Historialaria "Nafarroak errespetua zor dio Campiónen figurari" Koldo Larrea
Itzulpena: Koro Garmendia
Versi?n original Arturo Campiónen bizia eta obra ondo baino hobeto ezagutzen dituen aditu handi bat daukagu aurrean. Bere hitzak ondo neurtzen baditu ere, pasioz eta miresmenez mintzo da Campiónen figuraz. Elkarrizketa honetan zehar egiten dituen adierazpenetan oso garbi ikus dezakegu iruindar honek bihotzez maite duela Nafarroa, euskaraz egingo zuen euskal herriaren alde borrokatu zen Campión herrikideak bezala. Arturo Campión politikaria, literatoa eta historialaria izan zen, baina hiru alderdi hauetako zeinetan nabarmendu zen bereziki? Orokorrean begiratuta, Campiónek historialari edo ikertzaile modura egindako lana da aipagarriena. Zergatik? Hara: koka gaitezen orduko testuinguruan. Campiónen asmoa, euskal kulturaren erroak -gelditzen ziren apurrak- salbatzea zen, zeren eta egia bihurtzen hasia zen Eliseo Reclus geografo anarkistak egindako aurreikuspena. Honek esan zuen Euskal Herria eta bere kultura eta hizkuntza desagertzen ari zirela (“el pueblo vasco es un pueblo que se va, pertrechado en sus montañas, con un grado de cultura peculiar, con una lengua de origen desconocido...”). Eta, errealitate horren aurrean, Nafarroako Euskara Elkargoarekin batera, Campiónek helburu bat finkatu zuen: Euskal Herriaren ezaugarriak salbatzea, Foruak indargabetu zirenez geroztik galtzen ari zirela ikusten zutelako. Eta literaturaz baliatu zen hori egiteko, euskal hizkuntzaz. Adierazi duzunarekin, Campión gizon suhar eta erromantiko baten modura dakusagu, eta ez hainbeste ikertzaile eta zientzialari hotz bat bezala. Ez, ez. Nola esango dugu ba Campión ez dela akademiko edo zientifikoa, bitan aipatu zuen-eta Lucien Febvre, lehendabiziko iraultzaz geroztik historiografiaren berritzaile nagusia izandakoa? Ordura arte, datuak besterik ez ziren bilatzen, interpretazioa bazterrean uzten zen, baina Febvrek adierazi zuen historia ez dutela gudateek bakarrik osatzen, baizik eta herritarren pentsaerek, ohiturek eta bizimoduek. Eta Campiónek bi aldiz aitatu zuen Febvre, espainiarrentzat oraindik ezezaguna zenean. Campiónek bazuen alderdi erromantiko bat, garbi ikus zitekeena Nafarroaren historia gartsuki eta ikuspegi nazionalistatik kontatzen zuenean, baina, bestetik, Febvrerengana jo zuen nafarren kultura eta ekonomia baldintzatzen zituena nafar geografia zela esateko. Bere iritzian, kulturaren erroak mendietan zeuden, eta horregatik gelditu zen euskal herria pixka bat isolatuta, eta hain zuzen ere horrexegatik gorde zen euskal hizkuntza. Ideia hori zientifikoa da: geografia da psikologia, paisaia, morala eta ohiturak nolakoak izango diren finkatzen duena; erabakitzailea da. Eta, horretan oinarrituz, ikerketa historiko bat egitea erabaki zuen. Dena den, beste zenbaitetan asmo didaktikoa izan zuen, eta ikerketen emaitzak literaturaren bidez eman zituen ezagutzera. “El último tamborilero de Oraondo” eleberria horren adibide garbia dugu: bertan, euskararen desagerpena salatzen du, baina, oinarrian, ikerketa sakon bat dauka. Nafarren arimaren psikologia aldatzen ari dela salatzen du. Beraz, Arturo Campiónek dimentsio europarra ere bazuela esango zenuke? Campiónek bazuen harremanik Europako historiografiarekin, eta, bereziki, batez ere kutsu liberal edo positibistakoarekin. Beraz, bai, lehen aipatu dizudan Nafarroako Euskara Elkargoa -kultura eusko-nafarra berpiztu zuena- mugimendu europarren barruan koka dezakegu. Eta, ondorioz, esan beharko genuke Nafarroa izan zela berpizkunde euko-nafarraren ardatz nagusia. Inorenak ez diren lurretan Goazen alderdi horiek guztiak pixkanaka ikustera. Nola sailkatuko zenuke Arturo Campión politikoki? Campiónen sendia liberala, kontserbadorea eta foruzalea zen, baina, ikerketak egin ahala, konturatu zen euskal kulturako elementu nagusia erlijioa zela. Euskaroak, une jakin batean, erradikalizatu egin ziren, eta Campión alderdi integristan sartu zen, “Jaungoikoa eta Foruak” defendatzera. Baina alderdi hori desegin egin zenean, Campión galduta gelditu zen, inorenak ez ziren lurretan. Eta orduan, pixkanaka, nazionalismora hurbildu zen, eta hor Sabino Arana ezagutu zuen. Baina ez zituen bere aurresupostu ideologikoak onartzen. Nazionalismo sabiniarra politikari begira zegoen, eta euskaroena, aldiz, kulturari. Beraz, Campiónen pentsaera politikoa aldatzen joan zen: hasieran liberal kontserbadore foruzalea izan zen; gero, erlijioak zeukan garrantziaz jabetu zenean, alderdi integristara jo zuen, eta, amaieran, EAJn bukatu zuen. Bilakaera hori ikusita, edonork pentsa dezake Campión politikoki nahastuta ibili zela. Ez, ez, horrelakorik ez. Batzuek kameleoien modukoa zela leporatzen diote, baina hori ez da egia, Campión ez zen horrelakoa. Ikus dezagun: militatu al zuen alderdi horietan? Ba ez dago oso argi. Alderdi Integristako militantea behintzat ez zen izan. Berak bi ardatz nagusi izan zituen beti: erlijioa eta foruak. Campión ez zen politikari bat. Eta, gainera, politikak nahigabetu egin zuen. Campión eta euskaroak ez ziren ideologia baten jarraitzaile; aurrera egitera bultzatzen zituena, galdutako balioak berreskuratu nahia zen. Ez zen gaizki egongo alderdi politiko bat sortu izan balute, baina ez zuten politikarako balio. Echegaray, Campión, Urquijo, D. de Aguirre, Mugica eta Guerra. Hortaz, oso gizon konprometitua izan arren, sekula ez zuen alderdi politiko batean militatu. Independentziaren egarri zelako akaso? Pertsona batzuek esan didate EAJko afiliazio txartela ikusi ziotela, baina beste batek gezurtatu egin dit, beraz, ezin dizut egiaztatu, ez dago froga argirik. Nolanahi ere, egia da Campión independentziazale porrokatua zela. Eta, Comunión Nacionalista Vasca-ko diputatua izan bazen ere, ez zeukan estrategia politiko zehatzik. Berak pentsatzen zuen erabateko zentzugabekeria zela euskal herritarrek, subiranotasuna lortzearren, arima edo hizkuntza galtzea. Esaten zuen: “Kontuz! Ez dakigula Irlandako gauza bera gertatu!”. Kulturaren, arbasoen espirituaren eta euskararen alde borrokatu zuen beti. Alderdi politikoan ez zuen behar estrategikorik ikusten. Euskaroak federalismoaren aldekoak ziren. Ez zen jende praktikoa, baizik eta burutsua, ikasle onak. Euskal kutsua zeukan guztia goretsi egiten zuten. Foruak berreskuratu nahi zituzten, nortasunaren giltzarria, eta, aldi berean, euskara salbatu. Ez zeukaten politikarien antza handirik. Zein zen Campiónen amets edo ideal politikoa? Zaila da erantzutea. Beharbada, Nafarroak independentzia lortzea, ez dakit. Dena den, balio politikoei baino gehiago, kulturari ematen zion lehentasuna, beti. Erriberan, Andosilla, Mendabia edo Tutera bezalako herrietan, ikastolak sortzen ari direla ikusiko balu, bere amets guztiak egia bihurtuko lirateke, lehen hain baztertuta eta erdeinatuta zegoen hizkuntza jendeak orain ikasi egiten duela ikustean. Euskaroak harri eta zur geldituko ziren egunkariak eta telebista ere euskaraz ditugula ikustean, zeren eta gaur egun gauza normalak iruditzen zaizkigu, baina lehen ez zitzaien horrelakorik burutik pasa ere egiten. Hizkuntzari dagokionez, Campiónen ametsa bete egin da, nahiz eta oraindik ere badagoen euskara hizkuntza arrotz bat bezala ikusten duen nafarrik. Pertsona didaktikoa Unamunok goraipatu egin zuen Campiónen ekarpen literarioa. Beste inork ere bai, ala Unamonok bakarrik? Ez, beste batzuek ere bai. Miguel de Unamunok esaten zuen bikaina zela “Blancos y Negros” eleberria. Emilia Pardo Bazánek literaturan independentzia handiagoarekin jokatzea eta Madrilera joatea aholkatu zion, baina Campiónek ez zuen horrelakorik egin. Literaturaren arloan, Campión gizon didaktikoa zen. Ikertzen zuen guztia literaturara eramaten zuen, bai pedagogikoa iruditzen zitzaiolako, bai Nafarroako Euskara Elkargoaren asmoak horiek zirelako. Nafarroaren historia sortu eta legendatu egin nahi zuten, eta, horretarako, tradizioa asmatu zuten. Beren helburua herritarrengana iristea zen, historia literaturaren bidez erakustea. Campiónek Nabarreriaren Gerra nafarren arteko gerra zibil bat izan balitz bezala aurkeztu zigun, eta 1512an gertatuko zena aurreikusi. Baina bere literaturak badu beste ezaugarri bat ere: beti ondorioren bat ateratzen duela; hau da, historia bizitzarako irakaspen praktikoak emateko aprobetxatzen duela. Gainera, historiak askatasun handiagoa ematen digula erakusten digu. Bere ekarpena hain garrantzitsua izan baldin bada, nolatan jarraitzen du Campiónek gehiengoarentzat hain ezezaguna izaten? Manikeismotik baloratu dutelako. Euskal jeltzaleentzat, Campión maisu bat da, baina ikuskera hori ez daukatenentzat, Nafarroaren historiari buruzko interpretazio horrekin bat ez datozenentzat, Campión bazter-nahasle bat da. Eta Campión zokoratuta gelditu izanaren errudun nagusien artean, Eladio Esparza aipatu beharra dago. Lesakako kazetari honek Euskadi egunkarian idazten zuen, eta gero Diario de Navarra-n ere egingo zuen, eta bera izan zen Campión gehien erasotu zuena, nahiz eta, aldi berean, gurtu ere egiten zuen. Kontua da Nafarroaren historiari buruzko interpretazio hori onartezina iruditzen zitzaiola garai hartako Espainian, gerraostean. Campión, zenbait esparrutan, ezezaguna izango da agian, baina euskarari dagokionez behintzat ez. 98ko Belaunaldiko idazle galdutzat jo genezake? Neurri batean bai, baina neurri batean bakarrik. Campión Nabarreriako Gerra legendatzen hasi zen, gero “Blancos y Negros” idatzi zuen, eta, ondoren, “La Bella Easo”. Galdera da: liburu gutxiago idatzi zituzten beste egile batzuk hainbesteko eragina izatera iritsi baldin badira, nolatan da Campión hain ezezaguna? Ba intelektual katoliko bat zelako. Campiónek bi oztopo zeuzkan 98ko Belaunaldian sartu ahal izateko: batetik, fededuna zela, eta, bestetik, pentsalaria, intelektuala. Ezaugarri horiek onuragarriak suertatu zitzaizkion batzuetan, baina kaltegarriak besteetan. Idazle galdutzat jo ote dezakegun ez dakit, baina baztertua behintzat bai izan dela. Agian, berak hala nahi izan zuelako. Euskara bihotzean Campiónen alderdi politiko eta literarioari erreparatu diogu. Hirugarren alderdiari dagokionez, ikertzailearena, euskal hizkuntzaren aitalehentzat jo dezakegu? Bai, zalantzarik gabe. Campión euskalari handiekin batera aritu zen, eta Luis Luziano Bonaparte printzearen bideari jarraitu zion. Gutxi idatzi zuen euskaraz, baina iruditzen zitzaion euskal hizkuntza desagertzen bazen, Nafarroaren nortasuna noraezean eta galduta geldituko zela. Bere gramatikan esaten du euskal hitz bat berreskuratzen dugun bakoitzean, kontzientzia nazionalaren puska bat ere berreskuratzen dugula. Hizkuntza gauza bizia iruditzen zitzaion, eta jendea bateratu egiten zuena; esaterako, euskarak batu egiten zituela Donibane Lohitzuneko arrantzale xume bat eta Juan Sebastian Elkano. Campiónek izugarrizko errespetua agertzen zion gure arbasoek utzitako oinordetzari. Intelektual aurreratu bat zen, baina, aldi berean, jaraunspen tradizionalen zaintzailea ere bai. Hortaz, Arturo Campiónek euskarari dagokionez mugarri bat ezarri zuela esan al daiteke? Campiónek hiztegi eder bat egin zuen, hizkuntzari bultzada izugarria eman ziona. Eta guk gauza bera egin behar dugu. Gizon honen kasua eredugarria da: hasieran deus ere ez zekien euskal hizkuntzari buruz, eta azkenerako sekulako hiztegia egin zuen. Duintasuna eman zion euskarari. Zer pentsatuko ote zuen euskara batuari buruz? Begi onez ikusiko zuen, bere talde intelektuala ikusmira zabalekoa zelako. Fausto Arozenak “euskal kulturako sei titanak” deiturikoan, bera zen nazionalista bakarra: Serapio Múgica liberal kontserbadorea zen; Carmelo Echegaray, kontserbadorea, alderdi dinastikoen jarraitzailea; Domingo de Aguirre eta Julio Urquijo, karlistak; eta Juan Carlos Guerra, berriz, apolitikoa zen. Talde honek beti esaten zuen hizkuntza komun bat sortu beharra zegoela, denontzat balioko zuena, gainditu egin behar zela kantonalismo dialektikoa, eta beharrezkoa zela denok elkar ulertzea. Kontua da euskara batua nola sortuko zuketen, zeren eta Campiónek lapurtera erabili nahi zuen oinarri bezala, ez gipuzkera. Dena den, pozik egongo zen euskara batuarekin, bere alde egingo zuen, betiere euskalkiak eta tradizioa errespetatzen baldin bazituen. Zor historikoa Atzera begira jarriz gero, historiak eta denboraren joanak merezi duen lekua egin al diote Campiónen figurari? Askotan aipatu izan da Campióni ez ote litzaiokeen bere jaioterrian, Iruñean, kaleren bat eskaini beharko, benetan harrigarria baita oraindik ez egotea bere izena daraman kalerik. Iturralde Suitek eta Nafarroako Margaritak, esaterako, kale bana daukate, baina Albreteko Joana III.ak, Biblia euskaraz, biarneraz eta gaztelaniaz ere erabil zedila bultzatu zuenak, adibidez, ez dauka, ez Iruñean, ez Nafarroa osoan. Nolanahi ere, kontua ez da Campiónek bere izena eramango duen kalerik behar duen edo ez; benetan axola duena da nafar askok oraindik ere oso modu arraroan ikusten dutela Nafarroa. Ez dugu ahaztu behar gaurko gizartean ez gabiltzala intelektualetan aberats. Dena den, Campióni behar baino balio txikiagoa ematen zaio. Zer dela-eta? Hiritarrei ez zaielako Campión ezagutzeko aukerarik eman. Ez dute bere obra eskuratzeko modurik izan. Euskarianas, liburutegi gutxi batzuetan baino ez dago. Eta Mintxoaren edizioak, gainera, garestia izateaz gain, kutsu nazionalista izugarria du. Campiónen obraren edizio kritiko eta objektibo bat egin beharko litzatekeela iruditzen zait; adibidez, Nafarroako Gobernuak edota Eusko Ikaskuntza bezalako erakunde batek. Beste alde batetik, beharrezkoa iruditzen zait euskal kulturaren mundutik atera eta intelektual nafar, euskaldun eta europar handi bat bezala aurkeztea. Amaitzeko, zure ustez zer zor dio Nafarroak Arturo Campióni? Campiónek, Nafarroako historia aztertzean, oso arreta berezia eskaini zien ohiturei, eta gertakizunak gordintasunez azaldu zituen: Nafarroako jendeak zerabilen indarkeria, nola erretzen zituzten ustez sorginak zirenak, morisko eta juduak... Nafarroak errespetua zor dio Campióni, eta bitartekoak jarri beharko lituzke jende guztiak izateko bere liburuak irakurtzeko aukera. Jos? Javier L?pez Ant?n
Iruñean jaio zen, 1966ko maiatzaren 28an, eta bertako San Ignacio ikastetxean egin zituen UBIra arteko ikasketak. Historian lizentziaduna eta doktorea da, Nafarroako Unibertsitateko Filosofia eta Letren Fakultatean.
Duela sei urtetik hona, Piurako Unibertsitatean (Peru) eskolak ematen aritzen da, Hezkuntza eta Humanitateen Fakultatean, Limako campusean.
Bi liburu argitaratu ditu: “Arturo Campión, entre la historia y la cultura (1854-1937)”, bere tesiko lana jasotzen duena, eta “Escritores carlistas en la cultura vasca”. Beste bi liburu ere prestatu ditu, nahiz eta, oraingoz, ez duten argirik ikusi: “El Humanismo cristiano de Erasmo de Rótterdam” eta “Religiosidad popular”. Menua ELKARRIZKETA Aurreko Aleetan Inicio > EM 260 > Elkarrizketa -->
2004/06-25/07-02