzeko bidea hartu zen. Izan ere, etapa bakoitzak bere berariazkotasunak ditu hezkuntzaren ikuspegitik eta, alde horretatik, antolamendu administratibotik harago gai eta kezka partekatuak egon daitezkeelako hipotesitik lan egin da. Artikulu honetan, zehazki, Goi-Mailako Hezkuntzari erreparatuko diogu eta gai honekin lotutako pertsona desberdinen artean aztertu diren egoerak eta aukerak azalduko ditugu.
Ikerketa hau 2023.eko irailetik 2024.eko urria bitartean garatu da, artikulu honen egileen koordinaziopean. Euskal Herriko Unibertsitateko, Nafarroako Unibertsitate Publikoko, Mondragon Unibertsitateko, Euskanpus Fundazioko, Akitania-Berria, Nafarroa eta Euskadi Euro-eskualdeko eta UEUko 25 pertsonek parte hartu dute, modu iraunkorrean edo puntualean, aurrera eraman diren zazpi lan saio birtual eta presentzialetan. Koordinatzaileek ezarritako eztabaida puntuek kontsentsuetarako ideia batzuk eraikitzeko aukera zabaldu dute eta handik abiatuta, koordinatzaileak dokumentu bat idazten joan dira eta saioz saio interpretazioa balidatzen joan dira. Artikulu honetan aurkezten dena ekarpen hauetan oinarrituta dago, egileen azken sintesiarekin osaturik.
Lanaren abiapuntua eta helmuga gizarte eta lurralde kohesioan jarri zenez gero, hauen eraikuntzari unibertsitateek zein ekarpen egiten dioten eta egin beharko lioketen galdetu diogu buruari. Ariketa zehatza da, egungo errealitatearen azterketatik abiatuta modu induktiboan eraikitako analisia, ikuspegi anbiziotsuak baina aldi berean pragmatikoak gidatuta. Gogoeta hau modu orokorrean egiteaz gain unibertsitateek inguruan ditugun hezkuntza sistema ez-unibertsitarioei nola lagundu diezaioketen hausnartzeraino ere eraman gaitu.
Nolanahi ere, ezer baino lehen gizarte-kohesioa kontzeptuaz iruzkin txiki bat egitea merezi duela uste dugu. Izan ere, 90. hamarkadatik aurrera, nazioarteko agentziek edota Europako Kontseiluak gizarte-kohesioa helburu jarri dute merkatuarekin lotutako erreformek herritarren konfiantza eta pertenentzia sentimenduak elikatzen dituzten komunitate harremanak eta sozializatzeko erak ahultzen ari direla atzematen hasi denean. Izan ere, ekonomiaren eraginkortasuna ez omen da nahikoa jendarte batean datzana esplikatzeko eta gizarte- kohesioa kontzeptua dator, hein batean, hutsune hori betetzera.
Europan gizarte-kohesioaz mintzo denean, komunitatea osatzen dutenen arteko batasuna, hurbiltasuna eta elkartasuna ahalbidetzen duten osagaiak azpimarratzen dira. Honela gizarte-kohesioa zera da:
"gizarteak kide guztien ongizatea, eskura dauden baliabideak ekitatez eskuratzea, giza duintasunarekiko errespetua, aniztasuna, autonomia pertsonala eta kolektiboa, parte-hartze arduratsua eta desberdintasun sozial eta ekonomikoak ahalik eta gehien murriztea barne, polarizazioa saihestea" (Europako Kontseilua, 2005).
Oro har, gizarte-kohesioak konfiantza, inklusioa, identitate eta moral komunak, pertsonen arteko lankidetza eta pertenentzia-zentzua barne biltzen ditu (Lanzi, 2011). Ideia hauek Euskal Herrira ekarriz gero, aipatutakoaz gain euskarari eta euskal kulturari ere arreta jarri behar diegu, zeren osagai amankomunak baitira eta jende desberdinen arteko lankidetza eta pertenentzia zentzua elikatzeko lehengaiak.
Gizarte-kohesioaren gakoak pertsonen eta kolektiboen ongizatean eta horrekin lotutako lankidetza eta pertenentzia-zentzuan jartzen baditugu, nolako ekarpena egiten diote helburu honi unibertsitateek? Nolako harremanak eratzen dituzte euren artean hori lortzeko? Zein toki du agertoki honetan euskarak, jakinda partzialki bada ere batzen gaituztenak hain zuzen ere kultura eta hizkuntza direla?
Galderoi erantzuteko egindako gogoetak, ekarpenak eta adostutakoak analisi logika baten baitan ezarriko ditugu. Interpretazio hau zazpi ataletan dago banatuta. Lehenik egun Euskal Herriko unibertsitateen ezaugarriak bildu ditugu, esku artean dugun langaiaren nondik norakoez eta tamainaz ohartzeko. Bigarrenik atzera begira egindako ibilbidea aztertu eta aurrera begira jadanik ezarrita dauden marko eta politika orokorrak aletu ditugu, oro har, egoeraren oinarrizko analisia egiteko. Hirugarrenean taldekideek unibertsitateak eta hizkuntzak hartu dituzte hizpide. Laugarrenetik aurrera egiteko proposamena luzatzen da, Goi-mailako Hezkuntzaren eta Ikerketaren Euskal Eremu Bateratuaren ideiari forma emanez: ezaugarriak, AMIA eta elkarlan bektoreak. Azken atala hezkuntza beste etapekin aritzeko lehen aurrerapen bat egin da.
2. Euskal Herrian dauden unibertsitateak: hurbilketa deskriptiboa
Lehenik eta behin EH-ko lurraldeetan dauden unibertsitateen argazkia deskriptiboa egiten saiatuko gara baita euren artean dauden harremanetara hurbilpena egin ere. Lan zorrotza egitea, baina, zaila da zeren datuak oso sakabanaturik baitaude, eta euskarazko eskaintzari buruzko informazioa Unibertsitate publikoek bakarrik ematen baitute; beraz, trazu lodiko hurbilpen gisa hartu behar da hemen azaltzen duguna.
a. EAE-n lau unibertsitate dago (Eusko Jaurlaritza, 2023).
- Euskal Herriko Unibertsitatea UPV/EHU unibertsitate publikoa (1980). Campusak: Leioa-Bilbo, Donostia eta Gasteiz. Gradu mailako ikasketa guztiak euskaraz eta gaztelaniaz eskaintzen ditu. 45.482 ikasle; 4.545 irakasle eta 1.897 AZPko langile.
- Deustuko Unibertsitatea (1886), Elizaren unibertsitate pribatua. 14.864 ikasle, 749 irakasle, 558 langile. Campusak: Bilbo eta Donostia eta egoitzak Madrilen eta Gasteizen.
- Mondragon Unibertsitatea (1997), kooperatiben arloko unibertsitate pribatua. Campusak: Mondragon, Oñati, Eskoriatza, Aretxabaleta, Irun, Ordizia, Hernani, Donostia eta Bilbo. 6.288 ikasle, 625 irakasle, 165 langile.
- EUNEIZ (2021), irabazi asmoko unibertsitate pribatua. Gasteiz.
b. Nafarroan, bi unibertsitate:
- Nafarroako Unibertsitate Publikoa UPNA/NUP (1987). Campusak: Iruñea eta Tutera. 10.161 ikasle; 1.259 irakasle; 513 langile (Nafarroako Unibertsitate Publikoa, 2023).
- Universidad de Navarra (1952), unibertsitate katoliko pribatua Opus Deiren prelaturapean sortua. Campusak: Iruñean, Donostian, Madrilen eta Bartzelonan. 9.300 ikasle.
c. Ipar Euskal Herrian izen generikoarekin ezagutzen den Campus Pays Basque-n Goi-Mailako Hezkuntzako eskaintza metatzen da:
- UPPA Université de Pau et des Pays de l´Adour (1970). Unibertsitate publikoa. Campusak: La Nive-Baiona eta Montaury_Angelu. Honen menpean ere, ISA BTP - Institut Supérieur Aquitain du Bâtiment et des Travaux Publics ere sartzen da. Orotara, 3.000 ikasle eta 195 irakasle.
- ESTIA, École Supérieure des Technologies Industrielles Avancées, Bidarte (1985) eta KEDGE Business School, Baiona (2013). Biak Chambre de Commerce et d'Industrie de Bayonne Pays Basque erakundeak sorturik; pribatuak.
- Izaera profesionaleko beste eskaintza batzuk ere badaude. Etcharry: hezitzaile espezializatuak; l'Institut de Formation en Soins Infirmiers I.F.S.I: erizaintza; Collège d’Ostéopathie du Pays Basque; Université de Bordeaux: kirolaren kudeaketa.
- Ez dago Iparraldeko Goi-mailako Hezkuntzaren datu zehatzik baina Euskal Hirigune Elkargoaren arabera 6.000 ikasle ari dira bertan ikasten (Euskal Hiri Elkargoa, d.g.).
1. Grafikoa. Euskal Herriko unibertsitate ikasleen kopuruak

Aztertutako unibertsitate horietan irakaskuntzarako hizkuntzak euskara, gaztelania, frantsesa eta ingelesa dira. Euskararen presentzian eta garapenean, beste hezkuntza etapetan bezala, hizkuntzen ofizialtasunak eta unibertsitateen izaera publiko edo pribatua izateak pisu handia dute. Gauzak horrela, euskararen garapenenik handiena Euskadiko Autonomia Erkidegoan dugu. Izan ere, Euskal Herriko Unibertsitatean eskaintzen diren gradu ofizialetako derrigorrezko irakasgaien %99-a euskaraz ematen da eta 2024-25ean matrikulatu diren ikasleen % 55,17-ak euskaraz ikasten du. Unibertsitate pribatuetako euskarazko irakaskuntzaren datu publikorik ez dago, baina Mondragon Unibertsitatean zein Deustuko Unibertsitatean Hezkuntzarekin lotutako graduak euskaraz ematen dira. Nafarroako Foru Erkidegoan, Nafarroako Unibertsitate Publikoan titulazioak euskaraz Haur eta Lehen Hezkuntza graduetan, Gizarte Langintza (%70) eta Bigarren Hezkuntzako Masterra (11 irakasgai) ematen dira; orotara 411 irakasgai. Iparraldeko daturik ez dago eskuragarri, baina euskarazko eskaintza Euskal Ikasketekin dago soilik.
Beraz, azken hamarkadetan lurralde guztietan goi-mailako hezkuntza ezarri eta garatu dela esan dezakegu, sistemen tamaina eta sendotasuna maila desberdinekoa den arren. EAE-ko unibertsitate sistema egituratuena eta ikasle aldetik handiena da; bertan gainera, nagusiki unibertsitate publikoan, ikasketen euskarazko eskaintza zabala dago eta irakasle gehiengoa elebiduna da eta ikerkuntzan ere euskarazko produkzioa egon badago (doktorego tesi, ikerketa taldeak). Nafarroan ere sistema egituratzen hasi da eta unibertsitate publikoan euskarazko titulazioen eskaintza txiki bat badago. Iparraldean sistema ez da egituratzera heldu oraindik eta euskarazko eskaintzarik ez dago.

3. Atzera begirako aitortzak eta aurrera begirako bide jadanik jarriak
Aurkeztu berri den unibertsitateen “argazkia” ez da zoriaren emaria. Prozesu historiko luze eta korapilatsuen ondorengoa da, une desberdinetan hartutako erabakien eta politikoen ondorioa. Urrats garrantzitsuak bereiz daitezke ibilbide horretan, baita ingurumari sozialean eta ideologikoan egon diren logikak eta ametsak ere. Laburki bada ere, arreta jarriko diegu egon diren gertaerarik garaikideenei.
Lehenengo urrats bat Eusko Ikaskuntzak 1918-an Hego Euskal Herrian lekututako goi mailako ikasketen erakundea, Universidad Vasca, eskatu zuenekoa da. Ondoren, gerra-garaia izan arren, Eusko Jaurlaritzaren eskutik Euzko Irakastola Nagusia sortu zen 1936ko azaroaren 17ko Agindu bitartez, bizitza laburra izan bazuen ere (Alkorta, 2018).Orduko aldarrian unibertsitatea izatean jartzen zen indarra eta euskara ez zen osagai nagusia. Geroago, 70. hamarkadaren unibertsitate eredu desberdinak aldarrikatu ziren gizartearen aurrean: giro errebindikatzailean euskal unibertsitate barrutia, euskarazko unibertsitatea edota Hego Euskal Herrirako unibertsitatea eskaerak plazaratu ziren, batez ere trantsizioak ekarritako antolaketa berriak zehazteke zeudenean. 1975-ean euskarazko unibertsitatearen aldarria egin zen UEUren eskutik, unibertsitate nazionala, herritarra eta euskalduna planteatuz; eginbide horretan UZEI, Elhuyar edo Jakin bezalako eragileak arituko dira lanean urte luzez edota gaur egunera arte (Artetxe, 2022).
1978.eko Espainiako Konstituzioak beste eten bat markatu zuen Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroako Foru Erkidegoa bereiziz. Horren abaroan Euskal Herriko Unibertsitatea (1980) eta Nafarroako Unibertsitate Publikoa (1987) abiarazi ziren (Jimeno, 2022). Urteak aurrera joan ahala, Europako Goi-Mailako Hezkuntza Esparruaren eraketatik eratorritako funtzionatzeko moduek, Espainiar estatuak ezarritako legeek eta erkidego bakoitzak aurrera eraman duten politikek Nafarroako eta EAEko unibertsitateak bide berezituak jorratzera eraman dituzte, sarritan logika auto-erreferentzialak elikatuz.
Iparraldean prozesua oso bestelakoa da. 70. hamarkadan atzematen dira lehen mugimenduak Université de Pau et des Pays de l´Adour (UPPA)-ren bidez Baionako Diziplina Anitzeko Fakultatearen sorrera ekarriz. Dena den hazkundea motela eta zaila izan da. 1993-tik aurrera Iparraldeko Garapen Kontseiluak goi-mailako hezkuntza eskaintza lurraldearen garapenerako funtsezko osagai hartu zuen; geroago Batera plataforma eratu zen: “plateforme de revendications pour le Pays Basque: un département, une chambre d’agriculture, une université de plein exercice, et la co-officialisation de la langue”, hain zuzen ere horren beharra azpimarratuz. Horren azpian funtsean dagoena da tokiko eragileek kontzientzia hartzen dutela lurralde hauen garapenerako goi-mailako hezkuntza behar dela zeren populazioaren prestakuntza maila oso ahula baita eta hori gabe ez baitago garapen ekonomiko eta sozialik (Urteaga, 2022). Prozesu honetan 2017.ean Euskal Hirigune Elkargoaren sorrerak asmo hauei estrategia politikoen bidez irtenbidea ematea ekarri du: ikasle kopurua handitzen joan da (6000 ikasle egun), titulazio eskaintza dibertsifikatu egin da eta zuzenbidearen, itsaso-inguruneen eta euskararen ikerketarako azpiegitura batzuk sortu dira.
Begiratu azkar honetan konturatzen gara Iparraldean, Nafarroan eta EAE-en garapen bideak desberdinak izan direla, besteak beste, gizarte bezala izan dituzten beharrak, asmoak eta tresna politikoak oso desberdinak izan direlako. Bakoitzak bere prozesua eraman du aurrera, marko administratiboaren logika zentripetoari jarraituz. Ez da egon ez borondate politikorik ezta lidergo edota estrategia espliziturik lan amankomuna edota elkarren arteko lanak ekar ditzakeen onurak profitatzeko.
Etorkizunari begira ere, epe ertaineko estrategia garrantzitsu batzuk, behintzat, mahai gainean daude jadanik:
a. Europako unibertsitate partzuergoak. Unibertsitate publikoak zein pribatuak Europako beste unibertsitate talde proiektuetan engaiatu dira, baita horretarako finantziazioa lortu ere. Mugaz bi aldeetako unibertsitateak elkartu dira hiru kasutan (UPV/EHU-Bordeleko Unibertsitatea; NUP-UPPA; MU-ESTIA).
1. Koadroa. Europear Unibertsitate Partzuergoak Euskal Herrian
| Europako Unibertsitate Partzuergoa | Kideak | |
|---|---|---|
| ENLIGHT (2020) European university Network to promote equitable quality of Life, sustainability, and Global engagement through Higher Education Transformation | UPV/EHU | Burdeos (Frantzia), Gante (Belgika), Groninga (Herbeherak), Gotinga (Alemania), Upsala (Suedia), Galway (Irlanda), Tartu (Estonia), Comenius-Bratislava (Eslobakia); Berna (Suitza). |
| UNITA-Universitas Montium (2021) Mugarteko eskualde menditsua. Lurraldearen garapena. | NUP | Zaragoza (Espainia), Turín (Italia), UPPA eta Saboya Montblanc (Frantzia), Timisoarako Mendebaldeko Unibertsitatea (Rumania) eta Barneko Beira (Portugal). |
| UNIC (2020) European University of Cities in Post-Industrial Transition | UD | Ruhr University Bochum (Alemania), Cork (Irlanda), Koç University, Istanbul (Turkia), Lieja (Belgika), Oulu (Finlandia), Erasmus University, Rotterdam (Herbehereak), Zagreb (Kroazia), Łódź (Polonia), Malmö (Suedia). |
| EU4DUAL (2022) European Dual Studies University | MU | Duale Hochschule Baden-Württemberg (Alemania), FH JOANNEUM Gesellschaft mbH (Austria), Savonia UAS (Finlandia), ESTIA Institute of Technology (Frantzia), Neumann János Egyetem (Hungaria), PAR University College (Kroazia), Malta College of Arts, Science and Technology (Malta) eta Koszalin University of Technology (Polonia). |
Goi-mailako hezkuntza politikak bezalaxe, Europako unibertsitate partzuergoak ere logika bereizi baten arabera eraiki dira. Hau da, unibertsitate bakoitzak bere proiektua garatzeko ahalik eta partzuergo indartsuenetan engaiatzea bilatu du batetik ikerkuntzaren eta garapen zientifikoaren arlo lehenetsi batzuei atxikiz eta bestetik inguruko unibertsitateekiko abantaila posizioak hartuz. Azpian ikerketa lehiakorra egiteko tentsioa dago zeren horrekin batera finantzazioa, prestigioa eta hein batean etorkizuna baitaude jokoan. Lehiakortasun hau gainera, demografikoki ahultzen eta finantzazioa murrizten ari den ingurumarian gertatzen ari da. Dena den, UPV/EHU, MU eta NUP-eko partzuergoetan badaude Bordeleko Unibertsitatearekin, ESTIArekin eta UPPArekin eraikitako ikerketa harremanak, euskal lurraldeen arteko zubiak elikatu litzaketenak eta ez direnak gutxietsi behar.
b. EAEko, Nafarroako edo Iparraldeko gobernu administrazioetako estrategiak. Erkidego bakoitzeko gobernuek euren esparruetan goi-mailako hezkuntza politika eta estrategiak diseinatzen eta garatzen dituzte dagokien populazioaren ongizatea, lankidetza eta pertenentzia ziurtatzeko. Kasu hauetan lurraldearen ekonomia lagun ditzaketen prestakuntza, zientzia eta berrikuntza politikak funtsezkotzat jotzen dira. EAE-n Esparru estrategia Unibertsitateak Euskadi Basque Country (Eusko Jaurlaritza, 2024) edo Iparraldean UPPA-k hurrengo hamar urterako proiektatu duen IREKIA proiektua horren adibideak dira eta horretarako inbertsioak eta finantzazioa aurreikusten dira.
Aurrekoa kontuan hartuta, eztabaidetan parte hartu dugun guztiok bat egiten dugun lehenengo ondorioa honakoa izan da: unibertsitateen artean ez dago harreman esturik ezta harreman egituratzaile orokorrik ere. Oztopo bakarra, gainera, ez da muga politikoa; izan ere mugaren alde berean aritzen diren unibertsitateen artean ere harremanak ez dira hain sendoak. Badaude, gero ikusiko dugun bezala, elkarlan lerro interesgarriak, baina partzialak dira eta gutxitan gainditzen dute indarrean dagoen zatiketa politiko-administratiboa edota unibertsitate bakoitzak besteengandik bereizteko joera (unibertsitate publikoak eta pribatuak).
Honek, gure ustez, albo efektu negatiboa du gizarte-kohesioaren eta ongizatearen terminoetan zeren zatiketa, bereizketa edo kooperazio falta dinamika hauek garapen ekonomiko, sozial eta kulturalerako aukerak murrizten baitituzte erkidego bakoitzak bere baliabide mugatuekin aritu behar duelako. Euskal Herria da Ethos komun bat duen eta gehienez 200 kilometrok banatzen duen lurralde bat. Bere tamainagatik baliabide ekonomiko, inguru-giroko eta demografiko mugatuak ditu. Zergatik ez hobeto profitatu elkarrekin batera gizarte kohesiorako bil dezaketen aukera?
4. Unibertsitateak eta hizkuntzak
Zeren arabera lotu? Zeren arabera kohesionatu unibertsitateen dinamika formatzaile eta zientifikoa? Puntu honetan hain zuzen sortu da lehenengo eztabaida. Izan ere, hemen ertz inportante batekin egiten dugu topo, zeren gure buruetan euskara eta euskal kultura baititugu eta biek jokatu behar omen baitute paper garrantzitsua kohesiogile gisa. Dilema moduan ere plantea liteke:
a) Unibertsitateen artean kohesiorako ardatza Euskara/euskal kultura bada, harremanak trinkotu beharko lirateke euskaraz aritzeko gaitasuna duten eragileen artean eta, egoeraren diagnostikoan ikusi dugun bezala, horrek eragiten du errealitate asko prozesutik kanpo uztea (beraz, kohesioa partziala litzateke, ez orohartzailea).
b) Unibertsitateen arteko kohesioa sustatzeko, euskararekin batera frantsesa eta gaztelania ere aintzat hartu beharko lirateke zeren praktikan Euskal Herrian hiru hizkuntz nagusi baitaude eta une honetan haietako batek ere ez baitu guztizko indar kohesionatzailerik.
Hizkuntzen arteko harremanak une historiko honetan nola kontzeptualizatzen ditugun eta egikaritzeko zein baldintza aurreikusten dugun ebaztea funtsezkoa da unibertsitateen arteko harremanak estutzeko eta gizarte-kohesio terminoetan gizartera itzultzeko.
Gure artean zer pentsa ematen diguten egoerak gertatu zaizkigu, esate baterako, iparraldeko eta hegoaldeko unibertsitate irakasleak bildu eta hizkuntz komunik ezean ingelesez aritu behar izatea. Hau da, hiru hizkuntza izan eta batek berak ere ez du guztiok komunikatzeko balio[1]. Hau horrela izanda, zein hizkuntzak lagunduko ligukete asmo kohesionatzailean? Euskarak bakarrik? Taldean euskararen indar kohesionatzailea azpimarratzen da baina aldi berean kohesiorako baliabide guztiak eraginkorki erabili behar direla berresten da. Unibertsitateen arteko harremanak eta mugaz gaindiko egitasmoak buruan euskaraz haratago gaztelania eta frantsesaren ezagutza eta erabilera aintzat hartu behar direla ondorioztatzen dugu. Unibertsitateetan ez diogu honi behar duen arreta jarri baina etorkizunari begirako politikak zehazteko orduan funtsezko korapiloa da.
Euskara ondare kultural eta pertenentziaren azkartzaile gisa azpimarratuta gizarte kohesiorako ardatza izan daiteke, baldin eta aldi berean beste hizkuntzekin konjugatzen badira. Hizkuntzartekotasuna eta kulturartekotasuna hitz gakoak dira etorkizunari begira.

5. Goi-mailako hezkuntzaren eta ikerketaren eremu bateratua: lehen hurbilpena
Unibertsitateetako taldean egiten dugun hizkuntzen inguruko azterketa honek, nolabait, Euskal Unibertsitatearen proiektu historikoa berritu/gaurkotu behar dela esatera eramaten gaitu. Gerraurrean Eusko Ikaskuntzatik bultzatutako hastapeneko asmoa gerrarekin amaitu zen; 70. hamarkadako beste formulazioak ere berea eman du eta egun badugu euskaraz irakasten eta ikasten duen unibertsitate jende kopuru izugarria. Hau nahikoa al da? Euskaraz ikasten duen ikasle kopurua eta euskaraz irakasten duen irakasle kopurua areagotzearekin (posible balitz) lortuko al genuke euskal unibertsitatea? Taldean eztabaidatu dugu eta ondorioztatzen duguna da XXI. mendearen testuinguruan funtziona dezakeen Euskal Unibertsitatearen proiekturik ez dugula. Badaude unibertsitate ugari, goi mailako hezkuntza eskaintza zabala, ikerketa jarduera trinkoa baina funtzionamendua korporatiboa, auto-erreferentziala eta zatikatua da; ez da lortzen unibertsitateak egitasmo komun eta partekatu baten inguruan jartzerik. Arrazoiak pisuzkoak dira, besteak beste, jaitsiera demografiakoa, unibertsitate bakoitzak bere berezitasuna galtzeko beldurra, tamaina eta baliabideen desberdintasuna eta finantzazioa.
Oztopoak oztopo, baina, XXI. mendeko euskal jendarteari erantzuten dion euskal unibertsitatearen proiektuaren formulazio berria behar da, konplexutasunetik eraikitako proiektu kohesionatzailea. Beste etapetan ikusi den bezala, Goi-mailako hezkuntzan jarduten duten unibertsitate eta erakundeen elkargunea behar da, bakoitzaren ezaugarri eta potentzialtasunak partekatzeko aukera ematen duen “zerbait”, formazioari, ikerketari eta transferentziari indarra ematen dietenak.
Norabide horretan aukera politikoak erabili behar dira, dauden tresnak ausardiaz eta imajinazioz erabiliz. Bistan da mugatzaile errealak eta objektiboak daudela baina beste mugatzaileak gure kamuskeri intelektuala eta muga mentalak dira.
Norabide horretan, esplorazio bide bat Goi-mailako Hezkuntzaren Europar Eremu Bateratuaren ideia mutatuz, Goi-mailako Hezkuntzaren eta Ikerketaren Euskal Eremu Bateratua izan daiteke (laburrean Goi-Hezkuntzako Euskal Eremu Bateratua-GHEEB). Norabide horretan arakaturik, honakoak dira abantailak:
- Erkidego bakoitzak duen eskuduntza zehatza ez luke baldintzatuko (Europako Eremu Bateratuak estatukideena baldintzatzen ez den bezala). Beraz, bakoitzak “bere” politika eta estrategia propioak eramango lituzke aurrera.
- Euro-eskualdearen egitura, estrategia eta gobernantzaren bidez gorpuztuko litzateke, beraz, dauden baliabideak norabide jakinean jartzean datza, ez egitura berriak sortzean.
- Goi-mailako Hezkuntza kontzeptutik bideratzen den neurrian, lanbide heziketaren arteko unibertsitatearen zubiak eraikitzeko aukerak zabaltzen ditu (pasarelak eta lan merkatuarekiko sinergiak).
- Goi-mailako Hezkuntzaren Europar Eremu Bateratuan erabili ohi diren lanabesak erabiliko lirateke: ikasle, irakasle eta langileen mugikortasuna, nazioartekotze hurbila, irakasleen ikerketa edo irakaskuntzarako egonaldiak, ikerketa proiektuetarako finantziazioa Euro-eskualdeko operadoreekin, Tutorekidetzako tesiak, erakunde eta enpresetan praktikaldiak eta abar.
- Euro-eskualdearen plan estrategikoa eta egitura erabiliz, Euskal Herrian dauden baina nazioartekotze unibertsitate politiketan estaltzen ez diren beharrak/arloak/gaiak diagnostikatu eta erantzuna emateko. Esate baterako, hezkuntza, komunikazioa, enplegua, kultura eta sorkuntza, eleaniztasuna eta kulturartekotasuna, inklusioa.
- Mugarteko unibertsitate kooperazioa oso landurik dago Europako beste eremu batzuetan (nagusiki Frantzia eta Alemania artean), baina baita Espainiako Estatuaren barruan ere, Galiza eta Portugalgo unibertsitateen artean. Bertan, duela 10 urtetik azpiegitura zientifikoak partekatzen dituzte (laborategi, aldizkari eta abar) FEDER funtsak horretarako erabiliz. Unibertsitate arteko lankidetzan oso atzera gaude Akitania Berria, Euskadi, Nafarroa euro-eskualdean. Beste mugarteko eremu batzuetan nola dauden eta zein funts erabiltzen diren aztertu beharko genuke, bat eginez. Eta gurean "normaltasunez" kolaborazio hori indartu beharra dagoela aditzera eman.
6. Goi-mailako hezkuntzaren euskal eremu bateratua: amia
Egoeraren dimentsioak sailkatzeko Aukerak, Mehatxuak, Indarguneak eta Ahuleziak sekuentzia analitikoa eraiki da.
Aukerak
- Euskal Herriko ethos-a eta euskara.
- Europak gizarte kohesioa indartzeko duen behar/borondate politikoa.
- Euskal Autonomia Erkidegoak, Akitaniako Eskualdeak eta Nafarroako Foru Komunitateak duten mugaz gaindiko lankidetza.
- Akitania Berria, Euskadi eta Nafarroako Euro-eskualdea: estrategia, egitura eta gobernantza.
- Euskal Herrian dagoen ehun asoziatibo trinkoa.
- Europatik eta estatuetatik legeen bidez bultzatzen diren elkartruke eta elkarlan ildoak[2].
Mehatxuak
- Jaitsiera demografikoa.
- Europan eta Euskal Herrian gertatzen ari diren/areagotu daitezkeen arrakala ekonomiko, sozial eta kulturalak.
- Garapen teknologikoak (digitalizazioa, adimen artifiziala, sare-sozialak) jendearengan eta gizartean epe ertain eta luzean izan dezakeen eragina.
- Finantzazioaren murrizketak.
- Krisi klimatikoa.
- Inertzia politiko isolazionistak.
- Nagia, konformismoa, erosotasuna.
- Euskararen presentzia eta pisu falta lan munduan.
Indarguneak
- Unibertsitateek garatu dituzten eskarmentua, esperientzia eta zientzia arlo guztietako garapena.
- Irakasle euskaldun kopuru esanguratsua (kopuru gordinetan).
- Europako unibertsitate partzuergoetan dauden ipar/hegoko elkarlan bektoreak.
- Euskampus-ek nazioarteko bikaintasun campusaren garapenean metatu dituen ezagutza eta eskarmentua.
- Unibertsitateetako irakasleek eta ikasleek mailan pertsonalean eta iniziatiba desberdinetan garatu duten elkarlana (masterrak, ikerketa proiektuak, harremanak…).
- UEU urteetan zehar metatu duen harreman kapitala.
- Mugaz bi aldeetara eta euskararen bidez sortzen joan diren ikasleen mugikortasuna (Seaskatik EHUra bereziki).
- Mugarteko Uda Ikastaroak. Euro-eskualdeko bost unibertsitate publikok urtero egiten ditugu mugarteko uda ikastaroak: UB, UBM, NUP, UPV/EHU, UPPA.
- Tutore-kidetzako tesiak.
- IkerGazte jardunaldia, ikertzaile euskaldun gazteen topagunea.
- InpAkta aldizkaria[3].
Ahuleziak
- Unibertsitateek euro-eskualde mailan lan egiteko duten elkarren ezagutza eta esperientzia falta.
- Hizkuntzen ezagupen mugatua edota sektoriala.
- Unibertsitateek daukaten tamaina desberdina.
- Unibertsitateen elkarren arteko lehia
- Euskararen presentzia urria (UPV/EHU-n izan ezik)
Oro har, kanpotik datozen mehatxuak handiak diren arren indarguneak eta aukerak oso askotarikoak eta zabalak direla ondorioztatzen dugu eta hein batean ahuleziak mudatzen joan litezke. Ahulezien atal honetan euskal lurraldeetako dauden unibertsitateen hizkuntz politikak, hizkuntzetan Adimen Artifizialaren garapenak itxuratuko duen egoera, ondo aztertu behar direla ondorioztatzen da taldean.

7. Goi-mailako hezkuntzaren eremu bateratua: elkarlan bektoreak
Goi-mailako Hezkuntzaren Eremu Bateratua egiteko orduan AMIAk erakusten digu gizartean atzematen diren mehatxuak handiak direla eta hein handi batean etorkizuna baldintzatu dezaketela negatiboki, edozein lurraldetan. Mehatxu hauek kontuan hartuta, orain arte garatu diren unibertsitate mailako lan moldeak bere horretan mantendu daitezke? Epe ertain luze baterako eraginkorrak izango al lirateke euskal lurraldeetan dauden beharrak ase eta kohesio klabeetan erdiesteko? Erantzunik ez dago etorkizuna ezin baitu inork aurreikusi baina esparru batzuetan elkarlana indartzeak onurak baino ezin ditu ekarri, baldin eta aukerak eta indarguneak ondo kudeatzen badira.
Goi-mailako hezkuntzaren eremu bateratua egiteko, lanabes operatiboak beharko lirateke: elkarlan bektoreak. Elkarlan bektoreak epe labur eta ertainean helburu lorgarria duten egitasmoak dira, indarren elkarketatik unibertsitateek zein bere inguruek onurak ateratzen dituztenak. Esate baterako, une honetan indarrean dauden Europear unibertsitate partzuergoetan mugaren bi aldeak gai jakin batzuen inguruan hiru kohesio bektore sortu dira (UPV/EHU-Bordeleko Unibertsitatea; MU-Estia; NUP-UPPA), ikerketaren inguruan eta mugikortasunean eragina edukiko dutenak. Hirurek lagunduko liokete Goi-mailako euskal hezkuntzaren eremu bateratuaren eraikuntzarik baina ez dira nahikoak, ikuspegi zabalago eta anbiziokoagoa behar baita.
Oro har, elkarlan bektorea sinergian oinarritutako “win-win” estrategia ordenatu baina aldi berean autonomoa da. Ez du egitura berririk behar baizik eta dauden baliabideak norabide jakin batean jarrita burutu daitezke. Printzipioz efimeroak dira; behin helburua lortu denean “amaitzen” dira baina elkarlan horietatik bektore berriak edo proiektu sendo eta egonkorrak sortu litezke. Une honetan Euskal Herrian unibertsitate mailan elkarlan bektoreak martxan jartzeko nahiko eskarmentu eta lanabes badago baina lidergo egituratzailea behar da.
Zein arlotan diseinatu daitezke unibertsitate mailako elkarlan bektoreak? Egun administrazio desberdinetatik datozen deialdiak eta finantzazio bideak “ezagutzaren gizartearekin” lotuta daude: teknologiaren garapena, energia iturri berriak, industria 4.0… Unibertsitateak badaude ikerketa eta transferentzia lerro horiekin engaiatuta eta bide hori jorratu behar da, noski. Baina badaude hainbat arlo Nafarroa, EAE zein Iparralderako gizartean funtsezkoak direnak baina elkarlanaren onura profitatzen ez dutenak. Adibidez: hezkuntza, enplegua, nekazaritza, zinema, komunikabideak, eleaniztasuna eta kulturarteko politikak, gizarte zerbitzuak, kultur industriak…
Unibertsitate mailan egindako bileretan, ideia desberdinak azaldu dira unean uneko eta tokian tokiko. Ideia hauek elkarlan bektorearen logikan antolatu ditugu, egon litezkeen lan ildoak irudikatzeko. Europako goi-mailako hezkuntzako politiken antzera, mugikortasuna eta tituluen inguruko elkarlan iniziatibak intentzionatzea bi zutabe garrantzitsu izango lirateke.
7.1. Elkarlan bektorea: unibertsitateko kideen mugikortasuna
| IKASLEEN MUGIKORTASUNA. 0 KILOMETROKO EUSKAL ERASMUS PROGRAMA |
|---|
| Helburua: unibertsitate publikoetako ikasleak SICUE edota ERASMUS programak “gertuko” mugikortasunaren bidez egitea (0 Km ikasle mugikortasuna). |
| Kideak: UPV/EHU, NUP, UPPA, Campus Pays Basque |
| Gertuko mugikortasuna eskuragarriago da, ikasle askoren esku egon litekeena, enpleguarekin eta talde profesionalekin harreman estuak sor ditzake. |
| Baliabideak: inplikatutako unibertsitateak ados jarri, lehenetsitako titulazioak definitu, web orrian iragarri eta plazak eskaini. |
| IRAKASLEEN ETA TEKNIKARIAK ETA KUDEAKETAKO ETA ADMINISTRAZIO ETA ZERBITZUETAKO LANGILEEN MUGIKORTASUNA |
|---|
| Helburua: LOSU-ren arabera unibertsitate publikoetako irakasleek lanpostuan egonkortzeko 9 hilabeteko kanpo egonaldiak (osorik edo partzialki) euskal lurraldeetako unibertsitateetan egitea. Horrez gain Teknikariak eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileen 0 km-ko mugikortasunak egitea. |
| Kideak: UPV/EHU, NUP, UPPA, Campus Pays Basque |
| Mugikortasun hau sarritan arazotsua da arrazoia desberdinak direla medio. Hurbileko mugikortasun hau unibertsitate publikoen arteko harremanak indartzeko oso interesgarria izan daiteke: egonaldi horietan ikerketa lerroak partekatu daitezke, klaseak eman daitezke, master mailako titulazioak diseinatu, inguruko enpresa, erakunde eta entitateekin transferentzia bultzatu, jarduera teknikoak partekatu. |
| Baliabideak: inplikatutako unibertsitateak ados jarri eta bide hau egokitu. Arlo posibleak: denak |
7.2. Titulazioen inguruko elkarlana
Euskal lurraldeetan dauden unibertsitateek eduki dezaketen garapen esparru interesgarri bat titulazioen eskaintzak partekatzea da, hau da, unibertsitateen arteko titulazioak diseinatu eta garatzea. Une honetan zailtasun administratiboak oso handiak dira eta bideak esploratu gabe daude. Dena den Europa mailan arazo berdinari aurre egin nahi zaien heinean handik eratorritako bideak hemen ere transferitzeko aukera dago.
Elkarlan hau eratzea titulazio ofizialetan egikaritzen ikustetik urrun gauden arren, etengabeko prestakuntzaren arloan aukerak handiagoak dira prozedura administratiboak ez baitira horren zorrotzak. Hezkuntzako profesionalen etengabeko prestakuntzara ekarriz gero gainera, beste arloetan ez bezala, euskarak presentzia handiagoa du eta hizkuntzen oztopoa leunagoa da.
Parte hartu duten pertsonen artean beste elkarlan gehiagorentzako ideiak sortu dira, esate baterako, doktorego programen artean. Kasu honetan programen espezialitateak kontuan hartuta, tesiak tutorekidetzan, doktoraliak, eta doktorego programen prestakuntza jarduerak elkarlanean egin litezke. Doktoregaien arteko harremanak sustatzea ere azpimarratzen da.
Oro har, euro-eskualdea da une honetan lurralde garapena eta gizarte kohesioa lantzeko dispositibo instituzional osatuena, arazoa da nola heldu unibertsitateetako komunitateetara, nagusiki irakasle/ikertzaileengana. Lehen tresna garrantzitsua UNINAEN plataforma da, 2024-eko martxan jarri dena baina elikatu behar dena. Horrez gain euro-eskualdean dauden finantziazio bideak eta lurralde garapen ildoak, Mendebaldeko Eremu Funtzionala izenekoan biltzen direnak oso ondo egokitzen zaizkie halako elkarlanei baina unibertsitateen aldetik hurbilketa eta batez ere lidergo partekatu eta pro-aktiboa eraiki beharko litzateke gobernu eta errektoretza-taldeen aldetik (Akitania Berria, Euskadi, Nafarroa euro-eskualdea, 2024).
8. Elkarlan bektoreak hezkuntza etapa desberdinak elikatzeko
Orain arte arreta unibertsitateetan jarri dugun arren, ez diogu bigarren galderari muzin egin nahi, hau da, nola egin ekarpena unibertsitateetatik hezkuntzako beste etapen garapenari.
Gai honek aparteko azterketa behar du. Unibertsitateek irakaskuntza, ikerkuntza eta transferentzia “misioei” erantzuten diegu, baita hezkuntza zientzien eta pedagogiaren arloan ere. Horri jarraituz unibertsitateetan a) hezkuntzako profesional bilakatzeko hastapeneko formazioa egiten dugu (graduak); b) hezkuntzaren arloan lan zientifikoa egin nahi dutenak formatzen ditugu (masterrak eta doktoregoak); d) hezkuntza zientzien arloko ikerketa zientifikoa egiten dugu. Baina honetaz aparte, hezkuntza lanbidea da (maisu-maistrak, irakasleak, hezitzaileak, pedagogoak…) eta praktika profesionala da.
Bi mundu hauek profesioa eta zientziarena, logikaz, oso lotuta egon beharko lukete baina hor ere, zoritxarrez, kohesio falta dagoela esango genuke. Elkarren beharra dute baina sozialki oso distantzia handia dago euren artean.
Iraganean elkarlan bektore berritzailea eta esanguratsua Eskola Futura izan zen. POCTEFAk diruz lagundu eta euro-eskualdetik muntatu zen proiektua. UPV/EHU-k, NUP-ak eta UB Montagne-k parte hartu zuten. Proiektuak hegoaldeko ikasle titulatuak aukeratu eta Bordelera eraman zituen urte betez frantsesa ikastera eta iparraldekoak hegoaldera ekarri zituen euskara ikastera. Bigarren urtean hezkuntzan trebatu ziren Frantziako oposizioetan aurkezteko. Pandemiarekin kointziditu zuen Eskola Futuraren amaierak eta ez du segidarik eduki, baina berriz ere eskuratu beharreko ildoa da.
Bigarren lan lerro interesgarria EAEko 2023-26 Unibertsitate Sistemaren Planean dago, zeren Hezkuntza Zientziak ezagutza arlo lehenetsi bezala zehaztu eta Unibertsitatea+Hezkuntza Estrategiari ekin baitzaio. Arlo horretan unibertsitateak eta eskolak elkarlanean ikerketa/ekintza proiektuak diruz laguntzen hasi dira. Iniziatiba oso interesgarria da hezkuntza etapen eta hezkuntza zientziaren artean zubia egin nahi bada. Eztabaida taldeetan behin baino gehiagotan egin zaio unibertsitate-eskolaren arteko lankidetza beharrari eta proiektu hau horren adibide gardena da.
Beste elkarlan bektore batzuk marraztu litezke. Esate baterako:
- Hezkuntza graduetako ikasleentzako mugikortasun praktikak egiteko programa diseinatu (EAE-n, Nafarroan eta Iparraldean; Erasmus + masterretan egiten den moduan). Helburua: hiru errealitateak ezagutzea eta lan aukerak zabaltzea (gakoa, hiru hizkuntzak menperatzea).
- Iparraldeko irakaslegaien eta irakasleen dituzten behar formatiboei erantzuteko NUP-k eta UPV/EHU-k duten tresna formatiboak eta akreditatiboak erabiltzea (ikastaro espezializatuak).
- Euskal hezkuntzaren biltzarra antolatzea, adibidez, hiru urtero behin edozein kongresu zientifikoen tankeran baina ardura txandaka hartuz. Ingurune horretan transferentziari toki berezia egin beharko litzaioke (ebidentzian oinarritutako esperientzia praktikoak).
- Tesi “industrialen” antzekorako bidea zabaltzea, hau da, errealitatetik eta errealitatean eragiteko tesiak (transferentziako tesiak) bultzatuz eta diruz lagunduz.
Edozelan ere, beste etapetatik eratorritako beharrak definitu beharko lirateke eta horren arabera unibertsitateen rola zehaztu.
9. Ondorio nagusiak
- Euskal Herrian azken lau hamarkadetan unibertsitate eremua zabaldu eta indartu da, abiadura eta eragin desberdinarekin. Guztien buruan dagoen ideia da ezagutza zabaldu gabe ez dagoela etorkizunik mundu globalean eta unibertsitateak dira, zientzia eta teknologiako zentroekin batera, ezagutza zientifikoaren sorkuntza, transmisioa eta zabalkuntza bermatzen dituzten erakundeak.
- Unibertsitateen zabaltzea eta indartzea prozesu historiko luze eta zail baten ondorioa da. Historia horretan bidegurutzeak egon dira eta horiek baldintzatu dute gerora etorriko zena. Une honetan egoera bere orokortasunean aztertzea beharrezkoa da, zeren testuinguruko baldintzak asko aldatzen ari baitira gure lurraldeetan.
- Europako politikek iradokitzen dute gertuagoko estrategiak garatu behar direla eta Akitania-Berria Euskadi Nafarroa Euro-eskualdeak badu honetarako gaitasuna. Mendebaldeko Eremu Funtzionala eratu da eta bertatik Lurralde Estrategia Integratua garatuko da 2021-2027 INTERREG POCTEFA laguntzen bidez. Beraz, badago marko indartsua gizarte-kohesioa faboratu dezakeena baldin eta unibertsitateek norabide horretan elkarlana burutzen badute.
- Unibertsitateen egoeraren gainbegiratu hutsak erakusten du, baina, euren artean ez dagoela harreman esturik ezta harreman egituratzaile orokorrik ere. Horren atzean dauden arrazoiak pisuzkoak dira, besteak beste, jaitsiera demografiakoa, unibertsitate bakoitzak bere berezitasuna galtzeko beldurra, tamaina eta baliabideen desberdintasuna eta finantzazioa.
- Aipatutakoaz gain, unibertsitateen arteko harreman ahulean pisua duen beste aldagaia hizkuntzak dira. Aukera desberdinak daude baina Unibertsitateen arteko elkarlana sustatzeko, euskararekin batera frantsesa eta gaztelania ere aintzat hartu beharko lirateke zeren praktikan Euskal Herrian hiru hizkuntz nagusi baitaude eta une honetan haietako batek ere ez baitu guztizko indar kohesionatzailerik.
- Oztopoak oztopo, baina, XXI. mendeko euskal jendarteari erantzuten dion euskal unibertsitatearen proiektuaren formulazio berria behar da, konplexutasunetik eraikitako proiektu kohesionatzailea. Beste etapetan ikusi den bezala, Goi-mailako hezkuntzan jarduten duten unibertsitate eta erakundeen elkargunea behar da, bakoitzaren ezaugarri eta potentzialtasunak partekatzeko aukera ematen duen “zerbait”, ikerketari zein formazioari indarra ematen dietenak.
- Norabide horretan, esplorazio bide bat Goi-mailako Hezkuntzaren Europar Eremu Bateratuaren ideia mutatuz, Goi-mailako Hezkuntzaren eta Ikerketaren Euskal Eremu Bateratua izan daiteke (laburrean Goi-mailako Hezkuntzaren Eremu Bateratua). Formula horrek aurrera joateko abantailak ematen ditu eta sustatu daiteke gainera unibertsitateen arteko lankidetza oso trinkoki ehundu duten Europako beste euro-eskualdeak eredu hartuz.
- Goi-mailako Hezkuntzaren Eremu Bateratuak marrazketa operatiboak eskatzen ditu eta horretarako elkarlan bektoreak formulatu ditugu. Elkarlan bektoreak epe labur edo ertainean helburu lorgarria duten egitasmoak dira; sinergian oinarritutako “win-win” estrategia ordenatu baina aldi berean autonomoa da. Ez du egitura berririk behar baizik eta dauden baliabideak norabide jakin batean jarriz egingarriak dira. Une honetan Euskal Herrian badaude unibertsitate mailan elkarlan bektoreak martxan jartzeko nahiko eskarmentu eta lanabes baina ez dago lidergo egituratzailerik.
- Lan honetan martxan dauden elkarlan bektoreak adierazi dira, baita zenbait proposamen batzuk ere, batez ere unibertsitate publikoen artean mugikortasuna lurralde behar eta aukerei ere orientatzeko (hurbileko mugikortasuna). Dena den proposamen hauek ez dira egingarri bilakatu zuzenki inplikatutako gobernuek eta errektoretza taldeek ez badute euren estrategietan ikuspegi orohartzaile, dinamiko eta zabal hau bereganatzen.
10. Erreferentziak
AKITANIA BERRIA, EUSKADI, NAFARROA EUROESKUALDEA (2024). Mendebaldeko eremu funtzionala. 2024/10/21-ean kontsultatua https://www.euroregion-naen.eu/eu/mendebaldeko-eremu-funtzionala/
ALKORTA IDIAKEZ, I. (2018). “Euskal Unibertsitatea”, In: Euskaldunon Mendea, 1918-2018: Eusko Ikaskuntza 100 urte, Donostia: Eusko Ikaskuntza, 2018, 128-151.
ARTETXE, K. (2022). “Euskal Unibertsitatea behe-lainotan”. In: Jakin, 252, 126-136.
EUROPAKO KONTSEILUA. (2005). Concerted development of social cohesion indicators. Methodological guide. Council of Europe Publishing. (23orr). https://sid-inico.usal.es/idocs/F8/FDO19636/social_cohesion.pdf
EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA (2024). Berriak. 45.000 ikasle baino gehiagorekin hasi da 2024/2025 ikasturtea UPV/EHUn. 2024/10/21-ean kontsultatua. https://www.ehu.eus/eu/-/45000-ikasle-baino-gehiagorekin-hasi-da-2024-2025-ikasturtea-upv-ehu-n
EUSKAL HIRIGUNE ELKARGOA (d.g.) L´offre d´enseignement supérieur au Pays Basque. 2024/10/21-ean kontsultatua. https://entreprendre.communaute-paysbasque.fr/etudier/enseignement-superieur-uppa-estia-universite-de-bordeaux-bts
EUSKO IKASKUNTZA (2024 a). Hezkuntza sistema: etorkizuna elkarrekin lantzen. 2024/09/30-ean kontsultatua https://www.eusko-ikaskuntza.eus/eu/proiektuak/hezkuntza-sistema-etorkizuna-elkarrekin-lantzen/pr-72/#helburuak
EUSKO IKASKUNTZA (2024 b). XIX. Kongresua : elkartzen gaituena. 2024/10/21-ean kontsultatua. https://www.eusko-ikaskuntza.eus/eu/xix-kongresua/aurkezpena/ei19-91/
EUSKO JAURLARITZA (2023). Plan del sistema universitario 2023-2026. Hezkuntza Saila. Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia. https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/uni_planes_universitarios/es_def/adjuntos/plan_sistema_universitario_23_26_c.pdf
JIMENO, R. (2022). “Euskal Unibertsitateaz hausnarketa bat Nafarroako periferiatik”. In: Jakin, 252, 41-50.
LANZI, D. (2011). “Capabilities and social cohesion”. In: Cambridge Journal of Economics, 35(6), 1087–1101. http://www.jstor.org/stable/24232490
NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOA (2023). 2022-23 ikasturteko memoria. 2024/10/21-ean kontsultatua. https://www2.unavarra.es/gesadj/seccionActualidad/conocer/historia/memoria-2022-2023.pdf
NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOA (2023). Gardentasun Ataria. 2024/10/21-ean kontsultatua https://www.unavarra.es/portal-transparencia/informacion-institucional/datos-y-cifras
UNIVERSIDAD DE NAVARRA (2022). Berriak. Comienza el curso en la Universidad con más de 9.300 alumnos de grado. 2024/10/21-ean kontsultatua. https://www.unav.edu/noticias/-/contents/01/09/2022/comienza-el-curso-en-la-universidad-con-mas-de-9300-alumnos-de-grado/content/lovPblW1fC70/40482949 (2022-23 ikasturtea)
UNIVERSITÉ DE PAU ET DES PAYS DE L´ADOUR (UPPA) (2024). L’UPPA renforce sa présence au Pays Basque. IREKIA. 2024/10/21-ean kontsultatua https://organisation.univ-pau.fr/fr/grands-projets/irekia.html
URTEAGA, E. (2022). La politique d´enseignement supérieur au Pays Basque. Paris: L´Harmattan.
[1] Hezkuntza sistema ez-unibertsitarioari begiratzen badiogu, egoerak ere bitxiak dira. Hegoaldeko eskoletan eredu hirueledunak bultzatzen dira baina hirugarren hizkuntza ingelesa izaten da, agian aurreko garaietatik etorritako inertziagatik. Ez diogu buruari galdetzen hautu honek zein nolako zentzua duen etorkizunean. Badakigu ordea, Adimen Artifizialaren aurrerapenekin aldi bereko itzulpen automatikoa, idatziz zein ahozkoa, bertan dugula eta une honetan haur edo lehen hezkuntzan dauden umeek hamabost urte barru beste harreman mota bat izan dezaketela gaur egun unibertsal dirudien ingelesarekin, zeren makinek ahalbidetuko baitiete komunikazioa (zientzian, enpresetan, harreman birtualetan…). Hau horrela bada, zein hizkuntza bultzatu behar dugu Hezkuntza sistemetan? Zertarako? Zein hizkuntzak lagunduko ligukete asmo kohesionatzailean?
[2] Ley Orgánica 2/2023, de 22 de marzo, del Sistema Universitario LOSU
Artículo 29. Centros en el extranjero. 1. Las universidades podrán crear centros en el extranjero, que impartan enseñanzas conducentes a la obtención de títulos universitarios de carácter oficial y validez y eficacia en todo el Estado o títulos propios, por sí solos o mediante acuerdos con otras instituciones nacionales, supranacionales o extranjeras, que tendrán la estructura y el régimen establecido en la normativa aplicable.
Art. 69.1 En todo caso, será requisito para obtener la acreditación, la realización de actividades de investigación o docencia en universidades y/o centros de investigación distintos de aquella institución en la que se presentó la tesis doctoral, de acuerdo con los criterios establecidos reglamentariamente. Gakoa: egonaldiak euro-eskualdean egitea.
[3] InpAkta is an English and Basque language-based multidisciplinary journal from all areas of knowledge, focused on publishing high quality research works expected to a have a societal impact, either globally or specifically in the Basque community. Due to the nature of these works, this journal will include, in addition to the technical papers, short summaries of each research work, these will be written on a easy to understand language for the general public.
SHARE


