Javier Caamaño. Lizarrako Bidearen Lagunen Elkarteko eta Done Jakueri buruzko Ikaskuntzen Etxeko zuzendaria: Santiago Bidean gehiago eragiten da izatea, edukitzea baino

2004-07-30

LARREA, Koldo

GARMENDIA YARZA, Koro

Javier Caamaño

Lizarrako Bidearen Lagunen Elkarteko eta Done Jakueri buruzko Ikaskuntzen Etxeko zuzendaria "Santiago Bidean gehiago eragiten da izatea, edukitzea baino" Koldo Larrea

Argazkiak: Ra?l Vergarachea/Calle Mayor

Itzulpena: Koro Garmendia

Versi?n original Duela bost urtetik hona, Lizarrako Bidearen Lagunen Elkarteko eta Done Jakueri buruzko Ikaskuntzen Etxeko zuzendaria da, arlo honi eskainia dauden guztien artean bigarren zaharrena, 1962an eratu baitzen, Parisekoaren ondoren. Sorrera urtean bertan egin zen Elkarteko bazkide, eta berehala ekin zion hain gustukoa duen zereginari; hots, Done Jakue Bidearen espiritua alderdi guztietan -eta ez dira gutxi- mantendu eta zabaltzeari. Lizarrako Bidearen Lagunen Elkartea, bide ospetsu honen inguruan diren guztien artean antzinakoena dugu. Zein asmorekin sortu zen? Hiru helburu nagusirekin: batetik, Bidea bera sustatzea, garai hartan, duela 42 urte, nahiko utzia zegoelako, bai jende arruntaren aldetik, bai Administrazioaren aldetik. Dena den, beti ibili da erromesik Bidean. Helburuekin jarraituz, erromesei laguntza ere eskaini nahi zien Elkarteak, nahiz eta hori jada egiten zen II. Mundu Gerra amaitu zenez geroztik, 1945etik aurrera gutxi gorabehera. Hirugarren helburua, kultur ekintzak antolatzea zen. Azken puntuari dagokionez, lan zabal eta emankorra egin duzue. Bai, oso zabala. Antolatzen ditugun ekintza guztien artean garrantzitsuena, Erdi Aroari buruzko Ikaskuntzen Astea da. Tarte batean eten egin bazen ere, aurtengoa bere hogeita hamabigarren edizioa izango da. Nazioarte mailan ere ospe handia lortu du. Baina beste jarduera batzuek ere oihartzun handia daukate: Antzinako Musikaren Astea, Bideari buruzko Jardunaldiak, Sefardi Astea, Ondarearen Astea, etab. Aurten, gainera, Antso Nagusiaren figurari buruzko jardunaldi batzuk ere antolatu ditugu. Zein da zeinen zordun: Lizarra Santiago Bidearena, ala alderantziz? Lizarra da zorduna, existitzen baldin bada Bideari esker delako. Antso Ramírezek 1090ean Lizarrako Forua eman zuenean, Bidea desbideratzeko agindua eman zuen, Lizarratik igaro zedin, eta birpopulatzaileei abantailak eskaini zizkien, lur horietan finka zitezen. Hau baino lehen, Jacako Forua onartu zuen, oso emaitza onekin, hiriari sekulako bultzada eman zion-eta. Kanpotar asko joan ziren bertara: batetik frankoak -adi, ez daukate frantsesekin zerikusirik; frankoak zergetatik salbuetsita zeudenak ziren-, eta bestetik juduak, ohi bezala negozioei lotuta ibiltzen zirela. Azkenean batu egin ziren hiru auzoak (nafarrena, frankoena eta juduena), eta Lizarra inoiz baino gehiago garatu zen. Nafarroako merindade guztien artean indartsuena izatera iritsi zen. Aurtengoa, 2004.a, Done Jakueren Urtea dugu. Zein aurreikuspen daukazue Lizarran erromesen kopuruari dagokionez? Ehuneko hamarreko hazkundea baino handiagoa izango dugula pentsatzen dugu. Iaz hemeretzi mila erromes inguru igaro ziren Lizarratik; aurten, berriz, oso posible da hogei milatik gora izatea. Done Jakueren Urtea dela-eta, instituzioen aldetik ohi baino tratu hobea jasotzen ari zarete, ala lehenagoko gabezia berberak errepikatzen zaizkizue? Done Jakueren Urteetan beti egiten da hobekuntzaren bat edo beste, baina beti gehiago nahi izaten dugu. Eta beti dago Bidea hobetzeko beharra. Bestetik, dagoeneko hasiak dira Iruñea-Logroño autobidea egiteko obrekin, eta kontua da obra horiek Bideari eragiten diotela, eta, batez ere, erromesen segurtasunari. Eta, denak Orreagari begira egon beharrean, nahiago genuke Bideko beste hainbat puntutan ere erreparatzea. Administrazio publikoak errespetatzen al du Bidearen jatorrizko ibilbidea? Administrazioak ahal duena egiten du. Orokorrean bai, errespetatzen du, eta errespetarazten. Leku batzuetan, Nafarroan zein Nafarroatik kanpo, arrazoi bat edo bestegatik, jatorrizko bidea galdu egin da, baina espiritua bederen mantentzen da. Santiago Bidea Gizateriaren Ondare dela jakinik, gainera, jendeak gehiago errespetatzen du. Egiazkoak al dira azkenaldian gero eta erromes gehiagok aukeratzen dituen bide berriak (kostaldekoak, esaterako), ala autonomia erkidego batzuek beren eskaintza turistikoa areagotzeko asmoz sortuak dira? Egiazkoak dira, beti egon dira hor. Kontua da garai batean ez zirela oso bide seguruak, eta orduan Errege-erreginek hobeto babestuago lekuetarantz bideratzen zituztela erromesak. Alde batetik erromesen segurtasuna zegoen jokoan, baina, bestetik, erosotasuna, orografia nolakoa zen ikusita ibilbide lauagoa sustatu zutelako, ez hain malkartsua. Zergatik egiten da Santiago Bidea? Eta nola egiten da? Galdera ona. Lehenik eta behin esango dizut erlijioa dela jendea Bidea egitera bultzatzen duena. Bide hau, Santiago apostoluaren hilobira erromesaldia egiteko sortu zen. Dena den, gaur egun jendeak beste arrazoi batzuengatik ere egiten du. Batetik, kultura ezagutzeko, Bidean zehar oso ondare artistiko aberatsa ikus daitekeelako, bai Nafarroan, bai beste eskualdeetan. Bestetik, turismoa egiteko, oso paisaia ezberdinetatik igarotzen delako, jende ugari ezagutzen delako, eta hizkuntza ezberdinak entzuteko aukera dagoelako. Eta ekologiak ere badu bere garrantzia, denbora guztia izadiarekin harremanetan zoazelako, beribilak ia ikusi ere egin gabe, denbora guztian zelaietan barna. Laugarren arrazoia pertsonala izango litzateke: batzuek erronka edo abentura modura egiten dute, Bideak ofizialki dauzkan 736 kilometroak oinez egiteko gauza direla frogatzeko. Eta zein da arrazoi horien guztien artean garrantzitsuena? Gizakiago bihurtzen gaituena. Oso gauza gutxi behar dira Bidea egiteko, eta horrek erakusten digu zoriontsu izateko ere ez daukagula askoren beharrik. Bideak, azken batean, bizipozaren ikuspegi berri bat ematen digu. Harreman pertsonalek ere garrantzi handia daukate, Bidea egin ahala jendea ezagutzen joaten zarelako. Denek denekin hitz egiten dute, eta lagunak egiten dira. Herrialde ezberdinetako jendea biltzen da. Dena den, serioak al dira Bidea egiteko dauden moduak, etapak hilabetez hilabete, asteburuka eta abar eginez? Serio hartuz gero, modu guztiak dira baliozkoak. Dena den, Bidea aldi batean egiteko aukerarik izanez gero, onena hilabete oso bat hartzea da. Bukaeran diploma bat jasotzearenak ez du hainbesteko garrantzirik. Bidea hausnartuz egin behar da, bizipen guztiak bilduz. Edukitzeari baino gehiago, izateari begiratzen zaio. Tradizio espirituala ala erakarpen turistikoa dela esango zenuke? Hori bakoitzaren araberakoa izaten da; nola hartzen den ikusi behar da. Edozein arlotan, masifikazioa sortuz gero, zaila izaten da jatorrizko espiritua mantentzea. Baina erraz bereizten dira erromes klasikoak eta turismoa egitera datozenak; batez ere, aterpeetan izaten duten jokabideagatik. Turismoa egitera datozenek eskatu besterik ez dute egiten, eta erromes tradizionalek, aldiz, eskerronez onartzen dute ematen zaien guztia. Santiago Bidea egitearren sortu den irrikak ez al du jubileua irabaztearen kontua bigarren maila batean utzi? Ba ziurrenik bai. Halako masifikazioarekin, zaila da espiritua mantentzea. Dena den, ona ere bada, horrela jende gehiagok ikusiko duelako Bidea benetan zer den. Zer pentsatu nahiko zenuke 2005eko urtarrilaren 1ean, amaitu berria izango den Done Jakueren Urteari buruz? Lorpenez betea egon dela, ez dela istripurik gertatu, erromes guztiak pozarren abiatu direla Lizarratik, eta Bideari buruzko oroitzapen atseginak bildu dituztela. Eta, batez ere, Bideak hortxe jarraitzen duela, ez dela sekula gelditzen. Javier Caama?o

1939ko urtarrilaren 28an jaio zen, Lizarran, eta bertan bizitu bederatzi urte bete zituen arte. Ondoren Bartzelonara joan zen, ikasketak jesuiten eskola batean egin, eta Ingeniaritza Industrialean doktoratu zen. 34 urte zituenean Lizarrara itzuli zen, eta hainbat enpresatan lanean aritu ostean, irakasle izatea erabaki zuen. Horretan darrai egun ere, Euskal Herriko Unibertsitatean Ingeniaritza Egitasmoetako katedradun baita.

Lizarrako Bidearen Lagunen Elkarteko eta Done Jakueri buruzko Ikaskuntzen Etxeko bazkidea da, 1962an sortu zenetik ia, eta 1999ko maiatzean bertako presidente izendatu zuten. Baina ez da Santiago Bidea bere zaletasun bakarra: Izarrako bazkidea da, bi elkarte gastronomikotakoa, Asociación Española de Ingeniería de Proyectos-ekoa, eta Lizarrako Enpresarien Elkartekoa. Azken honen sustatzaile ere izan zen gainera. Menua ELKARRIZKETA Aurreko Aleetan Inicio > EM 265 > Elkarrizketa -->

2004/07-30/09-03
Partekatu
Facebook Twitter Google Whatsapp

AURREKOAK

Izaskun Astondoa. Pirotecnia Astondoako gerentea: Euskal Herrian jende asko ibili da lanbide honetan, baina denboraz desagertuz joan dira, eta ez dute jarraipenik eduki.

 

Irakurri

José Ignacio Beitia. Portugaleteko Nazioarteko Folklore Jaialdiko zuzendaria: Euskadin dantza talde asko dago, baina amateur moduan aritzen dira. Eta hemen dantza eta folkloreko profesionalen beharra daukagu

 

Irakurri

Almudena Cid. Gimnasta: Final olinpiko batean hirugarren aldiz jarraian egotearekin amesten dut

 

Irakurri

Ana Rocandio. Dietetika eta Nutrizioan aditua: "Euskadin ondo elikatzen gara, baina gehiegi jaten dugu"

 

Irakurri

José Javier López Antón. Historialaria: "Nafarroak errespetua zor dio Campiónen figurari"

 

Irakurri