Gabriel Mouesca. Idazlea (2012/02/03)
“Abertzaletasuna, funtsean, ontasun unibertsala da”
“Iparraldeko gizarteari doakionez, gure gaurko munduaren idurikoa da, erran nahi baita mila aurpegi dauzkala eta mila eragin jasaiten dituela. Ohargarri da bereziki haustura kultural bat gero eta haundiagoa badela barnekaldea eta kostaldea deitua denaren artean. Gure eremuetarat kanpotik eten gabeko etorrerak, integrazio kultural proposamenik ez ukanez, bipolarisazio fenomeno bat sustatzen du euskaldunen eta ez euskaldunen artean.”
“Euskararen instituzionalisatze eta defentsaren alorrak behar beharrezkoak dira eta susta lezakete edo behar lukete « bateratze nazional » baten uhina Iparraldean. Haundia delako lanjera. Parisek gure izaitea ukatzen segitzen du eta bere eraikitze politiko-instituzional berriaren moldatzen ari da. Gure aldarrikapen instituzionalak ukatzen dituen bermoldaketa. Datozen hilabetetan hartuko diren erabakiek bideratuko dute gure geroa ondoko 20-30 urtetako. Erran dezagun gure desagertzearentzat behar den denbora. Mugitu behar dugu eta lanjeraren heinean ihardoki !”
“Gure ikuspundua, gure helburu politikoa, azkartzen ari da bizi dugun egoerarengatik. Krisia ekonomikoa, mundializazioa, errealitate horieri buruzko erantzunak autonomian, honen filosofia eta mekanismoetan dira. Bada hurbileko podere baten galdea, baina ere arduraduntasunarena. Igurikatze eta behar horieri ihardesten du autonomia gisako instituzio batek. Ez da zigilu politiko berezi baten terminologia edo kontzeptu bat bortxaz onarrarazi behar. Politikaz axola dutenentzat, autonomia da konpetentzien eskuratzeko tresna bat, denborarekin, hori dena aitzinakor dinamika batean.”
[Elkarrizketa irakurri]
Jorge Campanillas. Teknologia Berrietan abokatu aditua (2012/05/18)
“Gure datu pertsonalak urre berria dira”
“Kasu honetan legearen aurretik doa teknologia eta askotan toki juridikorik ez duten produktu eta zerbitzu berriak agertzen dira. Azkenean, zuzenbidearen baitan nolabaiteko kokapena bilatzea ahalbidetzen dizuten tresnak daude, baina teknologiak beti gainditzen du.”
“Erabilera kaltegabea eginez gero, edo behintzat sare sozialetan egiten ari zarenaz jakitun bazara, ez duzu zertan arriskurik izan behar. Zer nolako erreminta darabilzun jakin behar duzu, sarearen berezko ezaugarriak ezagutu eta interesatzen zaizunaren arabera erabili. Nahiz eta sare sozialetan ez egoteagatik jende askok libre dagoela pentsatu... ez da horrela.”
“Edozein modutan, nahi duten moduan izaera pertsonala duten datu guztiak desagerrarazteko “ahanzturarako eskubidea” ezartzea gehiegizkoa dela deritzot, bestelako arazoak sor baitaitezke, zentsura kasu. Intimitatea zenbait aspektutan babestuko duten zentzudun zerbaitetara iritsi behar gara, baina ez dezala prentsa edota adierazpen askatasunetan interferitu...”
“Izan ere, nork irakurtzen du letra txikia? Abokatuek eta lanbidearen ajeagatik... Egia da askotan ez dela pribatutasun politika irakurtzen eta gero “atsekabeak” izaten ditugu. Jakinaren gainean egon behar dugu eta letra txikiak ez bagaitu konbentzitzen, ez genuke zerbitzu jakin bat kontratatu edo aplikazio bat deskargatu behar. Eta batez ere, doakoak diren zerbitzu asko, produktua gu geu, gure datuak direlako dela pentsatu behar dugu. Oso erraza da: nik zerbitzu hau ematen dizut, eta zuk zer ematen didazu trukean? Lehen dirua ematen zen, eta orain datuak ematen dira. Aplikazio edo webguneen garatzaileek datuak eskuratzen dituzte, sare sozialek, neurri batean, dirua egiten dute gure datuak publizitate enpresei salduz, esaterako. Datuak urre berria direla esan ohi da. “Onartu”, “onartu” botoiari begiak itxita sakatzen diogu... doakoa bada, gure intimitatearen zati bat galtzen ari gara. Duela gutxi, web ezagunenetako lege jakinarazpen eta pribatutasun politika guztiak irakurtzeko hilabete beharko genukeela zioen albiste bat atera zen Frantzian.”
[Elkarrizketa irakurri]
Margaret Bullen. Antropologoa (2012/05/11)
“Tradizioak bizirik daude eta historian zehar gizartearekin batera moldatu dira”
“Filologia hispanikoa eta frantsesa ikasi, doktoregoa egin eta bat-batean hizkuntza berri bat ezagutzea harrigarria izan zen niretzat. Ezin nuen leku batean bizi hizkuntza ulertu eta hitz egin gabe, eta horretan jarri nintzen, baina ezin duzu egun batetik bestera ikasi.”
“Nahiz eta feminismotik kritika egin, matriarkatuaren ideiak bizirik eta indartsu jarraitzen du gizartearen irudikapenean: euskal emakumeak indartsuak dira, baserriko jabeak ziren eta egun etxeko jabeak dira. Baina errealitatea ikertzean, ez dugu indar hori etxetik kanpo ikusten, hau da, alor publikoan. Jone Miren Hernandezek Pizkunde garaiko emakume hizlariak aztertzean kontraesana dagoela ikusi du: Eusko Alderdi Jeltzaleak euskal emakume indartsua eta euskal kulturaren defendatzailearen irudia eman nahi izan zion emakumeari, Europatik zetozen beste emakume ereduen kontra egiteko (emakume modernoarena, librearena). Baina modu horretan, euskal emakumearen eredua irudikatzearekin eta indartzearekin batera, eredu hori puskatzen ari ziren jende aurrean hitz eginaraztean, eszenatoki publikoetan ateraraztean. Alor honetan badago nahiko lan egiteko emakume indartsuaren ideia nola zabaldu den ikusteko; zer nolako errebindikazioak izan diren horren inguruan ikusteko; eta nahiz eta irudi horrek bizirik iraun nola beste emakumeengandik zalantzan jarri egin den.”
“Nire ustez garrantzitsua da gizonak zer egiten ari diren ikustea. Orain arte genero ikerketetan emakumeak begiratu behar izan ditugu ikusezinak zirelako, baina orain gizonak zer egiten ari diren ere begiratu beharko dugu. Izan ere, bai kulturgintzan, bai etxeko eremuan, gizonen papera ere aldatzen ari da.”
[Elkarrizketa irakurri]