Pello Zabala: "Arantzazu ezagutzera emateko hasi nintzen iragarpena egiten"

2000-02-11

AGIRRE, María

Elkarrizketa: Pello Zabala Pello Zabala, Arantzazuko frailea "Arantzazu ezagutzera emateko hasi nintzen iragarpena egiten" * Maria Agirre Amezketan jaioa, eta Pernando Amezketarraren odolekoa dugu Pello Zabala. Hura hil zela urte dezente igaro badira ere, gauzak kontatzeko eran Pellok haren grazia eta alaitasuna gordetzen ditu. Saltseroa da Pello, eta baita oso langilea ere. Musika entzutea eta liburuak irakurtzea dira bere zaletasun handienak, baina gehienontzat eguraldi iragarpenak egiteagatik da ezaguna Arantzazuko frailea. Frantziskotarra, meteorologoa eta musikan aditua zaitugu. Baina hiruretatik bereziki zer? Arantzazuko frantziskotarra esango nuke. Arantzazu niretzat berezia izan da. Txikitan, Amezketatik urtean behin etortzen ginen hona erromes, eta niri gustatu egin zitzaidan. Arantzazun baziren mutilak frailetarako ikasten, eta nik ere gauza bera egin nahi nuela erabaki nuen. Gainera, hemen futbolean ere egiten zen, eta hori erakargarria zitzaidan. Zazpi urterekin hartu nuen hona etortzeko erabakia, eta aitari jakinarazi nion. Horrela, prestatzen hasi nintzen, latina ikasi, Espainiako historia... Hala ere, ni txikitatik oso prestatua nengoen. Irakurtzen ikasi nuen oraindik lurrean arrastaka nenbilela. Amak irakatsi zidan. Doktrina ere berak irakatsi zidan, egunero hiru galdera egiten zizkidan, eta nik arratsaldean erantzuna eman behar izaten nion. Izugarrizko memoria nuen, eta makina bat legez ikasten nuen. Bost edo sei urterekin, doktrinan hasi nintzenerako, nik guztia buruz nekien. Txikitatik irakurtzea asko gustatu zait, eta horrek ikasi beharra sortarazi zidan. Liburuekin primeran ibili naiz beti, nire deskantsua irakurtzea izaten da. Arantzazura etorri nahi nuela esan nuenean, familian ez nuen arazorik izan, baina herriko apaizarekin bai, ez zidan hona etortzen utzi nahi, oso berea ninduen eta. Donostiako seminariora joan behar nuela zioen. Nik, berriz, ez nuen hori nahi. Niretzat Donostia oso urruti zegoen. Hamar urterekin Arantzazura etorri nintzen. Nolatan hasi zinen eguraldiaren iragarpenak egiten? Arantzazuren izena irratian entzun zedin hasi nintzen horretan. Hasieran, Euskadi Irratitik deitu zidaten musika klasikoari buruzko saio bat egin nezan. Horrela hasi nintzen "Klasikoak gaur" saioarekin. Beranduago, uda partean, irratikoei bururatu zitzaien, jendeak nora joan eta jakin zezan, han eta hemen zein eguraldi egiten zuen galdetzea. Nik baiezkoa ematea erabaki nuen, horrela Arantzazuren izena entzungo baitzen. Orain dela hamazazpi urte, irratietan eta gutxi entzuten zen Arantzazu izena, eta ezagutzera emateko hasi nintzen eguraldiaren berri ematen. Hasieran ez nuen eguraldiaren iragarpenik egiten, hemen zein tenperatura zegoen eta esaten nuen bakarrik. Handik gutxira, hilean behin edo iragarpena egiteko eskatu zidaten eta horrek loturarik ez zuenez ekartzen, baiezkoa eman nuen. Nik Jose Ignazio Usabiagari galdetzen nion, eta horrek emandako datuez iragarpena egiten nuen. Apurka apurka, hilabeterokoa zena asterokoa izatera pasa zen, eta gero, egunerokoa. Horretarako, jakina, liburu batzuk irakurri eta mapak interpretatzen ikasi behar izan nuen. Irratiaren kontu horrekin, nire ustez, Arantzazuren izena asko zabaldu da. Gipuzkoako jende asko etortzen da, baina baita Bilbo ingurukoak eta Pello non dagoen galdetzen dute. Orain, berriz, eguraldiaren iragarpena egiteari utzi egin diot. Udazkenean berriro helduko diot lan horri, baina hainbeste urteren ostean, deskantsu bat hartzea erabaki dut, egunero hainbeste alditan, Euskadi Irratian eta Radio Euskadin iragarpena egiteak, lotura handia ekartzen baitu. Eguraldiarekin jarraituz, aurtengo negua benetan gogorra izaten ari da. Hala da, edo beti azkena iruditzen zaigu gogorrena? Gertukoak aurrekoa ahaztu arazten digu, baina egia da, aurten bezalako hotzik ez du aspaldian egin. Hau da, eguna joan eta eguna etorri, hotza izan dugu aurten. Nolanahi ere, uste dut aurtengoa gainditua dagoela. Hala ere, eguraldiak beti ematen du sorpresaren bat, ez da errepikatzen. Betida berria zerbaitetan. Bestalde, elurra dela eta, horrekiko kontzeptua asko aldatu dugu. Klima beharbada aldatzen egongo da, ez dakit, baina gure pentsaera bai aldatu dela. Gaur egun, eskiatzera eta joateko, elurra noiz egingo ote duen zain izaten dira batzuk. Gure garaian, berriz, elurrari beldurra genion, eta etxeetan berogailurik ez zegoenez, gogorra izaten zen elurte garaia. Lehen, gainera, baserrietara joateko pistarik izaten ez zenez, elurrak asko irauten zuen. Egun, ordea, jendea lurrorotakoarekin igotzen da eta bideak azkar geratzen dira garbi garbi. Hau guztiagatik, jendeak uste du lehen elur gehiago egiten zuela. Zuk tenporei egiten diezu kasu. Bai. Tenporekin hasi nintzenean, lehenengotan oso gaizki hartu ninduten. Nik ere, egia esan, ez nuen askorik sinesten, baina zer ziren jakiteko hurbiltzen hasi nintzen. Orain, berriz, komunikabide askotatik deitzen didate tenporak nola geratu diren jakiteko. Euskara eta musika omen dira zure zaletasunak. Horrela da. Gaztetan, Arantzazun euskaraz zeuden liburuak irakurtzen nituen, Salbatore Mitxelenaren euskal poemak eta beste hainbat liburu. Euskararen kontua bitxia izan da Arantzazun. Gogoratzen dudanez, gaztetan euskara gutxi entzuten zen hemen. Batzuei ia galarazi egin zitzaien euskaraz egitea, bestela ez zuten gazteleraz ikasiko eta. Gero, berriz, bazkalostean ordubeteko tartea ezarri zuten euskaraz hitz egin genezan. Hala ere, euskara dela eta, batak besteari barre egiten genion. Badakizu, Ondarrukoek hizkera bat zuten, Oñatikoek beste bat, Amezketa ingurukoak ginenok ere desberdina... Musikari dagokionez, txikitan pianoa jotzen ikasi nuen, eta gero organoa. Hogeita bost urtez izan naiz Arantzazuko organista. Orain, berriz, ezkontzatan jotzen dut. Konposatzailea ere bazaitugu. Elizarako konposatzen dut bakarrik. Elizako kantak egiten ditut. Batikanoko Kontziliora arte, dena latinez zen, baina hortik aurrera dena euskaraz da. Apurka apurka kantutegi bat osatzen joan gara. Iñaki Beristainek letra jartzen du, etanik garaiaren araberako musika. Hau da, Garizuma, Gabon edo Bazko garaia den kontuan izanda. Euskadi Irratian Klasikoak Gaur egiten ere urte piloa daramazu. Nire deskantsurako egiten dut. Hemendik bertatik egiten dut, irratiak jarritako tresneriari esker. Musikarekiko zaletasun handia dudanez, niretzat oso lan erraza da, ez zait ezer kostatzen. Hainbeste urtez horretan jardun ostean, gainera, musikaren historia nahikoa ezagutzen dut eta gauzak azaltzeko eskarmentua ere badaukat. Musika aukeratzen pasatzen dut denbora gehien. Gaur egun konpakto asko argitaratzen da, eta aukeraketa egin beharra dago. Horretarako, bazkalosteko ibilalditxoetan, aldizkari asko irakurtzen dut. Dagoeneko 4.500 saio egin ditut. Ni neu entretenitu egiten naiz, eta badakit dezente gustatzen dela saioa. Arantzazu epe desberdinetan ezagutu duzu. Adibidez, hau ikaslez betea zegoenean, eta orain berriz, seminarioa itxita dago. Nola dakusazu Arantzazuren etorkizuna? Berrogeita zazpi fraile izango gara gutxi gorabehera. Laurogei urtetik gora hamaika inguru izango dira, hirurogeitik beherakoak zazpi. Gazteenak berrogeita hamar urte ditu. Etorkizuna? Ez dakigu. Etortzen diren fraile gazte apurrak ez daude Arantzazun bizitzeko gertu. Ez dakit, beharbada Urkiolari bezala gertatuko zaigu, eta hemen geratuko dira misioetatik etorritako apaiz zaharrak. Edo denboraz, kanpotik etorri beharko dira hemengo lana antolatzera, laiko eta seglarrak. Oraingoz eutsiko diogu, baina... Gogoeta egiteko askok Arantzazura jo izan ohi dute. Zer du berezirik? Nire ustez santutegia eraikitzean asmatu egin zuten. Urtero urtero, Madrilgo eta Zuricheko arkitekto eskoletatik etortzen dira santutegia ikustera. Eliza ere berezia da. Ez dago oso kargatuta, eta barruan amabirjina dago soilik. Jendeak lasaitasuna eta bakea bilatzen ditu bertan. Orain, eguraldi iragarpenen loturarik gabe, zertan ematen duzu eguna? Fraile bizitza egiten dut. Lehen gazteekin egiten genuen lan seminarioan, eta orain, berriz, komentuko fraile edadetuakzaintzen, edo hobe esanda, berauei familiarteko giroa ematen saiatzen gara. Gainerakoan, egin beharreko errezoak eta beste zeregin batzuk. Lantxoak asko dira. Adibidez, Arantzazuko egutegia atera behar da urtero zintzo zintzo, eta hori egiteko gero eta gutxiago gaude. Igandeko mezarako, txandaka txandaka sermoiak eta gainerakoak ere prestatu behar dira. Bestalde, datorren urtean, 2001eko abuztuaren 15etik 2.002.eko irailaren 19ra bitartean, frantziskotarrak Arantzazun gaudeneko bosgarren mendeurrena ospatuko dugu, eta hori dela eta, liburu bat argitaratuko da. Joseba Intxausti prestatzen ari den liburu horretarako bi artikulu idatzi behar ditudanez, horiek prestatzen hasi naiz. Nahiko nuke, denbora pixka bat atera eta nire kasa daukadan musika bilduma antolatu eta fitxeroa egitea. 3.000 konpakto inguru izango ditut: musika klasikoa, erlijiosoa... Seguraski, meteorologiaz ere zertxobait idatziko dut, libururen bat edo. Ikusten denez, badut zeri heldu eta Arantzazun daukagun bakea lan horiek guztiak egiteko aproposa da. Argazkiak: Maria Agirre Euskonews & Media 66.zbk (2000/ 2 / 11 18) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Ramón Zallo: "Oparotasun komunikatiborantz goaz, baina baita gero eta handiagoa den desberdintasun komunikatiborantz ere"

 

Irakurri

Adolfo Ribeiro Lima: "Atun Atlantiarra Kontserbatzeko Nazioarteko Batzordearen helburu nagusia arrantzu arduratsua mantentzea da"

 

Irakurri

Adrián Celaya: "Beldur naiz Europa zentralistegia izango ote den, eta agian hurrengo ika-mikak hortik etorriko dira"

 

Irakurri

Jean Haritschelhar: "Gure belaunaldiak Euskaltzaindian egin duen lana oroitzekoa izanen da"

 

Irakurri

Clement Urrutybehety: "Bakarrik lan egin dut gehienetan"

 

Irakurri