Elkarrizketa: José Ramón Zamanillo José Ramón Zamanillo, Larrialdiei Aurregiteko Zuzendaritzako Zuzendaria "112 telefono zenbakia guztiz errotuta dago" * Ismael Diaz de Mendibil 1993an sortu zen Larrialdiei Aurregiteko Zuzendaritza, aurrez existitzen ziren bi erakundek bat egitearen ondorioz: 1981ean sortutako Babes Zibileko Zuzendaritza eta 1983an sortutako SOS DEIAK. Eusko Jaurlaritzaren baitako Zuzendaritza honen eginkizuna, Euskal Autonomia Erkidegoan sor litezkeen larrialdiei erantzuna ematea da, hondamendi bat nahiz auto istripu bat izan, kasu batak zein besteak behar baitute erantzun koordinatu eta eraginkor bat. Hain zuzen ere horri buruz mintzatu gara José Ramón Zamanillo zuzendariarekin. Euskal Autonomia Erkidegoak eskuduntza osoa al du larrialdiei dagokienez? Hasiera batean Estatuak beretzat nahi zituen larrialdien inguruko eskuduntza guztiak, baina, autonomia erkidegoen artean sinatu genuen akordio bati esker, jarduteko gaitasuna eman zitzaigun. Hortaz, eskuduntza osoa daukagu, hiru kasuetan izan ezik: gerra, salbuespen eta setio egoeratan, Estatuaren interes gorena jokoan dagoen kasuetan Barne Ministerioari dagokio interes hori dagoela deklaratzea , eta erkidegoak Estatuari hala eskatzean. Eguneroko jardueratarako eskuduntza osoa daukagula esan daiteke. Hondamendi handiren bat gertatzerakoan, krisi mahaia delakoa bildu ohi da. Nortzuk osatzen dute mahai hori? Larrialdiari aurregiteko ardura edo baliabideak dauzkaten ordezkari politikoek. Ertzaintzak, Osasunak eta Suhiltzaileek hartzen dute parte larrialdietan, eta kasuan kasuko sailek (Obra Publikoak, Etxebizitzak, edo dena delakoak); alegia, egoera horietan beharrezkoak diren guztiek, eta aldez aurretik zehazten da nortzuk izango diren pertsona horiek, izen abizenekin. Bestetik, kasu larrietan sailburuak, ahaldun nagusiak eta kalteak izan dituzten herrietako alkateak ere etortzen dira. Inoiz pentsatu al duzu zenbat pertsona dauden SOS DEIAK en koordinazioaren menpe? Basoetako suteetan eta uholdeetanbehar izaten dugu jende gehien. 1989an, adibidez, inoiz izan dugun suterik larriena izan genuen, eta Autonomia Erkidegoko suhiltzaile guztiak, ehundaka bolondres, Ertzaintza eta abar izan genituen laguntzen: orotara, 4.000 pertsona. Baina kasu horiek ezohikoak dira; normalean askoz ere jende gutxiago behar izaten dugu. Hala ere, edozein gertakariren aurrean jardun behar dugu, eguneroko ezbeharrak (auto istripuak) nahiz hondamendi larriak izan. SOS DEIAK ek 140.000 kasutan jardun behar izan du 2000. urtean. Zenbat denbora behar izaten dute baliabideek, batez beste, larrialdiaren lekura iristeko? Hiriburuetan, hiru bat minutu; hiriburuetatik kanpo, zortzi minutu batez beste. Urrunago gelditzen diren lekuetara iristeko 20 25 minutu behar izaten ditugu. Eta Arabar Errioxa bezalako leku aldenduen kasurako, akordioak egiten ditugu erakundeekin. Errioxako Autonomia Erkidegoarekin, esate baterako, akordio bat daukagu larrialdiei erantzuteko. Autonomia erkidegoren batek laguntza eskatuz gero, hantxe izango gaitu. SOS DEIAK en laguntza jasotzeko 112 telefono zenbakira deitu behar dugun arren, oraindik dezente dira nahastuta 088ra deitzen dutenak. Mantendu egingo duzue bigarren telefono zenbaki hori, ala kentzekotan zarete? Deien %85 112 telefonora egiten da. Berez ez legoke 088 zenbakia kentzeko arazorik, oso gutxik deitzen dutelako bertara, baina kontuan hartu behar dugu hor aldaketetara ohitzeko zailtasunak dauzkan belaunaldi bat dagoela, aldaketa horiek txiki txikiak izan arren. Beraz, 088 zenbakian deiak jasotzen jarraitzen dugun bitartean, mantendu egingo dugu. Hala ere, gizarteak guztiz barneratuta dauka 112 zenbakia. Telefonoez mintzo garela, aipatzeko modukoa da bizitza bat baino gehiago salbatu dituztela sakelako telefonoek. Egia da, bai. Duela gutxi, sakelako telefono bati esker lokalizatu genuen pertsona bat. Telefonoz, zehatz mehatz zein lekutan zegoen adierazi zigun. Sakan batean zegoen. Sakelako telefonorik izan ez balu, orduak eta orduak emango genituen berebila. Beste alde batetik, sakelako telefoniarekin askoz ere dei gehiago jasotzen ditugu. Istripu bakoitzeko dei pila bat jasotzen ditugu, baina hori ona da. Iazko urtean, 140.000 ezbehar izan, eta milioi bat dei jaso zenituzten. Gehiegitan deitzen al dugu 112 zenbakira? Ez, normala iruditzen zait. 112 telefonora deitzen duzunean, arazo bat daukazulako egiten duzu, laguntza behar duzulako. Azalduko al zeniguke zertan datzan Euskadiko Larrialdiei Aurregiteko Bidea? Bi zati dauzka plan horrek: lehenengoan, administrazio ezberdinen betebeharrak finkatzen dira (udalerriena, foru aldundiena, Gobernuarena...), larrialdien aurrean azkartasunez eta modu koordinatu batean erantzuteko nola jokatu behar den jakiteko. Bigarren zatian, aurreikusi ez diren larrialdien kasuan Eusko Jaurlaritzak nola jardun behar duen adierazten da. Istripuek, askotan, kalte fisikoaz gain, psikologikoa ere eragiten dute. Lantzen al du SOS DEIAK ek arlo hori? Egia da arlo hori ere landu beharra dagoela, baina ez dakigu oso ondo nola. Biescaseko ezbeharrean konturatu ginen zeinen beharrezkoa den psikologoen laguntza. Psikologoen Elkargoarekin harremanetan jarri, eta programa bat sortu genuen, ikastaroen bidez beharrei erantzun ahal izateko. Era berean, liburuxka batzuk argitaratuko ditugu nola jardun behar den azaltzeko, eta ikastaro batzuk prestatuko ditugu suhiltzaile, ertzain eta abarrei arazo psikologikoen aurrean nola jokatu behar duten erakusteko. Hori ere baliabide bat izango da, laguntza txakurrak edo espeleologoak diren bezalaxe. Puntu beltzik markatu al du SOS DEIAK ek gure geografian? Puntu beltzek oso konponbide konplexuak izaten dituzte. Laudion, adibidez, luizien ondorioz, etxe batzuk arriskuan izaten dira, eta kasu horretan udalak adierazi behar du nola jokatu behar den. Beste puntu beltzik? Enpresa kimiko bat dagoen lekuan beti izango da gatazka sortzeko arriskua. Orain arte ez dugu arazorik izan, baina arriskua hor dago. Gainera, Euskadin bi milioi pertsona bizi gara 7.000 metro karratutan,eta, Bizkaiko leku batzuetan, 1.000 pertsona metro karratuko. Jakina, horrek ere arazoak sortzen ditu. Euskadin oso dentsitatea eta jarduera industriala handiak ditugu, eta edozein kasurako prest egon beharra daukagu. 2000. urtean artatutako 140.000 kasuen %40, trafiko istripuak izan ziren. Istripu asko izaten dira, baina kontuan hartu behar da oso errepide sare handia daukagula. Bilbon sartzeko ordu erdi behar izaten da edozein egunetako arratsaldeko zazpietan. Ez gara besteak baino gidari hobeak, baina txarragoak ere ez. Hainbesteko dentsitatearekin, errepideak konpondu arren, beti izango dira istripuak. Hala ere, Europako istripuen batez besteko bera daukagu. Larrialdiei Aurregiteko Zuzendaritzan daramatzazun urte hauetan guztietan, zein izan da gehien markatu zaituen hondamendia? Zaila da bakar bat aukeratzea. Arabako fabrika batean izandako ihes bat aipatuko nuke, bai une hartan izan genuen presioagatik, bai horrelako gauza bat gertatzen zitzaigun lehen aldia zelako. 24 ordu eman genituen zehazki zer gertatzen ari zen jakin gabe. Gainera, enpresak ere ez zigun gehiegi lagundu. Arriskuaren aurrean, handik gertu zegoen kongresu bat hustu behar izan genuen, 400 pertsona ingurukoa. Beste alde batetik, 1988an Gipuzkoan izandako uholdeengatik igarotako une kritikoak ere aipatuko nituzke. 14 hildako utzi zituzten. Garoñako zentral nuklearretik gertu bizi direnek beldur izateko arrazoirik ba al dute? Garai batean behar beharrezkoak izan ziren zentral nuklearrak, petrolioaren krisi garaian adibidez. Oso garrantzitsua da ezer ez gertatzeko neurriak hartzea. Zentral nuklear bat zabaltzen denean, erreaktoreek baino zama handiagoa hartzen dute segurtasuna kontrolatzeko paperek. Beste alde batetik, garrantzitsua da simulazioak behar bezala egitea, jendea edozein ezbeharretarako prest egon dadin. Hala ere, nik uste dut gehiegi sakralizatzen ditugula istripu nuklearren ondorioak. Egia da kalte konponezinak sor ditzaketela, baina baldintza zehatz batzuetan bakarrik gertatzendira halakoak. Nire ustez seguruak dira Mendebaldeko Europan dauden zentral nuklearrak. Izaten dira pitzadura batengatik izandako ihesak, edota Chernobylgo kasua bezalakoak, onurak lortzearren segurtasun neurri guztiak saltatzen direnekoak. Denok ezagutzen ditugu ondorioak. Simulazioek nahiko fama txarra daukate, baina irabazita, ez direlako behar bezala egin izan. Simulazio nuklearrak behar beharrezkoak dira, beste simulazio mota guztiak bezala, baina Euskal Autonomia Erkidegoan ez daukagu horrelakoak antolatzeko eskuduntzarik, hori esklusiboki Estatuari dagokio eta. Helegiteak aurkeztu genituen neurri horren aurka, baina Gobernuak bizkarra eman zigun. Hala ere, azkenean Estatuak onartu egin du Euskal Herrian Larrialdiei Aurregiteko Sistema bat prestatzea. Beraz, antolatzeko eskuduntzarik ez daukagun arren, jardutekoa behintzat badaukagu. Argazkiak: Ismael Diaz de Mendibil Euskonews & Media 112.zbk (2001 / 2 23 / 3 2) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
This website uses cookies, both its own and those of third parties.
Select the option of cookies that you prefer to navigate even its total
deactivation. If you click on the button "I accept" you are giving your
consent for the acceptance of the mentioned cookies and the acceptance of
our cookies policy. If you want to determine what you accept and what you
don't, click on "Configuration". Click on the "Read more" link for more information.