Urteko galdera

Nahia Idoiaga Mondragon / EHU-ko irakaslea Bilboko Hezkuntza Fakultatean eta KideOn ikerketa taldeko kidea

05/21/2020

Nahia Idoiaga Mondragon / EHU-ko irakaslea Bilboko Hezkuntza Fakultatean eta KideOn ikerketa taldeko kidea

Erronka asko ditu XXI. Mendeko Hezkuntza sistemak, guztiona eta guztiontzako sortua den sistema publikoari beharrezko baliabide eta errekonozimendua eskaintzea, ikaskuntza konstruktibismoan oinarritutako  jardun esanguratsu bihurtzea, inklusioa lantzea… baina gaurko honetan hezkuntzak Hezkidetzaren alde duen borroka nabarmendu nahiko nuke. Azken hiru urteotan kontzientzia feminista nabarmenki handitu da, borroka feminista bizitza sozialaren erdigunean kokatuaz eta honenbestez beharrezkoa da Hezkuntza Sistemaren erdian ere lekua hartzea. Papelaren gainean hezkidetza eta bere barne hartzen dituen genero berdintasuna edota dibertsitate afektibo sexualen onarpena gure curriculumetan txertatuta egon beharko liratekeen arren, tamalez oraindik sarriegi aurkitzen ditugu eremu honetan hankamotz gaudela argi uzten diguten egoera eta baita ikerketa zientifikoak ere.

Izan ere, hezkuntza benetako aldaketa lanabes bihurtu nahi baldin bada berebiziko garrantzia du bertako eragile orok sexismoaren kontrako jarrera argiak bultzatzea.  Egia da, azken urteetan hainbat marko legislatibok hezkuntza ez sexista edo berdintasunerako hezkuntza arautu nahi izan dutela, erregulazio hutsak eskola pedagogian eta ezagutzetan edo irakasleriaren ideologia eta jarreretan aldaketak ekarriko zituela aurresuposatuaz, baina ez da horrela izan (Carretero eta Nolasco, 2019). Irakasleen hezkidetza lantzeko formazio falta sumetzen dute eta onartzen dute kasu askotan ez direla gai ezberdintasunaren indikatzaile anitzak antzemateko (Aristizabal, Hernanez-Pintado, Ugalde eta Lasarte, 2018; Rebollo, Vega eta Garcia-Perez, 2011).

Gainera, gizarte langa ere hor dago, adibide gisa SKOLAE programa, zeinek nazioartean sariak eta aipamenak jaso arren etxean kexak eta salaketak jaso dituen. Erronka begibistakoa da eta ezinbestean aktiboki esku hartu behar dugu bakoitzak bere mailan. Unibertsitateetatik eta bereziki Hezkuntza Fakultateetatik hasierako formazioa indartuz, hor ere errenka gabiltzala baitiote ikerketek (Ballarín, 2017); eta eskola eta institutuetatik hezkidetzan formazio jarraia eskaintzeari eta eskoletako lanketa planetan berau txertatzeari behar besteko garrantzia emanaz.

XXI. mende honetan benetan kalitatezkoa den Hezkuntza Sistema eraikitzea nahi badugu, eta benetan etorkizun duin bat eskaini nahi baldin badiegu gaur egungo umeei ezinbestekoa da Hezkidetza erdigunean jartzea eta berandu baino lehen norberaren jardunetik hasiz eta hezkuntza plan orokorretara heldu arte hezkuntza feminista bermatzeko neurriak hartzea.


Aristizabal, P., Gomez-Pintado, A., Ugalde, A., eta Lasarte, G. (2018). Teacher training coeducational look. Revista Complutense de Educación, 29(1), 79-95.

Ballarín  Domingo,  P.  (2017). ¿Se  enseña  coeducación  en  la  Universidad?. Atlánticas. Revista Internacional de Estudios Feministas, 2 (1), 7-31

Carretero, R. eta Nolasco, A.(2019).Sexismo y formación inicial del profesorado. Educar, 55(1), 293-310.

Rebollo, M.A., Vega, L. y García-Pérez, R.(2011). El profesorado en la aplicación de planes de igualdad: conflictos y discursos en el cambio educativo. RIE. Revista de Investigación Educativa, 29(2), 311-323.


Eusko Jaurlaritza

Share:
Facebook Twitter Whatsapp

OTHER ANSWERS IN 2020