Giuseppe Traverso. Euskadiko Biodibertsitatearen Zentroko zuzendaria: Dugun aberastasunik handiena ekosistemak ematen dizkigun zerbitzuak dira, izan ere jarduera guztietarako elikatze-iturri dira

2009-11-06

SILLERO ALFARO, Maider

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Zer da biodibertsitatea? Zer ematen digu? Zergatik behar dugu? Zer egiten dugu bere alde? Planetaren kontserbaziorako garrantzitsua dirudien eta askotan entzun izan dugun hitz horietako bat da, baina ba al dakigu zehatz zer esan nahi duen? Giuseppe Traverso, Euskadiko Biodibertsitatearen Zentroko zuzendariak azalduko digu. Hitzordua zentroko egoitzan egiten dugu, Busturiako Madariaga Dorretxean, toki pribilegiatua Urdaibai Biosferaren Erreserban.

Zer helburu du Euskadiko Biodibertsitatearen Zentroak?

Dibertsitate biologikoari eragiten dioten erabaki publikoetarako ezagutza zientifikoan oinarrituta finkatzea du zentroak xede. Erabaki publikoek, besteak beste, hirigintza, errepideak, azpiegiturak, nekazaritza eta basoen kudeaketa ukitzen dituzte. Erakunde publikoei erabakiak hartzeko laguntza zientifikoa emateko sortu zen. Helburu horrekin, Eusko Jaurlaritzak arlo berria sortu zuen Ihoberen baitan, dibertsitate biologikoarena, hain zuzen. Teknikariek osatzen dute Ihobe sozietatea, eta, orain artean, ikuspegi teknikotik kudeatu izan du ingurumena, baina dibertsitate biologikoaren kasuan, apustu berezi eta berritzailea egin zen.

Zertan datza apustu berritzaile hori?

Ikerketa-talde bat sortu genuen, Eusko Jaurlaritzari, aldundiei eta udalerriei dibertsitate biologikoarekin zerikusia duten politiken inguruko erabakiak hartzeko behar duten informazioa emateko. Aldi berean, baina, herritarra sentikortzen ere ahalegintzen gara.

Eta hori guztia hementxe egiten da, Madariaga dorretxean, Urdaibai Biosfera Erreserban...

Bai. Duela bost urte, aurriak baino ez zeuden Madariaga dorretxean. Erosi eta zentroa hemen kokatzea erabaki zuten, bulegoetarako nahikoa leku ez ezik, inguruan eremu paregabea ere baduelako. Solairu batean ikerketa-taldea dago eta hezkuntza- eta sentsibilizazio-taldea bestean, azkenean horri partaidetza publikoaren taldea esaten diogu.

Eta kanpora begira, zergatik aukeratu zen dibertsitate biologikoaren gaia eta ez ingurumenarekin erlazionatutako beste bat?

Dibertsitate biologikoa ingurumenaren alderdi berdea da, eta guztioi gustatzen zaigu, gutxi goiti-beheiti, mendira eta jende gutxi eta zeruertz luzeak dituzten paisaia polit horietara joatea. Jendea hezitzeko alorrik errazena dela iruditzen zaigu, zailagoa baita, adibidez, hondakinez edo lur kutsatuez mintzatuz jendea sentsibilizatzea. Hauxe da ideia: dibertsitate biologikoak bakoitzaren bizitzari ematen dionaz sentikortzen eta kontzientziatzen dihardugularik, erabaki publikoetarako euskarria sortzen ari garela.

Euskarria ezinbestekoa dugu, zeren eta, gero eta gutxiagotan bada ere, bai hemen bai mundu osoan, ingurumenaren alorreko erabakiak kostutzat hartzen dira, enplegua sortzeko negozio-aukera baino gehiago. Horrela, bada, espezieak nahiz natura-guneak zaintzeko erabakiak garapen ekonomikoaren mugatzat hartzen dira. Jendeak hori ez dela horrela jakin dezan, input batzuk ematen ahalegintzen gara, modu erraz eta dibulgatzailean.

Baina, proiektu jakin batzuen inguruko kontsulta zehatzak egiten dizkizuete ala ikerketa orokorragoak egiten dituzue?

Aldi berean, bi modutara egiten dugu lan. Proiektu batzuk zehatzak dira, funtsezkoak iruditzen zaizkigun gaien ingurukoak —arriskuan dauden espezieen egoera, adibidez—. Kasu honetan, ikerketak egin ostean, datuak administrazio publikoei helarazten dizkiogu, eta horiek nola kudeatu aholkatzen diegu.

Barkatu, baina Madariaga dorretxean aholkuak ematen dituzue soilik, ala erabakiak ere har ditzakezue?

Guk gomendioak, irizpideak eta norabideak ematen ditugu, hau da, ez dugu behartzen. Ezagutza bildu eta pasatu egiten duen erakunde zientifikoa gara. Ekologia hutsaren ikuspegitik ematen ditugu aholkuak, eta, gero, aldundiak, Eusko Jaurlaritza eta udalerriak aske dira horiek bere egiteko.

Itzul gaitezen aurreko galderara. Lana egiteko bi moduz jardun gara; zein da bigarrena?

Bigarrenean, proiektu orokorragoak hartzen ditugu. Dibertsitate biologikoaren inguruan lan egiten duten beste leku batzuetan, Euskal Herriko Unibertsitatean, Aranzadin eta IKTn adibidez. Informazio hori bildu, aurreratu eta berregiten dugu irizpide zientifikoak gehituz.

Azal iezadazu Madariaga dorretxearen alderdirik dibulgatzaileena, jende guztiari irekita dagoena.

Ahalik eta pertsona gehien erakartzea da gure asmoa. Programa —eta zerbitzu—buru Roque Pérez-Agoterekin batera, planteamendu klasikoa taxutu genuen: erakusketa finkoa, espezieei eta habitatari buruzko aldi baterako bi erakusketa eta eskola-programa. Alabaina, eskola-programa planteatu genuenean, modu ludikoagoan egitea erabaki genuen, bisitatzen gintuzten ikasleak, zerbait ikasteaz gain, pertzepzio onarekin joan zitezen; horretan datza gure berritasuna edo originaltasuna. Azken finean, ikusi, arrazoitu eta beraien ondorioak atera ditzatela nahi dugu.

Ikasleak aparte, zein da honaino gerturatzen den beste publikoa?

Bisitariei egiten diegun gogobetetasun-inkesten bidez, Madariaga dorretxea ingurumenetik gertu dagoen jendeari heltzen zaiola ikusi genuen. Orduan, jarduerak dibertsifikatzeari ekin genion, jende gehiagorengana heltzeko. Besteak beste, jarduera hauek egin genituen: meteorologia- eta surf-ikastaroak, familia-lantegiak, antzerkiak, ogi ekologikoari buruzko ikastaroa, ingurumenaren gaineko film-emanaldiak... Oraindik ingurumenarekiko kezkarik ez duen biztanleriara heldu gura dugu.

Denboratxoa daramagu dibertsitate biologikoaz mintzatzen. Zer da zehazki?

Nik gehien atsegin dudan definizioa, nahiz eta, agian, hotz samarra izan, hauxe da: Life Support System (bizitzari eusteko sistema). Hain zuzen ere, dibertsitate biologikorik gabe, ez ni ez zu ez ginateke orain hemen egongo. Dibertsitate biologikoak ur geza izatea, lurzoru emankorrei esker janaria izatea, lehengaiak (kotoia, artilea ematen diguten ardiak...) daudenez arropa izatea... esan nahi du. Planetako alderdi bizia da, gizakia, espezie bizidun guztiak eta biosferaren zikloa osatzen duen oro barne hartuta.

Eta zer egiten du gizarteak dibertsitate biologiko hori hondatzeko?

Orain ikuspegi politikotik kontzientzia hartzen ari bagara ere, beranduegi ohartu gara dibertsitate biologikoa, lehen esan dudanez, bizitzari eusten dion euskarria dela. Gure munduan, ekonomia da nagusi, baina ez da giza jarduera bat baino, eta, ekonomia elikatuko duen sistemarik gabe, ezin ekonomiarik izan. Sektore guztiak elikatzen dira dibertsitate biologikotik. Sektorerik indartsuenetakoa dugun informatikaren kasuan, energia elektrikoak elikatzen du, eta, horretarako, elektrizitatea sortuko duten zentralak behar dira. Horixe da zentral hidroelektrikoen kasua. Horiek, ingurumenean duten eragina alde batera utzita, funtsean uraren zikloaren menpe daude, eta uraren zikloa inguruan dauden habitaten menpe dago.

Bizi-kalitate orokorrari eusteko, dibertsitate biologikoaren beharra dugu, baina ez bizitzeko era honetan jarraitzeko. Guk ezingo diegu adibidez Txinari eta Indiari esan, gure garapen-eredua ez dezatela erabili; baina, horixe gertatu beharko da. Aitona-amonak izaten garenean, gaur egun uko egiten ez diegun gauza batzuk baztertu egin beharko ditugu, guztiok ingurumen-ondasun edo -zerbitzu deritzenak gutxi edo neurriz kontsumi ditzagun, eta, funtsean, denak dira ingurumen-zerbitzuak, dena baitago ingurumenari lotua. Eta hori guztia, bizi-kalitatea alde batera utzi gabe.

Eta, nola egingo dugu hori?

Zail samarra da. Baina, etorkizunean ondasunen ekonomiatik zerbitzuen ekonomiara, edo, beste batzuek esaten diotenez, bertuteen ekonomiara, pasatzea da, oro har, ideia nagusia. Gure balioek aisialdian mendira joan nahi izatera eraman gaitzatela, eta erosketa konpultsiborako sena izan beharrean, maitasun konpultsiborako sena izan dezagula. Zerbitzuen eskariak gora egin ahala, ondasunen produkzioak behera egiten du. Ondorioz, lehengai gutxiago kontsumitzen da, eta horrek eragin handia du energiaren ikuspegitik.

Mundu bukolikoagoaren ideia da. Erdi Arora itzultzea, baina egungo erosotasunarekin. Hiriaren ondoan bizi izatea, gure ortua, lorategia eta animaliak izanda, baina automobil elektrikoa, energia berriztagarrietatik lortutako berokuntza, aurrezten duten etxetresna elektrikoak... erabiliz. Senak, ez ingurumenarekiko konpromisoak, gehiago edukitzera beharrean, gehiago izatera eraman gaitzala, ondo egoteko.

Euskal Herria aberatsa da dibertsitate biologikoari dagokionez?

Islandiarekin alderatzen badugu, oso aberatsa da dibertsitate biologikoan. Herrialde tropikalen ondoan, berriz, ez da hain aberatsa. Europar Batasunean, Espainia da dibertsitate biologikorik handiena duen herrialdea. Datu interesgarria da hori, ezta? Funtsean, Espainian eremu mediterraneoak, kontinentalak eta atlantikoak bat egiten dutelako da hori.

Zein da Parke Naturalek duten garrantzia?

Natura-parkeak balio ekologikoaren arabera izendatzen dira. Natura-gune babestu asko dago, bai eta biotopo babestuak, zuhaitz bereziak, Europako Erkidegoko Natura 2000 izeneko eremu babestuak... ere. Eremu babestuen rankingean, natura-parkeena da antzinakoena eta natura-eremuak gehien babesteko modua. Yellowstonen hasi zen, eta faunako (batez ere) eta florako hainbat subespezie enblematiko edo habitat jakin batzuk zaintzeko irla moduan sortu zen.

Eta nola izendatzen da natura-gune bat?

Orain, aldatzen ari da natura-guneak izendatzeko irizpidea. Gizakiaren eta espazioaren arteko harremana aldatzen ari da: espazio berean pertsona gehiago dago. Natura-parkeetan giza jarduerak oso mugatuta daude. Hortaz, etorkizunera begira gizakia naturarekin bizi izatea da ideia, eta, horretarako, ingurumen-estandarrak murriztu eta eremu babestuak handitu beharra dago.

Gaur egun eredu mistoa sustatu nahi da. Natura-parkeak izaten jarraituko dugu, hantxe izango baitira ekologiaren aldetik eta eskaintzen dituzten zerbitzuengatik garrantzia duten eremuak. Aiako Harriak dira adibide bat. Horiek Donostialdearako ura ematen dute. Inguru horretan, Añarbeko urtegiaren inguruko ekosistema zaintzeak ahalbidetzen du Añarbe egunez egun urez betetzea. Eta, horrela, ikaragarri aurrezten da, zeren eta, Añarbe ez denean, eskualde oso hori hornitu beharko baita urez.

Hauek dira ekosistemak ematen dizkigun zerbitzuak...

Orain dela gutxi arte, eta oraindik ere, ez dira balioesten, naturak doan ekoizten dituelako. Horiek desagertzen hasten direnean (dagoeneko gertatzen ari da mundu osoan), orduan ohartzen gara hor zeudela, gure bizitzaren oinarria direla eta, balio ekonomikorik ez badute ere, dugun aberastasunik handiena direla, gainerako jarduera guztietarako elikatze-iturria osatzen dutelako.

Europar Batasunean ahalegina egiten hasi dira, eta poliki-poliki Euskal Herrian ere bai, zerbitzu horiek guztiak ikuspegi ekonomikotik zenbatesteko, ez prezioarekin etiketatzeko asmoz, baizik eta baliabide natural horiek izan ezean zenbat gastatuko genukeen jakiteko. Ekosistemen zenbatespen ekonomikoa egiten ari dira, ekosistemei eragingo dieten erabakiak hartu aurretik, horiek eskaintzen dizkiguten onurak ezagutu ditzagun. Horixe da, hain zuzen, dibertsitate biologikoak gizarteari eta ekonomiari ematen diena.

Eta azken galdera bat, eraikitzea planeatuta dagoen Guggenheim berria bidagarria litzateke Urbaibaien?

Galdera honek ñabardura asko behar ditu. Alde batetik, Guggenheim aurretik artifizial bihurtutako lur batean eraikitzea dago aurreikusita, baina (Guggenheimen kasua izango den moduan), eraginkorra den estruktura baten ingurumen-inpaktua, inguruan dagoenarekin dator. Hau da, beharrezkoak izango diren azpiegiturak eta zerbitzuak. Mota honetako garrantzia ekonomikoa duen edozer gauzarekin bezala, bi alderdi daude. Alde batetik etekin ekonomikoa, eta bestetik ingurumen galera. Oreka bat aurkitzean datza. Gaur egun, erabakiak hartzeko modu bat partaidetza publikoa da, hau da, interes gehien duten pertsonek ikus dezatela zein onura eta zein sakrifizio aterako dituzten bertatik. Hala ere, Guggenheimaren kasua ez zaigu guri tokatzen; gu biodibertsitatearen kontserbazioaz arduratzen gara, eta hau ingurumen-inpaktuarekin erlazionatutako zerbait da. Giuseppe Traverso Saibante (Génova, 1976) Zuzenbidea ikasi zuen Italian, Nazioarteko Zuzenbidea Frantzian eta Suitzan eta Ingurumen-Zuzenbidea Espainian. Urte batzuk abokatu moduan lan egin ondoren, Hego Amerikan, Italian eta Austrian GKE desberdinetan ibili zen. Europar Batzordeko Ingurumen Zuzendaritza Nagusian eta Donostian egoitza zuen CIACAn (Corte Internacional de Arbitraje y Conciliación Ambiental) lan egin zuen ondoren. Traverso, Busturiako Madariaga Dorretxean dagoen Euskadiko Biodibertsitatearen lehendabiziko zentroko zuzendaria da.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Iñaki Martinez de Luna Perez de Arriba. Soziolinguista: Hizkuntza berdintasunaz gehiegi hitz egiten da, horrekin euskara ez dela gazteleraren aurretik lehenetsi behar adierazi nahirik

 

Irakurri

Rosa Ayerbe Iribar. Historialaria: Denborak ez du guztia sendatzen, eta arazoak betikotu egin daitezke

 

Irakurri

Óscar Álvarez Gila eta Ana Isabel Ugalde. Euskal Herria Mugaz Gaindi: Izugarrizko eragina du Euskal Herriko kanpoko proiekzioak Euskal Herriko historian

 

Irakurri

Itziar Eizagirre Irureta. Ingurumen aholkularia eta Mugikortasun Iraunkorreko Kudeatzailea: Gaur egungo garraio-ereduarentzako alternatibak gure pentsaera-aldaketatik datoz lehenik

 

Irakurri

Juan Gimeno Ullastres. UNEDeko Errektorea: Ohartu nintzen justizia ekonomian zegoela zuzenbidean baino askoz gehiago

 

Irakurri