Elena Odriozola. Ilustratzailea: Nahi dudana marrazten dut, baina batzuetan zentsura jasan behar da

2007-04-06

SALABERRIA, Urkiri

Donostian, Urumearen ahoan bizi da. Liburu itsaso batean murgilduta aurkitzen dugu Elena Odriozola. Olatuak eta haizearen soinua izan dira gure soinu banda. Mintzatzen ari garela, irribarrea, algara eta bizipoza dario Elenari, kolore ttanttak, lumak, papera, liburuak eta pintzelen artean. Ipuin batean eman dugu ordubete, ipuinen arteaz solasean.

Ipuin mundura iritsi baino lehen, beste tokietan lan egin duzu. Zertan?

Publizitate agentzietan, maketatzaile eta arte zuzendari bezala. Ez da orain egiten dudana baina oso lotua dago, azken finean irudi bat bilatu egin behar diozu testu bati.

Nolakoa da ilustratzea? Zer da zuretzat?

Ipuinaren istorioa zure erara jartzea, testuan agertzen ez den zerbait, zure irudimenetik sortua denarekin jokatzea. Ez da bakarrik testu batean esaten dena marraztea, baizik eta aurkitu behar duzula zer den testu horrek esaten didana momentu horretan. Literalki jarriko banu, testuan idatzia dagoena errepikatzen egongo nintzateke, ez “ilustratzen”.

Orduan, egunaren arabera, testu batek hainbat irudi izango zituen?

Bai. Adibidez, orain irudi batzuk egin ditut ipuin berarentzat, baina zeharo ezberdinak. Lehenengo aldiz, duela bost urte, euskaraz kaleratu zuten; orain gazteleraz aterako dute. Ez ditut ezta begiratu ere egin lehen egin nituen irudiak, baina badakit ezberdinak direla.

Eta kontrakoa egingo zenuke? Hau da, ilustrazio batekin hainbat ipuin sortu?

Ez dut inoiz egin. Ez dakit, ziur nire istorioa izango nuela buruan, egingo nuke agian istorio bat baina testurik gabe, horrela, marrazkiekin bakarrik. Ez zait bururatu, edo ezer egiteko ez dudanean, ez dut ezer egiteko gogorik... (barrez).

Marraztu, margotu, norentzat?

Niretzat. Ez umeentzat, ez gurasoentzat. Ez dut inor buruan lanean hastean. Egia da testuen arabera zuzentzen direla liburuak, baina margotzeko orduan ez dut espresuki zerbait berezia egiten, askatasun handiz egiten dut lana. Ez dut esaten, “hau egingo nuke baina txikientzako delakoan ez dut egingo”. Nahiko murrizten dute argitaletxe batzuek nik ere nire burua murrizteko.

Zertan murriztu?

Normalean nahi dudana egiten dut baina batzuetan zentsura modukoa pasa egin behar da.

Nola?! Adibidez...

Bai, ez askotan, baina gogoratzen naiz behin neska bat biluzik egin nuela, Paskuako Irlan, (ez zen nire gauza baizik eta ipuina halakoa zela); ba horixe, deitu zidaten esanez ilea luzatu ziotela “zera” estaltzeko!! “Ya sabes cómo son estas cosas” esan zidan, barrez, (Elenak ere barrez), eta beste behin mutiko bati, korrika ateratzen zena, ipurdia bonboi bat izango balitz bezala egin nion eta gauza bera; deia jaso nuen hori aldatzeko, “es que puede parecer que...”. Kasu horretan ezezkoa eman nuen, zeren gehiegitxo iruditu zitzaidan aldaketa egitea horregatik. Beste batzuetan ere tokatu zait ikustea nola “ikutzen” dituzten nire marrazkiak, batez ere Ingalaterran; ba marinel kapitain bati pipa kendu “erretzen zegoelako”, edo ardo basoa ere bai...! Nik nire bizitza osoa eman dut ikusten nola edaten duten eta nola erretzen duten marinelak eta ez naiz drogadikta bat horregatik! (barrez). Baina argitaletxearen arabera da hori; beste batzuetan, Elkar-en adibidez, benetako askatasuna dago eta nahi dudana egiten dut.

Ehunekoak hartuta, mutilak dira ipuinen protagonistak. Nabaritzen duzu hori?

Ba nire kasuan, justu kontrakoa da: gehienetan neskak egiten ditut. Ematen dizkidaten enkarguetan denetarik dago, baina gehiengoa neskak dira. Egia esanda gehiago gustatzen zaizkit, beharbada hobeto ateratzen zaizkit eta. Etxean hiru ahizpa garenez gero! (barrez).

Enkarguak aipatzen dituzula, badago ipuinetaz bizitzea?

Nola?! Ni hortaz bizi naiz eta... ia hamar urtez. Nire ustez gero eta ezagunagoak gara; lehen, aldiz, ez zuten ezta irudigilearen izena ere jartzen. Baina gauza guztiak bezala, interesa duzunean munduan sartzen zara eta gauza askotaz jabetzen zara.

Nola egiten duzu aurrekontua?

Normalki diru kopuru bat eskaintzen dizute hasteko eta gero egile-eskubideak jasotzen dituzu. Batzuetan lehenengo kopuru hori ez da oso handia, baina gero... sorpresa!, edo kontrakoa, aurrekontu hobea dute lehengo zatirako baina gero ale gutxi saltzen dira... Mundu bat da, baina ni, behintzat, orain arte ongi moldatu naiz.

Liburu bat erosteko orduan, zeri erreparatzen diozu?

Marrazkiei, zalantzarik gabe. Testua inportantea da ere bai.

Zuen lanean etorkizunean irakurleak egongo diren ardura dago... Nire ustez hori gurasoen lana da. Niri, beno guri, gauero irakurtzen zizkiguten ipuinak. Etxean ikusten duzuna da etorkizunean markatuko zaituena, nire etxean ipuin pilo bat zegoen. Gainera, ni oso berezia nintzen, nire izeba-amonak ipuin klasikoak irakurtzen zizkigun, eta askotan errepikatu. Eta halako batean erdi lo ginela uste zuenean, saiatzen bazen lehenago bukatzen, begia irekitzen nuen eta ohartzen nion... “ez, ez, ez da horrela... zati bat falta zaizu”. Nolakoa nintzen! (algaraz). Elena Odriozola (Donostia, 1967) Artista dugu goitik behera (nahiz eta berak gustukoa ez izan “hitz hori” erabiltzea) Elena Odriozola. Bere aitak ere marrazkia lantzen zuen eta amaren aldeko aitonak ere bai, bere garaian. Donostian jaio zen, azaroak 27 batean, eta bertan bizi, hazi eta ikasi. Bere “mania” tipikoak ditu, lanari dagokionez (gauzak oso ongi eginak, ez errepikatzea, argazkian ateratzearena, lotsarengatik, ez du ondoegi eramaten...) Hitzak, gutxi eta zehatzak, espresio eta keinuak, ugariak ditu Elenak. Espainiako 2005eko Gazte eta Haur Literaturako ilustrazio onenaren bigarren saria eskuratu zuen, “La princesa que bostezaba a todas horas” libururako egindako ilustrazioengatik. Dekorazio ikasketak egin zituen eta publizitate agentzietan lan egina dugu. Gaur egun, Groseko etxean ematen ditu orduak munduan zehar ikusiko diren ilustrazioak egiten. Ilustratzeko nahi bat: “ Ez daukat ezer kuttunik. Agian inork egin ez duena egitea. Estereotipo bat apurtzea?, hau da Peter Pan esaten duzunean Walt Disneyrena datorkizu burura, ba irudi hori desarmatzea”. Lanerako tresnak: “Nahiko nuke bidai-koadernoak egitea, apunteak hartuz, baina ezin dut. Irudi bat burura etortzen zaidanean, eta buruan dudan bitartean, hazten eta aldatzen ari da etengabe. Behin paperean dela, ez naiz berriz irudi horretara bueltatzen”. Irudigile mirestuak: Arthur Rackham ingeles klasikoa, Lisbeth Zwerger suediarra, Pablo Amargo, asturiarra, Benjamin Chaud, frantsesa, Ana Juan, valentziarra... asko eta asko dira. Bere lanen artean, hauxe duzue aukeraketzeko zerrenda... . La princesa que bostezaba a todas horas. QOQ. 2005 . Maitagarrien hiru ipuin. Elkar. 2005 . Esne katilu batean ezkutatu egiten zen neska. Aizkorri. 2004 . Enid y el secreto del acantilado. Alfaguara. 2004 . La Sirenita y otros cuentos. Anaya.2004 . Atxiki sekretua. Elkar. 2004 . Hala bazan... Debagoieneko plazan. Goiena Komunikazio Zerbitzuak Koop. E. 2004 . Txirrina. Zubia. 2004 . Zaldiko-maldikoan. Aizkorri. 2003 . Eta txorimaloa mintzatu zen. Aizkorri. 2003 . Haydn-en loroa. Aizkorri. 2003 . Bosniara nahi. Aizkorri. 2003 . Euria. Aizkorri. 2003 . Osaba Bin Floren. Elkar. 2003 . Norak suhiltzailea izan nahi du. Elkar. 2003 . Amona basoan galdu zenekoa. Elkar. 2003 . Usoa, Karpeta morea. Erein. 2003 . Usoa, Bidaia kilikagarria. Erein. 2003 . Dindirri. SM. 2003 . Roke izeneko komuna. Aizkorri. 2002 . Astoari konfiturak. Aizkorri. 2002 . Izar-malkoak. Aizkorri. 2002 . Maiderren taupada bilduma. Alberdania. 2002 . Hosto gorri, hosto berde/Hoja roja, hoja verde. Atenea. 2002 . Horazio eta jaguarra. Elkarlanean. 2002 . Hiztegi jolastia. Elkarlanean. 2002 . Usoa, zelatan. Erein. 2002 . Usoa, lehen kanpamendua. Erein. 2002 . Paularen zazpi gauak. Giltza. 2002 . Marlene eta taxizapata. SM. 2002 . Kofi itsasora bidean. Aizkorri. 2001 . Izar-euria. Elkarlanean. 2001 . Bihotza zubi. Elkarlanean. 2001 . Magali por fin lo sabe. Anaya. 2000 . La Magali ja ho sap. Anaya. 2000 . Magalik badaki. Anaya-Haritza. 2000 . Zak zikoina. Elkarlanean. 2000 . Axa mixa zilarra. Elkarlanean. 2000 . Gorritxo eta Beltxiko. Elkarlanean. 2000 . Amona, zure Iholdi. Erein. 2000 . Ortzadarraren kantua. Aizkorri. 1999 . Botoi bat bezala. Anaya-Haritza. 1999 . La historia de un hombrecillo de papel. Everest. 1999 . Txoko txiki txukuna. Elkarlanean. 1998 . Zergaitik ez du kantatzen txantxangorriak?. Elkarlanean. 1997 . Ahatetxoa eta sahats negartia. Elkarlanean.1997 . Agure jakagorria. Elkar. 1995
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Julio Valdeón Baruque. Valladolideko Unibertsitatean Erdi Aroko Historia Katedraduna: Gutizia izan zen kristautasunaren izenean hainbeste musulman eta judu hil zituena

 

Irakurri

Andoni Luis Aduriz. Mugaritz jatetxeko sukaldaria: Egia esan, hirugarren Michelin izarra ez ematea gustatuko litzaidake

 

Irakurri

Raúl Ibáñez. Espainiako Matematikako Erret Elkarteko bigarren presidenteordea: Matematika kulturaren barruan dago. Ez dago biak bereizterik

 

Irakurri

Juan José Ocón. Musikaria eta orkestra zuzendaria: Zuzentzea ez da notekin matematika hutsa egitea, partitura lurrintzea baizik

 

Irakurri

Araceli de la Horra. Krea Expresión Contemporánea zentruko zuzendaria: Sormenean erreferente izatea bilatzen dugu

 

Irakurri