Jesus Etxebarria eskultorea. Bere emazte Maielen Gastigarden begietan: "Jesus argiaren zizelkari"

2004-05-14

SCARCIA, Robert

Jesus Etxebarria eskultorea

Bere emazte Maielen Gastigarden begietan "Jesus argiaren zizelkari" Robert Scarcia

Argazkiak: Aurelia Arkotxa

Français Jesus Etxebarriak Baiona Hiria eta Eusko Ikaskuntza saria irabazi berri du bere obra guztiagatik. Emaztea baino gehiago, bizi oso bateko konplizea izan da Marie-H?l?ne Gastigard, ? Maielen ?, eta zerikusi handia izan du bere ibilbide artistikoan. Jesus Etxebarriari ebakuntza egin ziotenetik bere emaztea da orain, inoiz baino gehiago, artistaren oroimenaren gordetzailea, eta horrela mintzatu zaigu elkarrizketa honetan, artistari buruzko testigantza hunkigarria eskainiz. Lehenik eta behin zera azpimarratu nahi izan digu, Jesus Etxebarriaren ibilbide artistikoa hertsiki lotua dagoela bere garaiari: Euskal herriko nahiz Europako historiaren garai zail eta tragiko bati. Zer esperientzia izan dira garrantzitsuak Jesus Etxeberriaren obra eskultorikoan? Nire ustez, Jesus Etxebarriaren obra eskultorikoan erabakigarriak izan diren faktoreak haurtzaroan eta nerabezaroan bilatu behar dira. Jesus artista egin duten faktoreen artean bi nabarmentzen dira: alde batetik natura, arkitekturarekin nahasten dena, eta bestalde, familia, garaiko testuinguru politikoarekin nahasten dena. Ekarpen bikoitza … Jesus Arabako herrixka batean jaio zen, Barambion, Bilbo eta Gasteiz arteko bidean. "Gorbeako gurutzetik bi orduko bidera", esan digu Jesus berak, urrats egokia eman duenak izaten duen ziurtasun berberarekin. Baina Bizkaia eta Arabaren artean kokatua dagoen mugako eskualdea izateaz gain, Atlantiko aldeko lurraldearen eta Espainiako Mesetaren berezko muga ere bada. Kantauri itsasertzeko klima hezeak Gaztelako lautaden idorra topatzen du paraje honetan eta berdea kolore lehorrekin nahasten da. Euskal Herriaren eta Espainia barnealdeko lurraldeen arteko harreman hori arkitekturan ere ikus daiteke. Gasteizen eta beste toki askotan, Jesusek eliza erromanikoak ikusi ditu, beren kapitel ederrekin, eta barnealdeko iluntasun bere baitara bilduarekin, beirate estuetatik barrena zeharka iragazten diren argi izpiek apaindua.

Ez da ahaztu behar Jesusen aita hargina zela. Jesusek beti esan izan du bere aitak arimaz hornitzen zuela egiten zuen guztia. Oso txikitatik edertasunaren lekuko izan zen bere aitak egindako obrei begira. Ama, berriz, bereziki pairamentsua eta maitekorra zen, eta amatasunaren gaia bere obran behin eta berriz errepikatzen dela ikus daiteke. Baina familiaren eragina, aitak eta amak izan zezaketenarena baino haratago doa, izan ere Jesusen bizitzan oso pertsona garrantzitsua izan baita bere lehengusu Jose Uruñuela, musikaria, konpositorea eta Ravelen laguna. Uruñuela jauna literaturari eta historiari buruz asko zekien gizona zen. Bera da, zalantzarik gabe, Jesusek musikagatik, literaturagatik eta, bereziki, erdi aroko historiagatik sentitzen zuen pasioaren oinarria. Era berean, Uruñuela zen Jesusen familiaren eta garai hartako politikaren arteko loturetako bat. Garai hartan Eusko Alderdi Jeltzalean zeuden hainbat pertsona ezagun Bilbotik eta beste hainbat lekuetatik etortzen ziren Uruñuelak erakarrita. Jesusen gurasoek betidanik zituzten ideia nazionalistek eragin handia izan zuten egindako aukeretan, eta gizonaren zein artistaren ibilbidea ere bideratu zuten.

Jesusek errepublikaren eta euskal nazionalisten alde egindako autua berehala bere egin zuen historiak. 1936an Espainiako gerra zibila hasi zen, eta Jesus Araba batailoian sartu zen, euskal gobernuaren unitate militarretako bat Agirre lehendakariaren garaian, Espainiako Errepublikaren eta Euskal Herriko autonomia berriaren legezkotasunari leiala zen gizona. 20 urte zituela Jesus Etxebarriak hartu zuen erabakiak erakusten du euskal gudari boluntarioen gogo bizia, Euskadiren askatasuna lortzearren guztia emateko prest. 1937an euskaldunak Santoñan amore eman zutenean beste etapa bat hasi zen: frankistek preso hartu zuten, Espainiako hainbat kartzelatan egon zen, baita Afrika iparraldeko diziplinazko batailoian ere, eta ondoren, Bartzelonan konfinatu zuten, beso bat galdu zuen gatibualdiko burkide baten sendiaren etxean, kartzelan Jesusekin janari-anoa partekatzen zuena bestalde.

Gertakizun hauek gogora ekartzea garrantzitsua da, porrota zer den ezagutu duen gizon baten aurrean baikaude... prestakuntzarik gabe, lanik gabe eta bere askatasunean mugatua dagoen gizon baten aurrean... Hala eta guztiz ere, garai beltz hau eskultorearen jaiotzan ezinbestekoa izan zela esango nuke, sortzear zegoen artista itxuratu baitzuen. Zu ezagutu eta gero, Marie-Hélène Gastigard, zer norabide hartu zuen zure senarraren eskultore karrerak? Jesus beti egon da historiarekin liluratuta. Erdi aroko historia interesatzen zitzaion bereziki, eta nik Espainiako literatura ikasten nuen. Bikotea ginenean oposizioetarako prestatzen hasi ginen: gaztelaniako CAPES, eta geroago Agregazioa, irakaskuntzan aritzeko nahitaezko urratsak. Oposizioetarako programetan Mio Cid-en epopeia, Romancero, Lazarillo de Tormes, Hitako artzapeza, las serranillas, eta abar zeuden. Eta orduan sortu zitzaion Jesusi bere miresmena egurrean, harrian, lurrean adierazteko premia. Marie Hélène Etxebarria senarraren atelierrean amalur estatua erakusten. Horrela sortu zituen Cantar de Mio Cideko hamaika piezak, eta beste hainbat eta hainbat pertsonaia: « le changeur du Moyen Age », « le forgeron forgeant Durandal », « l’alchimiste », « Thérèse d’Avila écrivant le livre de sa vie », « Guzman el Bueno », « el domine Cabra », « la reine Margot », « Boabdil le dernier prince maure de Grenade », « les neiges d’Antan », « Tristan et Yseult », eta abar luzea. Literatura inspirazio iturri hartuta, eta oraingo honetan Lorca, "La monja gitana", "El romance de la pena negra"... egin zituen... Garai horretan bertan, eta haurtzaroari keinu bat eginez sortu zituen "Maternités", "La femme au marché"... Zergatik Cantar del Mío Cid… Cantar del Mio Cid-en Jesusek Cid-en erbesteratzea hiru piezatan interpretatzea aukeratu zuen, "Les adieux à Chimène...". Heroia sakratasuna galduta ageri da, umorearen eta umiltasunaren morroi. Porrotaren eragina izan al daiteke? Era berean, On Kixote gogorarazten duen pieza "La folie guerrière" da. Eskultorearen heziketan musika elementu garrantzitsua izan zela aipatu duzu, zer eragin izan zuen musikak bere lanean? Jose lehengusuaz gain, Jesusek lagun zuen Roger Pékar, eta harekin denbora asko pasatzen zuen Stravinski, Debussy, Ravel, Falla Boulez eta, noski, Bach entzuten, aztertzen eta gozatzen. Jesusentzat musika bere inspirazio iturrietako bat zen, lanerako baliagarria zitzaion. Horrela egin zituen "Sacre du Printemps"en hamaika piezak eta "L'oiseau de Feu". Boulez-en musikan oinarrituta sortu zuen "le marteau sans maître"; Débussy entzunda "L'après-midi d'un faune"; Fallaren musikan oinarrituta "La danse du feu"; Ravelen musikarekin sortu zituen "L'homme à Ravel" eta "La harpe du vent"; eta Bach-en musikaren eskutik sortu zituen "L`hommage à Bach", eta baita xafla dardarkariekin egin zuen pieza ere, "La musique" izenburua duena. Jesus Etxebarria bere Kanboko etxean. Eta beste arte modu batzuekin izan duen loturaz, zer esan diezagukezu ? Jesusek harreman batzu izan ditu zizelkari eta margolariekin. Philippe Comtek hainbat erakusketa egiteko aukera eman zion, lehendabizi Pauko museoan, eta geroago Beaubourg-en, eta bere bidez bisitatu zituen Sthaly eta Andréou estudioak. Jesusek Giacometti, Brancusi, Di Teana, eta Otani japoniarraren berri izan zuen. Oteiza ezagutu zuen, Gaurtaldeko kide izan zen, eta bere lana Gasteizen erakusgai egon zen. Ardura Rambré, Casama, Laffargue margolariak bisitatzen zituen. Batzutan denboraren izpirituaren aurka egiten zuen baina beti umorez. Esate baterako, 1968 urtearen atarian, eta balioen aldaketa iragartzen zelarik, Jesusek "Charlemagne ou la soif d'apprendre" izeneko pieza egin zuen, eta bertan enperadore ahalguztiduna umil eta txiki ageri da bere ikaslearen aurrean. Lan-arloko indar harremanen aldaketari egindako keinua izan daiteke. Zergatik, bat-batean, Jesusez hitz egiten denean "argiaren eskultoreaz" hitz egiten da? Bolumen trinkoarekiko kultuak argiaren bilaketari utzi dio lekua. Horrela sortu ziren espiralak: argi-tranpak. Inguruko materiak argia giltzapetu eta lotzen du. Baina beste inspirazio iturri batzuk ere nabarmentzen dira etapa artistiko honetan. Bibliak izugarri erakartzen du, Genesiko irakurketek jatorriarekin amets egitera daramate. Hainbat lan egin zituen orduan: « L’esprit de Dieu sur les eaux », « La terre était uniforme et vide », « Le ciel et la terre », « Le jour et la nuit », « La naissance des oiseaux », « La germination », «Adam et Eve », «Le typhon »… Obra biluztu egiten da, estilo aszetikoa nagusitzen da, sinbolismora murriztua ageri da, kurba iradokitzailera, uhin batera, bi masa gogorren gainjartzera...

Argien sorkuntza: eguzkia, ilargia, izarra; bere obsesioarekin esperimentatzeko aukera ematen diote: materian sakontzea, argiak materia zeharkatzea, materiatik zehar iragaztea. Oraindik urrunago iristen da « Matière et lumière de pierre creusée en son milieu » lanean, izan ere malda egokiarekin estelak eguzki izpi bat pasatzen uzten du eguneko edozein ordutan, egunsentitik ilunabarreraino. Eta are urrutiago « Le château intérieur » lanean: argizko ontzia, non horma zulatuek barnean gordetzen den argitasunari irteten uzten dioten. Robert Scarcia eta Jesus Etxebarria.

Eta baita, gauzatu ez arren, inoiz ahaztu ez diren ametsak ere: « Le puits de lumière », « Le temple de lumière », argia oraindik hobeto zizelkatzeko, ukiezinarekin jolasteko helburuarekin. Praktikan nola lan egiten du Jesusek ? Inoiz ez du marrazkirik egiten aurrez. Egurrean edo harrian irudikatu nahi duena buruan antolatzen du. Bizia ematen dio, bere barnean antolatzen du, eta behera bota edo berritu diren baserrietatik berreskuratu dituen haritz enbor mardulekin lanean hasten da zuzenean. Denboran atzera begira jarrita, nola ezagutu zineten Jesus eta zu, Maielen? Lehen aldikotz Jesus ikusi nuen Pio Montoya jaunaren etxean, bertan errefuxiatu talde bat baitzegoen, eta horien artean Rezolatarrak. Montoyak, jaun erretorak, etxe bat alokatu zuen, eta bertako giroa aparta zen, halere, egia da Pio jaunaren begietan Jesus iraultzaile xamarra zela...

Jesusen aita Kanbo beherera joan zen bizitzera bere ama eta arrebekin, eta geroago etorri zen Ibarnegaraiko dekretua. Euskal errefuxiatuak Gurs-eko zelaietara bidali zituzten, eta horien artean zegoen Jesusen aita; ama eta arrebak bakar bakarrik geratu ziren beraz. Jesusen arreba Aureari espainolezko eskolak emateko eskatu nion, eta horrela hasi nintzen Jesusekin harremanak izaten. Aitak ihes egitea lortu zuen bi txandatan; lehenengoan Oloronen harrapatu zuten polizia txakurrek, eta ulertu zuen handik irteteko modu bakarra alemanak eraikitzen ari ziren Atlantikoko hormaren lanetan boluntario gisa parte hartzea zela... Horrela lortu zuen Poitiers-eraino heltzea, eta bere familiarekin elkartu zen sekretuan. Jesusen ama gaixorik zegoen, Jesus ikusten zuen alde guztietan eta asko sufritzen zuen. Zer harreman izan du Jesus Etxebarriak gainontzeko eskultore euskaldunekin? Hegoaldeko eskultore handiak miresten dituela pentsatzen dut, eskultura berritu izana eta egungo Euskal Herriari aura unibertsala eman izana eskertzen die. Beraiekin partekatzen du argiaren bilaketa, Oteizak hutsuneari dion miresmena; azken honekin harremanak izan zituen, Chillida, ordea, ez zuen inoiz ezagutu, baina halere, bere fundazioan izan zen 2003an. Gogoan dut Basterretxearekin Ostabaten elkartu zenekoa, 2000. urtean. Lehen esan dudan bezala, Gaur taldeko kide izan zen eta bere obra Gasteizen erakutsi zuen Amable, Mendiburu eta Ortiz de Elguearekin batera lehenengo, eta bakarrik geroago. Taldea oso azkar banandu zen. Iparraldean harremanak izan zituen Giraudekin, Lasserre anaiekin eta Laurendeau de Juniac-ekin. Robert Scarcia eta Jesus Etxebarria. Zein dira, zure ustez, eragin artistiko garrantzitsuenak? Arte erromatarra eta estatua egiptiarrak izan dira, eta dira gehien miresten dituenak. Era berean, Giacometti, Brancusi eta Sthaly ere asko interesatu zaizkio. Jesus autodidakta da, aurretiko prestakuntzarik gabea. Bere bizitzan bizi izan dituen egoerek bere baitan zuen aberastasun poetikoa adieraztera bultzatu dute. Jesus autodidaktak bakarrik lan egin du mugimendu handien, korronte eta modetik urrun. Berrogei urtetan, mende erdian gutxi gora behera, ziur nago eskulturaren etapa garrantzitsuenak aztertu dituela, imajinagintzatik abstrakziora, materiatik inmaterialtasunera. Jesus Etxebarriari buruzko zertzeladak :

… gerra: « Uste dut herri hark Villareal izena zuela, guk, Araba batailoikook Gasteiz hartu nahi genuen, frankisten eskuetan baitzegoen gerra hasi zenetik, eta ibaiertzeko herri hau erdian zegoen. Zenbait burkide ibaia ibitik igarotzen saiatu ziren... Frankisten metrailetez egindako habia ezkutatzen zen elizaren kanpandorrean. Han goitik guztia kontrolpean zuten... ordurako uretan zeuden gutarikoak sarraskitu zituzten... Gero atzera egin genuen iparraldera, eta Otxandion aurre egin genien frankistei Bizkaia babesteko. Guk ez genuen baliabide militarrik, eta etsaiak, berriz, ez zuten ezer falta, alemanen eta italiarren babesa baitzuten ».

… exekuzio pelotoia : « Egun batean beste hainbat presorekin batera deitu ninduten... fusilatu egin nahi gintuzten. Geroago ni berriro giltzaperatzeko agindua heldu zen. Gainontzekoak fusilatu egin zituzten... Eta oraindik ez dakit, inoiz ez dut jakin, nork eman zuen bizia salbatu zidan agindua... »

… kartzela : « Ez nintzen zorigaiztokoa sentitzen kartzelan, ohitu egiten zara, lagunak egiten dituzu. Idatzi eta irakurri egiten nuen, nire adiskideekin pasatzen nuen denbora. « Istorio biziak » irakurtzen nituen, eleberri historikoak... Gainontzeko presoei boz gorako irakurketa egiten nien, kartzelako liburutegiaren erantzukizuna nire gain utzi baitzuten...»

… jolasak : « Toledon, diziplinazko batailoietan geunden garaian, San Fernandoko gaztelua dut gogoan, Tajo ibaiertzean kokatua; bertara joaten ginen eta zorriak harrapatzen ibiltzen ginen, handienak nork izango...»

… gimnasia : « Toledon gimnasia egitera behartzen gintuzten zezen plazan, baina gure gimnasia guztia bi agindutara murrizten zen « abran pies », « cierren pies ».

… maleta : « Gerra garaian Parisera joan nintzen hilzorian zegoen ama ikusteko. Hara iritsi nintzenean nire azpian zegoen lehenengo maleta hartu nuen, eta orduan konturatu nintzen okerreko maleta hartu nuela... Barruan alemanen hainbat dokumentu zeuden juduei buruzkoak; helbideak eta beste hainbat informazio Gestaporentzat. Parisen ezkutatua zegoen judu bati erakutsi nion maletaren edukia, eta hainbat bizi salbatu nituela esanez eskertu zidan. New Yorken zuen anaiari idazteko eskatu zidan, eta berriro Espainian sartu bezain laster halaxe egin nuen. Jovanovici izena zuela uste dut... Handik denbora batera gutun bat jaso nuen New Yorketik, eta bertan gizon hark eskerrak ematen zizkidan bere anaia bizirik zegoela jakinarazteagatik. Gainera, egunen baten Amerikara joan nahi izanez gero, bere enpresan lan egiteko proposamena egin zidan… »

… nire arreba : « Aurea oso polita zen, nire emazteak esaten zidan «Baudelairen edertasun beltza» ekartzen ziola gogora. Lan bila joan zen Baionara. Arkupeetan denda bateko bitxiei begira geratu zen. Bere atzean zegoenaren isla ikusi zuen kristalean, eta ezagutu egin zuen, Tomas zen, Irungo lehengusua, Rementeria anderearekin ezkondua, denboraetako pilota txapeldun handia. Tomas Parisen bizi zen, jatetxe bat zuen Faubourg St Honorén eta gerente baten bila zebilen. Hori izan zen nire arreba Parisa eraman zuena...»

… Barambio : « Arabako azken herria da, eta mendiaren beste aldean, Orozko dago, Bizkaiko lehenengo herria. Eta kantu hori: ya me voy, ya me voy yendo al pueblo donde nací… »

… errebolta : « Borrokalariaren esperientziak zer dakarren? Erreboltaria.»

… argia eta itzala : « ez argi betea ez gau beltza. Gaua zeharkatzen duen argia maite dut, ilunak pizten eta zizelkatzen… » Jesus Etxebarria

Jesus Etxebarria 1916an jaio zen Barambion, Araban. Euskal nazionalistekin borroka egin zuen Arabako Batailoian, Espainiako gerra zibilean. Franco agintean zegoela preso egon zen hainbat urtetan, eta ondoren, Iparraldean errefuxiatuta zegoen familiarekin elkartu zen. Gerra eta gero, bere emazte Maielen Gastigard ezagutu zuen, eta egurra lantzen hasi zen.

Jesus Etxebarriak Baiona Hiria eta Eusko Ikaskuntza saria irabazi du orain gutxi. Menua ELKARRIZKETA Inicio > EM 254 > Elkarrizketa -->

2004/05/14-21
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Josune Bereziartu: "Egunen batean ez naiz oraingo mailan eskalatzen jarraitzeko gauza izango, baina ez diet kirol eskaladak ematen dizkidan une goxoei uko egingo. Bestela, ezin izango nuke bizi"

 

Irakurri

Dario Urzay Ibarra: "Artea bazterreko zerbait balitz bezala ikusten da oraindik ere"

 

Irakurri

Josu Erkiaga: "Orain hamarkada batzuk Muskizen hezegune eder bat zegoen, egun Petronor dagoen lekuan"

 

Irakurri

Natalie Morel Borotra: "Opera bera ekimen garrantzitsu batean murgilduta zegoen, kultura, soziologia eta politika batzen zituen ekimenean alegia : kultura euskalduna besteak baino gutxiago ez zela erakustea, opera lanak sortzeko gai ere baitzen"

 

Irakurri

Santiago Arcediano: "'Pajarita' taldeak, frankismoaren garaian, inguruan zeuzkan erresistentzien aurka borrokatu behar izan zuen"

 

Irakurri