Nolakoak izan ziren zure lehen urratsak arte honetan?
Txikitatik nahiko ona izan naiz arte guztietan: musikan, idazketan, marrazketan, dantzan, antzezlanean, etab. Baina horietako zein aukeratu izan da beti nire zalantza. Denak ditut gustuko! 13 urte nituela Hegoafrikan bizi ginen eta Lurmutur Hirian zine estudio garrantzitsu batean lan egiten zuen lagun bat genuen, non Audi, Guiness eta bestelako marka esanguratsuen iragarkiak filmatzen zituzten. Asteburuak berarekin pasatzeko gonbitea luzatu zidan eta errodajeak behatzen eta zertxobait laguntzen ematen nuen eguna. Hori izan zen industriarekin izan nuen lehendabiziko kontaktua eta orduan konturatu nintzen arte guztien nahastea zela. Beraz, ez nuen bat aukeratu beharrik. Arte guztiekin jarduten ahalbidetzen zidan lana topatu nuen!
Zer da zinean egiten dituzun lanen artean gehien gustatzen zaizuna?
Uste dut jarduera honetara dedikatzearen arrazoia ez dela “bereziki zerbait” gustuko dudala. Egia esateko, besterik egiten ez dakidalako egiten dudala uste dut, eta arrazoi batengatik, nire bizitza guztian “pelikula moduan” pentsatu dut. Toki bat bisitatzera joan eta balizko kokalekua ikusten dut. Pertsona berezi bat ezagutu eta pertsonaia bat imajinatzen dut. Istorio bat kontatzen didate eta gidoi batean pentsatzen dut. Zerbait bitxia ikusi eta filmatzeko enkoadraketa bereziena zein den pentsatzen dut. Gaixotasun bat dela esango nuke, eta besterik gabe hori bizimodua ateratzeko modu batean bihurtzen saiatzen naiz.
Zure familiaren eraginik izan al duzu?
Noski. Nire gurasoak moda diseinatzaileak dira, biak. Beraz, haiek ere artistak dira eta ni bezala erdi zoratuak daude. Nire zaletasun artistikoak asko babestu dituzte beti. Ez dakit onerako edo txarrerako, izan ere, artista izatea ez da zure semearentzat “seguruena”. Baina hain zuzen, hori onartzeak duen zailtasunagatik eta nire pasioak ezbairik gabe babesteagatik, betirako nire eskerrik beroena izango dute.
Alain Xalabarde Euskal Herrian jaio, Hegoafrikan hazi eta New Yorken hezi zen.
Zein miresten duzu zinema munduan?
Miresmen mota desberdinak ditut. Batzuk, euren talentuagatik miresten ditut, Charles Chaplin, Quentin Tarantino, Clint Eastwood edo Baz Luhrmann. Beste batzuen kasuan, haien antzekoa izan nahi nukeelako, esaterako Michel Gondry edo Alexander Payne. Azkenik, beste batzuk, euren pertsonalitateagatik eta pentsatzeko eragatik miresten ditut, Louis CK edo Steven Spielberg, adibidez. Dena den, esan beharra daukat Julio Medementzat beti izan dudala tarte berezi bat. “Los Amantes del Círculo Polar” zinea beste modu batean ikusten erakutsi zidan lehen filma izan zelako gerta daiteke hori. Gainera, euskaldun izatea, miresten nuen norbaitengandik gertuago sentiarazten lagundu zidan.
Eta zuzendari izango ez bazina, zer izango zinateke?
Beharbada bideo-joko diseinatzailea. Beti zeharka egin dudan zerbait izan da eta sakonago landu nahiko nuke. Antzeko profesioak dira. Irakasle lanetan ere asko disfrutatzen dut. Zenbaitetan aritu naiz eta etorkizunean ere horretan aritzea espero dut.
Iruditan pentsatzen al duzu?
Azken bi urte hauetan hainbat pertsonekin aritu naiz horretaz hitz egiten, jendeak “zein hizkuntzetan pentsatzen nuen” galdetzearen arrazoia ulertu nuenetik. Inoiz ez nuen galdera ondo ulertu, pentsatzen dudanean ez ditudalako nire buruan esaldiak osatzen (hitz egitean pentsatzen ari naizela ez bada, behintzat, eta kasu horretan egoerari dagokion hizkuntzan egiten dut). Pentsatzen dudanean iruditan, kontzeptutan eta sentimendutan egiten dut. Eta dirudienez ez naiz bakarra. Pentsamendu mota ezberdinak daude, baina hori logikoena iruditzen zait.
Zein zinema mota erakutsi nahi duzu?
Marra bat imajinatu ohi dut. Alde batean zinema komertziala dago. Bestean, zinema artistikoa. Muturretako bakoitzean zinema egitea zailena dela uste dut. Komertzialarekin erregela guztiak jarraitu besterik ez duzu. Artistikoarekin nahi duzuna egiten duzu, inongo ardurarik gabe. Zailena bien arteko oreka lortzea dela uste dut; marraren erdialdera gerturatzea. Azkenean, gehien miresten ditudan filmak entretenimenduaren eta balio artistikoaren arteko oreka perfektua lortzen dutenak izaten dira. Hau da, aspertzen ez nautenak eta zerbait berria erakusten didatenak.
Zinema gehiago suspertu beharko litzateke?
Ez. Ezin dugu jendea nahi ez dituen pelikulak ikustera bultzatu. Zinemaren ardura zinemaren beraren esku dago. Film baten arrakastak, emaitza organikoa izan behar du. Eta lortzeko bidea merkatua kontuan hartzea da, merkatua dena delakoa izanda ere. Film bat indie edo artistikoa bada ere, bere publiko propioa izaten jarraituko du. Zinemagileak euren ikuslegoa kontuan hartzen derrigortu behar ditugu, eta ez alderantziz. Hemen dagoen oso ohitura txarra zinema kultura soilik izango balitz bezala ikustea da. Pelikula batean milioika euro inbertitzen dira, ehunka pertsonari ematen dio lan eta milioika pertsonengana heldu daiteke. Guzti hori mesprezatzea iraina da. Ezin dugu ahaztu zinema negozioa dela halabeharrez, eta modu horretan hartu behar dugu.
Alain Xalabardek 13 urte zituen zinemarekin lehen harremana izan zuenean, Hegoafrikako Lurmutur Hirian laguntzaile eta ikastun moduan Sasani estudioetan asteburuak ematen zituenean.
Nola bizi da zinemaren gaur egungo egoera?
Egoera harrigarria, zapuzgarria, zirraragarria da. Erreboluzio baten parte izaten ari garela uste dut, eta hemendik 10 edo 20 urtera atzera begiratzen dugunean hori onartzea ohore bat izango da.
Zineman sormena mantentzeko esperantza al duzu?
Sormena zineman? Bai. Sormena Hollywooden? Horrek kezkatzen nau. Azken aldian estudio handiak ez dira ezer berri edo erakargarrirekin ausartzen. Hala ere, eta zorionez, pelikula berrien behar hori indiek beteko dutela uste dut. Baliteke teknologia berrien eskuragarritasunarekin, eta egunero jasotzen ditugun eduki kopuru izugarriekin, zailagoa izatea egin gabe dagoen zerbaitekin topo egitea. Hala eta guztiz ere, beti egongo da jendeak ikusi ez duen zerbait, hori da nire filosofia.
Harrobi ona al dago Euskadiko zinemagintzan?
New Yorken eta Londresen bizitzen egon naizenean, nahiz eta proiektu asko egon, gehienak kalitate txikikoak zirela ikusi nuen. Ez naiz aurrekontu txikiaz ari, taldearen eskarmentuaren inguruan edo obraren detailetan jartzen duten atentzioaz ari naiz. Aldiz, Bilbora bueltatu nintzenean kalitate handiko obra kopuruarekin txunditurik gelditu nintzen. Euskadi betidanik izan da erreferentzia industria espainolean, baina orain bereziki, etorkizun oparoa izango duen belaunaldia sortzen ari dela susmatzen dut.
Zein da zure bizitzako proiektua?
Bat baino gehiago daukat buruan eta goiz da aukeraketa egiteko. Baina galdetzen duzunez gero, gustu handiz zuzenduko nukeen proiektu baten inguruan dudan fantasia kontatuko dut. Friki antza hartuko diozu baina “Fallout” bideo-jokoaren pelikula zuzentzea izugarri gustatuko litzaidake. Gaztetik lehen ediziotik jarraitu dudan saga da eta nire fetitxe guztiak ditu barnean: apokalipsi osteko mundua, memorabilia retroa, politikoki ez zuzenak diren egoerak, gatazka soziala, umore beltza eta akzioa.
Cinevasco.com webgunearen sortzailea zara, baina zerk bultzatu zintuen gure hori sortzera?
Gertaera kate bat izan zen. Hasteko, ia kasualitatez cinevasco.com domeinua libre zegoela ikusi nuen. Horrekin zer egin behar nuen oso ondo jakin gabe, eskuratu egin nuen. Gutxira, beste burutazioa izan nuen: Euskal Herriko zinema industriak “nortasun” apur bat behar zuela. Industria asko dago, baina oso sakabanatuta. Hemengoa ez zen baloratzen eta bakoitza bere kasa zioan. Edozein informazio mota topatzeko, orduak ematen nituen googlen. Beraz, argi zegoen betebeharreko hutsunea zegoela, gauza zaila interneten.
2008an Alain Europara bueltatu eta Londresen bizitzen jartzen da, non El Último Roble bere luzemetraiaren ikerketa eta gidoiaren garapen lanak burutzen ditu.
Argazkia: http://www.facebook.com/elultimoroble
Zer uste duzu egin daitekeela zine areto euskaldunetan, katalanetan eta galegotan pelikula elebidun gehiago egoteko?
Azkenean gertatzen dena da ikusle gehienei ez zaiela azpitituluak irakurtzea gustatzen. Beraz, aurrekontu handiko proiektuetan, alderdi finantzarioari dagokionez, gailentzen den hizkuntzan egitea komeni da.
Zer da inoiz galdu behar ez dena?
Ezjakintasuna. Artista moduan horrenbeste sufritzeko prest egotearen arrazoi bakarra zera da: ideia txarra dela konturatzeko ergelegiak garela.
Zein da zineman duzun edo izan nahiko zenuen tokia?
Funtsezko hiru gauza lortu nahiko nituzke. Lehenengoz, “egin ahal izatea” da. Hau da, ez dut dirua irabazteaz hitz egiten, baizik eta “gustatzen zaidana egin ahal izatea”, besterik gabe. Doan bada ere, denek ezin dute urtean pelikula bat filmatu. Hori da, dudarik gabe, nire lehentasuna: gehien gustatzen zaidan honi nire bizitzaren ahalik eta ordu gehien eskaini ahal izatea. Bigarrenez, honetatik bizi nahiko nuke; denok bezala. “Lantzat” hartu nahiko nuke eta ez “afiziotzat”. Azkenik, errekonozimendua lortzea, batzuk ukatzen duten hori. Baina nahi edo ez, era inkontzientean, denok dugu komunikatzeko nahia. Denok disfrutatzen dugu beste gizaki bati guk egindakoa gustatzen zaionean. Gustukoen duzun pelikula. Buf... Ezinezkoa hori esatea. Ez daukat bakarra, baina bat esan beharko banu “Los amantes del Círculo Polar” aipatuko nuke berriz. Ez da nire pelikula kuttunena, baina bai nire bizitzan eragin handia izan zuen lehenengoa eta seguru asko, gaur egiten dudan gehiena film hori ikusi izanagatik da. Zure aktore eta aktoresa. Ez da bidezkoa bakar bat aukeratzea. Ez naiz faborito zalea. Nire kuttunen zerrenda luzean Marlon Brando, Dustin Hoffman, Meryl Streep eta Johnny Depp aurki daitezke. Gertatzen da, gero paper zehatz batean maitemindu nauten aktore asko daudela. Horrek adierazten digu aukera gutxiago izan dituztela euren talentua erakusteko, Paul Giamatti, Carey Mulligan, Mandy Patinkin edo F. Murray Abraham, adibidez. Opari polit bat izango litzateke... Soldata minimo finkoa, zure karrera aurrera ateratzen den arte. Artista askok bertan behera uzten dute karrera oreka ekonomikoa ez izateak eragiten dien estresarengatik. Azken finean, diruak esperantza mantentzea eta zure ametsen atzetik joan ahal izatearen luxua ahalbidetzen dizu. Jatekoarengatik arduratu beharko ez banu, ez litzateke hain itogarria izango, eta horrela nire bizitzari zentzua ematen dion gauza bakarra egin ahal izango nuke bete-betean. Egunaren zure momentua. Lo nagoenean. Konpainia hoberena. Nire neska, sofa bat, eta berak oraindik ikusi ez duen pelikula bat. Atzerrira joateko intentzioa daukazu? Dudarik gabe. Nire bizitzaren parterik handiena atzerrian eman dut, beraz ez naiz inongoa sentitzen. Oraindik nomadatzat jotzen dut nire burua. Oraindik “nire etxea” esan diezaiokedan tokia bilatzen ari naiz. Alain Xalabarde (Bilbo, 1985) Alain Xalabarde Euskadin jaio, Hegoafrikan hazi eta New Yorken hezi zen. Moda diseinatzaileen semea, urtebete zuela hasi zuen Alainek bere estilo kosmopolita. 13 urte zituen zinemarekin lehen harremana izan zuenean, Hegoafrikako Lurmutur Hirian laguntzaile eta ikastun moduan Sasani estudioetan asteburuak ematen zituenean. Jaioterrira egiten duten itzulera laburrean Bilboko telebista kate lokal batean egiten du lan, institutura joatearekin batera. 20 urterekin, eta Espainiako hainbat hiritan laburmetraiak zuzendu ondoren, New Yorkeko Digital Film Academy-an jaso zuen bere lehenengo klase ofiziala. Ondoren, bi laburmetrai zuzendu zituen hiri hartan eta hurrengo urteak argazkilaritza zuzendari lanetan ibili zen hainbat laburmetrai, musika bideoklip eta luzemetraietan, besteak beste. 2008an Alain Europara bueltatu eta Londresen bizitzen jartzen da, non El Último Roble bere luzemetraiaren ikerketa eta gidoiaren garapen lanak burutzen ditu. Filma bere sustrai euskaldunetan eta egin dituen bidai ugarietan aurkitutako nazioarteko gatazketan oinarrituta dago. Alain ezagutzen dutenek munduko hiritarra dela esaten dute, jakintzaren egarri dago eta etengabe sormena agertzen du. Bere lanetan artearen kontrol adimentsua erakusten du, baita bere publikora iristen den benetako estiloa ere.