Koldo, diotenez errotatan aditua zara...
Beno, aditua... Urte asko daramatzat erroten gaineko ikerketak egiten, 82tik edo lehenagotik, eta zerbait dakidala uste dut, nola funtzionatzen duten, nolako bilakaera izan duten...
Zer da makina hidrauliko hauetatik gehien interesatzen zaizuna?
Beraien bitartez jendea nola bizi izan den ikustea da asmamen hauetatik gehien interesatzen zaidana. Makinak, modu jakin batetan bizi behar izan den jendarte baten lanabesak izan dira. Gehiago interesatzen zait tresnaren giza alderdia, tresna bera baino. Batez ere atentzioa ematen dit medio horretako bizimodua.
Izan ere, “Ingenios Hidráulicos de Eibar. Molinos, ferrerías, barrenos, ruedas hidráulicas y centrales eléctricas” liburuan, errotaren inguruko jendearen bizimoduari eta lan egiteko moduari garrantzia handia eman diozu.
Bai, eta hori da batez ere islatu nahi izan dudana, garrantzia gehien eman diodan gaia, nahiz eta beraien asmakuntzen bitartez hainbat material sortzeko zuten modu azkarra ere interesgarria den. Esaterako, makina hidraulikoak errota batetara akoplatzen zituzten eta horrela, harri batetan garia edo artoa ehotzen zuten bitartean, bestean kanoiak zulatzen ziren.
Elgoibarko errota bat.
Zenbat errota aurkitu dituzu Eibarren?
Guztira 19 errota, hiru burdinola, kanoi armak zulatzeko bederatzi makina mugikor, sei gurpil hidrauliko eta udaletxeak erabil zezan proposatutako zentral elektrikoen erroak aurkitu ditut.
Zer nolako funtzio eta garrantzia zeukan horietariko bakoitzak?
Elikadurarako oinarrizkoa zen errota, oso garrantzitsua, gainera. Bestalde, kanoiak zulatzeko makinei dagokienez, eta kanoien barrualdea indar hidrauliko baten bidez zulatzeko modua kontuan hartzen baldin badugu, industriarekin zerikusi gehiago dutela esango nuke. Hori garatuz doa eta gurpil hidrauliko izatera iristen da, torneatzeko eta bestelako eginkizunetarako makina ugari mugitzen dituzten gurpil hidrauliko izatera, alegia; eta hori ere eboluzio bat da. Burdinolei dagokienez, IV. edo V. mendean hasten dira, haizeola moduan, eta ondoren energia hidraulikoa eskuratzen dute eta hala, nolako bilakaera duten ikusten dugu.
Bereziki atentzioa eman dizun zerbait al dago?
Eibarren, bertako industriaren gakoa izan diren Isasiko bi burdinolei inork behar bezalako garrantzirik eman ez izana izan da deigarriena batez ere. Makina horietan lanean zebiltzan profesionalak Madrilgo eta Toledoko burdinoletara joateko kontratatu zituzten, nola lan egiten zen irakatsi zezaten.
Zein garaitan?
XVI. mendetik XX.era bitarteko garaiaz hitz egiten ari gara.
Arabako Solapeña errota. Ura errotan nola sartzen den ikus daiteke.
Orduan al zen erroten unerik onena?
Egia esan, XIX. mendeko amaierara arte gorantz joan zen euren errendimendua, eta orduan gainbeheran joan ziren, erroten aurkako legeak agertzen hasi baitziren.
Guztiz desagertu arte... edo baten bat geratzen da?
Eibarren ez da bat bera ere geratzen, Elgoibarren bakarra, Lasturren bi... Geratzen ziren erroten gaineko lan bat egin nuen 2002an, gutxi gorabehera. Lan hura berrartu beharko genuke funtzionamenduan zenbatek jarraitzen duten ikusteko. Baina gehienak ikastetxeei eta bestelakoei erakusteko museo moduan kontserbatzen direla esango nuke. Dena den, elikadura modu berriekin, errota hidraulikoetatik irteten den irin berezia eskatzen duten okindegiak daude, eta horiekin ogiak egiten dituzte, eta baita taloak ere.
ACEM, Erroten Kontserbazio eta Ikerketa Elkarteko zuzendaritza batzordeko kidea zara, eta erakundearen helburua horien kontserbazio, birgaitze eta defentsa da. Esadazu, zer egiten duzue horri dagokionez?
Gogor ari gara lanean. Gaiarekiko interesa dutenek, edo esaterako, beraien errota bota behar dutelako arazoak dituztenek eskura daukate webgunea (www.molinosacem.com) eta hainbat irtenbide ematen dizkiegu. Hau da, diru-laguntzak lortzeko aurreneko urratsak zeintzuk diren esaten diegu, konponketen gaineko edota zaharberritu dezaketen pertsonei buruzko informazioa eman... Lan garrantzitsua dago egiteko.
Bestaldetik, elkarteak kongresuak antolatzen ditu, dagoeneko makina hidraulikoen gaineko zortzi kongresu egin dira eta horren ondorioz garrantzitsu bihurtu da. Hasieran, kongresuak nazio mailakoak ziren eta gero, nazioarteko bilakatu dira, besteen artean, Mexiko, Italia, Frantzia, Polonia zein Portugalgo jendea etorri delarik. Bi urtetik behin antolatzen dira penintsulan.
Solapeña errotaren barnekaldea.
Nolakoa da beste herrialde batzuetan erroten egoera kontserbazioari dagokionez? Historian zehar zutik iraun zezaten garrantzia gehiago eman al zaie?
Frantzian esaterako, oso aurreratuta dago gaia, baina beste herrialde batzuetan ez horrenbeste. Kongresuen aktetan primeran ikusten da hori, jendearen datu ekarpenaren bitartez, baina baita herrialde bakoitzeko arautegiari dagokionez ere.
Errotak behar bezala kontserbatu izan balira, egun erabilera praktikoa eman ahalko litzaieke?
Bai, eta energia sortzeko baliatu ahal zitezkeen baita ere. Holanda moduko beste herrialde batzuetan, errotak arazorik gabeko energia hidraulikoa sortzeko baliatzen dira. Ikertu zitekeen eta erabilera bat eman. Aldiz, ez dauka zentzurik konpontzeko xede hutsez kontserbazio lan bat egitea, bi urtetara hilda egongo bada. Funtzio bat eman behar zaio.
Egin ezin daitekeen beste gauza bat, gutxienez baliagarria den edo ez adierazten duen informerik gabe presak eraistea da. Egun dena botatzen da aurretiko ikerketa egin gabe.
Azken finean, herri baten historiaren parte diren elementuak dira...
Hain zuzen ere. Beti egon dira presak, eta izokinak arazo barik igo izan dira. Bota aurretik gauzak ikertu behar dira. Ulertzen dut ezin dela guztia kontserbatu, ados gaude horretan, baina ondarearen elementuak mantendu behar dira, edo behintzat ikertu, nondik gatozen eta norantz goazen jakiteko.
Zerk bultzatu zintuen Eibarko errotak ikertzera?
Gipuzkoako errotekin hasi nintzen, gero Elgoibarkoekin jarraitu nuen lanean eta Eibarko erroten gaineko informazioa topatu nuen. Eta orain Debabarrena eta Debagoienakoak ikertu nahi dut. Lana badaukat, beraz...
Aldea de Ebroko errota (Kantabria).
Koldo, baina errotez gainera, askotariko ikerketak egin dituzu.
Bai, ETNIKER taldeekin Baskoniako Atlas Etnografikorako Barandiaranen inkesta egiten ibili izanak beste lan batzuetarako bidea eman dit. Gainera, Elgoibarko Udalak zaindariaren jaien harira kaleratzen duen aldizkarian, 30 urte daramatzat, urtez urte gai ezberdinen gaineko artikuluak idazten.
Madoz hiztegiaren gainean egindakoa da askorentzako zure ikerketarik esanguratsuena.
Madozen 16 liburuen bidez, burdinola, harrobi, prentsa hidrauliko, eta oro har, erroten inguruko makina guztien laburpen bat egin nuen. Guzti hori atera eta 33.000 gailu irten zitzaizkidan. Ikertu nahi duenarentzako nolabaiteko aurkibide bat da. Demagun norbaitek Alkizako burdinolen gaineko ikerketa bat egin nahi duela; makina horien gainean lan egiten hasten lagunduko dion oinarria aurkitzen du bertan.
80ko hamarkadatik daramazu ikertzen, baina oroitzen al duzu zein izan zen landutako aurreneko gaia?
Bai, Irungo Urdanibia errota izan zen, non txundituta utzi ninduen erakusketa bat zegoen; gero Oria Errotan harrera ona izan genuen. Koldo Lizarralde Elberdin (Pasai San Pedro, 1950) Pasai San Pedron jaio zen 1950ean, eta lan kontuengatik Elgoibarrera lekualdatu zen 1981ean. Historialaria eta “Etniker-Gipuzkoa”ri loturiko etnografoa, 1988tik Baskoniako Atlas Etnografikorako landa lana egin du Elgoibarren. Eusko Ikaskuntzako kidea 1989tik. Erroten Kontserbazio eta Ikerketa Elkarteko (A.C.E.M.) kidea da 1998an fundatu zenetik. Elgoibarko gai historikoen (gertakari historikoak eta pertsonaia ospetsuak) eta etnografikoen (elikadura, haur jokoak, igarotze errituak, herri medikuntza, janzkera, abeltzaintza eta artzaintza, etxea, nekazaritza, ermitak, musika eta dantza, pilota eta abar) artikulu ugariren egilea. Hauek, Baskoniako Atlas Etnografikoan, Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen Buletinean, Eusko Ikaskuntzako Sailetako Koadernoetan, Elgoibarko jaietako aldizkarian eta abar kaleratu izan dira. Bakarka, Elgoibarko Udalak lagunduta, honako liburuak publikatu ditu: El Convento de San Francisco de Elgoibar (1990); Apuntes Etnográficos I (1994); El Hospital de San Lázaro y la Ermita de la Magdalena (1995); Elgoibar, los trabajos y los siglos (1995); Fiestas Populares en Elgoibar (1996); Apuntes Etnográficos II, ritos de pasaje (1997); Elgoibar y sus molinos (2001); El viejo frontón de Kalengoien 1751-2003 Apuntes de la Historia de la pelota en Elgoibar (2003); Uraren indarra (2006). Antxon Aguirrerekin batera hainbat ikerketa lanetan aritu da, 1993ko Jose Miguel de Barandiaran Bekaren emaitza moduan, bien artean eginiko Las ermitas de Guipuzkoa (2000) obra eta Antxon Aguirrereen Tratado de Molinología lanean eginiko kolaborazioak nabarmenduz. Bere ikerketen emaitzari esker, Espainian buruturiko errotei buruzko hainbat jardunaldi eta kongresutan esku hartu du, eta Beasainen 2000. urtean antolatutako “Errotak eta energia berriztagarriak” jardunaldien Antolakuntza Batzordeko kidea izan zen. Horrez gainera, Carmelo Urdangarin eta José Mari Izagarekin batera, dagoeneko 10 liburuki dituen lanbide tradizionalen gaineko ikerketan hartu du parte. Iturria: Auñamendi Eusko Entziklopedia