Juan Urzainki: "Almadian ezin zinen ibaiarekin minutu batez ere fidatu"

2004-06-04

DOXANDABARATZ OTAEGI, Beñat

Juan Urzainki

Almadiazaina "Almadian ezin zinen ibaiarekin minutu batez ere fidatu" Beñat Doxandabaratz

Itzulpena: Beñat Doxandabaratz

Argazkiak: Arantza Cuesta

Traducción al español Rafting-a modan jarri baino askoz ere lehenago, Erronkarin bazen ibaian behera ibiltzen zen gizon talde bat. Baina ez baltsa pneumatiko batean, eta ezta neoprenozko jantziekin ere, eta are gutxiago olgetagatik; eguneroko ogia irabazteko egiten zuten, abarketak jantzita, enborren gainean zutik, arraunari emanez eta lema zuzenduz ibaiko harkaitz eta arriskuak saihestu nahian. Nolanahi ere, azken almadiazaina dugun Juan Urzainkik esan digunaren arabera, ibaiak, ondo baino hobeto ezagutu arren, beti ematen du ezustekoren bat. Zenbat urte eman dituzu almadiazain lanetan? Guztira hemezortzi. 1952ra arte aritu nintzen; hamabi urte neuzkanetik hogeita hamar bete arte. Gogoratzen al duzu almadia batean ibaian behera joan zinen lehendabiziko aldia? Bai, nola ez ba. Hamabi urte neuzkan, eta aitarekin eta beste gizon batekin Almatrazera jaitsi nintzen, Aragoi eta Ezka ibaiek bat egiten duten puntura. Gurekin jaitsi zen gizon hura, sekula izan den almadiazainik onenetakoa zen: Policarpo Aznariz. Ibaian behera gindoazela, arazoekin zebilen almadia bat topatu genuen; orduan, aita eta ni batean jaitsi ginen, eta Policarpo arazoekin zebilenean jaitsi zen, bera bakarrik. Zertarako erabiltzen zen almadietan jaitsitako egurra? Enborraren loditasunaren arabera, erabilera bat edo beste ematen zitzaion. Egur meheak teilatuetarako erabiltzen ziren, ertainak zoruetarako, eta lodiak zerrategietarako. Zein egur mota erabiltzen zenituzten? Pinuen egurra. Erronkaribarrean pinudi asko daude, eta almadiak pinuen enborrak garraiatzeko sortu ziren. Enborrak ibaiaren ertzean uzten ziren, hor denen artean batzuk aukeratu, eta almadia egiteko prestatzen ziren. Almadia bakoitzean ahalik eta enbor gehien biltzen saiatzen ginen. Gero, ibaiak ura behar bezalako baldintzetan noiz eramango zain gelditzen ginen, eta Almatrazeraino eramaten genituen. Zenbat urteko pinuak izaten ziren? Hirurogei urtetik gorakoak. Maiatzean hasten ginen mozten, eta abuztuaren erdialdean amaitzen genuen. Zenbat denbora behar izaten zenuten almadia bat egiteko? Hiru egun inguru, zenbat jende geunden. Lehendabizi egurra prestatu behar genuen, gero zulatu, eta, azkenik, egurrak elkarri ondo lotu, bidean ez askatzeko. Eta egur bat zeharka jartzen genuen, "barres" deitzen genuena, almadiako egurrak bere gainean pilatzeko. Zenbat enbor erabiltzen zenituzten almadia bakoitzeko? Hamasei eta hemezortzi artean, egurraren arabera. Orduko almadiek 2,8 metroko zabalera izaten zuten, eta, beraz, garraio lanak egiteko nahikoa izaten ziren bi lagun: bat aurrean joaten zen, eta bestea atzean. Baina azkenaldian 4 metroko zabalerakoak ikusten nituen, eta horrelakoetan gutxienez hiru lagun behar izaten ziren almadia jaisteko. Noiz egiten zenituzten jaitsierak? Azaroaren amaieratik maiatzaren erdialdera bitartean. Kontuan hartu behar zen zenbat ur jaisten zen eta nola, eta zenbat egur zegoen jaisteko. Zenbaitetan ibaiak nahikoa ura zekarren, baina ez genuen jaisteko egurrik izaten, edo alderantziz: batzuetan egurra bai, izaten genuen, baina urik ez. Denetarik ezagutu dut. Eta zein zen zuen ohiko ibilbidea? Uztarroze ibaian hasten ginen, Aguaiun eta Belagoan, han urezko baltsa batzuk zeudelako. Gero Erronkaribarreko herriak zeharkatzen genituen, Uztarroze, Izaba -non Belagoa ibaiarekin bat egin eta Ezka ibaia sortzen den-, Urzainki, Erronkari eta Burgi, eta, Aragoi ibaian barna, Zaragozara iristen ginen. Eta orduan beste herri batzuetatik igarotzen ginen: Salvatierra de Escatik, Sigüéstik, Escótik, Tiermasetik, eta berriz ere Nafarroara sartzen ginen, Esara, eta hortik Zangozara, Kasedara, Zarrakaztelura, Caparrosora eta Milagrora. Handik Ebrora jaisten ginen, gero Tuterara joaten ginen, eta hortik Zaragozara, hiriburura. Batzuk Tortosaraino iristen ziren, Ebro ibaia itsasoratzen den lekura. Zenbat denbora behar izaten zenuten hori guztia egiteko? Zaragozara iristeko, zortzi bat egun. Eta eguraldi kaskarrarekin, gehiago. Zeintzuk dira, zure iritzian, estropezurik arriskutsuenak? Presak eta zubiak. Ibaiak, ondo baino hobeto ezagututa ere, beti ematen dizu ezustekoren bat. Erriberan, nik dakidala, ez zen istripurik gertatzen, baina hemen, Burgiko eta Arbaiungo arroiletan, batzuk erori egiten ziren, eta baten bat hil ere egin zen. Almadiazain gehienok bagenekien igeri egiten, baina ez denek. Eta soldata nolabait irabazi beharra zegoenez... Ezka ibaia, almadiak Burgira iristen. Nolakoa izaten zen jaitsiera? Ia denbora guztia arraunari ematen aritu behar izaten genuen, baina bagenekien noiz utzi behar genion arraunean egiteari, eta noiz eman behar genion indarrez. Horrela, zortzi egun ematen genituen. Gero Burgira itzultzen ginen, eta lanik egotekotan, berriz ere almadiekin behera jaisten ginen, eta ez bazegoen, ba beste lanen bat egiten genuen. Otorduak almadian bertan egiten zenituzten ala herrietara joaten zineten? Guk geuk eramaten genuen gure janaria. Sekula ez zitzaigun antxume eta arkumerik falta! Eta anoak banatzeko orduan faboritismorik egon ez zedin, zozketak egiten genituen. Gizon bat bizkarrez jartzen genuen, eta, anoa ikusten ez zuela, galdetzen genion: "hau norentzat?". Oso gauza bitxia zen. Beraz, hasieran behintzat gerorrek eramaten genuen gure janaria, baina inoiz edo behin, ostaturik ez zegoenean, familiaren batek bere etxean hartzen gintuen. Jaten emateko baino gehiago, lo egiteko lekuren bat uzteko. Noiz desagertu zen almadiazainen lana, eta zergatik? 1952an. (Isiltasun tartea). Esako urtegia egin zutenean. Gero eta kamioi gehiago agertzen ziren, eta, azkenerako, almadiaren kaltetan, errepideko garraioa gailendu zen. Lur jota utzi gintuen. Beste bizibide batzuk aurkitu behar izan genituen. Hirurogeita hamar urte bete arte, nahiko ondo moldatu ginen egurra mozten, baina hortik aurrera... Almadiaren eguna, 2004ko maiatzaren 1a. Hiru almadia Olegiatik irten ziren Burgira iristeko. Zenbat lagun aritzen zineten almadietan lanean? Inoiz edo behin, 150 lagun kontatu nituen... Baina urtegia egin zutenean, egurra ezin jaitsi gelditu ginen. Eta inork ez zuen erreklamaziorik egin. Beraz, beste aukerarik ez geneukanez, egurra mozten hasi ginen. Faltan botatzen al zenuen almadiazain lana? Tira, ez nintzen negarrez hasi, lanbidea oso gogorra zen-eta. Ez zen batere atsegina negu gorriko hilabeteetan, egunero, Ibaian behera ibiltzea, galtzak izoztuta. Garai hartan ez zegoen ez neoprenorik eta ez ezer; abarketak eta galtzak jantzi, eta lanera! Goizean goizetik bustita eta izoztuta! Sekulako hotza izaten genuen, izugarrizkoa. Goizean esnatu eta dena elurtuta ikusita ere, lau hatz adina bai, lanera joango ginen gu. Gaur egun ez genuke horrelakorik jasango, baina garai hartan besterik ez zegoenez... Horrelakoa da bizitza. Bitxikeriarik? Behin batean, anaia eta biok Zarrakaztelura gindoazela, erori egin ginen almadiatik, eta hara non ikusten dugun gure almadia zubiaren azpitik igarotzen, bakar-bakarrik. Almadian ezin zara ibaiarekin minutu batez ere fidatu. Beste batean, bi almadietan gindoazela, ni egurraren jabearekin, eta bestean nire aita eta beste gizon bat, bi hauek zurrunbilo batean sartu ziren, eta ezin ziotenez birak emateari utzi, ito baino lehen gure almadia ireki genuen, eta ibaiaren ertzera hurbildu genituen. Eta ertzera iristean, gizon batek, Erriberako doinuarekin, esan zigun: “¿Pero qué andáis bañándoos ahí? ¡Que se os va a tragar el río!”. Ba al zenekien Korean eta Afganistanen ere ibiltzen direla almadiazain lanetan? Bai, zerbait entzuna neukan. Aurten Frantzian izan gara; aurreko igandean almadia bat egin genien Canfranc-en bestaldean. Beti egun berdinean ospatzen al da Almadiaren Eguna? Ez. Festen arabera, apirileko azken larunbatean edo maiatzeko lehenengoan ospatzen da. Aurtengoan maiatzaren 1ean ospatu dugu, giro paregabean. Dena den, ibaian behera jaitsitako hiru almadietatik nirea izan zen estropezu egin ez zuen bakarra; beste biek arazoren bat edo beste izan zuten. Oso egun ederra atera zen, eta ura ere egoera onean zegoen. Aragoar eta katalanek ere ospatzen dute Almadiaren Eguna; aipatu didatenez, aragoarrek Ayerben ospatuko dute aurten, eta katalanek La Pobla de Segurren. Zer sentitzen duzu almadiak jaisten ikusteko Burgin zazpi mila lagun biltzen diren egunean? Poz handia ematen dit jendeak nola animatzen gaituen ikusteak. Gainera, ez pentsa ibaia jaisten dugunok erretiratuak bakarrik garenik. 18-20 bat lagun biltzen gara, batzuk zaharrak -nik neuk 82 urte dauzkat-, baina beste batzuk gazteak, ikasteko. Batzuek berehala ikasten dute; beste batzuek denbora gehiago behar dute. Lauzpabost urtetan behin bakarrik jaisten direnez, ez dute behar bezala ikasten, baina, tira, zaila da. Horren praktika gutxirekin, nola ikasiko dute ba behar bezala! Eta zer egiten duzu orain? Orain, lasai bizi. Goizetan baratzea zaintzen dut, eta arratsaldetan miniaturak egiten aritzen naiz... almadienak, jakina. Juan Urzainkik (Burgi, 1922)

Juan Urzainkik gaztaro osoa eman zuen almadiazain lanetan, harik eta almadiak 1952. urtean bere azken egunak ikusi zituen arte. Ordura arte, Erronkariko gizon talde batekin batera, pinu enborrak Ezka ibaian barna garraiatzen ibili zen Urzainki, Martzillaraino, eta Ebron zehar Zaragozaraino. Hemendik, El Pilarren kaitik abiatuta, Mediterraneo itsasoraino eramaten zituzten. Menua ELKARRIZKETA Inicio > EM 257 > Elkarrizketa -->

2004/06/04-11
Partekatu
Facebook Twitter Google Whatsapp

AURREKOAK

Juan Lucas: "Azken 50 urteotan nazioarteko legedia ez da gaur egun bezain mehatxatuta egon"

 

Irakurri

Alberto Iglesias: "Ideia bat bera ere bururatzen ez zaidanean, itolarria sentitzen dut. Aldiz, burua ideiez gainezka edukiz gero, arazoez inguratuta egoteak aurrera egitera bultzatzen nau"

 

Irakurri

Jesus Etxebarria eskultorea. Bere emazte Maielen Gastigarden begietan: "Jesus argiaren zizelkari"

 

Irakurri

Josune Bereziartu: "Egunen batean ez naiz oraingo mailan eskalatzen jarraitzeko gauza izango, baina ez diet kirol eskaladak ematen dizkidan une goxoei uko egingo. Bestela, ezin izango nuke bizi"

 

Irakurri

Dario Urzay Ibarra: "Artea bazterreko zerbait balitz bezala ikusten da oraindik ere"

 

Irakurri