Urteko galdera

Koldo Tellitu / Ikastolen Elkarteko lehendakaria

03/24/2021

Koldo Tellitu / Ikastolen Elkarteko lehendakaria

Biharko mundua galdera berriak egiten ari zaigu gaur. Hizkuntza anitzetan ari  zaigu galdez, jatorri askotako umeen begiradarekin, neskatxak mutikoek besteko jakinminez eta ekingosez. Lan, gizarte zein politika arloko etorkizun aldakorrei erantzuten ere hasi behar dugu oraindixe, gainera.

Elkarrekin ikasteko garaiak dira. Gaur elkarri galderak eginez eta elkar entzunez, denon artean, biharko erantzunak bilatzeko garaiak.

XXI. mendeko euskal hezkuntza eratu behar dugu. Erantzukizun handia da.

Biharko erantzun horiek emateko, gaurko galdegai orokorrak beharko ditugu. Begirada nazionala. Eta baita begirada partikularrak ere, herriz herri, zer ari garen ondo egiten eta zein zailtasun ditugun ezagutzeko.

Gure bururik mugatu gabe, gainera, harago begiratu beharko dugu. Biharko mundua eratzen ari diren gaurko hezkuntza eredu europarrak aztertu.

Jendarte osoa da gaur guztion seme-alaben hezkuntzaren arduradun, jendarte osoa izango baita onuradun bihar. Eskola, hezkuntza formala, ezinbestekoa da, baina ez bakarra. Hezkuntza ez arautua, etxea, aisialdia eta eguneroko harremanak eta bizimodua ere nahitaezkoak dira.

Gaur, politika publikoak ikastetxe sare ezberdinekin ez ezik tokiko zein nazio mailako eragile sozial ugariekin nola saretu ideiatzea ere badagokigu, bihar eraginkorragoak, eraldatzaileagoak eta onuragarriagoak izateko.

Ugariak eta handiak dira gaur gure herriak dituen erronkak; eta horien artean bada bat oinarri-oinarrizkoa: HEZKUNTZA, eta jokatzen duen papera aldarrikatu behar dugu, herriaren zerbitzura dagoen tresna bezala, kontziente garelako gizarte baten hezurdura hezkuntzan eraikitzen dela. Hezkuntza da, besteak beste, herri baten izaera, ezaugarriak, baloreak... lantzeko tresna garrantzitsuenetako bat. Eta, Hezkuntzaz ari garenean, hizkuntzatik haratago doan zerbaiti buruz ari gara. Hezkuntzaz ari garenean, “nolako gizartea nahi dugu etorkizunean?” galderari  erantzuten ari gara. Eta, hor, esaten dugu, Europako hezkuntza esparruan Euskal Herriak hezkuntza sistema propioa izateko eta arautzeko eskubidea behar duela.

Horretarako nahi eta behar dugun hezkuntza ereduaren inguruan adostasun sozial berri bat eraiki behar dugu. Zein da gure herriak behar duen hezkuntza eredua eta zein da horrek eskatzen duen sistema? Egin dezagun indar berezi bat galdera honi erantzun komunitario bateratu bat emateko. Izan dadila hori eztabaida zabal eta sakon baten emaitza, denon artekoa eta hemen garatua eta gure hezkuntza sistemak dituen gabezia nagusiei aurre egiteko balioko duena; hastapeneko marra gorririk gabe, elkarlanerako borondatearekin. Gure hezkuntza sistemak eta gure euskarak merezi dute eta.

Zehaztuz, Euskal Hezkuntza Sistemak izan behar du:

1.- Unibertsala. XXI. mendean gure hezkuntza-sistemak bermatu beharko duen lehenengo gauza Euskal Herrian bizi diren orok, hots, Euskal herritar guztiek, nazioarteko oinarrizko eskubideen hitzarmenetan jasotako eskubideetan oinarrituta, Euskal Herrian bertan edozein ikasmailatan edota ikas-arlotan ikasteko eskubidea dutela izango da, eta ez dela inor baztertuko arrazoi politiko, ekonomiko, sozial, jatorriarekin edo sexuarekin lotutako, ideologiko, akademiko, fisiko edo psikikorengatik.

2.- Euskara eta euskal kultura ardatz dituena, Euskal herritar orok eskolaren bidez euskalduntzeko eskubidea du. Euskal Herri osoan, edozein hezkuntza eskaintzatan euskaraz ikasteko eskubidea du. Eta hezkuntza prozesu osoan, ikasgune guztietan, euskaraz bizitzeko eskubidea du. Bide honetan, lehen Hezkuntza amaitzerakoan gutxienez, euskaran B1 maila lortu behar dutela, eta B2 maila Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitzerakoan. Dena den, helburu horiek oso urrun geratzen dira, ez dira lorgarri A eta B ereduetan ikasten ari diren ikasleentzako, eta baita D ereduan ikasten ari diren gehienentzat ere. Helburu hauek lortzeko beharrezkoa da neurriak hartzea. Ezinbestekoa da hizkuntz ereduak desagertzea eta ikastetxe guztietan euskaldun eleaniztunak bermatuko dituen ikasteredu orokorra ezartzea, hau da, murgiltze eredua ezartzea. Benetako murgiltze eredu bat behar dugu.

Ikasle guztiek gutxienez aipatutako euskarazko gaitasun mailak lortu behar dute. Ikasle guztiek derrigorrezko hezkuntzaren amaierara baldintza berdinetan heltzeko, abiapuntua/bizilekua edozein dela ere. Konponbidea ez da baldintza soziolinguistiko makurragoa duten eremuetan gaitasunak jaistea, inondik inora ez. Kontua da, berdintasun-printzipioa bermatzeko ikasleek maila eta gaitasun berdinak eskuratzeko bidean jartzea eta gutxiago duenari gehiago ematea, hau da, baliabide berezituak jartzea, ikasle guztien arteko berdintasuna bermatzeko. Hau da, erabat desegokia litzateke ikastetxea kokatuta dagoen eremuak edo ikastetxeak duen errealitate soziolinguistikoak ikasleen gaitasunak moldatzeko aukera zabalik uztea. Horrek, ikasleen arteko berdintasun-printzipioarekin talka egingo luke.

Zalantzarik gabe, murgiltze eredua orokortzea bakarrik ez du lortuko belaunaldi berriek hizkuntza gaitasun egokia izatea. Aitzitik, beste hainbat neurri ipini behar dira indarrean…

A.      Administrazioak behar diren baliabideak bermatu behar dio ikastetxe guztiei.

B.      Ebaluazio sendo bat behar da, alde betetik, gure ikasleen euskara maila derrigorrezko hezkuntza amaitzerakoan zein den jakiteko eta bestetik tarteko ebaluazioak emaitzak hobetzeko  eta jarritako helburuak lortzeko hartzen diren neurrien jarraipenerako sistema eraginkorra. Ebaluazioa aipatzen dugunean, norabide batean aurreikusten dugu, hobekuntzarako ebaluazioa, hobekuntzarako aukera.

D.      Ikastetxeko hizkuntza proiektuari zentralitatea eman behar zaio. Bertan hezkuntza-komunitatearen harremanak zein ikaskuntza-prozesua arautzen da, hizkuntza bakoitzak eskola barruan izango duen funtzioa eta hartuko dituen eremuak definituz. Horretarako Administrazioak ziurtatu behar ditu onartutako ikastetxe guztien Hizkuntza Proiektua gauzatzeko behar beste baliabideak.

E.      Konpetentzietan oinarritutako hezkuntzaren ikuspegitik, hizkuntza konpetentzia, diziplina konpetentzia izateaz gain, oinarrizko zeharkonpetentzia bat da, ondorioz hezkuntzaren zutabe nagusi bezala tratatua izan behar da. Izan ere, konpetentzia soziolinguistikoaren garapena giltzarri da, besteak beste, hizkuntza hautu kontzienteak egin ahal izateko. Konpetentzia komunikatiboa lantzearen ardura hizkuntza-irakasleetatik harago doa. Hala, hizkuntza-irakasgaietan ez ezik, gainerako arloetan ere hizkuntzak kudeatzeko eta arloen bidez komunikazio gaitasuna – euskararena, bereziki– lantzeko helburuak fintzea, planifikatzea eta metodologia berriak txertatzea ezinbesteko izango da.

F.      Eskola komunitatearen motibazioa eragiteko ekintzak, sugestioa eta diskurtsoa ezinbestekoa da. Ezagutza lantzeko ardura izateaz gain, erabileran eragiteko daukan erantzunkizunaz ere jabetu behar da eskola komunitatea. Ikastetxearen Hizkuntza Proiektua familiek babestu behar dute, seme-alaben garapen eleanitzaren aspektu guztietan inplikatu eta proiektuaren protagonista sentitu. Eremu guztietan euskararen erabileraren garrantzia zabaldu behar da. Eskolaz kanpoko jarduerak, aisialdia, hau da denbora ez formala.

3.- Euskal Curriculumetik eraikia. Euskal herritar orok Euskal Herriko eta tokian tokiko curriculum propioaren arabera hezteko eskubidea du eta bertako nahiz munduko jendarte zein kultur adierazpideak kontuan hartuko dira. Ikasgai konkretuetatik haratago konpetentziak oinarri izango dituen curriculuma.

Euskal Curriculuma Hezkuntza Sistema Propioaren ardatz garrantzitsuenetako bat da. Edozein herritarrek eskolaren bidez bere kultura, bere historia ezagutzeko duen hezkuntza eskubideari erantzuten dio. Funtsean galdera bati erantzun egokia eman beharra: zer da derrigorrezko bigarren hezkuntza bukatzean, Euskal Herriko ikastetxetan ikasten ari den 16 urteko gazte batek Euskal kulturari eta kultura unibertsalari buruz bereganatu behar dituen ezagutzak, hau da, zeintzuk dira ezagutu behar dituen euskal gizartean sortu edota egokitu diren kultur adierazpen nabarmenenak, egiten jakin behar dituen prozedurak eta lortu behar dituen trebetasunak eta bereganatu behar dituen balioak eta jarrerak?

Inplizituki bi galdera gehiago azaltzen ziren aurreko galderan bildurik: zer ezagutu beharko du euskal ikasle batek bere sorterriaz? Nola izan euskal herritarra mundu globalizatu honetan?

Euskal curriculumaren definizioan, aplikazioan ,ebaluazioan,...berebiziko garrantzia izan du eta izango du Euskal Herri osoko ikastetxeen arteko harreman sareak. Euskal ikastetxeok herri honentzako eremu estrategiko bat osatzen dugu, eta gure beharretatik abiatuta ze eskola mota nahi dugun erabaki behar dugu. Euskal Curriculumak Euskal Herriko ikastetxeen izaera kolektiboa indartzeko balio du. Azken finean hezkuntza, eremu estrategiko gisa artikulatzeko balio du egitasmo honek.

4.- Euskal Herria bere osotasunean landuko duena.

Dagokion lurralde bakoitzeko errealitateak kontuan izanik, osotasun batetik abiatuko dena, errealitate guztien aniztasunari zentzu komuna emango diona.

Euskal Herriaren lurralde osoak eragingo diona, eta Euskal Herriko hezkuntzasistemetako ikastetxeen arteko lankidetza-hitzarmenak bultzatuko dituena.

5.- Euskal herritar orok hezkidetzan oinarrituriko hezkuntza jasotzeko eskubidea du; hots, genero estereotiporik gabeko didaktikan oinarrituriko hezkuntza jasotzeko eskubidea. Hezkidetza planak sustatu behar dira ikastetxe guztietan, ikasle guztiei berdintasunean bizitzen ikasteko aukera emateko. Helburua hezkidetza-balioetan oinarritutako inguruneak sortzen laguntzea izango da, familian, kulturan, kirolean zein aisialdian.

Ikasleei tresnak eskaini nahi dizkiegu beren bizitza proiektua aukeratzeko, askatasunetik eta aukera-aniztasunetik, genero-baldintzatzailerik gabe, berdintasun-eza identifikatuz, haren aurka borrokatuz eta berdintasun-eskubidea gauzatzen ikasiz (besteak beste, kultura, erlijio, gizarte-klase, egoera funtzional eta sexu orientazio bakoitzaren esparruan).

6.- Hezkuntzak laikoa izan behar du. Hezkuntza benetan inklusiboa izan dadin erlijioek curriculumetik kanpo egon behar dute edota modu integral eta zientifikoan landu. Sinesmen askatasuna bermatzeko, erlijioak, fede gisa, curriculumetik kanpora utziko dituena, ez bada jakintzaren begirada zientifiko hutsez ekiteko.

7.- Ikasleak bere egiten dituen ezaugarrietatik pentsatua.

Ikasleak, euren ikas ibilbidea amaitutakoan, ezaugarri hauek izatera bideratuko dituena: Euskaldun konprometitu eta eleanitzak; beren buruekiko konfiantzadunak; lankidetzan ikaskideak; erabaki hartzaile kritikoak; ekintzaile gogoetatsuak; jokabide etikodunak; sortzaileak; ikusmira zientifikodunak; orekaren zaintzaileak… azken finean, Bizitzako egoera desberdinei eraginkortasunez erantzuteko gaitasuna duten pertsonak izatea

Hori lortzeko; ikaslea ikaskuntza-prozesuaren protagonista eta ardatz nagusia izan behar da, ikaslearen jarduna aktiboa izan behar da, lan talde kooperatiboetan lan egitea, … Helburua ikaslea bere ikasketa prozesuan agente aktiboa eta protagonista bihurtzea da.

8.- Inklusiboa.

Euskal Herrira etortzen direnen jatorrizko izaera errespetatuta, euskal herritar izateko baliabideak eskainiko dizkiena, eta, aldi berean, euren ekarpenak aberastasun gisa ulertuko dituena. Jatorri askotariko ikasleak modu orekatuan eskolaratuko dituena, euren beharrak erdigunean jarrita.

Euskal herriko ikasguneetara etortzen diren atzerritar jatorria duten ikasleei eskubide osoz euren ama hizkuntza eta kultura errespetatuko zaizkie. Ikasle horiek modu orekatuan eskolatuko dira hezkuntza-sareen eta eskolen artean. Dena den ezin dugu ahaztu hezkuntza aukera inklusiboak ikaslegoaren egoera desberdinak hartu behar dituela kontuan, ez bakarrik jatorri atzerritar duen ikasleena: beharrizan bereziko ikasleena, genero desberdintasuna, sexuarena, gizarte desberdintasuna, erlijioena …, eskolak aprendizaiarako beharrizan-aniztasunari arretaz erantzun behar baitio.

9.-  Gobernantza demokratikotik antolatua. Euskal herritar orok hezkuntza oinarri demokratikoen arabera antolatzeko eta kudeatzeko eskubidea du: eskubide demokratiko guztiak (adieraztekoa, biltzekoa...) bermatuz, eskola komunitatearen pluraltasuna kontuan hartuz, antolaketa zein kudeaketa demokratiko eta parte-hartzailea gauzatuz, eta eskola komunitatea osatzen duten pertsonen eta herritarren hezkuntzaren gaineko erabakiak hartzeko eskubidea bermatuz.

Hezkuntza komunitateko kide diren guztien erantzukizun partekatutik bideratua. Ikasle, guraso nahiz langileen hezkuntza prozesuari dagozkion erabaki komunetan eta erantzukizunen banaketan oinarritua.

10.- Ikastetxeei autonomia aitortuko diena. Ikastetxe bakoitzeko hezkuntza komunitateak bere Hezkuntza Proiektua izateko eta kalitatez garatzeko eskubidea du. Ikastetxeek autonomia izango dute Hezkuntza Proiektua garatzeko eta horretarako beharrezkoak dituzten bitartekoak eskainiko zaizkie.

Baina ikastetxeen autonomia ezin da hezkuntza proiektua definitzera mugatu eta hezkuntzako langile guztien kontrataziora heldu behar da.

Ikastetxearen autonomiari lotuta, garrantzitsua da eskola bakoitzak nortasun instituzionala izatea, eta, horretarako, beharrezkoak dira segidako ezaugarriak

  • Hezkuntza komunitateak, Elkarren artean eztabaidatutako eta landutako hezkuntza proiektua izatea.
  • Balioak partekatzen dituen komunitate bat egotea
  • Gurasoen parte hartze handia.
  • Talde espiritua existitzea, hau da, emaitzen aurrean erantzukizun komuna egotea.
  • Antolamendua eta funtzionamendua biziak eta arinak izatea.
  • Irakasleek maniobra marjina zabala izata eta etengabe prestatzen egotea.
  • Plangintza eta koordinazio curricularrerako lan zorrotza egitea, ikasleen etengabeko ebaluazioa barne.
  • Baliabideen kudeaketa parte hartzailea izatea.

11.- Publiko-herritar eredutik sortua.

Euskal gizartearen izaera parte-hartzaile eta kolektiboan oinarritua, publikotasun  eredu berria eraikiko duena, titulartasunari baino, publiko-herritar harremanari kasu egingo diona. Izaera sozial nabarmena duten eta irabazi asmorik gabeko herri proiektuak, gizarte ekonomian kokatuak, hezkuntzaren arloan ongizate-estatuaren oinarrizko helburuekin bat egiten dutenak, sistema publikoaren partetzat hartuko dituena.

Gainera beste zenbait ezaugarri izan beharko lituzke... Oinarrizkoena, ikasle guztiak onartzea eta heztea, bazterkeriarik gabe, demokratikoi kudeatuta egon behar dira (hezkuntza proiektuaren jabea hezkuntza-komunitate osoak izan behar du), ikasle guztien aukera berdintasuna (konpensatzailea), hezkidetza, inklusibitatea eta gizarte kohesioa sustatu eta bermatu behar dute, jasotzen dituen funts publikoen erabilera adieraziko du eta gardentasunez erabiltzeko konpromisoa ere (konpromiso hau betetzeko, kontuen ikuskaritza egingo dute), Ideologikoki anitzak eta laikoak izan behar dira, beharrizan bereziko ikasleei begira bere harrera plana izan behar dute, Ekonomia ekitaldi batean emaitza positiborik sortuz gero, ikastetxea hobetu edo/eta zeregin sozialetara bideratzea, Elkarte titularra desagertuz gero, bere ondarea hezkuntza administrazioren eskuetan egongo da.

Beti ere administrazioak baimendu eta ikuskatutako ikastetxeak izan behar dira, administrazioaren plangintza orokorraren barruan aritu beharko dira eta beren kudeaketa ekonomikoa, gardena izateaz gainera, aldizka administrazioaren kontrolpean jarriko dute.

Hau guztia posible izan dadin, euskal herritarrek hezkuntzari buruzko erabakiak hartzeko eskubidea behar dute. Hau da, Europako hezkuntza esparruan, Euskal Herriak hezkuntza sistema propioa izateko eta arautzeko eskubidea du. Euskal instituzioei, hezkuntza komunitateari eta herritarrei dagokie, soilik, hezkuntzaren gaineko erabakiak hartzeko eskumena. Euskal Herriko errealitatetik abiatuta, publikotasun eredu berri baten oinarrituta, Euskal herrian gaur egun ditugun eredu Frantsesa eta Española gaindituko dituena eta euskal gizartearen kohesioa sustatzeko eta desberdintasun sozialak gainditzeko baliagarria izango dena. Euskal hezkuntza zerbitzu publikoa “publiko-herritar” ikuspegian kokatuta, ez ikastetxearen titulartasunari lotua, hau da, komunitateari lotua, hezkuntzan ere demokrazia parte-hartzailea gauzatzeko.


Eusko Jaurlaritza

Share:
Facebook Twitter Google Whatsapp

OTHER ANSWERS IN 2021