Josune Bereziartu: "Egunen batean ez naiz oraingo mailan eskalatzen jarraitzeko gauza izango, baina ez diet kirol eskaladak ematen dizkidan une goxoei uko egingo. Bestela, ezin izango nuke bizi"

2004-05-07

SALA, Teresa

Josune Bereziartu

Eskalatzailea "Egunen batean ez naiz oraingo mailan eskalatzen jarraitzeko gauza izango, baina ez diet kirol eskaladak ematen dizkidan une goxoei uko egingo. Bestela, ezin izango nuke bizi" Teresa Sala

Traducción al español Munduko eskalatzailerik onena da. Oso pertsona gutxik lortu dituzten markak hautsi ditu. Tribout frantsesak behin batean bota zuen eskaladako zortzigarren maila gizonezkoek bakarrik igo zezaketela; Josune Bereziartuk, baina, funtsik gabe utzi du iritzi hori. Lazkaotar emakume gazte honek, besteak beste, munduko lehen 9 a katea egin du, Suitzako “Bain de Sang” bidearekin. Etorkizunari begira, Japonian 9 a+ mailako bide bat egitera joateko asmotan da; xede horren garrantziaz jabetzeko, esan dezagun mundu osoan hiru gizon besterik ez direla izan zailtasun maila hori gainditzea lortu dutenak. Nolanahi ere, Josunerentzat eskalada ez da kirola bakarrik, bizimodua ere bada, errealitatea ulertzeko eta onartzeko modu bat. Xalotasun eta umiltasunez mintzo da bere trebeziaz, eta "paseatzea eta familiarekin zein lagunekin egotea" gustatzen zaion neska gazte normal bat bailitzan ikusten du bere burua. Bien bitartean, kirol eskaladaren historiaren urrezko orriak osatzen jarraitzen du. Hamazazpi urte zeneuzkan kirol eskaladari buruz lehendabizikoz entzun zenuenean. Nolakoak izan ziren zure hastapenak? Txikitandik izan naiz kirolaria, beti gustatu zait kirola egitea. Eskaladarekiko interesa piztu zitzaidan hamazazpi urte inguru neuzkanean "Al filo de lo imposible" telebista saioko atal bat ikusi nuenean, emakumezkoen kordada bati buruzkoa. Hori izan zen eskaladarekin izan nuen lehen harremana. Handik gutxira, nire koinatuak, Tomás Apaolazak, Eginon (Araba) dagoen eskalada eskolara eraman ninduen, eta eskalatu nuen lehenengo bideak sekulako zirrara sortu zidanez, aurrerantzean kirol hori egiten jarraitzea erabaki nuen. Beasaingo talde bat ezagutu nuen, noizbehinka eskalada egitera ateratzen zena, eta haiekin batera joaten hasi nintzen. Urte haietan ez zegoen eskalada eskoletara joateko ohitura handiegirik; jendea, batez ere, asteburuetan ateratzen zen eskalada egitera, baina astean zehar ez. Hasiberria nintzen garaian, Jesús Leundak asko lagundu zidan, oso pertsona garrantzitsua izan zen niretzat; alde batetik, kirol eskaladako benetako balioak zeintzuk ziren eta balio horiek errespetatzen erakutsi zidalako, eta bestetik, oinen teknika zaila ere irakatsi zidalako. Lehendabiziko urte horietan, zein bide edo eskoletara joaten zinen? Orduko lekurik garrantzitsuenak, Etxauriko eskola (Nafarroa) eta Eginoko eskolako (Araba) karezko plaka bertikalak ziren. Ezinezkoa iruditzen zitzaigun 90 gradu baino gehiagoko inklinazioa zeukaten hormak eskalatzea, eta sabai zein haitzuloak zer esanik ez! Horrelakoak saguzarrentzat! Baina aitzindaritzat jo ditzakegun eskalatzaile indartsu batzuk -Manu Beriain, besteak beste- inklinazio handiko hormak aztertzen ibili ziren, eta burutazio bat izan zuten: konturatu ziren teknika egokia erabiltzeak bezainbesteko garrantzia zeukala gimnasioan prestakuntza fisikoa egiteak. Gainera, beti oso modu berezian maitatu ditut Araotzeko bideak, eskola horretan bihurtu nintzelako eskalatzaile. Hantxe egin nuen nire lehendabiziko 8 a HIENA, Euskal Herriko eskaladaren munduan aitzindarietako bat dugunak irekitakoa, Rikar Otegik. Ez daukat oso garbi, ia ez dut gogoratu ere egiten, baina nik uste 1994 urtearen inguruan igo nuela. Hurrengo urtean, 8 a+ bat egin zuen lehenengoa izan nintzen Estatu espainiarrean, eta, horrela, historia egiten hasi nintzen; beno, nire historia egiten. Urte haietan, pentsatu al zenuen inoiz eskalada zure bizimodua izatera iritsiko zenik? Egia esateko, ez. Ni ez naiz etorkizunean pentsatzen edo geroa planifikatzen ibiltzen den horietakoa. Gauza hauek pixkanaka etorri dira, aurrera egin ahala. Pauso bat eman orduko, bidegurutze moduko baten aurrean ikusten dut nire burua, sortzen zaizkidan aukera ezberdinen aurrean erabaki bat hartu beharrean. Horrela iritsi naiz nagoen tokira, erabakiak egunetik egunera hartzen joanez. Nola erreakzionatu zuten zure ingurukoek zaletasun berri horren berri eman zenienean? Hasieran, jende guztia harrituta gelditzen zen. Asteburuak iristen zirenean, nik nahiago nuen eskalatzera joan, parranda egitera ateratzea baino, eta hori ez zen oso normala. Gainera, eskalatzea, niretzat, kirola egitea baino askoz ere gauza zabalagoa zen, eta da. Filosofia bat da, modu osasuntsuan elikatzea, ingurumena zaintzea eta kulturekiko nolabaiteko ardura izatea eskatzen dituena. Niretzat ez da kirol soila, ez da horretara mugatzen; askoz ere gauza gehiago biltzen dituen bizimodu bat da. Nire lagunak, hasieran, harrituta gelditu ziren, baina nire senideak, adibidez, inoiz ez dira eskalatzean izan nitzakeen arriskuen beldur izan. Urte haietan jende askori beldur handia ematen zion eskalatzeak, baina nik uste kirol hau ondo ezagutzen ez zutelako sentitzen zutela beldur hori. Eskalatzaileen entrenamenduan, prestakuntza psikologikoak berebiziko garrantzia izango du. Eskalatzen ari zarenean beldurra senti dezakezu, nola ez ba; baina ez erori eta mina hartzeko arriskua ikusten duzulako, baizik eta, inork behartu gabe, zuk zeuk zure buruari ipini dizkiozun helburu edo egoerei aurre egin behar diezula ikusten duzulako. Zalantzarik gabe, behar-beharrezkoa da psikologikoki prestatzea, zure buruarengan konfiantza izaten ikastea, indarra izatea, egoera bakoitza onartzen jakitea, eta, esfortzu handia egin behar izan baduzu ere, eta gozatu ez baduzu ere, egoera zailak gainditu izanagatik pozten jakitea. Nik uste kirol guztietan izaten dela garrantzitsua prestakuntza psikologikoa. Zein da poztasunik handiena eman dizun erdiespena? Oso zaila da bide edo espedizio bakar bat aipatzea, batera mugatzea. Pozik handiena ematen didana da eskalatzen hamabi edo hamahiru urte eraman arren, lehendabiziko egunean bezainbesteko ilusioa sentitzen jarraitzea. Eta emakumezkoen eskaladaren historian nire izena idatzita geldituko dela jakitea ere oso garrantzitsua da, noski. Eskalatzaile ospetsu batzuek ere poz handia ematen didate nik eskalatzen jarraitzera bultzatzen ditudala edota eredu modura ikusten nautela esaten dutenean. Hori izugarria da. Galdetu didazunari erantzunez, bide bat aukeratu beharko banu, Baing de Sang-eko 9 a aipatuko nuke.

Nolakoa izaten da Josune Bereziarturen bizitzako egun bat? Entrenamenduko zikloaren arabera moldatzen dut eguna. Zikloaren hasieran, ia egun osoa eskalatzen edo entrenatzen ematen dut, aldi horretan oso garrantzitsua delako gogor entrenatzea. Lortu nahi dudan helburua betetzeko eguna iristen ari den ahala, lasaitu egiten dut entrenamenduen intentsitatea, baina kalitatea hobetu. Baina Rikardo eta biok ez gara eskalatzen bakarrik ibiltzen; aseguruetako agente bezala ere aritzen gara lanean. ?Bain de Sang? 9 a, Saint Loup. Suitza. Eta nola uztartzen dituzue bi alderdiak? Egunak 24 ordu dauzka, eta, gogoa eta ilusioa izanez gero, azkenean denetarik egiteko denbora ematen du. Gainera, nire ustez behar-beharrezkoa da aisialdirako tarte bat izatea, atsedena hartu eta indarrak berreskuratzeko. Familiarekin eta ilobekin egotea ere asko gustatzen zait. Egia esateko, ez dut beste munduko ezer egiten. Izugarri gustatzen zait Donostian, Aiako Harrietan, Aizkorrin edo Txindokin ibiltzea, hurbileko leku batzuk aipatzearren. Egoera barregarri edo xelebrerik bizitu al duzu inoiz, bereziki gizonezkoena den alorrean ibiltzeagatik? Eskalatzeko bideak ekipatzeaz gu geu arduratzen garenez, beste zenbait gauzen artean barauts eta zulagailuak behar izaten ditugu. Ziur aski burdindegi eta denda espezializatuetan bizitu ditut egoerarik xelebreenak, peoiek eta obretako buruek erabiltzen dituzten erremintak erostera joan naizenean. Baina gure gizartea aldatzen ari da, eta horrelako egoerak gero eta arruntagoak bihurtzen ari dira. Zerk ematen dizu pozik handiena kirol eskaladan, eta zein da gutxien gustatzen zaizun alderdia? Pozik handiena zerbait lortzeak ematen dit, inolako zalantzarik gabe; tarte batean erosotasuna alde batera utzi eta askoz ere plazer handiagoa sentitzeak. Oso sentimendu atsegin eta ederra da zerbaiten alde gogor borrokatu zarenean helburua betetzen ari zarela ikustea. Dena den, egun txarrak ere izaten dira, lur jota uzten zaituzten horietakoak, batez ere helburu zehatz batzuk betetzeko asmoa daukazunean eta ez duzunean nahi duzuna lortzen. Baina, beste alde batetik, burugogorkeria horrek berak amore eman beharrean aurrera egitera bultzatzen zaitu. Kirol eskaladan oso fin eta hauskorra da arrakastaren eta porrotaren arteko muga, eta hori, zenbaitetan, oso gogorra egiten da. Hala ere, zorionez, gainditu egiten da. Zein egitasmo daukazu eskuartean? Gruyere aldera (Suitza) joateko asmoa daukagu, 300 metroko horma birjin bat eskalatzera, YEAH MAN bidea izenekoa. Oraingoz inork ez du eskalatu. Guztira bederatzi luze dauzka, eta zortzigarrena 8 b+ edo 8 c izatera iris daiteke. Japoniara ere joan nahiko genuke, 9 a+ bide bat probatzera. Mundu osoan hiru gizonek bakarrik lortu dute zailtasun maila hori gainditzea. Tsunami 8c c+. Zer pasatzen zaizu burutik goi maila horietara iritsi den emakume bakarra zarela jakitean? Presio modukorik sentitzen al duzu? Erreferentzia edo eredu moduko bat naizela ikusteak eta eskaladaren historia osatzen joateak erantzukizun edo betebehar moduko zerbait eragiten dit. Nire buruari esaten diot trebetasun honi etekina atera behar diodala, ez dudala errentetatik bizi behar, eta nire esku dagoen guztia egin behar dudala kirol honen alde. Baina jakin badakit itsutu ere ez dudala egin behar, obsesio eta fanatismoek ez dutelako inora eramaten. Imajina al dezakezu zure bizitza eskalatzen aritu gabe? Ez. Hain zuzen ere duela bi egun, Donostiako Pio Baroja kiroldegiko eskaladarako murrura joan nintzen nire amarekin, eta, berrogeita hamar urtetik gora badauzka ere, bide bat eskalatu zuen. Arazoa ez da eskalatzeari uztea, baizik eta eskaladari lotuta dagoen bizimoduari agur esatea. Egunen batean ez naiz oraingo mailan eskalatzen jarraitzeko gauza izango, baina, hala ere, ez diet kirol honek eskaintzen dizkidan tarte goxoei uko egingo; esate baterako, horma batean zintzilik nagoela izadiaren isiltasunaz gozatzeari, ilunabarren edertasuna behatzeari, eta beste hainbat memento ahaztezini. Ezinbestekoak iruditzen zaizkit. Josune Bereziartu (Lazkao)

Hona hemen lazkaotar gazte honek gainditu dituen bide eta zailtasun mailak. Hamar urteko tartean, nazioarteko hainbat marka hausteaz gain, gogotik bete ditu bere asmo pertsonal zein profesionalak.

- 1992: ?Belle Epoque? 7c. Araotz, O?ati. Maila honetako bere lehen bidea. Igoera hauxe jo dezakegu bere ibilbidearen abiapuntutzat.

- 1993: ?Hiena? 8 a. Araotz, O?ati. Eskola honetan igo zuen bere lehen zortzigarren mailakoa.

- 1995: ?Acci?n mutante? 8 a+. Araotz, O?ati. Araotzetik aldendu gabe, sektorea aldatu, eta Gorka Garitonandiaren bide zoragarri, oker eta jarraia igo zuen.

- 1996: ?Fetuccini? 8b+. Komentua. Maila hau igotzea lortu zuen Estatuko lehen emakumea. Arabako epizentroetako bat dugun honetan burutu zuen maila honetako bere lehen bidea. I?aki Markok zabaldutako bidea aukeratu zuen igoera hau egiteko.

- 1997: ?Ultime Atome? 8b+, Verdon, Frantzia. ?No Name? 8b+, Mallorca. ?El Sikario? 8b+, Escalete, Huesca. ?Fli&Tox?; 8 a, Aiguines, Frantzia.

- 1998: ?Honki Tonky? 8c, Araotz, O?ati. Mundu osoan 8c mailako horma bat igo zuen lehen emakumezkoa bihurtu zen.

- 1999: ?White Zombie? 8c, Baltzola, Dima. ?Ras? 8c, Baltzola, Dima.

- 2000: ?Honki Mix? 8c+, Araotz, O?ati. Mundu osoan maila honetako horma bat igo zuen lehen emakumezkoa bihurtu zen. ?Bon viatge? 8 a+, Les Bruixes, Terradets (Lleida). ?El Gran Enga?o? 8 a+, Campezo. Beren lehen ageriko 8 a+. ?Berezi? 8 a. Fb mailakoa. Boulderrean mundu osoko 2. emakumezkoa.

- 2001: ?Welcome to Tijuana? 8c, Rodellar, Huesca. ?La ?ltima Aldea? 8c, El Convento. ?Azken Baso Oilarra? 8c/c+, Komentua. ?Last soul sacrifice? 8c, Gorges du Loup, Frantzia. ?Total Class? 8c, Gorges du Loup, Frantzia. ?Deverse Satanique? 8 a+, Gorges du Loup, Frantzia (agerikoa). ?Naska? 8 a+/b, Apinaniz, Araba (agerikoa). ?La Cocinnelle? 8 a, Fontainebleu, Frantzia. ?Atomic Play Boy? 8 a+, Fontainebleu, Frantzia.

- 2002: ?Pilar del Cant?brico?. Picos de Europa, 8 a+ arte. Askean eskalatu zuen lehen emakumezkoa. ?Specialistes Direct? 8c, Verdon, Frantzia. ?Macumba Club? 8c, Orgon, Frantzia. ?Ocho a?os de sexo? 8b+/c, Subijana. ?Bain de Sang? 9 a, Saint Loup. Suitza. Mundu osoko lehendabizikoa. Baltzolako zeharbidea, blokean, 8 b+/c . Menu ELKARRIZKETA Inicio > EM 253 > Elkarrizketa -->

2004/05/07-14
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Dario Urzay Ibarra: "Artea bazterreko zerbait balitz bezala ikusten da oraindik ere"

 

Irakurri

Josu Erkiaga: "Orain hamarkada batzuk Muskizen hezegune eder bat zegoen, egun Petronor dagoen lekuan"

 

Irakurri

Natalie Morel Borotra: "Opera bera ekimen garrantzitsu batean murgilduta zegoen, kultura, soziologia eta politika batzen zituen ekimenean alegia : kultura euskalduna besteak baino gutxiago ez zela erakustea, opera lanak sortzeko gai ere baitzen"

 

Irakurri

Santiago Arcediano: "'Pajarita' taldeak, frankismoaren garaian, inguruan zeuzkan erresistentzien aurka borrokatu behar izan zuen"

 

Irakurri

Ander Manterola: "Hizkuntza errota bat da, eta errota horrek buruan ditugun ideiak landu egiten ditu, horregatik dago euskal pentsakera bat"

 

Irakurri